1

Pandemian gogoeta, 1. OSASUNAZ ARI OTE GARA?

(Artikulu honen oharrik gabeko bertsioa ARGIAn argitaratu zen 2020ko martxoaren 31ean)

Koronabirus pandemiaren eztandarekin irudi lezake osasuna dela egungo egoeran gai nagusia; ez da nire ustea, desiragarria balitzait ere.

Ez naiz ariko hemen eguneroko berri eta mezu uholdeaz –pandemiaz, konfinamenduaz, edo gainontzeko neurriez– gai horiek garrantzi handikoak izanagatik ere, baizik eta, itxura guztien gainetik, beti bazterrean geratzen den oinarrizko gaixotasunaren, zaintzaren eta osasunaren inguruko kudeaketa pertsonal eta kolektiboari buruz.

Nire lehen eta ezinbesteko erreferentzia 1975ean argitaratutako liburu bat da, Ivan Illich-en Medical Nemesis (Némesis médica, Némésis médicale) [1]. Cuernavaca hiriko (Mexiko) CIDOC institutuko zuzendari izan zen Ivan Illich, eta 1966tik aurrera informazio handia batu eta landu zuen jendarte industrialaren egiturazko instituzioei buruz (eskola, osasuna, garraioa, etab.) [2]. Nemesis liburua hitz hauekin hasten da: “Osasungintza instituzionalizatua osasunaren aurkako mehatxu larria bilakatu da” [3]. Egun, erokeriatzat hartuko genukeen esaldia, eta esaten duena, edozein eztabaida-forutik kanpo uzteko modukoa. Baina, harrigarriki, liburua arrakastatsua izan zen bere garaian, eta hainbat hizkuntzatara ekarria.

Dozena bat urte geroago, Illichek berak nolabaiteko autokritika egin zuen, are harrigarriagoa, kezkagarriagoa: “Lurralde garatuetan, osasun perfektuaren obsesioa bilakatu da erabile patogenorik nagusia” [4]

Ez medikuen interbentzioa, lehenago salatu bezala, baizik eta “osasun  perfektuaren obsesioa”. Gaizki al dago, bada, osasuna zaintzea?  Ez al du izan behar osasuna zaindu beharreko gure lehen kezka?… Bistakoa denez, “perfektua” hitza da gakoa esaldian.

Baieztapen eskandalagarri haietara itzuliz –eta beste behin entzuteko gonbitea luzatuz–, hasi gaitezen industrializazioarekin. Industrializazioaren garapenak ezinezko bilakatu du beste edozein bizimodu. Horri aurre egiten dioten apurrak desertura erretiratzen ziren antigoaleko eremiten gisa tratatzen ditugu: gure konbertsioa eta berehalako apokalipsia aldarrikatzen duten adur txarreko txori gisa, alegia. Dena da egun “industria”: nekazaritza eta bidaia, sexualitatea eta artea. Eta industriaz ari garenean, merkataritza-jarduera kapitalistez ari gara: ezerk ez du deus balio, merkantzia ez bada (“truke-balioa”). Eta hor sartzen dira zaintza pertsonal eta komunitario guztiak, gaixotzeak, zahartzeak eta hiltzeak berak eskatzen dizkigutenak. Gu guztiontzat ezinbestekoa den (azken?) industria horren izena “Osasun Sistema” da, eta osasunaren medikalizazioa da, agian, industrializazio prozesu orokorraren alderdirik eraginkorrena, gure barne mamienean ukitzen baikaitu, zaurgarrienean, giza kondizioaren muinean berean –gure izate hilkorrean, alegia.

Hilezkortasun fisikoaren bilaketa bihurtu da, honezkero, gehiengoaren “arrazoizko” fantasia, eta ez garai batean bezala alkimista zoro bakanen eldarnioa. “Zorionerako eskubidearekin” gertatu bezala –AEBetako Arkadia berriko konstituzioan onartua–, berehala aldarrikatuko dugu hilezkortasuna oinarrizko eskubide moduan, konstituzio berriek onartu beharrekoa. Urrunetik begiratuko diegu hil ondorengo eternitateko gure arbasoen fantasiei.

