1988ko Basque Violence-ren jarraipen gisa irakur liteke Vieja Luna de Bilbao (Nerea 2014). Hartan, Joseba Zulaikak tragedia baten kontakizun lokala ehundu zuen —Itziarko baserri giroan kokatua—, ETAri buruz idatzi den lanik sakon eta aberatsena; eta oraingoan, belaunaldi oso baten kronikarekin bilakatu nahi izan du. Horretarako, metropolira egin du jauzi, Bilbora, honek XX. mendean zehar marka utzi duten biztanle enblematikoen erreseina biografikoez mosaiko zabala osatuz. Lan itzela, pasarte distiratsuz betea, eta baita hipotesi eztabaidagarriz eta zentzugabez ere.
Mosaiko bat eraikitzeko, pieza txiki asko aukeratu behar dira, eta ez dira nolanahikoak Zulaikarenak: Unamuno, Agirre, Prieto edo Arrupe; Aresti, Oteiza, Madariaga edo Ybarra; Wilson, Yoyes, Arriaran, Bengoa eta beste hamaika (langileak, misiolariak, eskaleak, artistak, prostitutak). Soslai biografiko horiengatik soilik merezi du liburuak, baina hor dago bere arriskurik handiena eta bere arrazoibidearen ahuldadea. Zuhaitz bat ez dela basoa, alegia, eta zuhaitz eder edo harrigarri askoren irudiek basoaren ikuspegi distortsionatu bat emateko aukera handia dutela.
Lehen distortsioa: belaunaldi oso batez aritzea. «Lurperatu nahi izan dut nire belaunaldia» zioen BERRIAk plazaratutako elkarrizketaren titularrak. Belaunaldiari egindako erreferentziak etengabeak dira: «Gure belaunaldikook hori asko sentitu dugu, ideologikoki identifikatu baikara ETArekin. Barrabilik bazenuen, sartzen zinen, eta sartzen ez bazinen, ez zen haiekin ados ez zeundelako. […] Kastrazio sinboliko hori bazenuen, eta erruduntasun hori arintzeko genuen identifikazio hori». «Sakrifizioarekiko menpekotasuna duen belaunaldia da zurea», esana zioten… Bistan da funtsezko zenbait gogoeta eginak dituela Zulaikak: «Gure belaunaldia maiz deskribatu dute gure gorrotoen bidez, baina nik uste dut azken batean amodio gehiegizkoa izan dela gure problema nagusia. Maite izan dugula gure aberria, gure familia, gure kultura hainbesteraino, ezen sentitu izan dugun kulpa handia behar beste ez emateagatik». Baina distortsioa dagoela diot, zeren hori guztia eta beste hainbat kontu larri belaunaldi horren zati esanguratsu baten ezaugarria izan zirelako, denen izenean beren buruak postulatu zuten gutxiengo batena, hain justu, ez belaunaldi horren gehiengo aktiboarena. Interesgarriak dira, oso, elite batzuen bilakaeraz liburuak azaltzen dituen mugarri eta eraldaketak, baina aipatu ere egin gabe zenbaterainoko lana egin zuten elite berriek gizartean pizten ari ziren dinamikak eta ahaleginak berenganatzeko; usurpazio eta suplantazio lana hain zuzen. Lan eredugarria, eta ez zentzurik onenean.
«Beste Handi» askoren porrotaren aroa izan dela dio, Jainko askoren suntsitzearena: «Jainkoa bera, ETA, sakrifizioaren menpekotasun hori, estatua…», aipatu elkarrizketan. Eta honetan, desioaren eta errealitatearen arteko nahastea gerta liteke. Forma aldaketak suertatu direnik ezin uka, baina Beste Handi-en porroteraino?
Are zalantzazkoagoa da Zulaikaren diskurtsoan Bilboren eraldaketak hartzen duen interpretazioak, zeinak leku nabarmena du obraren mamian: «Hiriak dira Krens-entzat [Guggenheim-eko zuzendaria] Don Juanentzat emakumeak diren gauza bera: bere aginte eta botere nahiak asetzeko tresna erabilgarriak». Zulaikaren obraren egituran —Danterenari jarraituz—, Infernuan osatzen da lehen atala, eta sedukzioaren kontakizun honekin abiatzen da Purgatorioa: «Seduktore profesionalaren eskakizunak aurretik eta zuzenean ase beharrak dira… Bilboko agintariek bazekiten egitasmoa apustu bat zela, kasinoan jolastea bezala…». Guggenheimeko operazio hura eskandaluzkoa izan zen orduan, Zulaikarentzat bezala, gainontzeko euskal intelektual progresista gehienentzat. Orain, «konbertitu bat» dela dio, Purgatorio zabaltzen duen kapituluan argi erakusten duen moduan. Distortsioa, hemen, eldarnioaren mailara jasotzen da. Bilbo subjektu bilakaturik, desio eta fedez betea da, eta bere postrazio eta zabarkeriazko itxuraren atzean, gai da erakusteko sekulako ahala duela Don Juan amerikano apetatsuenaren aurrean. Dirua ez da arazoa; mirakuluak beste dimentsio batean gauzatzen dira, eta abar.
