(Artikulu hau ARGIA astekariak argitaratu zuen 2021eko martxoaren 07an).
Apirilaren 11n (2021) egingo da lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulia Ekuadorren. Azkenean, Andrés Arauz eta Gillermo Lasso lehiatuko dira. Azken honekin bigarren posturako lehia estuan aritu den Yaku Pérezek –egun luzez bigarren postuan– irregulartasunak salatu ditu. Politikari indigena hobeto kokatzeko hainbat pista ondoko analisian.
2019ko udako arratsalde hartako azken orduan, Yaku Pérezek bere bulegoan hartu ninduenean, banekien denbora preziatua lapurtzen ari nintzaiola. Goizeko zortzietatik gauera arte edozein motatako herritar taldeak entzuten pasa zuen eguna –horretarako zituen erreserbatuak asteko bi egun oso, gure lehendakariaren mailako prefetak–. Sekulako akidura sumatu nuen haren begitartean, baina baita sakon-sakonean ernatutako pazientzia ere. Horren jakitun, bi galdera prestatuta nituen, funtsean Ameriketako indigenen erresistentziari zegozkionak eta, zehatzago, XX. mendean gauzatutako bi baga iraultzaileen inguruan.
Lehena, altxamendu armatuena izan zen (Kuba, Nikaragua eta gainontzeko herrialde guztietako gerrilla iraultzaileak). Bigarrena, herrialde askotako gobernuetara jaso zen gobernu progresistena (Lula Brasilen, Evo Bolivian, Correa Ekuadorren…). Hauen guztien porrotaren mikatza nabari da askorengan Hego Amerikan. Gaia ongi hausnartua zuela erakutsi zuen haren erantzunak:
“Aipatu duzun testuinguru zabal horretan, esan genezake betiko eskuinak nahiz ezker tradizionalak ez diotela erantzun egokia eman jendartearen beharrei. Biak kolonialak direlako, agian; harrapaketa eta menderakuntza dituztelako lege; patriarkatua, merkantilismoa, kapitalismoa. Eskuina betidanik izan da itxiagoa, atzerakoia, kolonoen oinordekoa inguru hauetan, oligarkikoa; eta ezkerra jendearen eskubide zapalduen izenean altxatu izan da baina, boterea ukitu duen bakoitzean, modu bertsuan urratu ditu eskubide horiek. Eskubide ukatu eta urratu horien artean funtsezkoenak dira naturarenak. Hankaz gora dabilen munduan bizi gara: “Giza Eskubideak” hitzartu ziren, baina ez oraino Ama Naturarenak. Ikusmolde antropozentrikoak bizi gaitu, errealitate kosmozentrikoa ahaztuz”.
“Eskuindarrak, liberalak, neoliberalak, modu askotariko diktadurak, ezkerreko erregimenak eta gobernuak; progresistak nahiz atzerakoiak… entzungor dira jendartearen oihu desesperatuaren aurrean”, jarraitu du Pérezek. “Eta bai, nik ere antzematen dut hirugarren baga hori, jatorrizko herrien mundu-ikuskeratik sortzen ari dena. Ekologiarekin sentibera dena, nahitaez; lehen ekologistak jatorrizko herriak izan baitziren; Ama Lurra objektu gisa ulertu beharrean, Lehen Sortzaile gisa kontsideratzen zuten, eskubidez jantzia. Jatorri judu-kristaua duten zibilizazioetan ez bezala, hortik dator gurean maitasunez ohoratzen dugun Ama Lurrarekiko begirunea”.
“Haiek –berdin Biblian ala Koranean oinarrituak izan– lurraren menderatzeaz ari dira lehen hitzetik, erauzi eta ustiatu behar den objektu inerte batez. ‘Aurrerabidearen’ izenean, ezker zaharra eta berria ez dira ildo horretatik desbideratu, funtsezko ikusmoldeak daude hemen talka egiten”.
Hamaika ñabardura egin geniezaieke baieztapen horiei, baina ahaztu gabe geu garela kolonizatzaile haien oinordekoak eta Yaku Pérez, berriz, behin eta berriz desagertzera bultzatua izan den populu batzuena: eta ez bakarrik espainolen eskutik, haiek ailegatu baino lehen inken inperioren sarraskia jasan behar izan baitzuten (Irakurri elkarrizketa osoa).
