1

Pandemian gogoeta 7. TXINA EREDUGARRI?

[Artikulu hau ARGIA aldizkarian argitaratu zen 2020ko ekainaren 14ean: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2690/txina-eredugarri]
Pekin edo Shangai baino, Wuhan bihurtu da, 2020a hasi zenetik, Txinako hiriburua. Handik heldu zaizkigu notiziak eta irudiak, baita mundua geldiarazi duen izua ere. Koronabirusari aurre egiteko eredu gisa ere agertu da munduaren aurrean. Erreportajearen egilea taichi irakaslea da eta, bere lanbidea medio, azken 40 urteetan harreman estua izan du Txinarekin eta ekialde urruneko beste hainbat herrialderekin.

Wuhan-en zuzenean agindu dute Pekinetik, baina gainerako lurraldeetan ez.

Wuhan-en zuzenean agindu dute Pekinetik, baina gainerako lurraldeetan ez

Txinak muturreko egitura demografikoa du. 1925ean Hu Huanyong geografoak lerro zuzen bat marraztu zuen ipar-ekialdeko Heihe eta hego-mendebaldeko Tengchong hirien artean (“Heihe-Tengchong lerroa”). Lerro horren mendebaldeak Txinako azaleraren %57a hartzen du eta, bertan, biztanleriaren %6a bizi zen 2002an. Ekialdeko %43an, %94a bizi da. Bertako hiririk jendetsuenean, Shangain, AEBetako zortzi hiri handienetan batera beste jende bizi da: 23 milioitik gora pertsona –baina guk, AEBetako hiriak irudikatzen ditugu beti “mundu modernoaren” erraldoiak bezala–.

Wuhan, Txinako hiri “ertain” bat da: 12 bat milioi biztanle eta Hubei ‘probintziako’ hiriburua. Hubei osoak, 60 milioi biztanle ditu. Eta kasu honetan interesatzen zaizkigun ezaugarrietara joz, esan behar Wuhan dela Txinan “Lau Labeak” bezala ezagutzen denetako bat. “Labeak”, haien uda sargori eta hezeengatik baina, lauretatik, Wuhan gainera, labez zipriztindua dago, literalki: hirigunea altzairuaren eta hormigoiaren fabrikazioaren nukleo bat da, baita Txinako eraikuntzarekin zerikusia duten beste industria batzuena ere. Txinako eraikuntzaren hiriburua kontsideratzen da. Bertan 2018-2019 bitartean zeuden eraikuntza lanen azalera Hong Kong irla osoa bezain zabala zen (80’5 km2, Bilboren bikoitza).

Mirari ekonomikoaren pagaburuak
Baina datuok ez dute erakusten zer nolako bizimodua garatu den ingurune haietan. Bertan bizi den jendea, esaterako, bikoiztu egin da azken hogeita hamar urteetan. Jia Zhangke zinemagilearen lanak ikusi dituenak ondo irudika lezake bilakaera hori (ikus 2006ko Sanxia Haoren / Still Life). Jia, Shanxin jaioa da, Hubairekin muga egiten duen lurraldean, baina biek dute elkarrekin Yangtse ibaia (Txinako zibilizazioan, ibai Horiarekin batera, Egiptokoan Nilok izan duen lekua duena).

Trumilka hirietara doazenak “paperik gabeko” bihurtzen dira, hukou izeneko legeagatik. Horren arabera, bakoitzari dagokion lekuan –jaioterrian edo baimendutako desplazamenduetan– ematen zaizkio zerbitzu sozialak: eskola, mediku zerbitzua, etab. “Lekuz kanpo”, eskubide horiek desagertu egiten dira. Eta milioika dira, gero eta gehiago, baldintza hauetan bizi direnak. Bestalde, maoismoaren garaian indarrean jarri zen danwei sistemari esker, langile bakoitzak eskubidea zuen bere lantokian oinarrizko zaintza medikua jasotzeko. Sistema hori desegin da 90eko hamarkadan abiatutako estatuak kontrolatzen duen sistema gero eta pribatizatu baten pean.

