Hiru erro, ahots propioa


Elkarrizketa: Julen Axiari (Baiona, 1987) Iparraldean gailentzen ari den musikari belaunaldi berri baten adierazlerik berezienetakoa dugu. Iturri anitzetik elikaturiko lur oparoan sortua, Euskal Herritik abiatu eta Euskal Herrira etengabe itzultzen den bidaian murgilduta dihardu akordatzen denetik. Hona udaren hondarrean Juan Gorostidik egindako elkarrizketa luze baten mamia.

Errobiko Festibalaren aurtengo 20. edizioaren biharamunean izanik, saihestezina da gaia: bederatzi urteko mutikoa zinen 1996ko lehen ekitaldi hartan, eta orduan abiatu zenaz jabetua izanen zara.
Oroimenean itsatsita ditut lehen urte hartakoak, bai. Itsasuko mendialdeko Atekagaitzeko hondartzan egiten ziren emanaldiak arrasti batez, eta Urzumuko aerodromoan hurrengoz; suak pizten ziren… Sekulako inpresioa egiten zidan hark guztiak. Gogoan ditut lehen edizio hartan Burkina Fasoko Saaba taldeko perkusiolariak eta dantzariak, ortutsik arroken gainetan, ikaragarria zen niretzat! Han zen baita ere Maddi Oihenart, lehenik ere ezaguna, Battitta Sobietekin kantari ibiltzen zen sasoi hartan…

Etxetik jaso zenuen musikarako grina eñat Axiari eta Maite Etxemendiren semea da Julen], giro horretan sortua eta hazia zara.
Oroimena ailegatzen zaidan punturaino, musikaz inguratua dago ene giroa, beti. Etxean hori zegoen, musikari handiak etortzen ziren bertara —gogoan dut Barre Philips, esaterako—, niretzat arrunt normala zen mundu zabaleko musikariekin eta, aldi berean, bertako kantaldi eta ikuskizunetan ibiltzea. Gogoan dut Santa Garazin ospatu zen Santa Kruz pastorala, 1992an. Junes Casenave-Harigilerena zen testua eta nire aitak konposatu zituen kantuak. Jean-Yves Constantin kantari handia izan zen sujeta eta goizaldeko kalejiran bere zaldi gainera igo eta berarekin eraman ninduen… Zuberoan ginen eta baita Uzesten ere. Iltzatuta gelditzen diren lehen oroitzapenak dira horiek. Garbi neukan hasieratik hori zela nire mundua, eta hor murgildu eta hazi behar nuela. Ahal bezain pronto hasi nintzen kontserbatorioan, sei urte bete aurretik.

Perkusioarekin hasi zinen?
Ez. Hain txikiak ez zituzten perkusiorako onartzen, eta beste instrumentu bat aukeratu behar izan nuen. Kontrabaxua izan zen, haurrentzat egokitua, noski. Gogoan dut nire lehen diskoa Charles Mingus-en Mingus, Mingus, Mingus… izan zela, eta hura bihurtu nuela lehen idolo… kontrabaxua, beraz. Baina hasieratik nuen perkusiorako grina eta ahal izan nuen unetik barneratu nintzen hor, kontserbatorioan 9 urterekin onartzen gintuztenetik. Halere, ez nintzen eroso sentitzen giro horretan; zurrunegia egiten zitzaidan eta Afrikako perkusiolariak gertutik ezagutzen nituenez, haiengan ipinia nuen gogoa eta bihotza.

Nola uztartu zenituen bi mundu horiek?
Bat-batean gertatu zen haustura. Artean 14 urte bete gabe ezagutu nituen Hyacinthe Massamba Kongoko perkusio maisua eta berarekin zebilen Chrysogone Diangouaya dantzaria. Parte hartu nuen Itsasun eman zuten ikastaroan eta garbi eduki nuen hura zela nire bidea. Kontserbatorioa utzi eta buru belarri sartu nintzen Afrikako erritmoak lantzera… Bi urte geroago jaso nuen haien eskutik Brazzavillera joateko gonbita; prest sumatzen ninduten, nonbait, eta mundu horretan murgildu nintzen, guztiz.

