Poesiaren gorazarrea (edo hitzaren eta kantuaren arteko esparru sublimean barneratzeko gonbita)

Ezkia haizean kantari izeneko Itxaro Bordaren azken argitalpenak eman dit gonbit hau idazteko aitzakia. Sasoiz kanpo argitaratua —ez Durangoko azokarako, ezta udaberri aldeko ferietarako ere—, Baigorrin egoitza duen eta Paxkal Indok zuzentzen duen ZTK diskoetxeak atera du liburu-disko ederra. Izturitzeko Otsozelai harpeetan 2009an eta 2011n eman ziren zuzeneko saioekin osatu dira bi diskoak, eta Itxaroren errezitazioaz gain, Beñat Axiariren parte hartzea dago, elez eta kantuz, Jesus Aureden eskusoinuz eta Jean-Philippe Lerenboureren kuartzo-ontziez lagundua.

Liburua eta emanaldia osatzen duten hamalau poemek 2005eko udaberriko data dute, eta hiru moldetan dira osatuak: neurri librean, neurtitzetan eta poema fonetikoetan. Molde bakoitzak duen intentzioa gardena egiten da. Poema bakar bat osatzen dute bertso librean egindakoek. Haien gaia, lehen hitzetan da marraztua: «Eta populu zaharrek iraun baldin bazuten…» (I), «Larrua beltz, gorri edo zurbail duten populu zaharrak…» (IV), «Eta populu zaharretako amek / haurrak bularretan daramazkite oraino…» (VII), «Eta populu zaharretako alabak ardura / ezherrietarako trenetan / sartu zituzten, / gosearen aitzakiaz…» (X), «Eta populu zaharretako olerkariaren bista / laburtzen doa, bizitza hurritzen doakion eran…» (XIII). Emanaldian, bostak Itxarok errezitatuak dira, ez beste gehienak bezala kantatuak. Lehena eta azkena, inongo laguntzarik gabe. Tartekoetan, soinu ehundura soilez lagundua: kuartzozko ontziena (Lerenboure), kanaberak harriaren kontrako perkusioarena (Axiari) edo eskusoinuarena (Aured), Axiariren ahapekako hitzik gabeko melodiekin nahasiak, batzuetan, X.ean hausten den arte, alaia eta dantzagarria den baltsean bezala: «…Trena ez zen nehoiz egiazki / itzultzen. Nehoiz ez behintzat, / desiratutako geltokira». Bost poemotan populu zaharraren epopeia osatzen da —inoiz harpe horietan bertan abiatu zena— eta hitzokin amaitzen da: «Harpeen sakon-sakonetan /zutik hiltzen diren herkideen / otoitza, hil-mihisea bailitzan / ehuten, / ikus eta entzun ezina / izan nahi du, / Herioaren mendeaz haratago / dagoelako, gogoz eta jakitatez».

Corinne Lallemand, Paxkal Indo, Jean-Philippe Leremboure, Itxaro Borda, Anize Ameztoy

Corinne Lallemand, Paxkal Indo, Jean-Philippe Leremboure, Itxaro Borda, Anize Ameztoy


Fonetiko-tzat har dezakegun bakoitza hitz baten inguruan dago osatua: Isiltasuna (II), Haizea (V), Gaua (VIII) eta Amodioa (XI). Hitz horietako bakoitza zortzi-hamar hizkuntzetan ahoskatzen da, aldarrikapen gisa, oihartzun bila: «…bizidunik ba denez galdezka» Isiltasuna, «…eztiki ferekatuz, bizidunak gozatzeko» Haizea, «…oinarrizko izua bizidunen gogoetan ereinez» Gaua, eta «Ilunbean, herioaren korrokak larruaren orroa elkortuz» Amodioa. Baina hitzok mugetara eramaten gaituzte ahalbidetzen duten bilaketan eta haren inguruko galderen interpretazioan. Isiltasuna eta Amodioa hitzez eta hauen oihartzunez baino ez daude esanak. Haizea eta Gaua, berriz, gure ahots dohatsuen eta plastikoen harribitxi bana ditugu. Lehenean, kontratenor bat dugu Axiari, tesitura altuenetan dantza delikatuan, lirismoaren gailurrean. Gauean, ordea, asaldatu egiten gaitu, hasieratik bukaeraraino, tenor ahots indartsuak eskusoinuarekin kontrapuntuan pieza garaikide harrigarria osatuz.

Neurtitzak, zortziko txikian (III), sonetoan (VI eta XIV), zortziko nagusian (XII) eta molde berriko sestetoan (IX) datoz. Poema guztion protagonista zuhaitza dugu, ezkia, zuhaitzak eskaintzen dituen adiera guztien jagole: «Itzalaren itzal ote?» (III), «…ezkiaren malda» (VI), «…betor iluna gau ezinetan, ezki usaina eman denetan!» (IX), «Ezki handia hats uhargian jostari dabil hegoan» (XII), azken «…ezki zahar maitea ez dezatela motz!» horrekin amaitzeko (XIV). Ezkia, beste poemetan kantatu den epopeiaren eta hitz handien zubi eta bitartekari apala, handia. Interpretazioan, berriz, denetik dago: a capella kantatuak diren zortzikoak, modu tradizionalean, eta soiltasunaren edertasunez, alde batean. Beste muturrean, Nire bihotz salbaia txundigarri bat: Itxarok sonetoaren lehen kuartetoa esan ondoren, «…mintzo da ozenki» Beñat. Berak baino ez duen melodiarako eta aldaketa kromatikoetarako ahalaren erakusketa neurtua egiten da hemen, ohi dituen inprobisazioekin amaituz, lirismo izugarrian, une apartan. Bigarren sonetoa, lanari amaiera ematen diona, berriz, hitz soilez dago esana, Beñaten errezitazioan. Baina kabitu ezinik bezala, ia lau minutuko hitzik gabeko inprobisazioarekin amaitzen da, diskoaren beraren amaiera.

