INDARKERIA ETA DENBORA GALDUA: ONGI ETORRI NORMALTASUNAREN BASAMORTURA !


ARGIA astekariaren 2017ko “Aktualitatearen Gakoak” aldizkarian argitaratua: http://www.argia.eus/albistea/indarkeria-eta-denbora-galdua-ongi-etorri-normaltasunaren-basamortura

Indarkeria “historiaren emagina” ez balitz ere (Karl Marx), onar dezagun behintzat denok baliatzen garela mota bateko edo besteko bortxaz, eta onarpen horretatik abiatu beharko litzatekeela gaiaren inguruko edozein gogoeta. Naturalizatua dugu jendartea eusten duen egiturazko bortxa, eta ez dugu antzematen gugan edo gure hurbilekoengan jotzen duen arte.

Zer gertatzen da talde armatu batek –ETAk kasu– erretiratzea erabakitzen duenean? Komeni da ez ahaztea haren jardunaren justifikazioa estatuak baino ez duen bortxaren monopolioaren zilegitasuna ukatzetik datorrela. Erretiratu ostean monopolio hori zalantzan jartzen jarraitzekotan, ahalegin armatua estatuak garaitu duela baino ezin ondorioztatu. ETAren kasuan, negoziazioaren estrategia hartu zuenetik –80ko hamarkadatik–, inplizituki onartzen da porrot hori. Baina, ez orduan eta ez 2011koaren ondoren, gauzak ezin gordintasun horretan onartu, eta “garailerik eta garaiturik gabeko diskurtso eraikitzailearen” alde egiten du.

Sor dezagun egoera bat non kapitalizatu ahal izango dugun hainbeste jendek pilaturiko ahalegin eta indarra xede berdinak beste modu batera lortze aldera” entzuten dugu; edo “eutsi diezaiogun duintasunari bederen; ezin errekara bota hainbeste odol eta sakrifizio”. Kontua da, ez daudela alderatzerik indar armatuak eta indar elektoralak; sinpatia emozionalak eta estatuaren hegemonia benetan zalantzan jarriko eta borrokatuko diren jarrera indartsuak. Urteak joan eta urteak etorri ukazioetan ibili direnei ezin eskatu orain onar dezaten zapaltzen duten zorua airezkoa denik; eraiki duten gotorlekua paperezkoa.

Urteak joan eta urteak etorri, hortxe, bada, koska. Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Halere, ezin ETAri buruz ezer ulertu Gerra Hotzaren testuinguruan Hirugarren Munduan sorturiko mugimendu askatzaileek piztu zuten sinpatia eta emulaziorako grina kontuan hartu gabe. Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak?

Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, saldoka eratu ziren talde militar iraultzaileak Mendebalde osoan. Baina mende horren bukaerarako –eta 1989an kokatu behar amaiera hori, kasu honetan– amaituta zeuden ahalegin haiek, ETArenak salbu. Salbuespen horretan bilatu behar gakoa, beraz. Zer dela eta hiru hamarkada luzeko atzerapena? Arrazoi nagusi bat beste anitzen artean: gureak zuen osagai agonikoa. Mundu galdu baten agoniatik zetorren euskal abertzaletasunaren jatorrizko indarra; eta gerra zibilaren derrotak eta ondorengo hamarkadetako diktadurak min hori areagotzea baino ez zuen ekarri. Mundu osoko suhar harekin nahasiz, gure “erresistentzia armatuak” autonomia nahikoa bereganatu zuen hasieratik, errealitateak ematen zituen seinale guztien aurrean itsu jarraitzeko. Beti aurrera zen leloa, azken aldiko erabateko porrota eta suizidioa ekarri zituen egoeraren aurrean amaitu artio. Gure berezitasuna azpimarratu beharraren beharrez, pasa egiten zitzaion joera orokorragoen bazterreko epifenomeno baino ez zela.

Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik –eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe–, munduko herri baketsuena  izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. Eta gure esentziak titaniozko ontzi ederretan gordetzera erabakita gaudenez, bizitza merezi ez duten piztien moduan errefusatuko al ditugu geuk?

