“HIRUGARREN BAGA DATOR” YAKU PEREZ, ELKARRIZKETA

PDFPRINT

Yaku Perez Guartambel abokatua, irakaslea eta idazlea (Cuenca, 1969) Ekuadorreko Azuay departamenduko prefeta hautatu berria da. Lehen aldia indigena bat kargu honetarako hautatua dela eta, are gehiago, haren programaren puntu nagusia “Uraren defentsa” izan denean. 1972an sorturiko ECUARUNARIko (Ekuadorreko Kitxua Herrien Konfederazioa) buruzagia izan da 2013tik hona, prefekturarako hautagaia bilakatu zen arte. Erakunde hori CONAIEko parte da, Ekuadorren joan den urrian gertaturiko mobilizazioen bultzatzaile nagusi bilakatu dena, estatuko aginte nagusiak negoziaketa publiko batera bultzatu eta Nazioarteko Diru Funtsaren aginduz gobernuak onarturiko dekretua deuseztatzera eraman duena. Elkarrizketa hau joan den abuztuan egin zen, Yakuk lau hilabete karguan zeramatzala. Bere soldata erdira murrizteaz gain, asteko bi egun osorik erabiltzen ditu elkarrizketa eskatzen dion edozein talderekin hitz egiteko. Ez dut langarik topatu egun horietako batean ni ere errezibitu nazan.

Uraren defentsa ardatz hartuta egin zenuen prefekturarako kanpaina, gainontzeko gaiak, garrantzi handikoak –azpiegiturak eta garapen ekonomikoa, tartean– lehentasunen artetik aterata. Baina irabazi eta berehala, zure alde zegoen jendeak ere maila guztietako arazoen konponbideak jarri dizkizu mahai gainean. Nola pentsatzen duzu bi ildo horiek elkartzea?
Ulertu behar da “Uraren defentsa” ez dela ondasun edo errekurtso natural baten defentsa hutsa. Ura dago milaka urtetan ezagutu dugun eta egun indarrean irauten duen munduaren erdigunean. Ur-emarien suntsiketak mundu oso batena ekarriko luke. Ez soilik paisaia batena, ibaiena eta abar. Ez gara ekonomiaz edo ekologia hutsez ari; bizitza, lana, harreman komunitarioak ulertzeko modu batez ari gara… Horretaz gain, bistakoa da inbertsioak behar ditugula azpiegiturak garatzeko eta gure jendearen egunerokotasuna hobetzeko. Horretarako beharko lirateke, esate baterako, estatuak zor dizkigun [Azuay departamenduari] 50 milioi dolarrak, enpresa hidroelektrikoengatik dagozkigunak, ezinbestekoak hainbat proiektu publiko garatzeko. Botere handien propagandaren aurka, gauza asko garatu litezke –nekazaritzatik turismora, ekonomia jasangarriaren ereduari jarraituz –estraktibismoaren suntsiketak ezinezko bihurtuko lituzkeenak–.

Meatzaritzaren aukerak daude polemika honen guztiaren erdian, eta Ekuadorrek, petrolioaren ustiaketa hasi zuenetik –azken lau hamarkadetan modu intentsiboan, estatuaren diru iturri nagusia bilakatuz– bere garapen ekonomikoaren motor nagusi kontsideratzen du. Posible al da meatzaritza arduratsu bat?
Printzipioz, ez gara meatzaritzaren kontrakoak. Aurre egiten diogu Kimsakotxa bezalako ur emarien guneetan edo Amazonia bezalako parajeetan meatze-ustiaketari. Kontinente honetan, eta baita mundu mailan ere, ongi ikertua dago gaia: ingurune oso baten suntsiketa konpongaitza sos batzuen truke –multinazionalek eramaten dituzte irabazi nagusiak–; lanpostu urri eta prekarioen sorrera eta ehundura sozialaren hondamendia… Ekuadorren ez dago baldintza onetan egin litekeen meatzaritza ustiaketarik, horregatik eskatzen dugu moratoria ustiaketa proiektu berriei dagokienez. Azkenak, azken presidenteak [Rafael Correa] sekretupean txinatarrekin sinatutako kontzesioak, gure sistema hidriko osoa arriskuan jartzen dutenak.

Prefeta izan aurretik bost aldiz atxilotua izan zen Yaku Perez.

