LEKEITIO LEMOIZEN DA
(Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldiaren transkripzioa. JAKIN aldizkariaren 244 zenbakian argitaratua, 2021ean)
Lekeitio saileko zati bakoitza
abotsaren ernetze inizaitikoaren eremua ditake
eta heriotzaren premonizioa.
Lehen eta azken hatsaren arteko epe laburra.
Nostalgiaren minaren mina.
Ugaria eta bakuna.
Gurea eta besterena.
Egun batez lekeitio saileko puskak bateratuko dituztenean,
XX. mendeko sinfonia azalez kaotiko
eta mamiz sakon den pieza osatuko dute.
Iraunahiari omenaldia.
Itxaro Borda[2]
1
Kontzientzia arkaiko baten pean bizi zen munduan jaio nintzen ni, baina hori esan badezaket da ez dudalako dagoeneko mundu oso eta biribil hori habitatzen.
Nire gurasoak eta bizilagunak, eta baita nire irakasleak ere, nik 18 urte izan arte edo, kontzientzia hartan haziak eta ohituak ziren.
Gerora barneratu dudan kontzientzia modernoarekin alderatuz, kontzientzia hark hainbat ezaugarri zituen, baina garrantzitsuena hauxe iruditzen zait: pertsona bakoitzak, xumeenak nahiz jasoenak, destino bat bizi zuela uste zuen; norberaren bizitzaren gorabehera guztiak Beste Handi Traszendente batek emanak ziren, eta haren ardura nagusia zen emandako gidoi hura ahalik eta egokien betetzea.
Bizitza oso gogorra eta nekeza zenean ere, oinarrizko konfiantza baten gainean sustengatzen zen, eta konfiantza hori zen Beste Handi hori Orojakilea zela, eta Ahalguztiduna. Baina, gainera (gure ingurumen katolikoan), funtsezko Zuzentasun batek gidatzen zituen haren ekimenak, eta baita gure entendimentuak ulertu ezin zuen jendearekiko Erruki sakon batek ere.
Kontzientzia hark bazuen gaitasunik norberaren destinoaren baitan gertatutako nahigaberik edo desgraziarik mingarrienei ere aurre egiteko, halako oreka absolutu, biribil, bete baten baitako sinesmenean edo konformidadean irauteko, bizitza hau denbora infinitu baten zati txiki ezdeus bat baino ez zelakoan.
Kontzientzia Modernoa Kontzientzia Arkaiko haren ukaziotik altxatzen da (edo, askok uste duten bezala, kontzientzia haren bilakaera batetik): “Ahantz dezagun Beste Handi hori eta har dezagun Geure eskuetan geure destinoa” esaten die subjektu modernoak bere buruari eta bere hurkoei.
Baina Ahalari, Jakinduriari, Zuzentasunari eta Errukiari uko egin gabe. Ordura arte gure eskutik, gure ahaletik ia erabat kanpo zegoen denboraz gaindiko Potentzia Absolutu baten ardura Beregan hartzea erabaki du Subjektu Modernoak: gu guztiok kontzientzia horren baitan bizi baikara, aspaldian.
2
Kontzientzia Arkaikotik Kontzientzia Modernora doan urratsa, lekualdatze funtsezko hori, gaztetasunaren aldaketarekin eta oldarrarekin batera gertatu zen nire kasuan. Eta garai hartan pasioak eta erabakimenak lekualdatze hura antzemateko tarte handirik uzten ez bazidaten ere, sekulako arrakala eragin zuen nire baitan –nola bestela–; orain jabetzen naiz horretaz.
Gainera, arrakala hori modu masiboan bizitzea tokatu zitzaigun nire adinekooi, fenomeno kolektibo bat izan zen hura, iratzartze moduko baten eran ulertu/ez ulertu genuena. Eta iratzartze horrek eta lekualdatze sakon eta inkontziente horrek izan zuen adierazpen argi eta nahasezin bat: Laboak 70eko hamarkadan zehar sortu zituen lau pieza bakanak bere ahots androginoz eskainiak, harritzen eta harrapatzen gintuztenak: Baga Biga Higa, Gernika, Orreaga, eta Dialektikaren Laudorioa piezak.
