1

Pandemian gogoeta, 3. KONFINAMENDUA: ALBO-ONDORIOAK

Badira hiru aste konfinamenduan gaudela –bost aste, Italian; hamaika, Wuhanen–, eta gero eta gehiago gara sumatzen dugunok esperientzia partekatu honek –ez ordea esperientzia komuna, baliabide eta ahal oso desberdinekin bizi baitu bakoitzak– garai baten mugarria markatuko duela. Zera esan nahi dut: pandemian –“denok kaltetuta”– gaudenez, eta 20 eta 40 urte bitartekoen arteko gehienentzat lehen esperientzia traumatikoa orokortua hauxe izaten ari denez, lehenaldiaren eta ondorengoaren arteko marra bat markatuko du. Gazte horiek bereziki sumatuko dute haustura: tupustean, sasoi berri bat datorkigu non joko-arau inplizituak aldatuko diren, aliantzak eta “gizarte-kontratuak” lausotu,  itxuraz sendoak ziren konplizitateak hautsi, eta beste berri batzuk sortu; zimur ezabaezinak eta ondoren datozenentzat interpretatzen zailak izango diren imintzioak utziko diete.

Untitled 1975-80 Francesca Woodman 1958-1981 ARTIST ROOMS Acquired jointly with the National Galleries of Scotland through The d’Offay Donation with assistance from the National Heritage Memorial Fund and the Art Fund 2008 http://www.tate.org.uk/art/work/AR00358

Belaunaldi bakoitzak bizi izan du halako pasarterik. Lehen ere asko izan dira bazterrera jaurtiak, gaztetako ilusioak eta idealak errealitatearen galbahetik pasarazita. Eta onik iraun dutenentzat, ukaezina izan da naufragio baten ondorengo sentsazioa, galera konponezinak utzi dituena. Gerra izan zen nire gurasoentzat, eta frankismoaren amaierako urteak nire adinekoentzat; bortxa politikoaren eta horren aurkako errepresioaren atzaparkada ere hor egon da; heroinaren pandemia ondoren…

Gerra Hotzaren amaiera ere heldu zen –zer izan zen hura Berlin Ekialdeko biztanleentzat, txetxenoentzat, Jugoslavia ohiko biztanleentzat…?–; XXI. mendearen sarrera gero: New Yorkeko, Madrilgo, Pariseko eta Londreseko atentatuak; Afganistango, Irakeko, Siriako eta beste hainbat lurraldetako suntsiketak… Erreboltak eta protestaldiak izan ziren, eta berrogei urteren bueltan daudenen artean, askok aldarrikatzen dute haietako bat edo beste, haien “gertakaria” balitz bezala –ezin “maiatzarik” gabe etsi–. Litekeena da hala izatea, baina susmoa dut haientzat gehienentzat ere benetako gertakizuna egunotan tokatzen ari zaigun pandemia izaten ari dela, loria eskasekoa.

Konfinamenduan geldialdi bat gertatzen da: “ekonomia hibernazioan sartu da” diote titularrek. Baina, egia esan, espazioa da benetan kizkurtzen dena, kartzelaldian bezala, behartutako soldaduskan eta antzekoetan bezala. Halako itxialdiek lehenaren eta ondorengoaren arteko muga markatzen dute haietara bortxatuak izan direnentzat, eta konplizitate bat sortzeko gai dira, aldi berean, elkarbanaturiko marka gisa. Denbora gelditzen omen, baina benetan txikitzen dena espazioa da, eta, horren eraginez, denbora da askotan desesperatuki zabaltzen zaiguna. Horra gakoa: eguneroko bizitzatik ateratzen gaituen denbora hedatuaren bizipena. Funtsezko esperientzia da hori monjeentzat, edo meditazio-bakarraldi intentsiboetara erretiratzen direnentzat, esaterako. Halakoetan, kanpo-estimuluak modu bortitzean murrizten dira, ez da hitz egiten, ikus-entzunezko konexioak mozten dira, diziplina zurrun bati jarraitzen zaio ezin aspergarriago egiten diren ordu amaiezinetan: zertarako eta jezarrita egonik “ezerezari” jarri behar zaion arreta zaintzeko, harresi baten kontra jotzen duen ahalegin mingarrian, non gogoa eta gorputza asaldatzen diren begi-bistako bidegabekeriaren aurrean. Jakina, erritmo horretara egokitu egoki gintezke, eta errutina berri bihurtu –kartzelako edo komentuko errutina dorpea, kalekoa baino are alienatzaileagoa–, eta, hala, diziplina horiek dakartzaten distortsio edo eraldaketa potentzialak azkar neutralizatzen dira.

