Juan Gorostidik kontatzen duenari, hain esperientzia partikularra izanik ere, bere alabari modu intimoan kontatua baita hein handi batean, narrazio unibertsal baten traza hartu diot. Nire neure historia oso antzekoa da behintzat, eta beste askorena ere halaxe.
Hamabi urte nituen. Zoriontsu-edo nenbilen seminario batean ikasten Jainkoarenak eta Ama Birjinarenak. Zorabio mistikoren bat edo beste ere gertatua zitzaidan arratsaldeko meditazio goxo haietan, sexualitatearen ernamuinaren errepresio sublimatuarekin nahasian. Hor munduan bazebilen zerbait argitsua: garapen teknologikoa, ilargira iristea, kantagintza berria… eta zerbait iluna: gerra hotza, Kubako iraultza, errepresioari beldurra, gerra zibilaren zauria, euskaraz mintzatzeagatik lotsagarri geratzea, Franco eta arriba España…
Apaiztegitik etxera itzulia nintzen batean, aita lanetik etorri zen bere kamioiarekin, zuri-zuri. Mahaira eserita, hauxe besterik ez zuen esan:
-Hasi gara berriro.
Donostiatik bueltan Adunako zubia hartu baino lehentxeago auto-ilaran itxaron behar izan zuen, ETAk lehen guardia zibila hil berria baitzuen hantxe.
-Hasi gara berriro.
Esaldi horrek nire buruan galdera bat piztu zuen: “Zertan hasi gara?”
Ikasten jarraitu nuen. Hamalau urterekin, lehen greba egin genuen ikaskide bati egindako injustizia baten kontra. Ordurako kanta misteriotsuak kantatzen hasiak ginen, eta politikako irakasleari eta gimnasiako sekreta omen zenari herra genion. Hasiak ginen “gorrotoa” sentitzen zerbaiten kontra.
Gogoan dut ikaskide bat, ni baino zaharragoa, modu bitxian portatzen hasi zela. Misterioa zeraman begietan; txutxumutxuka mintzatzen zen lagun jakin batzuekin, eta beste batzuekin, berriz, beti bezala, natural. Eta, halako batean, nirekin ere txutxumutxuka mintzatu zen. Jakin nuen “organizatua” zegoela, arriskuan bizi zela, eta arrisku handian bizi zen jendearekin harremana zuela. Oporrak etorri ziren, eta hartan geratu zen guztia. Hurrengo urtean, hamabost urte nituelarik, “organizatzera” gonbidatu ninduen lagun hark. Jakin-minez beterik, han joan nintzen bilera klandestino batera, pentsatuz ETAn sartzera gonbidatuko nindutela eta gerrilla arriskutsu batean agian bizia galduko nuela.
Izugarrizko ezustea jaso nuen: hogeita hamabost bat urteko gizon kankailu batek zuzendu zuen umemokoon bilera. Fraidea omen zen, langileen aldeko fraidea, habituak utzi eta gizarte borrokan konprometitua. Esan zigun aurreneko gauza: iraultza egin behar zela, bai, baina umorea galdu gabe, ikasketak utzi gabe. Borroka armatua ahazteko, gazteegiak ginela eta formatu egin behar genuela eta ahalik eta ondoen pasa. Kaleko borroketan parte hartzera gonbidatu gintuen; eta, poliziak harrapatuz gero, esateko Herri Gaztedikoak ginela, Elizaren babesa genuela eta injustiziaren kontra protestatzen genuela. Gure formazio teorikoan pedagogiako liburuak izan ziren lehenbizi: Barbianako maisua, Paulo Freire…; gero etorri ziren marxismoaren oinarriak, oso modu praktikoan ulertuak (Amoros filosofoak Peñaflorida institutuan erakusten zigun tesi-antitesi-sintesi ideia abstraktuaren materializazio askoz ere ulergarriagoak ziren gureak, sinplistak baina eraginkorrak)
Tentuz ibiltzen erakutsi zigun fraideak. Norbait komisariara eramaten zutenean, batzuetan ateratzea lortzen zuen gizon kankailu hark; beste batzuetan, epelak hartuta itzultzen ziren atxilotuak, baina espetxera joatetik libratzen ziren behintzat.
