1

“MAISU BATEK EZ DU BIOGRAFIARIK”

Poztu nintzen joan den uztailean Tabakaleran izandako elkarrizketako lehen galderak biografiarekin zerikusia izan zuenean: “Nolakoa izan zen taitxiarekin izan zenuen enkontrua; zer suposatu zuen zure bizitzarako?”. Konturatzen naiz zein hari fin eta hauskorrekin egina den biografia bat; edozein aldaketatxok –denboran nahiz espazioan– eduki zezakeen eragin erabatekoa; zein ezberdina zatekeen nire historia urte batzuk lehenago edo geroago jaioa banintz; nire lehengusuen edo auzokoen familia batean jaioa; emakume gizon ordez, eta abar. Eta gauza bera aldagai sozialei erreparatuta: beste paisaia batekoa izan banintz, beste historia hurbil batekoa, beste lurraldea batekoa, beste kultura batekoa… Gero eta ozenago, gero eta bortitzago aldarrikatzen bazaigu ere –“eraiki ezazu zeure bizitza; zeu zara zure destinoaren nagusia…”– argi dut gure eginahal nagusia dela emandako aldagai haiek destino bilakatzea, ez dugula besterako askatasunik edo betebeharrik.

Horregatik egiten zait fantasmala, susmagarria oso, biografiarik izango ez balu bezala, historia partikularrik gabe aurkezten zaigun edonor. Hori eginez, gainera, Egia Absolutu baten izenean Salbazioa agintzen digunean, badakit elizgizon baten aurrean nagoela: bizitzak duen alderik tratagaitzenarekin –kalteberatasunarekin, eritasunarekin, hilkortasunarekin…– trafikatzen duen merkatari baten aurrean; gizatasunaz mamitzen gaituen horrekin ari dena hain justu. Errealizazioaren izenean horren guztiaren gainetik jartzen saiatzen dena gizatasuna lapurtzen ari zaigu. Erlijio guztien joera dugu hori, baina bada alderik puntu horretan kristautasunaren eta Ekialdeko jakituria zenbaiten artean, kristautasunak data zehatz batzuk jarri baitzituen bere abiapuntuan: Jainkoaren beraren haragitzearena, haren heriotzarena, berpizkundearena…

Ez zitzaidan ustekabean pasa Yuan Liminen inguruko detaile xelebre bat: inork ezin zidan esan zein urtetan jaioa zen, ezta bere hurbileneko ikasleek ere. Oso ohikoak dira Txinan “Hilezkorren” istorioak hango ipuinetan, “taoista hilezkorrak” ageri dira batez ere han eta hemen. Wudang Xuanwu Maisuen leinuko 15.a aurkezten zaigu Yuan Limin, Wudan mendietako Zhang Sanfeng monasterioko abade (Zhang Sanfeng taitxiaren fundatzaile taoista mitiko gisa da ezaguna), eta haren diskurtsoa erabat erlijiosoa da: “Taitxia milaka urteko jakituria taoistaren adierazpena da, filosofia txinatarraren jakituria. Zeru-Lurraren arteko izaki bakan eta ordezkaezinak gara, eta horretaz jabetzea ahalbidetzen digu taitxiaren praktikak; gorputzaren eta gogoaren arteko arrakala osatzea dakar, gorputzaren gaixotasunak sendatuz eta ezkajintasuna eta berekoikeria geure baitatik desagerraraziz, jakintsu eta zoriontsu bilaka gaitezen”. Erlijiosoa dela diot, Salbazio bat agintzen baitigu termino absolutuetan, hainbat errituren edo liturgiaren bitartez –taitxia, kasu horretan– eta hainbat sinesmen kosmogonikotan oinarria hartuz –“Txinako milaka urteko jakituria taoismoak jasoa”–. Ez da harritzekoa gisa horretako erlijio baten ordezkari batek bere burua denboraz kanpo kokatzea eta bere bizitzaz esaten digun gauza bakarra izatea Maisuaren eskuetan izan zela jarria haurra zenean, Maisuak beregan zeraman jakituria arkanoa eskaini ziola, zeina egun munduan zehar ospatu eta jendeari jakinarazi behar dion. “Maestro” dio haren izenaren ondoan gure elkarrizketan agertzen den errotuluak; gisa horretako maisu batek ezin du, berez, biografia bat eduki.

