1

PANDEMIAN GOGOETA 9. APOKALIPSIA ETA GERO

Carolina Zambranoren autorretratua konfinamenduan

(ARGIA astekariko blogean 2022ko otsailaren 18an argitaratua)

“Apokalipsia” amaiera katastrofikoarekin lotzen dugu, etimologikoki “errebelazioa” esan nahi duenean; tapakiak kentzea, hitzez hitz. Denbora eskatologikoari atxikitzen zaio (“amaiera gertu dago”), non giza izaeraren egia eta bere mundua ordura arte estaltzen zuten arropatik biluzik agertuko den. Bibliatik edaten dute ideia horiek, eta haietan iragartzen da “apokalipsiaren ondorengo” egoera bat, justizia-erresuma berri bat ezarriko duen garai bat. Ondorengo hori desagertua da gure zeruertzetik. Apokalipsi hau ez baita Jainkoak igorria edo hondamendi “natural” batek eragina; geu gara, aitzitik, haren eragileak. Bestalde, bizi dugun mundua apokalipsiaren ondokoa da dagoeneko, progresoaren logikan bideraezina den mundu bati eusten tematzen bagara ere, jarrera hori normalizatu nahi duen mundu ero batean.

Apokalipsi asko gertatu dira orain artean. Esanguratsuena, agian, XV. mende amaieratik aurrera Abya Yalako –Ameriketako– biztanleen % 90 baino gehiago akabatu zuena izan zen, modernitatearen, industria-iraultzaren eta kapitalismo globalaren abiapuntua finkatu zuena. Bostehun urteko ziklo horren amaieran gaude orain, aro geologiko berri batean –“antropozenoa” baino, “kapitalozenoa” izendatu beharko genukeena–, planetaren seigarren suntsipen orokorraren aurreikuspenaren testuinguruan.

Hori egiaztatzera eramaten gaituzten informazioak egunerokoak diren arren, existituko ez balira bezala jarraitzen dugu. Zer dela eta “disonantzia kognitibo” hori? Ezin onartu merkatuari estuki barneratua dugun askatasunaren eta baita duintasunaren ideia bera ere kolokan jar litezkeenik. Martxan dugu dagoeneko “kapitalismo berdea”, diote iragarkiek: oximoron hutsa, “proiektu enblematikoen” azalera urratzen hasi ahala agerian geratzen dena.

Covid pandemiari loturiko neurriek sentipen apokaliptikoa areagotu dute. Herri pribilegiatuetako biztanleak heriotza masiboaren arriskupean egoteak alarma guztiak piztu zituen –alferrik gogoratzea munduko biztanle gehienek ez dutela “osasun-kolapsoaren” sentipenik bizi izan, haiek gaixotu eta hil egiten dira, gurean segurutzat ematen dugun “estaldura sanitarioa” zer den jakin gabe–. Baina, bai, gogoratu beharra dago eskuartean ditugun aterabide guztiak munduko jendearen %10-20 pribilegiatu horren biziraupenaren gainean eraikitzen direla. Gainontzekoak soberakina dira: hondamendi ekologiko, klimatiko edo epidemikoek, goseteek edo gero eta urriago diren oinarrizko baliabide urritasunak pizturiko gerrak enkargatuko dira haietaz.

Azken bi urteotako nahasmenduak gure psikismoaren maila kontziente eta inkontzienteen arteko mugetan zurrunbilo handia eragin du. Kontzienteki, “krisiaren ondorengo” egoeran bizi nahi dugu. Horretan ari dira “soluzio aldarrikatzaileak”: “Indarberrituta aterako gara krisi honetatik ere; hara ekonomiaren eta langabeziaren inguruko datu onak; hara puntako teknologien garapenari ematen ari garen inbertsio-bultzada… Derrigortutako txertatze intentsiboekin epidemia atzean uzten ari gara eta hurrengoei aurre egiteko prest gara…”. Baina gure inkontzientea inpaktu errealagoa eta sakonagoa duten egitateez elikatzen da: horra gogo-ondoez orokorra; horra hala moduzko datu “sanitarioen” etengabeko erasoa, non haien kontrastatzeko ezintasuna eta ikara eragiteko duten gaitasuna elkar elikatzen diren. Gerra- eta terrore-giroan murgildu nahi izan gaituztenez, zalantza eta eztabaidarako tarterik txikiena kriminalizatua izan da, “gizatasuna” eta “elkartasuna” obedientzia itsuarekin nahastuz. Baina modu horretan elikatzen den inkontzientea apokaliptikoa da dagoeneko, mundu bat amaitu dela adierazten diguna. Horrek badaki hazkunde etengabean eta kontsumoaren askatasunean oinarrituriko mundua amaitu dela.

Gerta dakigukeen gauzarik kaltegarriena inkontziente horren errepresioa da: mundu bideraezina eta zentzugabea den baten amaierari altxatzen dugun lehen erresistentzia. Ukatuz, betiere, aurrean ditugun hautabideak normalean onartzeko prest gaudena baino erradikalagoak direla. Eta kaltegarriena, makurrena da hain justu gertatzen ari zaiguna. Indar boteretsuenek –ekonomikoak, politikoak, militarrak, mediatikoak– gure kontzientzia saturatzen dute adieraziz bizi dugun krisi hau lehen ere gainditu izan ditugunen artean beste bat baino ez dela, ia “krisi sanitario” hutsa, eta, krisi orok bezala, indartsuenak indarberrituta irtengo direla honetatik ere. Greenwashing intentsibo baten errejimena agintzen digute, kontzientziaren bazter guztiak ito arte.

Bizi gaituen denboraren ezaugarririk behinena orain arteko denbora amaitua dela jakin behar dugunean (apokaliptikoa denez), “denbora irabazten” saiatzen dira jauntxoak, guztiok amildegira bultza bitartean.