“Kontzientzia faltsuaren logikak ezin badu bere burua egiazki ezagutu, ikuskizunari buruzko egia kritikoa bilatzeak ere benetako kritika izan behar du. Egin behar du borroka ikuskizunaren etsai amorratuen artean, eta onartu kanpoan geratzea, haientzat lekurik ez dagoen lekuetan. Gaurkotasunaren ikuspegi esklusiboa eta berehalako eraginkortasunaren borondate abstraktua onartzea da pentsamendu nagusiaren legea; pentsamendu hori nagusitzen da erreformismoaren konpromisoetara edo hondakin sasi-iraultzaileekin ekintza bateratuetara jotzen denean. Modu horretan, eldarnioa berreraikitzen da eldarnioa borrokatu nahi duen jarrera berean. Aldiz, ikuskizunetik haratago doan kritikak itxaroten jakin behar du”[1].
(Guy Debord, 1967. “Ideologia gauzatua” Ikuskizunaren jendartea, 220).
Berriki argitaratu da Beltzaren Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011 (Maiatz, 2021) obra erraldoia (hiru liburuki, ia hiru mila orrialde). ETAren jarduera amaitu zenetik hamar urte pasa badira ere, haren historiaren arrastoa sakona izaten jarraitzen du, eta, horrelakoetan, (alde bateko) armak isiltzen direnean ere, gertatutakoaren inguruko interpretazioek beren bidea jarraitzen dute, eta jarraituko dute azken lekukoen arrastoa desagertu arte. Orduan, egiak eta gezurrak ondo finkatuak egongo dira, esparru mitikoan batez ere, eta oso aspaldiko kontuei bezala begiratuko diote hurrengoek. Ez al da, bada, dagoeneko hori gertatzen ari, historiak berak daraman azelerazio prozesuarekin batera?
Hori da nire lehen inpresioa Beltzaren liburukoteak hostokatzerakoan, denbora oso azkar doala, alegia, eta gero eta interes urriagoa dutela 60ko, 70eko eta ondorengo hamarkadetako istorio haiek, ez bada nobelagileentzat edo; baina fikziorako material gisa ere, zaharkitzen ari direla inoiz baino abaila handiagoan. Lopez Adan da hitza hartu duten lehen belaunaldiko ETAkideen artean bizirik dirauen azkenetakoa, eta horregatik haren hitzak badu “azken hitzaren” nolabaiteko kutsua, bera baino hamar, hogei edo hogeita hamar urte gazteago garenak hura entzutera eramaten gaituena. Baina, mundua azken hamarkadetan zenbat aldatu den ikusita, posible da gertatutakoaz hausnartzea aldaketa hori kontuan hartu gabe? Beltzak berak hori egozten dio neurri batean une bateko ETAri:
“Zergatik ez ziren konturatu garaiko buruzagiak? [1989an Aljerian galdutako aukeraz ari da]. Nik uste, talde armatuek beren buruaz egiten duten errepresentazioagatik. Hau da, ikuspegi hori autozentratua da. Taldeak indarrean ikusten du bere burua, izua sortzeko gauza ere bada, noizean behin negoziazio deiak iristen bazaizkie ere, beren eremu sozialaren kontrol handia dute… Marxismoaren eta leninismoaren eragina da”[2].
- “ERREPRESENTAZIO AUTOZENTRATUA” ETA KASUISTIKAN OINARRITUTAKO OBJEKTIBOTASUNAREN IDEOLOGIA
Bere buruaz egiten duen errepresentazio autozentratua da, hain justu, nik Beltzaren obrari antzematen diodan lehen muga: berea ez da historia liburu bat, katalogo bat baizik, non kronologikoki jasotzen diren 1968tik aurrerako ETAren adar ezberdinen eta Komando Autonomoen ekintza guztiak, eta haien inguruko ohar, komunikatu eta gainontzekoak. Objektibotasun ahaleginarekin erantzun nahi dio Estatuko indarrek eraiki duten narrazio interesatuari, eta, beste aldeen bertsioak jasoaz, egitateen indarra jarri errelatoaren gatazkan: “Beharrezkoa da interpretazio ideologiko eta politikoetatik atera eta ekintzatan oinarritutako ikerketa egitea…, zer den zer esanez”.
Baina, zerbait kontatzen ari garenean, posible al da interpretazio ideologiko eta politikoetatik ateratzea? Ez al da hori bera posizio ideologiko nabarmena, “ekintzen objektibotasuna” aldarrikatzen duena? Hortik jo du Beltzak artxibozainaren lana hartuta, kasuistikara lerratu du kontakizuna, bertan interpretaziorik ez balego bezala, hori ezinezkoa dela nolabait onartuta ere[3].
2. GERRAZ ETA POLITIKAZ. BIOLENTZIA ETA MENDEKU GOSEA
Garbi utzi nahi digu zeri ari zaion aurre egiten:
“Helburuei begira, nire ustez badira bi kontu borrokatzeko. Lehena, biolentziaren kondena sistematikoa, eta bigarrena, mendeku gosea. Bien kontra borrokatu nahi dut. Estatuak gaur egun erabaki nahi du zer gertatu den, eta aipatzen du egungo sistema aldatzeko biolentzia ez dela haizu. Ondo hedatu du ideia: egoera politikoak aldatzeko biolentzia ez dela inoiz zuzena. Azkenean, estatuaren ondorioa zera da: iraultza egiteko borondatea lotzen bada borroka armatuarekin, hori beti txarra da, printzipioz. Biolentzia ilegitimoa da, beti behar gabeko sufrimendua dakar, eta azkenean, irabaztekotan, beti txarragoa izango da. Hori guztia, ordea, posizio ideologiko bat da, eztabaidagarria eta niretzat faltsua, klase dominanteen eta estatuaren interesak defenditzeko. Ikerketari zer eskatzen diote unibertsitario hauek? Egia gertatuari buruz? Ez. Izenak behar dituzte jendea kondenatzeko eta mendekatzeko”.
Politikaren eta gerraren arteko segidaz ari gara hemen; hain zuzen, orain berrehun urte Clausewitzek ondo teorizatu zuen gaiaz: “beste bitarteko batzuk erabiliz egiten den politika da gerra”[4]. Beraz, etsaiak armak entregatu dituenean ere, beste bitarteko batzuen bidez jarraitzen du gerrak/gatazkak/politikak. Gertatutakoari dagokionez, irabazlearen lehen helburua da bere hegemonia indartzea; bere Estatuaren zilegitasuna bermatzea; gurea bezalako insurgentzia kasuetan, gerra odoltsuak iraun zuen bitartean egin zituen krimenak zuritzea –torturak, hilketak, errepresioa…–, eta berezkoa duen bortxazko zapalkuntza oro naturalizatzea. Mendekua ere hor sartzen da, jakina, baina hori ere modu politikoan kudeatuko da, eta, uneren batean, “eskuzabaltasuna” ere erakutsiko du, aurreko helburu orokorrari interesatzen bazaio[5]. Oso motz geratzen da Beltza esanez “jendea kondenatzeko eta mendekatzeko” helburuarekin ari dela Estatua. Beti dago alde hori, baina zenbat eta argiagoa izan garaipena, orduan eta muturrekoagoa izango da ondorengo kontakizuna, gatazkaren existentzia bera ukatzerainokoa: “psikopata terrorista odolzale hutsak ziren altxatu ziren haiek”.
Fronteko bestaldetik egiten diren saioen artean kokatu behar da Beltzaren ahalegina, baina ez berea soilik. Inplikatu bakoitzak egiten du berea, eta, gutxi batzuen kasuan, saiatzen gara hori modu koherentean formulatzen eta defendatzen idatzi bidez –edo filmetan, kantuetan etab.–. Bakoitzak bere kokaleku partikularretik egiten du hori: ez da berdin armak hartzea erabaki zutenen inplikazioa eta horri uko egin geniona; ez da berdin atxilotua, torturatua eta urte luzeetako kartzelaldia edo erbestea bizi izan dutenena edo errepresioa modu hain gordinean bizi ez genuenona. Eta gero, informaziorako bideak eta beste maila bateko aparatu eta sareak daude, ez soilik talde armatuak indarrean zeudenekoak. Gauza bera pentsatu behar dugu haien baitan sorturiko hierarkia eta ondorengo egiturez ere (argitalpen edo egunkariak, fundazioak eta beste). Gerran sartzen denak “baliabide guztiak gerraren zerbitzura jarri behar ditu” (Clausewitz), eta hori oso garbi izan dute beti estatuek nahiz gerrillariek eta haien zerbitzura eratutako “tropa zibil” guztiek.
Beltzaren helburua da irabazleen muturreko kontakizun horri aurre egitea, haren kontakizunean “militanteen duintasun etiko eta iraultzailearen defentsa” azpimarratuz. Modu inozoan amaitzeko:
“Izango bagina egoera normalago batean, nik amnistia antzeko zerbait ikusiko nuke lehen neurri gisa. Amnistia bat bakarrik egin daiteke bake sozialarengatik, gisa honetako zerbait esanez: «Hemen aspaldi ez da biolentzia armaturik, badakigu erreboltatu direnen errepresentazio subjektiboan justiziaren alde egiten zutela, ez dugu inoiz onartuko hori hala zenik –esan dezake estatuak–, baina ikusita Euskal Herrian oraindik jende askok sentitzen duela hori izan dela bere askatasunaren kapitulu bat, amnistia ematen dugu juizio politikorik eman gabe. Bukatu da». Hori gertatuko balitz, ni ziur nago gure artean batzuek egingo luketela beste autokritika maila bat edo gertaera asko argitzeko falta diren informazio bitalak emango lituzketela. Beraz, amnistiaren alde borrokatu behar da eta erreboltaren arrazoi politiko-moralak gogoratu behar dira”.
3. ZERTAZ HITZ EGIN. HIRU ESTATUAK
Neurri batean, Mikel Albisu Antzari ematen dio horretan arrazoia, baina urrunago eta argiago jotzen du Antzak: «Ez dago egiarik. Egia ez da existitzen. Egia fikzio bezala baino ezin da kontatu». Beste testuinguru batean onargarria izan litekeen baieztapen horrek badu konnotazio argia haren kasuan: “Kontatzen dudana konta litekeena da, kontu pertsonala, eta hor badira elipsi izugarriak beste bizipen eta gertakariei buruz… Egunen batean Euskal Herriko borroka benetan zer izan den baimena/ahalmena izango bagenu harrigarria izango litzateke. Orain ezin da kontatu”[6]. Horrela hitz egiten duenak ez dio urteetan –1993-2004 urteen bitartean– ETAren buruzagitzako agintariaren lekuari uko egin, beste estatu baten ordezkariarenari, alegia. Belaunaldi eta estrategia aldaketa guztiak gorabehera, hori baita esplikatzen ez den funtsezko egitate bat (fikzioetako bat), alegia, hiru estatu izan ditugula hemen lehian: Estatu finkatuak (Espainia eta Frantzia), estatu subordinatu bat (EAJk inork baino hobeto gauzatu duena, bere realpolitik zuhur bezain arrakastatsuarekin) eta, bi horiek borrokatu baina haien antzera eta irudira eraiki nahi zutenena, ETArena[7]. Nork erabakitzen du zer den kontagarria eta zer ez? Aginteak. Diskurtso liberalak bere demokraziaren izenean predikatzen duenaren kontra, aginteak ezin du dena kontatu eta, kontatzen duena, errealitatea deitzen dugun hori, hautu eta interpretazioaren bitartez sortzen ari da. Denok bideratzen dugu kontakizuna gure interesetara; horra fikzioaren egia. Baina nor da Antza, Beltza edo ni neu zer den esangarria eta zer ez besteei seinalatzeko? Ohikoa denez, esaten ez dugun horretan daude egiantzekotasunaren gakoak, eta esaten dugunaren funtzioa hor baino ezin da ulertu –zer aukeratu eta zer ez, eta nola esplikatu.
Estatuek, beraz, beren posizioak indartzeko egiten dute kontakizuna, eta zenbat eta muturrekoagoa izan lortutako garaitza –edo galtzailearen itsukeria–, orduan eta argiago geratzen da haien garaipena. Alde bakoitzak tratatzen du etsaia terroristatzat, eta bere indarkeria, autodefentsazko ahalegin legitimotzat; eta hori betiko araua izan bada ere, areagotu baino ez da egin 2001etik aurrera gobernu estatubatuarrak “Terrorearen aurkako gerra” aldarrikatu zuenetik, askatasunaren, demokraziaren eta gainontzeko balioen defentsa erretorikoaren propagandapean, noski. Kontua da inperio ahalguztidunaren babesa duen estatu indartsu baten aurka altxatzen bazara, alferrik dela “guk benetako demokrazia, benetako askatasuna lortu nahi dugu” errepikatzea. Eta Beltza, koiuntura ezberdinen azterketa egiterakoan, horraino makurtzen ez bada ere, badu horretatik zerbait:
“1980ko hamarkadan aurrera egin ahala, iritzi publikoaren inflexio bat dago ETAren atentatuekiko: herritarren %50etik gora aurka lehenik, gero %70etik gora aurka…, eta horretan klabe garbiak dira 1985etik aurrera egiten diren ekintzak, eta ez hainbeste Konstituzioan edo Estatutuan zegoen fedea”.
