ORDUKO KONKISTA, GAURKO ARPILATZEA

PDFPRINT

Orain 500 bat urte Europan gertatu zena –Aro Modernoaren agerpena eta bilakaera– zenbait osagaien gurutzaketatik eta sinergiatik konpreni liteke. Ez zen orduko hemengoa lurralderik aberatsena edo jendetsuena –Txinak hirukoizten zuen orduko Europaren populazioa, eta teknikoki nahiz militarki askoz ere indartsuagoa zen–, baina elkartu ziren hainbat gertakarik ekarri zuten gerora globalizazioa hitzarekin ezagutu dugun bilakaera.

“Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat”

Horien artean,  estatu modernoen sorrera azpimarratu behar, aurreko erreinu feudalen konkistez edo batuketez eratuak. Estatu berri horiek lortu zuten botere maila handiak –gorteetan bildu ziren zientzialariak nahiz militarrak; artistak nahiz pentsalariak–, inperio bihurtzeko armada eta erakundeak ahalbideratuko zituen. Azkenik, gerora kapitalismoa izendatu dugun sistema ekonomikoaren zutabeak, sistema bankari modernoa barne, orduan sartu ziren indarrean. Ondorengo lau mendeetan, mundu zabaleko ozeanoak menderatzeko ahalean neurtuko zen inperio berri haien gorakada edo gainbehera, eta horretan lehen urrats garaileak espainolen eta portugesen eskutik etorri ziren, “Amerikaren Aurkikuntza” izendatuko zen balentriarekin.

Esan beharrik ez dago aurkikuntza baino –aspaldian zeuden lurralde haiek “aurkituak”– konkista izan zela hura, harrapaketaren eta ospilaren logikan baino sartzen ez zena. Oraindik indarrean jarraitzen duen operazio hark, ezagutzen dugun historian inoiz gertatu den sarraskirik handiena ekarri zuen, eta bertako biztanle zirenak zokoratuak edo ezabatuak izan ziren gerren, epidemia berrien eta maila guztietako jazarpenen ondorioz. Aro modernoak eztanda demografikoa ekarri zuen Europan, eta jatorrizko herrien ia desagertzea Ameriketan. Ipar Amerikan, 13 milioi inguru ziren jatorrizko biztanleetatik, miloi batera murriztu ziren bost mendetan zehar, eta erreserbetan bizitzera behartuak zeudenak, zurien ugalketa maila baino hiru aldiz azkarragoa bilakatu zenean, XX. mendean, antzutuak izan ziren bertako emakumeen %40. Erdi- eta Hego-Ameriketan beste modu batera gertatu ziren gauzak, baina bertako populazioak, desagerraraziak ez zirenean, azpiratuak izan ziren kolono berrien eta haien ondorengo kreoleen boterepean.

“Urrearen sukarra” hedatu zen hasieratik, eta zilarraren meategietan galdu zuen bizitza milaka jendek. Konkistaren enpresa finantzatzeko ezinbesteko ziren ondasunak Ameriketan bilatu ziren, eta ondorengo metaketa kapitalistarentzat baliabide agortezintzat hartu ziren Arkadia eta Dorado berriak. Horretarako, “indioak” ere gizakiak zirela onartu ostean, esklabutzara izan ziren behartuak. Meategietako eta plantazioetako gogortasuna ezin jasan eta eskulan indartsuagoa eta sarriagoa behar izan zenean, Afrikan ehizatu eta garraiatu zituzten esklaboak, “garapenerako” naturaltzat hartzen zen jokamoldearekin jarraituz.

Indigenak Peruko meatzetan esklabo lanetan.

Meatzaritza azken hamarkadetan

Akabatuak izan ez ziren jatorrizko ipar-amerikarrak, lekuz aldarazi zituzten; lur emankorretatik mortuetara izan ziren behartuak; aranetatik mendietara. Gerora, beste maldizio bat jaso dute indigenek: mortu haien ala oihan sakonen lur azpiak petrolioz, urrez, kobrez, uranioz, ikatzez ala nikelez aberatsak izatea.