Ameriketako jatorrizko herrien erresistentzia kolonizazioaren garaitik dator, eta zure azken liburuaren izenburuak berak horretaz dihardu [La Resistencia, (Erresistentzia)], baina azken hamarkadetako testuinguruan kokatu nahiko nuke eta, gainera, europar baten begiradatik. XX. mendearen bigarren erdian jaiotakoek, bi baga nagusi antzeman ditugu azken hamarkadotan. Lehenengoa “altxamendu armatuena” izan zen, Gerra Hotzaren garaia zen eta deskolonizazio prozesu zabal bat ari zen gertatzen munduan zehar. Kubako iraultza garaitu zen eta, ondoren, Erdialdeko Amerikatik hego muturreraino, gerrillak nonahi. Bigarren bagari, “populista” deitu diote askok: matxinada armatuen ideia alde batera utzi eta estatuen agintaritza politikora lehiatu ziren hainbat mugimendu zabal, ordura arteko oligarkia ahalguztidunei gaina hartuz Brasilen, Uruguain, Bolivian, eta abar. Ekuadorrek “historia modernoaren presidentetza luzeena” izan zuen Rafael Correarekin (2008-2017), baga “progresista” horren baitan, eta egungo presidenteak berak [Lenin Morenok] haren bultzadaz lortu zuen kargua. Baina dezepzio handi baten historia ere bada azken urte hauetakoa. Pentsa liteke hirugarren baga baten baitan gaudela egun, aurrekoen ezaugarrietatik bereizi litekeena?
Correarena, modu leun batean esanda, hamarkada galdu bat izan da. Herritarren sostengu zabal batez ailegatu zen lehen agintaldira, baina errepublikaren historian izan den gobernurik ustelenetakoa garatu du, saldukeriaz eta modu totalitarioan. Aipatzen duzun testuinguru zabal horretan, esan genezake betiko eskuinak nahiz ezker tradizionalak ez diotela erantzun egoki bat eman jendartearen beharrei. Biak kolonialak direlako, agian; harrapaketa eta menderakuntza dutelako lege; patriarkatua, merkantilismoa, kapitalismoa. Eskuina betidanik izan da itxiagoa, atzerakoia, kolonoen oinordekoa inguru hauetan, oligarkikoa; eta ezkerra jendearen eskubide zapalduen izenean altxatu da baina, boterea ukitu duen bakoitzean, modu bertsuan urratu ditu eskubide horiek. Eskubide ukatu eta urratu horien artean funtsezkoenak dira naturarenak. Hankaz gora dabilen munduan bizi gara: “Giza Eskubideak” hitzartu ziren, baina ez oraino Ama Naturarenak. Ikusmolde antropozentrikoak bizi gaitu, errealitate kosmozentrikoa ahaztuz. Eskuindarrak, liberalak, neoliberalak, modu askotariko diktadurak, ezkerreko erregimenak eta gobernuak; progresistak nahiz atzerakoiak… entzungor dira jendartearen oihu desesperatuarekin… Eta bai, nik ere antzematen dut hirugarren baga hori, jatorrizko herrien mundu-ikuskeratik sortzen ari dena. Ekologiarekin sentibera dena, nahitaez; lehen ekologistak jatorrizko herriak izan baitziren; Ama Lurra objektu gisa ulertu beharrean, Lehen Sortzaile gisa kontsideratzen zuten, eskubidez jantzia. Jatorri judu-kristaua duten zibilizazioetan ez bezala, hortik dator gurean maitasunez ohoratzen dugun Ama Lurrarekiko begirunea. Haiek –berdin Biblian ala Koranean oinarrituak izan– lurraren menderatzeaz ari dira lehen hitzetik, erauzi eta ustiatu behar den objektu inerte batez. “Aurrerabidearen” izenean, ezker zaharra nahiz berria ez da ildo horretatik desbideratu, funtsezko ikusmoldeak daude hemen talka egiten.

Zu, mugimendu indigenistatik zatoz, “Abya Yalako jatorrizko herrialdeen” defentsa eta bultzadatik [“Abya Yala” da Amerika bezala ezagutzen dugun kontinentearentzat hango jatorrizko herriek aldarrikatzen duten izena]. Ohikoa da pentsatzea herri indigenek borroka defentsiboak eramaten dituzuela aurrera baina, “hirugarren baga” horren baitan, munduaren krisi orokorraren aurreko aterabide orokor bat ari zarete formulatzen…
Gurea ez da gutxiengo baten eskubideen aldeko borroka hutsa. “Indigenez” ari direnak maiz jausten dira ikuspuntu arrazista eta kolonialistan. Larrialdi orokor baten aurreko erantzun sustraitua da guk lantzen duguna.