Nire lagun batzuk ETAn sartu ziren. Beste batzuk langile-mugimenduan, ORTn, PTn, eta abar. Nire lana, 16-17 urterekin, bailaran gazte-taldeak sortu eta formatzea zen, eta institutuan, eta gero unibertsitatean, talde antikapitalistak eratzea eta bilera formatiboak egitea, dibertsioa, gitarra eta kantua eta poesia soziala eta halakoak ahaztu gabe. Gerora, talde haietako batzuek OIC erakundea sortzen parte hartuko zuten.
Zoramen kolektibo baten antzekoa gertatu zen. Minoria kontzientziatu batek oihartzun orokorrak jaso zituen herriaren aldetik. Errenteria osoa maneiatzen zuen minoria horrek, Tolosa bailaran, ORTk (batez ere ORTk) hatz bat jasoz gero, fabrika ia guztiak gelditzen ziren, dendak itxi eta kaleak sutan jarri. Eta askojakin batzuek, materialismo historikoaren argitan, ondorioztatu zuten, iraultza sudurraren puntan genuela, prest egoteko herri-altxamendurako. Eta adibide praktikoa Gazteizko langileen hilketei emandako erantzuna eta Bilboko ezkerraldean sortutako mugimendua eta beste hainbat mobilizazio izan ziren. Herri Gazteditik pasatutako buruzagi antikapitalistak tartean zebiltzan, buru-buruan.
Eta etorri ziren hauteskundeak, bete genituen Anoeta eta Mendizorrotza. Eta han bildu zen jendearen laurdenak ere ez zuen eman boto antikapitalistarik gero. Niri orduantxe egin zidan bihotzak krak, hogeita bat urterekin, lilura batetik esnatu izan banintz bezala. Eszeptizismoan abaildu nintzen. Nire kide batzuek bezala drogetara jo beharrean, ingurukoen eraginak lagunduta ikasteari ekin nion, bazterrean utzitako interes literarioak eta artistikoak berreskuratu nituen, eta oka egin nuen, oka asko, zenbait poetaren hitzak neureekin tartekatuz.
Urdaila husturik, beste argi bat piztu zitzaidan: Europatik uholdeka sartzen ari zen ekologismoak eta espiritualismoak beste lilura bat eskaini zidan, poesiarekin eta literaturarekin batera. Baina hori beste historia bat da. Lemoizeko borroka hasi zenean, ni jada beste jarrera batean nengoen, eta ordutik aurrera izugarri kostatu zait barnean sentitu dudan bakezaletasuna eta injustiziaren kontrako borroka uztartzea, borrokan parte hartzen den unetik zerbaitek krak egiten baitu barruan, eta parte hartzen ez denean, berriz, zerbait egin beharraren ardurak erretzen baitu barrua. Kontraesan hori ez dut konpondu neure denboran. Kietismoa praktikatu dut sarri, gizarte barruko anakoreta bat bihurtuta, baina horrek ere, niri behintzat, ez dit barruko ezinegona baretu.
Juanek zorroztasun handiz aztertzen du bere liburuan zoramen kolektibo hura, pentsalarien ekarriak eta barne-bizipenak uztartuz. Azken batean, kristau misiolarien edo apostolatuaren eskema bat aplikatu zen hartan; klase-kontzientzia hartzea eta ekitea, eta gurutzeari heldu eta Jesusen atzetik abiatzea oso pareko ziren. Egitura psikologikoak ez dira egun batetik bestera aldatzen.
Hala ere, gizarte torturatu batek arnasa hartzeko bide bat topatu zuen hartan guztian, eta ez da gutxi. Dena dela, arnasbiderik eraginkorrena dirua irabaztea eta ahalik eta bizimodu materialik erosoena lortzea zen orduan ere; kontsumismoaren eskutik gauzatu zen oinarrian egitura psikologiko nagusia. Kapitalismoak gizakiaren pultsio berekoi lehiakorrean du erro ahaltsua. Eta hori bai izan dela eraginkorra.