AEBetako ikatz-erreserben herena eta uranioaren erdia indioen erreserbetan dago. 1887an AEBetako Kongresuak onartutako Allotment Act-ak (Adjudikazio Akta) markatu zuen azken hamarkadetako irizpidea: “Jabetza komunitarioa arriskutsua da enpresa librearen garapenerako” deklaratu zen. Gauza bera gertatu zen beste muturrean. Txilen, esaterako, maputxeak desjabetuak izan zirenean Augusto Pinocheten gobernupean. Desjabetze hauek “erosketa” moduan estaliak izan dira batzuetan, New Yorkeko estatuko lurraldea mila dolarren truke “erosia” izan zenean bezala, 1797an.

Kolonbiako Cauca departamentuko berriak izan ditugu udazken honetan bertan: “Hainbat indigena erailak izan dira, buruzagia barne, ‘talde armatu inkontrolatuen’ erasoz”; behin eta berriz errepikatzen zaigun zahar-berria. Baina hamarkadak dira sufre meategiak ustiatzen direla hango uraze eta kokonuko indigenen lurraldeetan, Purace sumendiaren magalean (15.000 inguru pertsonak lan egin zuten bertan, urterik oparoenetan, eta ixtear dira egun, ilargi-paisaia suntsitu bat utzi aitzin). Celanese izeneko enpresa ustiatzaileak hitzartu zuen kalte-ordainak emango zizkietela bertakoei suntsitutako lurrengatik, baina gobernuak ez zuen akordioa baimendu (“armak erosteko erabiliko dute dirua”). Greba egin zuten 1974an. Ondorengo urteetan 45 meatzari indigena erailak izan ziren. Gerraren legea jarraitzen du izaten kolonizatzailearenak.

Kolonbiako Cauca eskualdeko zufre meategia.

Ekuadorreko Amazonian petrolioa 70eko hamarkadatik ustiatzen da. Waoraniak desjabetuak izan ziren, ordainetan ezer jaso gabe. Gauza bera gertatu zen Peruko ashaninkekin ala Brasilgo jatorrizko herriekin, bertan abeltzaintzara zuzendutako laboreak hedatze aldera. Yanomamiak, Venezuela eta Brasilgo indigena zabalduenetakoak, desagertzen ari dira: urrez eta eztainuz aberatsak dira haien lur-azpiak. XX. mende hasieran 15.000 omen ziren nambikuarak Mato Grosson, 100 bat dira egun. 80ko hamarkadan Vietnamgo gerran famatu zen “agente laranja” defoliantez bonbardatzen zituzten haien bizi-eremuak.

Azken mendeetako bilakaera

Arpilatze historia hau ez zen aldatu XIX. mendean gertatu independentzia prozesuetan eta, funtsean, berdin jarraitzen du XXI.ean. Eguneroko kontuak ditugu lurren suntsiketak, hilketak… Aldi berean, Ekuadorreko azken konstituzioak, 2008an onartutakoak, “Naturaren eskubideak” aldarrikatzen ditu eta kapitulu oso bat eskaintzen dio bertako hamalau nazionalitateko lurren, identitateen eta eskubideen errespetua hogeita bat kapitulutan azaltzeari. Hitz ederrak, ekintza ustelak. Azken hamarkadetan, errazagoa da lur azaleko nahiz sakoneko ondasunak antzematea, eta haren ustiaketa urte gutxitan burutzen da, ondorio lazgarriak ekarriz: lur mortuak, biztanleria desjabetuak eta desegituratuak, kontaminazio itzela inguru zabaletan. Garai bateko muga teknikoek gaindituak dira egun, eta lehenago hamarkadak eta lan-indar handia behar baziren ustiaketa burutzeko urte gutxiz eta jende apurrarekin gauzatzen da gaur. Alde gutxi dago, horretan, herri “atzeratuen” gobernuak progresisten ala kontserbadoreen eskuetan egotea; Venezuelako nahiz Brasilgo, Argentinako nahiz Ekuadorreko meatzaritza ministroak Torontoko urteroko feria nagusian elkartzen dira nork zein multinazional erraldoiri bere ondare mineralak salduko.

