1

DOLU BATERAKO ARRASTOAK. Hiru sarrera berri

ZAZPIGARREN HERIOTZAren paperezko edizioan argitaratu gabeko hiru sarrerok liburuaren bigarren aldeko atal bakoitzari dagokie:

GURE MENDEA

4-ryan-1981

XX. mendeko une latzenetik libratu ginenen historia bat da hemen kontatzen ari naizena, mende horren hasiera markatu zuten inoizko suntsiketa masibo eta planifikatuen ondorengoena. Halere, 70eko eta 80ko hamarkadetatik egungo egoerara egin diren ibilbideak aztertzeko orduan, ezinbesteko da atzeragoko jauzia egitea, gure aurreko belaunaldiek bizi izan zutena kontuan hartuz. Galdera da zergatik eta, batez ere, zeren kontra eraiki ziren guk atzera bueltarik gabekotzat genituen XX. mendeko azken hamarkadetako aldaketak. Erresaka batean bizi baikinen gehienetan, ustez ekimena hartzen ari ginenok eta, aldi berean, azken joera berritzailetzat genituenak remake higatuak baino ez ziren, anakronismoaren ezaugarriez lastatuak.

Gure aurrekoak ez bezala –industrializazio aurreko jendeaz ari naiz– ideia eragile nagusi batek elikatzen gintuen. Liluratzen gintuen ideia hori “behin-betikotasuna” zen: gainditu behar genuen behingoz injustiziaren zentzugabekeria. Aurrekoak, izan ere, bizirik irauteko zortea izan zuten gutxiengoaren parte zirelakoan bizi ziren –estatistikoki gauzak modu horretan ez baziren ere–; familia barneko gaixotasun hilgarrietatik edo gerrate suntsitzaileetatik nolabait libro. Guri, berriz, ezabatu egin zitzaigun kontzientzia hori, eta, aldi berean, munduaren egitura injustuekin behin betikoz amaitzeko deituak sentitu ginen. 70eko hamarkadan, XIX. mendean piztu ziren ideario eta mugimenduen arrastoan jarri ginen, jakin gabe “Azken Borrokarako” grina hura oso aspalditik zetorren irrika bat baino ez zela, kristautasunak iragartzen zuen “Azken Eguneko” justizia erabatekoaren biharamuneko esperantza, hain justu; erlijioak berak mendeetan zehar ideia horri emandako korrekzio edo egokitze zantzurik gabekoa, oraingoan[1]. Baina, aldi berean, askoz ere hurbilagotik zetozkigun aldaketen barruan bizi ginen: ordura arteko sistema produktiboak –gehiengoaren eskasian bermatuta sortua zena– bere mugarekin egin zuen topo, eta aro berri baten hasierari ekin zion. Ondorioz, oparotasun materialaren erabateko erreinura izan ginen gonbidatuak, merkatu ahalguztidun itxuraldatu batera. Kontentzioa eta sakrifizioa balio nagusitzat zuen kontzientzia batetik, kontsumoaren jai eternal bat akuilatzen zuen itxuraz kontrakora izan ginen behartuak.

Horrek guztiak sekulako pertzepzio-distortsioak eragin zituen; borroka latzen ondoren lortutako zenbait esparru –emakumeen eskubide formalak edo sexualitatea bizi ahal izateko askatasuna, esaterako, eta beste hainbat “lorpen demokratiko”–, hamarkadetan zehar “esparru liberatu” gisa irudikatu izan genituenak, borrokatzen genuen sistemaren zutarri bihurturik sumatzea ulergaitz egiten zitzaigun, aldaketa honen esanahia eta helmena ulertu ezinean. Jendartearen erotizazioaz gogoetatu behar beraz, hasteko, disperzepzio horretatik libratuko bagara, eta, ondoren, “irrika askatzaile” gisa sumatzen ditugun hainbat grina erlatibizatu edo behar bezala kokatu beharko ditugu. Gurean, halere, 70eko urte gogorretan inork gutxik  irudikatzen zuen atzerapen eragile nabarmen batekin egin behar izango genuen topo: erabat anakronikoa bilakatu zen indarkeria politiko baten jarraipenarekin, hain justu. Hartan zebiltzanek ezin baitzuten ulertu “gogorrago jotzeak” ez zuela zertan ekarri behar “gehiago aurreratzea”. “Ahal dugu, beraz, egin dezagun” pentsamoldearen logika ez dela berez logika askatzailea. Beste modu batera esanda, muga etiko bat ezinbesteko da ezein politika askatzaile baterako, eta, bestela, aurrerapenaren izenean jaiki dena atzerapen bihurtuko da, eta, uste baino gehiagoetan, progresismo erreakzionarioaz aritu beharko dugu.

Tantaka eta asko kostata azaleratzen ari diren ETAren osteko hainbat testigantzari erreparatzea argigarria izan liteke aurrekoaren dimentsioaz jabetzeko, eta baita ere irudiz beste norabide bat duen joera “baikorrari”.  Modu sinplean adierazita, ETAren iraupen tematia gertatu behar ez zitzaigun menturazko istripu baten moduko gisa kontsideratzea ia, fundatzaileen asmo eta helburuen aurka bilakatu den fenomeno morbido gisa. Joera horrek etengabeko errebisionismo batera eraman gaitu; buruzagi edo aldi zehatz baten ontasuna edo egokitasuna goraipatu eta haren ondorengoaren zorigaitza gaitzestera, alegia. Zurikeria horietan aritzeak norbaiten zama arintzea ekar lezake, baina fenomenoaren azalean geratzera kondenatzen gaitu.

KALTEAZ, DAMUAZ, KONBERTSIOAZ, ERREPARAZIOAZ

5-joxearregi_jkunzurrunzaga

Gero eta zailagoa egiten da aurreko baieztapenen gaurkotasunean sinestea –  “Hitzez beteta gaude zeinen benetako esanahia inork ez digun erakutsi… Ebanjelioko Jainkoagan sinesten dugu…”–. Nork esan lezake horrelakorik egun, sekta zimel eta susmagarriren baten kide gisa seinalatua izan gabe? “Gizartearen erotizazio orokorrak eragindako inplosioa izan da gure heroien mundua eramangaitza bihurtu duena” aipatu dut arestian, eta XX. mendearen ezaugarria –Errealarekiko irrika– erabat eta behin betikoz atzean utzi dugula errepikatzen digute kontratatzen ditugun adituek, uneoro, publizitatearen indar limurtzaileaz. Zertara dator, beraz, bortxaz eta indarkeriaz oraino jardutea? Nola tematu horrekin egunero geure buruei diogunean ez dugula bortxarik onartzen, eta, baldin bada, geure esparru geografikotik edo eremu politikotik landa irauten duela, hor nonbait, gero eta ulergaitzagoa egiten zaigun bazterreko fenomeno lizunen moduan?  Emakume bortxatuek, egunero merkatutik at geratzen diren milioika miserableek, haur abusatuek, herri bonbardatuek, kartzeletan usteltzen diren giza hondakinek… ez dute gurekin zerikusirik.

Gero eta urrutiago geratzen zaizkigun gertakari tamalgarriak izan ziren behinolako bortizkeria, akzio-erreakzioaren muturreko jarduna, torturak eta erresistentziarako deiak. “Eraikuntzaren sasoian” gaude orain, eta bazterrera kondenatua izan nahi ez baduzu, ahaztu behingoz gorrotoa, kaltea, mendeku-gosea. Eta amesgaiztoek bakerik ematen ez badizute, kontratatu psikiatra on bat edo iraganetik libratuko zaituen xamanen bat, behinik behin. Irabazleentzat, euskal bortxa politikoa gertakari kriminalekin zerikusirik baino ez duen zerbait izan zen. Galtzaile mota guztientzat, berriz, patu tragiko baten ondorio tamalgarria. Bizitzarekin ordaindu zuten batzuek, tortura eta hamarkadetako kartzelarekin beste batzuek. Zauriak sendaezinak direnean ere, exorzismoa praktikatzen jarraitzen dugu, teknologia aurreratuenekin itxurak egiten.

Behinola borroka armatuarekin engaiatu eta beren ekintzen bidegabekeriaz jabetu direnen artean, ausartu dira batzuk publikoki onartzera eta, “autokritika eginez”, eragin zituzten biktimei barkamena eskatu eta “justizia, egia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez delako bermea” errebindikatzera. “Zer egin daiteke konponezina den akats bat neurri batean konpontzeko?” galdetzen du Jonan Fernandezek Langraiz bisean bis, ETAren disidentziarekin aurrez aurre liburuaren hitzaurrean. Eta ihardetsi: “Galdera horiei erantzun inperfektua emateko tresna bakarra autokritika da. Autokritikak giza balio sakona eta irismen handiko balio politikoa du”. Delako autokritika horren esanahia eta helmena da, halere, zalantza sortzen duena liburu horren orrialdeetan aurrera egin ahala. Gauzatu den disidentziak ez al du xahutu gizatasunaren eta politikaren gaineko ezein gogoeta sakonik? Hemen ere, azkarregi amaitzeko larritasuna antzematen da.

Prozesu autokritiko hori deskribatzerakoan hiru urrats seinalatzen dira: “arrazoi pragmatikoak izan ziren lehenbizi [borroka armatua arbuiatzeko], estrategiko-politikoak gero eta, azkenean, etikoak”. Zer esan nahi da “arrazoi pragmatiko” horiekin? Gero eta konplikatuagoa zela hasiera bateko eraginkortasuna? Eta “estrategiko-politikoekin”? Helburuak lortzera –independentzia, sozialismoa, herriaren askapena…– hurbildu beharrean, aldendu egiten zituztela helburu horien arerioak indartuz? Eta “etikoekin”? Gero eta eramangaitzagoak zirela ekintzek eragiten zituzten kalte pertsonalak, azkenik “eragindako min bidegabearen errekonozimendua eta biktimekiko enpatiara” iristeko? Ez dut uste konklusio hauetara heldu direnei ere gehiegi kostako zaienik onartzea ondorio horietara ailegatzeko ez dela “sakontasun” handia behar. Aitzitik, arrazoibideari gutxieneko zirrikitua zabaldu zaionean, sentimenduen jarioa edo uholdea aktibatu da –lotsarena, kulparena– , eta horrek hasierako “bizia emateko kemena” dagokion lekuan jarri du.

Niretzat deigarriena, halere, zera da, zenbatetan aipatzen den “koherentzia” hitza zerbait esatera ausartzen direnen artean: “ETAn sinesten nuenean kontsekuente izan nintzen sinesten nuen hartan eta sakrifizio izugarria egin nuen, eta gero, alderantziz, utzi nuenean ere uste dut kontsekuente izan naizela” (Kepa Pikabea); “ETAn derrigorrez sartu behar nintzela uste nuen neure buruarekin koherentzia mantentzeko, zeren benetan horretan sinesten banuen ezin nintzen konpromisoari atzea emanda geratu, nahiz eta askok hala egin zuten…” (Carmen Gisasola). Berrogei urte inguruko ibilbide sufritu baten ondoren, duintasunari eusteko ahalaz jendarteak onar dezakeen gutxiengora heldu dira taldearen gehiengoarekin hausteko gai izan diren disidenteok. Aitortu behar zaie hori, baina erakusten dutena da haientzat irtenbide posiblea bakarra aurkitu dutela beren buruekin zuten konponezintasunarentzat. “Elkarrekin bizi behar dugu. Eta gizaki gisa gure balioa ez da ideologian oinarritzen, gure giza nolakotasunean baizik” onartu ostean, “gertatu zenak inoiz ez zuela gertatu behar” mantra gisa behin eta berriz errepikatzen digute, hitz horiekin Historiaz kanpo geratzen direlarik.

Hainbatetan gertatu bezala –Ebanjelioko etxekaltearen parabola ezin ahaztu– damu zintzoa erakusten dutenak onartuak izango dira berriz ere Aitaren etxean; Aita mendekuaren irrikari eusteko gauza izaten baita, bere aginte erabatekoari men egitearen truke. Baina damu horren gaineko haien gogoetetatik –berdin du hemen “autokritika” edo “disidentzia” terminoekin apaintzea– zerbait zabalagoa eta sakonagoa eska dakiguke. Ez da aski indarkeria tabuaren gela ilunean beste behin giltzapetzearekin, egunerokotasuna eta botere-harremanak bortxaren gainean eraikita daudelako gogoeta ezkutatzeko. Ez da aski bizi izan dugun gerra-egoeran hainbat gertakarik –tortura kasu; egunerokoa sostengatzen duen hainbat bortxa “ez politiko” bezala– izan duten eta oraino duten funtsezko lekua ahazteko. Ezta borrero eta biktimen arteko arrakala zeharkagaitza deklarazio formalez eta antzeztutako mea culpaz estaltzeko ere.

Urrutira jo dut datozen orriotan adibide eta testigantza gordinen bila: Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian ibilitako baten torturari buruzko gogoetara; Indonesian CIAk hauspoturiko estatu-kolpearen ondoren berrogeita hamar urtez indarrean dirauen erregimen odolzale lizunaren testigantzara, edo hainbat fikzio-lanetan gordinki tratatzen den borrero eta biktimen arteko topaketa Errealetara. Aski nuen gure artean laurogei urte pasata ere erdi ezkutuan dirauten ehunka mila sarraskiri erreparatzea, hiru urte iraun eta ondorengo lau hamarkadaz luzatu zen Espainiako gerra zibilari eta haren ondorengo irabazleen trantsizio eredugarriari erreparatzearekin. Baina batzuetan gardenago ikusten dira gauzak –hemengoak eta nonahikoak direnez– urrutiko trazu aratz batzuez. Europa osoa eta munduko beste zenbait lurralde suntsitu zituzten XX. mendeko lehen erdiko gerren ondoren, asko pentsatu eta idatzi da “besteen aginduetara” gauzatutako sarraskiez, eta nago gure arteko borreroek ere Beste norbaiten aginduetara ibili zirelako sentipena dutela. Testuinguru honetan, merezi du Canetti-ren hitzak gogoratzea:

Gauza jakina da inoren aginduetara dabiltzanak direnik eta ekintzarik makurrenak burutzeko gai direla. Agindu horien iturria agortzen denean eta haien ekintzak aurrez aurre begiratzera behartuak direnean, haiek berek ezin izaten dute beren burua errekonozitu. […] Gerora daramaten bizimodua bestelakoa da, ekintza haiekin kutsatu gabea. Ez dira sentitzen hobendun, ezta ezertaz damutzen ere. Ekintza haiek ez dituzte barrendu. Normalean, beren ekintzak ebaluatzeko gaitasun osoa duten pertsonak dira. Beren ekimenez egindakoak espero zitekeen aztarna uzten die. Lotsa sentituko lukete probokatu ez dituen izaki ezezagun eta babesgabe bat hilko balute. Inor torturatzeak higuinduko lituzke.

[…] Ezten bat geratu zaie gauzatu duten agindu bakoitzeko. Baina ezten hori arrotza zaie, jaso zuten agindu hura bezain arrotza. Nahiz eta haiengan betiko iraun, eztena ez da inoiz haiena izango, zer arrotz gisa sentituko dute beti. […] Eztendunak ez du bere burua akusatuko, eztena baizik, zer arrotz hori; hura da benetako erruduna, eta soinean eraman behar du, askatzen ez zaionez. Zenbat eta arrotzagoa sentitu agindu bat, orduan eta erruduntasun txikiagoz blaituko gaitu eta orduan eta nabarmenago iraungo du ezten arrotz gisara. Eztena bera baita lekukorik behinena frogatzeko ez ginela gu geu izan dena delako hura egin zutenak. Eztenaren biktimak sentitzen gara, beraz, eta horrek galarazten digu benetako biktimarekiko inongo sentimendurik izatea.

[…] Historia luze baten ondoren, aginduak izaera konpaktua eta itxia du, eta berdin da zein ikuspuntutatik begiratzen diogun, aginduak gaur egun duen izaera hori bera da giza elkarbizitzak duen elementurik bakandu arriskutsuena. Kemena behar dugu aginduari aurre egin eta haren ahala borrokatzeko. Bitarteak eta bideak aurkitu behar ditugu gizabideari eusteko haren inposaketaren aurrean[2].

Atzera egiten dugu ikaratuta bortxak bere maskarak kentzen dituenean, baina ez da erreakzio hori estaltzea –bakeaz edo anaiarte jainkotiar edo gizatiarren goraipamenez– gogoetaren funtzioa, inpaktuari eutsi eta haren erro sakonetan pentsatzea baizik. Horregatik amaitu dut atal hau gure artean nagusi den egitura psikikoaren inguruko hainbat apunte egiten.

FETITXEAK, AUTONOMIA

6-lemoiz_gaur_jgorostidi

Ez da orrion helburua ekintzarako formulak aldarrikatzea. Aitzitik, ekintzarako konpultsioari eutsi eta ezinbesteko dolu baten premiarako lanabesak eskaini nahi lituzkete. Ahalegin honetan, bi ildo argi gurutzatu dira etengabe gogoetan, subjektibitatetik –eta subjektibitate horren gauzatzeak edo ukatzeak dakarren ondorioetatik– nahiz dimentsio kolektibotik zabaldu direnak: politikoa bata, etikoa bestea. Jarduera politikoekin zerikusirik (ia) ez balute bezala tratatzen ditugu motibazio, aukera eta hautu pertsonalak. Baina arlo batean ditugun korapiloak askatu gabe, katramilatuak geratzen gara bestean; edo –are era penagarriagoan– bateko ezintasunak bestean konponduko ditugulako ilusioarekin nahasten gara: “Herri gisa –edo Klase, Genero edo beste ezein Kolektibo gisa– erdietsi behar dugu Hau edo Bestea, eta soilik orduan izango da Dena posible –eta ezer ere ez bitartean–” edo, alderantziz, “alferrik gabiltza kanpora begira, Dena geure baitako arazoaren proiekzioa baino ez baita”.