Hiru motatako iatrogenesi –medikuen interbentzioek berezko zituzten ondorio kaltegarriak– bereizten zituen Illichek 70etako gogoetan: interbentzio klinikoek zuzenean eragindako kalteak edo “iatrogenesi klinikoa”; bigarrenari “iatrogenesi soziala” deitu zion, zeinak jendarte gaixotu bat hauspotzen duen, paziente bilakatzearen ondoriozko demandak gero eta gehiago elikatuz; eta azkenik, “egiturazko iatrogenesia”, zeinak lortzen duen jendeak berezko kalteberatasunari –eritasunari eta heriotzari barne– aurre egiteko dituen moduak eta arteak zapuztea.

Zer adierazi nahi zuen Illichek –modernitatearen kritikorik sakonenak eta koherenteenak Giorgio Agambenen esanetan– hamabi urte geroago bota zuen esaldi txundigarri harekin, “gorputz sano baten obsesioa bilakatu da egungo eragile patogenorik nagusia” zioenean? Kontuok aurrera nola egin duten ikusita, iruditzen zait errazagoa zaigula egunotan hura ulertzea. Illichen lehenengo baieztapenei jarraitu zioten hamarkadetan asko izan ziren aurrez aurreko fronteak sortzen saiatu zirenak, osasunaren eta gainontzeko egiturazko instituzioen arloetan. Ohikoa zen “Medikuntza Alternatiboei” buruz aritzea, “Medikuntza Instituzionalaren” aurrean, baina industrializazioaren bulldozerrak berehala suntsitu zituen amets haiek, beste hainbat alegiazko fronte bezala. Eta medikalizazioari aurre egiten saiatzen ginenok ere nahiko erraz eman genuen amore, eta ezinbestean onartu eta probestu harekin zetozen onurak: gaitz hilkorren aurkako tratamendu arrakastatsuak, bizi-itxaropenaren handitzea, etab. “Osasun-sistema alternatiboak” berehala bilakatu ziren “sistema osagarriak”, “benetako medikuntza zientifikoaren” nahi gabeko zenbait ondorio tratatzeko gai, edo estresa arintzeko bederen, luxu horiek ordaindu ahal zutenentzat –pobreentzat, hor zeuden zabor-janaria eta anbulatorioetako kontsultak.

Ez al daude hipokondriakoenen artean “Medizina ofiziala” zalantzan jartzen duten asko etengabeko “terapia alternatiboetan” dantzan? Horretaz ari zen Illich hain zuzen ere 80ko hamarkadaren amaierarako “agente patogeno berri” batez ari zenean: modu asko dago kalteberatasuna, giza izaeraren hilkortasuna edo gorputz izatearen ukazioa indartzeko. Eta horregatik da agian hain adierazgarria, hainbeste alerta larrik jo eta gero –hondamendi ekologikoarena, errefuxiatuena edo datorren sistema ekonomiko eutsiezinarena, besteak beste–, pandemia bat izatea Mendebaldea Errealitatearekin kontaktu zuzenean jarri duena [5]. Mendebalde hori Txinan hasten da egun, biopolitika irmoena eta gupidagabeena gauzatzeko gai dena [6].

Galdera hauek aireratzea da, beharbada, ateraldirik inozoena. Harrigarria izan liteke Ivan Illichen proposamenak gogoraraztea datorkigun paniko orokorreko egoeraren aurrean, baina ez dago, nire ustean, kontu premiazkoagorik: salbuespeneko egoera apokaliptiko baten baitan gauden honetan, osasunaz eta eritasunaz mugarik gabe eztabaidatzea baino ez zaigu gelditzen.

________________________________________

[1] 1975ean argitaratu zen gaztelaniaz (Seix Barral. Hemen irakurgai: NémesisMédica, la expropiación de la salud), frantsesez (Némésis Médicale, Seuil), ingelesez eta beste hainbat hizkuntzatan. 2006an berriz argitaratu zen (edizio eguneratu bat)  haren lanen bilduman (Obras Reunidas Fondo de Cultura Económica de México; Œuvrescomplètes, Fayard, 2004, 2005).