“Afrikan ez da irakaspen formalik, zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko”

Gehienontzat urruneko mundu exotikoa da Afrikakoa. Nolakoa izan zen murgilketa hori? Ez al zenuen arazorik izan zuria izanik, arrotza?
Ez, behin ere ez. Lehenik esan behar, han ez dela irakaspen formalik. Beraiek zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu zuzen eta azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko. Bi hilabete egon nintzen bertan… inpresio bortitza jaso nuen lehen unetik: bidaia bera —bi egun abioiez—, hango hiria, usainak —hondakinak erretzen nonahi—, pobrezia handia… Bigarren gauez eraman gintuzten bertako gune kultural batera eta gazte anitz bertan topera jotzen… lehen kolpe musikala! Egunero-egunero aritzen nintzen, denetan baitago bertan musika eta dantza: ekitaldi sozial guztietan, izan beila edo ospakizuna —ehorzketa batek astebete irauten du eta gauero dantzatzen da…—. Kontent ziren beraiekin ari nintzelako, sekulan problemarik ez nuen izan, zuria nintzelako edo. Badut oroitzapen bat: beraiek elkartzen diren lekuak mgongi du izena, suaren inguruko bilgunea. Eta han ari ginen gau batez —kontu kontalariekin, musikarekin, dantzarekin…— eta bertan ari nintzen bitartean eman zidan bertako batek lepoko bat, berea zena: “guretako bat zara”, esan nahi zuen. Geroztik izugarri garrantzitsua izan da Kongo enetzat. Beraiek erabakitzen dute zein neurritan zauden prest eta, nire kasuan, sartua nintzen buru belarri haien erritmo eta abiadura horretan. Kongon pasa nituen lehen bi hilabete horiek etengabeko ikasketa izan ziren.

Egona zara berriz han?
Bai, egin nuen beste egonaldi bat, 2007an, Fred Faure lagun minarekin, Yaninga izendatu genuen talde eta egitasmoan parte hartu zuen beste perkusio jolearekin…

Zuberoako tradizioa eta Kongokoa. Nola esplikatu elkarren ezin urrunagokoak diruditen bi mundu horien arteko zubia?
Agian askorentzat arraroak diren kontuak modu naturalean bizi izan ditut nik. Bada horren inguruko teorizazio bat, Martinikako Patrick Chamoiseau idazleak eta beste hainbatek Kreolitatearen gorazarrea (L’éloge de la Créolité, 1989) manifestuan esplikatu zutena eta ondoren garatua izan dena (Édouard Glissant martinikarra da erreferenterik ezagunena). Laburbilduz, pertsona baten identitatea eraikitzerakoan, bada alde batetik zuhaitz genealogikoa, eta bestetik erlazioena, eta horrek du eraikitzen besteak bezain azkar edo azkarrago. Biak dira inportanteak enetzat. Kongok leku berezia izan du ene formakuntzan, klasikotasun hertsi batetik salto bat emateko oso baliagarria bilakatu zitzaidana lehen gaztaroan. Handik bueltan ez nuen utzi hura. Dantza ikastaroentzat musika behar izaten da, eta hor hartzen nuen parte. Aski erregularki ikusten ginen Chrysogone-rekin ere, eta hor sortu ziren nire lehen proiektuak. Hori izan zen klasikotik ateratzeko nire bidea baina, aldi berean, hemengo tradizioan barneraturik ibilia nintzen: pastoralak, euskal kantu txapelketak… denetan ibiltzen nintzen txikitan. Eta nerabezaroaren ondoren, ahotsaren aldaketa gauzatu zelarik, garbi sentitu nuen erro horietara itzultzeko beharra.

Axiari, Zuberoatik datorren izena da, nonbait.
Bai, XVIII. mende hasierako aztarnak ditugu. Eskiulako izen horren etxera heldu omen zen galiziarren bat, eta bere ondorengoek, usuari jarraiki, etxearen abizena bereganatu zuten. Horiek ditugu arbaso, eta ez dugu lotune hori sekulan eten. 2009an edo, garbi nuen bertako tradizioan sakondu behar nuela. Ordurako kantari handi asko entzunak nituen: Johane Barkos, Junes Xuburu, Bordalekü, Quehilla ttipi, Batitta Sobiet, Jean-Yves Constantin, Mixel Etxekopar, Mixel Arrotze… ezberdinak oso, eta denekin ukan dut nik jazza entzuten nuenaren inpresioa. Horretan sakontzeko, basa-ahaideak eta bestelako erak sakonetik bereganatu behar nituen, eta hortik sortu zen HiruAlde izeneko egitasmoa: Afrikako, Euskal Herriko eta jazzaren hiru ildoak uztartzeko ahalegina.