Horrexegatik hartuko dute fetitxeek –jarduera subjektibo bat kalifikatzeko erabili ohi den kontzeptuak – leku nabarmena datorren atalean. Masokismoarekin gertatu bezala, gero eta erabiliagoa da “fetitxe” terminoa diskurtso ideologiko-politikoetan, baina horrek ez du esan nahi kontzeptuok duten inplikazio sakonez jabetzen garenik. Iheskorrak baitira, edo behin eta berriz egoera birpentsatzeko eskatzen diguten horietakoak. Fetitxismoa –nahiz masokismoa– ez da joko inozo edo perbertso bat, norbere intimitateari dagokion kontua, gure harreman-sare guztiak zeharkatzen dituen “sintomaren ifrentzua” baizik. Bortxa, Iraultza eta Nazioa gaitzat hartu ditut haiekin dugun joera fetitxistaz aritzeko, gure eguneroko jarduna blaitzen eta baldintzatzen dutenez. Horren ondorioetako bat: fetitxeak harrapatuta, errealitatetik kanporatuak suertatzen gara, eldarniora kondenatuak. Zenbat eta kemen handiagoa jarri gure ekinean, orduan eta kaltegarriagoa haren ondorioa. Ondorengo ezina, frustrazioa, horren seinale da.

Jarduera politikoak berezko duen usurpazioaz eta suplantazioaz aritu naiz hasieratik. Ustez aldarri askatzaileen izenean egindakoek hainbat belaunalditan gurean izan duten eragin maltzurrei begira jardun dut. Nire barne-erbestea ez zen izan gutxiengo bati gertatu zitzaigun zehar-kalte ezinbesteko modukoren bat, ezkerraren frakasoari loturiko fenomeno orokorra baizik. Nago azken hamarkadetan kolektibitatearekin engaiamenduren baterako joera erakutsi eta gauzatu duten hamarretik bederatzi bazterrean geratu direla, lehenago edo beranduago, aho-zapore mikatz batez, “lerro zuzena” markatzen zuten komisario politikoen jazarpen bortitza pairatu ondoren. Eta, segidan, “bizitza pertsonalaren irtenbide erosora” bere kabuz erretiratu izanaz akusatu dituzte haiek berek.

Gero eta gizon-emakume gehiago dira, milioika, jaio diren unetik ezerezera bultzatuak, munduko populazioaren erdia, lan- eta kontsumo-merkatura ailegatzeko ia inongo aukerarik gabe, eta, mende berriarekin, guztia konponduko zuen progresoaren amets inozotik esnatzen ari omen gara. Multzo horretan erori ez garenen artean, beste erdian, gutxiengo gero eta murritzago batek bereganatzen ditu ondasunen %90 –populazioaren %10en batek, Erregimen Zaharreko nobleziak osatzen zuen antzeko portzentajeak– eta, bien artean, “Mendebaldeko balioen defentsaren izenean” gero eta azkarrago desitxuratzen ari den egoera txukun samar bat defendatzeko, bereak eta bi egiteko prest dagoen “klase ertaina”. Batez ere Mendebaldean bizi den erdiko klase horrek –gainontzeko %40 hori– munduko errekurtsoen %14 du bere eskura. Orriok irakurtzen dutenen artean –eta beren burua euskaldun bezala sentitzen direnen artean, orokorki– oso gutxi izango dira azken talde horretatik kanpo, nahiz eta, esan bezala, murrizketek eta prekarizazio orokorrak gero eta atzaparkada gehiago eman. Sumindurik ere, eutsi egiten diogu gure esparru pribilegiatua mantenduko dugun ilusio eta nahiari, eta, Munduaren Titanic-a ondoratzen ari den honetan, gure gela txukun samarrean entretenituta gabiltza museko partida nork irabaziko duen. Gobernu eta Estatuen gainetik dagoen nobleziak oso erraz dauka Beste beldurgarri bat elikatu eta “Mendebaldeko balio negoziaezinen” izenean gero eta politika bortitzagoak ezartzea, inork gutxik jarriko baitu zalantzan “terrore itsuari” aurre egiteko, neurri guztiekin ados ez egonda ere, halabeharrezko gaitz baten modura onartzearen premia.  Bitartean, XX. mendearen erditik pitzatzen hasi zen politika kolonialista klasikoak lekua egin dio “Estaturik gabeko” eremu gero eta zabalagoari, bertako jauntxoekin errazagoa baitu noiz bonbardatu, noiz negoziatu edo noiz adiskidetu erabakitzea.

Zein aukera geratzen zaigu guri –tarteko kopuru pribilegiatuari– gero eta hedatuago dagoen faxismo soziologiko bati, gero eta neurri defentsibo eta erasokor gogorragoak eskatzen dituen bati horri aurre egiteko? “Politika berrien” izenean ari garenean ere, politika-espektakulu baten ereduan xahutzen ditugu indarrak nire ustez. Eta pentsamendu magikoa nagusitzen da kolore guztietako kudeatzaile prestuen artean: “Administra dezagun uzten diguten apurra, aurrekoak bezala krisi hau ere pasako baita, zergatik, noiz eta nola inork ez badaki ere”. Inozoa ala maltzurra behar da izan horretan jarraitzeko, gero eta nabariagoa denean hitz horiek ezkutatzen dutena: “Elkartu gaitezen mundu honetako irabazleekin; eta noblezia selektoaren klubean sartzea lortuko ez badugu ere, hobe betiere haien itzalean ibiltzea”.

Intentzio osoz ekarri dut Lemoizekoa beste behin liburuaren azken alde honetara. Izan ere, garai ilunetan gurean eraiki eta borrokatu zen totem honek ezin hobeto islatzen eta gogorarazten dizkigu gure mundua zeharkatzen duten benetako indar-eragile ahaltsuenen desmasiak. Hainbat kontutan eredutzat ditugun AEB, Japonia edo Frantzia nabarmendu dira zentral nuklearren “erabilera baketsuan”, eta erabilera horrek zorigaiztoko Harrisburg, Chernobil eta Fukushima famatu ditu, aldi berean. Oztopatu egin genuen eredu horren gauzatzea orain 40 urte, baina urruti gaude eredu haiek gainditzetik. Horregatik jarraitu beharko dugu entzuten Laboa zaharraren ahots ero-goxoaren oihartzuna Lemoizko oskolen artean.

Eta (ez) amaitzeko, autonomia onartu ezin duen politika askatzaile ororen iruzurraz aritu behar. Atzera-aurrera eginiko ibilbide honetan, aurrerago botako dudana datorkit, dezente errepikatu dudan susmoarekin: “geurea uste genuen ekimena, baina beste batzuengan zegoen”. Konstatazio hori kontuan hartu ezinak eraman ditu behin eta berriz galbidera ustez askatzaileak ziren ahalegin franko. Eldarnioa da ahalegin horien atzean zegoen jarreraren izenetako bat, eta politika-espektakuluaren ezinbestekotasunaren larritasuna da eldarnio horren gaurkotasunaren ezaugarrietako bat. Etsigarria ere bada politika horretara jauzia egiten dutenen artean nola makurtzen dituzten bat-batean beren hizkuntza eta pentsaera topiko antzuetara eta ideia kamutsetara. Merkadoteknia politikoaren gailentzea ez da nahitaez garai hauetako fenomeno saihestezina, beste zerbait berriren aukera ahularen seinalea baizik.

[1] Eliza katolikoaren kasuan, labur geratzea litzateke hori, Elias Canettiren aburuz, horren zergatia eta funtsa masek pizten duten oldarrei aurre egitea baita: “Bat-bateko masa-eztanden arriskugarritasuna, azkar zabaltzeko duten erraztasuna, haien inprebisibilitatea eta, batez ere, distantzien lasta ezabatzeko duten gaitasuna, eta hor lehen planoan jarri behar dira eliza-hierarkiak berak ezarritako distantziak, horrek guztiak oso aspalditik ekarri zuen Elizak bere etsai nagusitzat jotzea masa askea eta haren aurka egitea bere ahal osoz”. Masse undMacht, 1960 (gaztelaniaz, Masa y Poder; frantsesez, Masse et Puissance).

[2] Masse und Macht aipatua.




“ALDATU BEHAR DUZU ZEURE BIZITZA”

Ezinezko erronkak gainditzen saiatzen gara, txikitatik gure buruak apaldu ditugu, bizitza osoa marmolezko tentsioak malgortzen digula. Aldaketa ordena absolutuari behingoz muzin egiten bagenio: deboila larrien arduradunak ez dira sekula… barkatu marmaratzera plegatzen.

Hitzokin amaitzen da udazken berri honetako igandeko egunkarian Itxaro Bordak Aldatu behar duzu zure bizitza liburuari eskainitako artikulua. Gazteleraz argitaratu zenetik (Pre-Textos, 2012)[1], ondoan dut Peter Sloterdijk-en gogoeta mardula. “Atropoteknika”ri buruz ari dena; edo “Bizitza ariketa/jarduera bailitzan” edo “Giza seme-alabaren tentsio bertikalera egindako espedizioa”. Ia seiehun orrialdeko lanak ez du alfer berbarik, eta ezagutzen ez dugun baina gure habitat naturala den oihanean barneratzera gonbidatzen gaitu.

Badira zenbait urte liburuari buruz idatzi nuen gonbidapena da segidan datorrena.

sloterdijk-por-peter-rigaud

PRODUKZIO AROTIK ARIKETA SASOIRA

         Modernoa deritzo giza indarrak, sekula ez bezala, lanaren eta produkzioaren inguruan antolatu diren garaiari. Antzina, aldiz, ahalegin handienak ariketa eta perfekzioaren bilaketan egiten ziren.

Testu filosofiko batek eduki dezakeen arazorik larriena “autoerreferentzialtasuna” da, korporaziokoentzat baino ez izatea. Peter Sloterdijk (Karlsruhe, 1947) hasieratik saiatu da hesi hori hausten[2], baina gaia “erlijioa” denean (“erlijioen itzuleraren ipuinaren kritika”, editorearen hitzetan), bi hesi gehiago altxatzen dira idazlearen eta irakurleen artean: sinesleen hesia eta sinesgabeena. Lehen hesiak lelo hau dakar: “sinesmena dohain bat da, ez du arrazoiarekin edo nahimenarekin zerikusirik”. Bigarrenak, berriz, horri buruz esan beharreko guztia esana dagoela, eta gaira itzultzea denbora galtzea edo arerioari amore ematea baino ez dela. Horren korapilatsua delako agian, zenbait oztopo gainditu ondorengo irakurketa irudikatzen dut liburu hau. Eta oztopo bakoitza, malda gogor bat da, zeina igo ondoren, ustekabeko lekuz jositako landa zabal baten aurrean izango baikara.

Erlijioaren gaia nahiko aldapa ez, eta izenburutik beretik jartzen zaigu bigarrena: nornahi uxatzeko inperatiboa. Kirrinka egiten baitu agindu orok, mandatari kontzientzia sentiberadunon baitan. Probokazio eta akuilu gisa uler zitekeena, pretentsio askoz sakonagoz dator hemen: “erlijio guztien azken laburpen bat egin nahiko bagenu -ordenen edo sekten programak, barne-garapenerako ikasbide guztiak, meditazio edo ariketa gidak barne- Rilkek Louvreko Apoloren irudiaren aurrean idatzitako hitzokin geratu beharko genuke: “…ez baitago hemen zu begiratzen ez duen ezer. Aldatu behar duzu zeure bizitza![3]. Agindu absolutu baten aurrean baino ez gaude, beraz, bakoitzari zuzendutako iraultza baten agindupean, zeinaren arabera, bizi duguna ez da benetako bizitza. Ez pentsa, haatik, pietatezko panfleto profetiko baten aurrean gaudenik.

yogagangesen

Kontzientzia modernoak bere buruari ezarritako zeregin nagusia latentzian zegoena agerian jartzea balin bada, “aurre egin beharko diogu azken bizpahiru mendeetan Europan zabaldu zen ustekeriari, erlijioak badirela, alegia, edo badela zerbait fede gisa izendatzen duguna” (18 or.)[4]. Erlijiotzat aipatu horiek “antropoteknika” sistema batzuen albo-ondorioak baino ez lirateke. Liburuaren tesi nagusi honen inguruan dabilkigu egilea: zein izaera dute giza eraikuntza baterako trebatze teknika horiek eta, ondorioz, nolakoak erlijiotzat onartu edo arbuiatuak izan diren albo-ondorioak.

ERLIJIOA JAINKOAREN HERIOTZAREN OSTEAN: ASZESIAREN SEKULARIZAZIOA

Bigarrena argitzeko, “erlijiozaletasunaren” bost arau azaltzen dizkigu egileak. Lehena giza gaitasun bat litzateke, subjektuaren eta objektuaren leku aldagarrietan ipintzeko daukaguna. Eta hemendik sortzen da bigarrena, aipatu inperatibo absolutua. Hirugarrenak “zerbaiten posibilitatea bere ezinezkotasunean datzala” dio, horixe baino ez baita sineslea, enpirikotasuna alboratu, eta benetan existitzen den ezinezkotasunaren eremuan barneratzen dena. “Ezinezkoa denarekin artistak duen tratatzeko malgutasuna lortuko du arau honekin saiatzen denak ” (96 or.). Laugarrena, artistei dagokie bereziki, eta perfekzioaren ideiatik dator: “inoiz edo behin helburu idealera helduko zara” dio. Azkenik, batek onartzen du tratatu ezin den zerbaitekin ari dela tratutan, bizitzaren suntsipenak beste gain-errealitate batera amiltzen duen ustearekin.

Bost arauon gainean aritzeko, Rilke, Kafka eta Cioran ditu Sloterdijkek bidelagun, eta liburu mamitsuan darabilkigun ariketa “budista paristarraren” jarrera erabiliz erakutsiko digu: ezin perfekzioan sinetsi, ezta eszeptikoaren erabateko probisionaltasuna bereganatu ere, gelditzen diren hondarrekin jarduten uzten digularik… Kitzikagarria da bere tesian barneratu aitzinean eskaintzen zaigun trantsizio-atala:  “Ez dago erlijiorik: Pierre de Courbertinetik L. Ron Hubbardera”. Ezen, bere ustez,  1900. urtetik aurrera “neoatletismoa” eta kirol modernoa baitira aszetismoaren (eta psikismoaren) sekularizazio prozesuaren ezaugarririk nabarmenenak. Fikzio egile baten asmakizuna, egungo erlijio arrakastatsuenetako bat izatea -delako Zientziologia– “mistika informalaren” garaipenaz ari zaigu.

Bere aurreko filosofoen artean, Nietzsche, Wittgenstein eta, bereziki, azken sasoiko Foucault ditu egileak bidelagun. Eta, hasteko, lehenengoaren agindu teologikoari aurre egiten dio: “zure eginbeharra da sortzaile bat sortzea”, nahiera artistikoarentzat etorkizuna mugarik gabeko aukeren esparrua bilakatzeko agindua, alegia. Hortik dator aszesiaren egokitasuna, eta gorputzaren zentraltasuna edozein sormen ahaleginean. Halere, Sloterdijkek dio Nietzsche “ilusio optiko” batean erori zela, ez baitzen gertatu berak aldarrikatutako “moralaren esklaboen matxinadarik”, bai ordea jarraipen bat “aszetismo atletiko eta filosofikoen eliza eta monasterioetako modus vivendien artean”. Europaren lotsa kronikoa oinordetzako nobleziaren ustelkeriarekin heldu zen, non balioak esplotazioaren indarrean oinarritzen ziren. XV.-XIX. mendeen arteko burgesiaren merezimenduzko hierarkiaren berpizkundearekin fantasma honen akabera etorri zen, eta politikaren europar definizioa, non menperatzaile/menperatu dinamika gainditzea ahal izango zen.

Berrehun urtetan egindako saiakera berdintzaile eta neo-elitisten ondoren, heldu da garaia haietatik ondorio global eta eraginkorrak ateratzeko. Horretarako “klase sozialetan oinarritutako gizartea (hau da, menderakuntza, zapalkuntza eta pribilegio bereizketaz eraikitakoa) atzean utzi, eta diziplinan oinarritutako beste batek ordezkatu behar du (aszesiz, birtuositatez eta eraginkortasunez eraikia)”. Baina ez pentsa aldarrikapen inozo baten aurrean gaudenik: “Nazioen arrazoia, oraindik ere, Titanic antzeko honetan lanpostuei eusteko ahaleginetan agortzen da” (569 or.). Wittgensteinen hitzak aintzat hartu (“Ordena baten arautegia da kultura”) eta aszesia/ariketa eta sezesioa (erabat beste izan beharraren grina hori) dira gogoetara erakarri beharreko kontuak. Foucaultekin bat etorriz, sezesioa (“haustura” hitza higatuegia dugu) kultura ororen abiapuntua dela dio: “erabat diferenteak izan nahi genuen erabat aldatua izango zen mundu batean”. Baina, kontuz, “modu militante batean mundua hobetzen saiatu direnak berek eragindako hondamenetatik apartatzen ziren, eta gainezkatuak suertatzen zirenean, halabehar hutsaren ondorio gisa interpretatzen zuten. Filosofo eszeptikoaren lumatik etorri ohi da portaera eredu hau” (567 or.).

yogafloridan

HERAKLITOREN URAK. ARIKETA, PERFORMANCEA

Aspaldian [Foucaultek] konprenitu zuena, subertsioaz hitz egin eta etorkizunaz eldarnioan dabilena hasiberrien klasekoa dela, […] edo subertsioa, inozokeria eta unfitness-a gauza bera izendatzeko hiru izen baino ez direla.

Heraklitoren aipurik ezagunenaren interpretazio bitxi batetik etor liteke obra hau ustiatu aurreko hirugarren malda gogorra. Ur berean berriz bainatzerik ez dugula esaten digunean, ez zaigula gertakizunen jarioaz ari, baizik eta ezin-itzulizko egoera kezkagarri batez, alegia: norbait ur korrontetik atera denean, ezin izango du gerora lehengo modura igerian ibili. Gure portaerari buruzko kontzientzia pizten denean, barne borroka batean gaude sartuta: ezin dira ohiturak ulertu haietatik distantzia bat hartu gabe, eta orduan, haiek gu zapaltzera edo gu haiek zaintzera gaude behartuak. Gehitzen badiogu horri gure gizartearen zeinu ezaugarrien arteko berritasun ororen ospea eta zaharraren baliogabetze etengabea, ezin izango dugu liburu honek eskaintzen dizkigun eremuetan barneratu.