Oraingo sisteman, enpresen eta langileen ekarpenen konbinazioak laguntza medikoa, pentsioak eta etxebizitza-asegurua ordaintzen ditu. Hala ere, gizarte-segurantzako sistema horrek hornidura falta sistematikoa izan du; izan ere, enpresei ustez eskatzen zaizkien ekarpenak askotan ez dira kontuan hartzen, eta, beraz, langile gehienek poltsikotik ordaindu behar dute zerbitzua. Eskura dauden azken kalkuluen arabera, langile migratzaileen %22ak baino ez duten oinarrizko aseguru medikoa. Dongguan bezalako industria-zentro batean [Canton eta Shenzhen-ekin batera, 25 milioi biztanle batzen dituena, Hong Kong ondokoa] gizarte-segurantza ordaintzeak erdira jaitsiko lituzke industria-irabaziak, eta enpresa asko porrotera eramango lituzke.

23 milioi biztanle dituen Shangai hiria.

 

Epidemiaren kudeaketa
Osasungintzan eta hezkuntzan egiten den gastu publikoa oso txikia da oraindik Txinan. Azken hamarkadetan dirutza bideratu da azpiegitura erraldoietara eta energia iturri merkeak lortzeko lehiara. Txinako industriak kalitate handiko eta esportaziorako balio handiko ondasunak ekoiztea lortu du, munduko merkatuko estandar zorrotzenen arabera fabrikatuak, hala nola telefono mugikor adimendunak eta ordenagailu-txipak. Baina barne-merkatuaren kontsumorako egiten diren produktuak maila kaskarrekoak dira, eta ohikoak dira horrek eragindako eskandaluak eta jendearen mesfidantza handia.

1950-1980 bitartean jendearen osasun mailak nabarmen gora egin zuen –batez besteko bizi iraupena 45 urtetik 68ra igo zen–, maila oso apaleko ekonomia batean. 1980tik aurrerako “eztanda ekonomikoarekin” batera, aurreko ereduaren abandonuak eta pribatizazioek nabarmen hondatu dute osasun maila. Batera gertatu dira urbanizazio prozesu azkarra, elikagaietako produktu industrial desarautuen ekoizpena eta botikei eta segurtasunari buruzko erregelamendu kaotikoa. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, egun Txinak osasunean egiten duen gastu publikoa, Brasilek, Bielorrusiak eta Bulgariak gastatzen dutenaren erdia da, gutxi gorabehera. Bitartean, bat edo bi gaixotasun kutsakor berri sortzen dira Txinan urtero, eta horiek epidemia bihurtzeko baldintzak ezin hobeak dira lurraldean.

Kudeaketa eredugarria? Mitoak ez du etenik
Gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira gure artean Txinako Gobernuaren ardura salatuz pandemiaren hedapenean: kasuak antzeman omen ziren 2019ko urrian Wuhanen ospatu ziren Munduko Joko Militarren ostean. Bertan, 100 herrialdetako 10.000 atleta baino gehiago elkartu ziren. Txinak abenduan jakinarazi zion OMEri birusa Wuhanen detektatu zuela, eta Kanpo Arazoetarako  Ministerioaren bozeramaileak sare sozialetan aditzera eman zuen AEBetako kirolarien ordezkaritzak sartu zuela birusa. Dakiguna da, OMEk abenduaren 31n pandemia deklaratu arte, Wuhango hegazkinek jarraitu zutela mundu osorako haien hegaldiekin.

Txinako Gobernuak aspaldian darama jokamolde bera “probintzietako” eta enpresetako arduradunekiko: oso larritzat hartzen da krisi zantzuak edo arazoak adieraztea, horrek eduki litzakeen ondorio kaltegarriengatik. Bakoitzak konpondu behar ditu ahal dituen moduan. Wuhango medikuak hasi zirenean esaten arazo larri bat detektatzen ari zirela, lehen erantzuna haiek kartzelaratzea izan zen. Ondoren, muturreko erantzun bat egon zen gobernu zentraletik –hiri erraldoiak hutsik, konfinamendu zorrotza zenbait lekutan–, baina horren kudeaketa –Hubei eskualdean ezik, non Pekinek agindu zuen–, lekuan lekuko agintarien esku geratu zen, estatuak ez duelako sare eraginkor bat dena kontrolatu ahal izateko.