Beste nonbait saiatu naiz galeraren, dolurako ezintasunaren eta hainbat fetitxe sostengatzearen arteko harremanak seinalatzen. Zaila izan liteke ulertzen, lau hitzetan; baina benetako zailtasuna –pentsatzeko eta ekiteko dugun eran– barneratu ditugun inertziek ezartzen dute. Zer iragarri, orduan, etorkizun hurbilerako? Normaltasunaren basamortua.

Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garonok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: “Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar”. Edo “onar ezazue sakrifizio hori guztiak ez duela ezertarako balio izan”. “Autokritika” eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: “Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte”.

Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain “denon inplikazioa” eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako.




Charlie Hebdo, 2. Iruzkinak


BERRIA egunkariak argitaratu zuen nire artikulua 2015-01-13an, eta pare bat iruzkin jaso zuen, eta baita nire erantzuna ere. Hona hemen:
Jakes Lafitte: “Ados nago artikulu horretan esandakoarekin. Joan den igandean blasfemak eragiten ahal zituen arriskueri buruzko artikulu bat igorri nuen Andoaingo BERRIAra. Frantzia bezalako estatu laiko batean blasfema legeak zigortzen ez duen arren, kontutan hartu behar da pertsona sinhesdun batzuren gogoa min dezakeela, eta min horrek izugarrezko fanatismoa ondoriozta dezakeela. Hau da joan den astelehenan gertatu zena zoritxarrez. Laikotasunaren alde nago, bainan laikotasunaren gehiegkeriak, hau baita integrismo laikoa, laikotasuna hil dezake. Laikotasunak ez badu ikusi nahi erlijioari egindako irainak kaltegarriak direla, bere bukaera prestatzen ari delakoan nago. Bakarrik Alsazian eta Mosela departamentuan legez zigor daiteke blasfema, bereziki liskarak eragiten dituenenan. Orduan zergaitik ez hedatu lege hori hexagonia guztira? Izparringi asko legez zigortuak izan dira, marrazki arrasiztak, edo antisemitak egin zituztelako; fededunak iraintzen edo mintzen dituzten marrazkiak edo artikuluak lege berdinak ez ote lituzke zigortzen ahal?”.
Emilio Lopez Adan, Beltza: “Ez dut teologia musulmanoa ezagutzen, baina kasuistika katolikoan behintzat « blasfemia » ez dira soilik jaungoikoaren aurka hitz gogorrak (mekaguen, e.a.). Blasfemia da jainkoaren esentzia ukatzea (“jainkoa ez da justu edo zuzena”) edo jainkotasunari ez dagokion zerbait erantsi (“jainkoa injustua da eta gainera faszista”), aipatu gabe “blasfemia heretiko” guztiak (zeruari tu egitea, gurutzeak kozinatzea, ama birgina edo mahometen karikaturak, e.a.). Monoteisten kasuan, beldur naiz, “zure jainkoa ez da jainko” esatea blasfemia da ere, non egiazko jainko bakarrari (gureari) ukatzen baitzaio bere esentzia nagusia, jainkotasuna. Eta horrek balio du kasu guztietan; horregatik idatzi zuen Voltairek “gurean blasfemia dena auzo etxean pietatea dateke”. Guztien blasfemiak debekatzeko, hasteko meza debekatu beharko zen, han egunero errepikatzen baita jainko bat eta bakarra (gurea) badela, besteen kaltetan. Eta “Allah jainko bakarra!”, dudarik gabe, blasfemoa liteke besteentzat: beraz, meskitak ere lurrera. Hots, erligioei eta jendeari bakea emateko, hobe dela oraingo legeari (bada) atxikitzea; sinestunen aurkako irainak zigortzea (irainak direnean, zentzu estu, penal eta unibertsalean), jaungoikotasunaren nagusitzari men egin gabe. Beste irtenbide bat bada. Finean, guk ateoek ukatzen dugu jainkoa (oro har) eta sinestunek ukatzen dute munduan diren jainkoetatik %99 (besteak…)! Sinestunen aldetik urrats bat gehiago, eta orduan bai bakea.(Azken esaldia, dudarik gabe, blasfemia da)”.
Modu honetan erantzun nien: “Eskertzekoak dira iritzi artikulu bati egiten zaizkion zentzuzko iruzkinak (ez ohikoak, gurean). Milesker, beraz, Jakes eta Emilio. Baina pentsa genezake “blasfemia” dela gaia? Ez behintzat nire irudian. Artikuluaren lehen hitza da, eta nahita jarria, probokazio gisa; funtzionatu du. Lehen paragrafoaren gaia “sakratuaren kontsiderazioa” da. Emiliok ateoen zentzuzko irizpideetan barneratzen da. Kontua da nik zalantzan jartzen dudala gure –nirea ere– delako “ateismo” hori. Adin bat daukagunon historian, munduko herri katolikoenean bizitzetik, lekurik ateoenera pasa ginen, di-da batean… Zer gertatu zen gure sakratuaren kontsiderazioarekin? ETA izan zen urte haietako gure “gertakizuna”; nola ulertu bere eta gurehistoria parametro erlijioso eta sektarioetaz landa? Emilioren azken liburua (“ETAren estrategia armatuaren historiaz” Maiatz, 2012) erlijioetan baino erabiltzen ez diren irizpideez josia da (hitz batzuk tabu dira, besteekin, kontuz… profanazioaren eta blasfemiaren erreparoa, bistakoa; eta hau ez da salbuespena, araua baizik, gure inguruan, “barrutik” edo ingurutik egiten ditugun gogoetetan).