“Nola eutsi bada tragikoa izango ez zen bertikaltasun bati?” Ezinezko egingo den aldaketa baten atzetik gabiltza, bi mila urte iraun duen europar pedagogiak izan duen anbiguetate bat gainditu ezean: pasioen eta ohituren artekoa, alegia: “Lortu behar da ariketa askatzea Antzinako Europako aszesiaren bortxazko egituretatik, eta hori izan liteke XX. mendeko gertakizun nagusia espirituaren historian” (220 or.). Ahalegin horretan Sloterdijkek hain ohikoa duen Ekialde eta Mendebaldearen arteko kontrastea jartzen digu berriz ere “beila” kontzeptuaren bitartez. Haiek “pentsamendurik gabeko beila” landu dutela dio, eta geuk, “beilarik gabeko pentsamendua”. Hari horretatik tiraka Heidegger, Spengler eta Krishnamurtiren ahaleginak seinalatuko dizkigu, berriro ere Foucaulten zuhurtzia azpimarratuz… baita Bourdieu “azken kanpamenduko pentsalariaren” ekarpena ere (233-245 or.).

Pedagogiaren eta antropologiaren zeregina “psikearen sekularizazioa” baldin bada, argitu behar dira zein diren filosofiaren eta atletismoaren arteko loturak eta gaizkiulertuak, baita aszesiaren eta akrobaziaren artekoak ere. “Atletismoaren berpizkundea” eta “aszesiaren desespiritualizazioa” XIX. mendeko azken hamarkadetan abiatu baziren, lanaren eta produkzioaren jainkotze baten barrenean gertatu ziren. Honen guztionen gainbeherarekin, “produkzioaren lehentasunetik performancearen gailentzera” igarotzen ari garela da Sloterkijken ustea. XX. mende osoko “terapeutismoak” estaltzen duena ariketarako joera orokor bat omen da. Eta hemen, “sezesioaren” ideia dator, ostera: “Gizakia deritzana, hortaz, muturreko aszeta multzo txiki baten ondorioa baino ez litzateke. Talde zabaletik apartatzeko eta guztien izenean beren burua jartzeko joera izan zuten gutxi horien ondorena, alegia” (287 or.). Subjektutzat dugun hori prozesu horretatik sortua da eta, ondorioz, “ariketa batzuen jabea” baino ez litzateke izango. Bi kontrako modu ezagutu ditu apartatze honek milurtetan zehar: “espiritualitate heroiko baten gainkonpentsazioa” bilatzen duena, norberaren eta jainkoaren arteko batasun baten bitartez (Heraklito edo Upanishaden hinduismoan bezala), edo korrontetik aparte geratze hori kulpa sakon batez baino eraman ezin duena, judutarrek eta kristauok egin dugun eran.

emakumeosasuntsuak

“BURDIN AROAREN” AMAIERA ETA INPERATIBO ABSOLUTUAREN GAURKOTASUNA: KOINMUNISMO BATERANTZ

“Heterotopiak” (Foucaultek proposaturiko kontzeptua) ariketarako hautatzen diren bakartze eremuak lirateke, non guztientzat balio ez duten lege batzuk dauden indarrean, gehiengoaren hutsalkeria baztertzeko finkatuak. Bakartze prozesu horietan sorturiko metodoei begira, “gune mentalaren egitura hirukoitzaz” ariko zaigu: Nia, Mentorea (autokontzientziak sortzen duen Beste hori), eta bitartekari den Lekukoa. Dinamika horren porrotetik sortzen bide da erlijioen ohiko nahasmendua niarekin tratatzerakoan, ustez deuseztatu beharreko mamua balitz bezala. “Berekoikeria, giza ahalmen onenen izenorde makur bat baino ez da” (330 or.). “Fanatismoaren historiak erakusten digu erregresio horiek [nia, Beste eskerga baten menpean jausteko joera, lekukoa deuseztatuz eta “posesio” egoeretan jausiz] erlijioen eguneroko kontuak direla. Baina horrek ez gaitu korapilo horretatik aldendu behar. Eduki kognitibo eta moral nagusien transmisioan baldin badatza kultura, ez da gutxieneko kontua eduki horien igorleen zereginei erreparatzea. Sloterdijkek hamar maisu mota aurkezten dizkigu: gurua, maisu budista, apostolua, abadea, filosofoa, atleten entrenatzailea, maisu artisaua, irakasle akademikoa, oinarrizko hezkuntzako maisua eta idazle ilustratua. Eredu horien bereizketak berak argitzen du neurri batean bere diskurtsoa, “konbertsioaren” kontzeptua ondoren argituz: “heziketa oro baita konbertsioa” eta “konbertsio oro, subertsio” (384 or.).

Ezin murgildu ur hauetan mendebaldean eginiko saiakera aszetikoak -beneditarren erregela kasu- kontuan hartu gabe[5]. Ezta horiek ekialdeko saiakerekin alderatu gabe ere, Indiako arragoan eraikitakoak batez ere, budismoa eta halako fenomenoak sortuko zituenak.

Parean ditugun gaurko “denboraren erronkei” aurre egiteko, Foucaultek berak gertarazi zuen gaizki-ulertu bat argitu behar da: aro modernoan, haur-gaztek diziplina kristau-humanistan izan duten formakuntza ez da gauzatu ikuskaritzapeko errepresibo guneetan (kartzelak, kuartelak…), baizik eta eskola-unibertsitateetan. Antzinako saiakuntza aszetikoari, teknikoa eta artistikoa gehitu zaizkio eta, azkenik, politikoa. Haren leloa “Antropotekniken erregimena guztientzat” litzateke, non gizaki izatea autoeraikitze batean inplikatua egotea esan nahi duen. “Burdin aroaren” amaiera da non etsipenaren espiralari nahierarena nagusitzen ari zaion. “Historiaren amaiera” aurreko errealitate printzipioaren gainditzea litzateke, non urritasun egoerei aurre egiten zaien neurri ez heroikoen bitartez. “Gizakiak aurrera egiten du, norabide ezinezkoan bilatzen duenean” eta “gaurko munduan garrantzi etiko unibertsala duenik bada, hauxe da: ezin dezakegu honela jarraitu!”. “Erlijioen itzulera” ez litzateke egonezin horren sintoma bat baino, esaten diguna etika eraginkor bat sublimearen esperientzian oinarritzen dena baino ez dela, bistakoa bada ere mendebaldarrok ez gaudela prest tamaina horretako zamak hartzeko. Kontuok gorabehera, “garaikideok konbentzituko gara noizbait gizakiok ez dugula gainzamatuak izatetik libratzeko eskubiderik, ezta ere eskura ditugun soluziobideekin konpondu litezkeen arazoak baino ez topatzeko eskubiderik” (568 or.).

Azkenik, eta kontuan hartuta “historia osoa sistema immunologikoen arteko borroka baino ez dela izan”, eta injustizia izan dela sistema horien etekinak banatzeko orduan batzuen eta besteen arteko desorekaren ezaugarria, non erlijioek beren salbazio promesen bidez hori “konpontzen” saiatu ziren, “arrazoi immunitario” berri baten aitzinean egongo ginateke, non “norberarenaren eta besteenaren arteko banaketak ez baititu immunitate galerak besteentzat soilik sortuko, baita norberarentzat ere”. Behar dugun egitura berri horrek “formatu planetario bat du, non sareez jendeztatutako lur bat propiotzat biziko den, eta desegokitzat joko den orain arteko neurriz gaineko esplotazioa” (574 or.). Ez badugu asmatzen horri dagokion arautegia oraintxe bertan erredaktatzen, ez dugu beste aukerarik izango: “Arau horiek betez bizitzeko gogoa; horrexek erakutsiko luke erabakitasunez ari garela guztien bizi-iraupenerako ohitura onak ezartzen egunerokotasunaren ariketetan”. Hitzokin amaitzen da gogoeta sakon eta luzea.

[1] Du mußt dein Leben ändern; Suhrkamp 2009. Tu dois changer ta vie!; Maren Sell 2011. Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica; Pre-textos 2012. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[2] Bere lehen liburu filosofikoaren arrakasta hortik etorri zen: Kritik der zynischen Vernunft. Frankfurt am Main 1983; Critique de la raison cynique, Christian Bourgois 2000; Crítica de la razón cínica, Siruela 2003. Bigarrena, nobela bat izan zen: Der Zauberbaum. Die Entstehung der Psychoanalyse im Jahr 1785. Ein epischer Versuch zur Philosophie der Psychologie, Frankfurt am Main 1985; L’arbre magique. La naissance de la psychanalyse en l’an 1785, 1987. El Árbol Mágico: El Nacimiento del Psicoanálisis en el Año 1785. Ensayo Épico sobre la Filosofía de la Psicología, Seix Barral; 1986. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[3] Apoloren soin arkaikoa. Rilkeren 1908ko Der neuen Gedichte anderer Teil (Poema berrien bigarren partea). Gure liburuaren 37 orrialdean dago poema osoa.François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[4] Hemen egindako orri-aipamenak gaztelerazko argitalpenarenak dira. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[5] Zentzu honetan bere Weltfremdheit, Frankfurt am Main 1993. Extrañamiento del Mundo (Eduardo Gil Beraren itzulpena), Pre-Textos 1998 aipatu behar non, beste gaien artean, IV. mendean Europan gertaturiko “anakoretismoaren iraultza” aztertzen duen. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.




ZORAMEN TRANTSITORIOA (Juan Kruz Igerabide, Zazpigarren Heriotza liburuaren aurkezpenean)

Juan Gorostidik kontatzen duenari, hain esperientzia partikularra izanik ere, bere alabari modu intimoan kontatua baita hein handi batean, narrazio unibertsal baten traza hartu diot. Nire neure historia oso antzekoa da behintzat, eta beste askorena ere halaxe.

Hamabi urte nituen. Zoriontsu-edo nenbilen seminario batean ikasten Jainkoarenak eta Ama Birjinarenak. Zorabio mistikoren bat edo beste ere gertatua zitzaidan arratsaldeko meditazio goxo haietan, sexualitatearen ernamuinaren errepresio sublimatuarekin nahasian. Hor munduan bazebilen zerbait argitsua: garapen teknologikoa, ilargira iristea, kantagintza berria… eta zerbait iluna: gerra hotza, Kubako iraultza, errepresioari beldurra, gerra zibilaren zauria, euskaraz mintzatzeagatik lotsagarri geratzea, Franco eta arriba España…

Apaiztegitik etxera itzulia nintzen batean, aita lanetik etorri zen bere kamioiarekin, zuri-zuri. Mahaira eserita, hauxe besterik ez zuen esan:

-Hasi gara berriro.

Donostiatik bueltan Adunako zubia hartu baino lehentxeago auto-ilaran itxaron behar izan zuen, ETAk lehen guardia zibila hil berria baitzuen hantxe.

-Hasi gara berriro.

Esaldi horrek nire buruan galdera bat piztu zuen: “Zertan hasi gara?”

OteizaBentaundi

Ikasten jarraitu nuen. Hamalau urterekin, lehen greba egin genuen ikaskide bati egindako injustizia baten kontra. Ordurako kanta misteriotsuak kantatzen hasiak ginen, eta politikako irakasleari eta gimnasiako sekreta omen zenari herra genion. Hasiak ginen “gorrotoa” sentitzen zerbaiten kontra.

Gogoan dut ikaskide bat, ni baino zaharragoa, modu bitxian portatzen hasi zela. Misterioa zeraman begietan; txutxumutxuka mintzatzen zen lagun jakin batzuekin, eta beste batzuekin, berriz, beti bezala, natural. Eta, halako batean, nirekin ere txutxumutxuka mintzatu zen. Jakin nuen “organizatua” zegoela, arriskuan bizi zela, eta arrisku handian bizi zen jendearekin harremana zuela. Oporrak etorri ziren, eta hartan geratu zen guztia. Hurrengo urtean, hamabost urte nituelarik, “organizatzera” gonbidatu ninduen lagun hark. Jakin-minez beterik, han joan nintzen bilera klandestino batera, pentsatuz ETAn sartzera gonbidatuko nindutela eta gerrilla arriskutsu batean agian bizia galduko nuela.

Izugarrizko ezustea jaso nuen: hogeita hamabost bat urteko gizon kankailu batek zuzendu zuen umemokoon bilera. Fraidea omen zen, langileen aldeko fraidea, habituak utzi eta gizarte borrokan konprometitua.  Esan zigun aurreneko gauza: iraultza egin behar zela, bai, baina umorea galdu gabe, ikasketak utzi gabe. Borroka armatua ahazteko, gazteegiak ginela eta formatu egin behar genuela eta ahalik eta ondoen pasa. Kaleko borroketan parte hartzera gonbidatu gintuen; eta, poliziak harrapatuz gero, esateko Herri Gaztedikoak ginela, Elizaren babesa genuela eta injustiziaren kontra protestatzen genuela. Gure formazio teorikoan pedagogiako liburuak izan ziren lehenbizi: Barbianako maisua, Paulo Freire…; gero etorri ziren marxismoaren oinarriak, oso modu praktikoan ulertuak (Amoros filosofoak Peñaflorida institutuan erakusten zigun tesi-antitesi-sintesi ideia abstraktuaren materializazio askoz ere ulergarriagoak ziren gureak, sinplistak baina eraginkorrak)

Tentuz ibiltzen erakutsi zigun fraideak. Norbait komisariara eramaten zutenean, batzuetan ateratzea lortzen zuen gizon kankailu hark; beste batzuetan, epelak hartuta itzultzen ziren atxilotuak, baina espetxera joatetik libratzen ziren behintzat.

Nire lagun batzuk ETAn sartu ziren. Beste batzuk langile-mugimenduan, ORTn, PTn, eta abar. Nire lana, 16-17 urterekin, bailaran gazte-taldeak sortu eta formatzea zen, eta institutuan, eta gero unibertsitatean, talde antikapitalistak eratzea eta bilera formatiboak egitea, dibertsioa, gitarra eta kantua eta poesia soziala eta halakoak ahaztu gabe. Gerora, talde haietako batzuek OIC erakundea sortzen parte hartuko zuten.

Zoramen kolektibo baten antzekoa gertatu zen. Minoria kontzientziatu batek oihartzun orokorrak jaso zituen herriaren aldetik. Errenteria osoa maneiatzen zuen minoria horrek, Tolosa bailaran, ORTk (batez ere ORTk) hatz bat jasoz gero, fabrika ia guztiak gelditzen ziren, dendak itxi eta kaleak sutan jarri. Eta askojakin batzuek, materialismo historikoaren argitan, ondorioztatu zuten, iraultza sudurraren puntan genuela, prest egoteko herri-altxamendurako. Eta adibide praktikoa Gazteizko langileen hilketei emandako erantzuna eta Bilboko ezkerraldean sortutako mugimendua eta beste hainbat mobilizazio izan ziren. Herri Gazteditik pasatutako buruzagi antikapitalistak tartean zebiltzan, buru-buruan.

Eta etorri ziren hauteskundeak, bete genituen Anoeta eta Mendizorrotza. Eta han bildu zen jendearen laurdenak ere ez zuen eman boto antikapitalistarik gero. Niri orduantxe egin zidan bihotzak krak, hogeita bat urterekin, lilura batetik esnatu izan banintz bezala. Eszeptizismoan abaildu nintzen. Nire kide batzuek bezala drogetara jo beharrean, ingurukoen eraginak lagunduta ikasteari ekin nion, bazterrean utzitako interes literarioak eta artistikoak berreskuratu nituen, eta oka egin nuen, oka asko, zenbait poetaren hitzak neureekin tartekatuz.

Anticapitalistas

Urdaila husturik, beste argi bat piztu zitzaidan: Europatik uholdeka sartzen ari zen ekologismoak eta espiritualismoak beste lilura bat eskaini zidan, poesiarekin eta literaturarekin batera. Baina hori beste historia bat da. Lemoizeko borroka hasi zenean, ni jada beste jarrera batean nengoen, eta ordutik aurrera izugarri kostatu zait barnean sentitu dudan bakezaletasuna eta injustiziaren kontrako borroka uztartzea, borrokan parte hartzen den unetik zerbaitek krak egiten baitu barruan, eta parte hartzen ez denean, berriz, zerbait egin beharraren ardurak erretzen baitu barrua. Kontraesan hori ez dut konpondu neure denboran. Kietismoa praktikatu dut sarri, gizarte barruko anakoreta bat bihurtuta, baina horrek ere, niri behintzat, ez dit barruko ezinegona baretu.

Juanek zorroztasun handiz aztertzen du bere liburuan zoramen kolektibo hura, pentsalarien ekarriak eta barne-bizipenak uztartuz. Azken batean, kristau misiolarien edo apostolatuaren eskema bat aplikatu zen hartan; klase-kontzientzia hartzea eta ekitea, eta gurutzeari heldu eta Jesusen atzetik abiatzea oso pareko ziren. Egitura psikologikoak ez dira egun batetik bestera aldatzen.

Hala ere, gizarte torturatu batek arnasa hartzeko bide bat topatu zuen hartan guztian, eta ez da gutxi. Dena dela, arnasbiderik eraginkorrena dirua irabaztea eta ahalik eta bizimodu materialik erosoena lortzea zen orduan ere; kontsumismoaren eskutik gauzatu zen oinarrian egitura psikologiko nagusia. Kapitalismoak gizakiaren pultsio berekoi lehiakorrean du erro ahaltsua. Eta hori bai izan dela eraginkorra.




ZAZPIGARREN HERIOTZA. Aurkezpena, lehen iruzkinak

Kalean da liburua eta, irakurleengana iristen den heinean, hainbat post ipiniko ditut sustatzen dituen kontuen gainean. Hona, lau puntutan, aurkezpenaren eta hura jasoz argitaraturiko iruzkinen gaineko nire komentarioak

BAT

Juan Kruz Igerabidek eman zion sarrera aurkezpenari Zoramen Transitorioa testu ederrarekin.

