1

KAKUX, BIOBOTEREA

OHARRA: Errotarria Lepoan idatzi eta argitaratu ondoren etorri zen ETBko Ur Handitan programa eta honek ekarri zuen soka luzea: Joxe Arregiren manipulazio salaketa (Euskadi Irratian elkarrizketa) eta bere artikulua Noticias taldean. Egunkari horretara nire erantzuna bidali banuen ere, ez da argitaratua izan. Baina niretzat esanguratsuena ez zen Arregiren jarrera izan baizik eta hurbileko sentitzen ditudan hainbat iritzi emaileena (Hedoi Etxarte, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel). Hauen iritziak komentatuz idatzi nuen ondoren datorrena eta baita BERRIAra bidali ere, bertsio laburrean, baina ez da argitaratua izan. Esanguratsua da oso nola gainezka egiten duten urak beren ubidera bideratuak izaten diren, gai sentiberak, tabuak neurri handian, azaleratzen direnean. Haurren gaineko bortxa da horietako bat. Ondorengoa BERRIAn argitaratutakoaren (http://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/001/2017-03-09/kakux_bioboterea.htm) bertsio luzea da:

Maiz aurkitzen ditut nire inguruan Eliza Katolikoaren marka eta eragina gutxiesten dutenak: “Aspaldiko kontuak dituk horiek, motel; Elizak ez du, egun, orain zenbait hamarkada zuen eraginik…”. Ez nago horren ziur, ordea; are eta gutxiago Kakuxen kasua azaleratu denean zabaldu diren gogoetak entzun ondoren.

Jakina da pederastiaren gaineko Elizaren politika aldatu egin zela Irlandako eta Bostoneko eskandaluen ondoren, “zero tolerantzia” aldarrikatuz, barkamena eskatuz eta “guztioi dagokigun lakra honi aurre egiteko borondatea” azalduz. Baina nago Kakuxenak gurean sortu duen harrabotsak ematen diola gaiari eta gure gogoetarako gaitasunari bere benetako neurria. Salaketak azaldu orduko etorri zen kleroaren erantzuna, eta honen barrutik, ezagutzen ditugun bi joera nagusienak: Munillarena eta Joxe Arregirena, laburbiltze aldera. ETBk otsailaren 14ean emitituriko “Un Handitan” erreportajeak nabarmendu egin zuen gaiaren dimentsioa.

Bestetan oso hurbil sentitzen ditudan hainbaten gogoeta publikoei lotuko natzaie hemen. ETBko programaren biharamunean entzun nuen Hedoi Etxarte Joxe Arregiren diskurtsoa laudatzen: “Eta abusuen egilea langabezian geratu den kamioilari bat balitz, bortxatu dituena lau ume… zenbat patologizatuko litzateke bere ogibidea edo bere jatorria; zer zentralitatea emango litzaioke pertsona horrek bere komunitatean duen pisuari… ez ote ari da jada agnostikoa gutxienik eta ateoa bere gehienean den gizarte bat erabiltzen ari kasu hau kasik pentsa arazteko pedofilia kasuak elizaren pean bakarrik existitzen direla; ukituak egiten direla soilik umeekin eta ez, astebururo bezala, emakumeekin; eta zein leku daukan, eta nola ikusten duen gizarteak hori? Ekarpen handia egin du Arregik antipunitibismoaren afera zentroan jarrita. Alegia, guk zer nahi dugu, afera hau gainditu, berriro gertatu ez dadin, ala halako exzitazio kolektibo batean egon… egongo den eta ez dakigun horren atzean” (programaren 1:54;24 – 2:14:00). Gauza bera azpimarratzen zuen Arregik, dokumentalaren “manipulazioarekin” kexu, Euskadi Irratiak eskaini zion ondorengo elkarrizketa luzean: “Argazkilari bat izan da orain gutxi salatua, eta nik ez dut bere izena jakin nahi. Horrek ez dio ez biktimari eta ez eragileari ezertan lagunduko”. “Gehiegizko zabalkunde mediatikoaz hasi eta lintxamenduaz amaitzen dugu” esanez bezala, gure izaera maltzur eta mendekatia seinalatuz, horrek dituen arrisku guztiekin eta, kasu honetan, pederastari –biktima bat, bera ere, azken finean– egiten zaion konpondu ezinezko kalteaz jabetu gabe.