Zein ibilbide izan du HiruAlde-k?
Bost musikari elkartu ginen, adin bertsukoak: Matthieu Lebrun, saxofoiak jotzen dituena; William Legares, Martinikako baxu jotzailea; Tony Houzyaux, musika elektroakustikoarekin; Yan Renaut, elektroakustika eta bateriarekin; Chrysogone Diangouaya dantzaria eta ni neu. Landu genuen errepertorioan basa-ahaideak zeuden, “Iturengo arotza”-ren bertsio bitxi bat, “Gaü beilako eleak”-ena (Itxaro Bordaren hitzekin Mixel Etxekoparrek musikatua), “Esku batean” (Zamora, Beñat Axiari)… Tolosan soinu teknikari ikasketak egin ondoren —ez nuen oraino garbi musikara soilik dedikatzeko ahalik izanen nuenik—, sortu zen HiruAlde. Egin genituen emanaldiak, baita Iruñean ere, eta aitzina jarraitu dugu bakoitza bere bidean. Bizirik dagoen zerbaiten gisa sumatzen dut oraino, edozein momentuan gauzatu litekeena berriz. Nola eraman euskara musika afrikar batera, horixe nuen erronka.

Eta horretan jarraitzen duzu, baina ez Afrikako zuhaitzari soilik erreparatuz…
Ez. HiruAlde martxan genuen sasoian itzuli nintzen txikitatik hainbestetan egondako Uzesteko jaialdira, musikari gisa oraingoan, Bernard Lubat eta beste maisuekin ikastera, lanera. Eta hor dago free jazz-ari loturiko tradizio bizi eta errotua, Bengalifere proiektuan garatzen ari garena.

Bengalifere diskoa entzuten duenak, “herri musikaren” ikuspuntutik, lan zaila dela esango du ziurrenik…
Soinuaren barnetik eta bere baitara egiten dugun bidaiaren berri ematen du diskoak, baina guk zuzeneko lana egiten dugu, etengabe garatzen ari dena. Bengalifereko hiru musikariok (Matthieu Lebrun berriz saxofoietan, Jordi Cassagne kontrabaxuan eta neu perkusioetan, baterian eta kantuan) elkarrekin gaude era berean ikerketa eta adierazpena den bidaia horretan. Gurekin hor barneratzeko gonbita egiten diogu entzuleari, ez dagoeneko ezaguna duena berriz errepikatzeko, lehen aldiz aurkituko duen zer edo zer dastatzeko baizik. Hori ere bada musikaren erronka, guztiz geurea dugun sentiberatasun batetik bide berriak –sonoritateak, ehundurak, nahasketak… inprobisazioa betiere– saiatzea.

Azken Errobiko Festibalaren edizioan, Bengaliferez gain Maddi Oihenartekin egin zenuen kontzertua zerbait berezia izan zen askorentzat.
Maddirekin ikasten egona naiz azken urteotan, Zuberoako ahotsik indartsuenetakoa eta aberatsenetakoa baita berea, eta hortik sortu da elkarrekin zerbait taularatzeko aukera. A cappella kantatzen dugu, bakarka eta binaka, baina baita nire perkusioarekin ere. Eta aurtengo Itsasuko emanaldirako Bastien Fontanille biola jotzailea gonbidatu genuen gurekin jarduteko. Instrumentazioa kantuaren eta ahotsen zerbitzura jartzeko tentu handiarekin ibili gara betiere.