BI

Ondoren, Zazpigarren Heriotzan zehar aipaturiko hainbat aipuen hautaketa egin eta segidan irakurri nituen. Hona hautaketa:

  1. “–Ohean nengoen –esan zuen–. Amak hil nendila eskatzen zidan, dena prest zegoela eta mugitzeko mesedez. Ama oheburuan kokatua. Eskolarako deitzen zionean bezala, leunki hasieran, “tira, gosaria prest daukazu”, baina gero eta ozenago, eta haserre bizian azkenerako, tapakiak kentzen zizkion arte. –Amatxorekin egiten duzu amets, beraz. Baina ez zen ironiaz konturatu, edo ez zuen konturatu nahi izan. Baietz erantzun zion, zehaztasun gehiago eskatzen zuela uste izan balu bezala. Ama oheburuan zegoela, eskuak gerrian, behin eta berriz zentzurik gabeko agindu hura errepikatuz. “Dena prest dago” esaten zion, “zerraldoa erosia, apaiza deitua, eskela jarria, eta orain hil egin behar duzu derrigorrez”. Leihotik itzuli zen kasu egiten ote zion egiaztatzeko. Konturatzen al zen? Berak gazteegia zela eta ez zuela hil nahi erantzuten zionean, amak berekoitzat tratatzen zuela, bere buruaz besterik ez arduratzea aurpegiratzen ziola zitalki. “Ziztrin ez bestelakoa” esan ohi zuen. “Ziztrin ez bestelakoa”, ze inporta zaizu zuri nire nahigabea, ahaztu al zaizu zaren guztia niri, nire sufrimenduari zor diozula?”. Eta zapi zuria eskuartean bihurritu ondoren, jertse beltzaren manga barnean gordetzeko keinu hura”.
  1. “Beteta gaude benetako esanahia inork erakutsi ez dizkigun hitzez, oinazea da horietako bat. Beste bat, heriotza. Ez dakigu zertaz ari diren, baina erabili egiten ditugu, misterio bat da hori. […] Normaltasunaren serieko ekipamenduarekin batera dator, utziezin, gure katolikotasuna –sinesleak gara, katolikoak–. Benetan, horixe da anomalia, gure sinpletasunaren teorema gezurtatzeko erabiltzen dugun erokeria, baina guztiz normala, arauzkoa egiten zaigu guri. Norberak sinetsi egiten du, beste aukerarik existituko ez balitz bezala. Ez da hutsalkeria: gogo-minez sinesten dugu, gosez; ez fede lasai batez, kontrolatu ezinezko pasio batez baizik, eutsi ezin den premia fisiko batez bezala, urgentziaz. Eromen moduren baten hazia da –ortzi-mugan ageri den ekaitz baten kondentsazioa–. Baina gurasoak ez dira gai datorren ekaitza antzemateko; sumatzen duten gauza bakarra familiaren asmoekiko onespen isil baten mezu faltsua da: itsasoan barneratzen uzten gaituzte, beraz. Euren kakatan ahaztuak dauden zaharren izarak aldatzen denbora librea pasatzen duten gazteak gara –ez gara konturatzen hori benetan denaz, eromen forma bat–. Edo txirotasunarekiko dugun gustua, arropa miserableekiko harrotasuna. Eta errezoak, errezatzea. Kulpa sentimendua, hori beti. Inadaptatu batzuk gara, baina inork ez du horretaz jabetu nahi. Ebanjelioko Jainkoan sinesten dugu”.
  1. “Justiziaren suharra beregan zeraman belaunaldi politiko baten kide izan naiz. Justiziaz hainbesteraino maitemindua, armak ere hartu baitzituen hura eskuratzeko. Borborrean zegoen, XX. mendean, zapaltzaileen eta zapalduen ordura arteko oreka aldatu beharra iraultzaren bitartez. Bizipenen zirrarek sortzen dute nortasun iraultzaile baten legamia. Haien pilaketak, oldea bilakatuz. Iraultzailea ez da erreboltaria, barrua hustu behar duena; aldiz, justizia lortzeko berdinen arteko elkartasun estu bati lotzen zaio, Euridizez maiteminduta, eta bera askatu ahal izateko, aginte esleituaren kontrako talka frontala onartu genuen. Ez genuen aita pontekorik izan, nagusien laguntzarik; bakarrik abiatu ginen, baina modu masiboan, Euridizeren bila. Gure Euridizek, mitoaren gure aldaerak, argia ere ezagutu zuen indarrez lorturiko zenbait garaipenetan, baina bahituta bukatzen zuen argi horrek, beti. Zer hobe lezake belaunaldi batek bere Euridize askatzera abiatzea baino? Nire belaunaldian hori egin ez zutenek desertatu egin zuten. Gainerakoak, botere esleitu indartsuarekin bat egin, eta egungo buruzagiak ditugu… Gure oldarra kutsakorra zen eta kaleak bereganatu zituen. Intentsitate apaleko gerra zibil bat izan zen 70eko hamarkadako zenbait urtetan, milaka atxiloketez torturatuez josia. Gutako zenbait, ekintza zuzen eta klandestinoetan espezializatu zen: ekintza bortitzak, asaldagarriak, baina ondorio eskasekoak. Orfeoren alde horrek Euridize bere atzetik zetorrela uste zuen, baina haren bila jiratu zenean, bere isolamenduaren iluntasunean, hura ez zegoen han, desagertua zen. Errukarria bere Euridizez maitemindu ez, eta haren bila infernura ere jaisteko gai ez den belaunaldi berri bakoitza”.
  1. “Zer da mendea?”, galdetzen du XX. mendeak. “Azken Borroka”, horra erantzuna.
  1. “Konturatu al zarete XX. mende honetan gauza bakoitza benetakoagoa bihurtu dela? Soldadua, hiltzaile profesionala bihurtu da; politika, krimena da; kapitala, errausketa-labez hornituriko giza sarraskien egilea; legea, joko zikinaren araua; askatasun unibertsala, herrientzako kartzela; antisemitismoa, Auschwitz; sentimendu nazionala, genozidioa. Zalantza izpirik gabe, egiaren aroa da gure hau. Hala eta guztiz ere, gezurretan jarraitzen dugu, ohituraren poderioz, nabarmen geratzeko baino ez bada ere; maitasuna! entzun eta denok dakite hilketaren unea heldu dela; legea! eta lapurretaren orena heldu dela… Ez genuke ahaztu behar Auschwitz ez zela desegin Auschwitz zelako, gerrari iraulketa bat gertatu zitzaiolako baizik; eta Auschwitzetik gaur arte ez dela ezer gertatu Auschwitzen gezurtapen bezala bizi ahal izan dugunik”.
  1. “Hitzak bizitzak baino urrunago doaz. Ibaiak gurutzatzen diren hiriko azkorrietan harilkatzen ditudan eleek askatzen eta aldi berean adiskide minen sinesteen harkaitzetan hausten naute. Izenik zaharrenak, zakarrenak, ahoska ezinenak darabilzkit. Hondoa uki dut. Gabetasunarena. Biluztasunarena. Mintzo naizenean ez naiz ezer hiztegi ahantzi eta burlatu hori baino. Hargatik, alde edo aurka, adiztegia, aburua zizelkatzera bulkatu eta partitzea zilegitzen didaten treneko billeteak da. Eta orduan nik dut ene bidaiaren ibilaldia hautatzen”.
  1. Dena idatzi bezala suertatzen bada, zazpi gizonengatik hilko zara. Bat, sehaskan kulunkatua eta bularretik hazia, beste bat, titi tente eta gazteei atxikitzen zaiona, beste bat, plater hutsak harrika botatzen dituena, beste bat, pobreei irabazten laguntzen diena, beste bat, lanean lehertzen dena, beste bat, ilargiari begiratzearekin laketzen dena. Mundu osoa izanen da zure hilarria: zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena.

Testuen egileak: 1. Ramon SAIZARBITORIA, 2. Alessandro BARICCO, 3. Erri DE LUCA, 3. Alain BADIOU, 4. Imre KERTÉSZ, 5. Itxaro BORDA, 5. Attila JÓZSEF.

HIRU

Liburua hitz larriz beteta dago. Hona horietako batzuk, alfabetikoki ordenatuak: Autonomia, Beste Politika, Biktimak, Bortizkeria, Damua, Energia Atomikoa, Erreala, Erreparazioa, Errepresioa, ETA, Fetitxeak, Hiraren bankuak, Iraultza, Kaltea, Konbertsioa, Legea, Lemoiz, Nazioa, Posesioa, Sadomasokismoa, Sekularizioa, Suplantazioa, Tortura, Usurpazioa… Horien artean bi aukeratuko ditut: Dolua eta Erbestea.

Dolu baterako arrastoak. Gure belaunaldian mundua aldatzearekin amets egin genuenok eta konpromiso handiak hartu genuenok, derrotatuak izan ginen. Ez ETA, Ezker Abertzalearen estrategia politiko-militarra, ezkerra orokorki. Ez bakarrik gurean, Mendebalde osoan baizik. UKAZIOA da defentsa mekanismorik larriena… eta horretan gabiltza.

Barne erbestea.  Eginkizun sozio politikoetan engaiatu gienen hamarretik zortzi edo bederatzi, gure ahaleginean alde batera erauziak eta jokalekurik gabe (ez bada arlo pribatuan, laboralean etab.) “politikatik” baztertuak izan gara, lehen edo beranduago. Mota guztietako usurpatzaileak izan dira ahalegin eraldatzailearen historia kontatu dutenak eta “errelatoen arteko borrokan” beraiek dira ongien kokatuak. Nire gogoeta barne erbeste horretatik egina da. Zuetako norbaiti diskurtso nagusietatik kanpo geratzen diren hainbat gogoeta baliagarri suertatzen bazaizue ere, liburuak bere helburua betea izango du.

LAU

Hiru egunkarik eman dute aurkezpenaren berri: Berriak, Noticias de Gipuzkoak eta Diario Vascok. Modu honetan abiatu zuen Berriako Ander Perezek bere kronika: http://www.berria.eus/paperekoa/1856/023/001/2016-07-01/zoramen_kolektiboaren_osteko_dolua.htm. “Errukirik gabe mintzo da Juan Gorostidiren ahotsa (Altza-Pasaia, Gipuzkoa, 1956), Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoaren pareten artean, sendo: «Gure belaunaldian mundua aldatzearekin amets egin genuenok eta konpromiso handiak hartu genituenok derrotatuak izan ginen». Gupida oro gordeta dihardu, porrota ongi mastekatu eta hartaz gogoetan ibili denaren hitz jarioaz […] Ez ditu alferrik eman bost urte gaiari buruz gogoetan, gazte borrokalari garaien memoriari tiraka, egungoa ulertzeko. «bortxaz» paratu du bere burua paper zuriaren aurrean, gutunari segida eman eta liburua osatzeko, bere buruari sinetsaraziz: «Ez zara jasoko lan hau bukatu arte»”. Bi ideia daude hor azpimarratuak –bitan aipatuak–: erruki- edo gupida-gabezia da bat, eta derrota edo porrota, bestea. Ondoren, Doluaren premia azpimarratzen du bere kronikan: “Hamaika iturri, erreferentzia eta aipu baliatu ditu Gorostidik saiakera ontzeko. «Hitz larri eta potoloz beteta» dago liburua, baina bi ageri dira besteen gainetik, autoreak azaldu duenez. Barne erbestea da horietako bat, Gorostidik bere larruan bizia, atzo adierazi zuenez. Bestea, dolua. Izan ere, garai bateko belaunaldi konprometituaren porrota onartu gabea dela uste du idazleak, eta, ondorioz, haren dolurik ez dela egin uste du. «Frakaso baten, heriotza baten, trauma baten ondoren, ukazioa izaten da defentsa mekanismorik larriena, lehen gertatzen dena, baina larriena: ‘Hau ez zait niri gertatu, ez da posible’. Eta horretan gabiltza». Ukazioaren ostean, «depresioa» dator, Gorostidiren ustez. «Zuloa». Eta, dioenez, hor sortzen dira «eldarnioak»”. Zuzen jaso zuen ideia hau nire komentarioetatik Perezek.

2016-07-01_BERRIA_23

Nire adina bera duen Felix Ibargutxik idatzi zuen Diario Vascon http://www.diariovasco.com/culturas/201607/02/mundua-aldatzearekin-amets-egin-20160702091232.html Edizio digitaleko titularra egokia da: «Mundua aldatzearekin amets egin genuenok derrotatuak izan ginen», ez ordea paperean agertu zena: «Gure belaunaldiaren marka horixe izan da: ‘delirante’ batzuk izan garela». Esaldia, trakets josia izateaz gain, guztiz ezegokia da. Nahiz eta artikuluan zertxobait argitu ‘delirante’ adiera («Lehen esan dizudana: eldarnioan, delirioan sartu ginen, baina ez dut modu peioratiboan esaten; eldarnioa bizirauteko modu bat da. Gure belaunaldiaren marka horixe izan da: ‘delirante’ batzuk izan garela. Kakotxekin ipini behar da hitz hori, gauza delikatua da eta; batzuk minduta sentituko dira»), zer pentsa ematen du kazetariak hitz hau titularrerako aukeratu izanak. Baina ez da hori konturik larriena, baizik eta titularraren azpian ni aurkezteko osaturiko esaldia (paperean, betiere ez, zorionez, edizio digitalean): «[Juan Gorostidi Gaztetan, Errenteriako giro iraultzailean erreferentzia nagusia izan zen». Nondik atera du Ibargutxik baieztapen hori? Ez nik esandakotik. Baina ematen du zer pentsa honek Perezek (“gupidarik gabe, errukirik gabe”) hartutako ildotik: sendo eta gogor hitz egiteak “errukirik gabe” aritzea kontsideratzen da eta –areago Ibargutxik–: horrela ari dena “jefea” baino ezin izan… Errenteriako mugimenduan, aldiz ez zegoen jeferik, ezta ere “erreferentzia nagusirik” ere).

Hirugarren kronika Marta Esnaolak firmatzen du, aurrekoak ez bezala, gaztea eta emakumea bera, (http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2016/07/01/ocio-y-cultura/krak-asko-sortu-ditzakeen-gogoeta-lana), eta ezin egokiro azpimarratu du nori zuzentzen diodan gogoeta: «Bestalde, gazteentzat liburua dela ere azpimarratu zuen Gorostidik, nahiz eta publiko zaila iruditzen zaion, aspaldiko kontuak kontatzen baititu. Hala ere, 20 urte inguruko jendeari zuzentzeak bere arrazoia du: “Gazteek beti eskatzen dizkiete esplikazioak zaharragoei, eta nire alabari eskainitako liburua bada ere, belaunaldi guztiarentzat da”, nabarmendu zuen. “Zer dela eta? Non sartu zineten, zertan ibili zineten, ondorio hauetara iristeko?” bezalako galderen erantzuna jakin nahi dute, eta Gorostidiren ustetan, eginkizun saihestezina da adineko batentzat. “Gazte batek sendotasuna behar du, bere bidea errazago egingo du mapa sendo bat badu”. Bere ustetan, energia, sasoia eta grina dituzte gazteek, baina eskarmentua eta orientazioa baliagarriak izan daitezke eurentzat».

 

7.Herootza aurkezpena




KIROLAZ BESTE, “KIROLTASUNEZ”

Ariketa fisikoaz bizi naizenez, ez zait arrotza kirolaz pentsatzea, eta egun gutxiren bueltan entzundako bi notizien harira izan da oraingoan: Donostiako udalak egin behar zuen kirol txartelaren erabileraren murrizketa –ondoren atzera bota zuena–, lehena: hainbeste dira erabiltzaileak, kiroldegiak gainezka daude zenbait ordutan: kirol-txartelaren jabeak 57.000tik gora omen Donostian, erroldatuen herena; benetako errekorra. Egunkari ezagun batean korrika luze aritzearen inguruko artikuluaren tonuak jo nau bigarrenik: gero eta zabalduago dagoen ohitura batez ari zen, maratoiaren 42 kilometroetatik gorakoaz, Italiatik Norvegiara egiten omen denaz –4.500 kilometro bi hilabetetan–, eta antzeko norgehiagoken ondorioez. Tonuaz diot, orain urte batzuk zalantzan jarriko zena, nolako kiroltasunez tratatua den egunotan antzematerakoan.

Kirola1Zegama_Aizkorri14

Aipatu artikuluan, hainbat ikerketaren ondorioak komentatzen ziren: kilometro pila korrika egiteak masa entzefalikoaren % 6’1 murrizten duela, oinak eta belaunak kaltetuak gertatzen direla, haluzinazioak ere sortzen direla eta, puntu batetik gora, rabdomiolisi arriskua dagoela, giltzurrunen kalte larriak tartean. Kiroltasunez diot, informazio hori eman ondoren, gauzak “bere onera” ekartzen direlako: murrizketa entzefalikoa itzulgarria da; galtzen edo kaltetzen den kartilagoa, errekuperatu liteke; gehiegizko oxidazioa gorputzak berak konpentsatu ahal du, eta abar. Gehiegikeria batez ari da, bai, baina nola ez erlatibizatu kirolaz ari garenean?