Oso ulergarria zen pieza haiek pizten zuten harridura, jende asko marmarrean jartzen zuena: “nola liteke hori egitea, iraingarria da; hori ez da kantatzea ere, are gutxiago euskal kantua”. Hura ez zen kontu estetiko hutsa, kontzientzia aldaketa baten lurrikararen ezaugarria eta adierazlea baizik.
XX. mendeko lehen erdiaren oinordeko zen Laboa, eta egunotan harrigarria egiten den uholde baten parte:
“Hitzezko kaiola bat egin nahi bagenu, eta bertan Mikel Laboa utzi harrapatuta, XX. mende hasieran gertatutakoa hartu beharko genuke aintzat, eta esan: “Krisi handi bat hedatu zen, eta pintoreek, idazleek, musikariek inoiz baino garbiago ikusi zuten beren adierazpidearen gutxitasuna. Iraganetik jasotako modu eta hizkera guztiak faltsuak iruditu zitzaizkien, edo bestela hutsal, burgeskeria huts. Gero Lehen Mundu Gerra etorri zen, ordura arteko krudelena, eta hari Gernika, Auschwitz, Hiroshima jarraitu zitzaizkion, eta pintoreak, idazleak, musikariak, isiltasunaren mugetaraino joan ziren Herio Piztia Likitsaren aurkako obrak asmatu nahian. Herri tradiziora jo zuten, umeen edo burutik egindakoen adierazpen moduetara, hizkuntza eta hizkera arruntak ukatzen zituen sorkuntzara. Bereak egin zituzten, halaber, arte mota arbuiatu eta pupular guztien formak. Bertolt Brecht, Tristan Tzara edo Paul Celan dira adibide. Eta Ungaretti eta John Cage. Eta Picasso eta Dubuffet. Roy Hart eta Joan Brossa…”[3].
3
Baina hurrengo hamarkadan, 80koan, dena aldatu zen gutako askorentzat: kanpoko eta barneko suteak apaldu ziren neurri handi batean, eta gertatu zitzaigunaren neurriaz eta zauriaz erabat jabetu gabe, Kontzientzia Modernoa gauza jakina eta emana kontsideratzen hasi ginen.
Zer zen kontzientzia hori? Kontzientzia Arkaikoak Beste Handian proiektatzen zuen beharra (zerbait Ahalguztidun, Orojakile, Zuzen eta Errukitsu baten premia hori) beste nonbait, Nigan eta Guregan, proiektatzea:
Ahala geure kontua zen, ez kanpoko inorena, eta horrek bihurtu gintuen Botere guztiekiko bereziki sentibera, minbera. Modernitatea deritzogun hori inoizko Botere erakustaldiarekin abiatu, hedatu eta gailendu zen XV.-XVI. mendeetatik aurrera, eta paroxismora ailegatu zen XX. mendeko gerrateetan.
Jakituriak ere geure esku egon behar zuen: geuk jakin behar genuen, eta horrek Zientziaren eta horren ondoriozko Teknologien inoizko garapenik eta onarpenik sakonena ekarri zigun. Bitartekari gisa hasi zena helburu eta ardatz, destino bilakatu zen ondoren.
Zuzentasunak ere geure esku behar zuen, eta geure denboraren baitan gauzatu beharra zuen. Hautsi nahi genuen gure aurrekoen etsimendu otzana, eta justiziaren behin betiko legea eraiki. “Giza eskubideen deklarazio unibertsala” kontu modernoa izanda, haren gauzatze praktikoa exijitzen genuen, eta edozein gazterengan zegoen “iraultzaile” zelako ustea. Matxinada moderno guztien oinordeko genituen geure buruak, denbora gehiegirik ez bagenuen ere matxinada haiek zer izan zuten iraultzailetik, garaipenetik ala porrotetik baloratzeko.
Errukia, berriz, norberaren burutik hasten zen zerbait zen, Desio hitza jarri zen gure kontzientzien erdigunean; ordura arteko errepresioetatik libratu nahi genuen, haren sustraiak eta iturburuak ezagutu. Horrek eragingo zituen ondorioak onartzeko prest geunden. Hurkoarekiko behar zen errukia berezkoa bilakatuko zen, justiziaren baldintzak ezarriz gero.