Ezin badugu konfinamendua bizi, “tokatu zaigun tigrea zamalkatuz”, esperientzia oso mingarria gerta dakiguke. Dagoeneko hasi gara antsietate-krisiez hitz egiten, datorren depresio-pandemiaz, elkarbizitza behartuak dakarren maskaren erortzeaz…; zauri ezabaezinak utziko dituzten aferez. Kontsulta psikiatrikoak kolapsatu egingo dira, psikologoak gainezka ibiliko dira, drogen kontsumoak gailurra joko du… Indarkeria matxisten erasoen kopurua gutxitu dela esaten duten arren, presioa igotzen ari da orduak pasa ahala, eta eztanda egin dezake noiznahi. Eta hori herrialde aberatsetan. Zer arrasto utziko du hilotzak kaleetan abandonatzen diren lekuetan? Zer lorratz, polizia edo armada, lapurretak saihesteko, tirokatzen hasten denean goseak jotako jendea, gizarte-gerra esplizitua izango den lekuetan, setio-egoera deklarazioekin? –Armen salmenta disparatu da AEBetan; Durartek garbi utzi du: “tirokatu konfinamendua errespetatzen ez duen jendea!”.

Kasurik onenean ere, irrealtasun-sentsazio batek harrapatuko gaitu. Agintariek konfinamendua lasaitzen dutenean –modu probisionalean betiere, inork ezin baitu segurtatu pandemiak beste erasorik joko ez duenik–, lur errea zapaltzen dugula irudituko zaigu. Zonbien antzera aterako gara kalera, eskularruak eta maskarak erabiltzera behartuak, agian, eta esperientzia konfesaezinak bagenitu bezala begiratuko diogu elkarri –inongo esperientziarik ez dugulako izan, apika; zorabiatze hutsal eta mikatz bat, besterik ez.

Aste hauetako berririk kezkagarrienetakoa, niretzat, Eitb Focus inkestaren emaitzak izan dira, konfinamenduaren lehen astean argitaratutakoak.  Ohikoa denez, jendeari galdetzen zitzaion nola bizi zuten egoera eta zer kezka zituzten etorkizunera begira. Eta horra asaldatu ninduen datua: birusak kutsatzeko beldur handiena gazteena zen; haien artean, % 93 oso izututa zegoen kutsatzearekin, beste edozein adin-tartetakoak baino gehiago, gazteak ez direla kalteberenak jakinda ere. Ez zeuden hain kezkatuta etorkizunarekin edo ondorio ekonomikoekin, baizik eta birusaren balizko erasoagatik  zeuden larrituen –esan beharrik ez da inkesta hauek ez direla ikusezinak diren horiengana zuzentzen: paperik gabeko edo modu oso prekarioan bizi diren inmigranteengana, esaterako–. Bere bizitzan lehen aldiz modu orokorrean aukeratu gabeko entzierroa pairatzen zuen jendea oso beldurtua zen “etsai ikusezin” baten aurrean –eta konfinamenduaren lehen astea besterik ez zen–. Galdera saihestezina egin zitzaidan: “Jendarte hori –ez bakarrik gazteak– prest egongo ote litzateke hainbat askatasun eskubideri uko egiteko, baldin eta hori balitz mehatxu birikoari aurre egiteko ordaindu beharreko prezioa –bizi-aldagaien estatu-kontrola; mugimenduena, kontaktuena, etab.– Txinakoari edo Korea Hegoaldeko ereduei jarraiki, hein batean?”. Erantzunak ez dit zalantzarik uzten, eta, horregatik, agintariak ari dira dagoeneko lege-doikuntzak egiten –datuak babesteko legeak gorabehera–segurtasunaren izenean kontrol sozial gero eta gogorragoa ezarri nahiz. “Datuak dira kapital berria” entzuna genuen, eta datuak bildu eta kontrolatzeko erraldoiek –Google, Facebook, Microsoft eta enparauek– aspaldi lortu zuten kotizazioen gailurra. Paradoxa makabroa da Bill Gates pandemia duela bost urte iragarri zuen profeta gisa errebindikatua izatea egunotan. Esana du gobernuek ez zutela ezer egin oraingoa aurreikusteko; eta txertoa ikertzeko fundazio pribatu handiena sortu zuen. Esan beharrik ez dago erraldoi farmazialari nagusiek dohaintzak egin dizkietela ziztu bizian Gates-en “fundazio altruistei”. Ez da zaila istorio honen guztiaren hurrengo kapituluak asmatzea.

Zorabiaturik utzi gaitu errealitate pandemiko honen kolpeak. Intelektual, elizgizon edo politikarien adierazpen errukitsuak gorabehera, ezerk ez digu pentsarazten kolpe horretatik indartuago eta solidarioago aterako garenik. Zorabio horrek jarraituko gaitu, eta oihaneko legerik gupidagabeenaren bulkada ilunenak. Salbuespenak egongo dira, nola ez. Komunitate-ekimen txikiak saretuko dira, lehen bizi-premia gisa indartuz; proban jarria izan den adiskidetasuna sendotuko da, batzuengan. Lubaki eta fronte zaharrak desegin eta lotune berriak sortuko dira. Gazte askoren heldutasunerako pasabidea saihestezina bilakatuko da.

(Argazkiak, Francesca Woodmanenak dira)