ERROBIKO FESTIBALA, 2015: HIGA, BIGA, BAGA
HIGA. JENDETASUNEZ ETA MUSIKAZ BLAI
Hiru gau txikien biharamunean nago, Itsasun artean, azken egunen eta gauen eraginpean. Hiruzpalau lo-orduren ondoan jaiki, hitzaldian hartu parte, BERRIArako kronika idatzi, lagun zahar eta berriak topatu eta musika mozkorraldia gauerako. Hori izan da hiru egunotako dieta: intentsitatea eta plazera nahasirik –janak itxaron dezake.
Kroniketan, apenas aipatu ditut goizeko mintzaldiak. Izan diren bietan izan naiz parte hartzera gonbidatua, Camel Zekrirekin batera (http://www.camelzekri.com/). Bestela, lehengoan, Ibai Etxezagarragak (Bilboko Tximini kolektiboa) hartu zuen parte, eta bigarrenean David Goldsworthy-k –Roy Hart eskolakoa– eta Paxkal Indok, besteren artean. Ekintza kulturalean nabarmendu diren pertsonokin mahai inguru bat partekatzea zirraragarria izan da, ez baitzegoen aurre-gidoirik, Beñat Axiariren galderei norberak ematen zion erantzunak zabaltzen zuen ildoak sortzen zuena baizik. Ostiralekoa izan zen bereziki intentsua: doluaren eta heriotza sinbolikoaren premiaz aritu nintzen –ahaztua dut galdera– eta zirrara handiz jarraitu zidan Camelek: Aljeriako gerra, Afrika erdialdeko sarraskiak, eta berak egindako harat-honako bidaia pertsonal eta kolektiboa, bi munduen parte delarik, beti errotua, beti erbestean. Aljeriar jatorrikoa eta Parisen jaioa, bere familiaren jakituria eta erroak berreskuratzeko, musika lagun, Aljeriaz gain, Niger ibaia zeharkatzen duten herrialdeetan –Malin, Nigerian…– “Uraren festibala” antolatzen eta bizitzen ibilitakoa, Normandian eraiki dituen proiektuen artean. Gizon hurbila, sakona eta maitagarria egin zait, eta jarraituko duen topaketa bero baten sentipenarekin besarkatu nuen despedidan.
Webgunea: http://www.camelzekri.com
Ez da lehen aldia Ibai Etxezagarraga topatu dudana, Gerezien Denbora pastorala Barakaldon eta Bilbon 2014ean aurkeztua izan zenetik. Berak gaurkotzen dit Bilbo inguruan azken eraldaketaren geruza sakon eta ez horren eredugarriak, eta horren aurreko ekimen argi eta emankorrak. Pertsonez, hiriez nahiz kontinenteez, mundu sakonen eraldaketez eta aterabideez gogoetatzeko aukera ematen dute bere hitzek gainontzekoekin gurutzaturik, eta erregalia da maila honetako pertsonekin aritu ahal izana.
Azkenik, David Goldsworthyren ibilbidea eta irakaskuntzaz –izan nintzen bere ikasle orain bi urteko Errobikoan–, eta Paxkal Indoren argitasun libertarioak txinpartaz bete zuen larnbateko solasaldia. Berak ekarri zuen lehen Errobiko festibalaren gomuta, Erro-biren esangura –partikularra eta unibertsala–, eta Miguel Torga idazlearen esaldia: “Unibertsala harresirik gabeko bertakoa da”.
Bart gaueko kontzertuaren eraginpean nagoenez, eta ondoren ipiniko ditudan kroniketan aipatua ez denez, hona zenbait inpresio:
– Neptune Chapotin-ek lekzio magistral bat eskaini zigun: sei-zazpi musu-gitar erakutsi eta bakoitzaren doinuaz blaitu: Vietnamgoa bat eta Ukrainiakoa bestea, India hegoaldekoa nahiz Siberiakoa… izugarria musika tresnarik xumeenaren ahala!
– Trapaga eta Errekatxoko (Bizkaia) harri zulatzaileak etorri ziren gero: harrituta begiratzen genion elkarri eta gizon indartsu hauen –emakume bat tartean ere bazen– jarduera agonikoari. Lehen galdera: zer ote zen mundu guziko harrobietan gizon horiek egin beharreko lan izugarria? Bigarrena: zer dela eta euskaldunon joera halako jardun dagoeneko desagertuak kirol bihurtzeko eta norgehiagokan plazaz plaza ibiltzekoa? Badu erakargarritasunik halako ikuskizunak, bistan denez, baina testuinguru hartan, zientzia-fikziozko gauzatze hiperrealista baten aurrean sentitzen nintzen: urte gutxiko haurren begitarte harrituak eta, gizonkote haiekin batera, Julen Axiarik eta Nicolas Nageotte bezalako gizontxoak inprobisatzen zuten musika erraldoiarekin, zein unibertsora ginderamatzan minutu luze haietan?