Guztiz aurkako jarrera da nirea. Baina ez zentzu osagarri batean, yin eta yang polaritateak adierazten duen eran, baizik eta salatu behar den iruzur baten aurrean ipintzen denarenean baizik. Nire biografia aipatzen hasi nuen agerraldia, zein baldintza partikularrek bultzatuta murgildu nintzen taitxia beregan zuen Ekialde jakin batean. Saiatu nintzen zertzelada batzuk eskaintzen indarrean dugun “kirol-jendarte mobilizatuan”[1], kirolari eta ongizateari dagokien txokoan taitxiak egun betetzen duen lekua ulertze aldera. Bere jatorrizko Txinan, XX. mendeko historia asaldagarriaren parte izan da taitxia ere, eta ezin liteke bera ulertu 1900eko boxeolarien matxinada, maoismoaren garaipena eta hark ezarritako masa-gimnasia –taitxia bera– edo oraino indarrean den azken hamarkadako Falun Dafa bezalako mugimenduen errepresiotik aparte. Yuan Liminek Txinari buruz esan zuen gauza bakarra izan zen “atzean geratu da ezegonkortasuna, eta kultura berrezartzen hasia da”. Ez zuen ezer esaterik “Estatua arriskuan jartzea” salaketapean egun atxilotuak, torturatuak, erailak, kontzentrazio-esparruetan kartzelaratuak diren milaka eta milaka lagunen inguruan; haiek ere talde erlijioso batekoak dira eta berak proposatzen dituen ariketa bertsuak praktikatzen dituzte. Bestalde, Wudang mendi sakratua parke tematiko bilakatu da, eta tenpluak, bisitarientzako guneak[2].

Ez nuen erantzunik jaso ere “bihur zaitezte ura bezain malgu” diskurtsoaren salaketa egin nuenean. Bilboko “sasi-saolinaren” kasua hurbilegi dugu gisa horretako mezuak modu inozoan onartzeko. Maisu batek erakustaldiei uko egiten diela esan nion, eta uko egiten diola, halaber, ezerk ukituko ez duen botere erasoezinaren edota osasun perfektuaren edozein promesari. Horiek esateak ez zuen haren interesik jaso, maisuaren beraren eldarnioa elikatzeaz ari nintzelarik ere.

Maisuaren lekua onartu nuen nire aldetik –ulertzekoa denez, nire izenaren ondoko errotuluak “profesor de taichichuan” dio– eta kokapen horrek ezartzen dituen baldintzez aritu nintzen: arduraz hartzeaz ikasle orok inplizituki egiten duen demanda; uko egiteaz onurak agintzeari eta distantzia gaindiezinak jartzeari, hauek aipaturiko eldarnioak elikatzeko baino balio ez dutenez… Horrexegatik da ezinbesteko maisu batentzat biografia bat edukitzea; ikasketa sakoneko harreman bide orok berezko dituen eskariak eta baldintzak ulertu eta kudeatu ahal izateko, maisuak bere buruaren heriotza sinbolikoa zer den ondo ikasia behar du izan. Baina “Maisu batek ez du biografiarik” nonbait; bera hilezkortasunaren eztietan bizi da dagoeneko, ohiko denboraren eta espazioaren gainetik.