“Afektu mingarriak erakusten duena da libidoa dagoela jokoan. Sakratua ez bada erreala, beregan kondentsatzen den gozamena [jouissance], bai. Sakratuak estasiak eta gorrotoak mobilizatzen ditu. Hil eta erailtzen da berarengatik. Tradizioaren doktrinak ez ziren gezurtatuak izan, dio Leo Strauss-ek, barreak egotziak baizik” dio Jacques-Alain Miller psikoanalistak egunotan eta gai honi buruz Le Point-en argitaratu artikulu batean… Ezin gai hau errazkeri injeniosoekin gainditutzat eman.
‘Besteen’ kontuaz egiten dugunak arduratzen nau gehien, halere (horregatik artikuluaren azken paragrafoa). Nahikoa da paperezko BERRIAn nirearen ondoan Idurre Eskisabelek idatzitakoa irakurtzea (“Nekea”) zertaz ari naizen antzemateko. Bilboko manifestazioan parte hartu nuen larunbatean; ez nuen Pariseko sarraskiaz aipamenik entzun… Zer dela eta gaude horren urruti? Ezagutzen dut erantzuna: “horiek ‘besteen’ gerrak dira. Nahikoa dugu guk geureekin”. Ezin dut onartu. Itsu gabiltza horrela eta, besteak beste, PPk patxada onean markatutako gidoiari arnas-estuka erantzun ezinean”.
Lafittek goian aipatzen duen bere artikulua urtarrilaren 25ean argitaratu zuen BERRIAk, Lola Roldan “Laikotasunaren aldeko taldea”renarekin batera. Hona artikulu osoa (ez dago sarean): “Larousse-aren arabera, ‘Eliza irakaskuntza eta erakunde politikoetatik baztertzen duen sistema da laikotasuna’. Dakusagunez, Erlijioaren ordez Eliza jartzen dute, ez beste erlijio baten eraikina. Frantziako laikotasuna ezarri zelarik, 1789ko iraultzan eta 1905ean alegia, Erromako Eliza Katolikoaren monopolioaren kontra izan zen bereziki. Salbuespen bat hala ere Alsazia eta Moselan; Eliza eta Estatua ez banantzea baldintza bat izan zen alsaziarrak Frantziara itzuli zitezen, eta Frantziako jakobinismoak arrazoi estrategikoengatik hori onartu zuen.
Hasieraik banatzen dira Islama eta Kristautasuna: Kristautasuna estatu boteretsua eta egituratuta zegoen Erromako Inperioaren bazterrean sortua zen; Islama, aldiz, leinu etsaietan banandurik bizi ziren arabiar artean. Kristautasunak ez zuen estatu-egiturarik sortu, baizik eta zegoena bereganatu zuen; Islamak, aldiz, fede berri batez gainera, sistema soziopolitiko bat eman zion arabiarrei. Horregatik laikotasuna errazagoa da herri kristauetan, herri arabiar musulmanetan baino.
Laikotasuna ezarririk, ika-mika nagusiak Eliza katolikoaren eta Estatuaren artean gertatu ziren, musulmanak kolonialismoaren menpean zeudelarik. Frantziar arruntak islamari edo kultur arabiarrari buruz egindako olgak ez ziren arrazistatzat joak, eta joan den mendeko gerletara musulmanak iharduki gabe joan zitezen, meskitak eraikitzea onartzen zuten agintariek.
Herri arabiar musulmanen birjabetasunarekin batera, islamaren baloreen berreskuratzea gertatu zen, baita integrismoa ere, zoritxarrez, eta Islamak laikotasuna ezagutzen ez duenez gero, talka egiten du Frantziako lege laikoekin.
Lehenik Islama eta Islamismoa bereizi behar direla esan behar dugu, Islama erlijioa dela, eta islamismoa islamaren interpretazio erradikalago bat.
1905etik bihundu egin dira Frantzian Eliza eta Estatuaren arteko kalapitak. Eskola laikoetan erlijiozko klaseak ematen dira libreki, eskatzen dutenentzat, eta Elizak hala manatzen zuelarik, ostiraletan denentzako arraina zerbitzatzen zen eskoletako jantegietan; musulmanentzat eta juduentzat txerrikiaren ordez beste okela bat ematen zen; baina hala! haragiaren arazorik ez zegoen. Leku guztietan, apezek, fraideek eta serorek euren kongregazioen jantziak zeramatzaten soinean arazorik gabe. Estatu eta Elizako eskolen artean adostasunezko itunak egin ziren.
Musulmanekiko arazoak gertatu ziren 1990. tutean, neska musulmanei buruko zapiaz jantzita eskoletara joatea debekatu zitzaielarik. Zoritxarrez, eskuin muturrekoek iradoki zutena pixkanaka lege bat bihurtu da, eta beste erlijioeiez dagokielarik, estigmatizatuak sentitzen dira Frantziako musulmanak. Muturreko islamistek ekimen batzuk egitera eraman ditzake, zalantzarik gabe, lege berri horiek. Benetako laikotasunaren arabera, Estatuak erlijioaren gauzetan ez sartzea derrigortu beharko luke, pertsonaren bizia eta duintasuna errespetatzen duten heinean zalantzarik gabe. Estatu laiko batean, Estatuko legeak erlijioarenak baino indar gehiago ukan behar du.
Nola erlijioaren integrismoa ekidin behar, hala laikoa baztertu behar dugu Laikotasun gehiegik Frantziako Estatuan laikotasuna hil lezake. Laikotasunaren izenean, igandeetan lan egin beharko genuke, santuen izena dakarten herri eta kale guztiak berrizendatu beharko genituzke… eta halako abar luze bat. Baina horrelako gizarte batek etorkizunik ez lukeelakoan nago, gizaldiaren aberastasuna eta aniztasuna ez baititu aintzakotzat hartzen”.
Beste baterako utzi behar honek guztiak eragiten dizkidan gogoetak.




