1

Pandemian gogoeta, 2. YUVAL HARARIREN ARRAZOIAK

(Artikulu hau ARGIAn argitaratu zen 2020ko apirilaren 6ean)

Paradigmatikoa da Yuval Hoah Harariren kasua. Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburua argitaratu zuenetik (2011n hebreeraz, eta, 2014tik aurrera, munduko hainbat hizkuntzatan –45 guztira, euskaraz barne, X. Kintanaren eta A. Sagarnaren itzulpenean, Elkar 2019–), munduan ez da beste historialaririk hark lortu duen bezainbesteko arrakastarik lortu duenik. Nola saldu 15 miloi ale ia 500 orrialdeko saiakera batekin? Bada, Best seller-en gakoak dibulgazio zientifikora aplikatuz: oztoporik gabeko kontakizun txinpartatsua, ñabardurarik gabeko pertsonaien eta egoeren deskribapen aratza –ongiaren eta gaizkiaren esparruak argiro zedarrituz– eta, ororen gainetik, gure belarriak goxatzeko moduko mezua baliatuta: Arazoak izan ditugu 200.000 urteetan zehar, baina argira goaz. Inoiz baino hobeto bizi gara, oro har, eta oraindik ditugun arazotxoentzako sendagarriak eskura ditugu. Denbora kontua da teknikaren garapenak horien guztien soluzioak bidera ditzan. Amestutako Zerua gure Lurrean gauzatuko da berehala –pentsa zer diren urte batzuk ehunka milaka urteren perspektiban ari garenean.

Gustura emango genioke arrazoia Harariri, baina Errealitatea tematia da –Errealaz ari gara hemen, zehatzago–, eta beste zerbait erakusten digu[1].

Sapiens ideia interesgarriz betea dago, eta haien artean bada bat, nire irudiko nagusia, “iraultza kognitiboarena”: “Alegiazko munduak sortzeko giza gaitasunak” ahalbidetu zuen biologiarekiko autonomiarena, eta, harekin batera, gainerako espezieen gainetik jartzeko eta zibilizazioak sortzeko atea zabaldu zen. Beste hainbat gai jorratzen ditu tartean, zalantzazko argudio pila eta, batez ere, ñabardura falta nagusi, betiere lehen aipaturiko posizio ideologikora heldu bidean. Eta ideologikoa diot, zeren zientziaren izenean garatzen baitira egun ideologia nagusiak: narrazioei eta ideiei metodologia eta kutsu zientifikoa ematen zaie, objektibotasunaren izenean betiere.

Ez naiz hemen sartuko liburuaren –eta gerora osatu trilogiaren– zalantzazko hainbat baieztapenenetan edo hutsuneetan, ez eta erabiltako datuak aurretik ezarri diren ondorioetara bideratzeko egiten diren amarruetan –nork ez du, bestalde, hori egiten? Mendebaldeko agintari eta ahaltsu askoren kontseilari bihurtua da dagoeneko Harari (B. Gates, M. Zuckerberg, B. Obama, A. Merkel edo E. Macron, besteak beste), eta koronabirusaren krisia lehertu denean ere, kontsultatua izan da. Egunkari bati berriki eskaini dion elkarrizketa batera joko dut zuzenean (El País, 2020ko martxoak 20), haren iritziekin eztabaidan.

Elkarrizketan, arrazoi osoz salatzen du: “Azken urteetan hainbat politikari arduragabek zientziarenganako eta nazioarteko kooperazioarenganako konfiantza zapuztu dute, eta orain hori ari gara ordaintzen. Ez dago jende heldurik bertan”. Azken esaldi horrek jo dit lehenik, gero eta maizago erabiltzen ditugun azalpen psikologikoetarako joera horrek: “Ume heldugabez beteta ditugu agintarien lekuak; tximino pistoladunak dira militarrak…”. Eta agintari horiek “arduragabeak” edo “heldugabeak” izan beharrean, guztiz kontzienteak eta arduratsuak baldin balira beren erabakietan, defendatzen dituzten interesen zerbitzuan? Ez al da ohikoa, bada, sarraskirako prest dagoen jendea egotea aginte leku nagusietan, etsaiak aukeratu eta haiek suntsitzeko gerran?