Zer pentsa ematen dit halako diskurtso batek –eskaintzabatek– bere lekua lortu izanak Tabakalera bezalako “Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro” batean. Beste nonbait esplikatu dut nire hipotesiak[2]: gero eta errotuagoak ditugun instituzio hauek gero eta parketematizaturiko bizimodu baten parte dira. Bizimodu horretan “aberastasun turistiko” gisa baloratzen da kultura bera, lehenik eta behin, non turistak ez dira kanpokoak soilik, pasian dabiltzanak, geu guztiak baizik. Parke tematikoan, jakiteko den guztia dago gure esku, eta ez zaigu ezer eskatzen jakintza horren truke. Espektakuluaren agertokiak ziztu bizian eta etengabe aldatzen dira –Donostia bezalako hiri baten eskaintza kulturala zorabiatzeko modukoa da– baina guztiek dute ezerezaren zapore hutsala: dena bizkor eta azalean gertatu behar da, ezer gerta ez dadin. Ingurugiro horretan –aipatu nuen “elkarrizketan”– oso urriak dira aukerak, taitxia bezalako ariketa batek ondorio sakonak eragin ditzan. Botere harreman autoritarioek eginak gaudenez eta horrek bereziki sentiberak bilakatzen gaituenez edozein harreman hierarkikoren aurrean, gaitza da ulertzea ere ikasketa harreman batek zer eska dezakeen: desaktibatua dugu aukera bera gertatu aurretik. Horrexegatik Jakituria eta Zoriona agintzen digun Maisu batek aurreko guztiaren ezaxola hasi behar du bere lana: biografia bat duenik ere ukatuz.

[1] Zentzu horretan, Tabakaleran martxan den Ariketak ekimenaren abiapuntuan eskaini nuenaren jarraipen gisa uler liteke nire gogoeta: Eros, Thimos eta Kirol Mobilizazioa. Hiru galdera eta bi gehigarri Ekialde Urruneko begirada batetik.

[2] Ildo hori jorratu dut Taichí en el parque temático artikuluan.




‘Shaolin’ kasua, ahanztura baino lehen (BERRIA egunkarian 2015eko maiatzaren 8an)

Yenny Sofía Revollo-ren eta Maureen Ada Otuya-ren hilketa ankerrak medioen arreta jaso du beste behin epaiketaren egunetan, baina berehala pasako da ahanzturaren eremura: serieko hiltzaile bat gehiago, shaolin-eko monjea zela uste zuen eroa, bi emazte gaixo haien tragedia –atzerritarrak, prostitutak…– egunerokotasunaren estoldan behera, eguneroko bortxa matxistaren ondorioz hurrengo biktimak azaldu bitartean.