Arregik, orduko Jaurlaritzako kultur arduradunak, orain gutxi esplikatu duenez (buruz ari naiz), «ahaztuak dira dagoeneko kulturaren inguruko orduko eztabaidak; hor ere erakusten da egitasmoaren garaipena». «Frank [Gehry], eraiki ezazu atari bat non jendea belauniko erori beharko duen museora sartzean», esan omen zion Krens-ek. Eta lortu du, nonbait, baina ez operazio espekulatibo erraldoi bat, Bilboren eraldaketa urbanistikoaren akuilu… «tragediaren osteko Bilboren ordua heldua zen. Krens izango zen Bilbok hain luzaz espero izan zuen munstro suntsitzailea, Teseo berria», eta horretarako, «enkante etxeen psikologiaz blaitu beharra zegoen politika kulturala».
Zulaikak jasotzen du Oteizaren etsipena: «Denetan izan gara garaituak…», baina haren hitzek baino, The New York Times Magazine-ren 1997ko azaleko titularrak gidatzen du bera Paradisuaren Berri Onera: «The word is out that miracles still occur» [«Zabal ezazue berria, mirariak gertatzen dira oraino»]. Mirari hori Bilbon gertatu da, eta Guggenheim du izena.
Zulaikaren arrazoibidea askoz ere konplexuagoa ere bada; naufragioaz ari da etengabe, ez ditu ahazten operazio arrakastatsu honen zehar-kaltetuak (langabezian eroriak, prostitutak, indarkeriaren biktimak… «lotsatua nengoen nire hutsaltasunaz haien egoera obszenoaren aitzinean»). Esango nuke bere ezintasuna bai dela berak ondo ordezkatzen duen belaunaldiaren zati horrena; arrakastaz aurrera atera direnak kontzientzia txarrari nola aurre egin ezinean. Hamaika haritatik tiraka saiatu da labirintoaren irteeraren xerkan bera ere… Teseo posmodernoa aurkitu duen arte. Eta Teseo/Don Juan horren sedukziozko maisulanaren aurrean errenditu egin da, bere belaunaldiaren panteoi liluragarria izendatuz: Marilyn Monroeren ikonoa irudikatzen duen mirarizko museoa.
Posmoderniaren alderik interesgarrienak eta iruzurtienak erakusten dizkigu Zulaikak, baina hainbeste gogoeta eta aipu iradokitzaileren uholdean itotzeko arriskuarekin: botere orok etengabe daraman ahalegin ideologikoan, hain justu. Eta badakigu zein den edozein boterek arerioak ezereztatzeko erabiltzen duen etengabeko politika: berea ez den edozein aukera suntsitu edo ito, lehenbizi, berea ez den beste aukerarik ez dela aldarrikatzeko, gero: Infernuko Bilbo hura ala Paradisuko hau, guztiz transfiguratua. Nori axola zaio bidean gertatu den suntsiketa sistematikoa? Artistek edo eragile kulturalek ikasi behar dute, behingoz, espektakuluaren parte baino ez direla; kasinoa dela gure tenplu bakarra. Nori axola zaio Marilyn hautsia, hain ederra denean berarekin egin dugun fetitxea?
Lemoizko zentralaren eraikina egun. Juan Gorostidi
Bilboko Guggenheim liluragarria ez da Zulaikaren belaunaldiaren mausoleoa, ezkutuan daukagun Bilbotik hamabost kilometrora dagoen beste bat baizik, niretako: 70eko hamarkadan zehar eraikitako hormigoizko munstro bat da hori. Zulaikak berak seinalatzen duenez, Gernikan abiatu zen aro atomikoaren ondoren etorri zena: Lemoizko zentralaren oskola, hain justu. 80ko hamarkadaren hasieran eta modu ezin traumatikoagoan geldiarazi zen ahalegin hura, eta inork ez daki zer egin harekin 35 urteren ostean. Eutsi egin beharko genioke oskol narriatu horri —Auschwitzen edo Hiroshiman egin bezala—, apaindurarik gabe bere arkitektura beldurgarrian, itsasoaren enbatari eutsi ahaleginean.
Gurea masokismoak egituratutako belaunaldia eta gizartea denez —«Masokistak Amaren agindu gisa bizi du ordena sinbolikoa (erlijioarena, aberriarena, familiarena). Ama da Semearen sakrifizioa exijitzen duena, etab»—, liluraturik ere, ezin dugu salbu atera sedukzio joko histerikoetatik, ez baititugu ulertzen ere… Horregatik da erratua Zulaikaren tesia.