Europako ezkertiarrak –eta gehien nabarmentzen diren mundu osokoak ere, horien eragin eta itzalpe kolonialean– kontserbadoreak gara. Gure ereduak “bi mendeko porrot loriatsuetan” atxikiak ditugu. Progresoaren mitoaren seme-alabak gara eta eredu patrimonialaren gatibu. “Zer nahi duzu, hainbeste sakrifizio eta odol eskatu duen hamarkadetako borroka errekara botatzea?”, arrapostu egin zidan orain ez asko Kuban bizi den ezker abertzaleko ikono historiko batek. Nik, gure 1980ko hamarkadako noraezaren azterketa eta kritika egiteke genuela esan nion eta, horren ondorioz, onartu ala ez, hamarkadetako atzerapena eta erreferentzialtasun falta erabatekoa zela hurrengo belaunaldiekiko. Nahiago kulunkatu malenkoniaz blaituriko gazte garaitik datorkigun oroitzapen galduetan. “Gurea, eskuzabala izan zen eta zenbait gauza lortu dugu, garai haietan amestu ere ezin genituenak”.
Iraganeko betaurrekoak
Azken urteko krisiak erakusten duena, aldiz, beste zerbait da, baina ezker kontserbadoreak nahiago du ezer berezirik ez zaigula gertatzen ari aldarrikatzea. Fisikoki desagertzen ari den belaunaldi bati itsatsita geratu zaizkio errealitatea begiratzeko orain hamarkada asko jarritako betaurrekoak, eta nahiago du bildu duen botere apurra edo itzal handia bere lotsak ala nagiak estaltzeko erabili.
Horren jakitun aipatu nion Yakuri oso eredu sakonen arteko talkaz ari ginela, eta Ekuadorreko indigenen artean sumatzen nuen erresistentzia motek nire eskemetatik kanpo geratzen zen zerbait erakusten zidatela. “Non dago zuen indarraren iturburua, non zuen esperantzarena?”, bota nion azkenean, lotsagabe.
“Esperientziak esaten dit ez dagoela ezinezkorik. Orain hogei urte zoro batzuen ameskeria zirudien herri-galdeketa bat antolatzea multinazional txinatar handi bati aurre egiteko Kimsakotxan. Eta gertatu berri da. Komunitarismoa edo biozentrismoa izenekin adierazten duguna azaleratzen denean, muga ideologiko zaharrak gainditu egiten dira. Hori kapitalismoaren, sozialismoaren edo komunismoaren esparru ideologikoen gainetik suertatzen ari da. Ez diet aurreko ahalegin askatzaileei uko egiten, halere; baina onartu behar motz geratu zirela jatorrizko herriak begiratzeko orduan, genero auzian, naturaren eskubideak ulertzerakoan”.
“Horrexegatik sortzen dira proposamen berri hauek, ez direnak eskema itxi batzuetara murrizten; ikusmolde zabal, ireki, interkultural eta plurinazional batez elikatzen dira. Ez gara sektarioak, ez gara ‘indigenistak’, hitz horrek izan duen zentzu murriztailean. Eta hortxe bertan pizten dira esperantzak, ametsak, utopiak… gazteen bultzadagatik. Horiek gabe ez goaz inora. Gazteak jabetzen ari dira larrialdi klimatikoa zibilizazioaren larrialdia dela. Eta berezko duten irreberentziaz, ausardiaz hausten dituzte eskema eta eredu zaharkituak eta kalean daude Yasuniren defentsan, Tipnisen defentsan, Amazoniaren defentsan eta, beste behin, bestelako mundu bat posible dela irudikatuz. Ikusmolde berria da: ekintza txikiak sustatuz eragin globalak izango direla uste duena; hemen edo Indian uraren defentsan ari garenean Himalayan du eragina; Danubio ibaiari gertatzen zaionak ondorioak ditu Madagaskarren. Ezagutza zientifikoa eta antzinako mitoak eta erritoak, haien ikonografia indartsuarekin bat datozenean, posible da gazteekin eta haiek diren esperantzarekin elkartzea”.
Isildu nintzen orduan, bururatu zitzaidalako hitz hauen oihartzunak “historia” izendatzen dugun horren oso aurretik zetozkidala, eta oihartzun horren aginteak errespetu sakratua merezi zuela.
Europako ezkertiar kontserbadoreak Ekuadorreko azken hauteskundeetan Rafael Correa ustel totalitarioaren alde lerratu dira, hura baizen progresoaren aldeko “alternatiba egingarri bakarra”. Ezin dute ulertu Yaku Pérezek ordezkatzen duena beste zerbait dela eta, ulertu ezean, eldarnio beltzaren zorabioan galtzera dira kondenatuak, bizitzak ez baitu barkatzen, eta hura ez baita elikatzen zaharron lorietatik.