HIRU DISKO AIPAGAI 2017KO UZTAN


  1. ZER EGIN MIKEL LABOAREKIN: DELOREANen HAUTUA

“Musika egitea, pentsatzea bezala, kontzeptu batekin lan egitea da. Material batzuekin lan egiten dugu topagune bat izateko sendotasuna eta gaitasuna duen zerbait sorrarazteko; bizitza bera jokoan jarriko duen ahala izango duena”. Ekhi Lopetegi

(Ondorengoak, izen bereko gogoeta luzeago baten zatiak dira)

Laboa ikono nagusia da euskal kantagintza garaikidean. Ez soilik bere musikarako talentu bitxiagatik. Berak hainbat korronte sakoneko bitartekari izateko gaitasuna erakutsi zuen; zuntz bereziki sentiberak ukitu eta azaleratzeko gai izan zen. Bere ahots-tinbrea androginoaz “kantu zaharrak” –hamarkada batzuen iragana baino ez zutenak, gehienak–, are zaharragoak bilakatzen ziren, betikotzen ia. Eta antzeko zerbait gertatzen zen musikatzeko aukeratu zituen poetekin (Brecht, Artze, Lete, Atxaga, Sarrionandia): kantu bilakaturik jende askoren sentiberatasun poetikoa baieztatua eta indartua geratu zen. Zer esan bere gainontzeko “bitxikeriez”, lan esperimentalez, lekeitioez? Gehienentzat hori ziren, artista kuttun bati barkatzen zitzaizkion xelebrekeriak, jenioaren itzala borobiltzeko balio zezaketenak.

Diskoaren piezak aukeratzerakoan, deigarria da zazpitik bost Laboaren Lau-Bost diskotik (1980) hartuak direla (beste biak 1985eko Sei-koak dira), lanaren bizkarrezurra osatuz. Lau-Bosten lagin bat baino ez eta, halere, “Laboa osoa” erakusten duena. Osotasun hori hiru lekeitioetara bildu liteke: Dialektikaren laudorioa, Komunikazioa-inkomunikazioa eta Orreaga. Hiruok artistaren gailurra dira eta aurreko Baga, biga, higarekin eta Gernikarekin batera, haren emaitzik azpimarragarrienak. Laboaren disko bakoitza lekeitio baten (ala biren edo hiruren, lehen bikoitz haietan bezala) osatuak direla iruditu zait beti. Lekeitio horien bizkarrezurrik gabe, garaiko beste kantariren lan arrunt batzuen aurrean ginatekeen ia. Gainontzeko kantuak ez ziren betelan, baina lekeitioaren atmosferan beste zentzu bat jasotzen zuten. Hori adierazteko modu bat izan liteke Deloreanekoek diotena: “Laboaren artea ez da inolaz ere argia, nolabaiteko iluntasun bat dauka. Batzuetan, beharbada, ilunegia da sen onarentzat. Ironikoa ere bada, umorea konfusio horren kontrako azala balitz bezala. Era berean, ez da ulergaitza, ez da arbitrarioa”. Beraz, hartu dute hiru lekeitio horiek eta izpiritu hari eusten dion pieza bana osatu dute.

EKHI LOPETEGIREN HIRU GOGOETA

a. Paradigma aldaketa herri-kultura musikalean

“Musika sorkuntzan aldaketa nabarmena gertatu da produkzio musikalerako edukiak nahiz lanabesak modu zuzen eta librean edozeinen eskura jarri diren unetik. Lekualdatze bat gertatu da hemen, desplazamendu akritikoa baina oso positiboa eta benetan politikoa –zentzu horretan kritikoa dena, baina modu berri eta indartsuago batean–: kultura musikalaren zentzuen unibertsoa modu unilateralean desokupatua izan da, eta haren ordena eta estatusa hustua. Paradigma aldaketa hori alde bakarrekoa eta espontaneoa izan da. Ez du transgresioarekin zer ikusirik izan baina, aldi berean, lege eta aurre-uste asko urratu ditu, mugimendu zabal bezain “arduragabe” batez gertatu dena, arduragabekeri guztiz iraingarri eta arbuiagarri bat edozein kontzientzia politikoarentzat”.

b. Musikaren izaera menderaezina

“Musika gero eta abiadura handiagoz zirkulatzen da, bere izaera arinaz baliaturik, eta horrek behartzen gaitu beste modu batera entzutera eta sortzera. Honek badu zerikusirik kapitalismoak ezartzen duen gauza guztien arteko trukagarritasunarekin, dena edozein bestez aldagarria baita haren ordena zirkulatorioan. Baina ez da interesantea musikan gertatzen ari dena korrelazio soil horri mugatzea, ezta isiltasunari edo gelditasunari kontrajartzea ere. Musika ez baita “hizkuntza” bat, eduki batzuk komunikatzeko tresna, eta ez da unibertsala ere. Afekzio-gune bat da, hori bai. Horrekin zer adierazi nahi den argitzen den bitartean, esan genezake ezin dela esplikatu manipulagai den objektu soil gisa, edo ernarazten duen irudiei edo emozioei erreparatze hutsarekin. Ezta ere alde objektiboaren eta alde subjektiboaren arteko dialektika soilez. Kantu bat, aldiz, topagune bat da. Amaitu beharko litzateke kantuen eta musikaren ikuspuntu introspektiboarekin, barnekotasun pribatuari baino egokitzen zaion zera horrekin, alegia. Topaguneez ari bagara, horrek esan nahi du erasanak izateko aukera dugula, barnekotasun mugimendua eta astindua elkarrekin datozela, dukegun ardatza mugitzeko horrek eduki dezakeen gaitasunarekin. Musikaren jite dinamikoak berezkoa du nahigabea, bere baitatik  ihes doan zerbaiten izaera”.

c. Musika sortzailearen paradoxak.

“Disc-jockeya bihurtu da eredua musika sortzailearentzat, eta dj batentzat kantuek ez dute jada halako habitat natural bat. Horren ordez, irizpide musikalekin konbinatu edo kateatu litezkeen aleak bihurtu dira kantuak. Informazio dira, eta informazio gisa prozesatu litezke lurralde berrien hegiak markatuz. Kantuaren unitatea desagertu egin da eta, horrekin batera, egiletzaren kontzeptua bera arrakalatu. Samplerra izan da kontzeptu hori hausten lagundu duen lanabesa; kantuak egilearen eta bere obraren artean sortzen den inguru lauso horretan geratzen dira ondoren, egile kontsakratuen atsekaberako. Musika informazio hutsa bihurtzeak aukera asko zabaldu ditu, baina galdu ere galdu du horrekin. Musikaren espresioarako gune independenteek gorputza lehenesten zuten; musika bera bere grabitatean nahasten zuten, masa eta bolumena ematen zion zera batean. Eta informazioaren jite etereoak trinkotasuna ematen zion gorpuzkera hori galtzera bultzatzen du.

Halere sortzea informazioa prozesatzea baino zerbait gehiago behar du izan. Egileak munduaren aurreko posizio bat hartzen du; horri irmo eusteko borondatez. Musika, denboraren artea, espazio bilakatzen da horrela, geldotuz, kondentsatuz. Indar bat hedatu ordez bere baitara biltzen da, muin dentso bat sortuz”.

 

  1. OTOITZAK, ERESERKIAK, MAITASUNA BAS(H)OAN ENTZUNEZ

(Ondorengoak ere, izen bereko gogoeta luzeago baten zatiak dira)

Hiru zatitan dago formalki antolatuta diskoa: hiru kantu eta interludio bat lehenean;  gero, lau kantu eta bigarren interludioa, eta, bukatzeko, beste hiru kantu. Antolaketa hori ez da kontu formal soila, zati bakoitzean eskaintzen baita osotasun bat. Era berean, paisaia ezberdinak zabaltzen zaizkigu zati bakoitzean, baina disko osoaren batasuna galdu gabe. Lehen zatiko hiru kantuak nolabait sailkatu behar banitu, esango nuke lehena maitasunari eskainiriko aurkezpen delikatua dela, ereserkia dela bigarrena, eta otoitza hirugarrena. Eta sailkapen mota horrekin jarraitzeko aukera dugu disko osoan zehar: bi otoitz bigarren zatian eta maitasun eta ereserki bana; bi maitasun kantu eta ereserkia, amaitzeko.