Kirola gauza errespetagarria baita, eta urte gutxi batzuk lehenago erokeriatzat kontsideratua “azken tendentzia” bihur liteke gero, eta kontuz horrekin. Adibide bat: egunkari bereko orain hamar urteko artikulu batean, Crossfita aipatzen zen, AEBetan hedatzen ari zen muturreko joera gisa, eta haren eiteaz aritzerakoan, haren fundatzailearen hitzak ekartzen zituen: “aniletatik jausi eta lepo-hezurra haustearen ideia arrotza bazaizu, hobe duzu guregana ez hurbiltzea”, edo “giharrak hautsi arte geure burua behartzea: horixe da Crossfitaren onuretako bat”. “Modan dagoen crossfit kirol mota berriak Donostia hartu du” zioen EiTBko joan den udazkeneko informatiboak, eta modu guztiz errespetagarrian da tratatua egun medio guztietan: merkatu tendentziak… Garai batean erlijioak zuen lekua kirolak betetzen du egun, erlijio laikoa bilakatuz. Eta garai batean harekin gertatu bezala, nor ausartuko da gurean egungo kirolaren berezko iruzurra seinalatzera?

crossfit1

Zertaz ari naiz, baina? Garaiz jaiki eta eguneko lana hasi aitzin, lasterka egitera irteten denaz?; edo jaieguna izanda, mendirako txangoa egiten dutenez? Lagunekin futbol edo pilota txapelketetan parte hartzen duten horiez? Ariketa fisikoa, lagunarteko jolasa eta “kirola” gauza bera eta bakarra direla esatea nahita inposaturiko nahasmendua da. Ezagutzen dugun kirol eredua XX. mendean sortutako fenomeno berria da. Olinpismo modernoak ez du Greziako jokoekin zerikusirik, eta “masen kirolak” ezinezko lirateke telebistarik gabe. Industrializazioak ekarritako aldaketek ezarri dute ezagutzen dugun kirol eredua: espektakulua eta negozioa da lehen begiratuan eta, horrekin batera, masen identifikaziorako eta asaskatzerako fenomeno garaikidea.  Baina, hori besterik ez? Horrek guztiak sortzen duen zarata eta kearen azpian bada fenomeno sakonagorik, jendartearen eta norbanakoaren eraikuntzan funtzio garden bat duena. Propagandak mailukatzen digu “kirola” osasuntsua dela, haren praktika txiki-txikitatik sustatu beharrekoa, dituen “onura fisiko, psikologiko, integratzaile guztiengatik”, eta abar. Baina, horretarako, edozein ariketa fisiko, edozein jolas “kirolak” kolonizatua behar du izan. Era honetara, errendimendua eta espektakulua lehenesten duten ariketen menpe itoak geratuz jarduera ludiko guztiak.  Eta nahasketa interesatu horretan gorputza bera –berezko duen mugimendurako eta jolaserako premia eta grina– zikiratua eta bortxatua da, makinei dagokien errendimendu eta produktibitate ereduetara murriztua. Gorputza mugiaraztea eta gozatzea da “kirola” egitea? Edozein kirolari profesionalek ezeztatuko luke hori. Bizikidetza sustatzea? Kirol eredua militarra da, eta konpetentzia gupidagabea sustatzea ezinbestekoa du. Finean, gorputzarengandik –bere sentipen sakonenetatik– urrundu beharrean dago “benetako kirolari” bilakatu nahi duena. “Maiz errepikatu den eran, bilakaera industriala hertsiki dago lotua gogo- eta bizi-uzkurtze batekin; horrek esplikatzen du zergatik egiten zaigun horren zaila kanpo-ariketa egitea, afektuak adieraztea eta bizi-poza sentitzea; eta hauek azaleratzeko etengabeko norgehiagokarekin dugun akuilatu beharra…  Gure ekimen fisiko amorratuak duen helburu sakona gorputza blindatzea da, berau gogamenaren kontaminaziotik libratzea; kanpotik etor litekeen ezezagunenganako sentiberatasun zirrikiturik egin ez dadin… Bilatzen dena ez da errepresioa, zentzumenen kontrola baizik, haien sorburutik beretik” dio Ignacio Castrok.

futbolAsia

Nor ausartuko litzateke, ordea, gure abertzaletasunean euskal selekzioaren eskaria albo batera uztera? Edo kirol profesionalean emakumeek duten leku subordinatua ez salatzera? Nor kiroleko elite profesional pribatuei laguntza publikoak murriztera, edo edozein egunkari edo albistegitatik futbol edo pilota txapelketei buruzko kontakizunak alboratzea? Egia da San Mamesen katedralean hogeita hamar mila lagunetik gora biltzea ohikoa dela, eta horrek “tratamendu informatiboa” eskatzen duela. Baina horren gertakari garrantzizkoak direnez, ez al litzateke komenigarri orain arte kirolaren orrialdeetara bultzatzen diren gertakizunen inguruko informazioa, Politika, Ekonomia edo Kultura arloetara pasa araztea? Eta orriok, Adurizen golez edo pilota txapelketetako kronikez bete beharrean, kirola fenomeno ekonomiko, sozial edo kultural gisara tratatua izatea? Kirol-txartelaren erabileraren errekorrek eta estadioen betekadek mereziko lukete.

perro-deporte-extremo-1

Post-data: Artikulu hau BERRIAko iritzi sailean argitaratzeko igorria izan zen orain hiru hilabete, baina ez dute argitaratu. Bistan da zenbait gaien inguruan marra gorriak ondo marraztuak daudela bertan ere. Orain gutxi, gaiari buruzko eztabaida sustatzeko bi artikulu argitaratu zituzten. Gehiegikeriekin kritiko izan arren, “kirola = osasuna” dogma ukiezina da guztientzat: http://www.berria.eus/eztabaidagela/1863/2016-05-08/osasuna_eta_kirola.htm




JOXAN ARTZE, NOLA BELZTU BEHAR ZURIA

Zerbait baldin badute Joxan Artzeren liburuek da ekintza moduan daudela eraikiak. Idazketaren osteko konposizio lan handia dute beti, eta konposizio lan horrek izaera performatiboa gehitzen dio idazketari. Bere liburu bat ez da poema bilduma soila; aitzitik, poemaz poema irakurtzen badugu, motibo gutxi batzuk baino ez ditugu topatuko, eta gai horietako bakoitza ideia-irudi sinple bezain kategorikoekin osatua da. Irudi horietan eta haien tratamenduan asmatzea dirudi egilearen xede formala, eta horien inguruko bariazio erritmikoekin entzule-irakurlearen kontzientzia behin eta berriz mailukatzea. Inoiz baino gardenago agertzen da hori bere azken argitalpen bikoitzaren bostehun inguru orrialdeetan (Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza).

Hau jakinda hurbildu nintzen joan den udaberrian Metrokoadroka Sormen Laborategikoek (Oier Guillan eta Asier Sarasola) eta Bide Ertzean taldekoek (Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegi) Usurbilen eskaintzen zuten emanaldira, orain gutxi zuzenean grabaturik Elkar etxeak DVD formatuan salgai ipini duen horretara. Aprentsio apur batekin, beraz; baina lasaituz joan nintzen emanaldiak aurrera egin ahala. Asko irabazten baitzuten hitzek Oier eta Asierren deklamazioarekin, eta baita poemok kantu xume bihurtzerakoan ere. Irudiak erabat perfilatuak geratzen ziren, errepikapenak prosodiaren zerbitzura zeuden, eta jokoa ez zen inoiz aspergarria bihurtzen. Bi ahotsen arteko kontrapuntua ere horren zerbitzura zegoen: Oierrenak, sarkor eta solemneak, Asierrena, xumea –beste testuinguru batean barregarri ere suerta zitekeena–, zuen beti parean, eta ideia/irudien talka lortua zenean –airean bere oihartzuna astunegi bilakatzeko zorian– sartzen ziren gitarrak, kantua, akorde eta erritmo guztiz eramangarrian. Modu horretan egin zuen aurrera emanaldiak, eta bikaina iruditu zitzaidan aukeraturiko testuen tratamendua.

Egunotan aldiz, grabazioa eta liburuak batera berrikusten nituelarik, galderak piztu zaizkit. Eta bakarrean laburbiltzekotan: eusten al dio emanaldiak liburuen mamiari? Tonu maiorrean idazten baitu Joxanek, eta tonu minorrera eraman dute interpreteek. Solemnitatez jositako lana da Artzerena, transzendentala esaten duen oro, baita intimitateko sentimenduez ari denean ere, tenplu batean irakurtzeko modukoa. Eta tabernara atera dute ia Guillanek, Sarasolak eta Ubedatarrek –ez, egia esanda, antzoki isil eta arretatsu bat ez da taberna; esateko modu bat da–. Irabazi ala galdu egin dugu operazio horretan? Eta jatorrizko obrari berari, zer gertatu zaio? Ez al da haren eduki trinkoena ahulduta geratu, haren “benetako” mezua desitxuratua? Liburuak ez baitu tarte handirik uzten bere planteamendu eta gauzatzean.

Minuskulaz idazten du beti Artzek, baita esaldiaren hasieran ere –tipografia handiagoz eta hizki lodiz, baina minuskulaz–, erabaki ongi neurtu batean. Maiuskulak Jainkoari baino ez dagozkio, zuzenean izen horrekin aipatua denean edo haren ezaugarriaz aritzen zaigunean (Dakiena, Ixila, Maitatzeko gai dena…). Jainkoaren aipamena progresiboa da, hamar bat aldiz lehen liburukian, ia etengabe bigarrenean; eta besteen aipu gehienak eliza katolikoaren maisuenak dira (Bibliatik hartuak, San Agustinenak, eta abar). Ulertu al liteke obra hau maiuskula horiek bazter utzita?

Oier Guillan, Asier Sarasola eta Bide Ertzean taldeko musikariak.

Gaiei erreparatzen badiegu, interpreteek asmatu egin dutela esan genezake, poesiaren eta poetaren lekua eta funtzioa zalantzan jartzetik abiatzen baita Artzeren obra. Eta galdera eta hausnarketaren ondoren, itaun zorrotza: “Poesia ez dago hilda, / egotekotan, / hilda dagoena poeta izenekoa da; / esanezina esateari uko egin diona, / entzunezina entzuteari utzi eta gero…”. (I, 49). Horra poeta Artzerentzat: ez dakienaz hitz egitera bere burua behartzen duena. Bere azken obra osoa ideia honen gainean osatua dela esan genezake: ez da nahikoa dakigunaz aritzea. Hori denbora alferrik galtzea litzateke eta nahasmendua gehitzeko baino ez du balio. Nahasmendu horrek bizi gaitu, gainera. Beraz, nahasmenduaren aurkako ekintza litzateke poetaren zeregina, zilegitzat har litekeen bakarra, alegia; bestela, hobe luke isilik geratzea. Zein baldintzak ipini behar dizkio bere buruari poetak zeregin horretan zuzen ibiltzeko? “Orriaren zuriz idatzirik duena jadanik / lehenik artoski irakurri gabe, ez genuke inork / zuria belztera ausartu behar” […] “Hitza ez dago inoiz ixilik…” […] “Orri zuriaren aurrean / egoten ikasi behar da, zain, orduak eta orduak, / egunak eta egunak, …” (II, 20). Modu ezin kategorikoagoan ari zaigu poeta gai hau edo besteak tratatzerakoan: bizitzaren eta heriotzaren zentzuaren inguruko kezkak, edo maitasunaren graziazko ulermen bat eskaintzerakoan. Bereziki hunkigarriak dira anaia Jexuxen gaixotasunaren eta heriotzaren inguruan onduak, eta emanaldian aukeratuen artekoak: “…maite dudalako dakit, / beste inola ez bezala, / bizi naizela egiaz / egiazko biziaz, / heriotzak ere hil ezingo didanaz…”.

Artzeren obra ezagunenetakoa da euskal poeten artean, orain bost hamarkada gertatu fenomenoaren barne eragile nagusietako bat izan zenetik. Berak azpimarraturiko motiboak denon baitan ditugu, eta hiru esparrutan bildu litezke. Batean, naturaren irudiak daude, haren indar sinbolikoaz garatuak: txoriak, zuhaitzak, izarrak… zerua eta lurra. Bestean, hitzaren eta hizkuntzaren inguruko kezkak, iraganari lotutako irudi sendoak eta aurrerabidearen txorimalo funsgabeak seinalatzeko erabiliak, maiz. Azkenik, familiaren barruko tentsioak: ama eta haurra lehenik, maitasunaren eta gorrotoaren arragoa dugun gune nagusi gisa; bizitzaren eta heriotzaren kokagunea… Iruditegi bat eraiki zen osagai hauekin 60. eta 70. hamarkadetan, eta ondoren gertaturiko krisian –krisia ekonomikoa izan zen, baina baita soziala, politikoa eta kulturala ere, orduko protagonistetako asko krisi pertsonal larrietara eraman zuena–, ondorengo belaunaldien errebelamendu bat gertatu zen, irudi eta zutabe horiek euskal kontserbadurismoaren oinarrian zeudelakoan. Modu paradoxikoan, Laboa eta Artze izan ziren musika herrikoiaren arloan modu abangoardistak erabiltzeko gai izan ziren bakanetakoak, arrakastaz gainera, eta biek bizi izan zuten barne krisi sakona 80ko hamarkadaren hastapenetan. Ondoren bakoitzari zer gertatu zitzaion, hagiografiez eta ikonizazioez gain –nola egin zion aurre bakoitzak krisi hari, eta zein modutan jarraitu zuten bere zeregin publikoan– ez du inork publikoki ganoraz aztertu edo adierazi…

‘Nola belztu behar zuria’ Usurbilen estreinatu zuten 2014ko maiatzean.

Nola belztu behar zuria lanak zeharkatu ditu eta azpimarratu betiko irudi eta kezka artzetarrak, bere azken lanean inoiz baino argiago eta erradikaltasun handiagoz tratatuak: poetaren betebeharrarena, zentzumenen nahasmendu eta osagarritasunarena, anaia hildakoaren doluan piztutako maitasunari buruzko eresiak, ama, bizitza galduaren eta heriotza irabaziaren –hilezkortasunaren– inguruko galdera eta erantzunak… naturatik jasotako irudi indartsuz emanak. Baina badut inpresioa ez dela mamira heldu, eta hori nahita egindako hautu baten ondorioa izan dela. Ez baitago maiuskula bakar bat ere aukeratutako poemetan, eta arestian aipaturiko maiuskulek ematen baitiote, ez indarra eta agintea soilik, baita zentzua eta arrazoia, tonua bera Artzeren azken urteetako obrari.

Emanaldi honetan gailentzen dena da, hain justu, Artzeren alderdi formala, berak hasieratik hainbeste landu zuena, ildo bat eta estilo zehatz bat markatzeraino: jolas fonetikoak eta hauek sortzen dituzten soinu-irudi erritmikoen ikerketa eta garapena. Hitzak hain daude ongi aukeratuak eta kokatuak, haien materia zentzumen guztiekin haztatzeko aukera sumatzen dugu. Eta hizkuntzaren sonoritatea eta erritmoa, txalapartaren oihartzuna inoiz ez isiltzeko asmoz garatua izan balitz bezala: esaldien arteko elkarrizketa, erori-zutitu etengabeko trostan. Nago etorkizunean Joxan musikari gisa izango dela gogoratua, poeta gisa hainbeste edo gehiago garatu duen esparru formalagatik, hain justu. Baina zalantzak ditut berak hori lehenestea hartu duen lan eskergaren ondoren. Berak kristautasun mistiko baten zutabe sendoak aditzera eman nahi baitizkigu, ene ustean: gizatasunaren berezko noraeza, paradisu galduaren aipamen esplizituarekin; Jainkoaren interbentzio zuzena eta arauemailearen ezinbestekotasuna, aurrekoen fedearen eta jarreren goratzarrean eta graziaren funtzio salbatzailean; mundu garaikidearen aurreko etsipena, non harrokeria nagusi den, zarata, axalkeria… Zuri eta beltzen arteko dikotomiara garamatza behin eta berriz; itsu, gor, harropuztu eta ezjakintasunaren aurrean zerutik eta benetako gizatasunetik datorkigun argi, bake, apaltasun eta maitasunera.

Artzek agerian uzten duen mezua, ez gogorregia soilik, problematikoa ere bada modernitatearen zutabeak zalantzan jartzen baititu, ustez gaindituak ditugun hainbat eredu eta dogma aterabide bakartzat seinalatuz. Oker gabiltzala esaten digu etengabe, galbidean aurrekoen jakituria gardena bezain isila mespretxatuz. Guk bere irudi eta joko fonetiko gozagarriak estimatzen ditugu, eta horiekin geratzea erabaki dugu, gainontzekoa ondoan zeharka igaroz. Nor ausartuko da ur horietan, destainez gaindituak irudikatzen ditugunez edo, bestela, jarrera kontrajarri eta bateraezin saminen aurrean ipiniko gaituela aurreikusirik.

Jarraituko dugu Hegoak Ebaki Banizkio… gure maiuskulak Artzeren minuskulak direla ohartu ez denarena egiten, hurrengo omenaldia prestatu bitartean.

‘Ikimilikiliklik, JA Artzeren Unibertsoa’

Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek osatu dute Donostiako San Telmo museoan lehenik (2015eko abendutik 2016ko otsailera), eta Biarritzeko Mediatekan gero (heldu den martxoa osoan) emango den ikuskizuna. Oso zaila da ordu erdi batean bizitza oso baten emaitza artistikoa islatzea, eta lortu egin dute hori, nolabait, etengabe eusten den atmosfera biltzaile batez.

Ez naiz hemen lanaren osagarriez edo egituraz arituko, eta bai aurreko izkribuan seinalaturiko horrekin zerikusi zuzena duen zerbaitekin: arazorik ikusten badiot proposamenari hegan ibiltzea da, urraturik gabeko estetika batekin ikuslea limurtuz, eta ibilbide pertsonal eta artistiko horrek berezko dituen talkak eta arrakalak, hausturak eta ihesbideak ezkutuan utziz. Zein helbururekin?

Ez dut erantzun ziurrik galderarentzat, eta ez dakit egileek eta omenduek (ez baita Artze soilik, Laboaren presentzia ere nabarmena da bertan) zuzenean planteatu duten ere. Azken hori gertatu izan balitz, horixe seinalerik kezkagarriena, lan artistiko sakon batek behar duen legamia funtzioa indargabetu egin bailiteke modu horretan, eta “historiarako” geldituko litzatekeena, inor akuilatuko ez duen laino arteko estetika borobil eta xahua bilakatzen da.




EUSKAL KULTURAREN ORAINA: Baga, Biga, Higa

Badira pieza batzuk —kantu xumeak, askotan— balio dezaketenak giro bat deskribatzeko, eta baita kultura ulertzeko moduaren bilakaera ere urteen eta belaunaldien pasaeran. Laboaren Baga, biga, higa” da horietako bat. Horietako askorekin egin zitekeen ariketa, eta gure ikonoetako baten kantuarekin egingo dut nik, Laboaren “Baga, biga, higa”-rekin, hain justu (“Txoria txori”-k ere balio dezake horretarako, baina ez du inondik ere bestearen kutsu probokatzaile eta puskatzailea, eta beste eremu batzuetara bideratuko gintuzke). Ez da harritzekoa pieza hori aukeratua izana Ez Dok Amairuren sentikari laudatua ere izendatzeko, eta ezta ere ikuskizun harekin taldea ailegatu izana 1972rako bere mugara eta hausturara; garaiko esku-hartze sektarioak gorabehera, irizpide artistiko soilez ere uler litekeena.

