(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran)
(“Koipeztatzailea! Jo eta su koipeztatzailearekin!”)
Alessandro Manzoni, I promessi sposi (“Ezkongaiak”), 1827
Italiar guztiek ezagutzen duten obraren pasarte horrekin hasi zuen Giorgio Agambenek bere Contagio artikulua: “Koronabirusaren epidemia deituriko honekin Italian zabaldu nahi den izuaren ondorio zitalenetako bat kutsaduraren ideia bera da, gobernuak hartutako aparteko larrialdi-neurrien oinarrian dagoena. Ideiak, medikuntza hipokratikoarekin zerikusirik ez zuenak, 1500 eta 1600 bitartean Italiako hiri batzuk suntsitu zituzten izurrietan izan zuen lehen aitzindari inkontzientea. Untorearen irudia da, Manzonik betikotzen duena, bai eleberrian, bai Storia della colonna infame (Zutabe doilorraren istorioa) saiakeran. Gobernuaren azken neurriek gizabanako bakoitza kutsatu potentzial bihurtzen dute, terrorismoaz arduratzen direnek herritar bakoitza terrorista potentzialtzat hartzen duten bezalaxe. Analogia hain da argia, ezen aginduak betetzen ez dituen kutsatu potentziala, kartzelarekin da zigortua. Bereziki ikusezina da eramaile osasuntsu edo goiztiarraren irudia. Eramaile osasuntsu horrek jende ugari kutsatu ahal duelako, haren aurrean defentsarik gabe daudelarik”.
Hor gabiltza geu ere “normaltasun berrira” eta “txertoaren zain” gauden honetan: denok elkarren zelatari nork betetzen edo hausten dituen agintariek edo norberak ezinbestekotzat jotzen dituen arauak. Gerra sasoietan bezala, sintoma paranoikoak garatzen.
Mozala –musukoa, nahi baduzue, maskara– objektu bereizgarri egin zaigun honetan (trafiko espekulatzaileko produktu, osasun eta beste hainbat langileen babes tresna ezinbesteko, garraio publiko eta beste hainbat lekutan derrigorrezko, eta aire librean ibiltzeko gero eta gomendagarriagoa), ezin ahantzi urtetan eta hamarkadatan sustatu dugun eztabaida sutsua: “Onargarria al da emakume islamiarrak aurpegia eta gorputza –burka, burkini, niqab, txador, al-amira, hijab, xaila…– estalita gure artean ibiltzea? Zer da estalki horiekin estaltzen dutena; zeren edo noren izenean; zeren edo noren aurka; zeren edo noren aginduz?”. Entzuna dugu Txinan lintxamenduak gertatu direla pandemia hedatu ondoren, norbait kalean mozalik gabe zebilelako… Ez dira txantxetarako kontuak.
Bestalde, asko kexatu gara azken bost urteetan Espainiako gobernuak indarrean jarri zuen mozal-legeagatik, hemengo poliziek hain gogo onez bete arazi dutena, “eskumen autonomikoetan interferentziagatik” agintarien protestarik gabe. Baina, harrigarriki, badirudi denok gaudela prest onartzeko zerbait are badaezpadakoa, eta justifikazio zientifiko edo arrazional oso zalantzagarria duena. Modazko diseinatzaileak hasi dira haien bilduma berrietarako prestatzen: horra azken muga beldurgarria.
Orain gutxi arte diskriminatzailea eta arbuiagarria zena, otzanki onartzen dugu kutun magiko baten modura. “Infernua besteak zirela” aspaldian genekien, baina hilabete batzuk lehenagoko begirada batez harrituko gintuen obedientzia-bulkada batez, urrunago nahi dugu iritsi oraingoan: “Ez ukitu, ez besarkatu, ez hurbildu; ezta zure burua ere, zeu baitzara duzun etsairik zitalena!”.
Gogoratzen al duzue ez horren aspaldian hedatu zen “besarkadak musutruk” kanpaina xelebrea? Daramagun bidetik segitzen badugu, berehala hasiko dira zurrumurruak: badirela leizeak eta oihanetako leku ezkutuak non jendea elkartzen den legeak hautsi eta elkarri eskua emateko, edo besarkatzeko edo musukatzeko… Eta ondo baino hobeto dakigu denok zertan amaitzen diren kontu lizun horiek guztiak!
Ikusi:
Maskara eraginkorra al da birusetatik babesteko?
“Ez jarri maskararik haurrei, umeen beldur diren helduek jar dezatela”