Ados, baina bada zerbait oinarrizkoagoa, funtsezkoagoa: 70eko hamarkadan neurri bateko ekintza armatuek bazuten halako irakurketa “natural” bat: Estatuaren indarkeria begi-bistakoa zen, eta indiskriminatua; aski zen greba ekonomiko bat egiten hastea (Gasteiz…) edo auzo baterako oinarrizko zerbitzuak eskatzen (Otxarkoaga, Errenteria…), errepresio orokor eta bortitza jasateko. Poliziak torturatzen eta akabatzen zituenak borrokalariak ziren, edo jende xehea; inondik ere ez, “deabru terrorista arriskutsuak”. Trantsizioaren operazioa zabarkeria haiekin amaitzeko ere antolatu zen, modu haiek ez zirelako funtzionalak une haietan (“Demokrazia hura auto-kolpe baten ondokoa izan zen, ustelkeriari lotua, kapitalismoren eta frankismoaren iraupenaren berme… Demokrazia hari eta Autonomia Estatutuari ez nien aurreko dena uzteko moduko balorea ematen” dio Beltzak), eta Estatuaren egitura faktikoak ukitu gabe geratu ziren; ez zen beharrezkoa izan. Hura operazio burutsua izan zen, “Espainia Europako gainontzeko demokraziekin parekatuko zuena”. Horren aurrean, ez da nahikoa “arrazoiaren jabe” izatea edo ETA indartsu bat (“benetako gudarostea…”), jendeak modu masiboan jauzi kualitatibo bat ematen ez badu. Bizi-baldintzak hobetzeko eta errepresioaren aurkako erantzunez gain sistema osoa zalantzan jarriko duen kontzientzia, erabakimena eta antolaketa behar dira. Garai hartan, Pannekoek-i irakurritako esaldi bat geratu zitzaidan iltzatuta: “Langileria ez da ahula antolatua ez dagoelako; ez dago antolatuta ahula delako”.
Ez dugu politikakerian sartu beharrik –erabaki taktiko hura ala bestea egokiagoa izan zela edo ez zela–; arma hotzak eskuetan, politikakerian baino ez ziren murgildu KAS alternatiba eta Altsasuko mahaia eta abar moldatu zutenak. Egoera begi-bistakoa zen fabriketan eta auzoetan ari ginenontzat: jendeak ez zuen “iraultza” batek eskatuko zukeen jauzi kualitatiboa eman nahi. Eta “jendea” diodanean “masa kritiko batez” ari naiz. Gasteizko langileei eskatzen zuten guztia eman zitzaien sarraskiaren biharamunean, eta lanera itzuli ziren. Fini. Gerora, urtez urte, memoriaren inguruko borroka bat egon da bertan, duintasunaren aldekoa; inondik ere ez kapitalismoaren aurkakoa. Are gehiago, hauteskundeetan HB bozkatzen zutenek ez zuten inondik inora ere masa kritiko horren parte izan nahi (esplikatu dut beste nonbait zer gertatu zen Errenterian, Lemoizko zentralaren aurkako borrokak jauzi kualitatiboa eskatzen zuela-eta, Iberdueroko faktura ordaintzeari uko egin behar izan zitzaionean). Bazegoen sentimendu bat, ETAkideekiko atxikimendu afektibo bat…, apurka-apurka bahitze moduko baten aurreko erresistentzia gotortu bat bilakatzeko bidean zena –torturaren aurkakoa, presoekiko elkartasunezkoa…–, baina baita itsukeria izugarri bat ere, armekiko lilura batek, armek berezko duten ahalduntze fetitxista batek eragindakoa agian, azterketa hotz baterako tarterik uzten ez zuena. “ETA jarraitu borroka armatua!” oihukatzen zenean zentzu militaristan egiten zen. Gerora hain laudatua izan den intsumisoen mugimenduaren parte oldarkorrenak ere, “¡La mili con los milis!” oihukatzen zuen, antzeman gabe nahitaezko soldadutza funtzionala izateari utzi ziola estatuen eraldaketa neoliberalean, ez zela jada errentagarria gazte guztiak kuarteletara biltzea instrukzio militarra jaso zezaten, askoz ere errentagarriagoa zela soldadu profesionalak egitea, mertzenarioak, Estatuaren barne errepresiorako prest eta, behar bazen, Inperioaren morroi bilakatzeko.
Laburbilduz: esplikazio burutsuetan –edo oso sinpleetan, gure kasuan bezala: “ez digute erabakitzen uzten”, etab.– sartu behar duzunean zeure ekimena justifikatzeko, horrek esan nahi du galdu duzula, eta erretiratzeko ordua heldu dela. Ez zara “arraina uretan bezala, bere herrian mugitzen den gerrillaria”, baizik eta preso atxiki aurretik ere bahituta dagoen estatuen txotxongilo.
4. GALTZAILEEN BERTSIOAK. BIKTIMAK
Nola jokatzen du galtzaileak? Bere porrota behin-behinekoa dela saiatzen da esplikatzen, eta ebidentzia guztien aurka, garaipena heltzear dela sinestarazten bere inguruari. “Porrota onartzea litzateke benetako porrota…”. Baina horrekin bat, gerra deklaratu duen erakunde militarraren baitan dagoen Estatua azaleratuz, irabazlearen ispilu gisa funtzionatzen du. Hortik elikatzen dira biktimismoa, giza eskubideen diskurtsoa eta “egia, justizia eta erreparazioa” bezalako leloak. “Geuk ere asko sufritu dugu” diote alde bateko nahiz besteko biktimek, eta esan nahi da: “gure sufrimenduak duintzen gaitu, bidegabea izan den heinean” (beti Beste zerbait nobleren zerbitzuan izan denez, etsaia baino ez da zentzugabekeria horren azken erantzulea). Zer esanik ez, sufritu duena errugabea izan bada… Beltzak ñabartu egiten du azken auzi hori: “Ba al du zentzurik oraindik askatasunaren alde borrokatzeak? Bai, badu, eta horregatik, biktimatik harago joan behar da”. Eta ondorengo galderari: “Azalduko duzu hildakoen kategoriak zeren arabera egin dituzun?”, haren erantzuna:
“Dudarik gabe gaia korapilatsua da. Talde armatuen ekintzei begira, irizpide nagusia da biktima errepresioan inplikatuta egotea edo ez. Hildakoa inplikatua bada eta borrokan hil bada, horrek badu zentzu bat. Errepresioan inplikatu gabekoei buruz…, batzuek esango lukete «biktima inozenteak». Orduan, besteak biktima errudunak dira? Beti aipatuko digute zenbat jende pobre joan den guardia zibil beste erremediorik ez zuelako, baina behin errepresioan inplikatzen direnean, inplikatuta daude. Beste ikerle batzuek «atentatuaren selektibitatea» ikertzen dute. Niri iruditu zait, etika iraultzaileari eta estrategiari begira, errepresioan inplikatutakoen aurkako ekintzek badutela esanahi berezia borroka askatzailearen logikan eta estrategian; eta aldiz, inplikatu gabeen aurkako ekintzak edo albo-biktimak etengabe eta modu onartu batez gertatzen direnean, horiek bestelako esanahia dute”.
Zer da “bestelako esanahi” hori? Badirudi Beltzak negoziazio mahai tekniko baten parte sentitzen duela bere burua, edo horrelakoren batean parte hartzeko prest agertu diren beste hainbatekin ari dela elkarrizketan, “estatukideekin” nonbait, hiru estatuko agintariren batekin.
5. BORROKAREN ZILEGITASUNA ETA HAUTSITAKO MUGAK
Beltzaren diskurtsoak bi zutabe ditu. Lehenengoa baikortasunetik adierazia dago:
“Merezi du askatasunaren alde, «Independentzia eta Iraultza Sozialaren alde» borrokatzea gure borroka armatuetan engaiatu ziren guztiek egin zuten moduan. Biolentzia egiturazkoa denez, aurre egin behar zaio «edozein biolentzia kalterako baino ez da» diskurtsoari, batez ere egiturazko zapalketaren arduradunen eta konplizeen ideologoetatik datorrenean. Hori giza Historia ukatzea bezalakoa da”.
Bigarrenean, ETAren historian barneratzen da haren akatsak seinalatzeko:
“Bonba-autoekin hasi zenean, ETAk garbi utzi zuen bazirela bi helburu, militarrak eta zibilak. Militarretan ez zegoen aldez aurreko jakinarazpenik, helburua etsaiari ahalik eta kalterik handiena egitea zelako. Aldiz, helburua gune zibil batean jartzen bazen –adibidez Hipercorren– abisatu egiten zen, eta hala egitean, erantzukizunaren transferentzia etsaiari egiten zitzaion, «aski zuen supermerkatua hustea», «estatuak ez zuen hustu guri kalte egiteko»… eta gisakoak esanez.Nire ustez, historia osoan, jendea hasierako mentalitatearekin sartzen da ETAn, eta bukaeraraino mantentzen du ikuspegi hori, baina muga batzuk hautsi egiten dira, eta horri erantzuteko diskurtso autozentratu eta ideologiko bat sortzen da. Beraz, lehergailuaz abisatu bai, baina behin eta berriz errepikatzen bada inozenteen heriotza, azkenean horrek esan nahi du onartu egiten duzula horien heriotza, eta orduan hori terrorismoa da, errugabeak sistematikoki hiltzen dituzulako. Etsaiak, gainera, hori balia dezake zu ahultzeko”.
Hor dago etsaiarekiko ispilu jokoetako bat: “terrorismoa” terminoa ere “asmo onez” egindako ekintza bat izendatzeko erabiltzen da. ETA suizidiora eramango zuen azken muga zeharkatzen duenean, 90eko hamarkadan Oldartzen jarrera inposatuz, Beltzak ezker abertzalean ere pentsatzen zena esplikatzen du:
“Testuinguru horretan [Aljeriako elkarrizketen porrota eta 1992ko zuzendaritza osoaren atxiloketaren ondoren] agertu zen Oldartzen jarrera, honako ideia biltzen zuena: nola 1985eko hedadurarekin ez dugun nahiko indar bildu etsaia beldurtzeko, orain gehiago hedatuko dugu gure jarduera esparrua, eta politikarien, kazetarien, intelektualen, zinegotzien… aurka ere egingo dugu. Eta estrategia horretan borroka armatuak are eta gehiago galtzen du. Etsaia definitzen baduzu kolektibo zehatz batean, adibidez polizia torturatzailea, garbia da, jendeak berehala ikusten du hori. Baina etsaia modu ideologiko konplexu batez definitzen baduzu, orduan egin zen bezala, borroka armatuak zentzua galtzen du” [8].
6. MILITARISMOAZ
Baina, funtsean, Oldartzen ponentzia inposatzen bada eta, beste behin, kritikoak baztertuak eta jazarriak badira (traidoreak, txakurrak, likidazionistak…) betiko arrazoi berberagatik da: hor bada kupula militar bat, non “potrodunenek” bere potroen arrazoia –armak– inposatzen duten. Logika militarista hori –gerraren logika, mafiosoa…– ekintza armatuek lehentasuna hartzen duten unetik gertatzen da. Beltzak iskin egiten dio konstatazio horri, “marxismoaren eta leninismoaren eragina da” bezalako azalpenak emanda. Ez, hori ez da marxismoa, ez leninismoa. ETA erakunde marxista izan dela, are gutxiago leninista, ezin du mantendu marxismoaz eta leninismoaz ezer dakien inork (beste kontu bat da zein esparru ideologikotan aldarrikatzen duen nork bere burua); ETA barruan marxista bihurtzen ziren gehienek, eta horrekin leninista, erakundea utzi egiten zuten gehienetan. Eta dinamika militarista horretan, Beltzak badu ardurarik.
Kontakizunaren une honetan, duintasun eta zintzotasun apur bat gehiago eska dakieke, nire ustez, aspaldiko kontu haietaz beren esplikazioak ematen ari diren azken lekukoei. Beltzaren kasuan, elkarrizketako pasarte bati amaiera ematen dioten hitzetan dago gakoa: “ETA VI.a atzean utzita…”.
1970ean gaude, Burgosko epaiketa militarra, eta frankismoaren aurkako eta epaituen aldeko elkartasun oldarra Euskal Herrietatik askoz harago. Ordurako egina zen VI. Asanblada, eta epaituen artean ere, gehienek onartu zituzten haren erabakiak –komunikatu publikoa eta guzti–. Baina, gertatu ohi bezala, hor bazen talde txiki bat hura onartu ez zuena eta kolpe maisu bat burutu zuena: Bëihl kontsularen bahiketa, Alemaniarekin negoziazioa –Vatikanoa tarteko– eta heriotzara kondenatutakoen indultua. Prozesu hark prestigio mailarik gorenean jarri zituen ETA eta Euskal Herriko erresistentzia. ETAk kapitalizatu zuen garaipen hura, eta, erresistentzia zabal harekin identifikatua izan zen heinean, haren ikur bilakatu. Baina ETA hura ez zen erakundearen gehiengoak erabaki zuen ordezkaria, baizik eta gutxiengo militar batek bere oldarra eta abilezia erabiliz inposatu zuena[9]. Garaipen hark “berme politikoa” behar zuen, eta izan zuen: ordurako ETAko zuzendaritzatik kanpo zeuden Madariaga, Txilardegi, Beltza eta beste hainbatek “likidazionistak” salatu, eta ETA militar hari eman zioten zilegitasuna[10].
