1

Pandemian gogoeta. 4. HIRU AGERTOKIAK

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran

PANDEMIAREN AGERTOKIAK

Pandemia heldu artean, “osasunaren aldeko” eta “gaixotasunaren aurkako” gerran, ia egunero heltzen zitzaizkigun frontetik berriak, onak gehienetan: botika berri baten onarpena, minbiziaren aurkako terapia berritzailea… Osasun (ia) perfektu baten aldekoa zen gure Ebanjelio Berria: gaixotasunaren eta izurri guztien amaiera iragartzen zuen bizitza eternal beti gazte baterantz ginderamatzan kohetea.

Baina larrialdiak tupustean aldatu du pertzepzio hura, eta barea zirudiena, enbatak jotako itsaso zakarra bihurtu zaigu. Osasunbidean geundenok, Patogenian murgildu gara modu Pandemikoan. Pato hori gaixotasuna da, baina baita pathos ere, patua. Gen, sortzea da. Patogenia: gaixotasuna sortzeko gaitasuna, baina baita destino bat sortzekoa ere. Pandemia: Pan (osoa) eta demos (herria): “Guztioi dagokiguna”, beraz.

Gerra aipatu dut, agintarien hizkuntzari men eginez, eta gerra guztietan, egia, lehen gorpua. Ez dugu ur handietako murgilketa honetatik onik ateratzeko pretentsiorik, beraz. Hiru agertokiz arituko gara: bat, krisi sanitarioa; bi, pandemiaren iturria; eta hiru, lurrikara ekonomiko-produktiboa. Bigarren atalean, prozesu honek azaleratu dituen zenbait eztabaida eta lerratze komentatuko ditugu. Jakinda ere berehalako erantzun edo erabakirik pertsonalena, eta gogoetarik “abstraktuena”, uste ohi dugun baino korapilo estuago batez daudela lotuak. Osasunaren analogiari jarraiki, diagnostiko baten ondoren, pronostiko eta tratamendu politikoez arituko gara.

1. Sistema sanitarioa

Egunerokoak ahaztera bultza bagaitzake ere, hau ez da “osasun krisi bat” izaten ari, baizik eta sistema sanitarioaren krisia. Alarma guztiak piztu ziren, ez gaixotzen eta hiltzen ginelako, baizik eta ospitaleak eta gainontzeko azpiegituren kolapsoa aurreikusten eta gertatzen hasi zelako. Pandemia batek eragindako sistema sanitarioaren krisi bat bizi dugu, beraz.

Egoera horri aurre egiteko, bi diskurtso zabaldu ziren sistemaren barnetik. Onarpen zabalenekoak, ia bat-batekoak, “osasuna” eta “sistema sanitarioa” gauza bera eta bakarra bezala tratatzen ditu, eta dio: “Eraso bat dugu: birus berri batena; horren aurkako babesa, sistema sanitarioa. Erasoa gaindituko da txertoa, ailegatzen denean. Bitartean ondo ezagutzen ditugun neurri pandemikoak zorrozki bete behar dira”.

Baina medikuen artean ere, hori erabat ukatu gabe –birusarena, pandemiarena– eztabaidak sortu ziren horri aurre egiteko neurrien inguruan. Laburbilduz: “Birusak heriotzaren azken eragile modura funtzionatzen du, baina ezin da sostengatu heriotzaren ‘arrazoi’ gisa”. Beraz, eta kontuan hartuta konfinamenduak berarekin dakarzkidan ondorio kaltegarriak –baita jende askoren osasunean ere–, zalantzazkoak dira hartutako neurriak. Ñabardura hori laburbiltzeko, har genezake Europan bertan beste politika bat jarraitu duen herrialdea: Suedia. Nazioarteko Ekonomia Politikorako Europako Zentroko zuzendariaren hitzetan: “Entzierroaren teoriaren eraginkortasuna ez da frogatu eta, beraz, ez da Suedia masa-esperimentu bat egiten ari dena. Gainerako guztiak dira horretan ari direnak”.


Egungo eta 1918ko sanitarioen argazki bana

 

Baina neurriak, hauek ala besteak, sekulako presiopean hartuak izan dira, eta abiarazi duten makinariak ez zuen ñabarduretako tarterik uzten. Iruñeko ZIUko sendagile baten hitzek laburbildu lezake egoera: “Gaixotasun oso larri baten aurrean gaude. Kasurik okerrenean, gertatutakoaz ohartzen ez bagara, litekeena da hurrengo urteetan etorriko denaren aurrerapena izatea: patogeno gero eta kutsagarriagoak eta hilgarriagoak. Edozein gorabehera epidemiologikoren aurrean bizkor jarduteko prestatu behar dugu, eta horretarako, gure produkzio- eta bizi-modua aldatu. Osasun publiko sendoa, babes zibil egokia, jendearen beharren zerbitzurako industria farmazeutikoa eta ordezkatzen duten gizartea errespetatuko duten lidergoak behar ditugu. Hori guztia gabe, egoera oso iluna da”. Baina aurretik, ohartarazten zuen: “Ospitaleekiko mendekotasuna erabatekoa da, eta konfiantza falta handia elkar zaintzeko dugun gaitasunean”.