Robbie Basho joan den mendeko 60ko eta 80ko hamarkaden artean nabarmendu zen gitarrista eta kantari estatubatuarra izan zen. Gitarra amerikarraren ikertzaile eta garatzaile birtuosoa –kontzertu klasikoetarako instrumentu bihurtu nahi zuen– eta kantari aparta –lirikoa batez ere, baina bere herrialdeko sustrai natiboak eta beltzak arakatu eta garatu zituen–, ahots bakanekoa eta inprobisatzailea. Gitarrista eta kantari gisa, Joseba Irazokik miresten duela esan beharrik ez dago, baina munduko bazter eta denbora honetatik egin nahi izan dion omenaldirako “berraragiztatze” operazio bat behar zuen, behar zuten gure hiru musikariok. Basho hirukoiztu egin da, beraz, Beñaten, Josebaren eta Julenen gorputzak hartuz; hiru belaunaldiko musikari –berrogei urteko aldea haien artean–, esperientzia musikalera hurbiltzeko hiru modu propiodunak.

Gorputz edo batasun horretatik haratago, lana oso irekia dela esan genezake; kantu bakoitzean leihoak etengabe zabaltzen ditu. Omaha tribal prayer, Omaha berri eta Wounded knee oihua deiturikoak ditut “ereserki”tzat: aldarri ozen bat, gorputzak taldean eta dantzan jartzeko ahalegina. Lehena Bashoren 1972ko “The Voice of the Eagle” diskotik hartua da. Omahak siux taldeko natiboak dira, eta kantuak erabiltzen dituen lehen hitzak (“Wakantanka, Wakantanka dé Doo Aton-Hé”) haien hizkuntzetatik hartuak dira, Ama Lurrari eta Izpirituari zuzendurikoak, gerora boy scouts bezalako taldeen sutondoetan sarri kantatuak eta dantzatuak izan direnak. Gure hirukoaren bertsioa Bashorenarekin alderatzea aski litzateke antzemateko haien asmoak zertan gauzatu diren: perkusioak jartzen du oinarri sendoa, eta gitarrek betetzen dute halako kantu batek beharko lukeen orkestazio lana. Aski da une batez gitarrak itzali eta tinbalen gaineko hiru ahotsak entzutea hauek disko osoan izango duten zentzuaz eta indarraz jabetzeko. Beñat ezagutzen dugunok badakigu bere-berezko lurraldean barneratzen dela “dantza tribala” aipatzen dugunean. Bakarrik dabilenean oinarri hori aukeratzen baitu bere kantu indartsuenentzat: bere eskuz egindako danborra eta harriaren kontra jotzen dituen kanaberak. Gure kantarien artean hamarretik bederatzik konposiziorako eta interpretaziorako hautatzen duten gitarra eta pianoa alboratuz, kontrakarrean, Beñaten kantu eta kantaera “salbaia” da, eta propio aldarrikatzen du –basa eta salbaia hitzak, behin eta berriz agertzen dira bere kantutegian–. Iparramerikatako natiboekin duen lotura haren ibilbide osoan antzeman liteke. 1991ko Lili purpreako Indien piezan kasu, Navajo tribuaren “two steps” herrikoi baten inguruko ia zortzi minutuko inprobisazio gogoangarria:

Hiru ahots aipatu ditut, eta horri dagokio lan honen bereizgarririk nabarmengarrienetako bat: Beñatenak hartzen du erdigunea, baina besteak sartzen direnean ez dute ohiko konpartsak edo apaingarriak izateko egiten. Gure belarriak ohituegiak daude abesbatzen harmonia klasikoetara –hiru tonuko bitarte gozoak, eta abar–. Ez joan hara horren bila: hiru bakarlari ditugu, eta bakoitzak bereari jarraitzen dio, ez tesituran soilik, baita melodia ulertzeko eran ere; eta hori, jazz maisuek lez, ondokoa tenkatuz. Diskoan antzematen dena, nabarmenago geratzen da oraindik zuzenekoetan.

Beste bi ereserkiek ere, aurrekoaren izpirituari jarraituz, dantzara bultzatzen gaituzte, eta ahotsen, gitarren eta perkusioen indarrez daude eramanak. Omaha berrikoa, zaldi gaineko kabalkadetan oinarrituriko erritmo ohikoa dugu –bikoitza oinarrian, baina hirukoitza bere barruan, Hego Ameriketako milongen kasuan gertatu bezala– kolpe bakoitzean azpimarratu nahi dituen hitz-ideiak aldarrika: Aldaketa (“aldatu ditzagun gogoa, aditza, bidea, bihotza”), Bakea, Damua, Barkamena, Adiskidetasuna… irrintzi batean lehertu arte. Wounden knee oihua, berriz, diskoa ixteko aukeratua izan da, azken aldarrikapen baikor eta borobil baten moduan: “Mendetan hautsi gaituzte, lehertu eta errautsi” baina eusten diogu “Iraupena bihotzean, lehen goizeraino”. Bashoren Wounded Knee Soliloquy  kantuaren izenburuari eta izpirituari eutsi diote, baina bakarrizketa aldarrikapen bilakatuz. Hiru ahotsak beste behin, eta errekastoaren ur-soinu goxoa amaieran.

“Otoitzak” ere hiru dira, Bashorengandik hartu eta bere horretan birsortuak ala guztiz beste esparru batera eramanak: Orphan’s lament, Salangadou eta Isabatik Mauleraino, azken hau Bordaren bertsoetan Axiariren konposizio berria. Orphan’s lament da disko osoan kantuaren egiturari hobekien atxikitzen zaion piezetako bat. Leloaren inguruan egituratua eta crescendo instrumentalak bidaia gozoan eramana: “Mi face was brown and my hair was long. / Cut my hair, hushed my song. / Will you wait, will you wait for me” (“Aurpegi beltza eta ile luzea / ilea moztu eta kantua isildu zidaten / Itxoingo al didazu?”). Garrasiari uko egiten ez dion erregu apala.

Salangadourena kasu berezia da, eta berezia ere gure musikariek eman dioten tratamendua. Ereserki kreoleari Bashok egin zion bertsioak ezagunagoa bilakatu zuen: haurra galdu duen ama larritu baten auhena. Bordak gehitu dizkion koplek auhen hori (“Ttipi Ttipi, zu, ihintz lorea…”) askatzeko balio dute, are gehiago xamurtasun larria fandango alai batez kantatua denean: “Ñiñako bubak darama. / Bruma ederren atean./ Itzuliren baita ama / egun euritsu batean”.

Eta hiru kantuz osaturiko diskoaren lehen zatia burutzeko Isabatik Mauleraino pieza dugu: XX. mende hasieran, Isabako emakumeak, arreoa osatzeko edo behar zituzten sosen bila, udazkenero, enaren bidea kontrara eginez, Mauleko espartinen fabriketara joaten ziren, eta oinez egin behar izaten zuten bidea gogoratuz osaturiko pieza hunkigarria dugu hau. Azpimarragarria da zein elegiazko giroa lortu den kantu honetan. Beñatek, nafar jotaren airez, hain berea duen kantaera ozenez –mendian edo plazaren erdian kantatzen zen era ia galduan–, Irazokiren gitarra arkuz igurtziaz eta txistuari ateratzen dion notez nola goratzen duten giro hori. Perkusioaren moldeek garai bateko “rock sinfonikoa” deituriko hura gogorazten didate hemen.

Norbait harrituko du hiru kantuok “otoitza” moduan kalifikatu izanak, baina halako kutsua hartzen diet, sailkatzeko joerari nolabait jarraitu beharrez: ozen zuzenduak dira beste norbaiti, beste horrek “otoitzean” ari dena salbatzeko ahala balu bezala –hori bera gertatzen da Omaha tribal prayer “ereserkian” ere, izenetik hasita, baina otoitzek badute barrura zuzentzen den zerbaiten jitea edo…

“Maitasun kantuak” deskribatzerakoan, zalantza gehiago pizten zaizkit. Ez al dira aurreko guztiak, bada, maitasun kantak? Arbitrarioa da, beraz, sailkatze hau, baina bada exaltazio berezi bat orain arte komentatu gabekoen artean: diskoa zabaltzen duen Wine songetik hasi, eta azken aurreko Ba-nin adixkide bat, Jon Miranderen poemarekin Beñatek aspaldian egin zuen kantu horretara arte. Tartean, Blue crystal fire eta Zuberoako Maitiak Bilhua holli daude. Distantzia handiko erreferenteak, beraz; hegaldatze handiak. Wine song da diskoaren lehen kantua, laztan bat bezala sartzen zaiguna –Mikel Azpirozen organo akordez lagunduta, Beñaten bertsiorik lirikoena–. Ondorengo perkusio- eta gitarra-fraseek ez diote enbarazurik egiten lirikotasun horri. Aitzitik, ondorengo sonoritatearen iragarpen modura funtzionatzen dute, berehala etorriko denaren indarra eta eztia batuz: “Come in, I hear a Voice from inside / drink- wine; Love- divine:/ be blind; to yourself-” (“Ahaztu behingoz zeure buruaz, eta zatoz, barru-barrutik entzuten dudan ahotsari jarraiki” modu librean esanda). Blue crystal fire da, ziurrenik, Josebak eta Beñatek elkarrekin jendaurrean gehien kantatu duten pieza. Hainbat bertsio indartsu dago sarean zuzeneko hauekin, baina diskokoa da agian delikatuena. Duen erritmo dantzagarria baliatuz barruraino sartzen den kantu horietako bat da; hitz goxoenak gorputzaren kulunkan eramateko modukoak dituena: “Wrap your blanket around me, my love […] Wash my tears away mi love […] Sweet smiling moonbeams: be my rhapsody, be my rhap-so-deep” (“bildu zure tapakia nire inguruan, maitea; xurgatu nire malkoak, izan nire hondoko rapsoda, maite-maitea…”).