– Eta gehiegizko errealismoz beteriko mundu hartatik ateratzeko –ez guztiz, inpresioa eta harri zulatuak hor jarraitu baitzuten agertokiaren erdian–, 17 gizon-emakumez osaturiko Coetus taldea etorri zen alaitasunez eta indarrez gainezka beren kantu sortekin. Perkusio “pobrea” dute oinarri –pandero koadratuak, bonboak, zartaginez, eltzez eta gainerako sukaldeko tresnez osatutako bateriak…– baina hauei ateratzen dieten etekina izugarria da. Gogora etorri zitzaizkidan 70ko hamarkadan Espainian nahiko ezagunak egin ziren folklore bilatzaile haien malenkonia eta tristura, mortu ziren herrixketan aurkituriko kantuen bitartez transmititzen zena. Guztiz bestera hauek: jasotzen dute mundu gogor haietako une askatzaileak: uzta biltzerakoan edo amodio klandestinoak haizatzerakoan ateratzen ziren horiek ,eta denok barnean dugun erro sakona azalerazi. Paradoxa: 17 katalanez osatua dela taldea, Iberiar penintsulako folklorea horren modu eraberrituan biziberritzeko gai dena.
Ikus http://www.coetusiberica.com/
Eta gaua ezin modu ederragoan amaitzeko, su artifizialei loturiko Paxkal Indoren txalaparta
Ondoko bideoari, kendu orkestra eta koroak, eta ipini Erwan Keravec-en gaita, urrats geldoez iluntasunean…
BIGA. AGERTOKIA, GUDU ZELAI
http://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm
Gaueko emanaldia da Errobiko Festibalaren une ikusgarriena, baina badira egun osoan beste hainbat ekitaldi: mendi txangoak, non parte hartzaile guztien artean aurretik programatua ez zegoen zerbait pitz litekeen, baten musikaz eta bestearen poemaz edo mugimenduez… Lekuek eta uneek hartzen dute pisu nabarmena, eta hor sortzen denak beti du leku eta une horrekin zerikusi berezirik. Eta hori bera da goizero sortzen den mintzaldi-ikusgarrian: mintzakideak nahiz entzuleak unean-unean dira gonbidatuak gai bati atxikitzera, eta ikusteko beti bertatik sor litekeena. Joan den ostiraleko gaia kultur sormena zen, baina heriotzaz eta birsortzeaz aritu ziren bertaratutakoak, Euskal Herriaren dolurako zailtasunez edo Bilboko biziberritzearen gibelean suertatzen ari den mundu oso baten suntsipen fisiko eta kulturalez (Ibai Etxezarraga), edo Aljerian eta Afrika osoan bizi den kinkaz (Camel Zekri). Poesiak eta musikak ere badu lekurik elkarrizketan eta, Rene Char eta Attila Jozsef izan ziren oraingoan euskaraz eta frantsesez gonbidatuak: «Mundu honetara jaurtia izan bazara/ hobe duzu zazpi bider jaiotzea…/ Sei kume daude negarrez, baina ez da nahikoa:/zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena».
Arratsaldean, musika nagusitzen da, gaueko kontzertu hirukoitzerantz. Ostiralekoaren lehen uneak Beñat Axiarik (kantua) eta Didier Lasserrek (perkusioa) bete zuten, kontzertu labur bezain intentsuan. Axiari musikari lagun anitzekin aritua da urteetan, talde eta proiektu arruntetan, eta, horrela segitzen du egun ere, baina bikotea osatzean perkusio-maisuak ditu kide kutunenak. Hori da Ramon Lopezekin sortzen duena, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Didier Lasserrekin. Maisuok badute indarra, baita lirismoa eta, guztien gainetik, bateriarekin orkestra oso batek duen giroak sortzeko gaitasuna. Instrumentu totala bihurtzen da hori, nola Beñaten ahotsa bera, hala bien arteko uztarketa, erabatekoa. Hitzik gabeko inprobisazio basatiekin abiatu eta burutu zuten emanaldia; tartean Abbey Lincoln-en hasierako As Tender As a Rose edo Herniette Aire-ren Egiaren egarriz poemaren gainean egindako pieza. Beti harritzen du entzulea Beñatek bere joko kromatiko eta erritmikoekin, eta gero eta askeago sumatzen zaio musikaren itsasoan.
