2017 ERROBIKO FESTIBALEKO OHARRAK 2: XORIEN IHESA

PDFPRINT

Agertoki huts bat, isilik argi itzalean, eta etxerako erabiliko genukeen arropa soilaz, berdin jantzitako bost gizon-emazte geldirik: zenbat denboraz eutsi ahal izango genioke egoera horri deseroso sentitu gabe? Bortxaz jasotzen ditugu impasse tarte horiek, eta exijitu egiten diogu artistari barruan sortzen zaigun deserosotasun hori bete dezan kolorez, soinuz, mugimenduz, hitzez.

Badira zenbait, halere, morrontza horri uko egin, eta —bazterrean geratzeko arriskua onartuz— bidaia-sari bat ordaintzeko eskatzen digutenak: «Zertara zatoz hona ni ikustera, zeure burutik ihesi, ala zeure baitara biltzeko prest; denbora-pasa, ala nire lanak eta ikerketa isilak emango dizun isla zeureganatzeko ahaleginean?». Estimulu gabezia eragile den une horretan abiatu zen herenegun Errobiko Festibaleko bigarren gaualdeko emanaldia, Mizel Theretek zuzendutako koreografiarekin. Hegaztiak gaitzat hartuta osatu trilogiaren ixteko, Xorien ihesa Laboaren azken kantuari («Zuen eskuak zabaltzen diote/ xoriak laudatu egiten dituzue,/ lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue/ baina zuengandik beti ihes doaz») dei egin zioten bost dantzariek, eta isilik geratu ziren, geldi eta adi, mendeetan zehar errepikatu diren hotsen oihartzunen zain. Johanna Etcheverryk, Gael Domengerek, Eneka Bordato-Riañok, Matxalen Bilbaok eta Robert Jacksonek harilkatu zuten oihartzunez jositako ehun sotila, horren baitan ikus-entzuleak harrapatzea lortu zuen ordu beteko emankizunean.

Bost dira dantzari-xoriok, baina xori baino, emazte eta gizon dira, beren baitatik ezin askaturik, barnean daramaten hegazti hori gorpuzten dutenak. Xoriek hegaldatze dotore eta beti iradokitzailean bere burua behin eta berriz islatuz, hautsita sentitu ohi da emaztea ala gizona; kaiola baten modura bizi du gorputza, nondik xori hegalari horrekin amets egiten duen, kartzela horretatik inoiz libratuko al dena. Eutsi egiten zioten minutu luzeetan ahalegin horri dantzariek, haien artetik tiraka bezala zabaltzen zen espazioa betetzeko tentsioan. Isilik betiere, gorputzaren orro isila agerian, ezpada noizbehinka polifonia baten goxotasunean babesteko.

Horrela agertu ziren han-hemenka Ahaire zahar huntan eta Soule izenekin Javier Bello-Portuk osatu eta Kea taldeak grabatutako piezak; berdin Ürzo lüma eta Arvo Parten Agnus Dei. Apenas hausten zuten talde kantuok isiltasun hori, gorputz bakartuek aurrera zeramaten borroka gor etengabea zena. Gehiago ziren hegaztien oihartzun guztien oroitzapen, taldean gauzaturiko bakardadearen leungarri. Amore eman behar, halere, amaieran: kalatxorien garrasiak entzun ziren, eta lurrean etzanda edo elkar besarkatuz dantzariak, bost-bat edo hiru-bat eginez, gorputzez baino nekez sentitu edo adierazi litekeen giza elkartasun ezinbesteko hori bilatuz, adieraziz, gorpuztuz.

Xisteraren dekonstrukzioa

Mizel Theret dantzari eta koreografoa leku berezia ari da izaten Errobiko jaialdi honen bilakaeran, baina ez da lehen aldia bere emanaldiekin bereziki estimatzen duen giro honetara datorrela. Orain bost urte eskaini zuen bere Pelotarhitza agertoki bihurturiko frontoian, bertsolariz eta musika herrikoiez horniturik. Oraingoan, haren soiltasunerako joera gero eta nabarmenagoa azpimarratuz, pieza laburrago bat eskaini zuen, ordu erdi ingurukoa, Beñat Axiariren ahotsez eta Jesus Aureden esku-soinuaz lagundurik. Aspaldian elkarrekin ibilitako artistak dira hirurak, eta nabarmena da haien arteko bat egitea. Axiariren hots agudoenak are agudoagoak bilakatzen dira Aureden soinuan, berdin grabeenak grabeago. Biona basakeria neurtua da, hainbat musikari bakanek zabaltzen dituzten eremuetara tiratzen duena.

Bien artean, baina espazio bakarra osatuz, Thereten soiltasuna: gelditasunetik zabaltasunera, bertikaltasunetik lurraren hedapenera, bere dantza isila karga dramatikoz betez. Zesta puntan erabiltzen den xistera izan zuen gonbidatu bakarra, eta haren inguruan ariko balira bezala —ez alderantziz, xistera apaingarria gisa— osatu zuen dantza. Eskuaren, besoaren eta gorputz osoaren hedadura horri atxikita, berari uzten zion agintzen. Eta pilotariek janzten duten zuria beltz bilakatuz, haien mugimenduak pilotarik gabe airean zabalduz, haien ahalegin ezinezko batez ari zen dantzaria: bizitzaren baieztapenaren eta endekapenaren aldarri apalaz.

Facebooktwittertumblrmail

Entradas relacionadas

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.