Aipamen berezia merezi dute, azkenik, diskoaren hirugarren partean ageri diren Maitiak Bilhua hollik eta Ba-nin adixkide batek. Junes Chübürüri eskainia da lehena, Beñatek berarengandik jasoa, nolabait; maisu zuberotarraren aitorpen gisa hor ipinia, ziurrenik. 1988ko Arranoa diskoan sartu zuen bertsioarekin alderatuz –a capella kantatzen zuen han–, haren ahotsak irabazi duen kromatismoa eta aberastasun melodikoa aipatu behar. Oraingoan, gainera, Josebaren gitarra dobroak eta Julenen perkusio metalikoen kontrapuntu finek kantuak berezko duen xarma handitzea lortzen dute. Ba-nin adixkide bat 1991ko Lili purpreako bertsioan ezagutzen genuen. Ordukoan Dominique Regefen erdi aroko rabelak osatzen zuen giroa. Oraingoan, hiru musikarien arteko elkarrizketa guztiz iradokitzaileak handitzen du kantua. Poemaren hiru estrofak intentsitatean gora doan aldarri dira, misterioz beteriko oroitzapena zauri ireki bat odoletan: “Bala bat horra zeikü: / ene ala hire? / laguna du ebaki / zertako enai hunki / harekin ni ere!”. Esan behar da Miranderen hitzetan aurkitu duela Beñatek bere kantuak konposatzeko oinarri sendoenetakoa, eta horren erakusle da honakoa. Diskoan zehar interpretatzen diren Bashoren melodiak errazago sartzen dira, dudarik ez, baina zortziko alaienaren amaierako aldarriaren aurretik, bi kantuon sakonerak gure paisaia minenen lekuko bihurtzen dira.

Aipatu dut hasieran zer funtzio betetzen duten gitarra-solo laburrek diskoaren egituran. Inpresioa dut Irazokik nahi izan duela azpimarratu Gitarra onomatopeikoa bezalako lanean garatzen ari den ikerketa, eta erakutsi, bidenabar, norainoko helmena izan dezakeen lan horrek Axiaritarrekin aurrera daraman uztarketan.

Beste behin esanez, hiru musikariok zuzenekoak dira lehenik eta behin, eta disko honetarako piztu den elkarlanak izango du ondoriorik. Haien lehen zuzeneko kontzertuan, Donostian, izan ziren jada aldaketak: Basoan I interludioak beste dimentsio bat hartu zuen Julenen kantu turkiarrarekin, eta Wounden knee oihua pieza, diskoari eta kontzertuari amaiera eman ziona, kantu pigmeo batez borobildua izan zen.

 

  1. ZABALDU HIRUGARREN BELARRIA. Oier Etxeberriaren Locuela diskoaz

(Ondorengoak ere, izen bereko gogoeta luzeago baten zatiak dira)

“Iru belarri-mota bereizi oi ditugu: 1) ageri dan aragizko belarri au; 2) irudimenaren belarria, ta 3) adimenarena edo zentzu ispiritualena esaten zaiona. […] Lenengoarekin musika zoragarria entzuten da. […] Bigarren belarria, irudimanarena, lanean jartzen da bere oroimena edo gogoramena piztuz. Zango-ariña da, ta guztiz ibiltari. […] Geldiro-geldiro, motelduz motelduz joaten da, adimena bakarrik geltizen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin. Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu, sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak. Hirugarren belarria antxen asten da.”[1] Orixe, 1971. Jainkoaren billa.

Zalantzak izan ditut artikulu honi izenburua jartzerakoan. Zer da zehazki Oier Etxeberriaren azken lanak proposatzen diguna? “Soinu-homeopatia”?, “Trantze baterako proposamenak”?, “Glosolaliarako neurrizko ariketa laburrak”? Horietatik asko duela iruditzen zait; zerbait erakusten digula eta gehiena ezkutatzen, Inazioren hitzak berak bezala.

Pieza oso laburrak dira guztiak, hiru minutuko kantuen muga horretara ere ailegatzen ez direnak normalean (bost minutu pasatxo irauten du bigarrenak, eta bi zatitan dago banatuta), eta tamaina kontu hori nahita egina dela iruditu zait. Leiho moduan funtzionatzen dute piezek, baina leiho zirrikituak ireki eta berehala ixten dira beti. Trantze batetik edo trantze batera zuzentzeko sortuak, baina trantze horiek denbora arruntetik aterako bagintuzkete, zenbat minutu beharko lituzkete orduan piezek?

Gidaritza nahi duenarentzat, horra Elquiko Kristoren hitzak Niño de Elche-ren ahotsean kantatuak: “A mí me parece evidente / que religión y lógica a la larga / vienen a ser prácticamente lo mismo / se debiera sumar / como quien reza un ave maría / se debiera rezar / como quien efectúa una operación matemática…”. Eta: “Resumiendo la cosa / al tomar una hoja por una hoja / al tomar una rama por una rama / al confundir un bosque con un bosque / nos estamos comportando frívolamente / esta es la quinta-esencia de mi doctrina / felizmente ya comienzan a vislumbrarse / los contornos exactos de las cosas / y las nubes se ve que no son nubes / y los ríos se ve que no son ríos / y las rocas se ven que no son rocas…”[2].

Harrigarria da zenbaterainoko antza duen azken testu honek hainbat irakaspen budistarekin: “Esnatze-bidearen hasieran mendi dira mendiak; gero, mendi izateari uzten diote; baina mendi bihurtzen dira, berriz, azkenerako”. Ez dakit Elquikoa hirugarren urratsera ailegatu zen, Parraren bertsioan jarraitzen baitu: “…y las rocas se ve que no son rocas / son altares / ¡son cúpulas! / ¡son columnas! / y nosostros debemos decir misa”. Agian, bai, ezen bere bizitzaren azken urteak erretiratuta eman omen zituen, prediku guztiak alde batera utzita.

Etxeberriaren lanaren une bakoitzak zerbait iradokitzen eta eskaintzen digu: Tolosako karmeldarren elizan grabaturiko David Azurzaren kontratenor ahots zerutiarra, esaterako, baina beti makina hotsen kontrapuntuz osatua, edo aireportuetan eta autobideetan jasotzen ditugun ahots mekanikoez (“Hartu zure tiketa, mesedez”). Mamuz osaturiko koroez edo elizetako organoen aztarnez; soinu organikoak edo kosmikoak, nonahi… Bertikaltasuna iradokitzen zaigu bi piezatan (Alfabeto vertical I eta II): ahots eta soka soinu hautsiak, totelka ari diren borborrak, urrunetik entzuten diren makinak, eskala zerutiarrak… HE-MEN-NA-GO mantra tibetarra bilakatua E-E-A-O bokaletan putzuratuz, H-M-N-G kontsonanteen kolpez… Diskoaren izena duen pieza jostalaria da, haur ahotsak gizonezkoenekin nahasten dira, urrutiko zaunkekin, oihartzun aztoragarriekin, arrastiriko ordu sakratuetan… –nabaria Xabier Erkiziaren ekarpena.

Aztarnak ditugu, zuzenean osatu beharreko proposamen baterako ideiak. Baina proposamen horiek Orixek aipatu Hirugarren Belarrira zuzenduak daudenez, alferrik ibiliko gara “ageri den belarriarekin” edo “irudimenarenarekin” haietaz jabetzen saiatuta. Ez zaigu “musika zoragarrian” geratzeko aukerarik eskaintzen, ezta “oroimena edo gogoramena piztuko duen” horretan ere. Beste ariketa mota bat iradokitzen digu, zentzumen guztiak “geldiro-geldiro, motelduz motelduz” joango diren eremu horretara gidatuko gaituena. Orixeren hitzak beste behin gogoratuz, “adimena bakarrik geltizen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin- Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu, sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak. Hirugarren belarri antxen asten da”[3].

[1] Etzanak nireak dira.