Halako gertakizunak behin eta berriz errepikatu dira ETAren historian zehar, 1966ko IV. asanbladatik Urrutikoetxeak gorpuztu eta 2006an Thierryk zapuztu zuen azken menia arte: 40 urteko historia horren haritik tiraka idatz zitekeen erakundearen historia, bai eta borroka eta erresistentzia mota guztietan engaiatu ziren milaka pertsonena ere[11]. Baina Beltzak hori “atzean uzten du”; zer garrantzia du horrelako txikikeria batek?
7. AUTONOMOAK
Komando Autonomo Antikapitalisten ibilbidea anekdotikoa kontsidera liteke euskal insurgentzia armatuaren bilakaeran; beste lau erakunde armatu indarrean zeuden unean jardun zuten (bi ETAk; Iparretarrak, eta Iraultza, 1981etik aurrera, Autonomoekin batera). Haien lehen ekintza erreibindikatua 1978ko Adegi enpresa gipuzkoarraren egoitzan jarritako lehergailua izan zen; handik sei urtera Enrique Casas senatari sozialistaren hilketarekin eta haren ondorengo Pasaiako segadarekin amaitu ziren komandoak. Beltzaren hitzetan,
“[Autonomoak] desegin ziren bai errepresioagatik, baita ezker abertzalearen etsaigoagatik ere. Baina Europan ere antzeko krisia eman zen borroka armatuaren eta mugimendu sozialen artean, eta ni krisi horretan nengoen: bide berriak behar nituen”.
Guztiz berriak ez baziren ere, urte haietan nabarmendu ziren langile autonomiaren ideiak eta ekinbideak Europako hainbat lekutan, Italian bereziki. 70eko hamarkada osoan, “intentsitate apaleko gerra zibila” bizi izan zuten Italian, zeina Aldo Mororen hilketaren (1978) ondorengo errepresioarekin amaitu baitzen: gau bakarrean poliziak lau mila militante atxilotu zituen Italia osoan, joera eta maila guztietakoak, Brigada Gorrien ekintzarekin lotuz. Nanni Balestrinik eta Primo Moronik 1988an idatzitako L’orda d’oro (“Urrezko horda”) liburuan, hauxe diote:
“77a ez zen 68a bezalakoa izan. 68a kontestatarioa izan zen, 77a erabat alternatiboa. Hori dela eta, bertsio “ofizialak” itxuratu egin du 68a, ontzat eman, eta 77a, txartzat; izan ere, 68a berreskuratua izan zen; 77a, berriz, suntsitua. Hala, 68a ez bezala, 77a ezin izango da inoiz ospakizun errazeko objektu izan”[12].
Hamarkada hura ulertzeko, aski argigarria da orduko militante Oreste Scalzonek berriki emandako elkarrizketa batean adierazitakoa:
“Autonomía! liburu bikainean, Marcello Tarik komunismo zikintzat du ordukoa «Marx eta antipsikiatria, Parisko Komuna eta amerikar kontrakultura, dadaismoa eta insurrekzionismoa, obrerismoa eta feminismoa biltzen dituena». Autonomia, gazte mugimendu masiboa izan zen. Arbuiatzen zituen Estatua eta kapitalismoa, eta baita sindikatuak eta ezker parlamentarioa ere. [Lantegi fordisten] Lana eta ordezkapen politiko eta sindikala borrokatzen zuen, eta baita subjektibotasunen banaketa ere. Intentsitate txikiko gerra zibila izan zen, eta esperimentazio politiko, afektibo eta iraultzaileko hamarkada bat”[13].
Gure artean, uste dena baino oihartzun handiagoa izan zuten mugimendu haiek –nahiz eta hemengo historia idatzi dutenentzat, eskuin nahiz ezker, bazterreko eta esangura gabekoak izan–, eta autonomiaren printzipioetan gartu ziren 70eko herri- eta langile-borroka esanguratsuenak: 1976an Gasteizen gorpuztu zena, edo Errenteriako herri mugimendua; 1978an Gipuzkoa osoa geldiarazi zuen metalaren greba edo Bizkaian urte haietan egindako greba nagusiak… Oldar hartan antolatu ziren Komando Autonomoak; alabaina, ETAren itzala luzeegia zen ordurako, eta, funtsezkoena, haiek hasi zirenerako, mugimenduaren gainbehera nabarmena zen hura barrutik bizi genuenontzat.
Ez nonbait, ordea, Beltza bezalakoentzat, ETAtik ideia libertarioetara mugituz, Hegoaldeko mobilizazioak liluraz begiratzen zutenentzat: “Batzuek pentsatzen zuten –adibidez Komando Autonomokoek– insurrekzioa laster etorriko zela, eta prest egon behar genuela hartan parte hartzeko eta laguntzeko”, dio. Hor dago, nire ustez, gako nagusia: Francoren heriotzarekin eta haren erregimenaren krisiarekin Espainian gauzatu trantsizio operazioan uste izan zela “insurrekzioa” ia egun batetik besterako kontua zela; Independentziaren eta Sozialismoaren bidean ginela. Baina, esan bezala, fabriketan eta herrietan beste zerbait geratu zen agerian: langile jendeak aski xalo eta bare onartuko zuen “normalizazio demokratikoak” eskainitakoa. Krisi ekonomiko larrienean ere, indemnizazioetan ematen ziren diruak-eta onartzen zituzten. Bistan da sindikatu eta alderdi politikoen aparatu berpiztuek horretarako egin behar zen guztia egin zutela, eta Estatuaren indar errepresiboek apurka-apurka ikasi zuten zer eta nola egin behar ziren gauzak egoera berrira egokitzeko. “Estatuaren sparringak izan gara” laburbildu zuen Sarrionandiak 2011n hAUSnART aldizkariari emandako elkarrizketan. Baina horretaz gain, eta hori baino lehen, ETAren ingurukoek gerora ezker abertzale politikoa izenarekin ezagutu dena sortu zuten. Sinpatiez eta “kapital sinbolikoaz” gain, ETAk ez zuen ia presentziarik herri eta langile mugimenduetan −bertatik ateratako disidenteek ez bezala−, eta presentzia handiagoa zuten alderdiak, mugimendu autonomoak tartean, lekuz kanpo geratu ginen egoera berrian, egina genuen eraikuntza osoa birrinduta[14].
Autonomoen aldetik, mendira jo zutenak gazte suhar gutxi batzuk izan ziren, eta berehala suntsitu zituzten. Baina hori baino garrantzi handiagoa duen kontua da Italiakoarekin liluratuta, boluntarismo hutsez, horrelako zerbait egin nahi izan zutela hemen, baina ulertu gabe hango eta hemengo errealitateek ez zutela zerikusirik. Gainontzekoen artean, denetik egon zen, baina orokorra izan zen azterketarako eta porrotari aurre egiteko gaitasun falta.
Mugimenduetan engaiatuen zeudenen artean, ezker abertzaleak markatu zuen ildoan lerratu ziren asko, erradikalismo antzu batek eramanda: “horiek dira amore eman gabe jarraitzeko gai diren bakarrak”, edo “borroka armatuak baino ez du sistemaren kontraesanak azaleratzeko gaitasunik…”. Zenbait gauza nahasten ziren ezgaitasun hartan: sakrifizioaren goratzarrea –azken finean, erakunde katolikoetan haziak ziren, gehienak–, biolentziaren inguruko ikuspegi inozoa eta taldean nola edo hala jarraitu beharra –hotz eta gorria da bakardadea.
8. USURPAZIO POLITIKOA
Beltzak eta idatzi duten gehienek, ordea, beste bertsio bat ematen dute. Galdera: “Indar aldetik nola zegoen ETA Trantsizio garaian, 1975-1982an?”. Beltza:
“Orduan ETA benetako gudarostea zen, indar itzela zuen, ondo preparatua, ondo armatua, ondo sostengatua eta laguntza handiarekin. Guardia zibilek beldur handia zioten. Hori bai, jadanik Argalaren garaitik, ez zen iraultza egiteko indarra, etsaia ETAk nahi duen negoziaziora eramateko baino. Miliekin batera, 1982an jende askok uste zuen Euskal Herrian gauza ginela zerbait egiteko. Jadanik argi ikusten zen ez zela iraultza egingo, baina negoziazioa sinesgarria zen, ETAk sekulako indarra zuelako. Ni autonomoen hurbil nintzen orduan”.
Apropiazio eta usurpazio hitzak erabili nituen Zazpigarren heriotzan orduko aparatu politiko eta sindikalek egindako operazioa izendatzeko. Ezker abertzalea izan zen usurpazio horren eragile nagusia (baina ez “borondate gaiztoz”; irizpide militaristak, borroken gainbeherak eta politikaren ikuspuntu kontserbadoreak eraginda baizik): Altsasuko mahaia (1977), hurrengo urtean ospatuko ziren Espainiako hauteskundeei begira eratu zen, eta, orokorrean, helburua zen leku bat egitea zabaltzen ari zen mapa politiko-elektoralean… 80ko hamarkadan finkatu zen egoeran, bi helburu nagusira bideratu ziren ahalegin eta indar guztiak: ETA indartzea eta babestea, eta sare instituzionaletan lekua hartzea. Amaiera arte.
Azterketa politiko batetik begiratuta, anekdotikoak dira prozesu horrek bideratuko duen erabateko porrotak eta akitzeak ekarriko zituen gorabeherak, ez balitz horrek guztiak hauspotu zuen etengabeko tragedia eta noraezagatik; ez balitz hainbat belaunaldi berriren errebeldiarako indarren bahiketagatik. Beltzak bezala kasuistikara jotzen badugu, ñabardura asko egin litezke, baina azterketa oso azalean geratuko da epifenomeno bakoitza begiratzerakoan, esaterako, negoziazio ahaleginak, kartzeletako politika edo ETAren osteko Sorturen ibilbidea:
“Sortuk ukatzen du borroka armatuaren balioaz eta militante aktiboen duintasunaz mintzatzeko aukera. Ez du nahi, argi eta garbi. Sozialdemokraziaren bidea hartu du, ideologia seguritarioaren kontrolpean dago eta ez du halakorik egin nahi. Kartzelan direnei begira, adibidez, biktimologiaz gutxiago hitz egin eta egindakoaren zentzuaz gehiago hitz egin beharko litzateke”.
Ados, baina “borroka armatuaren balioan eta militante aktiboen duintasunean” dago gakoa? Sortukoek ez dute hori ukatzen; haiek erantzungo diote oraingo ildoa dela haren balioa eta kartzelan daudenen egoera bideratzeko bide errealista bakarra…[15]. Arazoa da 1978rako ezker abertzaleak hartua zuela sozialdemokraziaren bidea; “sozialdemokrazia armatua”, hori bai, kontu arrunt bitxia sasoi horretarako. Eta tematze horrek ekarri zituela geroko ondorioak. ETA bahitua zegoen politikaren ikuspuntu miopean (Estatuak bahitua ere bai, presoekin egindako politikarekin, besteak beste), eta baita bere inguruko “buru argienak” politikari burgesak baino ez zirelako ere. Ez da kasualitatea abokatuek izan duten funtsezko papera prozesu horretan.
9. INDEPENDENTZIA HELBURU
Ez da nire intentzioa bidean geratu ginen “galtzaileoi” arrazoia ematea, baizik eta funtsezko garrantzia duen konstatazioa azpimarratzea: ETAren historian beti atera dira garaile militaristak, eta, beti, halaber, haien zio absolutua abertzaletasunari lotua egon da. “Independentzia” leloak dena estaltzeko balio izan du. Ez da izan helburu nobleagorik Aberriaren independentziaren alde bizitza ematea baino, burua sakrifizioaren aldarean ipintzea baino, baita ezintasun gordinenean ere, baina hobe besteen buruak, gazte odol berorik beti dagoenez[16]. Beltza ez da Independentziarekin konformatzen, berak Iraultza Soziala ere aipatzen du borroka armatura jauzia eman duten guztien “duintasun etiko eta iraultzailea” aldarrikatzeko. Baina iraultzaile batentzat hitz handi horiek mamiz betetzea da lehen eginbeharra. Zer esan nahi zuen independentzia hitzak XX. mendearen erdi aldera, zer 80ko hamarkadan, zer XXI. mendearen hasieran eta zer esan nahi du egunotan? Gure arteko askorentzat beti gauza bera eta bakarra: Estatu bat eraikitzea; “Estaturik gabe, ezer ez; Estatuarekin zernahi”. Garai batean edo bestean ETAn ibili eta gero asko eta asko estatu-gizon bilakatu izanak zentzu guztia du eskema horretan: “ez da nik gaztetan amestu nuen Estatua, egia, baina hauxe da dagoena, eta hobe zerbait deus baino”, eta, jakina, zerbait hori izan liteke garai hartako gaitz guztien iturri zen Estatu zapaltzailea edo “hainbeste odol eta sakrifizioz” lortu den autonomia edo beste zernahi egitura politiko. Jarrera militarista eta estatu zaleak erabat lotuta egoten dira, eta ahalegin horietan traidoretzat hartzen direnak zentzu banderizoan ulertzen dira, modu oportunistan.