Yenny Sofía Revollo y Maureen Ada Otuya, asesinadas-shaolin

Hori gertatu aitzin, bi gogoeta nahitaezko: batetik, biktimen senideen samina, hiltzailearen maniobra aringarri guztien arrakastaren aurrean. Ez defentsaren abokatua soilik; epaiketa egituratzen duten guztiak –fiskalak, teknikari forenseek, poliziek eta epaileak berak– ados jarri direla dirudi krimenaren larritasuna arintzeko ahaleginean. Ez zen bahiketa eta ankerkeriarik suertatu, nonbait, hilketa aseptiko eta oinazerik gabekoa baizik. Bestetik, espektakuluaren garaipena dago, “meditazioan barneratua” dagoen psikopata hiltzaile batek gauzatua.
Aurrez pentsatu eta erabakitako hilketen ebidentziaren aurrean, hauen astungarri guztiekin, “bat-bateko supituko bulkada”ren bertsioa gailendu da. Aparatu judizialaren betebeharra gure kontzientzia txarra areagotu dezaketen bortxa matxistaren munstro ezaugarri asaldagarrienak leuntzea balitz bezala, epaiketaren errituaren protokoloen bitartez: “Hilketak izan ziren, bai” esaten zaigu, “baina hiltzaileak onartu egin ditu, eta hori haren aldeko aringarria da”; gainontzeko osagarri makabroak, ezin ankerragoak, horrekin urtuko balira bezala. Bigarren gogoetarekin lotuta datorren zerbait, nire ustez.
Badirudi etsi eta amore ematen dugula espektakulua emateko gai denaren aurrean, baita espektakulu hori groteskoena bada ere. Aguilar hiltzailea da, baina “hiltzaile mediatiko” bat, lehen egunetik bere papera telebistan arrakastaz jokatzen ibili zena. Eta taularatze horrekin jarraitu du epaiketan ere: nola ez eman ongi etorria egungo reality show globalean horren modu sinesgarrian ari den bati?
Alabaina, feministek dute arrazoi osoa: “[Alcasser auzian nagusitu zen diskurtsoetan] sexu terrorearen ingurukoa nagusitu zen. Nik uste dut krimen hori sexu arriskuari buruzko 1990eko hamarkadako narrazioa izan zela. Narrazio horrek emakumeak errudun bilakatzera eta erasotzaileen erantzukizuna arintzera jotzen du. Narrazio hori sozialki eraikita dago, eta statu quo sexuala babesten du, hau da, gizonek andreen gorputzen eta bizitzen gainean mantentzen duten pribilegioa […] Hori aztertu beharko genuke, edo sexu langileen segurtasunaz eztabaidatu. Hori da gakoa, eta ez nor den Juan Aguilar, edo benetako shaolin bat den ala ez” (Nerea Barjola, BERRIAn).
Salaketa horren egokitasuna baieztatzera etorri da epaiketa eta, horren adibide, bertan agertu ez diren sumarioan jasotako akusatuaren “neska-laguna”ren deklarazioak: “Bularrak, besoak eta ipurdiak jotzen zizkidan eta iletatik tira […] Aurre egiten banion, nire familiari grabazioak bidaltzearekin egiten zidan xantaia. Joka ari zitzaidanean, asaskatze bat zela zioen, berak zuen amorruaz eta mingostasunaz libratzeko behar zuena […] ‘Putak, beltza putak’ esaka ibiltzen zen… Haietako bi bahitu nahi zituela zioen, drogatu eta zigortuko zituela ‘ni apur bat senda nendin’ adierazi zuen Maria Evak. Dena prest omen zeukan gimnasioan: intsentsua, fruta eta kandelak, eta dena grabatu egingo zuela. Bera amu gisa erabiltzea ere proposatu zion, zuen elbarritasunagatik, haietako emakumeren bat limurtzeko. ‘Mania hori zeukan, emazteei min ematearena… Haietako bat kalean bakarrik ikusten bazuen, izan ala ez prostituta, izorratu nahi zuela esaten zuen. Txinatik ekarria zuen droga bat emango ziela, lotu eta jipoitu, erdi hilik utzi arte, eta hori guztia grabatu niri erakusteko. […] Oso garbi utzi zidan asteburu horretan ez nuela gimnasiora hurbildu behar, bera meditatzen egongo zelako […]. Hauxe esaten omen zien ikasleei: ‘gudari garaileek bentzutuen bihotza jaten zuten haiek umiltzeko’ edo ‘hiltzaile bat meditatzera esertzen da hurrengo hilketa prestatzera’. Yenny-ren gorpuzki bigunak ez ziren inoiz agertu” (El Correo, 2013-XI-16). Zer dela eta pasa dira ustekabean deklarazio horiek epaiketan?
Gizon bezala eta berak publizitatzen dituen ariketen ezagule eta maisu gisa (arte martzialak, meditazioa…) guztiz asaldagarria zait hau guztia. Hamarkadak daramazkigu “Shaolingo monjeen balentriez” eta “budisten bakeez” liluraturik, eta ezin alde batera begiratu, beraz, egungo Mendebaldean lilura honek lortzen duenaren aurrean: “Mendebaldeko budismoa kapitalismoaren joko desesperatuan jolastea ahalbideratzen zaituen fetitxe bat da. Bertan zaude baina bertatik kanpo bazina bezala irudikatzen duzu zeure burua, espektakuluaren hutsalkeriaz erabat jabeturik, zure barne-Niaz baino ez baitzara arduratzen, eta beti duzu beragana erretiratzeko aukera” (Zizek).