[2] Nicanor Parra, 1977. Sermones & Prédicas del Cristo de Elqui. Galería Época. Diskoan, bigarren eta seigarren piezak, hurrenez hurren, Canción del Cristo de Elqui I eta II.

[3] Hirugarren belarria da Oier Etxeberriaren egitasmo orokorrago baten izena. Xabier Erkiziarekin eta beste hainbat aditurekin 2011-2013 bitartean ospatu ziren jardunaldiak ere izen horren pean egin ziren. Etxeberriaren ibilbide musikalaren entzumen eta adierazpen orokor bat nahi duenak, ordubeteko saioan eskaini zioten RTVko Ars Sonora saioan.




2017 ERROBIKO FESTIBALEKO OHARRAK 1: BANATU BARTOK


Bela Bartok XX. mendeko konpositore hungariarraren errebindikazioaz hasi zen kontzertu saioa. Orain hamar bat urte hasi ziren Christine Martineau (biola eta kantua) eta Denise Laborde (mandolina eta ahotsa) elkarrekin Bartoken errepertorioa lantzen. Bide luzea izan da haren eskutik hasi eta, euskal tradizioan barrena, Europa ekialdekoan murgilduz jorratu dutena. Disonantziaren maisua bezala ezagutu zena, garaiko beste hainbaten moduan, bere herrialdeko melodiak eta kantu zaharren transkripzioak eta grabaketak eginez ibili zituen orain mende bateko bere bazterrak. Aurkitutako altxorrak konposizioetan birsortu zituen gero. Martineauk eta Labordek egindako lana, elaborazio haietatik partituz, iturrietara itzultze bidean eman dela esan genezake. Eta joan den osteguneko emanaldian hiru geruzetan ikusi ahal izan genuen prozesu hau. Hiru geruza hauek bi emakumeon ikerketan eta interpretazioan dute muina, eta orain dela hainbat urteko Barkatu Bartok emanaldian erakusten zuten: Bartokekin batera, euskal kantutegi zaharra ageri zen bertan, baina baita Juan Kruz Igerabideren eta Joxan Artzeren hainbat poema laburretatik abiatzen ziren bariazioak eta inprobisazioak ere; ahotsetan eta, batez ere, musika instrumentalean.

Bigarren geruza bat gehitu zitzaion muin sendo honi, belaunaldi gazteago bateko hiru musikariren eskutik: Maider Martineau (soinu txikia, alboka eta ahotsa), Sylvain Meillan (biolontxeloa eta Bulgariako arrabita bat, gadoulka izenekoa) eta Vianney Desplantes (bonbardinoa eta alboka). Tinbreak aberasteaz gain, alboka eta bonbardinoa uztartuz eta soinu txikiaren melodikotasun freskoa mandolinarekin bikoa osatuz, biolaren nagusitasuna modu orkestralean osatua geratzen da Meillanen sokekin batera.

Bigarren geruza honek orkestra-osotasuna ematen dio aurreko bikoteari, baina baita joko berrietarako esparrua zabaltzen ere: bi emazte ahotsei hirugarrena gehitzen zaio denbora-, erritmo- eta harmonia-disonantziak berrituz; bonbardinoaren baxu sakon metalikoak harriduraz harrapatzen gintuen maiz, soka agudoen kontrastean edo albokaren indarrarekin. Bartok banatzen ari zitzaigun euskal lurraldeetan.

Hirugarren geruza bi musikari gazte apartek osatzen dute, aurrekoen lanari sakontasuna eta ekialdeko (baita gure ekialdeko) moduak erantsiz. Julen Axiari (perkusio turkiarrak eta ahotsa) eta Nicolas Nageotte (klarineteak) dira bi musikariok, eta haiengandik heldu ziren osteguneko emanaldiaren unerik gorenenak, hunkigarrienak, sakonenak.

Bazterretik bazterrera mundu bat da zabala zuen leloa Bartok maisua aurkeztuz entzulea Europa ekialdera eramaten zuen lehen aire alaiak. Melodia arin eta dantzagarriek osatu zuten kontzertuaren erdia: zortziko indartsuak edo fandango hautsiak, zenbaitetan ekialdera eta bestetan gure arbasoen modu bortitzenetara eramateko gai zirenak (Leon eta Maurizia berpiztuak izan ziren une batez). Bestalde, hauek tartekatuz, malenkonia sakonenaz blaituriko piezak: Bizkaiako lo-kanta-ren lau ahotsetako interpretazio zoragarria, esaterako, dagoeneko arrotzak ditugun erreferentziaz osaturikoak (gona gorriz jantzitako ama, bildotsarekin nahastuko duten haurra…).

Baina egon ziren beste hainbat eta, horien artean, Turkiako, Armeniako eta Irango melodia sarkorrak Axiariren kantaera harrigarrian emanak. Bartokek eta bere garaiko hainbat musikarik egindako bidaia itzuleran zetorkigula zirudien: forma landuenak kontraste tinbrikoekin emanak; ahotsen tratamendu antzinakoak, berreskuratuak. Zorioneko bidaia honetan parte hartu ahal izan zutenak!




Hiru erro, ahots propioa


Elkarrizketa: Julen Axiari (Baiona, 1987) Iparraldean gailentzen ari den musikari belaunaldi berri baten adierazlerik berezienetakoa dugu. Iturri anitzetik elikaturiko lur oparoan sortua, Euskal Herritik abiatu eta Euskal Herrira etengabe itzultzen den bidaian murgilduta dihardu akordatzen denetik. Hona udaren hondarrean Juan Gorostidik egindako elkarrizketa luze baten mamia.

Errobiko Festibalaren aurtengo 20. edizioaren biharamunean izanik, saihestezina da gaia: bederatzi urteko mutikoa zinen 1996ko lehen ekitaldi hartan, eta orduan abiatu zenaz jabetua izanen zara.
Oroimenean itsatsita ditut lehen urte hartakoak, bai. Itsasuko mendialdeko Atekagaitzeko hondartzan egiten ziren emanaldiak arrasti batez, eta Urzumuko aerodromoan hurrengoz; suak pizten ziren… Sekulako inpresioa egiten zidan hark guztiak. Gogoan ditut lehen edizio hartan Burkina Fasoko Saaba taldeko perkusiolariak eta dantzariak, ortutsik arroken gainetan, ikaragarria zen niretzat! Han zen baita ere Maddi Oihenart, lehenik ere ezaguna, Battitta Sobietekin kantari ibiltzen zen sasoi hartan…

Etxetik jaso zenuen musikarako grina eñat Axiari eta Maite Etxemendiren semea da Julen], giro horretan sortua eta hazia zara.
Oroimena ailegatzen zaidan punturaino, musikaz inguratua dago ene giroa, beti. Etxean hori zegoen, musikari handiak etortzen ziren bertara —gogoan dut Barre Philips, esaterako—, niretzat arrunt normala zen mundu zabaleko musikariekin eta, aldi berean, bertako kantaldi eta ikuskizunetan ibiltzea. Gogoan dut Santa Garazin ospatu zen Santa Kruz pastorala, 1992an. Junes Casenave-Harigilerena zen testua eta nire aitak konposatu zituen kantuak. Jean-Yves Constantin kantari handia izan zen sujeta eta goizaldeko kalejiran bere zaldi gainera igo eta berarekin eraman ninduen… Zuberoan ginen eta baita Uzesten ere. Iltzatuta gelditzen diren lehen oroitzapenak dira horiek. Garbi neukan hasieratik hori zela nire mundua, eta hor murgildu eta hazi behar nuela. Ahal bezain pronto hasi nintzen kontserbatorioan, sei urte bete aurretik.

Perkusioarekin hasi zinen?
Ez. Hain txikiak ez zituzten perkusiorako onartzen, eta beste instrumentu bat aukeratu behar izan nuen. Kontrabaxua izan zen, haurrentzat egokitua, noski. Gogoan dut nire lehen diskoa Charles Mingus-en Mingus, Mingus, Mingus… izan zela, eta hura bihurtu nuela lehen idolo… kontrabaxua, beraz. Baina hasieratik nuen perkusiorako grina eta ahal izan nuen unetik barneratu nintzen hor, kontserbatorioan 9 urterekin onartzen gintuztenetik. Halere, ez nintzen eroso sentitzen giro horretan; zurrunegia egiten zitzaidan eta Afrikako perkusiolariak gertutik ezagutzen nituenez, haiengan ipinia nuen gogoa eta bihotza.

