INDIGENAK, KOLONOAK, MISIOLARIAK (2019ko uda Ekuadorren)

PDFPRINT

(“Indigenen olatu berria” izenburupean ARGIAn argitaratutako artikulua: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2667/indigenen-olatu-berria)

Kontinente bat zabalegia da edonorentzat, lur osoaren dimentsioa izan baitu beti. Lur horretatik harago zabaltzen dira ozeanoak eta zeruak, eta infinituaren nahiz transzendentzia ororen sinboloa den ortzi-muga. Baina Amerika –Abya Yala, bertako jatorrizko herrientzat– ez da kontinente soila. Asiarekin batera zabalena izateaz gain, munduaren ipar-hegoa guztiz zeharkatzen duen bakarra ere bada –imajinatu Europa osoa eta Afrika, bat eginik.

Unibertso horretan Ekuadorrek leku berezia bete lezake, ez soilik munduaren “gerrian” kokatua delako, baita ere ipar-hego tentsio- eta dispertsio-gune gisa ere uler dezakegulako. Estatu amerikarren independentzien garaian “Kolonbia handiaren” parte izatera bultzatu zuten batzuk, eta Peruren parte bihurtzera besteek honekin azken gerra 1995an amaitu zen–. Aldamenekoen ondoan “txikia”, kontraste handiak gordetzen ditu alde guztietatik: Andeetako herriak, Amazoniako eta kostako kulturak; desertua eta oihana, hiru mila metrotik gorako hiriak eta itsas tropikalak; jatorri guztietako jendartea eta, bate ere, jatorrizko herriak, indigenak, populazioaren zati nabarmena eta, batez ere, egituratuena, sozialki indartsuena.

Ez da ohikoa hango berriak jasotzea munduaren alde honetan, baina joan den urriko herri-altxamenduak normalean kontuan hartzen ez ditugun zantzuz beteta heldu zaizkigu. Horra zantzu horietan arakatzeko zenbait arrasto.

Pentsatzen jarrita –hilabetea da Ameriketatik itzuli nintzenetik–, kontinente bat, edozein dela eta, handiegia, zabalegia, besarkaezina da edonorentzat, lur osoaren dimentsioa izan baitu beti. Lur horretatik harago zabaltzen dira ozeanoak eta zeruak, eta infinituaren nahiz transzendentzia ororen sinboloa den ortzi-muga.

Hilabetetik gora behar izaten zuten garai bateko itsasontziek Europatik Ameriketara heltzeko; denbora luze bat baliabide murritzekin, neurriz kanpoko sakoneko, indarreko eta apetazko bitarteko bat zeharkatzeko: ozeanoa. Ulertzekoa zen, beraz, orain 500, 400, 200 urte onik ailegatzen zirenak, beren buruak lur berrira bota eta Jainkoaren faborea eskertuz, haren misterioaren edo ikaragarriaren azpian, ezer-gutxi sentitzea.

Asko aldatu da pertzepzio hori Madrilen edo Parisen hegazkina hartu eta, ordu batzuen bueltan –egun oso bat ere ez–, New York edo Buenos Aireseko aireportuan lurreratzen denarentzat. Baina gorputzak sumatzen du desplazamendu bortitz horren golpea; jet lag deitu eta ordu-aldaketari egozten diogu, saihestezinezko eragozpen txikia bailitzan –buruko mina, gorpuzkera arraroa…–. Ez gara indio haien modukoak; espedizio bateko lanabesak mendian gora garraiatzeko kontratatuak izan eta hirugarren egunerako lurrean eseri eta geldirik eta isilik geratu zirenak bi egun osoz. Alferrik izan omen ziren erreguak eta mehatxuak. Denbora hura pasa ondoren altxatu eta segitu omen zuten, ugazaba zuriei inongo eskaririk egin edo esplikaziorik eman gabe. Gerora jakin zuten haiek arrazoia: “Azkarregi ibiliak ginen. Horregatik itxoin behar izan genuen geure arimek guregana iritsi zitezen”.