Ezer berririk ez, beraz, Txinako gobernantzari dagokionez. Harrigarriena da nola hedatu diren Europan zehar “txinatarren eraginkortasunaren” laudorioak eta nola hartu den “Asiako eredua” hemen indarrean jarri beharrekoa bezala. Honen adierazgarririk esanguratsuenetakoa da Byung-Chul Han filosofo korear ezagunak martxoaren amaieran adierazitakoa. Han-en aburuz, pandemia honek agerian utzi ditu emergentziari aurre egiteko bi molde: arrakastatsua bata, Asiakoa; eta porrot egin duena bestea: Europakoa.

Bere ustez, Asiako kudeaketaren arrakastaren gakoak bi dira: hiperzaintza digitala eta beren kultura-tradiziotik datorkien pentsaera autoritarioa –konfuzionismoa–. “Ekialdekoak obedienteagoak dira eta konfiantza handiagoa dute estatuan” dio. Europarrok, aldiz, indibidualistagoak gara, eta erabat zaharkitua dagoen soberaniaren eredu bati jarraitzen diogu –estatuen soberania aldarrikatuz, mugak itxiz, eta abar.–.

“Ez Txinan, ezta Asiako beste estatu batzuetan ere –jarraitzen du Han-ek–, ez dago kontzientzia kritikorik zaintza digitalaren edo big data-ren aurrean. Zoratuak dauzka digitalizazioak… Txinak europarrentzat imajinaezina den gizarte-kreditu sistema bat ezarri du, herritarren balorazio edo ebaluazio sakona ahalbidetzen duena. Herritar bakoitza bere gizarte-jokabidearen arabera da ebaluatua. Txinan ez dago behatu gabeko eguneroko bizitzako unerik. Klik bakoitza, erosketa bakoitza, kontaktu bakoitza, sare sozialetako jarduera bakoitza kontrolatzen da. Semaforoa gorrian zeharkatzen duenari, erregimena kritikatzen dutenekin tratua duenari edo sare sozialetan iruzkin kritikoak egiten dituenari puntuak kentzen dizkiote. Halakoei bizitza oso arriskutsua bihurtzen zaie. Aldiz, elikagai osasungarriak erosten dituenari edo erregimenaren aldeko egunkariak irakurtzen dituenari puntuak ematen dizkiote. Nahikoa puntu dituenak bidaiatzeko bisatua edo kreditu merkeak lortzen ditu. Aldiz, puntu kopuru jakin baten azpitik erortzen denak lana gal dezake. Txinan gizarte-zaintza hori posible da, interneteko eta telefonia mugikorreko hornitzaileen eta agintarien artean datu-truke mugagabea gertatzen delako. Ia ez dago datuen babesik. Txinatarren hiztegian ez da ageri ‘esfera pribatua’ terminoa”.

Badira urte batzuk sinologoen arteko eztabaida latza sortu zela frantsesaren eremuan. Alde batean, François Jullien, Europan ezagunena; bestean, Jean François Billeter suitzarra. Hona bigarrenaren iritzia: “Jullienen lan guztia Txinaren alteritatearen mitoan oinarrituta dago, gurearen guztiz desberdina den Mundu bat da haiena, gurearen aurkakoa”. Mito hori izugarri garatu zen XX. mendean, Marcel Granet sinologo frantziar garaikideen aitaren eta beste hainbaten lanei esker.

Baina kontu hori askoz lehenagotik dator, eta –horra gakoa– txinatarrek sortu eta hauspotu duten mistifikazio batetik edaten du. Txinara hurbildu den ia orok irentsi du amua: “Txina, giza-esperientziaren beste poloa da. Hura da gure funtsezko Bestea, eta hura ulertu gabe ezin izango gara jabetu gure Ni kulturalaren hegiez eta mugez” (Pierre Ryckmans, Simon Leys). Eta horrek, gure kategoriekin ulertezina egiten zaigunez, liluragarriak bihurtzen ditu txinatarrak. Zibilizazio txinatarraren eta europarraren arteko diferentzia ukaezina da, baina ekonomiara edo politikara jaisten garenean, erabat nahastu gaitzake lilura horrek. Aurtengo krisiari aplikatuz: “Hara txinatarrak: arazo larri bat izan dute, bai, baina guk erakutsi ez dugun gaitasunez egin diote aurre; pandemia garaitu dute, hemen baino hildako gutxiagorekin gainera”.