Ildo beretik zetorren Jon Sarasuaren gogoeta Euskadi Irratian. Berak ere biktimekin egon behar dela garbi utziz, “gero eta sentiberagoak gara biktimekiko” esan, eta Nietzschek kristautasunari –“ezinduen konspirazioa”– egiten zion kritika gogoratu zigun; ezkerrekoek edo feministek duten matrize bera seinalatuz: “erruduna egurtu eta gu lasai geratzeko”. Berari ere “desproporzionatua” iruditzen zaio Kakuxi emandako egurra, eta Elizari oro har; “mamu zauritu bat, jotzeko erraza dena”.

Azkenik, Idurre Eskisabelek BERRIAn: “Aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. Edota oso aintzat hartzekoa iruditu zaidala Jon Sarasuak irratian esandakoa biktimatik biktimismorako labar estuari buruz. Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak –Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi–, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan”.

Azken ohar hori interesatzen zait niri ere, baina ezin horri heldu Arregiren diskurtsoa dagokion lekuan kokatu barik non ukatzen dena den esanguratsuena: bera ez da kleroarekiko korporatibista, ez da moralista ezta setimentala ere; eta “biktima guztien enpatia erabatekotik” hori esan ostean, azken aurreko abusuen testigantzari buruz dioen gauza bakarra da “eskabrosoagoa” dela, eta Ana Moralesena “dramatikoa”.

Iritzi hauek entzunda bururatu zitzaidan lehenengo galdera: pentsatu al dute lagun hauek biobotereak Euskal Herrian izan duen espezifikotasunaz, eta bertan Eliza Katolikoak jokatu eta jokatzen duen rolaz? Ezetz esango nuke, bestela Joxe Arregiren amua ez bailukete horren erraz irentsiko. Edozein botere erakundetan bezala, “bi arima” bizi ditu Eliza Katolikoak, bata bestearen osagarri funtsezkoa indartze aldera. Haren hierarkietan ere tentsioak daude, are gehiago baseko sinestunen artean. Munilla bezalakoen kasua alde batera utzita, katolikotasunak modernitatearen aurka aurrera eramandako gurutzada galduta dagoela uste dutenak interesatzen zaizkit hemen; zintzoki beste eliza bat behar dugula pentsatzen dutenak, alegia. Sloterdijk-ek esplikatu du: “XIX. mende amaierako kristautasun protestantea ongizate-enpresa bihurtua zen, leunki maitekorra, gizatasun metafisikoz jantzia […] Katolizismoa, berriz, 1870ez landa, modernitatearen aurkako krispazioaren gorenean sartu zen, eta bere ahalegin guztiak –frente teologiko nahiz politikoetan– ez ziren ahuldadetik sorturiko makinazioak baino izan: aita sainduaren ihesa infalibilitatearen dogmarekin, misioen muturreko mobilizazioak, pentsamendu marianoaren exaltazioa, liburu liberal eta modernisten kondena, sekularizazioaren aurkako muturreko alderdi subertsiboen hedatzea parlamentuetan…; ariketa horietan guztietan dekadentziak sorturiko panikoa baino ez zen agerian uzten”. Nago Arregi bezalako katolikoek ondo ulertu dutela hau guztia, eta denbora galduaren  berreskuratze lanetan dabiltzala, ahalegin handiz. Baina Foucaultek garbi utzi zuen bezala, botereaz ari gara, diskurtsoak botere-borroka horien erdigunean duten funtzioaz, “ausazko gertakariak menderatu eta haien zama eta materialtasun beldurgarria saihesteko” ahalaz, alegia. Diskurtsoekin ez ditugu soilik borrokak eta aginte sistemak esplikatzen; diskurtsoak berak dira borroka-zelai, Elizak betidanik menderatu nahi izan duen gorputz eta kontzientzia eremu preziatuak, kasu honetan. Haurren aurkako eraso sexualetan bioboterearen eremu bortitzenean barneratzen gara. Horrexegatik da beste edozein estamenturekin konparagaitza Elizak horretan izan duen funtzioa. Eta funtzio horren indarra erabatekoa zen gurean aurreko 70eko hamarkada arte eta, beste hainbat esparrutan bezala, sendo mantendu da boteregune estrategikoetan, hezkuntza instituzioetan batez ere, inongo garbiketarik gabe. (Esanguratsua da euskal Eliza Katolikoaren inguruko azterketa ezagunenak euskal nazionalismoaren bilakaerarekin loturetan jarri dutela azpimarra –Belen Altuna, Luis Haranburu…– eta ez hemen seinalatzen ari garen sakoneko eredu sozial eta politikoetan).

