Yenny Sofía Revollo-ren eta Maureen Ada Otuya-ren hilketa ankerrak medioen arreta jaso du beste behin epaiketaren egunetan, baina berehala pasako da ahanzturaren eremura: serieko hiltzaile bat gehiago, shaolin-eko monjea zela uste zuen eroa, bi emazte gaixo haien tragedia –atzerritarrak, prostitutak…– egunerokotasunaren estoldan behera, eguneroko bortxa matxistaren ondorioz hurrengo biktimak azaldu bitartean.
Hori gertatu aitzin, bi gogoeta nahitaezko: batetik, biktimen senideen samina, hiltzailearen maniobra aringarri guztien arrakastaren aurrean. Ez defentsaren abokatua soilik; epaiketa egituratzen duten guztiak –fiskalak, teknikari forenseek, poliziek eta epaileak berak– ados jarri direla dirudi krimenaren larritasuna arintzeko ahaleginean. Ez zen bahiketa eta ankerkeriarik suertatu, nonbait, hilketa aseptiko eta oinazerik gabekoa baizik. Bestetik, espektakuluaren garaipena dago, “meditazioan barneratua” dagoen psikopata hiltzaile batek gauzatua.
Aurrez pentsatu eta erabakitako hilketen ebidentziaren aurrean, hauen astungarri guztiekin, “bat-bateko supituko bulkada”ren bertsioa gailendu da. Aparatu judizialaren betebeharra gure kontzientzia txarra areagotu dezaketen bortxa matxistaren munstro ezaugarri asaldagarrienak leuntzea balitz bezala, epaiketaren errituaren protokoloen bitartez: “Hilketak izan ziren, bai” esaten zaigu, “baina hiltzaileak onartu egin ditu, eta hori haren aldeko aringarria da”; gainontzeko osagarri makabroak, ezin ankerragoak, horrekin urtuko balira bezala. Bigarren gogoetarekin lotuta datorren zerbait, nire ustez.
Badirudi etsi eta amore ematen dugula espektakulua emateko gai denaren aurrean, baita espektakulu hori groteskoena bada ere. Aguilar hiltzailea da, baina “hiltzaile mediatiko” bat, lehen egunetik bere papera telebistan arrakastaz jokatzen ibili zena. Eta taularatze horrekin jarraitu du epaiketan ere: nola ez eman ongi etorria egungo reality show globalean horren modu sinesgarrian ari den bati?
Alabaina, feministek dute arrazoi osoa: “[Alcasser auzian nagusitu zen diskurtsoetan] sexu terrorearen ingurukoa nagusitu zen. Nik uste dut krimen hori sexu arriskuari buruzko 1990eko hamarkadako narrazioa izan zela. Narrazio horrek emakumeak errudun bilakatzera eta erasotzaileen erantzukizuna arintzera jotzen du. Narrazio hori sozialki eraikita dago, eta statu quo sexuala babesten du, hau da, gizonek andreen gorputzen eta bizitzen gainean mantentzen duten pribilegioa […] Hori aztertu beharko genuke, edo sexu langileen segurtasunaz eztabaidatu. Hori da gakoa, eta ez nor den Juan Aguilar, edo benetako shaolin bat den ala ez” (Nerea Barjola, BERRIAn).
Salaketa horren egokitasuna baieztatzera etorri da epaiketa eta, horren adibide, bertan agertu ez diren sumarioan jasotako akusatuaren “neska-laguna”ren deklarazioak: “Bularrak, besoak eta ipurdiak jotzen zizkidan eta iletatik tira […] Aurre egiten banion, nire familiari grabazioak bidaltzearekin egiten zidan xantaia. Joka ari zitzaidanean, asaskatze bat zela zioen, berak zuen amorruaz eta mingostasunaz libratzeko behar zuena […] ‘Putak, beltza putak’ esaka ibiltzen zen… Haietako bi bahitu nahi zituela zioen, drogatu eta zigortuko zituela ‘ni apur bat senda nendin’ adierazi zuen Maria Evak. Dena prest omen zeukan gimnasioan: intsentsua, fruta eta kandelak, eta dena grabatu egingo zuela. Bera amu gisa erabiltzea ere proposatu zion, zuen elbarritasunagatik, haietako emakumeren bat limurtzeko. ‘Mania hori zeukan, emazteei min ematearena… Haietako bat kalean bakarrik ikusten bazuen, izan ala ez prostituta, izorratu nahi zuela esaten zuen. Txinatik ekarria zuen droga bat emango ziela, lotu eta jipoitu, erdi hilik utzi arte, eta hori guztia grabatu niri erakusteko. […] Oso garbi utzi zidan asteburu horretan ez nuela gimnasiora hurbildu behar, bera meditatzen egongo zelako […]. Hauxe esaten omen zien ikasleei: ‘gudari garaileek bentzutuen bihotza jaten zuten haiek umiltzeko’ edo ‘hiltzaile bat meditatzera esertzen da hurrengo hilketa prestatzera’. Yenny-ren gorpuzki bigunak ez ziren inoiz agertu” (El Correo, 2013-XI-16). Zer dela eta pasa dira ustekabean deklarazio horiek epaiketan?
Gizon bezala eta berak publizitatzen dituen ariketen ezagule eta maisu gisa (arte martzialak, meditazioa…) guztiz asaldagarria zait hau guztia. Hamarkadak daramazkigu “Shaolingo monjeen balentriez” eta “budisten bakeez” liluraturik, eta ezin alde batera begiratu, beraz, egungo Mendebaldean lilura honek lortzen duenaren aurrean: “Mendebaldeko budismoa kapitalismoaren joko desesperatuan jolastea ahalbideratzen zaituen fetitxe bat da. Bertan zaude baina bertatik kanpo bazina bezala irudikatzen duzu zeure burua, espektakuluaren hutsalkeriaz erabat jabeturik, zure barne-Niaz baino ez baitzara arduratzen, eta beti duzu beragana erretiratzeko aukera” (Zizek).
Aguilar-ek, benetako maisu zen bat bailitzan, begiak itxi eta meditazioan sartzen da; sorgor entzuten ditu deklarazioak eta peskizak, inongo damu edo hobenik gabe, ez du barkamenik eskatzen… egoaren kontutxo horiek ez dute-eta berarekin zerikusirik. Bere espektakulua garaitu egin zaio Ada-ren familiaren desesperazioari –haren gurasoak eta sei anai arrebak, haren lanetik bizi zirenak–, nahiz Kolonbiatik jaurtitako Yenny-ren amaren auhenari: “Bihotz gabeko hiltzaile honek ez behin; hiru, lau, bost aldiz erail zuen nire alaba. Mozten zuen zati bakoitza heriotza bat izan da niretzat”. Aguilar-ek eta beste hainbatek “Txinatik ekarritako droga” hark narkotizatzea lortu gaituela dirudi.