10. DISOZIAZIOA eta STOCKHOLM SINDROMEA
Beti galdetu diot neure buruari nolatan ez den egon inoiz ETAn ibilitako militanteen artean Italian 1982an erabaki zen “disoziaziorik”. Nahiko indarra eta argitasuna behar izan zen une batean “aski da” esateko, eta, kartzeletatik bertatik inongo Estatuarekiko negoziazio perspektibarik gabe, modu honetan formulatu zen: “Estatu terrorismoak salaketara bultzatzen duen damutuen jarrerak, batetik, eta militarismo itsu batek, bestetik, masa-mugimendua suntsitua izan denean, inoizko iraultzaren posibilitatea bera zapuztu baino ez dute egiten. Beraz, bai salatariak, bai aktibismo armatuan jarraitzen tematzen direnak, biak dira gure etsaiak”. Hori aldarrikatu zutenak beren bizitza jartzen zuten arriskuan, heriotzara kondenatzen baitzituzten Brigada Gorriek, “damutuen aurkako” kanpainan.
Galdera horri –“zergatik hemen ez, barruan edo kanpoan gehiengoak garbi izan duenean horretan jarraitzea itsukeria zela”– taxuz erantzuteko, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan: batetik, ETAren klase jatorria bera (hirietako burgeskumeak, hasieratik, eta heziketa katoliko sakoneko hainbat nekazari eta langile, gero) eta garaiko altxamendu antikolonialistek Gerra Hotzaren testuinguruan pizten zuten zirrara[17]; bestetik, matxinatu armatuena Europa osoko kontua zen: hemen bezala jende askok jo zuen ekintza eta erakunde armatuetara. Hemen, Espainiako gerrak gurasoengan utzitako zauri guztiak oso bizirik zeuden, eta, nola edo hala, gerra hark betikotu zuen egoeraren aurka altxatu beharra zegoen. Baina zer egin eta, batez ere, nola, izan da beti galdera.
ETAren historian, funtsezkoa da 1952 eta 1968 bitarteko aldia, Ekin gazte erakundea sortu –berehala ETA izena hartuko zuena– eta lehen hildakoak gertatzen diren artekoa. Gazte haien eztabaidetan aktibismo itsuaren aurkako jarrera argia zen nonbait –EAJko zenbait gaztek sustaturiko “ekintza armatuak” arbuiatzen zituzten–, eta ikusmolde “marxistak” gailendu ziren arte, inor ez zen ausartzen lehen urratsa ematera[18]. Urte gutxi batzuetan prezipitatu zen dena: Etxebarrieta-Pardinesen eta Manzanasen hilketak (1968), ondorengo errepresioa, Burgosko epaiketa militarra (1970), Carrero Blancoren aurkako atentatua (1973), Correo kalekoa (1974), 1975eko fusilamenduak… Hildakoak, torturatuak eta presoak hasi ziren pilatzen, eta, Franco hil eta trantsizioa gauzatu zenerako, harekin jarraitu beharreko grina geldiezina bilakatu zen.
Ez naiz gehiago tematuko urte haietan gertatu zen aktibista armatuen eta oinarrizko mugimenduen arteko hausturarekin. Beltza, ondorengo “hanka saratzeaz” ari da, maila erabat pertsonalera erakarriz noraeza, mugarri izan ziren hainbat unetan:
“ETAko zuzendaritza berriko jendea [1992ko Artapalo eta Txelisen erorketaren ondorengoa] ez nuen ezagutzen, baina KASekoak bai, eta jende ona zen, haietako asko nire lagunak. Jende horrek lagundu zion ETAri falta zuen eduki soziala kaleko praktikan berriz sartzen. Iraultza soziala birzentratzea nahi zuten horiek, baina, erradikalismoaren bila, estrategia politiko-militar okerrenaren sostengua bilakatu ziren”.
“Estrategia politiko-militarra” eufemismoa da, ekintza militarrek eta haiek sostengatu beharrak eragiten eta behartzen baitzuten gainontzeko guztia, errebeldiarako grina oro “politika antiterroristaren” zapalgailupera behartuz.
Militarrek eragindako dinamika horretan, oso gaizki tratatuak izan ziren hamarkadetan zehar Estatu autonomikoaren sisteman integratu ez ziren hainbat militante, eta nolabaiteko Stockholm sindromeaz jota bizi izan zuten hauek ETA utzi ondoren militatzen jarraitzea −garaiko komisarioen mehatxu, irain eta jazarpen erabatekoan−, ETAren ekinbideak diktatzen zutenen jarrerak onartuz edo nola-ala eramanez –modu kritikoan, baina garbi izanda etsaia bestaldean zegoela.
Asmo onen eta militante zintzoen makina birrintzailea ere izan zen ETA, beste aukera posible gehienak modu bortitzean neutralizatzen zituen dinamikaren arduraduna. “Jende ona zen…” erabakitzen du Beltzak, eta politika horretan nola edo hala ardurak izandakoek diote ezin dela oraindik hitz egin hari buruz, ez bada erresistentzia heroikoaren eta herri hau askapen erabatekora eramango duen bizitza sakrifikatu dutenak laudatzeko[19]. Zertaz hitz egin behar da, orduan? Beltzak kasuistika aukeratu du, onartuz “liburu hau idaztean, zeregin horretan adreiluak jartzen ari ginela, konturatzen nintzen adreilu eta adreilu artean zulo ikaragarriak zirela pareta horietan. Pareta baino zuloa da gehiago liburuan, baina dagoenarekin egin dugu lan”. Besteek gudariei laudoriozko himnoak idatziko dituzte egun handira arte, eta zilarrezko zubiak eraiki, baina ez erretretan ihesi doan etsai bentzutuarentzat, baizik eta norbere buruarentzat eta, errelatoaren gatazkan, beste hainbat zubi sinboliko ere, arroz urez eraikitako Burgosko epaiketa eta armak entregatu zituen ETAren artekoa, esaterako, tarteko guztia ahalik eta modu lanbrotsuenean berdinduz.
Mortala izan da gurean militarismoa eta hark eragindako dinamika sakrifizialaren eta independentismo zaharkitu baten arteko nahasmendua. Italian ez bezala, bortxazko erantzuna ez zen gertatu hemen intsurreziozko mugimendu zabal baten epifenomeno gisa, baizik eta, alderantziz, kolonietako eredua jarraituz lehen, eta “erresistentziako gerra” gero, dena estatuen arteko xake joko odoltsu batera makurtuz. Dinamika hori bultzatu eta bertan ardura handiekin parte hartu dutenek ez dute gaitasunik erakutsi hori guztia politikoki zein katastrofikoa izan den antzemateko. Ez dira gutxi testigantza kritikoak, baina beti dago norberaren jarrera salbatzeko joera bat: “idealismoz eta eskuzabaltasunez gainezka geunden, gero okertu ziren gauzak”; eta gero horri norberak jartzen dio data, norbere “zaldi erorikoa” mugarri bilakatuz. Eta zaldi erorikoa gertatu aurreko baldintzez eta jarrerez aritu beharrean –horiek izan baitziren, izatekotan, gauzak bere onetik atera zituztenak; horiek dira benetan interesgarriak ikasi beharreko lezioak nonbaitetik ateratzekotan–, kasurik onenean moralismoan eta biktimismoan murgiltzen gara: “jar dezagun hemendik aurrera gure esku dagoen guztia gatazkaren ondorioak gainditzeko”, “giza eskubideak ez ziren behar bezala errespetatzen”, “egin dezagun, denon artean, Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren alde”…
Esan dudanarekin irudi lezake Italiako prozesua ematen dudala eredugarritzat. Ez da horrela. Kontuan hartu beharreko lehena da XX. mendeko hango eta hemengo historien artean alde handiak egon zirela, eta han ere aktibismo militaristak eragin kaltegarria izan zuela mugimenduan, haren desegitearen ondorioarekin. Aldo Mororen bahiketak eta heriotzak argi utzi zuten 1978rako tentsioaren estrategia atera zela garaile. Bertako ortodoxia komunistarekin eta sindikalistarekin hautsi ondoren, mugimendu oso zabal eta indartsu batek bilatzen eta gauzatzen zuena –kate-lanari eta, oro har, lan alienatuari uko egitea, taldeko bizi-espazioen okupazioen bitartez eta haien erabilerez komunitate-bizitza garatzea, genero-harremanen eraldaketa sustatzea, merkantzien zuzenean bereganatzea, lan kognitibo eta afektibora jotzea…– militarizazio-espiral batera eramana izan zen, eta horrek ezinezko bihurtu zuen. Emakume feminista askok gerra-egoera hori alde batera uztea erabaki zuten, eta talde autonomoak, berriz, mugimendua militarizatzeko tentsioak endekatuak eta ondorengo errepresio bortitzak azpiratuak, ezinean eta barreiatuak geratu ziren. Hitz gutxitan laburbilduta, ondorioztatu behar dena da oinarrizko mugimenduetan erro eraldatzaile sakonak izanda ere oso amu arriskutsua dela biolentziaren erabilera, eta Estatuak beti erabiliko duela, aitzakia ezin hobea ematen baitio dituen kontrako erresistentzia guztiak deuseztatzeko. Bihotz beroenak ez dira askotan buru argienak, eta armen hautuak gutxitan uzten du atzera itzultzeko aukerarik. Are eta gutxiago azken hamarkadetan gerra eta errepresio estrategiek izan duten bilakaerarekin.
11. ZORRETAN
20-30 urterekin, iragan bat eraiki behar izaten dugu. Iragan hori, maiz, gurasoek haurrideei, agindu bat ezkutatuz, uzten dieten herentzia da: “bete ezazue zuek guk ezin izan genuena”. Herentzia pozoitua, erra itsu batez, ezintasunez eta baita koldarkeriaz edo bekaizkeriaz ere elikatua egon baitaiteke. Gutxi du nolanahi ere eskuzabaltasunetik, gure zorrak besteek kitatu ditzaten exijitzen baitugu, gurasoen aginte lekutik. Zor handiegiak, biziraupena bera ere ito dezaketenak, zorraren politikak egunotan ekonomian edo ekologian dituzten ondorioez jabetzen ari garenean.
50-60 urterekin, eta handik aurrera, hasten oi gara pentsatzen gure ondorengoei utziko diegun herentziaz, eta sumintzen gara haiek ez badute guk uste bezain zorrotz eta zintzo jasotzen, ondare hori biltzea zenbat kosta zaigun jabetu nahi ez, eta bi egunetan xahutu eta alferrik galtzeko prest direla ikusita. Zahar mikaztuen etsia jendarte patrimonialean. Patrimonio gisa begiratzen dugu lurra, paisaia, hizkuntza…, jakinda ere norbere ondasunak defendatzeko elkar akabatzeko prest egoten dela jendea, baita familia barruetan ere.
ETA sortu eta bertan iraun zutenengan zama handia zuten haien aurrekoen porrotek, haien herentzia etsiek. Eta katolizismoak zama horri jartzen zion galgaz libraturik baina, sekularizatze prozesuan, haren sakrifiziorako grina ukitu gabeekin heltzen zioten munduaren injustiziekin behin betikoz amaitzeko zereginari. Behin betikotasun hori izan zen XX. mendearen marka, eta grina hori patu bihurtu zuten Europako gazte asko eta askok, ezkerreko dozenaka talde armatu antolatuz 60-80 hamarkadetako urteetan. Euskaldunok ez ginen salbuespen izan, korronte zabal eta sakon baten parte baizik, gure ñabardurekin. Espainiako gerra bizitu eta gu ginen haur eta gazte haien gurasoen gehiengoek betebehar bat jarri zioten beren buruei: ezagutu zituzten izugarrikeriak ez zitzatela beren seme-alabak ezagutu. Haiena baldintzarik gabeko errendizioa izan zen, baina baita biziraupenerako nolabaiteko jakituria ere: esperientziaz zekiten nola amaitzen zuten injustizien aurkako matxinatuek. Eta hori ez zegokion liskar publikoei soilik, gauza bera gertatzen zen familia barruko gehiegikeriekin; saiatzen ziren hesi bat altxatzen, nola edo hala, hura onartezina zela antzematen zenean ere. Baziren, ordea, horrelakorik inondik inora onartuko ez zutenak; kontzientziatuenak edo ideologizatuenak, gehienetan[20]. “Amaren bularrak ebaki zituen kutxiloaren ertzak / erdibitu egiten du semearen bihotza ere / erdibituriko bihotzetatik sortzen dira dere / sehaskak zapuztuko dituzten hauster txoriak / zapuztu diren sehasketan bizi dira dere / kutxilo zorroztaileak” idatzi zuen 30 urte bete gabeko Bernardo Atxaga batek, iragan bat eraikitze eta forma emate lanean murgildurik[21].