Gauza guztiok jakinda baina pentsatu gabe abiatu nintzen hiru hilabetez Ameriketara, lehen urratsean latituderik aldatu gabe, Madrildik New Yorkera. Eta bertan aste batzuk igaro ondoren jo nuen hegoaldera, Antilla txikietan bigarren egonaldia betez. Azkenik, Europatik urrun dagoeneko –baina hizkuntza europarretan, jatorri europarreko jendeaz inguraturik…– Ekuadorrera egin nuen jauzi. Amerika ez da kontinente soila. Asiarekin batera zabalena izateaz gain, munduaren ipar-hegoa guztiz zeharkatzen duen bakarra da –imajinatu Europa osoa eta Afrika bat eginik–. Horregatik diogu, agian, “Ameriketak”, pluralean.

Cuenca hiria (kartzela zaharra eta katedral berria, elkarren ondoan)

Jakina nuen eta pentsatu ere bai, oraingoan, kontinente aldaketa oro, denboran barrena egindako bidaia dela, aldi berean. Aldaketa gehiegi elkarren ondoan!: altitudez eta latitudez desplazatua (2.560 metroetako altueran zegoen hartuko ninduen Cuenca hiria, 300 bat kilometro ekuatore lerroaren azpian, tropikoan beraz); jatorri europarrekoak gutxiengoa ziren han eta, gure denboran bizituta ere –garaikideak ditugu guztiz, hori zitzaidan kezkagarriena– dagoeneko nirea ez zen denbora bateko inpresioz beteriko ingurune batean barneratzea behartzen ninduela sumatzen nuen lehen unetik. Turista kontzientziatuaren sindromeaz jota, gainera, debekatuak nizkion neure buruari hotelak ala lurralde bat ezagutzeko turisten zirkuituak. Cuencan nengoen, eta ez beste nonahi, hango lagun batek bere etxean hartuko ninduelako; eta ez nintzen handik mugituko, ez bazen bertako edonork egiten zituen bidai ohikoez gain. Hiri horretan paseatuz, bertako azoketan bazkalduz edo hango liburutegira edo antzokira hurbilduz, orain ehun edo berrehun urteko Europako girotik zerbait ukitzen nuela sumatzen nuen, baina hori ez zen errealitate garaikide baten alde bat baino. Hango parte zaharra, Gizateriaren Ondare Kulturala izendatua, kolonia garaiko arkitekturaz josia dago, baina garai bateko patioak, auto-aparkalekuak dira egun gehienak. Aldi berean, zapatariek, okinek, jostunek, abokatuek ala mekanikoek kale-mailan zabaltzen dituzte lantokiak eta, behin baino gehiagotan, bertan dute bizilekua, altura bakarreko edo biko eraikinetan. Aro digitala ailegatu izan ez balitz bezala, kale guztietan aurkitu litezkeen telefoniazko denda mordoek inpresio hori gezurtatuko ez baligute. Liburu- disko- eta DVD-dendak ere oso sarriak dira, baina ez ibili jatorrizko kopia baten bila, guztiak baitira saretik jaitsi berriak. Dolar baten truke aurkituko dituzu azken filmak. Dolar bat baita han salneurri unibertsala: dolar bat, hiru ahuakate eder; dolar bat koko-urezko botila, dolar bat eta erdi eguerdiko bazkaria… Liburu denda bat aurkitu nuen non liburuak ohiko bide komertzialari jarraitzen zioten; gainontzeko berrogei ala ehunetan liburuak fotokopiatuak ziren, itxura txukunekoak, halere.