Hor bada Zuberoako maneren aldarrikapen bat, eta baita molde berrien bilaketa ere…
Zuberoako mendialdean gordetzen dira oraino Europa osoan nagusi ziren kantatzeko era ez tenperatuak. XVIII. mende erdialdetik aitzina Bachen ekarpenarekin inposatuz joan dira, “naturalak” balira bezala, pianoak ezarritako noten arteko interbaloak, eta nota horien arteko guztia ezabatua izan da, kantatzen ez dakiten ezjakinen modu arbuiagarritzat kontsideraturik. Gauza bitxia gertatu zen XIX. mendean Parisetik Zuberoara jin ziren hainbat aditurekin. Hango kantuak liluraturik, bere moduan transkribatu eta Parisen arrakasta lortu omen zuten. Itzuliko ziren gero Zuberoara bertako jendeari beraiek egiten zuten erara erakusteko, modu tenperatuan, alegia, hori zelakoan modu kultu eta jasoa. Egun Mendebaldeko tradizioaren erreferentetzat dugun musika moldea, berez, tradizio baten suntsitzailea izan zena da. Artzainen moduak eta, ez jakinenak bezala salduak izan dira, mendeetako aberastasun eta tradizio izugarri bat suntsituz. Horrela joan dira inposatzen modu estereotipatu batzuk, gorteetako manera “finak” guztien eredu. Halere, bada erresistentzia bat horren aurrean, Zuberoako tradizio bizian, Baigorri inguruko zenbait kantari zaharretan-eta. Hegoaldean ez da ezer geratzen, baina nork uste du Mauriziaren kantaerak ez duela hortik ere?

“Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago”

Egungo euskal musika herrikoia rocka da, eta zuk lantzen dituzunak, berriz, zaharkituak edo elite batentzat asmatuak balira bezala hartzen dira.
Lehenik eta behin, bereizi beharko genuke “euskal musika” eta “euskaraz egiten den musika”. Dirudienez, bigarren hau da gehienek euskal musikatzat dutena, baina nik ez dut halako ezer ikusten rockaren molde gehienetan, kasu, euskaraz ari direla salbu. “Askatasuna!” oihukatu eta kolonizazio batek inposatu dituen moldeak erabili, hori da gertatzen dena, gehienetan. Ekologiaren izenean inori ez zaio bururatuko McDonalds-en janaria errebindikatzea… Bada, ene ustean, halako zerbait gertatzen da musikaren arloan. Pentsa irratietatik eta interneteko plataformetatik zabaltzen den musikan. Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago. Eta hori, transgenikoekin gertatu bezala, bertako kultura adierazpen guztiekin bukatuz inposatzen da. Rockarekin gurean gertatutakoak musikarekin baino gehiago beste fenomeno sozialekin du zerikusirik, eta nahasmendu horretatik ez gara oraino atera. Batetik, inoiz baino musika mota gehiago dugu eskura, aniztasuna sekulakoa da; bestetik, gero eta eredu murritzagoetara gara bultzatuak.

JULEN_AXIARI_-_MADDI_OIHENART

Gero eta gutxiago kantatzen da egun ahots hutsez, badu honek zerikusirik esaten ari zarenarekin.
Hala da. Badirudi gitarra baten laguntzarik gabe ezin dela kantuan aritu, eta moda hori jartzen ari da koruetan ere, izugarria! Nik ez dut behin ere sentitu halako beharrik. Ahotsa berezko instrumenturik aberatsena da eta gorputzetik beretik sortzen da musikak behar duen guztia.

Oso gutxi zarete perkusio jole eta kantari zaretenak, eta zure perkusioa tratatzeko eran ez dago oinarri erritmiko hutsa. Bateria, instrumentu “oso” gisa entzuten dut nik zu bezalako hainbat jotzaileren eskuetan: hor daude testura tinbrikoak, armoniak, baita melodiak ere.
Bai, hor dago dena. Perkusioa ez da gauza mekaniko bat, melodia mota baten sostengu hutsa. Bestalde, hemen arraroa bada ere, pentsa munduko musika askotan, Afrikan lehenik, perkusioaren gainean sortzen da horietan musikaren eraikin guztia, ez da beste instrumenturen premiarik sentitzen, gero eta hedatuagoak badaude ere, kanpoko eraginez.




