1

Facundo Cabral, azken agurra

74 urte beteak zenituen orain ez asko amaiera heldu zitzaizunean, bizitza txundigarri batek akituta. Makulu batez mugitzen zinen tirri-tarra, itsutzen hasia eta tratamendu gaiztoko minbizia antzeman berria. Argi zeneukan gutxi gelditzen zitzaizula, baina ezin asmatu norberaren amaiera. Testamentua eginda (El día que yo me vaya), eta gogo txarrez zinen agonia luzeetarako –ospitaleak, tratamendu luze eta mingarriak, ingurukoen balakuak…

Bizitza oso bat, dagoeneko, kontu kantari, erregeen modura bapo pasatakoa gibelean, 17 urterekin botila batzuk lapurtzeagatik eman zizuten kartzela utzi eta eskale hark “printze” deitu zizunetik, alajaina!. Kaleko ezezagun hark eman zizun sermoi zahar baten berri: “Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiena baita Zeruko Erreinua. Zorionekoak negarrez daudenak, haiek izanen baitira kontsolatuak. Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek jabetuko baitira lurraz. Zorionekoak justiziaren gose-egarri direnak, haiek izango baitira asebeteak. Zorionekoak errukitsu direnak, haien esku egonen baita errukia. Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa. Zorionekoak bakezaleak, Jainkoaren seme-alabak izanen baitira deituak. Zorionekoak justiziarengatik pertsekutatuak, berea baita Zeruko Erreinua”. Mendeetan zehar asko eta askok harrituta entzundako hitzak… Baina oraingoa bestelako gaia zen: hiltzen asmatzearena, alegia.

Ezin esan zeu izan zinela bere bizitzaren “diseinatzailea”. Jaiotzeko egun bat baino falta ez zitzaizunean, aitak etxetik alde egin eta zazpi seme-alabekin utzi zuen ama. Etxe hura aitaren familiakoa omen zenez, kanporatuak izan zinetan ondoren, eta bederatzi urtez ibili zineten alderrai, Buenos Aireserako bidean, hotzak eta goseak nonahi. Bederatzi haietatik, hiru hil ziren gurutze-bide hartan, eta zuk ez zenuen hitzik esaten asmatu edo nahi izan 6 urte bete bitartean. Bederatzirekin Juan Domingo Perón presidentearen aurrean paratu eta lana eskatu omen zenion, baina ez zen lanik zu bezalako batentzat. 14rekin, kartzelan, apez batek erakutsi zizun irakurtzen eta izkiriatzen, eta liburuak egin zenituen maitale horrez geroztik. Apez hura izan zen handik ihes egiten lagundu zizuna.

Ikasia zenuen ordurako gitarrari soinuak ateratzen eta milongak kantatzen. Asmatu egiten zenituen eta ahaztu berehala, norbaitek No soy de aquí, magnetofoi txar batean grabatu zuen arte. Kantu hura mundu mailako arrakasta bihurtu zen, garaiko kantari ospetsuenen ahotan… Ikasia zenuen ordurako eskerrak emateko modu berezi hura; ura nora, zeu hara, eta aberatsa eta ezaguna bilakatzearen istripuak ez zintudan zapaldu ere.

Hobe gauzei bere izenez deitzen jarraitzea, handi-mandien harropuzkerien mende geratu beharrez, garraztasunik gabe zeure maneretan (Señora de Juan Fernandez, Pobrecito mi patrón, El diablo es un señor…).

40 urte zenituenean, 18ko neska bat ikusi zenuen afaltzen ari zinen jatetxean, ondoko mahai batean bere gurasoekin, eta “zure emaztea” zela jakin omen. Haiengana hurbildu eta hala adierazi zenien… eta eskutik hartuta atera zineten jatetxe hartatik –ez ote da garai hartakoa Estas manos–. Munduan zehar pasa zenituzten ondorengo lau urteak, zuen alaba jaio zen, eta haurrak urtebete zuelarik, bere amarekin hegazkinez zihoazelarik, jausi egin zen hegazkina. Inor ez zen handik bizirik irten, eta ahal izan zenuen aurrera ere Este es un nuevo día kantatu.

Imanol Uribek, zine zuzendaria, zure bizitzari buruzko film bat egitea pentsatu zuen. Zure bizitzaz hasten zinenean, imajinazioaren gehiegikerien kontuak zirela pentsatzen omen zuen beti, egiaztatzearen ebidentziaren bat azaltzen zen bitartean…

Baina, esan bezala, hil beharra zegoen, eta despedidarako bira bat egitea otu zitzaizun maitatuen sentiarazi zintuzten lurraldeetan barrena, Erdialdeko Amerikan. Amaitua zenuen kontzertua Guatemalan gau batez, eta Nikaraguara zindoazen. Zain zeunden aireportura eramango zintuen taxiari, zure heriotza-aingerua bertatik azaldu zenean. Fariñas Fonseca zuen izena, Managuako zure kontzertua antolatzen zuen enpresa-gizona, eta bera ere zure bidaia bera egitera zihoan, hotel beretik aireportura. “Atsegin handiz” bere gonbiteari erantzun, eta bere autoan igo zinen, azkenaldian zenuen arazotxo hura modu horretan konponduko zen axolagabe. Avenida de la Liberación zuen izena kotxea tirokatu zutenean ibiltzen ari zineten etorbidek.

FacundoCabralen hilotza

Erromes bezala aurkezten zenuen zeure burua, lehen klasean askotan bidaiatzea tokatu bazitzaizun ere, eta ez zinela inongoa, eta nonahikoa zinela (Vengo de todo el mundo). Ez zitzaizun burutik ere pasa behin ere etxe bat erosi eta nonbait sustraitzea. Eta distantzia horretatik, hain egiten zaizkigu sinesgaitzak eta benetakoak kantatzen dizkiguzun kontu horiek, ateoek ere gustura entzuten zaitugula Jainkoaz berbetan.

Beti arte, Facundo.