Inpresioa dut Beltzak bezala “militante haien guztien duintasun etiko eta iraultzailea defenditu” behar larriaz ari direnengan, ez dutela leku handirik funtsezko kontsiderazio hauek. Are gutxiago diskurtso “antiterroristari” aurre egin behar zaionean, “derrotatuen aldean” jarri behar batean. Baina ez dira konturatzen malda horretan behera desegiten direla azterketa politiko eta etikorako aukera guztiak. Biolentziaren gaia eta haren erabilera posiblea aztertzerakoan, gutxi balio du jakiteak egiturazko bortxa dela nagusia. Horrek ez du defendagarri bihurtzen haren aurkako edozein ekimen bortitz. Aitzitik, bortxaren monopolioa duenak harreman guztiak blaitzen dituen biolentziaz baliatzen da bere posizioa, zilegitasuna eta interesak indartzeko, probokazioa eta errepresioa logika horretan administratuz. Ez nabil bakezaletasun absolutu bat defenditzen, horrek ohi duen karga ideologikoarekin. Baina edozein ekintza biolento egiteko erabakia hartzen duenak oso fin ibili beharko du bere ahalegina itsua eta kaltegarria bilaka ez dadin. Bistakoa da ez dela ETAren eta gainontzeko gure talde matxinatu armatuen kasua izan. Amu gozoa irentsi, eta, ondoren, damutu egin dira batzuk; gehienek, ordea, beste biderik ez zutela esplikatzen dute. Ulergarria izanda ere, kontuz herentzia pozoitu hori ondorengoei uzteko joko perbertsoekin!
Joan dira desagertzen zaharrenak, baina ibilbide hori azkenekoz egin duten batzuk jabetzen dira zor eta herentzia horretaz. Horrela zioen Mikel Antzak orain gutxiko elkarrizketa batean:
“…Uste dut badaukagula zor bat. Pluralean hitz egiten dudanean ez dut hitz egiten nik parte hartu dudan erakunde horretako kideez, baizik eta gatazka honetan parte hartu dugun belaunaldi ezberdinez, 2011 arte. ETAk borroka armatua uzten duenean esan dezakegu aro berri bat irekitzen dela; horrek ez du esan nahi gatazka armaturik ez dagoenik, Guardia Zibilak armaturik jarraitzen du. Baina alde batek erabakitzen duenean gelditzea, uste dut gatazka horren ondorioak gainditu ez diren neurrian –eta ez dira gainditu, hor daudelako presoak eta biktimen minak, erreparazioa behar dutenak zauriak dauden bitartean–, hor badagoela zor bat, herentzian uzten ari garen zor bat, kitatu behar dena. Belaunaldi berriei, gaur egun 20 urte dituzten gazteei, adibidez, herentzian zor hori uzten ari gatzaizkie eta hori bai ez dugula egin behar, nire ustez… Atzera begiratzen dutenean gainditu den gatazka baten edo gainditzea laguntzen duen literatura bat izatea nahiko nuke. Gauza asko daude kontatzeko, baina ezin dugu; azpidatziekin ere ezin dugu. Gure minak, guk jasandakoak, isilaraziak daude. Baina besteei egindako minak ere ezin ditugu sendatu. Egoera horretan gaude. Ezin dugu guk eragin dugun min hori sendatu edo zailtasun handiak ditugu gu ere minberatuak gaudelako. Nola egiten da mahai baten inguruan jarri eta min horiek guztiak sendatzeko?” Presoak oraindik urrunduak daude; kaltetuak izan direnek, batzuek, Estatuaren aldetik erreparazioa jaso dute, baina ikusten da hori ere ez dela aski. Ez dakit ni naizen pertsonarik egokiena hori egiteko…Badakit oso paternalista dela nire jarrera. Pixka bat nahita egiten dut: belaunaldiak desberdintzea, eta ez da hainbeste adin kontua. Gatazkaren gordinean parte hartu dugunok daukagun ardura eta gatazkan zuzenean parte hartu ez dutenen artean desberdintzeko egiten dut. Gure lagun frantses batek, kartzelan geundela, niretzat oso garrantzitsua den esaldi bat erabiltzen zuen: «Haurrek ez dute gurasoek egin dutenaren errurik»… Nik hori gaur egungo giro politikora aldatzen dut eta iruditzen zait arrisku hori daukagula, hau da, belaunaldi berriak izango direla guk egindakoaren pagaburu, konpontzen ez baldin badugu. Ez dut esaten konponduko dugunik, saiatu egin behar dugula bederen. Ez dugu utzi behar herentzian zor hori. Saiatu behar dugu amaitu gabeko gatazka honetako ondorioak konpontzen. Horrela ikusten dut gaur egun egoera, etorkizunera begirako proposamen oso burutsuak egiten ari garela eta herentzian itoginez betetako etxe bat uzten ari garela, eta belaunaldi berrikoei esaten diegula, «lasai, gelak nahi duzuen bezala atondu eta margotuko dituzue». Nik ez nuke itoginez betetako etxe bat nahi, beste norabait joango nintzateke bizitzera”[22].
Lehenago seinalatu dut zein kokapenetatik egiten den gogoeta hori: zer esan litekeen eta zer ez agintez adieraz dezakeen norbaitenetik, alegia. Baina hor ere bada beste ezaugarri bat, diskurtso hegemoniko ustez onbera guztietan nagusitu dena, “gatazkaren ondorioak konpondu behar dira” diotenak: egia jakin behar da; justizia egin eta erreparazioa gero. Kontuan hartu gabe gatazka ez zela 1968an hasi –ezta 1936an edo 1512an ere–. Nola “konpondu” 1512ko konkistaren ondorioak, edo 1936ko gerrarenak edo dena delakoarenak. Historia data batzuetan finkatze horrek ez garamatza inora, ez bada posizio ideologiko edo politiko jakin batzuk justifikatzera. Gerra sozialak ez du etenik, eta garaipen edo porrot bakoitzetik ikasi beharko dugu, baina ez “konpondu”. Historia eraikuntza bat da, garaileen zilegitasuna indartzeko egiten dena, baina derrotatuak berea idazten saiatzen direnean, gutxirako balio du irabazleen kontrakoa esateak, kontrara jotzeko eginahalean, ispilu jokoan jarraituz. Eta justizia, eta erreparazioa? Bizitza bat diru poltsa batekin erreparatzen da? Ez. Doluak bizi eta zeharkatu egin behar dira, eta irakaspenak ikasten saiatu, lelokeriatan ez galtzeko –“irabazle haiei tokatzen zaie orain galtzaile izatea, eta beti galtzaile izan garenok, izan gaitezen behingoz garaile”.
Oso egokiak iruditu zitzaidan Itxaro Bordak berea duen ironia zorrotzarekin berriki Zorretan izeneko zutabean idatzitakoa:
“Julen Madariaga ETAren sortzaileetatik baten zentzeak hitzaren metxa berriz piztu duela dirudi: zorretan gabiltza beraz, bera eta bere lagunen ekinik gabe ez geundelako orain gauden egoeran, «Tatort» telesaila alemanez ikusten eta Komunikazio Ez Biolentoaren irakaspenak ikasten. Hamalauko gerla bukatzean, gure arbasoei elizak disgusturaino errepikatu zien Frantziarekiko odolaren zorra ordaindurik, aberri txikikoek bazutela de facto aberri handiko kide oso izateko eskubidea. Zordunak zirelako, dena onartu zuten, «erdi atzarrik, erdi lo, erdi hil» Niko Etxartek zioen bezala. Apez aurre-abertzaleek euskara galtzearen errua ere leporatzen zieten, bereziki emaztekier. Aterabiderik ez duen menpekotasun inplizitu baten ikurra da zorra, etxean, herrian eta munduan. Zorra gurean ideologikoa da: kapitala eta interesak batuz, animalekoa bilakatu eta bizitzak eskatu dira horren kitatzeko, sakrifizioak, martirioak, eresiak…, duela gutxi arte ezagutu dugun zordunon parafernalia”[23].
Nire kasuan, ontziak erretzen eta zubiak bonbardatzen pasa nituen 20tik 30eko aro hura –modu inkontzientean askoz ere aurreragotik–, bai eta beste bizimoduak esperimentatzen ere, eta lur desolatu bat aurkitu nuen iraganaz jabetzea tokatu zitzaidanean. Orain, 60ak ongi beteta, jabetzen naiz hura ez zela izan aukerarik okerrena, iragan itogarri eta erigarri batetik egiten bainuen ihes, baina hura aukeren arteko bat baino ez zen. Ez diot “bide duin bakar” gisa inori aginduko.
12. ATZERAPENA
Nola atera kontrako posizio polarretatik, polaritate horiek azalekoak edo antzuak bilakatu direnean? Esaterako, “bortxa ala bide baketsua”; “eskuin liberala ala sozialdemokrazia”; “erreformismo saldua ala iraultzaren aldeko hautu gardena”… Azalekoak diot, baina faltsuak ere esan nezake, azken hamarkada luzeetako historian beren mugak eta bide itsuak erakutsi duten heinean. “Zein da orduan alternatiba?” galdetzen digu formula edo programa batean laburbilduta behar duen horrek –guk geuk, askotan–. Lehen urratsa da onartzea ez dagoela alternatibarik, ez behintzat orain arte pretentsio absolutuekin jorratutako bideak alternatibatzat hartzen baditugu. Ez bagaude prest galderek sortzen duten bertigoari aurre egiteko, ahulegi gaudelako izan liteke, eta lehen urratsa ahuldade hori onartzea litzateke –nekearen, akiduraren edo depresioaren itxura izan ala erdiz erdi amorruz eta ezintasunez osaturiko pozoi emozionalaren kutsadurarena.
Egoskorrak gara, ordea, eta nahiago izaten dugu gure arrazoietan itota hil, amore ematea baino. Sinetsi dugu “ideologia” dela duintasunaren zutarria, eta ezin dugu horren garesti ordaindu dugun gureari traiziorik egin…, ez bada “konbertsioaren” bidezidorra hartuta. Gurean maiz agertzen den fenomenoa da hori, eromenaren eta hutsune existentzialaren amildegietara iritsi eta suntsiketaren atzaparkadetatik modu desesperatuan libratzeko azken ahalegin gisa[24]. Damua onargarria da, eta baita kulparen sentipen sakona ere –errazegi ukatu dugu sentipen hori sistema zapaltzaile oso baten oinarrian egon delako–, baina halako prozesuak bizi dutenak hasten direnean gainontzeko guztiei “bidea seinalatzen”, erraz pizten da galdera: “Zinez uste baduzu bide okerretan galdu duzula zure bizitzaren onena, nondik sortzen zaizu inori zer egin beharko lukeen agintzeko gibela?”. Apaltasuna ez da izan konbertso handikien bertute nagusia.
Zorionez, feminismoen oldartzeek, ekologiaren edo antropozenoaren inguruko kontzientziak hauspotutako borrokek, arrazan eta klasismoan oinarritutako bazterkeriaren kontrako sentsibilizazioak eta matxinadek arrakalak zabaltzen dituzte gure “mundu perfektuan”, eta borroka hauek etengabe bereganatuak baldin badira ere sistemaren eta haien aparatuen logikan –eta aparatu horietan sartu behar orain artean ezagutzen ditugun alderdi politiko eta sindikatu instituzionalak–, gero eta autonomia handiagoa erakusten dute, eta ez soilik “mundu perfektuak” gero eta leku urriagoa duelako soberakina den populazioaren gehiengoarentzat. Baita mugimendu horietan guztietan gero eta erresistentzia handiagoa garatu delako haien muinaren usurpazioaren aurrean. Gero eta groteskoagoak bihurtzen dira “kausa komun batean” borroka guztiak bat eginda zuzentzeko beren buruak eskaintzen dituzten gidari mesianikoen deiak.
Euskaldunoi dagokigunez, sekulako atzerapenarekin gabiltzala onartu behar. Europako “azken matxinatu eta erresistenteen” puzkeriari mozorroa erori zitzaionean, gure biluztasun lotsagarriaz jabetu zen norbait, eta, funtsean, eskuin eta ezker, ahotsa eta indarra duten gehienek bat egiten dute dagoeneko kausa komunean: beren patrimonioen defentsa.
Atzerapen itzela genuen jada XX. mendeko 60-70eko hamarkadetan –hemen tratatu ditugun eta batzuk zuzenean bizi eta hauspotu genituen mugimenduei dagokienez–, baina, egoera ezagututa, bagenuen zirkunstantzia aringarririk. Ezen ordurako Europan inori ez zitzaion okurritzen Kuban edo Aljerian inspiratutako matxinadarik martxan jartzea. Zenbait euskaldun Ipar Irlandan inspiratu ziren, baina errealitateak erakutsi duen moduan, fundamenturik gabe. Inork ez zuen XXI. menderako jarraipenik izan –80ko hamarkadaren bukaerarako amaituak ziren gehienak–, ezta IRAk ere, gureak izan ezik. “Sozialismo errealaren” gainbeherarekin, lehen, eta NYeko dorre bikiak amiltzen ikusi eta ondorengo “terrorearen aurkako gerraren” aldarrikapenarekin, gero, gurea 2011ra arte jarraitzea eldarnio baten ondorio gisa baino ezin zen sustengatu.