Lehengo gonbidapenari jarraituz, fardelez inguratutako xaman batekin hartu nuen mendirako bidea, autobusez. Ez zuen, aitzitik, indio itxurarik gizon hark, baina prefektura hautatu berriak sustaturiko gazte topaketak izango zuen azken erritua zuzentzera zihoan. 2.500 metroko altuera zuen “behealdetik” 500 bat metro altuago zegoen mendialdera gindoazen, eta paisaia ere aldatuz zihoan: landa soroak eta belazeak, eukaliptoen plantazioekin tartekatzen ziren lehen mailetan. Gorago, ezezagunak zitzaizkidan espeziez beteriko oihan primarioa, baina baita etxolak eta baserriak; behiak ala zaldiak. Busa herrixka batean utzi eta jendea eta kargak garraiatzera dedikatzen ziren pick-ap auto-taxiekin tratutan sartu zen nire adiskidea. Haietako batean sartuta, berehala amaituko ziren errepide asfaltatuak eta, pare bat aldiz galdu ondoren, iritsi ginen gazteen topagunera, 100 metroetako ur-jauzi baten pean kokatua. Kazetariaren plantak eginez bilatu nuen haien bozeramaileetako bat, 200 bat izan zirela lau egunez elkartuak esplikatu zidana, Jibones ibarrekoak hartakoak gehienak, baina baita Cuenca hiriburukoak ere. Gibelean genuen ur-jauzi hura Kimsakotxatik zetorren inguru oso zabal baten ur emarien parajetik, eta topaketa hark uraren defentsaren izena zuen goiburu “Yaku Wambrakuna” kitxuaz, “Ura” eta “Gazteak” hitzak elkarrekin jarrita. Antzerki musikatu bat ari ziren gauzatzen une hartan, eta topaketa haiek laburbiltzen zuen manifestua irakurriko zuten gero: “…aztertu dugun errealitateak tristuraz eta etsipenez betetzen gaitu, baina errebeldeak gara, gure arbasoek hainbatetan bezala, esperantzaren hazi, urgentziaz behar ditugun sakoneko aldaketen alde borrokatzeko prest… Gazteok ez dugu jasoko praktika politiko dekadente hori non kontzientziak salerosten diren zenbait txanponen truke. Ez dugu onartuko ere borroka sozialen erabilera plataforma politiko gisa. Gure politika ulertzeko era doitasunean eta etikan oinarritzen da, eta dei egiten dugu helburu komunak bilatzen duten borroketan parte hartzera, hauen adierazpideen, mobilizazioen eta kulturen aniztasuna onartuz. Horrela bilakatzen dira ekintza artistiko, eta artea, kontzientzia eta borroken sendotasunaren muin”. Harritu ninduen hitz hauen tonuak, heldutasunak. Ondoren, pare bat orduz luzatu zen erritua: lur haietako lau hazi nagusiz zoruan marraztutako “txakana” zabal bat, gurutze erregular eta lauki baten gainezarpenez osaturikoa eta kolorez beteriko mandala modukoa; erdian beste haziz eginiko espirala eta kolibria. Lau adarretako bakoitzean, mundu zabalerako eta Izpiriturako ate bana; sua, kantuak, dantzak, isiluneak… Amaitzeko, “pampa mesa” deituriko otordu komunitarioa: lurrean zabaltzen den oihal luzean barreiatzen dira janari guztiak eta bertan eserita hartzen ditu eskuz, bakoitzak behar duena.

Txakana gazteen topaketan

Yaku (“Ur”) hitza oso presente zegoen inguru hartan, eta hitz hori hartu berria zuen lehen aldiz prefekturarako hautatu berri zen indigenak: Carlos bezala bataiatua izan zena, Yaku hartu berria zuen. Azken sei urtetan ECUARUNARI elkarteko presidentea zen, Ekuadorreko mendialdeko kitxua herriek azken mende erdian zuten konfederazio nagusiarena. Nire lagunek hitz egina zidaten gizon hari buruz: Azuay eskualdeko prefeta berria nabarmendua zen azken hamarkadetako uraren defentsarako borroketan; bost aldiz atxilotua eta Ekuadorreko indigenen eta baita inguruko Andeetako jatorrizko herrialde artean pertsona ezagunenetarikoa. Posible izango al zen berarekin hitzordu bat lotzea? Bai, posible zen, ateak zabalik zeuzkan egoitzara hurbildu eta idazkari bati eskaria eginez. Yakuk asteko bi egun oso erabiltzen zituen beregana hurbiltzen zen edozein talderekin elkarrizketa zuzenentzako, eta horien arteko zirrikitu batean hartuko ninduen, ni ere.

Astebete nuen tartean, eta udal liburutegira hurbildu nintzen haren liburuak irakurtzera. Abokatua izanda, justizia indigenaz idatzia zuen bere libururik ezagunena, 500 orrialdetik gorakoa; baina baita beste hainbat: Agua u oro. Kimsakocha, la resistencia por el agua (“Ura ala urrea. Kimsakotxa, uraren aldeko erresistentzia”), Reforma educativa y etnocidio cultural (“Hezkuntza erreforma eta etnozidio kulturala”) ECUARUNARIren gobernu kontseiluak izenpetua hau, edo La Resistencia (“Erresistentzia”) argitaratu berria eta eskura oparitu zidana elkartu ginenean. “Hau beste mundu bat da”, saihestezina nuen pentsatzea. Zelako baldintzak bete beharko nituzkeen Europan ala Euskal Herrian Azuay-en pareko eskualde bateko (Nafarroako zabalera, miloi inguruko biztanle, Ekuadorreko hirugarren hiriburua duena…)  lehendakaria elkarrizketatzeko?