Itxuraldaketa bat gertatu da azken hamarkadetan mehatze-erauzketaren inguruan, globalizazioaren hedatzearen araberakoa. Gero eta zorpetuagoak diren estatuek haien ondare mineralekin ordaintzen dute zorra, oraina nahiz etorkizuna hipotekatuz. Nabarmentzekoa da Txinaren jokamoldea Afrikako eta Hego Amerikako estatuetan: metal preziatuen ustiaketa lortzen dute (urrea, kobrea, uranioa eta beste hainbat) kredituen truke. Lurralde atzeratuen garapenerako irtenbide gisa aurkezten dira akordioak, baina esperientziak beste errealitatea erakusten du. Oxfam Americak 2010ean Munduko Bankuko ekonomistak aipatuz argitaratutako informea kategorikoa da maila horretan: “Ikertu ditugun 95 lurraldeetan 1970 eta 1990 artean, zenbat eta handiagoa den ondasun naturalen esportazioekiko dependentzia, orduan eta geldoagoa da Barne Produktu-Gordinaren hazkundea”.  Lehen pobreak ziren inguruak, pobreago bilakatzen dira ustiaketaren ostean. Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat utziz. Sortzen den enplegua oso kalitate eskasekoa izaten da eta epe laburrekoa. Beste sektoreekin alderatuz, meatzaritza da enplegu gutxien sortzen duena: milioi dolar bakoitzeko inbertsioak 0’5 eta 2 arteko enpleguak sortzen ditu, gainontzeko aktibitateen –manufakturaren, nekazaritzaren, zerbitzuen…– oso azpitik. Erdialdeko Amerikan –Hondurasen, Guatemalan, El Salvadorren–, Argentinan edo Chilen, lurralde pobretuenak dira meatzaritzara dedikatuak. Hori guztia konpentsatzeko, ohikoak dira “pobreentzako bonoak” meatzaritza ala petrolioaren irabaziekin finantzatuak: “Bolsa Familia” Brasilen, “Renta Dignidad” Bolivian, “Bono Solidario” Ekuadorren, “Chile Solidario” etab.

Uraren borroka giltzarri bilakatu da Ekuadorren jatorrizko herrientzat.

Ingurugiroaren kalteak neurtezinak izaten dira. Iparretik hegora: Kanadan hezeguneen laurdenak desagertu ziren 1980-1990 bitartean; Ontarioko lakuan –AEBak eta Kanada arteko bost laku handietako bat– debekatuak dira arrantza eta bainua… Drainatze azidoa da meatzaritzaren arazo orokorretako bat. Berez azidoak diren lurraldeetan –Andeak dira horietakoak– biderkatu egiten da arazoa. AEBetan eginiko ikerketetan meatze-ustiaketen %76etan osasunarentzat kaltegarri diren neurriz gaineko kobre, kadmio, berun, merkurio, nikel, zink eta zianuro kantitateak aurkitu dira. Eta “puntako teknologiaz” ari gara kasu hauetan. Urrearen erauzketa da horretan muturrenetako bat, zianuroa erabiltzen baita prozesuan: ontza urre batentzat –ezkontza-eraztun bat egiteko behar dena– 8.000 litro ur erabiltzen dira, beharrezko diren 250 tona mineral garbitu ahal izateko.

Meatzaritzak jarraitzen du jatorrizko herrien leku-aldaketen, pobreziaren, utzikeriaren eta bazterketaren egoten, joan diren mendeetan bezalaxe. OCMAL (“Amerika Latinoko Meatzaritza-Gatazken Ikuskaritza”) erakundearen arabera 120 gatazka daude zabalik bertako komunitateak eta gobernuen eta meatzari enpresa ustiatzaileen arteko aliantzaren artean. Peru bezalako lurraldean, Herriaren Defendatzailearen aburuz, gatazka sozialen erdiak gai honen ingurukoak dira.

ERREFERENTZIAK:

Ecología política de la mineria en América Latina (Mexikoko Unibertsitate Autonomoa)

OCMA, Observatorio de Conflictos Mineros de América Latina

(Artikulu hau LARRUN-eko 247. zenkaian kaleratu da)

Facebooktwittertumblrmail

Entradas relacionadas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.