ERROBIKO FESTIBALA, 2015: HIGA, BIGA, BAGA


HIGA. JENDETASUNEZ ETA MUSIKAZ BLAI
Hiru gau txikien biharamunean nago, Itsasun artean, azken egunen eta gauen eraginpean. Hiruzpalau lo-orduren ondoan jaiki, hitzaldian hartu parte, BERRIArako kronika idatzi, lagun zahar eta berriak topatu eta musika mozkorraldia gauerako. Hori izan da hiru egunotako dieta: intentsitatea eta plazera nahasirik –janak itxaron dezake.
Kroniketan, apenas aipatu ditut goizeko mintzaldiak. Izan diren bietan izan naiz parte hartzera gonbidatua, Camel Zekrirekin batera (http://www.camelzekri.com/). Bestela, lehengoan, Ibai Etxezagarragak (Bilboko Tximini kolektiboa) hartu zuen parte, eta bigarrenean David Goldsworthy-k –Roy Hart eskolakoa– eta Paxkal Indok, besteren artean. Ekintza kulturalean nabarmendu diren pertsonokin mahai inguru bat partekatzea zirraragarria izan da, ez baitzegoen aurre-gidoirik, Beñat Axiariren galderei norberak ematen zion erantzunak zabaltzen zuen ildoak sortzen zuena baizik. Ostiralekoa izan zen bereziki intentsua: doluaren eta heriotza sinbolikoaren premiaz aritu nintzen –ahaztua dut galdera– eta zirrara handiz jarraitu zidan Camelek: Aljeriako gerra, Afrika erdialdeko sarraskiak, eta berak egindako harat-honako bidaia pertsonal eta kolektiboa, bi munduen parte delarik, beti errotua, beti erbestean. Aljeriar jatorrikoa eta Parisen jaioa, bere familiaren jakituria eta erroak berreskuratzeko, musika lagun, Aljeriaz gain, Niger ibaia zeharkatzen duten herrialdeetan –Malin, Nigerian…– “Uraren festibala” antolatzen eta bizitzen ibilitakoa, Normandian eraiki dituen proiektuen artean. Gizon hurbila, sakona eta maitagarria egin zait, eta jarraituko duen topaketa bero baten sentipenarekin besarkatu nuen despedidan.

Webgunea: http://www.camelzekri.com

Ez da lehen aldia Ibai Etxezagarraga topatu dudana, Gerezien Denbora pastorala Barakaldon eta Bilbon 2014ean aurkeztua izan zenetik. Berak gaurkotzen dit Bilbo inguruan azken eraldaketaren geruza sakon eta ez horren eredugarriak, eta horren aurreko ekimen argi eta emankorrak. Pertsonez, hiriez nahiz kontinenteez, mundu sakonen eraldaketez eta aterabideez gogoetatzeko aukera ematen dute bere hitzek gainontzekoekin gurutzaturik, eta erregalia da maila honetako pertsonekin aritu ahal izana.
Azkenik, David Goldsworthyren ibilbidea eta irakaskuntzaz –izan nintzen bere ikasle orain bi urteko Errobikoan–, eta Paxkal Indoren argitasun libertarioak txinpartaz bete zuen larnbateko solasaldia. Berak ekarri zuen lehen Errobiko festibalaren gomuta, Erro-biren esangura –partikularra eta unibertsala–, eta Miguel Torga idazlearen esaldia: “Unibertsala harresirik gabeko bertakoa da”.
Bart gaueko kontzertuaren eraginpean nagoenez, eta ondoren ipiniko ditudan kroniketan aipatua ez denez, hona zenbait inpresio:
– Neptune Chapotin-ek lekzio magistral bat eskaini zigun: sei-zazpi musu-gitar erakutsi eta bakoitzaren doinuaz blaitu: Vietnamgoa bat eta Ukrainiakoa bestea, India hegoaldekoa nahiz Siberiakoa… izugarria musika tresnarik xumeenaren ahala!

– Trapaga eta Errekatxoko (Bizkaia) harri zulatzaileak etorri ziren gero: harrituta begiratzen genion elkarri eta gizon indartsu hauen –emakume bat tartean ere bazen– jarduera agonikoari. Lehen galdera: zer ote zen mundu guziko harrobietan gizon horiek egin beharreko lan izugarria? Bigarrena: zer dela eta euskaldunon joera halako jardun dagoeneko desagertuak kirol bihurtzeko eta norgehiagokan plazaz plaza ibiltzekoa? Badu erakargarritasunik halako ikuskizunak, bistan denez, baina testuinguru hartan, zientzia-fikziozko gauzatze hiperrealista baten aurrean sentitzen nintzen: urte gutxiko haurren begitarte harrituak eta, gizonkote haiekin batera, Julen Axiarik eta Nicolas Nageotte bezalako gizontxoak inprobisatzen zuten musika erraldoiarekin, zein unibertsora ginderamatzan minutu luze haietan?