Guggenheim museoa ez da gure mausoleoa (BERRIAn, 2014-12-17an argitaratua)


1988ko Basque Violence-ren jarraipen gisa irakur liteke Vieja Luna de Bilbao (Nerea 2014). Hartan, Joseba Zulaikak tragedia baten kontakizun lokala ehundu zuen —Itziarko baserri giroan kokatua—, ETAri buruz idatzi den lanik sakon eta aberatsena; eta oraingoan, belaunaldi oso baten kronikarekin bilakatu nahi izan du. Horretarako, metropolira egin du jauzi, Bilbora, honek XX. mendean zehar marka utzi duten biztanle enblematikoen erreseina biografikoez mosaiko zabala osatuz. Lan itzela, pasarte distiratsuz betea, eta baita hipotesi eztabaidagarriz eta zentzugabez ere.

zulaika

Mosaiko bat eraikitzeko, pieza txiki asko aukeratu behar dira, eta ez dira nolanahikoak Zulaikarenak: Unamuno, Agirre, Prieto edo Arrupe; Aresti, Oteiza, Madariaga edo Ybarra; Wilson, Yoyes, Arriaran, Bengoa eta beste hamaika (langileak, misiolariak, eskaleak, artistak, prostitutak). Soslai biografiko horiengatik soilik merezi du liburuak, baina hor dago bere arriskurik handiena eta bere arrazoibidearen ahuldadea. Zuhaitz bat ez dela basoa, alegia, eta zuhaitz eder edo harrigarri askoren irudiek basoaren ikuspegi distortsionatu bat emateko aukera handia dutela.
Lehen distortsioa: belaunaldi oso batez aritzea. «Lurperatu nahi izan dut nire belaunaldia» zioen BERRIAk plazaratutako elkarrizketaren titularrak. Belaunaldiari egindako erreferentziak etengabeak dira: «Gure belaunaldikook hori asko sentitu dugu, ideologikoki identifikatu baikara ETArekin. Barrabilik bazenuen, sartzen zinen, eta sartzen ez bazinen, ez zen haiekin ados ez zeundelako. […] Kastrazio sinboliko hori bazenuen, eta erruduntasun hori arintzeko genuen identifikazio hori». «Sakrifizioarekiko menpekotasuna duen belaunaldia da zurea», esana zioten… Bistan da funtsezko zenbait gogoeta eginak dituela Zulaikak: «Gure belaunaldia maiz deskribatu dute gure gorrotoen bidez, baina nik uste dut azken batean amodio gehiegizkoa izan dela gure problema nagusia. Maite izan dugula gure aberria, gure familia, gure kultura hainbesteraino, ezen sentitu izan dugun kulpa handia behar beste ez emateagatik». Baina distortsioa dagoela diot, zeren hori guztia eta beste hainbat kontu larri belaunaldi horren zati esanguratsu baten ezaugarria izan zirelako, denen izenean beren buruak postulatu zuten gutxiengo batena, hain justu, ez belaunaldi horren gehiengo aktiboarena. Interesgarriak dira, oso, elite batzuen bilakaeraz liburuak azaltzen dituen mugarri eta eraldaketak, baina aipatu ere egin gabe zenbaterainoko lana egin zuten elite berriek gizartean pizten ari ziren dinamikak eta ahaleginak berenganatzeko; usurpazio eta suplantazio lana hain zuzen. Lan eredugarria, eta ez zentzurik onenean.
«Beste Handi» askoren porrotaren aroa izan dela dio, Jainko askoren suntsitzearena: «Jainkoa bera, ETA, sakrifizioaren menpekotasun hori, estatua…», aipatu elkarrizketan. Eta honetan, desioaren eta errealitatearen arteko nahastea gerta liteke. Forma aldaketak suertatu direnik ezin uka, baina Beste Handi-en porroteraino?