[2] CIDOC (Centro Intercultural de Documentación) 1966an sorturiko ikerketa-zentro bat izan zen. Jatorrian, AEBetako misiolari katolikoak prestatzeko sortua, oldar ebanjelikoari aurre egiteko asmoz. Hizkuntza eta kultura hispanoetan trebatzeko sortu zena, pentsalari kritiko askoren topagune bilakatu zen: Paul Goodman, Erich Fromm, Peter Berger, Paulo Freire, Sergio Méndez Arceo eta beste asko, jendarte industrialaren egiturazko ardatzetan arreta jartzen zutenak. Ivan Illich izan zen dinamika horren bultzatzaile nagusia. New Yorkeko auzo puertorricoarrean abadea izana zen, eta, ondoren, Puerto Ricoko Unibertsitate Katolikoko zuzendaria, gotzain gisa. 60ko hamarkadaren amaieran apaiz-lanerako dispentsa eskatu zuen, hierarkiarekin zituen desadostasunak zirela medio. Halere, apeztzat zuen bere burua, 2002an hil zen arte.

[3] Eta jarraitzen du: “Medikuntzaren kontrol profesionalaren oldarrak jendea ezgaitzen duen epidemia baten maila hartu du. Iatrogenesia da izurrite horren izena: iatros, grezieraz medikua, eta genesis, jatorria, hitzak elkartzetik sortua.

[4] Eta jarraitzen du: “Zientziaren ideal instrumentala nagusi den mundu batean, Osasun Sistemak etengabe sortzen ditu mediku-arretarako premia berriak. Zenbat eta handiagoa izan osasun-eskaintza, orduan eta jende gehiagok ditu arazoak, beharrak, gaixotasunak. Denek eskatzen diote Aurrerapenari gorputzen oinazeekin amai dezan, gaztetasunaren freskotasuna luzatu dezan, eta bizitza infinituraino luza dezan. Ez zahartzerik, ez minik, ezta heriotzarik ere. Matxinada hori giza kondizioaren ukazioa baino ez dela ahantziz” (Escribir la historia del cuerpo. Doce años después de Némesis Médica y La obsesión por la salud perfecta, un factor patógeno predominante).

[5] Zentzu horretan aritu da Santiago Alba Rico bere azken artikuluetan Apología del contagio eta ¿Esto nos está pasando realmente?

[6] Luca Paltrinieri modu argigarrian aritu da bere “Prove generali di apocalisse differenziata” artikuluan (Apokalipsi dibertsifikatu baten proba orokorra. Bada gaztelaniazko bertsioa: Ensayo general para un apocalipsis diferenciado): “Txina, munduaren etorkizun post-apokaliptikoa ari da eraikitzen: etorkizun hori oinarritua dago hazkuntza ekonomikoaren planifikazioan eta merkatuen basa-arimen bezatzean. Hau guztiz ez-demokratikoa den gobernu-eredu bat da, mundua menderatzera bideratutakoa; irizpide hauei erantzuteko biopolitika bat, erabateko kontrola, biztanleria diziplinatua baina, aldi berean, gero eta jende gehiagoren babes soziala eta sanitarioa antolatzen duena. Jendearen osasuna Estatuak bere ardurapean hartzea, horixe da erabat berria Txinan, eta horrek sortuko duen eskari sanitario guztiz ezezaguna, gero eta handiagoa eta potentzialki leherkaria, orain gutxi arte familiaren edo auzoaren bizkar izaten baitzen, norbaiten bizkar izatekotan jendearen osasuna. Koronabirusak egitura sanitarioak gainezkatuko dituen mehatxua kontuan hartuz –hauek eraikitzen ari direnez eta ahulak direnez–, jendearen etxe-itxialdiak ahalbidetu du, neurri batean, epidemiari aurre egitea, Estatu “autoritario” baten egiturapean –“autoritario” adierak Txinan inongo zentzurik baldin badu– inongo “salbuespen egoerarik” sortu behar gabe. Badirudi txinatarrak jabetzen direla aldi hau etapa bat baino ez dela, Txina munduko potentzia bakarra bilakatzeko bidean”.

GAINERA: David Cayley, “Questions About the Current Pandemic From the Point of View of Ivan Illich”: http://www.davidcayley.com/blog

Preguntas sobre la pandemia actual desde el punto de vista de Ivan Illich