1969an Laboak argitara eman zuen lehen lekeitioa harribitxi bakan horietako bat da, ibilbide oso bat ulertzeko eta azpimarratzeko gai dena. Horregatik jarraitu du bizirik ordutik honako urte hauetan guztietan, eta hala jarraituko du luzarora. Baina zer gertatu da pieza musikal horrekin hamarkadetan barrena? Galdera horri erantzuten saiatuko naiz ondorengo lerrootan, haren azken erabilera publikotik hasita denboran atzeraka doan hainbat une gogoratuz, hiru zenbakien xarmari eutsiz. Egin dezagun atzera denboran.

BAGA. Espektakulua. «Eskerrik asko boluntarioei, eta barkamena eskatu behar hiritarrei, behar bezalako inaugurazio ekitaldia ez lortzeagatik» (Ernesto Gasco). «Hiritarrak kalera atera dira eta horrek egin du arrakastatsua astea» (Eneko Goia). «Ez da erraza jendeari azaltzea zein den guk egindako apustua. Inaugurazioa ondo joan den arren, normala da denen gustukoa ez izatea» (Pablo Berastegi). Ez da erraza…

Maria Cristinaren zubiko espektakulua telebistan erakusteko sortua zegoela jakitun, etxean ikusi nuen, baina ez zegoen ezta horretarako ere prestatua! 660.000 euro ez, hamar aldiz kopuru hori beharko litzateke egin zutena benetako espektakulu telebisibo bihurtzeko: aktore profesionalak, ondo prestatutako saioak –hobe estudio batean– eta ez dakit zenbat baliabide tekniko; baina «jendearen parte hartzea da garrantzizkoena»…

Aurreko urte hauetan antolatu dituzten “Hiritarren Energia-Olatuek” eman didaten sentsazio berbera utzi zidan inaugurazio ikuskizunak, apaizek barnetegian gurasoak gonbidatzeko antolatzen zituzten antzerki ikuskizunek uzten zidatena, alegia. Zertaz ari naizen norbaitek ez badaki, nahikoa du Montxo Armendarizen Secretos del corazón pelikula gogoratzea. Han jasotzen da “belada” haietako ahaztezin bat, Garbancito-ren historia kontatzen duena.

Ikuskizun maitagarriak ziren haiek, inondik ere, eta pelikulan gertatu bezala, apaizei askotan esku artetik eskapatzen zitzaizkien. Baina hori ezin da onartu DSS2016EU bezalako antolaketa profesionalean. Hor gauzak prestatu bezala ateratzen dira beti, eta jendea lekuz kanpo sentitzen bada, horretarako daude adituak “jendeari azaltzeko zein den egindako apustua”. Nor ausartuko da zalantzan jartzera “kultura parte-hartzailea” ere adituen kontua denik?

Elkarbizitzaren zubia zuen izena inaugurazioko ikuskizunak, hori bera delako egitasmoaren mamia, eta “Baga biga higa” abesten jarri ondoren, lelo bera errepikatu zuten: «Hau da elkarbizitzaren zubia. Gurutzatu ezazu. Zaindu ezazu, egunero eraikitzen dugulako elkarbizitza». Zer dela eta etengabeko insistentzia hori? Nahikoa da webgune ofizialean sartzea tematze horretaz jabetzeko: “Elkarbizitzaren aldeko apustua”, “Partaidetza-programa bat”, “Ondare iraunkorra” eta “Lan egiteko modu berri bat” dira aurkezten diren atalen izenburuak. Suertatu zitzaidan zozketaz egin zen hiriburutzaren “ardora” egitasmoaren hiritarren epaile taldean parte hartzea. Egitasmo hori izaera parte hartzaile horren ikur gisa aurkeztua izan da –benetan, txanpon batzuen banaketa erabakitzen zen han, hamarnaka egitasmoren artean–, eta ordu erdiko bideo propagandistiko batekin aurkeztu ziguten –beste behin!–hiriburutzaren esentzia: ez gainontzeko lekuetan gertatu ohi den bezala, azpiegitura berriak egiteko edo kultura programazio zabal bat. Horietatik sobratuak gaude Donostian (10 zinemaldi ditugu urtean, esaterako!). “Guk elkarbizitza baketsua sustatu nahi dugu”. Hara hurbildutakoren batek galdetu zuen nola elkartzen ziren bakearen aldeko lelo horiek eta Durao Barroso edo Javier Solana bezalako gerrazaleak gonbidatu izana egun haietan bertan hiriburutzak antolaturiko hitzaldietara. Bertan ziren arduradunek ezin izan zuten tamaina horretako galdera erantzun: han “hiritar xumeek” aurkezturiko hainbat egitasmoren artean aukeratzeko baino ez ginen bilduak…

Beti izan du espektakuluarekin zer ikusirik kulturak, baina urrats erabakigarri bat gertatu da azken hamarkadetan telebistaren presentzia masiboarekin eta, horren laguntzaz, egunerokotasunaren espektakularizazio erabatekoarekin. Zer ikusi dute Erdi Arotik, eta seguruen askoz aurreagotik ere, baloi bati ostikoka egiten genuen jolas hark eta telebistaz geroztiko futbolak? «Parte hartzea da garrantzizkoena», diote kirol propagandistek ere, baina zertan hartu parte? Baloiari ostikoka edo telebistari begira? McLuhan-ek erantzuna: «medioa da mezua».

Sakonago begiratuta, halere, arazoa ez da soilik kulturaren espektakulu bihurtze horretan harrapatuta daudela politikariak eta kultura-funtzionarioak. Debordek esplikatu zuen bezala, espektakulua da kapitalismoaren formarik garatuena. Baina espektakulua ez da ikuskizun soila; medioek erakusten digutena jendarte garaikidearen egituraren azaleko agertokia baino ez da. Espektakulua da denok pasibotasun erabatekora kondenatzen gaituena, bere mantra etengabe errepikatuz: «hau da dagoen guztia, hemendik at, kaosa eta txikizioa baino ez duzue izango». DSS2016EUko funtzionarioak konstatazio horren sakoneko egiari aurre egitera datozkigula lirudike, baina lortzen duten bakarra da haren egia azaleratzea: «etorri eta hartu parte, zuek gabe gu ez ginateke ezer eta; itzal-argi joko, hutsalkeria erabatekoa». Ahalegin hutsal bezain errebelatzaile horren erakusle erabatekoa izan den inaugurazio ekitaldian nahasten saiatu ziren atabikoena eta postmodernoena: soka-tira, harri jasotzaileak, txalaparta… batetik; soinu eta argi uholdea bestetik; eta momenturik gorenean, milaka ahotsek Baga, Biga, Higa, Laga, Boga, Sega kantatzen… Eta hori, Hansel Cereza bezalako apustu seguruaren eskutik: Fura dels Baus, Barcelona 92; Kulturen Foru Unibertsala 2004, Cirque du Soleil… Nola ez hunkitu gure zuntzik ezkutukoena Espektakuluaren pasibotasunetik askatuz?

Baina ez, hori dena ez da nahikoa. Horretarako hiru edo hamar aldiz biderkatu beharko litzateke aurrekontua; eta propagandatik haratago joan, “jendearen parte hartzea” sustatze aldera. Edo errealitate birtualaren gailurik aurreratuena eman donostiar bakoitzari “elkarbizitzaren paradisuan” barneratu gintezen… Eta nahikoa ez denean –ezer ez da nahikoa eta ezinezko ahalegin batean–, tarrat egiten du soinekoak jostura guztietatik, eta orduan, biluzik zegoen erregea biluzik ageri da.

BIGA. Esperpentoa. XX. mende hasieran Espainian piztutako fenomeno literario adierazgarria izan zen esperpentoa, Valle-Inclán idazle galiziarrak Luces de Bohemia (“Bohemiako argiak”) antzezlanarekin finkatua. Obra hau Parisen estreinatu zen 1963an, eta Espainian, berriz, 1970ean, egilea hil eta hogeita hamalau urtera, eta etengabe izan da geroztik taularatua, egun arte. Bertako protagonista poeta itsu eta etsi bat da, suertatzen zaion jendartearen egoeraren aurrean ezin, eta amorruak berak akabatzen duena. “Gurea ez da tragedia, esperpentoa baizik”, dio protagonistak hil aurretik; eta egilearen hitzetan, “esperpentoak kaleko ispilu konkaboetan deformaturiko antigoaleko heroiak dira. Groteskoa da haien irudia, baina zehaztasun geometrikoz landua… Nanoak eta zangomakurrak dira, tragedia bat jokatzen dutenak… Espainia baita Europar zibilizazioaren deformazio groteskoa”. Eta Europako erromantikoek elikaturiko Espainia tragiko-groteskoaren eraikuntzan euskaldunak ez ziren aparte geratzen.Baina joan den mendeko azken bi hamarkadetan suertatu aldaketen ostean, esperpentoaren irudiari kutsu tragikoa apaldu zaio, eta karikatura xaloago bat osatu du. Eta euskaldunak, berriz ere, karikatura hori elikatzen. Horren adibide argia da Álex de la Iglesia bilbotarraren 2013ko Las brujas de Zugarramurdi.

Zortzi Goya sari jasota, “urteko fenomeno zinematografikoa” bilakatu zen Espainian. Gizonezko pertsonaien artean, Madriletik etorritako gizon baboak azkenean heroi argiak dira, agertzen diren euskaldunekin alderatuta. Eta guztiak emakume histerikoen –espainiarrak– eta sorgin kanibalen –euskaldunak– atzamarren menpe. Karikatura esperpentiko hori txantxa patetikoa baino zerbait gehiago da: hondo misogino eta antieuskaldun nabaria agertzen du.

DSS2016EUren inaugurazio ekitaldian bezala, pelikularen une gorena “Baga Biga Higa”ren bertsio orkestral-koralarekin dago hornitua: sorgin saldoa Zugarramurdiko leizean gizajo batzuk sutan erretzen eta Willendorf-eko Venus erraldoi bat umea irensten eta berriz erditzen, komiki gore patetikotik ateratako akelarre groteskoan:

Pelikulak badu coda aipagarri bat: kredituen unea iristen denean entzuten dena ez da Laboa, Fermin Muguruza baizik. Pelikularako propio  sorturiko kantuan, euskal jainkosa paganoaren mitologia aldarrikatuz –Mirandek poema jasoetan egin bezala–, aspalditik datorkigun ipuina bortizki bezain lekuz kanpo oihukatzen zaigu: “Deitu sorgina, sorgina naiz eta. / Nire alutik sortu zen Unibertsoa / zulo beltzetik su bola / Bing Banga / kobazuloetan da Historia idatzia”. Eta hitz horiei atxikita datorkigu, nola ez, euskal erresistentzia irredentoaren oihua: “Deabruaren katedrala Inkisizioarentzat / sexua eta plazera ez baita bekatua / Elizak zigortuko Sorgin Herria / “Ez geala, ba geala, hamalau mila hemen geala” […] Infernuko errekak sortu leizeetan / Zugarramurdin akelarrea da / zikiro jate ta jai erraldoia / euskaldun askeak erlijiotik at”:

HIGA. Adierazezintasuna. Ez zait kasualitatezkoa egiten Laboaren harribitxia erabili izana espektakulurako nahiz esperpentorako. Erabili izan da ere modu askoz duinago batean beste hainbatetan: 1976ko Nortasuna-n, edo 2003ko Euskal pilota-n, esaterako.

Baina, batez ere, inoiz Euskal Herria zeharkatu duen ikuskizunik arrakastatsuenean, Ez Dok Amairuk 1970-1972 urte artean izen bereko sentikarian, hain justu. Kontua da azken hori ez zela telebistarako ikuskizuna eta, harridura eta miresmenez gain, kezka eta ezinegona ere sortzen zuen ikustera hurbiltzen zen askoren artean. 1974ko Bat—Hiru diskoan jaso da garai hartako zortzi minutuko bertsioa, Laboaren gitarra eta ahots soilez interpretatua.

Adierazgarria egiten zait, oso, nola baztertu den bertsio hori, Laboaren lehen aro hura (1981ean amaitu zena) pasa ahala. 1994ko Hamalau diskokoa dezente geldoagoa da, eta minutu eta erdiko azken aldiko inprobisazio fonetikoa, berriz, kamutsa, aurrekoaren crescendo harrigarria galdurik. Halere, ez bata eta ez bestea, hirugarren bat gailenduko zen, denen artean, 1999an argitaraturiko Gernika zuzeneanekoa. Orkestra eta koru handirako bertsio hura zuzenean grabatu zenerako Laboaren ahots-ahala gutxitua zen oso, eta orkestrazioak eta koroak, guztiz konbentzionalak, hori estaltzera zetozela ematen du. Emaitza arranditsua, baina lehen aroko piezarekin konparatuz, gainbehera eta handiuste hori nabarmentzea baino ez dute lortzen. Amaitu da harridura, amaitu talka, eta zabaldu espektakulurako eta esperpentorako ateak. Eta Laboaren ikonizazio prozesuan garbi egin da azken bertsioaren aldeko hautua: “Saioa zuzenean eman zuten telebistan, jende gehienarentzat arrakasta handia izan zen, eta “Baga-biga-higa” pieza-izarra bihurtu zen. Egun hartan, ordu arte ezagutzen ez zuen jende askorentzat hasi zen Mikel existitzen” dio Marisol Bastidak 1997ko saioaren inguruan. Bertsio horrekin zabalduko zuten 2007an Lekeitioekin egingo zen konpilazio ofiziala, eta bertsio hori erabili zuten komentatu pelikuletan nahiz DSS2016EUko inaugurazioan. Horietarako, traba egiten dute Laboa ero haren garrasi biluziek; hobe koru eta orkestrekin, non Laboaren ahotsa oihartzun bitxi gisa han nonbait geratzen den. Antzeko zerbaitez ohartzen gara 1969–1980 aroko lekeitioak ondorengoekin (1985–1998) erkatzen baditugu, edo hasierako “Gernika” gaindiezinak izan duen erabilerari erreparatuta [1]. Establishment politiko-kulturalek sen argi batez jokatzen dute halako kontuetan, eta beste kasuetan estetikaren subjektibotasunaren lainopean geratzen dena, garden ikusten da komentatzen ari garen kasuan.

Gerora urtuz joan da lehen Laboa basati eta jenial haren talka: haur jolasetan —ez inondik ere inongo akelarretan edo bestelako zentzu magikoekin— erabiltzen den hitz korapilo bat trantze batera heltzeko garabi bilakatua, oihu garratz batekin airean lehertzen dena. Hitzen kodigoetan nekez adierazi ahal dena, berez arrazoibideetatik eta kodigo estetiko normalizatuetatik at gelditzen denez.

Gauzak horrela, eta galdutako “ordena kosmikoa” berrezartze aldera, euskal Indiana Jones-en bertsio esperpentiko bat errodatu beharko du gure zinema zuzendari telebisiboren batek, non 1971rako grabatua zegoen Baga Biga Higa sentikariaren zinta ezkutuak berreskuratzea izango duen xede, “arka galdu” hori zein tenplu sakratutan gordetzen den ikertu eta bidean suertatuko diren arrisku eta proba iniziatiko guztiak igaro ondoren.

[1] “Baga Biga Higa”-rekin egindako hautu bera egiten da Lekeitioak 2007ko diskoan: 1999ko bertsio orkestratua lehenetsi, aurreko bertsioak bonus-track moduan eskaintzeko. Azkenik, 2012an Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena zela eta, Berria egunkariak eta Elkar diskoetxeak ekoizturiko Bi bertsioen arteko elkarrizketa izenpean 14 minutuko nahasketa egin zen, obraren jatorrizko egitura hautsiz eta haren zentzua birrinduz.




Hiru erro, ahots propioa

Elkarrizketa: Julen Axiari (Baiona, 1987) Iparraldean gailentzen ari den musikari belaunaldi berri baten adierazlerik berezienetakoa dugu. Iturri anitzetik elikaturiko lur oparoan sortua, Euskal Herritik abiatu eta Euskal Herrira etengabe itzultzen den bidaian murgilduta dihardu akordatzen denetik. Hona udaren hondarrean Juan Gorostidik egindako elkarrizketa luze baten mamia.

Errobiko Festibalaren aurtengo 20. edizioaren biharamunean izanik, saihestezina da gaia: bederatzi urteko mutikoa zinen 1996ko lehen ekitaldi hartan, eta orduan abiatu zenaz jabetua izanen zara.
Oroimenean itsatsita ditut lehen urte hartakoak, bai. Itsasuko mendialdeko Atekagaitzeko hondartzan egiten ziren emanaldiak arrasti batez, eta Urzumuko aerodromoan hurrengoz; suak pizten ziren… Sekulako inpresioa egiten zidan hark guztiak. Gogoan ditut lehen edizio hartan Burkina Fasoko Saaba taldeko perkusiolariak eta dantzariak, ortutsik arroken gainetan, ikaragarria zen niretzat! Han zen baita ere Maddi Oihenart, lehenik ere ezaguna, Battitta Sobietekin kantari ibiltzen zen sasoi hartan…

Etxetik jaso zenuen musikarako grina eñat Axiari eta Maite Etxemendiren semea da Julen], giro horretan sortua eta hazia zara.
Oroimena ailegatzen zaidan punturaino, musikaz inguratua dago ene giroa, beti. Etxean hori zegoen, musikari handiak etortzen ziren bertara —gogoan dut Barre Philips, esaterako—, niretzat arrunt normala zen mundu zabaleko musikariekin eta, aldi berean, bertako kantaldi eta ikuskizunetan ibiltzea. Gogoan dut Santa Garazin ospatu zen Santa Kruz pastorala, 1992an. Junes Casenave-Harigilerena zen testua eta nire aitak konposatu zituen kantuak. Jean-Yves Constantin kantari handia izan zen sujeta eta goizaldeko kalejiran bere zaldi gainera igo eta berarekin eraman ninduen… Zuberoan ginen eta baita Uzesten ere. Iltzatuta gelditzen diren lehen oroitzapenak dira horiek. Garbi neukan hasieratik hori zela nire mundua, eta hor murgildu eta hazi behar nuela. Ahal bezain pronto hasi nintzen kontserbatorioan, sei urte bete aurretik.