Are zalantzazkoagoa da Zulaikaren diskurtsoan Bilboren eraldaketak hartzen duen interpretazioak, zeinak leku nabarmena du obraren mamian: «Hiriak dira Krens-entzat [Guggenheim-eko zuzendaria] Don Juanentzat emakumeak diren gauza bera: bere aginte eta botere nahiak asetzeko tresna erabilgarriak». Zulaikaren obraren egituran —Danterenari jarraituz—, Infernuan osatzen da lehen atala, eta sedukzioaren kontakizun honekin abiatzen da Purgatorioa: «Seduktore profesionalaren eskakizunak aurretik eta zuzenean ase beharrak dira… Bilboko agintariek bazekiten egitasmoa apustu bat zela, kasinoan jolastea bezala…». Guggenheimeko operazio hura eskandaluzkoa izan zen orduan, Zulaikarentzat bezala, gainontzeko euskal intelektual progresista gehienentzat. Orain, «konbertitu bat» dela dio, Purgatorio zabaltzen duen kapituluan argi erakusten duen moduan. Distortsioa, hemen, eldarnioaren mailara jasotzen da. Bilbo subjektu bilakaturik, desio eta fedez betea da, eta bere postrazio eta zabarkeriazko itxuraren atzean, gai da erakusteko sekulako ahala duela Don Juan amerikano apetatsuenaren aurrean. Dirua ez da arazoa; mirakuluak beste dimentsio batean gauzatzen dira, eta abar.
Arregik, orduko Jaurlaritzako kultur arduradunak, orain gutxi esplikatu duenez (buruz ari naiz), «ahaztuak dira dagoeneko kulturaren inguruko orduko eztabaidak; hor ere erakusten da egitasmoaren garaipena». «Frank [Gehry], eraiki ezazu atari bat non jendea belauniko erori beharko duen museora sartzean», esan omen zion Krens-ek. Eta lortu du, nonbait, baina ez operazio espekulatibo erraldoi bat, Bilboren eraldaketa urbanistikoaren akuilu… «tragediaren osteko Bilboren ordua heldua zen. Krens izango zen Bilbok hain luzaz espero izan zuen munstro suntsitzailea, Teseo berria», eta horretarako, «enkante etxeen psikologiaz blaitu beharra zegoen politika kulturala».
Zulaikak jasotzen du Oteizaren etsipena: «Denetan izan gara garaituak…», baina haren hitzek baino, The New York Times Magazine-ren 1997ko azaleko titularrak gidatzen du bera Paradisuaren Berri Onera: «The word is out that miracles still occur» [«Zabal ezazue berria, mirariak gertatzen dira oraino»]. Mirari hori Bilbon gertatu da, eta Guggenheim du izena.
Zulaikaren arrazoibidea askoz ere konplexuagoa ere bada; naufragioaz ari da etengabe, ez ditu ahazten operazio arrakastatsu honen zehar-kaltetuak (langabezian eroriak, prostitutak, indarkeriaren biktimak… «lotsatua nengoen nire hutsaltasunaz haien egoera obszenoaren aitzinean»). Esango nuke bere ezintasuna bai dela berak ondo ordezkatzen duen belaunaldiaren zati horrena; arrakastaz aurrera atera direnak kontzientzia txarrari nola aurre egin ezinean. Hamaika haritatik tiraka saiatu da labirintoaren irteeraren xerkan bera ere… Teseo posmodernoa aurkitu duen arte. Eta Teseo/Don Juan horren sedukziozko maisulanaren aurrean errenditu egin da, bere belaunaldiaren panteoi liluragarria izendatuz: Marilyn Monroeren ikonoa irudikatzen duen mirarizko museoa.
Posmoderniaren alderik interesgarrienak eta iruzurtienak erakusten dizkigu Zulaikak, baina hainbeste gogoeta eta aipu iradokitzaileren uholdean itotzeko arriskuarekin: botere orok etengabe daraman ahalegin ideologikoan, hain justu. Eta badakigu zein den edozein boterek arerioak ezereztatzeko erabiltzen duen etengabeko politika: berea ez den edozein aukera suntsitu edo ito, lehenbizi, berea ez den beste aukerarik ez dela aldarrikatzeko, gero: Infernuko Bilbo hura ala Paradisuko hau, guztiz transfiguratua. Nori axola zaio bidean gertatu den suntsiketa sistematikoa? Artistek edo eragile kulturalek ikasi behar dute, behingoz, espektakuluaren parte baino ez direla; kasinoa dela gure tenplu bakarra. Nori axola zaio Marilyn hautsia, hain ederra denean berarekin egin dugun fetitxea?