60-70eko hamarkadetan indar handiz ari ziren zalantzan jartzen guk besarkatzen genituen hainbat dogma, marxismoaren ortodoxietan oinarritutakoak. Pariseko Socialisme ou barbarie 1949an abiatu zen, eta 1967ra arte iraun; Internazional Situazionista 1957koa da, eta Guy Deborden Ikuskizunaren jendartea 1967an argitaratu zen. Sasoi hartakoak dira Pariseko Eskolako pentsalari ezagunenak ere (Foucault, Deleuze, Lacan, Lévi-Strauss, Derrida eta abar), arrasto sakona utzi dutenak eztabaidatzen ditugun hainbat kontutan: marxistak eta marxismoaren kritikorik sakonenak, psikoanalistak eta psikoanalisiaren ipurdiak bistan uzten zituztenak, boterearen arkeologoak “programa askatzailerik” garatu ez zutenak… Eta eztabaida diot, ez dogma eta egia bakarra aurkitu beharreko grina.
Ordukoak dira, halaber, industrializazioaren jitoa antzeman eta ekonomiaz harago –hura baztertu gabe ere– egun indarrean ditugun instituzio nagusien kritika egin zutenak: eskolarena, sistema sanitarioarena, garraioarena, urbanizazio prozesuena, elikadura industriarena… Azterketa eta posizio horiek guztiek eragin handia izan zuten mundu zabalean, baina gure aldetik gehienok inpermeabilizatuta geunden halako “bitxikerietarako”. Garai haietako doxa marxistaren kaperek –oraingoek bezalatsu, baina indar handiagoz– susmo larriz begiratzen zieten mugimendu haiei, baina agerian geratu da zuten funtsa XXI. mendeko krisien aurrean. Politika “arrazoi ekonomikoak” irentsia hiltzen ari bazen ere, politikaren lehentasuna aldarrikatzen genuen guk, eta horrela jarraitzen dute gure “buru argienek”.
“Merkantziaren fetitxismoa” Marxen kontzeptua bazen ere, esoterismo hutsa zen gehienontzat, eta identitatearen inguruko gogoeta guztiek XIX. mendean garatu ziren usteetan oinarritzen jarraitu zuten.
13. ZAHARREN KONTUAK NORMALTASUNAREN BASAMORTUAN
Lau urte pasa dira, ETAren amaiera zela eta, hitzok idatzi nituenetik: “Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, argi al daukate zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak…?
Zer dela eta hiru hamarkada luzeko atzerapena? Arrazoi nagusi bat beste anitzen artean: gureak zuen osagai agonikoa. Mundu galdu baten agoniatik zetorren euskal abertzaletasunaren jatorrizko indarra; eta gerra zibilaren derrotak eta ondorengo hamarkadetako diktadurak min hori areagotzea baino ez zuen ekarri. Mundu osoko suhar harekin nahasiz, gure “erresistentzia armatuak” autonomia nahikoa bereganatu zuen hasieratik, errealitateak ematen zituen seinale guztien aurrean itsu jarraitzeko. Beti aurrera zen leloa, azken aldiko erabateko porrota eta suizidioa ekarri zituen egoeraren aurrean amaitu artio. Gure berezitasuna azpimarratu beharraren beharrez, pasa egiten zitzaion joera orokorragoen bazterreko epifenomeno baino ez zela.
Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik –eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe–, munduko herri baketsuena izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik, eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. Eta gure esentziak titaniozko ontzi ederretan gordetzera erabakita gaudenez, bizitza merezi ez duten piztien moduan errefusatuko al ditugu geuk?
Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garenok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: «Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar». Edo «onar ezazue sakrifizio horrek guztiak ez duela ezertarako balio izan». «Autokritika» eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: «Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte».
Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain «denon inplikazioa» eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako”[25].
14. EGUNGO HONDAMENDIAN
Distantzia eta atzerapen sentsazioa areagotu baino ez da egin 2020ko egoera pandemikoa indarrean denetik. Azelerazio itzela gertatu da zapalketaren dispositiboen eguneratzean, eta baita agerian geratu ere haiei aurre egiten saiatzen garenon noraeza. “Normaltasun kapitalista” zen aurreko egoera, baina krisialdi honek –2008ko “finantza-krisiarekin” lehertu zena– normaltasun hartara itzultzeko irrika baino ez du hauspotu gehiengoengan. Dena bihurtu da zilegi hara eramango gaituen promesaren aitzakian baldin bada, nondik eta gorputzetan muineraino txertatua dugun gaitz ohartezin bezain ubikuoaren ikaraz.
Kapitalismoa posible egiten duten desjabetze eta akumulazio prozesua bere muga materialetara iritsi denean, desjabetze hori geure muin intimoenetan zein oldarrez barneratu den seinalatzen ari zaigu egunotan. Artean, harrapatuta gaude XIX. mendeko erromantikoek irudikatu zituzten amets ilustratuetan: bere garaiko irudimena paradisu sozial, industrial eta moralekin bete zuten. Etika eta politika bereizi nahi izan zituzten, eta hori zientziarekin bildu. Historia etorkizuneko testu gisa irakur zitekeela uste izan zuten, eta biologiaren eta fisikaren kodeetan esplikatu zuten. Nia biderkatzeko eta bereizteko teknologiak sortu zituzten. Transzendentziaren printzipioa ere esperientzia profano bihurtzen saiatu ziren. Liluragarria zen haien egitasmoa, baina ondoren etorri ziren obrei erreparatzen badiegu, urruntzen ari den irudi bat ikusten dugu ispiluan. Harritzen gaitu haien xalotasunak.
XX. mendeak dena azeleratu zuen, eta denok besarkatu genuen Historiak helburu bat zuen ustea. Ortodoxia guztiak armatu eta gotortu ziren Historiaren beraren amaiera ekarriko zuen Azken Borrokarako: klaserik gabeko Komunismoa ala Merkatu Liberalaren gatazkarik gabeko paradisua. Europako gerren osteko matxinada antiautoritarioen muinean bikoiztasun horren atzean dagoen ilusioarekin amaitzeko ahalegina zegoen, agian, progresoaren mitoarekin behingoz amaitzeko, alegia. Baina azken mendeetan garaitu diren indarrek jarraitzen dute beren teman, eta nahiago hondamendia inertzia guztiak gelditzea baino.
Produkzioaren eta hipermugikortasunaren oinarri ekonomiko eta estatalek gero eta ageriago jo behar dute gerrara, “salbatu behar duten” jendearen suntsiketa fisikora. Gero eta leku gehiagotan hondoratzen ari da Estatuaren zilegitasuna gizartearen erdigune gisa. Estatuaren zentralitatea galtzeak eta merkatuko metafisikaren garaitzeak dakarkiguna da botereen feudalizazioa eta teknofaxismoaren nahasketa beldurgarria.
Azken hamarkadetako feminismoak, ekologismoak, indigenismoak edo identitate ezberdinen aldarrikapenak zapalkuntzaren aurpegi anitzen aurreko erreakzio gisa sortu eta hazi baziren ere, ezin esan dagoeneko horretara mugatzen direnik. Horietako bakoitzarengan ordena material eta sinboliko osoa jartzen da, egun, zalantzan; baina dena da ziurgabetasuna etorkizun hurbilari buruz.
Gorago aipatu dudan 78ko poema hark segida hauxe zuen: “begira ezan begere / oinazearen urek landa hura ere estaltzen dinate / aldare oro erori den erore / belaunaldiak lore beltzez katiatuz / birkatiatuz lore beltzez eta iltzez lore”. Ez zait iruditzen gaurkotasuna galdu duenik.
+++++++++++
HITZOSTEA. Ideologia zer den, Mikel Antzaren lezio magistrala[26]
Askotan erabiltzen da irudia: “arrainak ez daki ura zer den…, ez bada bertatik erauzi eta agonian”. Bere bizitza posible egiten duen medioarekin hain identifikatua egonda, arrainak ez du beste mediorik existitzen denik ere planteatzeko gaitasunik –beharrik–. Uraz kanpoko duen esperientzia bakarra heriotza da. Giza jendeak, aldiz, badu bere medioaz galderak egiteko gaitasuna. Eta galdera horiei erantzunez, hain zuzen, jakin dugu geu ere ebolutiboki itsas kumeak garela; ulertu dugu orain milioika urte itsasoan bizi zen norbaitek lortu zuela bere arnas funtzioa lehorrera egokitzea, eta hortik sortu zirela narrastiak, hegaztiak…, eta baita ugaztunak ere, geure hurbileko aurrekariak. Baina kontakizun hau oso modernoa da. Darwin aurretik –eta baita gerora ere– beste esplikazio batzuk lehenetsi ditugu nor garen azaltzeko: nondik sortuak garen, zein den gure medioa… Esplikazio mitiko zurrunenek –modernoek gure “erlijioekin” lotu ditugunek– aberraziotzat jotzen dute gure eta abereen arteko lotura zuzena, gure eta haien arteko etena nabariegia delako. Nola esplikatu giza kontzientzia, denboraz eta heriotzaz jabearazten gaituena? Nola esplikatu giza sorkuntza guztiak: zibilizazio guztien eraikuntzak, hizkuntzak, artea, eta neurriz kanpoko krudelkeria, etengabe eragiten dugun oinaze gratuitoa… “Ez!”, diote batzuek eta besteek, “ustekeria da pentsatzea arrainak baino askoz gehiago ez garenik”, baina zentzu oso desberdinetan interpretatzen dute auzia. Apenas jabetzen gara, modernoenak ere, geure mediotik aparteko beste aukerez, eta, jabetzen garen heinean, arrainak bezala, heriotzarekin identifikatzen ditugu.
Salto handiegia bada ere, esan genezake ideologia dela gure ur/medio propioari eman ahal diogun izenetako bat: bere baitan bizirik sentitzen gara; handik at, galduta, hiltzeko arriskuan. Egunero eta etengabe elikatzen dugu kontzientzia hori, handik kanpo desegitearen arrisku bizia sumatzen dugulako. Eromena litzateke, suntsiketa. Eta tentsio hori eramatea gogorregia denez, ukatu egiten dugu, ahaztu bederen, harik eta bizitzaren alde traumatikoak –heriotzak, bortxazko talkak…– kolpatzen gaituen arte. Dolua kolpe horietatik ateratzeko prozesua da; ukaziotik, amorrutik, depresiotik irten, eta berriro errealitatearekin negoziazio batean sartuz, bizitza bizigarri bilakatzeko martxan jarri behar dugun sendabidea.
Uste dut gerra bat deklaratzen dutenak –bortxaz eta odolez ari naiz, eta gerra horiek izan litezke intimoak nahiz kolektiboak– apenas jabetzen direla zer tamainatako urratsa ematen ari diren, zer-nolako amildegia zeharkatzen. Gerrak berak erakutsiko die hori; erakutsiko die norbaiti bizia kentzea edozein inozentzia posibleren amaiera dela, horrek ez duela bueltarik, odola odolarekin baino ez dela berdintzen. Harrigarriki argigarria da zentzu honetan Kain eta Abelen istorioa; istorio arrunta, bestalde: artzain nomaden eta nekazari sedentarioen arteko ezinikusia islatzen duena; anaien arteko gerra –“gerra guztiak dira gerra zibilak”–, eta abar. Gakoa, baina, Kainen azken erantzun-galderan dago. Kontzientzia ahalguztidunak parrizidioa aurpegiratzen dionean, hauxe botatzen du Kainek: “Anaiaren zaintzaile ote naiz, bada, ni?”[27]. Galdera horretan laburbiltzen da egindakoaren ondorio naturala den maldiziotik ateratzeko eldarnio guztia: “Zer egin duk? Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak. Horregatik, madarikatu egiten hau hik isuritako odola edan duen lurrak. Lurra landuko duk, baina ez dik fruiturik emango; noraezean ibiliko haiz munduan”[28]. Denok gara Kainen oinordeko.
Baina gerrak amaitzen direla sinistu nahi genuke. Ulises itzultzen dela Ithakara, Troiako sarraskiaren eta Odisearen ondoren. Eta bertan, Penelope zintzoak, Penelope fidelak hartuko duela bere beso artean, gizonaren lekua usurpatu nahi izan zuten guztiak akabatu ondoren. “Aukera daukagu gauzak konpontzeko. Zer prezio ordaindu behar da konponketa horretarako? Norbaitek hitz egin nahiko balu, eta gauzak planteatu…” amaitzen du Antza harro baina, funtsean, etsi batek bere elkarrizketa. Emaztea kartzelan zahartzea, elkarrekin izan duten semea amarik gabe bizitzea latzegia da, inondik ere.