– Eta gehiegizko errealismoz beteriko mundu hartatik ateratzeko –ez guztiz, inpresioa eta harri zulatuak hor jarraitu baitzuten agertokiaren erdian–, 17 gizon-emakumez osaturiko Coetus taldea etorri zen alaitasunez eta indarrez gainezka beren kantu sortekin. Perkusio “pobrea” dute oinarri –pandero koadratuak, bonboak, zartaginez, eltzez eta gainerako sukaldeko tresnez osatutako bateriak…– baina hauei ateratzen dieten etekina izugarria da. Gogora etorri zitzaizkidan 70ko hamarkadan Espainian nahiko ezagunak egin ziren folklore bilatzaile haien malenkonia eta tristura, mortu ziren herrixketan aurkituriko kantuen bitartez transmititzen zena. Guztiz bestera hauek: jasotzen dute mundu gogor haietako une askatzaileak: uzta biltzerakoan edo amodio klandestinoak haizatzerakoan ateratzen ziren horiek ,eta denok barnean dugun erro sakona azalerazi. Paradoxa: 17 katalanez osatua dela taldea, Iberiar penintsulako folklorea horren modu eraberrituan biziberritzeko gai dena.
Ikus http://www.coetusiberica.com/

Eta gaua ezin modu ederragoan amaitzeko, su artifizialei loturiko Paxkal Indoren txalaparta

Ondoko bideoari, kendu orkestra eta koroak, eta ipini Erwan Keravec-en gaita, urrats geldoez iluntasunean…

BIGA. AGERTOKIA, GUDU ZELAI
http://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm

Gaueko emanaldia da Errobiko Festibalaren une ikusgarriena, baina badira egun osoan beste hainbat ekitaldi: mendi txangoak, non parte hartzaile guztien artean aurretik programatua ez zegoen zerbait pitz litekeen, baten musikaz eta bestearen poemaz edo mugimenduez… Lekuek eta uneek hartzen dute pisu nabarmena, eta hor sortzen denak beti du leku eta une horrekin zerikusi berezirik. Eta hori bera da goizero sortzen den mintzaldi-ikusgarrian: mintzakideak nahiz entzuleak unean-unean dira gonbidatuak gai bati atxikitzera, eta ikusteko beti bertatik sor litekeena. Joan den ostiraleko gaia kultur sormena zen, baina heriotzaz eta birsortzeaz aritu ziren bertaratutakoak, Euskal Herriaren dolurako zailtasunez edo Bilboko biziberritzearen gibelean suertatzen ari den mundu oso baten suntsipen fisiko eta kulturalez (Ibai Etxezarraga), edo Aljerian eta Afrika osoan bizi den kinkaz (Camel Zekri). Poesiak eta musikak ere badu lekurik elkarrizketan eta, Rene Char eta Attila Jozsef izan ziren oraingoan euskaraz eta frantsesez gonbidatuak: «Mundu honetara jaurtia izan bazara/ hobe duzu zazpi bider jaiotzea…/ Sei kume daude negarrez, baina ez da nahikoa:/zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena».

Arratsaldean, musika nagusitzen da, gaueko kontzertu hirukoitzerantz. Ostiralekoaren lehen uneak Beñat Axiarik (kantua) eta Didier Lasserrek (perkusioa) bete zuten, kontzertu labur bezain intentsuan. Axiari musikari lagun anitzekin aritua da urteetan, talde eta proiektu arruntetan, eta, horrela segitzen du egun ere, baina bikotea osatzean perkusio-maisuak ditu kide kutunenak. Hori da Ramon Lopezekin sortzen duena, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Didier Lasserrekin. Maisuok badute indarra, baita lirismoa eta, guztien gainetik, bateriarekin orkestra oso batek duen giroak sortzeko gaitasuna. Instrumentu totala bihurtzen da hori, nola Beñaten ahotsa bera, hala bien arteko uztarketa, erabatekoa. Hitzik gabeko inprobisazio basatiekin abiatu eta burutu zuten emanaldia; tartean Abbey Lincoln-en hasierako As Tender As a Rose edo Herniette Aire-ren Egiaren egarriz poemaren gainean egindako pieza. Beti harritzen du entzulea Beñatek bere joko kromatiko eta erritmikoekin, eta gero eta askeago sumatzen zaio musikaren itsasoan.