 

jcaguilar. juicio

Aguilar-ek, benetako maisu zen bat bailitzan, begiak itxi eta meditazioan sartzen da; sorgor entzuten ditu deklarazioak eta peskizak, inongo damu edo hobenik gabe, ez du barkamenik eskatzen… egoaren kontutxo horiek ez dute-eta berarekin zerikusirik. Bere espektakulua garaitu egin zaio Ada-ren familiaren desesperazioari –haren gurasoak eta sei anai arrebak, haren lanetik bizi zirenak–, nahiz Kolonbiatik jaurtitako Yenny-ren amaren auhenari: “Bihotz gabeko hiltzaile honek ez behin; hiru, lau, bost aldiz erail zuen nire alaba. Mozten zuen zati bakoitza heriotza bat izan da niretzat”. Aguilar-ek eta beste hainbatek “Txinatik ekarritako droga” hark narkotizatzea lortu gaituela dirudi.




‘Sasi-Shaolina’ eta hutsaren diskurtsoa (Berria egunkarian 2013ko ekainean argitaratua)

Bilboko emakumeen hilketetan, hiltzailearen egiteko moduek eta biktimen izaerak aztoratu gaituzte, lehenik eta gehien —etorkinak, gizarte maila ahulenekoak, torturatu eta txikituak—, baina ez da hori hemen tratatu nahi dudan alderdia: hori gizonezkoaren muturreko indarkeriaren adierazpen makurrena da; alegia, hark bizi duen sexuen arteko gerran, funtsean, haren inpotentziaren adierazlerik behinena.

«Monje budistaz mozorrotutako hiltzaileaz» arituko naiz hemen, haren mozorroari eta diskurtsoari erreparatuz, bat-bateko eroaldiaren hipotesia alboratuz, hots «zerbait hautsi zen haren baitan, aurreko harmonia budatarra puskatu eta giza alderik ilunena agertu zitzaion». Psikosia berezko koherentziaren jabe denez, jarrai diezaiogun beste ildo logiko bati.

Juan Aguilar izar mediatikoa izan da, eta hala da oraindik ere: hedabideetan utzi dizkigu urteetako arrastoak. Azkena, komunikabide guztietan ageri den 2013ko bideoa. Hor, eldarniozko agertokian eta piura dotoreenekin, eskuan ehiza ganibeta duela aurkezten zaigu, labana astiro mugituz, laztanduz, aho zorrotzez besoko biloak moztuz, zirku itzulipurdika hasi aitzin. Erakustaldi hori haren kide askok izenpetuko luketen diskurtso batez dago idatziz hornitua: «Estilo eta forma aunitz bizi eta gauzatzen dira nigan. Urteak dira ez ditudala errepikatzen mendeetako tradizioz, ahanzturaz, modez edo txapelketetako araudiez higatutakoak. Dharma eta Zen-aren bihotza bilakatu nahian nabil, gogoa eta gorputza modu leunean menderatzeko neure bide propioa sortzen».

Atera berriak gara muturreko soluzioak hainbeste estimatzen zuen tradizio batetik, eta horrek ematen digu, agian, zenbait zororen solasaldi fanatikoak antzematen. Sloterdijk-en hitzetan, «[Pablo,] unibertsaltasunaren apostoluaren idazkietan, bultzatzen da dagoeneko maitasun mota bat zeinak, erantzun egokirik ez jasotzekotan, zekenkeria maniako-suntsitzailea bihurtzeko joera baitu. Monoteismo unibertsalista oldarkorren fisionomiak berezkoa du predikariek jendearengan Jainkoaren izeneko izu-ikara sorrarazteko grina». Baina, zer gertatzen da Ekialdetik datozkigun Hutsaren diskurtsoarekin? Ez al gara Mendebaldeko asko Funtsezko Hutsaltasun eta Ezerez Metafisiko baten lilurapean erori zerbait izatearen larritasuna arintzeko ahaleginean?