Hararik, ondoren, Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko bost puntuko programa laburbiltzen du: (1) “Informazio fidagarria elkar banatzea”, (2) “Funtsezko material medikoaren ekoizpena, hornidura eta banaketa modu bidezkoan koordinatzea”, (3) “Kaltetu gutxien dituzten herrialdeek medikuak, erizainak eta adituak bideratzea kaltetuenetara”, (4) “Mundu mailako ziurtasun ekonomikorako sarea sortzea, lurralde eta sektorerik kaltetuenak salbatzeko”, (5) “Mundu mailako akordio bat hitzartzea, ezinbesteko zenbait pertsonak libreki bidaiatu ahal dezaten, muga arazorik gabe”. Puntu baten edo besteren inguruko ñabarduretan sartu gabe, harri baten moduan jotzen dit buruan galdera batek: zein planetatan bizitzea tokatu zaiola uste du Hararik? Eta espaziotik bueltan Lurraren orbitara jauzi egin zuten lehen astronauta haiek gogorarazten dizkit, “planeta urdinaren” edertasunarekin hunkiturik, guztion anaiartea aldarrikatu zutenak, malkotan.

Baina Harari sinetsita dago jendartearen zorionerako eboluzioan, eta hori nola lortu behar den erakusteko, baztanga bezalako gaixotasunak deuseztatu izana jartzen digu adibide, zeina, haren arabera, “txertaketa unibertsalari esker lortu baitzen”. Beraz, pandemien aurkako immunizazio orokorraren ahobatezko ideia bulldozerra proposatzen digu, “denok onartzen duguna, txertoen aurkako psikopata antisozialen bat edo beste kenduta”. Historiak, ordea, kontatzen digunez –Harariren diziplinak, alegia–, baztangaren beherakadak Europan ez zuen zerikusi zuzena izan txertatze masiboarekin; Leicester hirian (Ingalaterra), esaterako, non 1871-1872ko epidemia gertatu zenean haurtxoen % 95 txertoa hartuta baitzegoen, agintariek baztertu egin zuten neurri hura, eta, haren ordez, higienezko neurrien alde jo zuten[2].

Hararik baieztatzen duenaren aurka, ez da mundu mailako txertatze orokorrik gertatu baztangaren aurka. Gurutze Gorriak Afrikan sustaturiko txertatze kanpaina batean parte hartzeko aukera izana naiz, eta ondo konprobatu dut halako kanpainak gauza ezinak direla hango leku gehienetan, eta ematen diren datuak faltsuak direla; halako kanpainen helburu nagusia da metropoli ohien plan neokolonialak zuritzea. Beste halamoduzko analogia baten arabera, malaria bezalako gaixotasun endemikoak ez dira desagertu haien aurkako txertorik asmatu ez delako, baina kontua da Europatik aspaldian desagertu zela, txertorik gabe ere, hemengo bizi-baldintzak hobetzearekin batera. Haririren ideologiarekin bat egiten dutenek gauza bera azpimarratzen dute behin eta berriz:  Soluzio unibertsalak konponbide teknikoen esku daude, eta, koronabirusaren krisiaren kasuan ere, lurralde guztietako pertsona guztiei txertoa jartzea da konponbidea. Lurralde bakar bateko biztanleak txertatu gabe geratuko balira, arriskutsuak bihurtuko lirateke mundu osoko gainerakoentzat, baztangaren birusa berriro agertzea eta haren bilakaera posibleak ugaltzea ekarriko lukeelako. Txertatzea baliogarria izan zitekeela onartuta ere, baieztapen irmo hori faltsua da bere horretan; izan ere, arazoak konplexuagoak dira beti,  eta covid 19ra itzuliz, haren aurkako txertoa sortzeak berak eta hura banatzeak sortzen eta sortuko dituen arazoak horren adibide garbi dira.

Aipaturiko elkarrizketan aldaketa klimatikoaren arazoaz ere mintzo da Hariri, eta antzeko konponketa tekniko sinpleak proposatzen ditu, hondamendi ekologikoa etorkizuneko kontu bat balitz bezala. Arazoa etorkizun dago, eta hari aurre hartzeko moduan gara. Ez da indarrean dagoen katastrofea, itzulezina dagoeneko hainbat arlotan, gure bizimoduari eta eredu produktiboari guztiz atxikia. Eta ataka aprobetxatuz, aurrerapen ekonomikoa zalantzan jartzen duten adur txarrekoen kontra jotzen du: “Badira batzuk uste dutenak aldaketa klimatikoa geldiarazteko aurrerapen ekonomikoa gelditu beharko dugula, eta leizeetara eta sustraiez elikatzera itzuli. A zer-nolako ergelkeria!”. Zer da, baina, ergelkeria: aurrerabidearen dogma zalantzan jartzea ala hazkundearen eta “sustraiak jatearen” arteko ezinbesteko hautua planteatzea? Harrigarria da ikustea zenbateraino dauden ezkutuko harrokeria gaitzak jota halako jarrera, ideologia eta diskurtsoak.