Emile Parisien laukotea
Bigarren kontzertuak jazz garaikidean meritu propioz nabarmentzen ari den gazte handi bat ezagutzeko parada eman zien hara bildutakoei. Axiari eta Lasserreren dohainez aritzean haien instrumentuek osotasun musikala sortzeko gaitasuna aipatuta, zer esan Emile Parisienen saxoei buruz? Musikaz hitzen bitartez ezinezkoa denez, haren jotzeko eraz aritu behar, hasieratik erakutsi zuen manera propioaz: borrokalari baten gisan hartzen du saxoa, eta haren postura eta mugimendua halako batena da. Haren kontzertuaren lehen partea borroka baten sekuentziatan irudika liteke: hanka bat aurrean eta bestea sendo atzean beti, eta atzetik aurrera jaurtikia lirudike haren mugimendua, haren instrumentuaren hotsa. Nocturne girokoa izan zen lehen pieza, urrutitik arreta osoz begiratzen den gudu zelaira doan borrokalariak egiten duen otoitza edo konjuru baten antzekoa. Ondoren, borroka saihestu ezin duenaren autoafirmaziozko ahal erakusketa; zango aurreratuekin gorputza babestuz eta, saxo sopranoa arma bat balitz bezala, guardiazko eta erasozko keinu etengabeak gauzatuz.
Aldean zituen bere musikari laguntzaileak: Julien Touery (pianoa), Yvan Gelugne (kontrabaxua) eta Julien Loutelier (bateria), bere jardunarekin bat egiten, baina hirugarren piezaraino ez ziren nabarmendu, Parisienek jokoan zegoen bataila erabakita zegoen momentura arte borrokara sartzen utzi izan ez balitu bezala. Horien artean, Touery nabarmendu beharko litzateke, berez instrumentu osoa den pianoari eragin zion joko tinbriko eta erritmiko guztiengatik.
Erabakia zen borroka, onartuak zauriak, erailak fantasmak… eta ozeano handi bat zabaldu zen orduan, non gerlari haiek barneratzen ziren beren buruari galdezka bizi izandako hura benetakoa hala ametsezkoa izan ote zen. Bigarren kontzertu bat abiatu zen orduan, denboraren neurria urratu zuen lehen tarte hura iraganda. Saxo tenorraren tonu grabeagoek zuzendua, borroka izan zena dantza eta ospakizuna bilakatu zen bigarren zati honetan. Orduan zabaldu ziren instrumentista guztien ahalak, eta gainezka datorren ibai bizkor eta agortezin baten antzekoak ziren. Gogoetarako uneak bezala, ospakizun ero baterako, elkar besarkatzeko edo begiak itxita bakartzeko.
Dena aldatu zen gauaren hirugarren emanaldirako, agertokia nahiz musikariak. Entzule izateari utzi, eta dantzari bilakatu zen jendea orduan, Brasilgo ipar-ekialdeko jai giroko musika alaiarekin. Musikari brasildarrez nahiz europarrez osatua eta Fawzi Berger-ek zuzentzen duen Forro da Lua taldeak bideratu zuen aldaketa, Brasilen bertan bezala. Martxaz gainezka eta forró-ak berezko dituen kadentzia errepikakor eta inguratzaileekin korapilatu zuten gaua, eta gero jendeak ez zekien zein ordu zen oheratu zenerako.
BAGA. SOILTASUNAREN HANDITASUNA
http://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm
Ohikoa duen ekitaldiarekin abiatu zen joan den ostegunean Itsasun (Lapurdi) aurten 20. edizioa betetzen duen Errobiko Festibala, Juan Luis Goenagaren margolanez beztituriko Sanoki aretoan. «Kultura, krisi garaian lehen premiazko betekizuna?» galdera borobilaren inguruan aritu ziren Raoul Sangla zinema errealizatzaile angeluarra, Rene Trusses Tarbes hiriko (Okzitania) Liburuen Maiatzaren sortzailea, Camel Zekri aljeriar jatorriko musikaria, Pierre Vissler artista zuberotarra eta Juan Kruz Igerabide euskal poeta. Hitzaldiak musikarekin tartekatu zituzten, eta halako galderari erantzun poetiko batez saiatzen abiatzeko balio dezake Igerabidek utzitakoa: «Ez den horretan dago poesia (Pierre Reverdy), eta ezinezko den horretan… Ezin eman ez daukagunetik. Eta, hala ere, ez daukagunetik ematea da poesia, hain zuzen». Eta poesia da, bere zentzu zabalean, bizi arnasa.
Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.
Flamenko deseraikia
Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia… eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.
Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari… antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.
Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.
Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.