Sedukzio joko zabala hedatu da azken hamarkadetan Mendebaldeko zibilizazio gatazkatsuen eta Ekialde Urrunean proiektatzen den ustezko jakindurien artean. Han ikusi nahi izan dute askok hemengo gabezia eta akats guztien ifrentzua. Hemen materia gailentzen da, han izpiritua; hemen estresa, han lasaitasuna; hemen azalkeria, han sakontasuna…

Brian Victoriak, Zeelanda Berriko monje budistak, 1997an Zen at war ikerketa argitaratu zuen, II. Mundu Gerraren aurreko hamarkadetan Japoniako militarismo inperialak eta hango budismoak izan zuten harremanei buruzkoa. Liburuan azaltzen dira orduko maisu garrantzitsu zenbaitek egindako adierazpenak. Hona adibide batzuk: «Aurrera egiteko agindua hartzen baduzue, aurrera zuek!; tiro egitekoa bada, pum!, pum!, egin tiro! Horixe baita argiztatzearen ezaugarriaren gailentasuna». «Zen dotrina oso zehatza da buru-gogoeten jarioa ez gelditzeko aginduan […]. Norbaitek haren izena entzuten badu, ‘bai’ esan eta aurrera, zein arrazoirengatik deitua izan den erreparatzen ibili barik […]. Heriotzak deitu duenak ez luke urduritasun ñimiñoenik sentitu beharko». «Erlijioaren [Budismoa] zeregin nagusia Estatuaren bizi iraupenaren alde lanean laguntzea da […]. Heriotza eragiten duena ez da soldadua, haren ezpata baizik. Harengan ez dago inori kalte egiteko inongo gogorik, baina etsaia agertzen da, eta biktima bilakatzen. Balirudike ezpatak automatikoki betetzen duela justiziazko eginbeharra, errukizkoa» (etzanak neureak dira). Ez pentsa horiek salbuespeneko jarrerak direnik, edo Japoniari soilik dagozkionak. Budismoa ez da inondik ere botereek edozein korronte metafisiko edo erlijiosoren erabilpenetatik libro izan.

Zen at war

Historiak ezagutzera eman duenez, Hutsaren diskurtsoa, ustez budismoak edo taoismoak eskaintzen duten itxurakoa, ongi egokitu liteke jarrera inperialista oldarkorrenekin edo zenbait eldarnio eskizoiderekin.

«Arte martzialetan aditua» omen den horren aurrean, berriz, arlo horretan nolabaiteko zilegitasuna dutenen aldetik sortu den ahobatezko erantzun bakarra izan da Aguilarren iruzurra salatzea. Ez da oso zorrotza izan behar, baina, «arte martzialen» kirol edo errituen maneretan beste garai batzuetan gizonezko guztiek armadetan pasatu beharreko bazterreko arrastoa sumatzeko: hierarkia zurruneko botere jokoak, armen lilura edo oldarkortasun birtuosista baten aldeko «balioen» aldarrikapena. Hobe genuke diziplina horien sustatzaileok praktika hauen alderdi perbertsoak oso kontuan hartu eta interesgarri nahiz beharrezko diren besteak landuko bagenitu, gure arrapostuetan ero baten «benetakotasunaren» edo «faltsukeriaren» kontuan gelditu ordez. Beste modu batera esanda, errekonozitu beharra dugu badela nolabaiteko benetakotasun patetikoa «Aguilar monjearen» parafernaliaren erakustaldian, haren mozorro, aldare, arma eta akrobaziak barne. Horretan guztian, haren hitzen eldarnioan bezala, imitatzaile soila baino ez da. Zerbait ikasiko genuke, agian, botere arrandia sintomatiko horiei erreparatuta, horren nabarmenak direnak kirolaren goraipamen sozialean, bestalde.