Txina berriaren mugarriak
Txina post-maoistaren aroa joan den mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen, Deng Xiaoping “Lemazain Txikiak” alderdi komunistaren eta estatuaren buruzagitzatik esaldi lapidarioen historiara pasako den hura bota zuenean: “Loriatsua da aberastea”. Bera izan zen 1989an, Sobietar Batasunaren suntsipenak gazteri txinatar askorengan piztu zuen aldaketarako grina nola tratatu behar zen argi erakutsi zuena, Tiananmengo plazan protestan zeudenak sarraskituz: milaka hildako, milioi bat inguru zauritu, atxilotu kontaezinak… Belaunaldi berriek izan zuten bere odol bataioa.

90eko hamarkadan horren ezaguna izan ez zen antzeko sarraski bat gertatu zen. Errepresioaren helburua erakunde budista bat izan zen orduan, Falun Dafa izenekoa, 70 milioi partaide izatera ailegatu omen zena, eta estatuak arriskutsutzat jo zuena. Milaka izan ziren atxilotuak eta torturapean hildakoak, eta probatutzat ematen da asko eta asko erabiliak izan zirela organoen transplanterako merkatuan. Bitartean, Tibeteko edo Xinjiango mendebalde urruneko lurraldeetan, errepresio bortitzak ez du etenik: milaka atxilotu, torturatu eta hildako. Uigurren kasuak hartu dio lekua Tibetekoari azken urteotan, bertako “berreziketarako” esparruen berri izan dugunean.

Han-en aburuz, ordea, txinatarrek ez dute joera kritikorik eta men egiten diote estatuari “konfuzionistak” direlako. Zoriontsu dira haien bihotz-taupada bakoitza, pentsamendu bakoitza big data-ri eskainiz, eta gero eta liluratuagoak gaude haien “kudeaketa eraginkorrarekin”. Lehenagotik ere zoratzen gintuzten egunetik egunera hazten ikusten genituen etxe-orratzekin eta gure enpresa aitzindariek lortzen zituzten kontratuekin.

Munduko hegemonia lehian
Ezin ukatu Txinaren bulkada ikaragarria munduko ekonomian eta politikan. XX. mendeko bigarren erdia estatubatuarra izan zen bezala, XXI.goa txinatarra izango da, ziurrenik, haien berezko estrategiarako gaitasunarekin. Jakina da Txinako gobernua negoziotan dabilela aspaldian Afrikako eta Hego Ameriketako gobernuekin, haien defizitak eta hornidura arazoak konpontzeko prest. Trukean, erraldoiak behar dituen errekurtso naturalak eta haien negozio estrategikoetako bideak zabaltzen zaizkio; epe luzerako inbertsio estrategikoak dira. AEBekin duten “guda komertziala” agertzen da gure berrietan, baina gauzak askoz ere sakonagoak eta zabalagoak dira.

Wuhanen urtarrilaren 24tik aurrera berrogeialdia modu eraginkorrean ezarri zenean, agerian geratu zen Txinak duen gobernatzeko estiloa: estatu zentralak, leku guztietara ailegatuko den aginte-egitura formal eta eraginkorrik ez duenez, deialdi masiboak egiten ditu tokian-tokiko funtzionarioak eta hiritarrak mobilizatzeko. Horiek badakite, datozen aginduak behar bezala interpretatzeko gai ez badira, gogorki zigortuak izango direla, gerora, ustelkeriaren aurkako borrokaren izenean. Irizpide horiei jarraiki, herri batzuek beren ekimen bitxi eta zorrotzak hartu dituzte. Larrienak, Zhejiang eskualdeko lau hiri nagusietan hartu dira: 30 milioi pertsonarentzako pasaporteak egin dira, eta, horri esker, pertsona batek baino ezin du etxetik atera, bi egunean behin. Hong Kong inguruko 12 milioi biztanleko Shenzhen hiriko eta barnealdeko Chengdu-ko agintariek (13 milioitik gora biztanle) auzo guztiak konfinatzea agindu dute, eta hamalau eguneko koarentenan jartzen zituzten eraikin osoak bertan kutsatu bakar bat antzemanez gero.