Puntu bat gehiago aipatuko dut. Haririk denon aurrean esplikatzen du bere eguneroko lana bakarraldi espiritualekin konbinatzen duela. Noizean behin meditatzera erretiratzen da, eta haren etsenplua jarrai dezagun animatzen gaitu. Idatzi duen trilogiaren bigarren alea Goenka maisuari eskainia dago. Maisu horren jarraitzaileek antolatzen dituzten erretiro-bakarraldiak zabalduta daude mundu osoan. Neuk ere meditatzen dut, eta egona naiz horietakoren batean. Horrexegatik ateratzen dut gaia. Hasteko, bakarraldi horietan eskaintzen den dotrina poteratua da –maisuak ez du zuzenean hitz egiten; haren hitzak grabaketen bidez baino ez dira eskaintzen, ingelesez, eta, ondoren, gainerako hizkuntzetara itzulita–, eta budismoaz eskaintzen den ikuspuntua, berriz, guztiz sinplista eta errebisionista, budista mendebaldar gehienek egin bezala, bidenabar. Haien artean, ohikoa da Budaren lehen “egia noblea” –sarvam dukkha, ‘dena oinazea da’ halamoduz itzulia– aldarrikatzea eta aldi berean ukatzea, eta, hala, jakina, ukatu egiten dute baieztapen horren zentzu ontologikoa, alegia gizatasunak berezkoa duen osagarria. Kasu honetan ere, hori “kontu teknikoa” litzateke: “Jar dezagun jende guztia meditatzen –egoki dagokien txertoa ipini ostean–, eta dukkha historiaurreko kontua bilakatuko da”.

Hariri israeldarra da, Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko irakaslea, baina ez dirudi ezer esateko duenik bertako “arazotxoen” inguruan –palestinarren apartheidaz, edo gero eta lurralde zabalagora hedatua den Ekialde Erdialdeko gerraz, zeinak milioika gizakiren bizimodua zapuztu eta munduko geopolitika baldintzatzen baitu–. Ez dut arazo hauen inguruan duen iritzia ezagutzen, baina pentsatzekoa da kontuak aterata izango dituela: arrazoi osoz pentsatuko du nahikoa dela hutsegite txiki bat eremu “labainkor” horietan agintarien gorteetatik baztertua izateko, edo bere lurraldean bertan arazoetan sartzeko, eta hori alferrikako arriskua litzateke hainbeste esateko –eta saltzeko– duen batentzat.

Oharra: Harariren obra osoaren irakurketa kritiko baterako, hona Ernesto Castroren lezioa (gaztelaniaz):

__________________________

[1] Lacan-ek bere “hiruko borromeoan” (Erreal / Sinboliko / Imaginario) teorizatu zuen kontzeptu horrek garrantzi berezia du honelako egoera kritikoetan. Erreala da, hain zuzen ere, gainerako alderdiak konfiguratzen dituena, horrek baldintzatzen eta zehazten baititu “ikus edo onar daitezkeen” alderdiak (irudimenezkoak edo sinbolikoak), hots, Erreala agertzean parapeto gisa eraikitzen diren eraikin psikikoak (“Kultura heriotzarekin egiten duguna da”, norbaitek definitu bezala). Larrialdia gertatzen denean —gerra, hondamendia, atentatua, heriotza…— dena konjuratzen da haren efektuak minimizatzeko, baina, batez ere, tratatu ezin dena “dagokion” iluntasunera itzularazteko. Krisiaren erdian —gerra, edo pandemia izeneko beste gerra hori; guztiok egiten dute bat izen militar susmagarri horretan—, deklaratutako etsaiari eta haren aurkako kuartelik gabeko borrokari, eraikitzen den adostasuna baino harantzago doan edonor errezeloz begiratzen da, etsairik arriskutsuenaren gisa tratatzen ez denean, suntsitu behar den “kintakolumnista” bat. Maila pertsonalean —eta baita taldean ere—, dolua da “bizitzara itzultzeko” egin beharreko prozesu osasungarria; heriotzaren, galeraren, traumatismoaren atzaparkalditik libratzeko ahaleginean. Profeta, tradizioz, heriotzara bultzatzen ez denean, kanporatua izan ohi da, erbesteratua –“komunio-komunitatetik kanpo”–, Erreala adierazten duen adur txarreko txori egiten zaigulako (eta ez soilik agintarien ustelkeria edo hipokrisia, salatzen dituelako).

[2] Alfred Russel Wallace, The Wonderful Century. Cambridge University Press, 1898.