Ideologia da indarrean dagoen pentsamendu hegemonikoa –botereak ezarri eta egunero azenarioz eta makilaz sostengatzen duena–, guztiok zentzu komuntzat har dezagun maila guztietan hedatzen den dispositiboa. Ideologiak gure bizitzaren alderdi guztiak blaitzen ditu, egoera intimoenetatik publikoenetara. Egun indarrean dagoena historian garatu den sofistikatuena da, emandakoaz beste ezer ez dela posible behin eta berriz eta modu sotilenetan mailukatzen diguna. “Ez dago alternatibarik” pontifikatu zuen burdinazko damak 80ko hamarkadan, eta “amen” erantzun Toni Blairrek hirugarren bideko laboristen buruak.
Ezin da ideologiatik at iraun. Ideologia ez da pentsamendu kode soila –liberala, kontserbadorea, marxista, patriarkala, feminista, abertzalea, kosmopolita…–. Kode horiek ideologia nagusiaren alde edo kontra erabiltzen diren tresnak dira, mundua ulertzeko lanabes; haien bitartez bilatzen ditugu oinarriak gure posizio pertsonal nahiz sozialei eusteko, baina baita koartadak eta aitzakiak ere, pentsamenduaren eta existentziaren hutsunearen edo zentzugabetasunaren aurrean gure txikitasunetik edo hutsaltasunetik –ezintasunetik, ezjakintasunetik, bekaizkeriatik, harrokeriatik, konplexu nahiz miserietatik– ahalik eta duinen irauteko. Zaila da norberarengan hauspotzen diren mekanismo horiek antzematea, askoz ere errazagoa besteengan –etsaiarengan batez ere– ikusi eta salatzea. Baina, nor da libro zurruntze patetiko horietatik?; nor da gai artaldea utzi, eta bakardadeko bortuetara joanda –ez etxe, ez lur– ekaitz ala zohardiari eusteko?
Ideologia zenbat eta hobeto landua egon, orduan eta begi-bistakoagoa, zentzuzkoagoa, naturalagoa egiten zaigu. Eta horren adibide argia da Mikel Antza. Berak ezagutzen ditu fikzioaren arauak; badaki zerk “funtzionatzen duen” eta zerk ez narrazioan. Non egin behar den elipsia eta non detaile hunkigarria sartu; nola kudeatu sentimenduak eta sinpatiak irakurleengan. Harenak ez dirudi katixima, pentsamendu patxadatsu eta sakona baizik; ideologiaren sotiltasunak ez du mugarik. Halako kasuetan, alabaina, nahikoa izaten da baieztatzen dena ukatzea eta ukatzen dena baieztatzea, besterik gabe, ideologiaren geruza desegin dadin. Horixe pentsatu dut aipatu elkarrizketan kazetariek aukeratu duten titularra irakurritakoan −“Liburu hau ez da errelatoaren batailarako munizioa”−, nabarmenkeria apur batez honela itzul daitekeena: “Liburu hau ez da errelatoaren batailarako munizioa baizik”. Baina, nola “munizioa”, bakea desiratzen eta aldarrikatzen ari den Antzaren ahoan?
“Idazketa prozesuan asko dago kenduta, editoreari esker. Tonu mikatz, garratz, aldarrikatzaile batetik idatzi nuena rebajatua dago, ez politikotik baizik eta pertsonaletik. Esaldi pare batean oraindik ere gehixeago rebajatuko nuke. Inprentara bidali aurreko azken frogetan, «esaldi honek ez du ezer onik ekarriko eta norbait minduko da» gisakoak pentsatuz kentzen ibili nintzen. Ez nuen hori sortu nahi. Halere, ez dut gorde esan nahi nuenik, hau da idatzi nahi nuen liburua, nahi nuen forman. Baina badago gauza asko esan ezin direnak, eta bai, arroz urez, lerro artean, mezu batzuk ere badaude irakurle desberdinentzat”[29].
Esan bezala, Antzak ezagutzen du ofizioa, eta ohi baino sotilagoa da. Jarrai dezagun aurreko jokoarekin (irakurleak egin dezala iraulketa):
Galdera: “Renato Curciok horrela laburbildu zuen Italiako bere belaunaldiaren ekarpena: «Beharbada dogmatikoegia, baina izugarri eskuzabala». Bere esaldiak Euskal Herrirako balio dizu?”
Antza: “Nik neuk ez dut ezagutu erakunde dogmatikorik”.
Eta hori dio Oldartzen ponentziaren arduradun batek. Arraina eta ura, alegia. Berak uste du “barne hausnarketa egin behar dela, hitz egin behar dela, ez etsaiaren egiari aurre egiteko, gure interes propioz baizik”. Ispilu jokorik ez, beraz:
“Gatazka armatu batetik ateratzen ari gara –beno, parte batek utzi du nahiz eta besteak jarraitzen duen–, eta hori bukatu ahala orain ematen du sartu behar garela errelatoaren batailan, badirudi horretara garamatzatela. Ni pertsonalki horren aurka nago erabat. Egin genezakeen akatsa dela uste dut. Euskal Herrian, gizartean ez dut ikusten errelato bati beste bat kontra-jartzeko beharra. Orain Patria atera da eta guk Anti-Patria egingo dugu; orain atera da telesail bat eta guk komikitxo bat egingo dugu… Guretik eta guretzat idazteko beharra ikusten dut, nik hortik egin dut. Barne hausnarketa egin behar dugu, bai, hitz egin behar dugu, baina ez besteek esaten dutenaren arabera. Idaztean, oso ezberdina izango da jarrera, gezurrean eta manipulazioan oinarritutako kaka zalantzan jartzeko istorio bat eraiki behar badut, eta nik “egia” atera behar badut, ez guri interesatzen zaigulako, baizik eta horri aurre egiteko. Horrek kateatu egiten gaitu berriro ere askatu nahi dugun horretatik. Haientzat idazten jarri behar gara, gaztelaniaz egin behar dugu beraz eta abar… ez dago errelatoaren batailarik, edo nik behintzat ez dut batere interesik horretan”.
Eta fair play apur bat eskatzen digu, Askatasunaren Egun Handira arte. Autokritika eta gorazarrea txanpon beraren aldeak direlakoan:
“Bakoitzak bere bizipenak ditu: Beltza-k bereak ditu, Bikila-k bereak, Gorrindok bereak, baina fair play pixka batekin arituz gero, guztiok jabetu beharko genuke Castellsek dioenaz [«Ez dago askatasunik ETAri buruz hitz egiteko»]. Badagoela komunitate bat, Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duen jendeak osatua, eta hitza debekatua dutela. Lehen ekintza bat egiteak ondorio juridiko eta penalak zituen; gaur egun hitzarekin ibili behar da kontu handiz. Horrek niri ezerosotasuna sortzen dit. Hau da, zuk esan dezakezu nahi duzuna, baina nik ezin dut esan «hori ez da horrela» edo «nik hau horrela ikusten dut». Zergatik? Ez gaudelako askatasunean”. […]
“Autokritikarena [gorazarre beharrarekin] batera doa. Berriro esango dut, baldintzak baldin baleude hitz egiteko, autokritika horren helburua zein den argituko balitz… beste kontu bat litzateke. Torturatu ninduzula autokritikatu behar zara? Hori baino, nik nahi dut jakin zergatik torturatu ninduzun. Ziur sadikoa zinela, baina horrez gain, zergatik torturatu ninduzun? Hori da helburua, jakin behar duguna. Nik badakit zergatik borrokatu dudan, zergatik egin zituen erakunde horrek egin zituenak, ongi, gaizki… Zuk zergatik borrokatu duzun, hori da azaldu beharko zenigukeena. Zergatik”.
Eta fair play hori zer den zehaztuz, ez dezagun hitz egin norberaren arduraz eta erabakiez (“guztiak erabaki eta ekintza kolektiboak zirenez”), bai ordea kontu pertsonalez:
“Oso liburu pertsonala da. Nik pertsonalki askoz gauza gehiago esan nitzake gure herrian gertatu edo gertatzen diren gaiei buruz, baina ni nor naiz hori esateko? Nik ezin dut hitz egin talde baten izenean, kolektibo baten izenean; niretik bai, baina niretik ere, puntu bateraino, horrek eraginak dituelako, ez juridiko edo penalak, baizik eta pertsonalak jendearekiko harremanetan, minetan eta bizipenetan”.
Antza ideologoak, Antza historiagileak egia jakin nahi duela dio, baina haren diskurtso osoa ondo baino hobeto dakienaren leku batetik egina da. Halere, Beltzaren kasuan bezala, kasuistikara eramaten gaitu hori guztia esplikatzerakoan, ez kritika politiko bat egiteko, baizik eta ulertzeko. “Maila pertsonaletik”, betiere…
“Arjelgo prozesua pasa ostean, garai hartan 10 urte zituzten militante gazteekin hitz egiten genuen [1980an jaioak edo] eta ez zekiten zer zen. Borroka bat bazegoen ordea, azalpenak ematen zituena. Nire kezka hori da, transmisioa –ez politikan jarraitzeko, baizik eta ulertzeko– non gauden, zergatik gauden, zer gertatu den, ez balioesteko edo txalotzeko egina, baizik eta jakiteko zer den gertatu dena. Hemen berriro itzultzen gara lehenagoko kontura: ezin denez hitz egin, ezin denez horretaz argi transmititu, nire kezka da ea ez ote garen isiltzen ari. «Ez zen gertatu behar», diote batzuek, edo «Ni ez nago ados». Ya… baina gertatu zen, beraz, jakin dezagun zer gertatu den eta zergatik. Zerk eraman gaitu egoera honetara? Nire ustez, hori da egin beharreko ariketa. Ulertu egin behar da, ados egon edo ez; hori bigarren mailan dago. Ni liburuan saiatu naiz atal pertsonalera eramaten, nire prozesu pertsonala kontatzen. Nola sartu nintzen erakunde horretan eta abar”.
Bestalde, behin eta berriz zer esan litekeen eta zer ez markatzen duenak oso iritzi bitxia du historiaren une erabakigarriez eta bertan parte hartu zutenen engainamenduaz, “hausnarketa filosofiko edo politiko gisa” erabiltzen baditu ere gogoetok. Eta gerra baten erdian dagoen ideologo eta estratega militar batek planteatzen duen galdera da “Zergatik torturatzen du torturatzaileak?”, edo “Hipotesi bezala jar liteke: torturaren arma erabili ez balute, non geundeke herri bezala?”
“Bertolt Brechtek badu asko erabiltzen den poema bat: «Badira pertsonak borroka egiten dutenak egun batez, eta horiek onak dira. Badira pertsonak borroka egiten dutenak urtebetez, eta horiek oso onak dira. Eta badira pertsonak bizitza guztian zehar egiten dutenak borroka, eta horiek dira ezinbestekoak». Horren aurka nago guztiz. Nik uste dut ezinbestekoak egun batez borroka egiten duten horiek guztiak direla. Egun batez batek, bestean beste batek, eta hurrengoan beste batek… Bestela ezin da azaldu, nola heldu garen hona. Bizitza guztian zehar borroka egiten dutenak oso gutxi dira, eta horiekin ezin da asko egin… Epikaren eremuan uste dut gehiago jo behar dugula horra… inportantea gara denak, eta ez gutxi batzuk”. [jarri ezazu, hemen ere, bai, ez esaten den lekuan eta gutxi batzuk, denak esaten den lekuan, eta alderantziz] […]
…Hausnarketa filosofiko edo politiko gisa darabilt hori. Historia da dena, baina historiak baditu guztiz alda dezaketen bidegurutzeak. Burgosko Auzia horrelakoa izan zen bere osagai guztiekin. Baina bazituen historia guztiz aldatuko zuketen irteera batzuk. Oso desberdina izango zen kasete batean Mario Onaindiaren ahotsa entzun beharrean, espetxetik ihes egin [Botila operazioa] eta Parisen aurpegia emanez prentsaurreko batean ikustea 16 auziperatuak. Historia guztiz izango zen bestelakoa ihesaldi hori aurrera atera izan balitz. Azterketa politikoa eginez, hori zen ekimenetan erabakigarriena”.
FANTASIA LITERARIO BAT
Literato denez, jite nobelistikoa eman nahi izan dio Antzak errelatoaren gerra (ez) den bere ekarpenari. Eta autofikzioa sasoi onean dagoenez, bere bizitzaren pasarteetan apaindu edo estali nahi izan du bere komisario lana. Familiarekin hasi eta familiarekin amaitu:
Galdera: “Liburuan Marixol Iparragirreren historia ere kontatzen duzu, nola hil zuten orduan bere bikotea zena, nola torturatu zuten bere familia osoa…”
Antza: “Marixol Iparragirre ETAren desagertze agiria irakurri zuten pertsonetako bat da. Liburuari hasiera gurasoekin ematen diot eta amaiera, Marixolekin. Harreman pertsonal bat dudanez, iruditzen zitzaidan bazegoela hor liburuari forma ematen zion zerbait”.
Nire aldetik ere, fantasia literario batez amaitu nahi nuke hitzoste hau, apur bat Bernhard Schlink-en 2008ko Das Wochenende eleberria gogoan[30], hemendik urte batzuetara gerta zitekeen fabulazio batekin: imajina dezagun Antzaren semea eta Txelisena, helduak dagoeneko, Europako edo AEBetako hiri batean elkartzen direla Yoyesen semearekin. Euskal Herritik urruti dira, baina ezin dute gainetik kendu gurasoengandik jasotako zorraren zama, eta haien historia ulertu nahian, gau oso bat igarotzen dute elkarrekin, edo asteburu bat; Odisea idatzi nahiko lukete Telemakoren ikuspuntutik.