Nola uztartu zenituen bi mundu horiek?
Bat-batean gertatu zen haustura. Artean 14 urte bete gabe ezagutu nituen Hyacinthe Massamba Kongoko perkusio maisua eta berarekin zebilen Chrysogone Diangouaya dantzaria. Parte hartu nuen Itsasun eman zuten ikastaroan eta garbi eduki nuen hura zela nire bidea. Kontserbatorioa utzi eta buru belarri sartu nintzen Afrikako erritmoak lantzera… Bi urte geroago jaso nuen haien eskutik Brazzavillera joateko gonbita; prest sumatzen ninduten, nonbait, eta mundu horretan murgildu nintzen, guztiz.

“Afrikan ez da irakaspen formalik, zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko”

Gehienontzat urruneko mundu exotikoa da Afrikakoa. Nolakoa izan zen murgilketa hori? Ez al zenuen arazorik izan zuria izanik, arrotza?
Ez, behin ere ez. Lehenik esan behar, han ez dela irakaspen formalik. Beraiek zuzenean erakusten dizute, ez irakasten. Prest egon behar duzu modu zuzen eta azkar horretan gauzak jaso eta barneratzeko. Bi hilabete egon nintzen bertan… inpresio bortitza jaso nuen lehen unetik: bidaia bera —bi egun abioiez—, hango hiria, usainak —hondakinak erretzen nonahi—, pobrezia handia… Bigarren gauez eraman gintuzten bertako gune kultural batera eta gazte anitz bertan topera jotzen… lehen kolpe musikala! Egunero-egunero aritzen nintzen, denetan baitago bertan musika eta dantza: ekitaldi sozial guztietan, izan beila edo ospakizuna —ehorzketa batek astebete irauten du eta gauero dantzatzen da…—. Kontent ziren beraiekin ari nintzelako, sekulan problemarik ez nuen izan, zuria nintzelako edo. Badut oroitzapen bat: beraiek elkartzen diren lekuak mgongi du izena, suaren inguruko bilgunea. Eta han ari ginen gau batez —kontu kontalariekin, musikarekin, dantzarekin…— eta bertan ari nintzen bitartean eman zidan bertako batek lepoko bat, berea zena: “guretako bat zara”, esan nahi zuen. Geroztik izugarri garrantzitsua izan da Kongo enetzat. Beraiek erabakitzen dute zein neurritan zauden prest eta, nire kasuan, sartua nintzen buru belarri haien erritmo eta abiadura horretan. Kongon pasa nituen lehen bi hilabete horiek etengabeko ikasketa izan ziren.

Egona zara berriz han?
Bai, egin nuen beste egonaldi bat, 2007an, Fred Faure lagun minarekin, Yaninga izendatu genuen talde eta egitasmoan parte hartu zuen beste perkusio jolearekin…

Zuberoako tradizioa eta Kongokoa. Nola esplikatu elkarren ezin urrunagokoak diruditen bi mundu horien arteko zubia?
Agian askorentzat arraroak diren kontuak modu naturalean bizi izan ditut nik. Bada horren inguruko teorizazio bat, Martinikako Patrick Chamoiseau idazleak eta beste hainbatek Kreolitatearen gorazarrea (L’éloge de la Créolité, 1989) manifestuan esplikatu zutena eta ondoren garatua izan dena (Édouard Glissant martinikarra da erreferenterik ezagunena). Laburbilduz, pertsona baten identitatea eraikitzerakoan, bada alde batetik zuhaitz genealogikoa, eta bestetik erlazioena, eta horrek du eraikitzen besteak bezain azkar edo azkarrago. Biak dira inportanteak enetzat. Kongok leku berezia izan du ene formakuntzan, klasikotasun hertsi batetik salto bat emateko oso baliagarria bilakatu zitzaidana lehen gaztaroan. Handik bueltan ez nuen utzi hura. Dantza ikastaroentzat musika behar izaten da, eta hor hartzen nuen parte. Aski erregularki ikusten ginen Chrysogone-rekin ere, eta hor sortu ziren nire lehen proiektuak. Hori izan zen klasikotik ateratzeko nire bidea baina, aldi berean, hemengo tradizioan barneraturik ibilia nintzen: pastoralak, euskal kantu txapelketak… denetan ibiltzen nintzen txikitan. Eta nerabezaroaren ondoren, ahotsaren aldaketa gauzatu zelarik, garbi sentitu nuen erro horietara itzultzeko beharra.

Axiari, Zuberoatik datorren izena da, nonbait.
Bai, XVIII. mende hasierako aztarnak ditugu. Eskiulako izen horren etxera heldu omen zen galiziarren bat, eta bere ondorengoek, usuari jarraiki, etxearen abizena bereganatu zuten. Horiek ditugu arbaso, eta ez dugu lotune hori sekulan eten. 2009an edo, garbi nuen bertako tradizioan sakondu behar nuela. Ordurako kantari handi asko entzunak nituen: Johane Barkos, Junes Xuburu, Bordalekü, Quehilla ttipi, Batitta Sobiet, Jean-Yves Constantin, Mixel Etxekopar, Mixel Arrotze… ezberdinak oso, eta denekin ukan dut nik jazza entzuten nuenaren inpresioa. Horretan sakontzeko, basa-ahaideak eta bestelako erak sakonetik bereganatu behar nituen, eta hortik sortu zen HiruAlde izeneko egitasmoa: Afrikako, Euskal Herriko eta jazzaren hiru ildoak uztartzeko ahalegina.

Zein ibilbide izan du HiruAlde-k?
Bost musikari elkartu ginen, adin bertsukoak: Matthieu Lebrun, saxofoiak jotzen dituena; William Legares, Martinikako baxu jotzailea; Tony Houzyaux, musika elektroakustikoarekin; Yan Renaut, elektroakustika eta bateriarekin; Chrysogone Diangouaya dantzaria eta ni neu. Landu genuen errepertorioan basa-ahaideak zeuden, “Iturengo arotza”-ren bertsio bitxi bat, “Gaü beilako eleak”-ena (Itxaro Bordaren hitzekin Mixel Etxekoparrek musikatua), “Esku batean” (Zamora, Beñat Axiari)… Tolosan soinu teknikari ikasketak egin ondoren —ez nuen oraino garbi musikara soilik dedikatzeko ahalik izanen nuenik—, sortu zen HiruAlde. Egin genituen emanaldiak, baita Iruñean ere, eta aitzina jarraitu dugu bakoitza bere bidean. Bizirik dagoen zerbaiten gisa sumatzen dut oraino, edozein momentuan gauzatu litekeena berriz. Nola eraman euskara musika afrikar batera, horixe nuen erronka.

Eta horretan jarraitzen duzu, baina ez Afrikako zuhaitzari soilik erreparatuz…
Ez. HiruAlde martxan genuen sasoian itzuli nintzen txikitatik hainbestetan egondako Uzesteko jaialdira, musikari gisa oraingoan, Bernard Lubat eta beste maisuekin ikastera, lanera. Eta hor dago free jazz-ari loturiko tradizio bizi eta errotua, Bengalifere proiektuan garatzen ari garena.

Bengalifere diskoa entzuten duenak, “herri musikaren” ikuspuntutik, lan zaila dela esango du ziurrenik…
Soinuaren barnetik eta bere baitara egiten dugun bidaiaren berri ematen du diskoak, baina guk zuzeneko lana egiten dugu, etengabe garatzen ari dena. Bengalifereko hiru musikariok (Matthieu Lebrun berriz saxofoietan, Jordi Cassagne kontrabaxuan eta neu perkusioetan, baterian eta kantuan) elkarrekin gaude era berean ikerketa eta adierazpena den bidaia horretan. Gurekin hor barneratzeko gonbita egiten diogu entzuleari, ez dagoeneko ezaguna duena berriz errepikatzeko, lehen aldiz aurkituko duen zer edo zer dastatzeko baizik. Hori ere bada musikaren erronka, guztiz geurea dugun sentiberatasun batetik bide berriak –sonoritateak, ehundurak, nahasketak… inprobisazioa betiere– saiatzea.

Azken Errobiko Festibalaren edizioan, Bengaliferez gain Maddi Oihenartekin egin zenuen kontzertua zerbait berezia izan zen askorentzat.
Maddirekin ikasten egona naiz azken urteotan, Zuberoako ahotsik indartsuenetakoa eta aberatsenetakoa baita berea, eta hortik sortu da elkarrekin zerbait taularatzeko aukera. A cappella kantatzen dugu, bakarka eta binaka, baina baita nire perkusioarekin ere. Eta aurtengo Itsasuko emanaldirako Bastien Fontanille biola jotzailea gonbidatu genuen gurekin jarduteko. Instrumentazioa kantuaren eta ahotsen zerbitzura jartzeko tentu handiarekin ibili gara betiere.