Baina gauzak azkartu dira, eta Kakuxen kasuan ez da soilik izan ondo estalita zegoen zornea agerian jartzea. Horrekin batera, erabateko gaurkotasuna duten beste gai batzuk azaleratu dira, eta sekulakoak egiten ari dira batzuk “bere onera” bihur daitezen. Hasteko, zer da haur batekiko sexu abusu bat? Eta zergatik hartu behar dugu kontuan Elizak eragin duenean modu berezian? Onartzen da abusua boteretik egindako erasoa dela, haurraren zaurgarritasunari eta nagusiarekiko behar duen konfiantzari kalte konponezina eraginez. Noski daudela graduak eta ez dela berdin ukitu bat eta bortxaketa bat, baina erratzen gara konparaketan, nagusien arteko erasoekin alderatzen ditugunean (“ez da berdin muturreko bat eta tiro bat” zioen Sarasuak). Guztiz beste maila batean gaude hemen. Eta konparagarria al da kleroa beste edozein korporaziorekin? Ez, berak izan duen eta duen botereagatik eta egiturazko inpunitateagatik, hain justu. Botere hori beste inorena  baino erabatekoagoa eta sakonagoa izan baita orain oso gutxi arte. (Nola hartuko genuke Urdangarinen babesle batek publikoki esango balu zein neurrigabeko kaltea egiten ari garen bere familiari periodikoetan behin eta berriro egurtuz –“infantak galdua du loa, eta haurrak urduri dablitza, arreta galdu dute eskolan… nori egiten dio horrek mesede?”–. Elizari baino ez zaio maila horretako lotsagabekeriarik onartzen. Eta, nola ez, apez pederastak ez dira kamioilarien antzekoak, azken hauek ez baitaude horren babestuak eta kartzelan bukatzeko arriskuan baitaude, eta apezak “erretiro espiritualean”. Baina gu kulparen eta zigorren aurkakoak gara, nola ez).

http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/4648104/bideoa-ana-morales-txikitan-apaizak-egindako-sexu-abusuez/

Katolikotasunaren baitan gogo eraldatzailea sumatzen dugunean, Arregirena kasu, aldeko ditugula uste dugu. Berari ez baitzaio interesatzen horren ondo ezagutzen duen katolikotasun zaharkitu atzerakoia. Eta arimen artzaintzan jarraitzeko, korporatibismo eta moralismo oro gainditu behar duela dio: “Oso gizarte liberalean bizi gara, baina gutxi behar dugu gure haizekada intrantsigentea agerian jartzeko: egurra errudunari, inongo gupidarik gabe!”. Moralkeria gainditzeko aitzakiaz, inongo moral(keriar)ik gorena predikatzen digu berak: “Oinazea da inporta den gauza bakarra. Lehenik eta behin, abusuak pairatu dituenarena, baina baita eragin dituenarena ere. Ez dut kulpan eta zigorrean sinesten, ezta absoluzio penitentzialean ere. Hortik bestearekiko elkartasunera igaro nahi dut, nire arduratik, norberaren historia eta drama besterezinetik”. Horrek eraman du Eskisabel idaztera, ziurrenik, Arregirena “azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere”. Benetan antipunitibismoa al dago hemen ezbaian? Sinesgarria al da Joxe Arregi Kakux defenditzen duenean “sistema zigortzaile guztien aurka” hitz eginez, hamarkadetan zehar sistema horren partaide izan denean?