2. Epidemiaren jatorria

Tamaina honetako krisi eta mobilizazioek tupustean gertatu denaren inpresioa sortzen dute; ekaitza lehertzen denean bezala. “Inork aurreikusi ezin zezakeen gaitzak” jo gaitu, diote agintariek. Badakigu, halere, kontuok iragarriak zeudela eta haien arrazoiak –gerra biologikoak eta geopolitika aparte utzita– erraz ulertzeko moduko jatorri bat dutela: adiera bakarrean, “hondamendi ekologikoa” eta, zehatzago esanda, abeltzaintzaren eta elikagai-ekoizpen osoaren industrializazio intentsiboa, azken 5-6 hamarkadetan mundu mailako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bide bakar gisa inposatu dena. Ez gara jabetu, nonbait, hondamendia neurri esponentzialetara pasa dela. Eraginak eta kalteak ez doazela batzen, biderkatzen eta potentziatzen baizik.

 

“Gaur egungo epidemiaren azpian dagoen birusa, bere 2003ko aurrekoa bezala, bai eta hegazti-gripea eta haren aurreko zerri-gripea ere, ekonomiaren eta epidemiologiaren arteko loturan sortu zen… Gaixotasun berriak gizakiengana zabaltzea transferentzia zoonotiko deritzonaren ondorioa da ia beti, hots, infekzio horiek animaliengandik gizakiengana salto egiten dutela esateko modu teknikoa. Espezie batetik besterako jauzia ukipenaren hurbiltasunak eta erregulartasunak baldintzatzen dute, eta horrek guztiak sortzen du gaixotasunak eboluzionatu behar duen ingurunea. Gizakien eta animalien arteko interfaze hori aldatzen denean, gaixotasun horien eboluzio-baldintzak ere aldatzen dira. “Lau labeen” atzean [Txinako lau ingurune infekziosoenak, Wuhan da horietako bat], beraz, munduko industria-zentroei eusten dien labe funtsezkoago bat dago: nekazaritzaren presio ebolutiboaren eltzea eta urbanizazio kapitalista. Honek guztiak gero eta suntsigarriagoak diren izurriteak sortzen diren ingurune ideala eraldatu egiten du, jauzi zoonotikoak egitera bultzatzen du, eta, orduan, giza populazioaren bidez modu oldarkorrean jaurtitzen dira. Horrez gain, ekonomiaren bazterretan gertatzen diren prozesu biziak ere badaude, non tokiko ekosistematan gero eta zabalagoak diren nekazaritza politikek, gero eta jende gehiago andui basati gehiagorekin kontaktuan jartzera bultzatzen duten. Koronabirusik berrienak, jatorri basatian eta munduko ekonomiaren nukleo oso industrializatuan zeharreko bat-bateko hedapenean, gure izurrite politiko-ekonomikoen aro berriaren bi dimentsioak erakusten ditu”.

Baina ez dezagula pentsa kontu hauek eztanda egin dutenik Txinako bilakaeragatik. Ondo ezagunak dira XVIII. mende amaieratik: Londresko behitegi erraldoietan lehenbizi, eta Afrika hego-ekialdean gero, antzeko izurriak zabaldu ziren. Pandemia haien aurkako borroketan oinarritzen dira egunotan erabiltzen diren neurriak: abere-jatorriak suntsitu, jendea isolatu, higiene neurriak aplikatu eta, asmatzen direnean, txertoak. Azken hauen apologistek, gerora, gaixotasunen desagertzearen arrazoi bakartzat jotzen dituzte.

Bilakaera bat suertatu da lehen industrializazioko izurrite haietatik XXI. mendetakora, eta horrela laburbiltzen du aipaturiko artikuluak: “XVIII. mendeko azienda ingelesen epidemiak, argi eta garbi kapitalista zen azienda izurrite baten lehen kasua izan ziren, eta Afrikan 1890eko hamarkadako behi izurritearen agerraldia inperialismoaren holokausto epidemiologikorik handiena [Afrika hegoaldeko ganaduaren %80-90 desagerrarazi zuena eta sekulako hondamendia, gosetea, eta abar]. Gerora “gripe espainiarra” etorri zen, [Lehen Mundu Gerraren mobilizazioak hedatua 1917tik aurrera eta 50 milioi pertsonarekin akabatu zuena], proletalgoaren baitan hedatu zen lehen kapitalismoaren izurrite global gisa uler litekeena”.

Bilakaera esponentzial baten ondorioz, mugara iritsi gara azken hamarkadotan: “Bizitza salbaia” desagertua da ia, eta gero eta presio handiagoa jasaten duten azken inguruneetan, lehenago isolatuta zeuden birus-anduiek azkarrago eta bortitzago zeharkatzen dituzte desagertzear zeuden mugak. Ailegatzen direnean bizi baldintza oso eskasetan bizi diren milioika biztanleen inguruetara –elikaduran, higienean, lan- eta etxe-baldintzetan, osasun zerbitzuetan, kontaminazioan…– lehergailu kontrolaezina bihurtzen dira. Gehitu horri egungo interkonexio globala, eta bertan dugu egungo eta datorren munduko errealitate gordina.