Amerika osoan bezala, euskal abizenez josia dago inguru hura ere. Zabala ezpatariaren balentriak eta heriotza kontatzen dute laurehun urteko komentu batean, eta ohikoak dira Otxoak, Larreak, Luzuriagak. Eta Agirreak, nola ez. Inguru hauetan ibili baizen Araotzeko heroi ala antiheroi zoratua, Gaztelako enperadore Felipe II. ahalguztidunari aurre egin ziona “El Dorado” lurralde ametsezkoan galdu eta Peruko erregeordetza konkistatzera abiatu bitartean. “A, euskaldunak!” erantzuten dute harrituta abizen haien jatorriaz edo esanahiaz zerbait esaten diezunean.

Estatistikek %8a direla “indigenak” Ekuador osoan esaten dute, baina haien komunitateko liderrek bestela diote: “%30 izango gara”. %8 hura bere burua indigenatzat duen eta galdetzaileari horrela dela esaten diotena da. Mendeetako mespretxuaren eta maila guztietako zapalkuntza baten ondoren, gutxiengo batek hartzen du galtzaileen duintasuna edo harrotasuna ikurtzat; gehiengoak, biziraupena apaldua aukeratzen du, gainezka egin bitartean. Eta horixe da joan den urriko matxinadetan azaleraturikoa. Jatorrizko herriek hartzen dute gidaritza eta bitartekaritza gainontzeko mugimendu altxatuen izenean, eta indar osoa dute Estatuko ordezkariekin buruz buru tratatzeko. Altxatu ziren garraiolariek gobernuaren neurrien kontra; errepideak moztu eta Ekuador osoa geldiarazi, baina atzera egin zuten hirugarren egunerako. Sutan ziren ordurako hiriak eta indigenek “hiriburura goaz” iragarri orduko, lekualdatu egin zen gobernua “hiri seguruago batera”, Quitotik Guayaquilera, famaz bertako hiririk arriskutsuenera, ez ordea oligarkentzat. Zortzi egun geroago, Quiton elkartu ziren bi aldeak: CONAIEko buruzagiak –Ekuador osoko, oihaneko nahiz mendialdeko indigenak biltzen dituen konfederazioa– eta Estatuko buruzagiak (Gobernua, Asanblada Nazionala etab. Ordura arte “alferrak”, “terroristak”, “Venezuelako gobernuaren eta Correa ustelaren txotxongiloak” bezala tratatuak izan ostean –“Zoazte atzera paramora!” zen irain arrazista ohikoena–, zuzeneko telebista kamaren aurrean, matxinada eragin zuen neurrien deuseztatzea lortu zuten, ahaltsuen ustezko arrazoiak banan bana indargabetuz. Zer da han ezberdin? galdetzen nion neure buruari. Etxean nintzen, artean, eta egunero irakurtzen nituen handik zetozen berriak, eta baita ezkertiar europarrek egiten zituzten azterketak; Belgikan babestuta zegoen Correa presidente-ohiaren agerraldiak (Ezker Batuako eurodiputatuak alboan): “Munduko Diru Funtsaren aurkako altxamendua”, “larderia neoliberalaren porrota”… Eta bai, halakorik bazen ere, zerbait gehiago azaleratzen zuen hark. Jarraitzen genuen ohiko eskemekin eta aurreiritziekin hara begira, eta zenbait aldagai –nagusiak agian– eskapatzen ari zitzaizkgun.

Azkar pasa ziren Cuencan egin nituen zortzi asteak. Izan nuen aukera Amazonia aldera hurbiltzeko, petrolioaren ustiaketak hasi zirenean eraiki zen Macas izeneko hirira, eta baita Cuenca inguratzen duen Cajas parke naturalera. “Paramoa” deitzen diote hari, 3.500 eta 4.000 metroko altueran den lurraldeari, baina hura ez da geuk irudikatzen dugun lur mortua. Bertan bizi diren landare, zuhaitz, hegazti eta gainontzeko abereen edertasuna eta aniztasuna harrigarria da. Beste hamaika ezezagunen artean han ikusi nituen mikak urdin-esmeralda kolorekoak ziren, eta hartzak eta otsoak –hoiek ezin ikusi– bereziak omen. Gameluen familiako asko dira bertakoak (llamak, alpakak…) eta, guztien artean ura: lakuak eta urmaelak, iturriak eta oinazpiko goroldioa blaituriko ehun goxoa. Hauspoari kosta egiten zitzaion jarraitzea, baina merezi zuen izenak asmatu aurreko mundu batean ibiltzen ari nintzenaren ilusioa dastatzea.