Baina biobotereaz ari bagara, ezin atera hitz horiek bere aginte-testuingurutik. ETBko dokumentalean, Ana Moralesen diskurtsoak uzten zuen agerian eta nabarmen Arregirena –eta horregatik salatu zuen horrek “manipulazio lotsagabea”– eta, botereak-botere, berea izan zen ETBk gerora bere osotasunean jarri zuen diskurtso bakarra, eta baita Euskadi Irratiak gonbidatu zuena “gaizki ulertuak” argitze aldera, behin eta berriz berea azpimarratzeko, ezer berri erantsi gabe. “Errukiaren Iraultza, behar dugun iraultza bakarra” dela aldarrikatzeko, guztion gainetik ipintzen du bere buru “bekataria” gure klerigoak. Horra apez berritua ideologia new age gozoena predikatuz: errua eta kondena eternalekin mendeetan zehar gorputzak eta kontzientziak terrorean hezi ondoren, neurri errepresibo guztien abolizioa aldarrikatuz.

AZKEN OHAR BAT

Etxartek Ur Handitan agertzen den Ziortza Karrantza sexologoaren ekarpena ere laudatzen du: “Gizarteak ez du onartzen hori dagoenik. Baina beti egon dira pertsonak umeak desiratzen dituztenak. Desira hor dago, beste gauza bat da nola kudeatzen dugun gizarte honetan, inori minik egin barik”. Sarasua urrutiago doa eta Erromatarren garaiko pederastia ondo ikusia gogorarazten digu, kontuan hartu gabe erromatar libreen artean –ez gara esklaboez eta emakumeez ari– aita batek bere semea hiltzeko eskubidea zuela. Desioa al da hemen gakoa ala, beste behin, boterea? Edozein pederastak, edozein bortxatzailek bere boterea –modu askotariko indarra, agintea…– erabiltzen du bestea bere nahikeriara behartzeko, hura suntsituz bada ere. Gero, –“erotika oso konplexua da”, zioen Ziortzak– geratu liteke biktima izan dena erabat lotuta bortxatzaileari, eta horrela suertatzen da gehienetan, aldez edo moldez… Puntu hori tratatzerakoan –gainerako pertsonaietan bezala–, argigarria da El Club pelikulan Sandokan pertsonaiaren diskurtsoa, bere bortxatzailearekin duen harremanaz ordena jartzera datorren jesuitarekin duen elkarrizketan:

(pelikularen lehenengoetako sekuentzia batean agertzen da Matias Lazkano hori eta Sandokanek haien arteko harremanaz gogoratzen diona, gainontzeko apezen asaldurarako):

Errepresioarekin batera, errua jarri ohi du gaitz psikologiko eta sozial guztien jatorrian hainbat diskurtso askatzailek. Erru sentimendua gaiztoa da, patologikoa, horretaz libratu behar dugu lehenik eta behin, diogu. Baina erabat  azalean geratzen gara modu horretan, erruaren funtzio psikikoan ezin erreparatuz, eta inpunitateari ateak zabalduz.