Hor bada Zuberoako maneren aldarrikapen bat, eta baita molde berrien bilaketa ere…
Zuberoako mendialdean gordetzen dira oraino Europa osoan nagusi ziren kantatzeko era ez tenperatuak. XVIII. mende erdialdetik aitzina Bachen ekarpenarekin inposatuz joan dira, “naturalak” balira bezala, pianoak ezarritako noten arteko interbaloak, eta nota horien arteko guztia ezabatua izan da, kantatzen ez dakiten ezjakinen modu arbuiagarritzat kontsideraturik. Gauza bitxia gertatu zen XIX. mendean Parisetik Zuberoara jin ziren hainbat aditurekin. Hango kantuak liluraturik, bere moduan transkribatu eta Parisen arrakasta lortu omen zuten. Itzuliko ziren gero Zuberoara bertako jendeari beraiek egiten zuten erara erakusteko, modu tenperatuan, alegia, hori zelakoan modu kultu eta jasoa. Egun Mendebaldeko tradizioaren erreferentetzat dugun musika moldea, berez, tradizio baten suntsitzailea izan zena da. Artzainen moduak eta, ez jakinenak bezala salduak izan dira, mendeetako aberastasun eta tradizio izugarri bat suntsituz. Horrela joan dira inposatzen modu estereotipatu batzuk, gorteetako manera “finak” guztien eredu. Halere, bada erresistentzia bat horren aurrean, Zuberoako tradizio bizian, Baigorri inguruko zenbait kantari zaharretan-eta. Hegoaldean ez da ezer geratzen, baina nork uste du Mauriziaren kantaerak ez duela hortik ere?

“Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago”

Egungo euskal musika herrikoia rocka da, eta zuk lantzen dituzunak, berriz, zaharkituak edo elite batentzat asmatuak balira bezala hartzen dira.
Lehenik eta behin, bereizi beharko genuke “euskal musika” eta “euskaraz egiten den musika”. Dirudienez, bigarren hau da gehienek euskal musikatzat dutena, baina nik ez dut halako ezer ikusten rockaren molde gehienetan, kasu, euskaraz ari direla salbu. “Askatasuna!” oihukatu eta kolonizazio batek inposatu dituen moldeak erabili, hori da gertatzen dena, gehienetan. Ekologiaren izenean inori ez zaio bururatuko McDonalds-en janaria errebindikatzea… Bada, ene ustean, halako zerbait gertatzen da musikaren arloan. Pentsa irratietatik eta interneteko plataformetatik zabaltzen den musikan. Sekulako txikizio ekologikoa ari gara bizitzen kulturan: munduko edozein txokotan makinek eragindako pobrezia bera jasan beharra dago. Eta hori, transgenikoekin gertatu bezala, bertako kultura adierazpen guztiekin bukatuz inposatzen da. Rockarekin gurean gertatutakoak musikarekin baino gehiago beste fenomeno sozialekin du zerikusirik, eta nahasmendu horretatik ez gara oraino atera. Batetik, inoiz baino musika mota gehiago dugu eskura, aniztasuna sekulakoa da; bestetik, gero eta eredu murritzagoetara gara bultzatuak.

JULEN_AXIARI_-_MADDI_OIHENART

Gero eta gutxiago kantatzen da egun ahots hutsez, badu honek zerikusirik esaten ari zarenarekin.
Hala da. Badirudi gitarra baten laguntzarik gabe ezin dela kantuan aritu, eta moda hori jartzen ari da koruetan ere, izugarria! Nik ez dut behin ere sentitu halako beharrik. Ahotsa berezko instrumenturik aberatsena da eta gorputzetik beretik sortzen da musikak behar duen guztia.

Oso gutxi zarete perkusio jole eta kantari zaretenak, eta zure perkusioa tratatzeko eran ez dago oinarri erritmiko hutsa. Bateria, instrumentu “oso” gisa entzuten dut nik zu bezalako hainbat jotzaileren eskuetan: hor daude testura tinbrikoak, armoniak, baita melodiak ere.
Bai, hor dago dena. Perkusioa ez da gauza mekaniko bat, melodia mota baten sostengu hutsa. Bestalde, hemen arraroa bada ere, pentsa munduko musika askotan, Afrikan lehenik, perkusioaren gainean sortzen da horietan musikaren eraikin guztia, ez da beste instrumenturen premiarik sentitzen, gero eta hedatuagoak badaude ere, kanpoko eraginez.




ERROBIKO FESTIBALA, 2015: HIGA, BIGA, BAGA


HIGA. JENDETASUNEZ ETA MUSIKAZ BLAI
Hiru gau txikien biharamunean nago, Itsasun artean, azken egunen eta gauen eraginpean. Hiruzpalau lo-orduren ondoan jaiki, hitzaldian hartu parte, BERRIArako kronika idatzi, lagun zahar eta berriak topatu eta musika mozkorraldia gauerako. Hori izan da hiru egunotako dieta: intentsitatea eta plazera nahasirik –janak itxaron dezake.
Kroniketan, apenas aipatu ditut goizeko mintzaldiak. Izan diren bietan izan naiz parte hartzera gonbidatua, Camel Zekrirekin batera (http://www.camelzekri.com/). Bestela, lehengoan, Ibai Etxezagarragak (Bilboko Tximini kolektiboa) hartu zuen parte, eta bigarrenean David Goldsworthy-k –Roy Hart eskolakoa– eta Paxkal Indok, besteren artean. Ekintza kulturalean nabarmendu diren pertsonokin mahai inguru bat partekatzea zirraragarria izan da, ez baitzegoen aurre-gidoirik, Beñat Axiariren galderei norberak ematen zion erantzunak zabaltzen zuen ildoak sortzen zuena baizik. Ostiralekoa izan zen bereziki intentsua: doluaren eta heriotza sinbolikoaren premiaz aritu nintzen –ahaztua dut galdera– eta zirrara handiz jarraitu zidan Camelek: Aljeriako gerra, Afrika erdialdeko sarraskiak, eta berak egindako harat-honako bidaia pertsonal eta kolektiboa, bi munduen parte delarik, beti errotua, beti erbestean. Aljeriar jatorrikoa eta Parisen jaioa, bere familiaren jakituria eta erroak berreskuratzeko, musika lagun, Aljeriaz gain, Niger ibaia zeharkatzen duten herrialdeetan –Malin, Nigerian…– “Uraren festibala” antolatzen eta bizitzen ibilitakoa, Normandian eraiki dituen proiektuen artean. Gizon hurbila, sakona eta maitagarria egin zait, eta jarraituko duen topaketa bero baten sentipenarekin besarkatu nuen despedidan.

Webgunea: http://www.camelzekri.com

Ez da lehen aldia Ibai Etxezagarraga topatu dudana, Gerezien Denbora pastorala Barakaldon eta Bilbon 2014ean aurkeztua izan zenetik. Berak gaurkotzen dit Bilbo inguruan azken eraldaketaren geruza sakon eta ez horren eredugarriak, eta horren aurreko ekimen argi eta emankorrak. Pertsonez, hiriez nahiz kontinenteez, mundu sakonen eraldaketez eta aterabideez gogoetatzeko aukera ematen dute bere hitzek gainontzekoekin gurutzaturik, eta erregalia da maila honetako pertsonekin aritu ahal izana.
Azkenik, David Goldsworthyren ibilbidea eta irakaskuntzaz –izan nintzen bere ikasle orain bi urteko Errobikoan–, eta Paxkal Indoren argitasun libertarioak txinpartaz bete zuen larnbateko solasaldia. Berak ekarri zuen lehen Errobiko festibalaren gomuta, Erro-biren esangura –partikularra eta unibertsala–, eta Miguel Torga idazlearen esaldia: “Unibertsala harresirik gabeko bertakoa da”.
Bart gaueko kontzertuaren eraginpean nagoenez, eta ondoren ipiniko ditudan kroniketan aipatua ez denez, hona zenbait inpresio:
– Neptune Chapotin-ek lekzio magistral bat eskaini zigun: sei-zazpi musu-gitar erakutsi eta bakoitzaren doinuaz blaitu: Vietnamgoa bat eta Ukrainiakoa bestea, India hegoaldekoa nahiz Siberiakoa… izugarria musika tresnarik xumeenaren ahala!

– Trapaga eta Errekatxoko (Bizkaia) harri zulatzaileak etorri ziren gero: harrituta begiratzen genion elkarri eta gizon indartsu hauen –emakume bat tartean ere bazen– jarduera agonikoari. Lehen galdera: zer ote zen mundu guziko harrobietan gizon horiek egin beharreko lan izugarria? Bigarrena: zer dela eta euskaldunon joera halako jardun dagoeneko desagertuak kirol bihurtzeko eta norgehiagokan plazaz plaza ibiltzekoa? Badu erakargarritasunik halako ikuskizunak, bistan denez, baina testuinguru hartan, zientzia-fikziozko gauzatze hiperrealista baten aurrean sentitzen nintzen: urte gutxiko haurren begitarte harrituak eta, gizonkote haiekin batera, Julen Axiarik eta Nicolas Nageotte bezalako gizontxoak inprobisatzen zuten musika erraldoiarekin, zein unibertsora ginderamatzan minutu luze haietan?