Emile Parisien laukotea

Bigarren kontzertuak jazz garaikidean meritu propioz nabarmentzen ari den gazte handi bat ezagutzeko parada eman zien hara bildutakoei. Axiari eta Lasserreren dohainez aritzean haien instrumentuek osotasun musikala sortzeko gaitasuna aipatuta, zer esan Emile Parisienen saxoei buruz? Musikaz hitzen bitartez ezinezkoa denez, haren jotzeko eraz aritu behar, hasieratik erakutsi zuen manera propioaz: borrokalari baten gisan hartzen du saxoa, eta haren postura eta mugimendua halako batena da. Haren kontzertuaren lehen partea borroka baten sekuentziatan irudika liteke: hanka bat aurrean eta bestea sendo atzean beti, eta atzetik aurrera jaurtikia lirudike haren mugimendua, haren instrumentuaren hotsa. Nocturne girokoa izan zen lehen pieza, urrutitik arreta osoz begiratzen den gudu zelaira doan borrokalariak egiten duen otoitza edo konjuru baten antzekoa. Ondoren, borroka saihestu ezin duenaren autoafirmaziozko ahal erakusketa; zango aurreratuekin gorputza babestuz eta, saxo sopranoa arma bat balitz bezala, guardiazko eta erasozko keinu etengabeak gauzatuz.

Aldean zituen bere musikari laguntzaileak: Julien Touery (pianoa), Yvan Gelugne (kontrabaxua) eta Julien Loutelier (bateria), bere jardunarekin bat egiten, baina hirugarren piezaraino ez ziren nabarmendu, Parisienek jokoan zegoen bataila erabakita zegoen momentura arte borrokara sartzen utzi izan ez balitu bezala. Horien artean, Touery nabarmendu beharko litzateke, berez instrumentu osoa den pianoari eragin zion joko tinbriko eta erritmiko guztiengatik.

Erabakia zen borroka, onartuak zauriak, erailak fantasmak… eta ozeano handi bat zabaldu zen orduan, non gerlari haiek barneratzen ziren beren buruari galdezka bizi izandako hura benetakoa hala ametsezkoa izan ote zen. Bigarren kontzertu bat abiatu zen orduan, denboraren neurria urratu zuen lehen tarte hura iraganda. Saxo tenorraren tonu grabeagoek zuzendua, borroka izan zena dantza eta ospakizuna bilakatu zen bigarren zati honetan. Orduan zabaldu ziren instrumentista guztien ahalak, eta gainezka datorren ibai bizkor eta agortezin baten antzekoak ziren. Gogoetarako uneak bezala, ospakizun ero baterako, elkar besarkatzeko edo begiak itxita bakartzeko.

Dena aldatu zen gauaren hirugarren emanaldirako, agertokia nahiz musikariak. Entzule izateari utzi, eta dantzari bilakatu zen jendea orduan, Brasilgo ipar-ekialdeko jai giroko musika alaiarekin. Musikari brasildarrez nahiz europarrez osatua eta Fawzi Berger-ek zuzentzen duen Forro da Lua taldeak bideratu zuen aldaketa, Brasilen bertan bezala. Martxaz gainezka eta forró-ak berezko dituen kadentzia errepikakor eta inguratzaileekin korapilatu zuten gaua, eta gero jendeak ez zekien zein ordu zen oheratu zenerako.

BAGA. SOILTASUNAREN HANDITASUNA

http://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm

Ohikoa duen ekitaldiarekin abiatu zen joan den ostegunean Itsasun (Lapurdi) aurten 20. edizioa betetzen duen Errobiko Festibala, Juan Luis Goenagaren margolanez beztituriko Sanoki aretoan. «Kultura, krisi garaian lehen premiazko betekizuna?» galdera borobilaren inguruan aritu ziren Raoul Sangla zinema errealizatzaile angeluarra, Rene Trusses Tarbes hiriko (Okzitania) Liburuen Maiatzaren sortzailea, Camel Zekri aljeriar jatorriko musikaria, Pierre Vissler artista zuberotarra eta Juan Kruz Igerabide euskal poeta. Hitzaldiak musikarekin tartekatu zituzten, eta halako galderari erantzun poetiko batez saiatzen abiatzeko balio dezake Igerabidek utzitakoa: «Ez den horretan dago poesia (Pierre Reverdy), eta ezinezko den horretan… Ezin eman ez daukagunetik. Eta, hala ere, ez daukagunetik ematea da poesia, hain zuzen». Eta poesia da, bere zentzu zabalean, bizi arnasa.

Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.

Flamenko deseraikia

Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia… eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.

Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari… antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.

Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.

Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.