Odol errekak, tinta errekak (Charlie Hebdo, 3)

Kontu jakina: odol errekak eragiten ditu gizaldiz gizaldi gizakumeak; ibaiak eta itsasoak ere, zenbaitetan. Saiatzen gara erreka horiek ahalik eta urrunen mantentzen; hurbiltzen zaizkigunean aztoratzen gara, ez handienak edo zentzugabeenak direlako, hurbiltzen zaizkigulako baizik. Eta orduan jartzen ditugu martxan tinta errekak, iritzi trukeak, kalakak, munstroa exortzizatu beharrez… magiak ez badu beti gure ametsetan bezala funtzionatzen ere.
Horixe gertatu da azkenaldian Charlie Hebdoren sarraskiarekin: milaka artikulu Europa osoko prentsan eta gainontzeko medioetan. Adibide bat: Madrileko El País egunkariak argitaratu dituen guztiak batu ditu bere edizio digitalean: 48 iritzi artikulu eta 9 editorial hamar egunetan; zenbat Pariseko Le Monde eta abarretan? Ezin adierazgarriagoak El País-eko editorialen izenburuak exortzismoaren ahaleginak ezagutzeko: “Seguiremos publicando”, “No ceder al terror”, “Todos somos franceses”, “Sin bajar la guardia”, “Europa vive”, “Las libertades de todos”… Hau da: “uxa ezazu arriskua honek zalantzan jartzen duena aldarrikatuz, hori errealitatearen aurkako baieztapena bada ere”.
Gure txikitasunetik ez dugu halako premiarik sentitzen, eta euskal artikulugileok ez dugu horren luze jotzen (zer gehitu, zer aukeratu, nola bereizi tamaina horren zaratapean…). Laburrean esan baitaiteke ziurrenik funtsezkoena: “Batasun sakratuaren izenean, ur zitalaren antzera, izua isuri da herritarren larruko poroetan barna Errepublikaren gerra kantak ozenduz behingoz gu trinkoa bihurtzeraino. Etorkizuna zalantzan dator”. (Itxaro Borda Ni ere…). “Lehen mundukook geuretzat nahi dugun bizimodua zen astoa, eta itzala, berriz, horrek gainerako munduetan eragiten dituen ondorioak (Nazioarteko Diru Funtsa, Charlie Hebdoren aurkako atentatua, Marine Le Pen…). Abderatarrak izatera, itzalak astoarekin zerikusirik ez dutela ziotenen bandokoak ginateke gu, dudarik gabe, baina alderantziz: itzalak kezkatzen gaitu, eta prest geundeke konponbidea ordaintzeko ere, baina ukuilu dotorean bapo bizi dugun astoa tratuan sartu gabe, beti ere. Harira datorrena ez da Protagorasen sententzia, gure atsotitza baizik, eta ez da asto-hitza: ‘Itzalik gabeko zaldia nahi duena, oinez abia bedi’”. (Joxerra Garziaren Asto Metafisikoak). Biak ARGIAn.
Bi egileokin ados egonda ere, merezi du eztandak eragindako aztoramena aprobetxatzea geure erreakzio moten nondik norakoaz pentsatzeko. Niri gehien jotzen didana laikotasunaren defendatzaile sutsuen argudioak dira. Hona adibide bat: “Dios es un reducto de ignorancia que lleva varios siglos reconfigurándose para sobrevivir a los avances civiles y científicos. Ninguna acumulación de creencias o intensidad en las mismas las convierte en verdad, y las sociedades que basan sus principios fundamentales en las libertades individuales no deberían darle cabida en la esfera de lo público a los designios megalómanos y caprichosos de los hombres del espacio que habitan las esquizoides mentes de los creyentes. Las escrituras sagradas de las grandes religiones monoteístas son, entre otras cosas, un compendio espantoso de enseñanzas morales que contradicen casi todas las conquistas sociales que con tanto celo solemos reivindicar los occidentales, y mientras permitamos que se sigan intoxicando con ellas las mentes de nuestros ciudadanos a través de las instituciones y organismos oficiales, estaremos siempre dejando abierta la posibilidad a que el avance más o menos natural de los derechos civiles se subordine a la interpretación interesada de estos textos bipolares y cavernarios, como ha