Ehunka izan dira atxilotuak eta kartzela zigor luzeetara kondenatuak gaixotasunari buruzko zurrumurruak zabaltzeagatik, edo koarentena hausteagatik, eta kartzelak ere bihurtu dira infekzio foku handi. Lehen aldia da maila horretako operazio bat gauzatzen dela Txinan. Jarduera ekonomikoa, berriz, neurri batean baino ez da suspertu: dena arazorik gabe dabil dagoeneko arlo batzuetan, baina beste batzuetan, denak etenda jarraitzen du.

Ailegatzen zaizkigun berri-izpien arabera, nori sinetsi? “Txinaren erabateko eraginkortasuna” goraipatzen duten Berlinen bizi diren Han bezalako morroiei, ala egoera askoz ere kaotiko eta nahasiagoa dela diotenei?

Datorrena ulertzeko gakoak
Orain arte bezala, Txinatik helduko zaizkigun berriak nahita nahasgarriak izango dira. Hori edozein boterek betidanik izan duen joko taktikoen erakusgarri baino ez da. Ez da ezberdin Europan edo AEBetan. Modu hanpatuan esaten den bezala, big data da kapital berria eta, estatuek baino, datu-oligopolio transnazionalek banatzen dituzte “informazio-kartak”: betiko propaganda, alegia. Eta ohi bezala, ere, heltzen denaren eta estaltzen denaren artean antzeman beharko ditugu “garaiko seinaleak” –ez gara horretan antzinatetik oso urruti–.

Txinaren ekonomiak badu berezitasunik une zehatz honetan: munduko produkzio- eta distribuzio-zirkuitu guztietan integratua egon arren, ez du finantzen marrazoen zirkuituetan sartu nahi. Hango bankuak, burtsak, balore-merkatuak, kapital-mugimenduak Txinako Alderdi Komunistaren kontrolpean daude. Kapitalaren armarik beldurgarrienek, gizarteko eta munduko txoko guztietako balioa eta aberastasuna xurgatzen dituztenak, ez dute funtzionatzen Txinarekin. Txinaz kanpoko oligopolio handiek ezin dute hango ekoizpena eta sistema politikoa kontrolatu, eta ezin dute ekonomia suntsitu, Asiako beste herrialde batzuekin mende hasieran egin zuten bezala, nazioarteko kapital-erakundeek emandako aginduak bete ez zituztenean. Kasu horretan, gerraren “irtenbidea” martxan jartzeko tentazioa izan lezakete, baina bi aldiz pentsatu beharko lukete. Txinatik ikusita, “paperezko tigreak” izaten jarraitzen dute.

Aldi berean, Luca Paltrinierik esplikatu duen bezala, badirudi txinatarrak jabetzen direla gertatzen ari dena Txinaren etorkizuna eraikitzeko etapa bat besterik ez dela. Konturatzen dira munduan zabaltzen ari den etorkizun post-apokaliptikoaz, eta sortuko den eremu berri horretan, potentzia nagusi moduan irudikatzen dute dagoeneko beren burua.

ERREFERENTZIAK:

http://chuangcn.org/2020/02/social-contagion/?fbclid=IwAR3U1naRpJjoef_ft2ptuVkjXUncoLpE1tQM2WTLIHNfvAceJ5CCMzu92Xw

“Contagio social: guerra de clases microbiológica en China”: https://vientosur.info/spip.php?article15743

Luca Paltrinieri: “Ensayo general para un apocalipsis diferenciado”: https://www.elsaltodiario.com/laplaza/pruebas-generales-apocalipsis-diversificado-luca-Paltrinieri

Luca Paltrinieri: “Distanciamiento social”: https://revistadisenso.com/aritculosinv/103-distanciamientosocial