Orain egun gutxi hemen gertuko Girón herrian lau egunez bildu ziren berrehun bat gazteen amaierako ekitaldian egoteko aukera izan nuen eta bi kontu egin zitzaizkidan deigarri. Lehena, haien azken komunikatuaren heldutasuna. Bigarrena, jardunaldiak amaitzeko ospatu zuten erritua. Zeure liburu eta hitzaldietan ohikoa da “Izpiritu” hitza, Europan errebindikaziozko ohiko esparruetatik urruti dagoena, are gehiago mugimendu erradikal edo iraultzaileen baitan. Zuen diskurtsoari erreparatuz, deigarria zait mundu-ikuskera bat berrikusten duen osagarri hori, herri azpiratuen tradizioa eta identitate kolektiboaren birsortzera doana. Eta hori, “indigenismoa” alternatiba global gisa aldarrikatzen ari zaretenean, erritoak, zeremoniak, antzinako mitoak egunera ekarriak… Niretzat berriena ez da hainbeste hori guztia, baizik eta horren guztiaren politizazioa. Europan bereizita bizi baititugu, hemen ez bezala…
Beti dago mundu-ikuskera bat edozein eredu sozial edo politiko baten oinarrian. Europa modernoa, erreinu mineralaz, erreinu begetalaz eta animalien erreinuz aritzen da, baina ahaztu egin du funtsezko laugarren erreinua, izpirituaren erreinua. Guretzat lau zenbakia sakratua da: Unibertsoaren lau indar, Txakana-ren [Hegoaldeko izarra, indigenen sinbolo nagusia] lau ateak, lau norabideak… Hemen indarrean zeuden laugarren erreinu horren adierazpenak baina, europarrak heldu zirenean, haien aurreiritzian kabitzen ez zirenez, kriminalizatu egin zituzten, deabrutu; sorginkeriatzat, aztikeriatzat, suntsitu beharreko atzerapentzat hartuz, eta antzera jarraitzen dugu. Konkistatzaileak ulertu ezin duena, ikusezin bihurtzen du, eta gupidagabe pertsekutatu. Baina izpiritualtasunik gabe ez legoke emoziorik; ez sumindurarik ezta zorionik ere. Guretzat begi-bistakoa da harria edo ura bizidunak direla, izpirituz beteak. Sentiberatasun horretatik pizten da gure kontzientzia ekologikoa, eta gazteen artean orokortzen ari dena hortik ere sortua dela iruditzen zait.

Eredu oso sakonen arteko talka batez ari garela iruditzen zait, eta zuen ikusmoldearen aurkako indarrak inoiz baino handiagoak direla. Halere, hemen sumatzen dudan erresistentzia motak badu zerbait nire eskemetatik kanpo geratzen dena. Non dago zuen indarraren iturburua, non zuen esperantzarena?
Esperientziak esaten dit ez dagoela ezinezkorik. Orain hogei urte zoro batzuen ameskeria zirudien herri-galdeketa bat planteatzea multinazional txinatar handi bati aurre egiteko Kimsakotxan, eta gertatu berri da. Komunitarismoa edo biozentrismoa izenekin adierazten duguna azaleratzen denean, muga ideologiko zaharrak gainditu egiten dira… hori kapitalismoaren, sozialismoaren ala komunismoaren esparru ideologikoen gainetik suertatzen ari da. Ez diet aurreko ahalegin askatzaileei uko egiten, halere; baina onartu behar motz geratu zirela jatorrizko herriak begiratzeko orduan, genero auzian, naturaren eskubideak ulertzerakoan.

Horrexegatik sortzen dira proposamen berri hauek, ez direnak eskema itxi batzuetara murrizten; ikusmolde zabal, ireki, interkultural eta plurinazional batez elikatzen dira. Ez gara sektarioak, ez gara “indigenistak”, hitz horrek izan duen zentzu murriztailean. Eta hortxe bertan pizten dira esperantzak, ametsak, utopiak… gazteen bultzada batengatik. Horiek gabe ez goaz inora. Gazteak jabetzen ari dira larrialdi klimatikoa zibilizaziozko larrialdi bat dela. Eta berezko duten irreberentziaz, ausardiaz hausten dituzte eskema eta eredu zaharkituak eta kalean daude Yasuniren defentsan, Tipnisen defentsan, Amazoniaren defentsan eta, beste behin, bestelako mundu bat posible dela irudikatuz. Ikusmolde berria da: ekintza txikiak sustatuz eragin globalak izango direla uste duena; hemen edo Indian uraren defentsan ari garenean Himalayan du eragina; Danubio ibaiari gertatzen zaionak ondorioak ditu Madagaskarren. Ezagutza zientifikoa eta antzinako mitoak eta erritoak, haien ikonografia indartsuarekin bat datozenean, posible da gazteekin eta haiek diren esperantzarekin elkartzea.

Yaku Perezen liburuak dira hauek,
justizia indigenaz eta hauen erresistentziaz.

Yaku Perezi egindako beste elkarrizketa interesgarri batzuk bideoz:

2016ko elkarrizketa

Meatzaritza eta kontsulta, 2019

Prefektura hartu berritan 

Facebooktwittertumblrmail

Entradas relacionadas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.