imagen actual de la central de LemoizLemoizko zentralaren eraikina egun. Juan Gorostidi

 Bilboko Guggenheim liluragarria ez da Zulaikaren belaunaldiaren mausoleoa, ezkutuan daukagun Bilbotik hamabost kilometrora dagoen beste bat baizik, niretako: 70eko hamarkadan zehar eraikitako hormigoizko munstro bat da hori. Zulaikak berak seinalatzen duenez, Gernikan abiatu zen aro atomikoaren ondoren etorri zena: Lemoizko zentralaren oskola, hain justu. 80ko hamarkadaren hasieran eta modu ezin traumatikoagoan geldiarazi zen ahalegin hura, eta inork ez daki zer egin harekin 35 urteren ostean. Eutsi egin beharko genioke oskol narriatu horri —Auschwitzen edo Hiroshiman egin bezala—, apaindurarik gabe bere arkitektura beldurgarrian, itsasoaren enbatari eutsi ahaleginean.

Gurea masokismoak egituratutako belaunaldia eta gizartea denez —«Masokistak Amaren agindu gisa bizi du ordena sinbolikoa (erlijioarena, aberriarena, familiarena). Ama da Semearen sakrifizioa exijitzen duena, etab»—, liluraturik ere, ezin dugu salbu atera sedukzio joko histerikoetatik, ez baititugu ulertzen ere… Horregatik da erratua Zulaikaren tesia.