Perkusioarekin hasi zinen?
Ez. Hain txikiak ez zituzten perkusiorako onartzen, eta beste instrumentu bat aukeratu behar izan nuen. Kontrabaxua izan zen, haurrentzat egokitua, noski. Gogoan dut nire lehen diskoa Charles Mingus-en Mingus, Mingus, Mingus… izan zela, eta hura bihurtu nuela lehen idolo… kontrabaxua, beraz. Baina hasieratik nuen perkusiorako grina eta ahal izan nuen unetik barneratu nintzen hor, kontserbatorioan 9 urterekin onartzen gintuztenetik. Halere, ez nintzen eroso sentitzen giro horretan; zurrunegia egiten zitzaidan eta Afrikako perkusiolariak gertutik ezagutzen nituenez, haiengan ipinia nuen gogoa eta bihotza.

Nola uztartu zenituen bi mundu horiek?
Bat-batean gertatu zen haustura. Artean 14 urte bete gabe ezagutu nituen Hyacinthe Massamba Kongoko perkusio maisua eta berarekin zebilen Chrysogone Diangouaya dantzaria. Parte hartu nuen Itsasun eman zuten ikastaroan eta garbi eduki nuen hura zela nire bidea. Kontserbatorioa utzi eta buru belarri sartu nintzen Afrikako erritmoak lantzera… Bi urte geroago jaso nuen haien eskutik Brazzavillera joateko gonbita; prest sumatzen ninduten, nonbait, eta mundu horretan murgildu nintzen, guztiz.

“Afrikan ez da irakaspen formalik, zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko”

Gehienontzat urruneko mundu exotikoa da Afrikakoa. Nolakoa izan zen murgilketa hori? Ez al zenuen arazorik izan zuria izanik, arrotza?
Ez, behin ere ez. Lehenik esan behar, han ez dela irakaspen formalik. Beraiek zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu zuzen eta azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko. Bi hilabete egon nintzen bertan… inpresio bortitza jaso nuen lehen unetik: bidaia bera —bi egun abioiez—, hango hiria, usainak —hondakinak erretzen nonahi—, pobrezia handia… Bigarren gauez eraman gintuzten bertako gune kultural batera eta gazte anitz bertan topera jotzen… lehen kolpe musikala! Egunero-egunero aritzen nintzen, denetan baitago bertan musika eta dantza: ekitaldi sozial guztietan, izan beila edo ospakizuna —ehorzketa batek astebete irauten du eta gauero dantzatzen da…—. Kontent ziren beraiekin ari nintzelako, sekulan problemarik ez nuen izan, zuria nintzelako edo. Badut oroitzapen bat: beraiek elkartzen diren lekuak mgongi du izena, suaren inguruko bilgunea. Eta han ari ginen gau batez —kontu kontalariekin, musikarekin, dantzarekin…— eta bertan ari nintzen bitartean eman zidan bertako batek lepoko bat, berea zena: “guretako bat zara”, esan nahi zuen. Geroztik izugarri garrantzitsua izan da Kongo enetzat. Beraiek erabakitzen dute zein neurritan zauden prest eta, nire kasuan, sartua nintzen buru belarri haien erritmo eta abiadura horretan. Kongon pasa nituen lehen bi hilabete horiek etengabeko ikasketa izan ziren.

Egona zara berriz han?
Bai, egin nuen beste egonaldi bat, 2007an, Fred Faure lagun minarekin, Yaninga izendatu genuen talde eta egitasmoan parte hartu zuen beste perkusio jolearekin…

https://www.youtube.com/watch?v=ix1EkvtAss0

Zuberoako tradizioa eta Kongokoa. Nola esplikatu elkarren ezin urrunagokoak diruditen bi mundu horien arteko zubia?
Agian askorentzat arraroak diren kontuak modu naturalean bizi izan ditut nik. Bada horren inguruko teorizazio bat, Martinikako Patrick Chamoiseau idazleak eta beste hainbatek Kreolitatearen gorazarrea (L’éloge de la Créolité, 1989) manifestuan esplikatu zutena eta ondoren garatua izan dena (Édouard Glissant martinikarra da erreferenterik ezagunena). Laburbilduz, pertsona baten identitatea eraikitzerakoan, bada alde batetik zuhaitz genealogikoa, eta bestetik erlazioena, eta horrek du eraikitzen besteak bezain azkar edo azkarrago. Biak dira inportanteak enetzat. Kongok leku berezia izan du ene formakuntzan, klasikotasun hertsi batetik salto bat emateko oso baliagarria bilakatu zitzaidana lehen gaztaroan. Handik bueltan ez nuen utzi hura. Dantza ikastaroentzat musika behar izaten da, eta hor hartzen nuen parte. Aski erregularki ikusten ginen Chrysogone-rekin ere, eta hor sortu ziren nire lehen proiektuak. Hori izan zen klasikotik ateratzeko nire bidea baina, aldi berean, hemengo tradizioan barneraturik ibilia nintzen: pastoralak, euskal kantu txapelketak… denetan ibiltzen nintzen txikitan. Eta nerabezaroaren ondoren, ahotsaren aldaketa gauzatu zelarik, garbi sentitu nuen erro horietara itzultzeko beharra.

Axiari, Zuberoatik datorren izena da, nonbait.
Bai, XVIII. mende hasierako aztarnak ditugu. Eskiulako izen horren etxera heldu omen zen galiziarren bat, eta bere ondorengoek, usuari jarraiki, etxearen abizena bereganatu zuten. Horiek ditugu arbaso, eta ez dugu lotune hori sekulan eten. 2009an edo, garbi nuen bertako tradizioan sakondu behar nuela. Ordurako kantari handi asko entzunak nituen: Johane Barkos, Junes Xuburu, Bordalekü, Quehilla ttipi, Batitta Sobiet, Jean-Yves Constantin, Mixel Etxekopar, Mixel Arrotze… ezberdinak oso, eta denekin ukan dut nik jazza entzuten nuenaren inpresioa. Horretan sakontzeko, basa-ahaideak eta bestelako erak sakonetik bereganatu behar nituen, eta hortik sortu zen HiruAlde izeneko egitasmoa: Afrikako, Euskal Herriko eta jazzaren hiru ildoak uztartzeko ahalegina.

Zein ibilbide izan du HiruAlde-k?
Bost musikari elkartu ginen, adin bertsukoak: Matthieu Lebrun, saxofoiak jotzen dituena; William Legares, Martinikako baxu jotzailea; Tony Houzyaux, musika elektroakustikoarekin; Yan Renaut, elektroakustika eta bateriarekin; Chrysogone Diangouaya dantzaria eta ni neu. Landu genuen errepertorioan basa-ahaideak zeuden, “Iturengo arotza”-ren bertsio bitxi bat, “Gaü beilako eleak”-ena (Itxaro Bordaren hitzekin Mixel Etxekoparrek musikatua), “Esku batean” (Zamora, Beñat Axiari)… Tolosan soinu teknikari ikasketak egin ondoren —ez nuen oraino garbi musikara soilik dedikatzeko ahalik izanen nuenik—, sortu zen HiruAlde. Egin genituen emanaldiak, baita Iruñean ere, eta aitzina jarraitu dugu bakoitza bere bidean. Bizirik dagoen zerbaiten gisa sumatzen dut oraino, edozein momentuan gauzatu litekeena berriz. Nola eraman euskara musika afrikar batera, horixe nuen erronka.

Eta horretan jarraitzen duzu, baina ez Afrikako zuhaitzari soilik erreparatuz…
Ez. HiruAlde martxan genuen sasoian itzuli nintzen txikitatik hainbestetan egondako Uzesteko jaialdira, musikari gisa oraingoan, Bernard Lubat eta beste maisuekin ikastera, lanera. Eta hor dago free jazz-ari loturiko tradizio bizi eta errotua, Bengalifere proiektuan garatzen ari garena.

Bengalifere diskoa entzuten duenak, “herri musikaren” ikuspuntutik, lan zaila dela esango du ziurrenik…
Soinuaren barnetik eta bere baitara egiten dugun bidaiaren berri ematen du diskoak, baina guk zuzeneko lana egiten dugu, etengabe garatzen ari dena. Bengalifereko hiru musikariok (Matthieu Lebrun berriz saxofoietan, Jordi Cassagne kontrabaxuan eta neu perkusioetan, baterian eta kantuan) elkarrekin gaude era berean ikerketa eta adierazpena den bidaia horretan. Gurekin hor barneratzeko gonbita egiten diogu entzuleari, ez dagoeneko ezaguna duena berriz errepikatzeko, lehen aldiz aurkituko duen zer edo zer dastatzeko baizik. Hori ere bada musikaren erronka, guztiz geurea dugun sentiberatasun batetik bide berriak –sonoritateak, ehundurak, nahasketak… inprobisazioa betiere– saiatzea.

Azken Errobiko Festibalaren edizioan, Bengaliferez gain Maddi Oihenartekin egin zenuen kontzertua zerbait berezia izan zen askorentzat.
Maddirekin ikasten egona naiz azken urteotan, Zuberoako ahotsik indartsuenetakoa eta aberatsenetakoa baita berea, eta hortik sortu da elkarrekin zerbait taularatzeko aukera. A cappella kantatzen dugu, bakarka eta binaka, baina baita nire perkusioarekin ere. Eta aurtengo Itsasuko emanaldirako Bastien Fontanille biola jotzailea gonbidatu genuen gurekin jarduteko. Instrumentazioa kantuaren eta ahotsen zerbitzura jartzeko tentu handiarekin ibili gara betiere.

Hor bada Zuberoako maneren aldarrikapen bat, eta baita molde berrien bilaketa ere…
Zuberoako mendialdean gordetzen dira oraino Europa osoan nagusi ziren kantatzeko era ez tenperatuak. XVIII. mende erdialdetik aitzina Bachen ekarpenarekin inposatuz joan dira, “naturalak” balira bezala, pianoak ezarritako noten arteko interbaloak, eta nota horien arteko guztia ezabatua izan da, kantatzen ez dakiten ezjakinen modu arbuiagarritzat kontsideraturik. Gauza bitxia gertatu zen XIX. mendean Parisetik Zuberoara jin ziren hainbat aditurekin. Hango kantuak liluraturik, bere moduan transkribatu eta Parisen arrakasta lortu omen zuten. Itzuliko ziren gero Zuberoara bertako jendeari beraiek egiten zuten erara erakusteko, modu tenperatuan, alegia, hori zelakoan modu kultu eta jasoa. Egun Mendebaldeko tradizioaren erreferentetzat dugun musika moldea, berez, tradizio baten suntsitzailea izan zena da. Artzainen moduak eta, ez jakinenak bezala salduak izan dira, mendeetako aberastasun eta tradizio izugarri bat suntsituz. Horrela joan dira inposatzen modu estereotipatu batzuk, gorteetako manera “finak” guztien eredu. Halere, bada erresistentzia bat horren aurrean, Zuberoako tradizio bizian, Baigorri inguruko zenbait kantari zaharretan-eta. Hegoaldean ez da ezer geratzen, baina nork uste du Mauriziaren kantaerak ez duela hortik ere?

“Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago”

Egungo euskal musika herrikoia rocka da, eta zuk lantzen dituzunak, berriz, zaharkituak edo elite batentzat asmatuak balira bezala hartzen dira.
Lehenik eta behin, bereizi beharko genuke “euskal musika” eta “euskaraz egiten den musika”. Dirudienez, bigarren hau da gehienek euskal musikatzat dutena, baina nik ez dut halako ezer ikusten rockaren molde gehienetan, kasu, euskaraz ari direla salbu. “Askatasuna!” oihukatu eta kolonizazio batek inposatu dituen moldeak erabili, hori da gertatzen dena, gehienetan. Ekologiaren izenean inori ez zaio bururatuko McDonalds-en janaria errebindikatzea… Bada, ene ustean, halako zerbait gertatzen da musikaren arloan. Pentsa irratietatik eta interneteko plataformetatik zabaltzen den musikan. Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago. Eta hori, transgenikoekin gertatu bezala, bertako kultura adierazpen guztiekin bukatuz inposatzen da. Rockarekin gurean gertatutakoak musikarekin baino gehiago beste fenomeno sozialekin du zerikusirik, eta nahasmendu horretatik ez gara oraino atera. Batetik, inoiz baino musika mota gehiago dugu eskura, aniztasuna sekulakoa da; bestetik, gero eta eredu murritzagoetara gara bultzatuak.

JULEN_AXIARI_-_MADDI_OIHENART

Gero eta gutxiago kantatzen da egun ahots hutsez, badu honek zerikusirik esaten ari zarenarekin.
Hala da. Badirudi gitarra baten laguntzarik gabe ezin dela kantuan aritu, eta moda hori jartzen ari da koruetan ere, izugarria! Nik ez dut behin ere sentitu halako beharrik. Ahotsa berezko instrumenturik aberatsena da eta gorputzetik beretik sortzen da musikak behar duen guztia.

Oso gutxi zarete perkusio jole eta kantari zaretenak, eta zure perkusioa tratatzeko eran ez dago oinarri erritmiko hutsa. Bateria, instrumentu “oso” gisa entzuten dut nik zu bezalako hainbat jotzaileren eskuetan: hor daude testura tinbrikoak, armoniak, baita melodiak ere.
Bai, hor dago dena. Perkusioa ez da gauza mekaniko bat, melodia mota baten sostengu hutsa. Bestalde, hemen arraroa bada ere, pentsa munduko musika askotan, Afrikan lehenik, perkusioaren gainean sortzen da horietan musikaren eraikin guztia, ez da beste instrumenturen premiarik sentitzen, gero eta hedatuagoak badaude ere, kanpoko eraginez.




ERROBIKO FESTIBALA, 2015: HIGA, BIGA, BAGA

HIGA. JENDETASUNEZ ETA MUSIKAZ BLAI
Hiru gau txikien biharamunean nago, Itsasun artean, azken egunen eta gauen eraginpean. Hiruzpalau lo-orduren ondoan jaiki, hitzaldian hartu parte, BERRIArako kronika idatzi, lagun zahar eta berriak topatu eta musika mozkorraldia gauerako. Hori izan da hiru egunotako dieta: intentsitatea eta plazera nahasirik –janak itxaron dezake.
Kroniketan, apenas aipatu ditut goizeko mintzaldiak. Izan diren bietan izan naiz parte hartzera gonbidatua, Camel Zekrirekin batera (http://www.camelzekri.com/). Bestela, lehengoan, Ibai Etxezagarragak (Bilboko Tximini kolektiboa) hartu zuen parte, eta bigarrenean David Goldsworthy-k –Roy Hart eskolakoa– eta Paxkal Indok, besteren artean. Ekintza kulturalean nabarmendu diren pertsonokin mahai inguru bat partekatzea zirraragarria izan da, ez baitzegoen aurre-gidoirik, Beñat Axiariren galderei norberak ematen zion erantzunak zabaltzen zuen ildoak sortzen zuena baizik. Ostiralekoa izan zen bereziki intentsua: doluaren eta heriotza sinbolikoaren premiaz aritu nintzen –ahaztua dut galdera– eta zirrara handiz jarraitu zidan Camelek: Aljeriako gerra, Afrika erdialdeko sarraskiak, eta berak egindako harat-honako bidaia pertsonal eta kolektiboa, bi munduen parte delarik, beti errotua, beti erbestean. Aljeriar jatorrikoa eta Parisen jaioa, bere familiaren jakituria eta erroak berreskuratzeko, musika lagun, Aljeriaz gain, Niger ibaia zeharkatzen duten herrialdeetan –Malin, Nigerian…– “Uraren festibala” antolatzen eta bizitzen ibilitakoa, Normandian eraiki dituen proiektuen artean. Gizon hurbila, sakona eta maitagarria egin zait, eta jarraituko duen topaketa bero baten sentipenarekin besarkatu nuen despedidan.

Webgunea: http://www.camelzekri.com

Ez da lehen aldia Ibai Etxezagarraga topatu dudana, Gerezien Denbora pastorala Barakaldon eta Bilbon 2014ean aurkeztua izan zenetik. Berak gaurkotzen dit Bilbo inguruan azken eraldaketaren geruza sakon eta ez horren eredugarriak, eta horren aurreko ekimen argi eta emankorrak. Pertsonez, hiriez nahiz kontinenteez, mundu sakonen eraldaketez eta aterabideez gogoetatzeko aukera ematen dute bere hitzek gainontzekoekin gurutzaturik, eta erregalia da maila honetako pertsonekin aritu ahal izana.
Azkenik, David Goldsworthyren ibilbidea eta irakaskuntzaz –izan nintzen bere ikasle orain bi urteko Errobikoan–, eta Paxkal Indoren argitasun libertarioak txinpartaz bete zuen larnbateko solasaldia. Berak ekarri zuen lehen Errobiko festibalaren gomuta, Erro-biren esangura –partikularra eta unibertsala–, eta Miguel Torga idazlearen esaldia: “Unibertsala harresirik gabeko bertakoa da”.
Bart gaueko kontzertuaren eraginpean nagoenez, eta ondoren ipiniko ditudan kroniketan aipatua ez denez, hona zenbait inpresio:
– Neptune Chapotin-ek lekzio magistral bat eskaini zigun: sei-zazpi musu-gitar erakutsi eta bakoitzaren doinuaz blaitu: Vietnamgoa bat eta Ukrainiakoa bestea, India hegoaldekoa nahiz Siberiakoa… izugarria musika tresnarik xumeenaren ahala!

– Trapaga eta Errekatxoko (Bizkaia) harri zulatzaileak etorri ziren gero: harrituta begiratzen genion elkarri eta gizon indartsu hauen –emakume bat tartean ere bazen– jarduera agonikoari. Lehen galdera: zer ote zen mundu guziko harrobietan gizon horiek egin beharreko lan izugarria? Bigarrena: zer dela eta euskaldunon joera halako jardun dagoeneko desagertuak kirol bihurtzeko eta norgehiagokan plazaz plaza ibiltzekoa? Badu erakargarritasunik halako ikuskizunak, bistan denez, baina testuinguru hartan, zientzia-fikziozko gauzatze hiperrealista baten aurrean sentitzen nintzen: urte gutxiko haurren begitarte harrituak eta, gizonkote haiekin batera, Julen Axiarik eta Nicolas Nageotte bezalako gizontxoak inprobisatzen zuten musika erraldoiarekin, zein unibertsora ginderamatzan minutu luze haietan?