[1] « Si la logique de la fausse conscience ne peut se connaître elle-même véridiquement, la recherche de la vérité critique sur le spectacle doit aussi être une critique vraie. Il lui faut lutter pratiquement parmi les ennemis irréconciliables du spectacle, et admettre d’être absente là où ils sont absents. Ce sont les lois de la pensée dominante, le point de vue exclusif de l’actualité, que reconnaît la volonté abstraite de l’efficacité immédiate, quand elle se jette vers les compromissions du réformisme ou de l’action commune de débris pseudo-révolutionnaires. Par là le délire s’est reconstitué dans la position même qui prétend le combattre. Au contraire, la critique qui va au-delà du spectacle doit savoir attendre ».
[2]Xabier Letonak 2021eko martxoaren 28an ARGIAn argitaratutako elkarrizketaz (LARRUN 261) baliatuko naiz besterik adierazten ez dudan guztietan.
[3]Modu honetan esplikatzen du: “Ezin dut ukatu, nik ere baditut nire helburuak, eta emaitza baldintzatuta dago nire historia pertsonalera eta nire ideietara. Nirea ez da Boliko Dorretik egiten den historia, historia inplikatua da. Baina, hori esanda, irakurleari eskaini diot aipatu material guztia, ikuspegi kritikoz jantzia, zer den zer esanez, hark bere irakurketa egiteko gaitasuna izan dezan”.
[4]Clausewitzek arnas handiko enpresa politikotzat zuen gerra, horrek dakarren basakeria odoltsuen jakitun. Horregatik, uste zuen nazio batek baliabide guztiak jarri behar dituela gerraren zerbitzura, gerran sartzea erabakiz gero. Eta uste zuen gerra, behin hasiz gero, ez dela gelditu behar ahalik eta etsaia desarmatu eta akabatu arte: «Gerra, aurkaria gure borondateari men egin diezaion behartzeko egiten den indar-ekintza da».
[5]Argigarria da, zentzu honetan, GALen parte hartu zuen Paulo de Figueiredo mertzenarioaren kontakizuna, Salomé Lamasek Terra de ninguém filmean maisuki jasoa. PSOEren gobernuak kontratatu aurretik, Portugalek Afrikako kolonietan egindako gerran
eta, ondoren, El Salvadorren, CIAk kontratatua, argi uzten du berdin tiro egiten zutela han alde bateko eta besteko soldaduen kontra, nahiz zibilen kontra, hori komeni bazitzaion ordaintzen zuen nagusiari. “Gerra gerra da” dio, “eta norbaitek egin behar du lan zikina”. (Gaztelaniaz, irakur liteke Las guerras secretas de Paulo de Figueiredo, 2018ko Jónatham Moricheren artikulua, eta pelikula filminen).
[6]Xaloa telebistari 2019an emandako elkarrizketa eta 7Kn eginikoa.
[7]Gai honi ez bazaio behar bezala heltzen ezingo da ulertu alde horiek une bakoitzean izan dituzten jarrerak, haien arteko enkontruak, talkak edo elkarrizketak gertatu direnean (Xibertan, Aljerian, Lizarra-Garazin edo Norvegian izandakoak, esaterako). Horregatik dira xalo eta ameskeria “ai! euskaldun guztiak elkartuko bagina!” bezalako aldarri eta hasperenak (Lizarrako akordioaren oroiminez edo ETAren osteko “denon arteko errelato adostu bat” amestuz), hala nola Estatu baten soberaniaren baldintzapean jartzea edozein morrontza mailatik askatzeko bidea. Barne errepresiorako ez bada, XIX. mendeko Estatu-Nazioaren soberania aspaldian erauzia eta desagertu izan da (eta ez naiz ari EAJak bere europeismoa eta neoliberalismoa justifikatzeko erabiltzen dituen argudioei buruz). “Azken batean, Estatuak identitate-aldarrikapen guztiak onar ditzake (Estatuaren eta terrorismoaren arteko harremanen historia modernoa horren baieztapen adierazgarria da), baita Estatu-identitate berezi bat ere bere baitan. Baina identitate bat aldarrikatu gabe komunitate bat osatzea, non emakume-gizon batzuek kidetasun-harreman konpartitua ezarriko luketen aldez aurretik ordezka daitekeen partekidetasun-baldintzarik gabekoa –kidetasun hori nazionala izan, klasekoa izan, nahiz erlijiosoa ala beste nolanahiko pertenentzia identitarioari atxikiturikoa– onartezina izango da edozein Estaturentzat” (Giorgio Agamben 2016, Glosas marginales a los “Comentarios sobre la sociedad del espectáculo”).
[8] Umekeria da pentsatzea1995ean Herri Batasunak ETArekiko autonomia zuela eztabaida hori modu askean aurrera eramateko; autonomia horren zantzuak antzeman zirenean, berehala etorri zen militarren erantzuna (Gregorio Ordoñezen hilketarekin, PPko zinegotzia Donostian) erabaki zuzena zein zen argi uzteko. Olartzen ponentziaren aurka eta Iratzaren alde zeudenak, erretiratu behar izan zuten, ohi moduan, “likidazionismoaren” salaketapean.
[9] Orduan gauzak nola ziren ulertzeko, ez da anekdotikoa Bëihl Zuberoako bere parrokiaren behe barrutik ihes egin, eta herriko ostatura jo zuenekoa: “Bahitu naute eta telefono bat behar dut” esplikatu omen zuen. Tabernako parrokianoek komandoko bahitzaileen utzikeria konpondu, eta kontsula zegokion zulora berriz eramateko modua egin zuten. Istorio hori sinistu ere ez genuke egingo, baldin eta lekukoen testigantzak sinesgarriak ez balira.
[10] Joxe Iriarte Bikilak, orduko ETAko buruzagiak, hitz gutxitan laburbildu du egoera: “…bi milioi pezeta-edo lortu genituen. Garai hartan indar errepresiboek langile bat hil zuten Granadan, eta guk esan genuen haren familiari diru kopuru bat emango geniola. Horrek lehen istilua ekarri zigun [Juan Jose] Etxaberekin: gure aurkako salaketa egin zuen esanez erresistentziaren diru kopuru bat eman behar geniela espainiarrei. Gure aurka bildu zen nahiko fronte bitxia: Txillardegiren sozialdemokratak, Beltza [Emilio Lopez Adan] anarkista eta etxabetar militaristak. Madariaga ere hor zegoen” (Eman Zesarri Zesarrena : biolentziaren inguruko “errelatoaz” zenbait burutazio liburuaren harira Xabier Letonak Argiarako egindako elkarrizketan).
[11] Esanguratsua da Burgosko epaiketan parte hartu zuen Pedro Ibarra abokatuak bere memoria liburuan osatutako 4.000 inguru bizkaitar erresistenteen zerrenda (izen-abizenak eta ofizioak zehaztuz), «Frankismoaren kontra ez ziren soilki lau katu borrokatu» azpimarratu beharraren beharraz.
[12]Urrezko horda (1968-1977). Olatu iraultzaile eta sortzaile, politiko eta existentzial handia (frantsesezko eta gaztelaniazko bertsioak argitaratu dira).
[13]Italie : Comprendre le soulèvement des années 1970. Oreste Scalzone contre la montre (“Italia: 70etako altxamendua ulertu. Oreste Scalzone erlojuaren aurka”). Aski ezaguna den Erri De Luca idazlearen fikzio lan askotan ere ondo islatzen da garai hura, barrutik ezagutu eta bizi izan baitzuen esperientzia hura.
[14] Ñabardura asko egin litezke horren inguruan, baina, funtsean, mugimenduan zegoen edozeinek onartuko du hori gertatu zela. Batzuk (maoistak bereziki, orduko MCE, ORT, PTE, BR…) hain ziren sektarioak eta egoera irakurtzeko ezgai, ezerezean geratu ziren denbora laburrean (merezi du orduko PSUC-PCEko Pere Portabellak 1977an egindako Informe general dokumentala ikustea, eta bertan, gela batean elkartuta, agertzen diren MCEko, ORTko eta PTEko buru gorenen diskurtsoak entzutea: “Greba Orokor Iraultzailea” egun batetik bestera deitzekotan ziren. Bestalde, esanguratsua da lan horretan euskaldunez ematen den irudia). Besteak, hain sektarioak ez zirenak eta, neurri batean, buru argiagoak (troskistak, kontsejistak; LCR, OICE…), bazterrean eta indargabetuta geratu ziren. Autonomoak bezala.
[15] Eta hor dago Antxon López Ruiz Kubatiren hautu publikoa, ildo gogorrekoa eta azken urteotan Sorturen preso-ohien bozeramale moduan ibili dena. Gauzak bere testuinguruan jartzeko, argigarria da egunotan irakurtzea Kubatik 1991n kartzelatik idatzitako artikulua “El aspecto humano del militante” izenekoa (Hamar liburukitan ETAren hasieratik 1997arte dokumentatzen duena, Aise eta Txalaparta editorialek argitaratua, Iñaki Egañak eta Luis Nuñezek zuzendutako Euskadi eta askatasuna / Euskal herria y la libertad, obra erraldoiko 8.ean).
[16] ETAn militatu duten aita-seme zenbait izan badira ere, askoz ere ugariagoak izan dira militanteen artean, baina bereziki abokatu, politikari eta ideologoen artean, beren seme-alabak troparen zeregin zikin eta arriskutsuetatik ondo babestu dituztenak.
[17] 60ko eta 70eko militanteek zituzten irakurketa bakanen artean, bi gailendu ziren: Frantz Fanon-en 1961eko Les Damnés de la Terre, 1961, (gaztelaniaz Los condenados de la tierra) eta Federico Krutwig-en Vasconia delirantea.
[18]Joseba Zulaikaren ETAren hautsa 2006ko liburuan, orduko “ETAren Liburu zuriaz” informazio argigarria ematen da.
[19] “Hiru talde atera ziren VI. Biltzarretik [1970eko abuztua]: batetik gu, gehienak borroka armatuarekin jarraitzeko asmoarekin eta militanteen gehiengoarekin; bestetik, Eskubi eta horiek; eta bestetik, Etxabetarrak, talde txikia baina jende onarekin” dio Joxe Iriarte Bikilak orain gutxiko elkarrizketan. Zer esan nahi da “jende onarekin”? “Bihotz handikoak eta ausartak” zirela; bizitza emateko prest? Finean, balorazio moral eskasetan irristatzeko arrisku handia erakusten dute esaldi horiek: hautu politiko bat egiterakoan zintzoak ala gaiztoak garen baloratu behar al da? Hor zabaltzen zaio atea Stockholm sindromeari, balorazio moral sentimentalek ordezkatzen dutenean azterketa politikoa.
Bikilak, hau irakurrita, zehaztu dit: “Etxabetarren taldeaz jende onarekin katalogatzen dudanean, ez naiz ari arlo moralaz (zintzoak ala gaiztoak) baizik beren aktibista kalitateaz, alegia ekintzak gaitasun handiko jendeaz.. Adibidez, Behil kontsula bahitzeko kapazak. Eustakio Mendizabal zuten buru. Elkarrizketa laburtu egin zen ediziorako eta xehetasun asko kanpoan geratu ziren”. Hori onartuta ere, esanguratsua da kazetariak ez duela ñabardura hau egiteko beharrik sumatzen, eta denok ulertzen dugula –nik bai, behintzat– zentzu moral batean. Ideologiaren pisua.
[20]Ez dut honekin sasi-soziologia edo psikologia merkea egin nahi. Badakit jarrera errendituak kontrakoak pizteko gai direla; badakit ETAn sartutako zenbait gazte familia frankistetatik zetozela, edo inongo kontzientzia politikorik gabekoetatik.
[21]Etiopia, 1978.
[22]Xaloa telebistari 2019an eskainitako elkarrizketa
[23] Argia, 2021eko apirilaren 25a.
[24] ETAren historian ez dira gutxi izan damuaren ordeko konbertsoak. Azken boladan gehien nabarmendu direnen artean ditugu Txelis eta Mikel Azurmendi –nahiz eta azken honek konbertsioz konbertsio pasa duen bizitza osoa.
[25]Indarkeria eta denbora galdua: ongi etorri normaltasunaren basamortura! Argia, 2017-08-09.
[26]Artikulu hau amaituta nuenean argitaratu du Argia astekariak Mikel Antzari eginiko elkarrizketa, tratatu ditudan gaien inguruan lezio magistraltzat har litekeena.
[27] Genesia 4,9.
[28] Genesia 4, 10-12.
[29] Hau eta gainontzeko aipuak esandako elkarrizketatik jasoak dira. Etzanak, nireak.
[30]Frantsesez urte berean argitaratu zen Le Week-end; gaztelaniaz 2011n El fin de semana. Larriki gaixorik dagoen RAF erakundearen azken presoa askatzen dute, eta bere gaztetako lagunek ongi etorri bat prestatzen diote asteburu oso batez landetxe batean.