Gure ondorengo belaunaldiek ez badute aldaketa zorabiagarri haren pertzepziorik, ez du esan nahi lurrikara horren ondorioen baitan bizi ez zaretenik –ez garenik– baina ez jada tokian tokiko fenomeno gisa, Europan azken bost mendeetan garatutako prozesu horrek Mundu osoa baitzuen xede. Globalizazioa prozesu horren hedatze bortitza adierazteko modu bat da. Kapitalismoaren gailentzea, beste bat, zeinak etengabeko arpilatzea, suntsiketa, kolonizazio patriarkala berarekin duen eta XXI. mendearen kontzientzia kolektiboan barneratzen ari den konstatazio bat: “ailegatu gara mugara; hau Hondamendia da”.
4
Laboaren lehen Lekeitioei dagokienez, zerbait oso adierazgarria gertatu zen 80ko hamarkadatik aurrera: gehienentzat estaliak geratu ziren –arrazoia emanez hasieratik onartezintzat zituzten haiei– baina, aldi berean, lehengo kritika haiek apaldu egin ziren: Laboa guztion ondare bihurtu zen eta Lekeitioak, apenas entzuten baziren ere, “onartuak” izan ziren gure modernitatean, Arteari ematen zitzaion kultuzko funtzio berrian. Laboak berak onartu zuen aldaketa hura: lehenago leherketa batek erreietatik behartzen zuen arrakala baten adierazpena izan zen hura, arte kontzeptuala bilakatu zuen: Itsasoa eta Lehorra, Txerokee edo Mugak pieza kontzeptualak dira, apenas dute zerikusirik aurrekoekin, ez bada Laboaren ahotsa eta beste. Euskal jendarte modernoak barneratu egin zuen adierazpen hura, eta Kontzientzia Arkaikoaren klerigoentzat Idolatriaren zantzu nabarmenak zituena ikono bilakatu zen Kontzientzia Modernoaren tenplu berrietan: Unibertsitatean, orkestra sinfonikoz eta abesbatzez hornituriko antzokietan, Arte Garaikidearen tenpluetan… Gordinkeria eta desmasia hura amaitua zen, eta XX. mende bukaerarako Laboa gu guztion amona bilakatua genuen.
Argigarria da Laboak berak argitara eman zuen azken bertsio kanonikoan –Lekeitioak, 2007– orkestraz eta orfeoiez grabaturiko erdipurdiko bertsioak lehenetsi zirela, eta osagarri gisa ipini zirela aurreko bertsioak, salbuespen batekin: Orreagaren lehen bertsio “eroegia”, 1980koa, desagerrarazi egin zen, eta haren ordez, 1988an grabaturiko tempo mantsoagokoa sartu.
Kontzientzia Arkaikoa indarrean zegoen bitartean, Beste Handiari eraikitzen zitzaizkion tenpluak, kaperak eta katedralak. Aro Modernoan, hura guztia Ondare Arkeologikoa bilakatu da, eta tenplu berriak sakabanatuak izan dira ordezkatzen duten agintearen ohorez: Ahalaren, Jakintzaren, Zuzentasunaren edo Errukiaren nagusitasuna sustatzeko:
Botereak, ohiko kapitolio eta jauregiez gain, zeruak urratzeko gai diren eraikinak jaso ditu bere gurtzarako, baina baita estadioak edo egoitza olinpiko harrigarriak ere, arkitektoek inoizko sona handiena duten aroan.
Jakintzak, bere aldetik, unibertsitate, laborategi eta institutu teknologikoak bihurtu ditu katedrale.
Zuzentasunak eta Errukiak norberaren baitan eta zaintza profesionalizatuan jarri dute azpimarra, eta gimnasioak eta kirol eraikuntzak barreiatu dira bazter guztietan, garai bateko kapera eta eliza lekuan, eta baita psikologoak eta era guztietako mediku, terapeuta eta sendagileak ere. “Yoga eta meditazioa guztientzat!” aldarrikatzen da egun, lehen misioak, bederatziurrenak eta prozesioak ziren lekuan. Eta, nola ez, Artea. Euskaldunok horretan –Oteizaren madarikazioak gorabehera– lortu genuen lehen lerroan ipintzea; Loiolako Ignaziorekin XVI. mendean nola: Guggenheimekin jarri genuen Bilboko tenplua munduko katedralen mapa berrituan, eta, egun, ez da herrixka edo auzorik geratzen gure lurraldean bere museorik edo kulturgunerik ez duenik: desagertzear dira sotanak, biba arte eta kultur programatzaileak!
