Beñat Achiaryren diskografiara hurbiltzeko


Musikarien historian kontu berria izan da diskografia baten inguruko karrera irudikatzea. Halere, ohitu gara kantari batengan pentsatzen haren disko zerrenda errepasatuz. Grabaketa eta zabaltze teknikek baldintzatu dute XX. mendeko musika eta, oroz gain, musika herrikoia –pop, rock, etab.– kontsideratzen dena. Baina ez da hori gertatzen hainbat musikarirengan, batez ere “izar” bilakatzen ez diren horiengan, edo musika zuzeneko “sormen ekintza” gisa ulertzen dutenengan. Horien artean kokatu behar dira estilo anitzeko musikari garaikide asko, eta, haien artean, inprobisatzaileak eta jazz estilo guztietakoak.
Beñat Achiaryk ez du bere ekimen artistikoa estilo edo lerro jakin bati lotu. Berdin ari da Zuberoako kantutegiarekin eta hango molde klasikoenekin lanean (pastoraletatik basa-ahaideetara) edo jazz edo rock talde abangoardistenekin. Eta diskografiari dagokionez, oso zabala bada ere, bere ibilbidearen zati bat baino ez du islatzen. Badira egitasmo asko sekula grabatuak izan ez direnak, eta baita musikari garrantzitsuak bere ibilbidean, zeintzuekin grabaziorik burutu ez duen. Hala nola Pascal Gaigne, Urria taldearen hondarrean, 80 hamarkadaren hasieran; edo Michel Portal, kontzertu askotako kidea hamarkada luzeetan.
Grabazioak, berriz, heterogeneoak izateaz gain, barreiatuak daude hainbat leku eta zigilutan, eta ez dira eskuratzeko errazak. Azkenik, eta bere lan egiteko moduagatik, zuzenekoak dira erdiak baino gehiago, eta beti daude beste musikariren batekin edo talde batekin elkarlanean eginak (The Seven Circles du bakarkako salbuespena). Maila bereko sorkuntza eta bilakaera konpartitua da, betiere, ez “izar” baten inguruko apaindura musikala, beste kantari gehienen kasuan bezala.
Hori guztia kontuan hartuta eta oso modu eskematikoan bada ere, bost esparru proposatzen dizkizuet haren diskografia nolabait ordenatzeko:

1. Estudioko disko estandarrak. Hemen 1988ko Arranoatik abiatu eta 2008ko Larrosa salbaiak grabaketarainoko lanak hartu behar ditugu kontuan. Guztira, sei lan sartzen ditut hemen (aipatuez gain, Ene kantu ferde eta urdinak, 1989; Lili purprea, 1991; Leitza larrea, 2000; eta Avril, 2007). Haien ezaugarriak: dozena inguru kantu, luzera estandarrekoak eta Beñaten kantua (hitzak garrantzia handia du, baina baita hitzik gabeko kantuak ere) interpretazioen erdian kokatua. Xehetasunetan sartu gabe, eta sei hauen artean bat aukeratu beharko banu, Elkarrek 1989an argitaratutako Ene kantu ferde eta urdinak LPa hartuko nuke.

Ene kantu 89Aukera honen arrazoietan sartu gabe, esan behar da nahiko disko oharkabea suertatu zela (Elkarrek ez zuen LPa CD formatura pasa ere egin, bere katalogoko gehientsuenekin gertatu bezala) eta CDan Silex frantziarrak argitaratu zuela 1991n.

2. Beste musikari baten inguruan sortutako proiektuak (horiek ere estudiokoak, gehienetan). Hamar-hamabi grabaketa kontatu ditut hemen. Aurrekoetan homogeneotasun formala dagoen bezala, hemen barietatea da nagusi: jazz musikarien proiektuak dira batzuk (Michel Donedarena Terran eta Andy Emlerena Mega octeten), flamenkoak besteak (Près du coeur sauvage eta La cité invisible); rock edo folk taldeak (Etage 34, Sakya edo Stve Beresford-en Le extraordinarie jardin de Charles Trenet, kasu) edo euskal abesbatzak (Euskal kantak Ama-lur taldearekin egindakoa) eta sailkaezinak (Francesco Forges-en Desapartactions edo Erwan Keracec-en Urban pipes, besteak beste). Ezinezkoa egiten zait haien artean bat aukeratzea, guztiz diferenteak baitira.

Desapartactions3. Zuzeneko eta estudioko inprobisazio lanak. Esparru hau Europako free-jazz mugimenduaren barnean kokatu behar, non Beñat ondo aitortutako kantaria dugun. Zazpi lan sailkatu ditut bertan (aurreko zenbait erraz ipini litezke bertan ere, mugak ez baitira inoiz gardenak): 1989ko Kantuz, lehena, eta 2005eko Celebration du contre-jour azkena (tartean Achiary-Carter-Holmes, 1994koa; Ce n’est pourtant, 1996koa; Temps couché, 1998koa; The seven circles, 2004koa eta Earthly bird 2015ekoa). Bi lan azpimarratuko nituzke hemen: Celebration du contre-jour eta The seven circles. Arrazoiak aunitz dira. The seven circles, gainera, Beñatek bakarka grabatu duen lan bakarra da (zuzenean, bere ahotsa eta perkusioekin).

Célebration 2005

4. Esperimentazioa musika elektronikoaren eta garaikidearen arloan. Esparru hau ere berez da zabala, eta bost dira Beñatek egindako grabaketak: bi Jean Schwarz-ekin estudioan burutukoak (1997ko Itzala eta 2000ko Dilin Dalan); bi Didier Lasserre perkusionistarekin (Hors ciel izenburupean) eta bat Cassini haize laukotearekin, 2009ko Le peuple des falaises). Azpimarratzekoa da Schwarzekin egindako kolaborazio luzearen isla diren horiek, besteak-beste Joxan eta Jesus Artzek 80ko hamarkadatik aurrera musikari garaikideekin egindako lanaren apurra ere jasotzen dutelako; horren adierazlea, Dilin Dalan gogoangarria.

dilin dalan5. Proiektu poetikoak. Poesia idatzia oso presente egon bada betiere, badira grabaketak horrela sailkatu genitzakeenak: Joxan Artzerekin (eta beste hainbat musikarirekin) ondutako Goñiko zalduna, 1994koa; eta Oihana auhenka, 2000koa azpimarratu behar. Beste hainbat: 1992ko Le livre des traditions, 1999ko Recontres, 2012an Guylaine Renaud-ekin ondutako Beatiho eta 2015eko Ezkia haizean kantari, Itxaro Brodaren poema sortarekin; eta zenbait pastoralentzat ondutakoa (1997ko Jean Martin Pueyrredon-en gainekoa eta 2014ko Gerezien Denbora hiri pastorala).

Oihana ahuenka, 2000OHARRA: sarean ere oso sakabanatua da Achiaryren diskografiaren inguruko informazioa. Youtubeko bideoak, berriz, kalitate eskasekoak. Halere, bada informazio ordenatua BADOK.info, euskal musikaren atarian.