Uste izan dugu blasfemia edo profanazioa bezalako kontzeptuak atzean utziak genituela betiko. Ez da horrela. Sakratuaren kontsiderazioa zutabea da gizakiontzat, kontsiderazio hori Jainkoan ipini edo jendetasunean. Zientziak ez du zutabe hori mugiarazi, eta ez du mugiaraziko ere, bere burua jainkotze ahaleginean ez bada. Sakratua ez da arkaismo bat; begiramena eta errespetua eskatzen duen zerbait baizik. Fikzioa kontsideratzen badugu ere, jendarte baten kohesioari eustea du xede. Horren moduko zerbaiten faltan, kaosa nagusitzen da. Gizakia existitzen denetik, ez da zilegi dena eta edozein gauza esatea. “Jakintsuak dardarka egiten du barre” aipatu zuen Baudelairek, Bossuet-en hitzak gogoan.
“Charlie Hebdoko kazetariak adierazpen askatasunaren martiri gisa dira orain txalotuak, baina izan gaitezen zintzo: azken bi hamarkadetan bere aldizkari satirikoa publikatu nahi izan balute AEBetako edozein kanpus unibertsitariotan, ikasle eta irakasle taldeen ‘gorrotoaren bultzatzaile’ izatearen salaketapean, hogeita hamar segundo baino ezin iraungo zuten. Administrazioak edozein laguntza kendu eta aldizkaria ixteko agindua emango zuen”. Hitzokin abiatzen zen The New York Times egunkarian David Brooks-ek Ni ez naiz Charlie Hebdo izenburupean joan den astean argitaratutako artikulua. Eta aurrerago: “Gutako gehienok ez gatoz bat aldizkari horren umore iraingarriarekin. Agian bai garairen batean, hamahiru urterekin edo, ausarta eta probokatzailea dirudi eta épater la bourgeoisie [“burgesia eskandalizatzea”], gainontzekoen ideia erlijiosoen kontura iseka egitea eta abar. Baina, denbora aurrera, umekeria iruditzen zaigu”. Je suis Charlie Hebdo diogunean, eta lehen talkatik haratago, gure biktimismoa elikatzen baino ezer gutxi gehiago egiten ari gara. Eta, krudela badirudi ere, jasandako sarraskiak ez luke hau estaltzeko balio ukan behar.
Ohituak gara “terrorismo itsuaz” aritzera, “nihilismoaz”. Baina hau ez da horrelakoa. Erailtzen hil diren gizon horiek “Mahomaren izenean” egin dute. Ez al dugu ezer jakin behar Islamari buruz, erlijioei buruz? “Fanatismo erlijiosoarekin ezin da hitz egin, borrokatu baino ez da egin behar” errepikatzen dugu. Baina gure terrorea eragiten duen diskurtsoaz ezer jakin nahi ez izateak bere mamu paralizantea handitu baino ez du egiten; neurriz kanpokoa eta intratablea bilakatu. “Ezein erlijiok ez du Mahomaren diskurtsoak bezainbeste Bakarraren transzendentzia, honen bereizketa handietsi. Absolutuaren aurrean, judaismoak eta kristautasunak ez dute bakarrik uzten giza ahuldadea. Bitartekaritza bat eskaintzen diote, babes bat: Herri batena, Eliza batena. Islamaren Absolutua, berriz, ez du ezerk arintzen; neurrigabea da. Hor dago bere distiraren oinarria” zioen aditu batek[1]. Ez al dugu erlijioarekin zer ikusi duten kontuak denbora baino lehen alboratu, ezagutuko bagenitu bezala, geuk ere gaindituak bagenitu bezala?
Gizarte laikoetakook zenbakiak ipintzen ditugu Absolutu horri aurre egiteko: “Lau miloi manifestatu ziren joan den igandean Frantzia osoan”. Egin al diezaiokegu aurre, sakonetik, modu horretan? Biktimen ohorez atera gara kalera, bai, baina zer eskatzera? Polizia gehiago, dudarik ez. Snowden gizajoa! Zelatatuak izan nahi dugu, kontrolatuak… bizitza baldin badago jokoan. Arrazoia du Houllebecq-ek puntu honetan: itxurakeria guztien gainetik, ez gaude erresistentziaren aroan, sumisioarenean baizik.
Mendearen hasierarekin New Yorkeko 9/11k astindu gintuen. Ondoren, Madrileko 3/14ak; Londreseko 7/7a etorri zen ondoren, Parisekoa orain…, eta ez da aztia izan behar sarraskiak izendatzeko zenbaki kodigo makabro horiek jarraipena izango dutela aspaldian ezagutzen dugun ekintza eta erreakzioaren logikaz. Egia da, baita ere, gure artean bizi diren musulmanei atxikitako arazo bat dela lehenik eta behin –ETArena euskaldunen arazo bat zen eta den bezala–, baina mundua gero eta bakarragoa den heinean, sekula itzali ez diren gerra guztiak “mundu gerrak” dira eta jarraituko dute izaten, gero eta nabarmenago.
Besteek egiten dutenagatik sentitzen gara suminduak eta epaitzeko gai, eta ez guk egiten dugunagatik, edo gure inplikazioagatik. Gauzak maila honetan iraultzen ez ditugun bitartean, bere horretan jarraituko dute, ezin izango dugu madarikaziotik libratu, politika antiterrorista gora-behera.
[1] Hitzok eta testu honen hainbat ideia Jacques-Alain Millerren L’Illusion lyrique artikulutik jasoak dira. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.