Lehengo Jainkoek eskatzen zuten miresmena, atxikimendua eta debozio berbera edo handiagoa eskatzen dute Kontzientzia Modernoaren tenpluetako nagusi kontaezinek.
5
Aro modernoa bidaien aroa ere izan da. Lehenbizi, ero edo desesperatu haiena, gure artean Europatik Ameriketara egiten zena, gehienbat. Baina 80ko hamarkadatik aurrera, masa-turismoa besarkatu genuen guztiok pozarren. Gutako nor ez da hurbildu beste kontinente batera? Harrigarria da bizitza osoa hamar edo hogei kilometroko esparru geografikoetan pasatzen zuten seme-alaba edo ilobentzat. Mundua “txikia” egin dugu, eta “Herrixka Globala” deitzen diogu, lasai-lasai.
Ez genekien nonbait Asiara, Ameriketara edo Afrikara egiten genituen bidaia haiekin lurralde haiek gurekin ekartzen genituela etxera bueltan; ez genekien Txina, India, Brasil, Maroko edo Hegoafrika gure esparru materialean eta mentalean sartzen zirela, bat-batean. Baina zer dakigu lurralde haietaz, hango bizimoduez, hango jendeaz?
Ezer ez badakigu ere, ekarri ditugu etxera, eta birusak eta pandemiak egia argigarri hori ere leherrarazi digute, muturrean. Gure arropa Bangladeshen edo Txinan egina da, gure gailuak Afrikako meategietatik eta Txinako faktorietatik ekartzen dira, gure elikagaiak Almeriako negutegietatik, eta gure energia Aljeriatik edo Frantziako zentrale nuklearretatik.
Jakinduriaren Tenpluko apezpikuek biziarazi diguten zifren eta datuen eromenean, merezi du kontu batzuk ateratzea –10en baitakoak, 11 ulertezina baita ia, mugagabearen pareko gure buru arkaikoan–: Mundu osoa bat egina dugun honetan, munduko 10 biztanletik, 6 Asian bizi dira (eta han 10etik 2 Indian eta beste 2 Txinan); hamarretik 2 Afrikan; eta Amerika osoaren eta Europaren artean beste 2ak. Proportzio hauek adinarekin gurutzatuz kontuan hartzekoa da europarron batez besteko adina 45 urtekoa dela, eta afrikarrena 18 inguruan dagoela (Ugandan, zeinak Iberiar penintsularen erdia lurrazalean baina antzeko biztanleria duen, 15 urtekoa da batez besteko adina).
Indian soilik, Munduko Diru Funtsak bultzaturiko azpiegitura erraldoiek –urtegiak, autobideak, meategiak…– 30 milioitik gora pertsona lurgabetu eta etxegabetu ditu azken lau hamarkadetan, megapolisetako txaboletara behartuz. Meatze berrien ustiatzeak gerrak pizten ditu mundu osoan: hilketak eta sarraskiak egunero Amerikan, Afrikan eta Asian. Eta zein da gure kontzientzia, gure erantzuna? Europa immune bat sortzeko espantuzko ihesa edo lasterketa, gero eta baldintza gogorragoak ipiniko dizkiena gainontzekoei, segidan hondamendia ekarri duen orain arteko ereduari ahalik eta tinkoen eusteko.
Hannah Arendtek 1943an We Refugees liburuan proposatu zuen hiritar kategoria errefuxiatuarenarekin ordezkatzea. Afrikan soilik eta bertatik atera gabe, 80 milioitik gora dira, egun. Eta “Auschwitz posible egin zuenak bere horretan dirau” idatzi zuen Imre Kertészek aurreko mende amaieran[4]. XX. mendearen bigarren erdiko orekak hautsita eta mende berria inauguratu zuen “Terrorearen aurkako gerrarekin” lehertzear da gure kontzientzian azken hamarkadetako burbuila.