– Eta gehiegizko errealismoz beteriko mundu hartatik ateratzeko –ez guztiz, inpresioa eta harri zulatuak hor jarraitu baitzuten agertokiaren erdian–, 17 gizon-emakumez osaturiko Coetus taldea etorri zen alaitasunez eta indarrez gainezka beren kantu sortekin. Perkusio “pobrea” dute oinarri –pandero koadratuak, bonboak, zartaginez, eltzez eta gainerako sukaldeko tresnez osatutako bateriak…– baina hauei ateratzen dieten etekina izugarria da. Gogora etorri zitzaizkidan 70ko hamarkadan Espainian nahiko ezagunak egin ziren folklore bilatzaile haien malenkonia eta tristura, mortu ziren herrixketan aurkituriko kantuen bitartez transmititzen zena. Guztiz bestera hauek: jasotzen dute mundu gogor haietako une askatzaileak: uzta biltzerakoan edo amodio klandestinoak haizatzerakoan ateratzen ziren horiek ,eta denok barnean dugun erro sakona azalerazi. Paradoxa: 17 katalanez osatua dela taldea, Iberiar penintsulako folklorea horren modu eraberrituan biziberritzeko gai dena.
Ikus http://www.coetusiberica.com/

Eta gaua ezin modu ederragoan amaitzeko, su artifizialei loturiko Paxkal Indoren txalaparta

Ondoko bideoari, kendu orkestra eta koroak, eta ipini Erwan Keravec-en gaita, urrats geldoez iluntasunean…

BIGA. AGERTOKIA, GUDU ZELAI
http://www.berria.eus/paperekoa/1963/030/001/2015-07-26/agertokia_gudu_zelai.htm

Gaueko emanaldia da Errobiko Festibalaren une ikusgarriena, baina badira egun osoan beste hainbat ekitaldi: mendi txangoak, non parte hartzaile guztien artean aurretik programatua ez zegoen zerbait pitz litekeen, baten musikaz eta bestearen poemaz edo mugimenduez… Lekuek eta uneek hartzen dute pisu nabarmena, eta hor sortzen denak beti du leku eta une horrekin zerikusi berezirik. Eta hori bera da goizero sortzen den mintzaldi-ikusgarrian: mintzakideak nahiz entzuleak unean-unean dira gonbidatuak gai bati atxikitzera, eta ikusteko beti bertatik sor litekeena. Joan den ostiraleko gaia kultur sormena zen, baina heriotzaz eta birsortzeaz aritu ziren bertaratutakoak, Euskal Herriaren dolurako zailtasunez edo Bilboko biziberritzearen gibelean suertatzen ari den mundu oso baten suntsipen fisiko eta kulturalez (Ibai Etxezarraga), edo Aljerian eta Afrika osoan bizi den kinkaz (Camel Zekri). Poesiak eta musikak ere badu lekurik elkarrizketan eta, Rene Char eta Attila Jozsef izan ziren oraingoan euskaraz eta frantsesez gonbidatuak: «Mundu honetara jaurtia izan bazara/ hobe duzu zazpi bider jaiotzea…/ Sei kume daude negarrez, baina ez da nahikoa:/zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena».

Arratsaldean, musika nagusitzen da, gaueko kontzertu hirukoitzerantz. Ostiralekoaren lehen uneak Beñat Axiarik (kantua) eta Didier Lasserrek (perkusioa) bete zuten, kontzertu labur bezain intentsuan. Axiari musikari lagun anitzekin aritua da urteetan, talde eta proiektu arruntetan, eta, horrela segitzen du egun ere, baina bikotea osatzean perkusio-maisuak ditu kide kutunenak. Hori da Ramon Lopezekin sortzen duena, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Didier Lasserrekin. Maisuok badute indarra, baita lirismoa eta, guztien gainetik, bateriarekin orkestra oso batek duen giroak sortzeko gaitasuna. Instrumentu totala bihurtzen da hori, nola Beñaten ahotsa bera, hala bien arteko uztarketa, erabatekoa. Hitzik gabeko inprobisazio basatiekin abiatu eta burutu zuten emanaldia; tartean Abbey Lincoln-en hasierako As Tender As a Rose edo Herniette Aire-ren Egiaren egarriz poemaren gainean egindako pieza. Beti harritzen du entzulea Beñatek bere joko kromatiko eta erritmikoekin, eta gero eta askeago sumatzen zaio musikaren itsasoan.

Emile Parisien laukotea

Bigarren kontzertuak jazz garaikidean meritu propioz nabarmentzen ari den gazte handi bat ezagutzeko parada eman zien hara bildutakoei. Axiari eta Lasserreren dohainez aritzean haien instrumentuek osotasun musikala sortzeko gaitasuna aipatuta, zer esan Emile Parisienen saxoei buruz? Musikaz hitzen bitartez ezinezkoa denez, haren jotzeko eraz aritu behar, hasieratik erakutsi zuen manera propioaz: borrokalari baten gisan hartzen du saxoa, eta haren postura eta mugimendua halako batena da. Haren kontzertuaren lehen partea borroka baten sekuentziatan irudika liteke: hanka bat aurrean eta bestea sendo atzean beti, eta atzetik aurrera jaurtikia lirudike haren mugimendua, haren instrumentuaren hotsa. Nocturne girokoa izan zen lehen pieza, urrutitik arreta osoz begiratzen den gudu zelaira doan borrokalariak egiten duen otoitza edo konjuru baten antzekoa. Ondoren, borroka saihestu ezin duenaren autoafirmaziozko ahal erakusketa; zango aurreratuekin gorputza babestuz eta, saxo sopranoa arma bat balitz bezala, guardiazko eta erasozko keinu etengabeak gauzatuz.

Aldean zituen bere musikari laguntzaileak: Julien Touery (pianoa), Yvan Gelugne (kontrabaxua) eta Julien Loutelier (bateria), bere jardunarekin bat egiten, baina hirugarren piezaraino ez ziren nabarmendu, Parisienek jokoan zegoen bataila erabakita zegoen momentura arte borrokara sartzen utzi izan ez balitu bezala. Horien artean, Touery nabarmendu beharko litzateke, berez instrumentu osoa den pianoari eragin zion joko tinbriko eta erritmiko guztiengatik.

Erabakia zen borroka, onartuak zauriak, erailak fantasmak… eta ozeano handi bat zabaldu zen orduan, non gerlari haiek barneratzen ziren beren buruari galdezka bizi izandako hura benetakoa hala ametsezkoa izan ote zen. Bigarren kontzertu bat abiatu zen orduan, denboraren neurria urratu zuen lehen tarte hura iraganda. Saxo tenorraren tonu grabeagoek zuzendua, borroka izan zena dantza eta ospakizuna bilakatu zen bigarren zati honetan. Orduan zabaldu ziren instrumentista guztien ahalak, eta gainezka datorren ibai bizkor eta agortezin baten antzekoak ziren. Gogoetarako uneak bezala, ospakizun ero baterako, elkar besarkatzeko edo begiak itxita bakartzeko.

Dena aldatu zen gauaren hirugarren emanaldirako, agertokia nahiz musikariak. Entzule izateari utzi, eta dantzari bilakatu zen jendea orduan, Brasilgo ipar-ekialdeko jai giroko musika alaiarekin. Musikari brasildarrez nahiz europarrez osatua eta Fawzi Berger-ek zuzentzen duen Forro da Lua taldeak bideratu zuen aldaketa, Brasilen bertan bezala. Martxaz gainezka eta forró-ak berezko dituen kadentzia errepikakor eta inguratzaileekin korapilatu zuten gaua, eta gero jendeak ez zekien zein ordu zen oheratu zenerako.

BAGA. SOILTASUNAREN HANDITASUNA

http://www.berria.eus/paperekoa/1753/027/001/2015-07-25/soiltasunaren_handitasuna.htm

Ohikoa duen ekitaldiarekin abiatu zen joan den ostegunean Itsasun (Lapurdi) aurten 20. edizioa betetzen duen Errobiko Festibala, Juan Luis Goenagaren margolanez beztituriko Sanoki aretoan. «Kultura, krisi garaian lehen premiazko betekizuna?» galdera borobilaren inguruan aritu ziren Raoul Sangla zinema errealizatzaile angeluarra, Rene Trusses Tarbes hiriko (Okzitania) Liburuen Maiatzaren sortzailea, Camel Zekri aljeriar jatorriko musikaria, Pierre Vissler artista zuberotarra eta Juan Kruz Igerabide euskal poeta. Hitzaldiak musikarekin tartekatu zituzten, eta halako galderari erantzun poetiko batez saiatzen abiatzeko balio dezake Igerabidek utzitakoa: «Ez den horretan dago poesia (Pierre Reverdy), eta ezinezko den horretan… Ezin eman ez daukagunetik. Eta, hala ere, ez daukagunetik ematea da poesia, hain zuzen». Eta poesia da, bere zentzu zabalean, bizi arnasa.

