1

2017 ERROBIKO FESTIBALEKO OHARRAK 1: BANATU BARTOK

Bela Bartok XX. mendeko konpositore hungariarraren errebindikazioaz hasi zen kontzertu saioa. Orain hamar bat urte hasi ziren Christine Martineau (biola eta kantua) eta Denise Laborde (mandolina eta ahotsa) elkarrekin Bartoken errepertorioa lantzen. Bide luzea izan da haren eskutik hasi eta, euskal tradizioan barrena, Europa ekialdekoan murgilduz jorratu dutena. Disonantziaren maisua bezala ezagutu zena, garaiko beste hainbaten moduan, bere herrialdeko melodiak eta kantu zaharren transkripzioak eta grabaketak eginez ibili zituen orain mende bateko bere bazterrak. Aurkitutako altxorrak konposizioetan birsortu zituen gero. Martineauk eta Labordek egindako lana, elaborazio haietatik partituz, iturrietara itzultze bidean eman dela esan genezake. Eta joan den osteguneko emanaldian hiru geruzetan ikusi ahal izan genuen prozesu hau. Hiru geruza hauek bi emakumeon ikerketan eta interpretazioan dute muina, eta orain dela hainbat urteko Barkatu Bartok emanaldian erakusten zuten: Bartokekin batera, euskal kantutegi zaharra ageri zen bertan, baina baita Juan Kruz Igerabideren eta Joxan Artzeren hainbat poema laburretatik abiatzen ziren bariazioak eta inprobisazioak ere; ahotsetan eta, batez ere, musika instrumentalean.

Bigarren geruza bat gehitu zitzaion muin sendo honi, belaunaldi gazteago bateko hiru musikariren eskutik: Maider Martineau (soinu txikia, alboka eta ahotsa), Sylvain Meillan (biolontxeloa eta Bulgariako arrabita bat, gadoulka izenekoa) eta Vianney Desplantes (bonbardinoa eta alboka). Tinbreak aberasteaz gain, alboka eta bonbardinoa uztartuz eta soinu txikiaren melodikotasun freskoa mandolinarekin bikoa osatuz, biolaren nagusitasuna modu orkestralean osatua geratzen da Meillanen sokekin batera.

Bigarren geruza honek orkestra-osotasuna ematen dio aurreko bikoteari, baina baita joko berrietarako esparrua zabaltzen ere: bi emazte ahotsei hirugarrena gehitzen zaio denbora-, erritmo- eta harmonia-disonantziak berrituz; bonbardinoaren baxu sakon metalikoak harriduraz harrapatzen gintuen maiz, soka agudoen kontrastean edo albokaren indarrarekin. Bartok banatzen ari zitzaigun euskal lurraldeetan.

Hirugarren geruza bi musikari gazte apartek osatzen dute, aurrekoen lanari sakontasuna eta ekialdeko (baita gure ekialdeko) moduak erantsiz. Julen Axiari (perkusio turkiarrak eta ahotsa) eta Nicolas Nageotte (klarineteak) dira bi musikariok, eta haiengandik heldu ziren osteguneko emanaldiaren unerik gorenenak, hunkigarrienak, sakonenak.

Bazterretik bazterrera mundu bat da zabala zuen leloa Bartok maisua aurkeztuz entzulea Europa ekialdera eramaten zuen lehen aire alaiak. Melodia arin eta dantzagarriek osatu zuten kontzertuaren erdia: zortziko indartsuak edo fandango hautsiak, zenbaitetan ekialdera eta bestetan gure arbasoen modu bortitzenetara eramateko gai zirenak (Leon eta Maurizia berpiztuak izan ziren une batez). Bestalde, hauek tartekatuz, malenkonia sakonenaz blaituriko piezak: Bizkaiako lo-kanta-ren lau ahotsetako interpretazio zoragarria, esaterako, dagoeneko arrotzak ditugun erreferentziaz osaturikoak (gona gorriz jantzitako ama, bildotsarekin nahastuko duten haurra…).

Baina egon ziren beste hainbat eta, horien artean, Turkiako, Armeniako eta Irango melodia sarkorrak Axiariren kantaera harrigarrian emanak. Bartokek eta bere garaiko hainbat musikarik egindako bidaia itzuleran zetorkigula zirudien: forma landuenak kontraste tinbrikoekin emanak; ahotsen tratamendu antzinakoak, berreskuratuak. Zorioneko bidaia honetan parte hartu ahal izan zutenak!