– Eta gehiegizko errealismoz beteriko mundu hartatik ateratzeko –ez guztiz, inpresioa eta harri zulatuak hor jarraitu baitzuten agertokiaren erdian–, 17 gizon-emakumez osaturiko Coetus taldea etorri zen alaitasunez eta indarrez gainezka beren kantu sortekin. Perkusio “pobrea” dute oinarri –pandero koadratuak, bonboak, zartaginez, eltzez eta gainerako sukaldeko tresnez osatutako bateriak…– baina hauei ateratzen dieten etekina izugarria da. Gogora etorri zitzaizkidan 70ko hamarkadan Espainian nahiko ezagunak egin ziren folklore bilatzaile haien malenkonia eta tristura, mortu ziren herrixketan aurkituriko kantuen bitartez transmititzen zena. Guztiz bestera hauek: jasotzen dute mundu gogor haietako une askatzaileak: uzta biltzerakoan edo amodio klandestinoak haizatzerakoan ateratzen ziren horiek ,eta denok barnean dugun erro sakona azalerazi. Paradoxa: 17 katalanez osatua dela taldea, Iberiar penintsulako folklorea horren modu eraberrituan biziberritzeko gai dena.
Ikus http://www.coetusiberica.com/

Eta gaua ezin modu ederragoan amaitzeko, su artifizialei loturiko Paxkal Indoren txalaparta

Ondoko bideoari, kendu orkestra eta koroak, eta ipini Erwan Keravec-en gaita, urrats geldoez iluntasunean…

BIGA. AGERTOKIA, GUDU ZELAI
http://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm

Gaueko emanaldia da Errobiko Festibalaren une ikusgarriena, baina badira egun osoan beste hainbat ekitaldi: mendi txangoak, non parte hartzaile guztien artean aurretik programatua ez zegoen zerbait pitz litekeen, baten musikaz eta bestearen poemaz edo mugimenduez… Lekuek eta uneek hartzen dute pisu nabarmena, eta hor sortzen denak beti du leku eta une horrekin zerikusi berezirik. Eta hori bera da goizero sortzen den mintzaldi-ikusgarrian: mintzakideak nahiz entzuleak unean-unean dira gonbidatuak gai bati atxikitzera, eta ikusteko beti bertatik sor litekeena. Joan den ostiraleko gaia kultur sormena zen, baina heriotzaz eta birsortzeaz aritu ziren bertaratutakoak, Euskal Herriaren dolurako zailtasunez edo Bilboko biziberritzearen gibelean suertatzen ari den mundu oso baten suntsipen fisiko eta kulturalez (Ibai Etxezarraga), edo Aljerian eta Afrika osoan bizi den kinkaz (Camel Zekri). Poesiak eta musikak ere badu lekurik elkarrizketan eta, Rene Char eta Attila Jozsef izan ziren oraingoan euskaraz eta frantsesez gonbidatuak: «Mundu honetara jaurtia izan bazara/ hobe duzu zazpi bider jaiotzea…/ Sei kume daude negarrez, baina ez da nahikoa:/zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena».

Arratsaldean, musika nagusitzen da, gaueko kontzertu hirukoitzerantz. Ostiralekoaren lehen uneak Beñat Axiarik (kantua) eta Didier Lasserrek (perkusioa) bete zuten, kontzertu labur bezain intentsuan. Axiari musikari lagun anitzekin aritua da urteetan, talde eta proiektu arruntetan, eta, horrela segitzen du egun ere, baina bikotea osatzean perkusio-maisuak ditu kide kutunenak. Hori da Ramon Lopezekin sortzen duena, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Didier Lasserrekin. Maisuok badute indarra, baita lirismoa eta, guztien gainetik, bateriarekin orkestra oso batek duen giroak sortzeko gaitasuna. Instrumentu totala bihurtzen da hori, nola Beñaten ahotsa bera, hala bien arteko uztarketa, erabatekoa. Hitzik gabeko inprobisazio basatiekin abiatu eta burutu zuten emanaldia; tartean Abbey Lincoln-en hasierako As Tender As a Rose edo Herniette Aire-ren Egiaren egarriz poemaren gainean egindako pieza. Beti harritzen du entzulea Beñatek bere joko kromatiko eta erritmikoekin, eta gero eta askeago sumatzen zaio musikaren itsasoan.

Emile Parisien laukotea

Bigarren kontzertuak jazz garaikidean meritu propioz nabarmentzen ari den gazte handi bat ezagutzeko parada eman zien hara bildutakoei. Axiari eta Lasserreren dohainez aritzean haien instrumentuek osotasun musikala sortzeko gaitasuna aipatuta, zer esan Emile Parisienen saxoei buruz? Musikaz hitzen bitartez ezinezkoa denez, haren jotzeko eraz aritu behar, hasieratik erakutsi zuen manera propioaz: borrokalari baten gisan hartzen du saxoa, eta haren postura eta mugimendua halako batena da. Haren kontzertuaren lehen partea borroka baten sekuentziatan irudika liteke: hanka bat aurrean eta bestea sendo atzean beti, eta atzetik aurrera jaurtikia lirudike haren mugimendua, haren instrumentuaren hotsa. Nocturne girokoa izan zen lehen pieza, urrutitik arreta osoz begiratzen den gudu zelaira doan borrokalariak egiten duen otoitza edo konjuru baten antzekoa. Ondoren, borroka saihestu ezin duenaren autoafirmaziozko ahal erakusketa; zango aurreratuekin gorputza babestuz eta, saxo sopranoa arma bat balitz bezala, guardiazko eta erasozko keinu etengabeak gauzatuz.

Aldean zituen bere musikari laguntzaileak: Julien Touery (pianoa), Yvan Gelugne (kontrabaxua) eta Julien Loutelier (bateria), bere jardunarekin bat egiten, baina hirugarren piezaraino ez ziren nabarmendu, Parisienek jokoan zegoen bataila erabakita zegoen momentura arte borrokara sartzen utzi izan ez balitu bezala. Horien artean, Touery nabarmendu beharko litzateke, berez instrumentu osoa den pianoari eragin zion joko tinbriko eta erritmiko guztiengatik.

Erabakia zen borroka, onartuak zauriak, erailak fantasmak… eta ozeano handi bat zabaldu zen orduan, non gerlari haiek barneratzen ziren beren buruari galdezka bizi izandako hura benetakoa hala ametsezkoa izan ote zen. Bigarren kontzertu bat abiatu zen orduan, denboraren neurria urratu zuen lehen tarte hura iraganda. Saxo tenorraren tonu grabeagoek zuzendua, borroka izan zena dantza eta ospakizuna bilakatu zen bigarren zati honetan. Orduan zabaldu ziren instrumentista guztien ahalak, eta gainezka datorren ibai bizkor eta agortezin baten antzekoak ziren. Gogoetarako uneak bezala, ospakizun ero baterako, elkar besarkatzeko edo begiak itxita bakartzeko.

Dena aldatu zen gauaren hirugarren emanaldirako, agertokia nahiz musikariak. Entzule izateari utzi, eta dantzari bilakatu zen jendea orduan, Brasilgo ipar-ekialdeko jai giroko musika alaiarekin. Musikari brasildarrez nahiz europarrez osatua eta Fawzi Berger-ek zuzentzen duen Forro da Lua taldeak bideratu zuen aldaketa, Brasilen bertan bezala. Martxaz gainezka eta forró-ak berezko dituen kadentzia errepikakor eta inguratzaileekin korapilatu zuten gaua, eta gero jendeak ez zekien zein ordu zen oheratu zenerako.

BAGA. SOILTASUNAREN HANDITASUNA

http://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm

Ohikoa duen ekitaldiarekin abiatu zen joan den ostegunean Itsasun (Lapurdi) aurten 20. edizioa betetzen duen Errobiko Festibala, Juan Luis Goenagaren margolanez beztituriko Sanoki aretoan. «Kultura, krisi garaian lehen premiazko betekizuna?» galdera borobilaren inguruan aritu ziren Raoul Sangla zinema errealizatzaile angeluarra, Rene Trusses Tarbes hiriko (Okzitania) Liburuen Maiatzaren sortzailea, Camel Zekri aljeriar jatorriko musikaria, Pierre Vissler artista zuberotarra eta Juan Kruz Igerabide euskal poeta. Hitzaldiak musikarekin tartekatu zituzten, eta halako galderari erantzun poetiko batez saiatzen abiatzeko balio dezake Igerabidek utzitakoa: «Ez den horretan dago poesia (Pierre Reverdy), eta ezinezko den horretan… Ezin eman ez daukagunetik. Eta, hala ere, ez daukagunetik ematea da poesia, hain zuzen». Eta poesia da, bere zentzu zabalean, bizi arnasa.

Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.

Flamenko deseraikia

Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia… eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.

Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari… antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.

Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.

Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.




RUPER ORDORIKA IZAN ZEN GIZONA

Ez dut lerrootan igandeko kontzertuaren kronika egin nahi. Hobeto esanda, hasiko naiz kronika bat bailitzan, baina eskaini zizkigun hamabi piezen zentzuaz aritu beharrean —zenbat goi-mailako eskaini dizkigu Ruperrek dagoeneko?— hasierako hiru baino ez ditut komentatuko ia, hor egon baitziren une berezi eta adierazgarrienak, Leo Abrahamsen gitarrarekin batera sortu eta lortutakoak. Ahantz dezagun protokoloa, ahantz alkate garaileak RRV vs Ruperri buruz botatako ergelkeria, edo “Sarri, Sarri” kantua goraipatzearen atrebentzia (zeren seinale ote hori guztia? Eneko Goiaren hitzek gogoeta luze baterako emango lukete… Laburbiltzeko nahikoa “Bye bye gizontxo” eta haren «irabazleen biba astunak» entzutea testuinguru honetan). Ruperrek, kiroltasunez eraman zuen unea, bere burua Asuranceturixekin —Asterix eta Obelix-eko bardoarekin, alegia— adarrak gora, adarrak behera, alderatuz. Une berezia zen igandekoa, abilezia finez tratatu beharrekoa…

Baztanen suertatu zitzaidan asteburua. Baztan mitikoan, noski. Ezen Baztan erreala han jaio edo bizi direnentzat baino ez da existitzen. Gainontzeko adin bateko euskaldunentzat, alegiazko Baztan bat dago, paisaia horrekin nolabait lotua eta Leteren eta Artzeren poemak, haien eta Laboaren edo Imanolen ahotsek sortua. Baino inor gutxik daki Baztan miretsi horretan gauzatu zela sortzaile haien nolabaiteko heriotza sinbolikoetako bat ere, hango komentu batean egin baitzen Ez Dok Amairu-ren azken bilera, 1972koa, oraino sekretupean gordetako eztabaida eta botazioekin —sekretuak 43 urte pasatu ostean!—. Komentu horretako aterpetxean bertan suertatu zait asteburua igarotzea, eta konturatu naiz —lehen ere egona nintzen, baina ez nuen igandera arte bilera harekin lotu— bere horretan iraun dutela etxe honetako gelak eta gainontzekoak urte hauetan guztietan. Orduan bezala dago dena: 60ko hamarkadan zegoen modura, baina pasatu den denborak eragindako dekadentziarekin.

Burutazio hauetan nentorren errepidean Ruperren kontzertura, azken diskoa berrentzuteko aprobetxatuz eta honek ilustratzen duen ibilbidea beste behin neureganatuz, doinu bakoitzari, esaldi bakoitzari oraindik antzeman gabeko zerbaiten bila, edo dagoeneko jasotako atseginean laketuz; ahots horri, esateko modu horri eta esandako hitz kantatuei errenditua. Banekien zerbait berezia gertatuko zela gero, kontzertuan, ez zela arrunta izango; esker oneko gizonak bere esker ona erakusteko manera bilatuko zuela. Sariaren eskaintzatik abiatu zen: etxekoei, bai, baina baita «radarren azpitik ibiltzen diren hainbat euskal musikariri» ere.

Ruper, ‘Hautsi da anphora’ diskorako zenbait laguntzailerekin, 1980ko argazkian.

Disko baten lehen kantua printzipioen deklarazio bat izan ohi da. Baita karrera oso batekoa ere. Hautsi da anphora apurtzailea izan zen Ordorika abizena zuen 24 urteko gazte harena, Baztango bileratik zortzi urtera; eta igandeko kontzertu berezikoak ere hala behar zuen: 2009an grabaturiko Haizea garizumakoa diskoarekin abiatu zuen aro berri baten baitan enblematikoa den kantua izan zen aukeratua igandean: «Zuren onenean ez zaudenean/ desiratzen iragan dadin eguna/ entzun nahi zenuke/ mundua biltzen duen oihartzuna». Zer da kantua? Zer nahi du izan Ruperren kantuak? galderei erantzun bila egina: «Ez utzi sakonago hondoratzen/ barruan daramazun pena, / zoriontsu entzun/ mundua biltzen duen oihartzuna». Aurretik, hartu zuen denbora, trantsizio gisa Abrahamsen gitarra sinfonikoak: nahikoa minutu bateko soinu iradokitzailea aurreko protokoloak ahaztu eta inporta zitzaigunean, munduaren oihartzuna izan nahi duen kantuan barneratzeko. Ondoren, eta kontzertuan gertatuko zen omenaldiaren arrastoa emanez —kantatu dituen poetei egindakoa—, Dionisio Cañas-en hitzekin azken diskoan ondutakoa etorri zen: «Zerutik gertu ez dira entzuten albistean/ beren odol putzuekin» baina «nik ez dut zerutik gertu egon nahi»; Zerua eskaintzen, agintzen, inposatzen diguten guztien aurreko deklarazioa.

Bi horiek hirugarrenaren prestaketa balira bezala, bere intimitatea partekatzen duen gizon heldua aurkeztu zitzaigun oholtzan; horretarako gai delako, eta, gainera, musika, melodiak eta soinuak eman dezaketen neurri inguratzaile zehatzarekin eskainiz. Horregatik ere bada handia Ruper, gai delako gure artean horren zailak diren adierazpen intimoak besteari enbarazurik sorrarazi gabe eskaintzeko. Esan bezala, ezin hobeki lortu zuen hori Abrahamsen gitarraren laguntzaz.

Ruper eta Leo Abrahams, Viktoria Eugeniako kontzertuan, ekainaren 21ean. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Hirugarren kantu honekin gera ninteke azpimarratu nahi dudana adierazteko: nola ailegatzen da bat zahartzaroaren atarira? Bizitza baten seigarren hamarkadaz ari gara, oraindik orain erretiroaren kondena/salbazioarekin amesteko edo urduritzeko sasoiaz, alegia. Etorkizun eskaseko eta iragan mitifikatutako limurtzaile patetikoak bihurtzen gara gehienok ataka horretan. Berak, aldiz —berriz ere ezin dotoreago— ontzi baten porturatzeaz ari zaigu “Atako bandan” aukeratu zuen kantuan («atako bandan» ikuskatzen omen dira arrantzaleen ontziak, Ondarroako adieraz). Hor dago beste behin itsas-bidaiaren irudia, honen larritasunen, arriskuen eta altxorren promesa guztiekin; naufragio posibleekin, dena alda dezakeen gertakizun aurretik kalkula ezinekin… baina benetako heroiak badaki etxera itzuli behar duela, bertan utzi zituen kontuak kitatzera, lehenik, eta bizitza berri bat abiatzeko, ondoren, etorkizuna akituz doan neurrian, une bakoitzaren dastamen posiblean. Horretaz ari zaigu Ruper azken aro honetan, eta edozein txoko maitekor izan litekeen talaia horretatik «bera izan zen gizonari» zuzentzen zaio zuzen, errarik gabe: «Lehen haundia zena/ orain txikia da…». «Ni izan nintzen gizona» hitzekin abiatzen du estrofa bakoitza, «hor dabil sinistu ezinik/ egunerokoan ikusten nauenean./ Bere aurreiritzi estuak,/ hil ala bizikoak/ nirekin bat ez datozenean…» eta «ixixa ez nau ezagutzen/ berbetan entzuten didanean». «Lehen zaharragoa al nintzen/ orain naizena baino?» galderarekin amaitzen du ur txorrota bezala jostalari doan melodia eta arpegioekin osaturiko kanta. Arrapostua gure kontura utziz bezala. Bai, gazteagoa zara orain, Ruper, eta zure adiskide ezagun eta ezezagunok goxoago eraman izan ahal dugu berrogei urte hauetako bizi beharrekoa.

Ez dudala kronika egingo agindu dut hasieran, baina Ruperren kantutegia gurea dugunontzat, ezin ustekabean harrapatu tenore honetarako egindako hautaketak: orain artekoez gain, “Fas fatum”, talde osoari harrera eginez ondutakoa, edo “Berandu dabiltza” eta “Ene begiek” kantuen deklarazio ozen eta borobilak, aitzakia gutxirako tarterik uzten ez dutenak; Luigi Anselmiren “Lagunaren heriotza”, edo 2008ko abendu urrun hartan Laboaren omenez idatzitako “Sekulabelardiko kantaria” hunkigarria. «Tradizioa ez dena plagioa da» esaldi probokatzailearekin aurkeztu zuen, azkenik, Otxandion jasotako “Mendi altuan”: «Larrosea ta krabelinea/ diferenteak kolorez:/ amak alaba agindu arren / aitak egin lei emon ez, / biok kontentu izanez gero/ bitartekorik emon ez» libertarioa. Gure omenez ibili zen Ruper, ez bere omenez, are gutxiago beren buruari saria emateko sariak banatzen iaioak diren agintarienez, eta intimitatetik abiatuta, bertakoen ereserki bilakatutako “Zaindu maite duzun hori” edo “Bizitza eder denean” beteak ere eskaini zizkigun. Lortu zuen esku artean erretzeko gai den saria gure esku epel uztea. Nahi gabe ere nabarmen utziz emailearen dorpezia; berez duen manerengatik gertatu zen horrela.

Ahaztuak ditugu dagoeneko gehienok Baztan mitikoa eta joan den mendeko liskarrak. Zalantzazkoagoa bada gaindituak ditugunik ere —zer ote gainditu beharrekoa?— Erantzunik gabeko galderei erantzuten saiatuz igo zitzaigun Ruper oholtzara orain dela zenbait hamarkada. Gazteagoa dugu orain. Izan dadila urte askoan!