Beñat Achiary, Jesus Aured, C. Lallemand, Jean-Philippe Leremboure

Beñat Achiary, Jesus Aured, C. Lallemand, Jean-Philippe Lerembouree


Askori entzuna diet Bordaren idazkiak zailak direla ulertzen; erori egiten zaizkiela esku artetik haren liburuak, gehiegi eskatzen diola irakurleari… Lehenik esan behar poesiaren balioa inon egotekotan, beste hainbat eginkizun ez-materialetan bezala, eskatzen denaren eta eskaintzen denaren arteko tentsioan aurkitu ahal dugula. Eta kasu honetan, zalantzarik gabe, irakurlea ateratzen da irabazle. Zailtasunik badago, ez du honek zerikusirik hasi berrien doako manierismoarekin edo nerabezarozko probokazioarekin. Halere, bera da lehena outside dagoela gogorarazten: «Outside nago. / has been baino has behin / bat baizik ez naiz / oraindik ere. / Ene poesia / a-soziala / dela / dinotsut / outsidera/ deitzen zaitudan / bitartean» (bere azken aldiko hiru liburutan poema bera aurkitzea ezin kasualitatea izan: Medearen iratzartzea eta beste poemak (Maiatz 2012), Gu(haur) arrotz(ak) (Castor Astral 2013) eta Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar 2014). Baina ba al dago poetarentzat outside ez den lekurik? Bordaren emariak ibai handien hondo eta patxada du dagoeneko, zaildua da jauzi eta ur lasterretan, lurrazpiko desagerpenetan hainbat; mundu zabalean ditu sustraiak, gurean beste, eta urtaro bakoitzean luberriak sorrarazteko dohaina duten ibai emankorrenen eskaintza da berea. Artea formaren bilaketa eta sorkuntza bada, menderatzen ditu berak egungo poesiaren guztiak: kopla xumeenak eta eredu klasikoak, neurtitzak eta ia soinu hutsez eraikitakoak, arnas luzekoak —poema bakar batez osaturiko Hautsak errautsa bezain (Maiatz 2002), esaterako— eta poesia garaikideen «formarik gabekoak», barne arnas eta musikak baino ez sostengatuak.

Zein da, bada, poeten mundua? Erantzunik balego, haien hitzetan bilatu behar. Xabier Letek, heriotzaren hurbiltasunetik idatzitako Egunsentiaren esku izoztuak laudatuan daudenen artean, horra Itxarori dedikaturikoaren azken hitzak: «udazkenean hurbiltzen naiz aldizka zuen lurraldera / eta nere so liluratuan negarra dago malko isilez / etsipenaren halabeharrera behin eramanak izan ginenontzat.» Poeta batzuk lirikaren lurralde ezinezko horietara joan bai, baina handik itzultzeko arazo larritan ibiltzen diren susmoa dut. Itxarok ongi ezagutzen du eremu hori, baina nago, gai dela handik onik behin eta berriz itzultzeko.

Bi kontu gehiago merezi du aipatzea lan honen harira: batetik, Bordak azken urteotan eskaini dituen poemategiekin batera, bere zuzeneko emanaldiak jasotzen dituzten lan musikal eta diskografikoak: 2010eko Ogella Line eta 2013ko Gu(haur) Arrotz(ak), biak Paris inguruko Le Castor Astral etxeak argitaratuak Olivier Kako Cavalieren musikarekin. Biak dira goi mailako lanak, eta ez dute konparaziorik orain arte gure poetek egin dituzten antzeko saioekin. Badago hor musikaren eta errezitazioaren arteko lan sakona, eta baita ere beste gogoeta bat mereziko lukeen euskararen eta frantsesaren arteko uztarketa bat, non, une artistikoan behinik behin, batak bestea zapaldu beharrean, elkarri enbarazurik egin gabe, musikalitateak irabazten duen…

Bigarren kontua, Paxkal Indoren produkzioari dagokio. Aspaldian dabil bere ZTK diskoetxe xumearekin lan baliosa eskaintzen. Berak argitaratu zuen orain arteko Kalakanen disko bakarra (hasieran, taldekoa zen bera ere) eta beste hainbat lan eder, bideoan eta musikan. Horien artean bat aipatzekotan, Aspaldian… izenekoa aipatuko nuke (2012), bertan jasotzen baita beste zuzeneko emanaldi bat, bideoa barne, Otsozelai harpeetan egina hori ere. Musikariak: François Rosse, Mixel Etxekopar, Christian Vieussens, Jean-Xarles Sans, Jose Le Piez eta Jean-Louis Hargous.

Outside daude maizegi gure aditu kulturalak… baina bereak ez du poetarenarekin zerikusirik.

image_pdfimage_print
facebooktwittergoogle_plustumblrmail

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *