NELSON MANDELAREN AZKEN HITZAK
Denok diozue ni, Nelson Mandela, heroi bat izan naizela, iraultzaile bat, santu bat agian, zuen txikitako amets ederrak edo amets gaiztoak pizten zituen haietako baten antzekoa… Baina ez da halakorik, aspaldian hil bainintzen ni.
Kontatuko dizuet gertatutakoa.
Mila bederatziehun eta hirurogeita lauan izan zen. Etsaiek harrapatu ninduten, kolpatu, torturatu eta hiltzera kondenatua izan nintzen. Baina ez urkamendian, soka batetik zintzilik anaia asko bezala, propio ni bezalakoentzat sortutako infernuan hiltzera baizik. Kare meategiko harriak txikitu behar nituen egunean hamaika orduz, egun bakoitzeko indarrak akitu bitartean. Harriari ematen nion kolpe bakoitzean neure burua kolpatzera kondenatua izan nintzen berrogei eta sei urterekin.
Hamabi urteko infernua izan zen hura zulo erre hartaraino mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseian suzko haize batek Mandelaren azken arrastoa deuseztatu zuen arte. Eskola-ume eta gazte matxinatuen deiadarraz sortua zen haize bortitz hura, eta Soweton pizturiko sumendian zuen iturburua. Eskola-umeek eta gazteek eragina, gure seme-alabek, kalean dantzan, ihesean tirokatuak, hilak zirenek piztutakoa.
Urtebete geroago Stephen Biko gaztea, Sowetoko borroka haiek antolatzeko sortutako nire semea, torturapean hil zutenean gertatu zen nire azken suntsipena, bigarren heriotza, enegarrena, erabatekoa… eta baita mirakulua ere: zuek ulertzeko moduren batean esateko,
hilda eta infernura kondenatua zegoen hura, berpiztu egin zen, nire arbasoen hizkuntzan murmurio bat desertu errean ur txorroka bihotzak zeriona: Yihla moja! , yihla moja! Betor izpiritua!, entzuten nuen gelditzen zen guztia argiztatzen. Eta ez zen izpiritu hura Nelson Mandelarena; Hector Petersonenena, Soweton hil zuten hamabi urteko mutiko harena baizik,
eta Stephen Bikorena , nire baitan biztu zirenak.
Ezaguna duzue ondorengo istorioa, gaur arte hogeita hemezortzi urtez jarraitu duena: berpiztutako gizon hark jarraitu behar izan zuen zenbait urtez kare harriari mailukadaka, baina mailukada bakoitza, orduan, ez zen dagoeneko existitzen ez zen Mandelaren buruaren aurkakoa, esperantza irrazional bat bizteko balio zuena baizik. Eta askatasuna, eta amodioa…
Esango didazue guztiau ipuin bat dela, eta ni kartzelatik irten ondoren, hildakoak –umeak eta gazteak–, poliziak tirokatuak jarraitu egin dutela. Egia da; heriotza horietako bakoitzak nire arima berria kolpatu du oraino, eta dagoeneko ez dut mailurik, ez kare-harririk kolpe horiek itzularazteko.
Horrek eragin dit azken heriotza hau, izpiritu erratuen mundura berpizturiko arima gazte hura betikoz itzuli duena.
Baina esan beharra nizuen hogeita batgarren mendeko bigarren hamarkadan hil den agure hau ez dela, ez, Nelson Mandela; ezta Hector Peterson edo Stephen Biko ere, mailukadaka kare-harria txikitzen hiltzera kondenatua, kalean tirokatua eta komisarian torturaz eraildako haien errautsetatik –zuen saindua, iraultzailea edo bakearen heroia deitzen duzuen hori– biztutako izpiritu baten aztarna baizik, hiltzeko prest dagoen edozeinengan betiko iraun lezakeen arnasa bizigarriaren oihartzun etengabea.