Gaueko lehen kontzertua Maddi Oihenarten eta Julen Axiariren eskutik etorri zen, Iturritik heldu diren kantuak izenburupean. Zuberoako kantu betikoak eta garaikideak tartekatu zituzten, Oihenartek sendotasuna ipiniz eta Axiarik hauskortasun erraldoi bat, zeinetik tesitura altuenetan giza txilioaren bilakaera ez-humanora eramateko gai den. Bikoteak ezin hobeto funtzionatzen du beren arteko konjuntzioan, eta, XVIII. mendean estandarizatu zen melodia eredu zurrunetik ihesi, Zuberoako kantuera harrigarria birsortzen dute. Axiariren perkusio delikatuak eta Bastien Fontanille biola jotzailearen interbentzioak ahotsaren eta melodiaren lehentasunari zerbait gehitzen zioten, interferentziarik gabe.

Flamenko deseraikia

Tonu elegiakoa nagusi duen eta euskaldunok horren guretzat eta aldi berean gure urruneko ekialdetzat dugun horretan blai geundenean etorri zen gaueko bigarren saioa: Andaluziatik zuzenean ekarria eta flamenkoaren jarraitzaile edo behatzaileentzat txundigarria egin zen ordubeteko pausarik gabeko emankizunean. Flamenkoaren «hirukote saindua» osatzen duten kantaria, dantzaria eta gitarra jotzailea bertan genituen: Francisco Contreras, Niño de Elcheren ahotsean; Chiloe Brule, dantzan, eta Raul Cantizano, gitarran; baina flamenko instituzionalizatuak garatu eta ezarri dituen eredu mistifikatzaile eta zurrun guztiak apurtzera jarriak: bi gizonezkoak gazte kalekumeen itxurarekin, eta emaztea soineko soilez agertoki zabal bezain hutsa betetzen. Kalean aurkitutako gitarra zirudien trastea eta une batez agertu zen zurezko abanikoa izan zuten atrezzo guztia… eta nola bete helburu zailena! Ezen erraza izan liteke flamenkoaren topikoen gainean parodia barregarri bat muntatzea, baina benetan zaila, deseraikitze gupidagabe hori goi mailako artez eta teknikaz zipriztinduz hiruren arteko benetako performance josia, argigarria eta artifiziorik gabekoa burutzea.

Artista handiok, gorputzaren errekurtso zabalenekin, komunikazio zuzena dute helburu, eta beraiengana hurbiltzen direnenganako enpatia eskuratzea. Hirurak dira, beraz, musikari, kantari, dantzari… antzezle, eta neurturiko lirismoz eta kolpe gogorrez lortzen dute helburua, inprobisazioari tarte oso zabala eskainiz.

Gauaren beste dimentsio batean geunden jada kontzertuaren hirugarren atala heldu zenean: San Salvador izena daraman Tulle hiri gaskoian (Okzitania) hazitako talde batekin osatu zen. Gabriel Durifek zuzentzen duen seikote polifonikoa da, hiru emaztez eta hiru gizonez osaturikoa; sekulako sendotasuna eta maila eskaini ziguten. Oso gazteak seiak, baina kantari apartak; a cappella abesten dute gaskoiez, pieza bakoitza errezital polifoniko bihurtuz. Bi tinbal eta pandero baten laguntza soila tartekatuz, sekulako indarra erakutsiz, eta ohikoak ez diren harmoniak eta erritmoak landuz. Folk musika etiketa ipini eta zerbait bigun eta ez sofistikatuaz ari garela uste dutenek nahikoa dute talde honen pieza bakarra entzutea. Musika kultuko errekurtso melodiko eta erritmikoak erabiliz, eta, era berean, zenbait herri musikak dituzten harmonia berezkoei (bulgariarrak edo sardiniarrak, ezagunenen artean) etekin handia atereaz betetzen dute emanaldia.

Soiltasuna nagusitu zen Errobiko Festibalaren lehen gauean halako eskala ikusgarrian: euskal kantu misteriotsu eta malenkoniatsuenetik indarrez beteriko auzo ditugun gazte indartsu eta alai horietara, flamenkoaren goi mailatik egindako deseraikitze liluragarria tartean. Ez zen hasiera makala izan hainbeste promesten duen hogeigarren edizio honetarako.




Industria ondarea eta pailazoaren sudurra


Gerezien Denbora hiri pastorala (libretoa: Itxaro Borda; musika: Beñat eta Julen Axiari) Bilbon berriki aurkeztu zenean, ezohiko nabari bat aurkitu nuen: egitasmoak bi arkitekto gazte zituen atzean, Tximini kolektiboko Ibai Etxezarraga eta Beñat Guarrotxena, hain justu. Pastoralaz dugun irudiaz landa geratzen den galdera bat planteatzen zuten: “Zer da industria ondarea?”
Ezin argiagoa den irudi bat eskaini ziguten: “norbaitek gomazko sudur gorria berean ipintzen duenean, badakigu clown edo pailazo baten aitzinean gaudela, irribarrea gertu; baina pertsona hori desagertu eta gomazko sudurra besterik ikusten ez badugu, horrek ez digu ezer eragiten”. Antzeko zerbait dira fabrika abandonatuak, “pailazorik gabeko gomazko sudur gorriak”, langileriarik gabeko eremu desolatuak.

AHVko langileak
Bestalde, zer da Euskal Herria, XIX. mende amaieratik aitzina gertatu industrializaziorik gabe? Ezin genezake irudikatu, nahiz eta Euskal Herria aipatu eta baserri, artzain eta marinel klixeetara jotzeko inertzian instalatuta gauden (eta gure tradizio adoratuetan, olentzeroenetara eta arrantzaleenetara; baskitoak eta neskitak…). Joan den mendeko 80etan –60etan Iparraldean– gertatu industria astunaren gainbeherak utzi zituen hondakinekin, bi joera nagusitu dira. Lehena: dena suntsitu eta orubeak erabili etxegintzarako, edo, Bilboko Abando Ibarra eredu, “hiria birfundatzeko”, aurrekoaren tabula rasa egin. Bestela, eraikinak oskol huts eta ukiezin bilakatu “Industria Ondarea” babestearen izenean. Lehenak, iraganarekin haustura bortitza eragiten du, besteak beste; bigarrenak badu nekrofiliatik, hildako zerbait ukiezin eta fantasmagoriko bihurtuta, nostalgia ahalgabe batera elikatzeko joera.
“Barakaldoko Sefanitro fabrikak bizitutako azken hamabi hilabeteetan suertatu zitzaigun bertan egotea, 2012an, eta ez zen egun bakar bat ere gertatu aldaketarik gabe. Hondakinak, aldiz, suntsitu edo bere horretan uzten ditugu… Eraikinetan baino areago, haietan bizitutakoan dago industria ondarea. Eta, batez ere, bizitza oso bat isilean eman duten langile anonimoen jardueran. Fabriketatik egotziak izan direnean, memoria bat mantentzen dute, baita harrotasun bat ere, dugun mundua bere izerdiez eta lanez eraikia izan denarena, inor gutxik onartzen badie ere”.

Forges de l’Adour-eko ume langileen argazkia, 1908koa.

Nola uztartu, bada, Zuberoako Pastorala, artzain eta mendi giroko tradizioa, kostalde urbanoarekin eta XIX. eta XX. mendeko langile borroka eta mugimenduekin? Hori izan da Itxaro Bordak eta Beñat Axiarik jaso eta Gerezien Denbora pastoralarekin bideratu duten erronka: Pastoralak berezko dituen moldeak gordeaz (espazioan, kantuan, dantzan…), hainbat rol irauli eta kondaira kolektibo bat berritu.
Baionatik Bilbora, Bokale eta Tarnosetik Bilboko Ezkerraldera aldera egindako ibilbidean, joan den uda hastapenean lehen aldiz taularatu zen pastorala, negu gorrian heldu da Barakaldora, bertako fabriketan eraikitako bizimoduan baitago gure “Industria Ondarea” eta herri-memoria.

(Gai honi lotuta: Pasaia Bitartean egitasmoa)