pasado con impertérrita continuidad a lo largo de la historia”. Hitzokin abiatzen du Antonio Hitos-ek La importancia del insulto artikulua, bere argumentuari indarra emateko iraina ezinbestekoa balitz bezala. Esanguratsua, besteak beste, irain horien izaera klinikoa: “las esquizoides mentes de los creyentes” edo “estos textos bipolares y cavernarios”. Amaitzeko “iraindua izatearen eskubideaz” ekin arte: “El derecho a la ofensa, incluyendo el derecho a ser ofendido, es un eje básico para garantizar la emancipación del hombre con respecto a las instituciones de poder que se esfuerzan por dirigirlo”. “Irain nazazu, mesedez, nik zu iraintzeko eskubidean nagoela sentitu nahi baitut” esango baliguke bezala. Bestalde, ildo klinikotik jarraituz, zer pentsa ematen digu Mauro Entrialgo-ren aipuarekin: “El cabreo que provocamos en las personas cuando nos reímos de sus creencias es directamente proporcional al tamaño del disparate que sean las mismas”. Oso ondo, baina noraino hel gintezke hiperbole horiekin? Inork pentsa ahal lezake aldarrikatzen dituenak erlijioei buruz, berdin jokatzen duela gainontzeko guztiekin edo –eta hor dago koska– bere buruari dagozkion gai gatazkatsuekin? Horren begi kliniko zorrotza duen batek zer begiratua badu “irainaren eskubidea” aldarrikatzen ari denean… Bai, zorrotzak behar dugu hitza erabiltzerakoan, eta ondo jakin bereizten ideien konfrontazioa eta pertsonaren duintasunaren errespetua… baina gutxi dira horren gai. Bitartean, zentzuzkoagoa iruditzen zait Miller-en ondoko gogoeta: “Desde 1825, nadie trató entre nosotros de restaurar una ley sobre la blasfemia. ¿Cómo es que llegaron a morir como mártires de la libertad de prensa? Es porque universos de discurso separados y estancos hace tiempo, se comunican más y más a partir de ahora. Incluso están imbricados, mientras que lo sagrado de uno y lo nada sagrado del otro están en las antípodas. A excepción de rebobinar el film de los tiempos modernos deportando a todas partes a los extranjeros, la cuestión –una cuestión de vida o muerte– será saber si el gusto por la risa, el derecho a ridiculizar, la irrespetuosidad iconoclasta, son tan esenciales a nuestro modo de gozar como lo es la sumisión al Uno en la tradición islámica”.
Laffitek bere artikuluan zioenen bezala, “Nola erlijioaren integrismoa ekidin behar, hala laikoa baztertu behar dugu, Laikotasun gehiegik Frantziako Estatuan laikotasuna hil lezake”. Ondo dago fundamentalismo erlijiosoek eragindako gehiegikeriak salatzea (islamikoa nahiz kristaua edo budista), baina kasu bakoitzera hurbiltzen garenean, ñabardura asko aurki genezake, eta ez da salbuespena Charlie Hebdo-rena. Sinplifikatzea da esatea “Mahomaren zintak argitaratze hutsagatik erail dituzte terroristek Charlie Hebdo aldizkariko marrazkilariak” Lola Roldan-ek dioen bezala. Eta, ondoren, “adierazpen askatasuna erabiltzen zutelako hil nahi zituzten ezkerreko librepentsalari horiek”…
Errazkeri intelektuala da pentsatzea zerbait onartzen ez dugunean guztiz kontrako jarreran dagoela egia eta eginbidea, zuri-beltzean, kontsolamendu errazetik haratago, ñabarduretan baitago maiz aldea. Integrismo erlijiosoak sarraski asko justifikatzeko balio izan badu, horrek ez du esan nahi integrismo anti-erlijiosorik ez dagoenik, historian zehar hainbat sarraskiri aitzakia eman diona ere.
Bitartean, ez dezagun funtsezko galdera ahantz: zertan dagozkigu une batean edo bestean modu horretako kalteak eragin lezaketen jarduerek.

P.D. Askoz beranduago entzun ahal izan dut Hedoi Etxartek egindako gogoeta, guztiz pertinentea gaiari buruz: https://www.youtube.com/watch?v=zxM3bDZtDS4