3. Ekonomia, produkzioa

Pandemiarekin batera eztanda egin duen krisi ekonomikoaz, haren albo-kalte bati buruz bezala ari gara ia: berarekin etorriko den desazkundeaz, atzeraldiaz, langabeziaz… 1918ko pandemiaren inguruko egoerarekin alderatuz, txikiagoak izango badira ere eragindako hildakoak, ondorengo krisi ekonomikoa askoz ere larriagoa izango da: “Azken lau hamarkadetan garatu den sistema ekonomiko globala 1918koa baino askoz ahulagoa, da, nahiz eta orduan Europa suntsituta egon Gerra Handiaren ondoren”, zioen Guy Standing ekonomialariak joan den martxoaren 17an. Eta hilabete geroago Édouard Philippek, Frantziako lehen ministroak, honako hau: “Osasun larrialdiaz gain, ekonomiaren krisi izugarria eragingo du, munduaren historian, sekula ez da gertatu halako geldialdi masibo eta orokorrik orain arte”. Beste era batera, horrela dio Mario Lazzaratok: “Kapitalismoa ez zen inoiz atera 2007/2008ko krisialditik. Birus hau kapitalisten, bankarien eta politikarien ilusioan txertatu da [eta populazio osora zabaldu], eta dena lehen bezala izan dadin lortzeko, protesta-mugimenduek eragin ezin izan zuten greba orokor, sozial eta planetarioa aldarrikatu dute haiek. Bere funtzionamenduaren blokeo osoak erakusten du, mugimendu iraultzailerik ezean, kapitalismoa inplosionatu egin daitekeela, eta haren usteltzea mundu guztia kutsatzen ari dela. Horrek ez du kapitalismoaren amaiera esan nahi, baizik eta haren agonia luzea, nekagarria, mingarria eta basatia izan litekeela

Azken krisi sanitariora itzuliz, eta Lazzaratok dioen moduan, “azken 50 urteetako errentak biltzeko mekanismoak belauniko jarri du osasun-sistema, eta ahuldu egin du osasun-larrialdiei aurre egiteko haren gaitasuna. Osasun-arretako gastuetan egindako murrizketez gain (37 milioi dolar azken hamar urteotan Italian, esaterako), medikuen eta osasun-langileen kontrataziorik ezak, ospitaleen etengabeko itxierak eta produktibitatea handitzeko gainerako jardueren kontzentrazioak, ‘New Public Management’-eko dogmari jarraitzen dio; ‘zero ohe, zero stock’ kriminala besterik ez dute aplikatu. Asmoa da ospitalea industriaren ‘just in time’ (behar den une berean) fluxuen logikaren arabera antolatzea: ez da ohe bakarra hutsik geratu behar, hori galera ekonomikoa baita. Kudeaketa hori ondasunei aplikatzea –langileak aipatu gabe!– gatazkatsua izan zen, baina gaixoengana zabaltzea erotzeko modukoa da. ‘Zero stocka’ ekipamendu medikoei ere badagokie; eta sendagaiei, maskarei eta abarrei, industriak duen egoera berean baitaude, eta, beraz, ez dute arnasgailurik stockean, eta horiek ekoitzi behar dituzte behar dituztenean. Denak egon behar du ‘just in time’ (behar den unean); hori da lege sakratua. Krisi honen erdian, inork ez du orain arteko monopolioak ukituko diren seinalerik adierazi… Jasaten ari garen kapitalismoa, formula batean jartzeko, goi-teknologiako XIX. mendeko kapitalismoa da, darwinismo sozialaren funtsa duena –garaiko klase-borroka heroikorik gabe!–, ‘Kapitalismo Digitala, Ezagutzaren Kapitalismoa’ baino gehiago. Zientziak eta teknologiak ez dute etekin-makinaren izaera zehazten, klase-desberdintasunak sortzea eta erreproduzitzea errazteko baino ez dute funtzionatzen!”.

Atal asko ditu egoera honek, baina garbi edukitzea merezi duena, haren barne logika da, aspalditik datorrena eta aspaldian irauteko sekulako ahaleginean ari dena: orain arteko krisi larrietan bezala, sistema osoa amildegiaren ertzean jartzen dute kolapso gero eta indartsuagoek, baina, azken batean, sakrifizio masiboen bidez gainditzen dira, merkatua/biztanleria soilduz eta aurrerapen teknologikoen erabilera zapaltzailea areagotuz. Azkenik, praktika mediko modernoak baliatzen dira hori guztia sendotzeko.

ERREFERENTZIAZKO ITURRIAK:

José R. Loayssa: Confinamiento total: un golpe brutal e injustificado.

Chuang kolektiboa: Social Contagion. Microbiological Class War in China.

Contagio social: guerra de clases microbiológica en China.

Guy Standing: Coronavirus, Economic Crisis and Basic Income.

Mario Lazzarato: ¡Es el capitalismo, estúpido!