Esan bezala, Ameriketako jatorrizko herriak egiten dira presente Ekuadorren, ukatu bezain presente, –“Amerika” hitza bera absurdoa da haien ikuspuntutik; Abya Yala da kontinente hura haientzat, eta kolonialismoaren neurriaz ari zaigu izena bera; ustekabean gugan–. Izendegietan, plazetako eta karriketako plaketan izen europarrak baino ez dira agertzen, euskaldunak asko. Eta ni bezalako turista kontzientziatuak ez daki nora zuzendu sentimendua. Horrela sortuko zen, agian, jendarte haiekiko hirugarren jokabide bat gurean: misiolariena. Berea joera anbibalentea izan da hasieratik: zapalkuntza gorrienak ere behar izaten duen legitimazio-bidea eskaintzen baina, aldi berean, zapalketa horren lekuko eta salatzaile ia bakar. Quitora eta Guayaquilera egin nituen bisitetan aprobetxatu nuen hamarkadetan ikusi gabeko nire herriko misiolari batzuk bisitatzeko. Ederrak izan ziren enkontruak, eta gerora otu zitzaidan –betidanik iruditu zait harrigarria– konkistaren bortitzenetik egun arte garatu den erdibideko jarrera horrek beharko zuela pentsatzen eta esplikatzeko saioekin jarraitzea. Kontuan hartuta misiolarien joera horiexen parte direla ere gure “internazionalistak” eta beste GKE askoren joerak; Haraindiko Kausa bati bizitza eskaintzea aukeratzen dutenen hautu heroikoak, alegia. Ekuador ez da Kuba, Nikaragua edo El Salvador. Izan ziren, bai, talde armatu iraultzaileak joera hori zabaldu zen sasoian, baina hango famatuenak Mexikoko corrido baten oihuaren antza zuen izena zeraman –AVC “Alfaro Vive, Carajo!”–, eta armak entregatzea erabaki zuen 1991erako, euskaldunok haien berri jaso aitzin. Misiolariak, aldiz, oihanean ere barneratu ziren eta akabatuak izan ez zirenak egin zuten hango biztanleen ikerketarik sakonenak. Nire lagunek kontatu zidatenez, badira oraindik bere izena, hizkuntza edo izaera alde batera utzi eta tribu batean edo bestean onartuak izan direnak. Quiton salestarrak duten unibertsitateko liburutegian gordetzen omen Ekuadorreko lan antropologiko sakon eta zabalena; zientoka euskal apaiz pasa da Ekuadorreko “Los Ríos” eskualdetik…

2019ko matxinadan hartutako argazkia, Quito hirian

Airean zintzilik bezala geratu ziren inpresio bortitz eta goxoak, Cuencakoak, Quitokoak ala Guayaquilekoak, nirea hiru kokaleku horietatik –indigenena, euskal kolonoena, misiolariena– hurbilen zein zegoen galdezka. Artean, utzi nien doan eskaini zizkidaten modu sotilek eta medizina indartsuek bere lana egin zezaten.

Zenbait iturri:

INREDH, por los derechos humanos, de los pueblos y la naturaleza https://www.inredh.org/

Revista Andina de Estudios Políticos: http://www.iepa.org.pe/raep/index.php/ojs

Ekuadorreko jatorrizko herrien erakundeak:

Confederación de Nacionalidades Indígenas del Ecuador (CONAIE)

Confederación Kichwa del Ecuador (ECUARUNARI)

Federación de Organizaciones Indígenas y Campesinas de Azuay (FOA)

(Milesker Pilarri, Riquiri, Lurdesi, Anari, Katiri, Daniavari, Rodrigoro, Bernardori, Yakuri, Kléverri, Santiagori, Celsori, Mónicari, Josetxori, Juan Mariri eta beste hainbati… etxean bezala senti arazi nindutelako).

Facebooktwittertumblrmail

Entradas relacionadas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.