“Gorrotoaren politika” aipatzen nuen nire hitzaldiaren izenburuan, Tabakalerak proposatutako Non dago Lekeitio? galderari erantzun bila. Hori da Kontzientzia Modernoarekin batera munduan zehar europarrok hedatu duguna. Eta sumindura da munduko zapalduei utzi diegun baliabide ia bakarra. Gure gaztelua erabat gotortuta ere, ezingo dugu sumindu horien guztien uholdea saihestu, eta orduan aukeratu egin beharko dugu norekin egon eta ekin: suminduekin ala sumindura hori eragiten dutenekin.
70eko hamarkada bizi genuenontzat hautatu behar horiek eguneroko kontua ziren, baina, gerora, hamarkadak pasa ditugu lozorroan, geure pribilejioak gauza naturaltzat hartzen, txikiegia bilakatu den mundua hondamendira bultzatzen. Hori guztia bukatzen ari da, eta, hitzaren zentzu estuan, bizi dugun aroa apokaliptikoa ere bada: ezkutuan zegoena begien bistara dakarren aroa.
Kontzientzia Arkaikoak eskaintzen zuen bitartekaririk gabe, zenbat eta mehatxatuago sentitu, orduan eta gehiago jainkotuko ditugu geure Ahala eta Jakintza. Ahal hori jainkotuz Estatu teknofaxistak sortzeko bidean gara. Jakintza jainkotuz Zientziaren esku uzten ditugu arazo eta gabezia guztien kudeaketa eta aterabidea, baita kontu intimoenenak ere: gaixotzearena eta heriotzarena.
Eta nago, lehen Laboa-medium hark bideratu zituen hitzen aurreko eztanda hura, oihu salbai eta murmurio haiek, entzun beharko ditugula beste behin, nola edo hala itotzen gaituen kristalezko edo altzairuzko burbuila hori barrualdetik edo kanpotik leher dadin.
6
Euskal kostaldean bada leku bat, Bakioko hondartzaren eta Armintzako portuaren artean, turismo mapetan agertzen ez dena: Basordasko kala, Lemoizen. 1972an hasi ziren estaltzen 200.000 m3 hormigoi erabiliz horretarako, eta garaiko puntako teknologia nuklearra, eta hainbat gorpu. Orduko agintariek ezinbestekotzat zuten (“Lemoiz geldiaraztea gizarte hondamena izango litzateke” deklaratu zuen 1979an Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta “Lemoiz ezinbestekoa da Euskal Herriko ekonomia aurrera atera ahal izateko” Pedro Areitiok, orduko Iberdueroren lehendakariak), baina 1984rako, zentrala martxan jartzeko prest zegoenean, bertan behera gelditu zen. Asko hitz egin eta idatzi da hamarkada luze horretan gertatutakoaren inguruan. Nire ustez, Lemoizen inguruan gertatutakoan gordetzen dira aro hartako gako nagusiak, eta ez da kasualitatea Laboak urte haietan plazaratzea aipaturiko lehen aroko lau lekeitioak.
Gerora zentral hura hustuz joan zen bezala, egungo oskol huts eta fantasmagorikoa bilakatuz, hustuz joan dira garaiko aztarnak eta baita, neurri handi batean, lekeitioen zentzu sakonena ere. Horrexegatik diot Lekeitio Lemoizen dela, herri honek ezkutatu behar duen memoria ilunaren orban eta orbain estalian –ala, ironia handiz, gure agintariek arrain-haztegi bilakatu nahi duten ezleku horretan, arrainen memoria eta gurea gero eta antza handiago hartzen ari den mende berrian.
[1] Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldia.
[2] Zehar bideak, 1995ean Elkarrek argitaratutako Mikel Laboa liburuan.
[3] Atxagak Xoriek 17 (Elkar, 2005) Laboaren azken diskoaren libretoan idatzia.
[4] 1997ko Valaki más (“Beste norbait”) liburuan. Gazteleraz: Yo, otro. Crónica del cambio (Acantilado 2002). Frantsesez, Un autre, chronique d’une métamorphose, (Actes Sud, 1999).