1

EUSKAL KULTURAREN ORAINA: Baga, Biga, Higa

Badira pieza batzuk —kantu xumeak, askotan— balio dezaketenak giro bat deskribatzeko, eta baita kultura ulertzeko moduaren bilakaera ere urteen eta belaunaldien pasaeran. Laboaren Baga, biga, higa” da horietako bat. Horietako askorekin egin zitekeen ariketa, eta gure ikonoetako baten kantuarekin egingo dut nik, Laboaren “Baga, biga, higa”-rekin, hain justu (“Txoria txori”-k ere balio dezake horretarako, baina ez du inondik ere bestearen kutsu probokatzaile eta puskatzailea, eta beste eremu batzuetara bideratuko gintuzke). Ez da harritzekoa pieza hori aukeratua izana Ez Dok Amairuren sentikari laudatua ere izendatzeko, eta ezta ere ikuskizun harekin taldea ailegatu izana 1972rako bere mugara eta hausturara; garaiko esku-hartze sektarioak gorabehera, irizpide artistiko soilez ere uler litekeena.

1969an Laboak argitara eman zuen lehen lekeitioa harribitxi bakan horietako bat da, ibilbide oso bat ulertzeko eta azpimarratzeko gai dena. Horregatik jarraitu du bizirik ordutik honako urte hauetan guztietan, eta hala jarraituko du luzarora. Baina zer gertatu da pieza musikal horrekin hamarkadetan barrena? Galdera horri erantzuten saiatuko naiz ondorengo lerrootan, haren azken erabilera publikotik hasita denboran atzeraka doan hainbat une gogoratuz, hiru zenbakien xarmari eutsiz. Egin dezagun atzera denboran.

BAGA. Espektakulua. «Eskerrik asko boluntarioei, eta barkamena eskatu behar hiritarrei, behar bezalako inaugurazio ekitaldia ez lortzeagatik» (Ernesto Gasco). «Hiritarrak kalera atera dira eta horrek egin du arrakastatsua astea» (Eneko Goia). «Ez da erraza jendeari azaltzea zein den guk egindako apustua. Inaugurazioa ondo joan den arren, normala da denen gustukoa ez izatea» (Pablo Berastegi). Ez da erraza…

Maria Cristinaren zubiko espektakulua telebistan erakusteko sortua zegoela jakitun, etxean ikusi nuen, baina ez zegoen ezta horretarako ere prestatua! 660.000 euro ez, hamar aldiz kopuru hori beharko litzateke egin zutena benetako espektakulu telebisibo bihurtzeko: aktore profesionalak, ondo prestatutako saioak –hobe estudio batean– eta ez dakit zenbat baliabide tekniko; baina «jendearen parte hartzea da garrantzizkoena»…

Aurreko urte hauetan antolatu dituzten “Hiritarren Energia-Olatuek” eman didaten sentsazio berbera utzi zidan inaugurazio ikuskizunak, apaizek barnetegian gurasoak gonbidatzeko antolatzen zituzten antzerki ikuskizunek uzten zidatena, alegia. Zertaz ari naizen norbaitek ez badaki, nahikoa du Montxo Armendarizen Secretos del corazón pelikula gogoratzea. Han jasotzen da “belada” haietako ahaztezin bat, Garbancito-ren historia kontatzen duena.

Ikuskizun maitagarriak ziren haiek, inondik ere, eta pelikulan gertatu bezala, apaizei askotan esku artetik eskapatzen zitzaizkien. Baina hori ezin da onartu DSS2016EU bezalako antolaketa profesionalean. Hor gauzak prestatu bezala ateratzen dira beti, eta jendea lekuz kanpo sentitzen bada, horretarako daude adituak “jendeari azaltzeko zein den egindako apustua”. Nor ausartuko da zalantzan jartzera “kultura parte-hartzailea” ere adituen kontua denik?

Elkarbizitzaren zubia zuen izena inaugurazioko ikuskizunak, hori bera delako egitasmoaren mamia, eta “Baga biga higa” abesten jarri ondoren, lelo bera errepikatu zuten: «Hau da elkarbizitzaren zubia. Gurutzatu ezazu. Zaindu ezazu, egunero eraikitzen dugulako elkarbizitza». Zer dela eta etengabeko insistentzia hori? Nahikoa da webgune ofizialean sartzea tematze horretaz jabetzeko: “Elkarbizitzaren aldeko apustua”, “Partaidetza-programa bat”, “Ondare iraunkorra” eta “Lan egiteko modu berri bat” dira aurkezten diren atalen izenburuak. Suertatu zitzaidan zozketaz egin zen hiriburutzaren “ardora” egitasmoaren hiritarren epaile taldean parte hartzea. Egitasmo hori izaera parte hartzaile horren ikur gisa aurkeztua izan da –benetan, txanpon batzuen banaketa erabakitzen zen han, hamarnaka egitasmoren artean–, eta ordu erdiko bideo propagandistiko batekin aurkeztu ziguten –beste behin!–hiriburutzaren esentzia: ez gainontzeko lekuetan gertatu ohi den bezala, azpiegitura berriak egiteko edo kultura programazio zabal bat. Horietatik sobratuak gaude Donostian (10 zinemaldi ditugu urtean, esaterako!). “Guk elkarbizitza baketsua sustatu nahi dugu”. Hara hurbildutakoren batek galdetu zuen nola elkartzen ziren bakearen aldeko lelo horiek eta Durao Barroso edo Javier Solana bezalako gerrazaleak gonbidatu izana egun haietan bertan hiriburutzak antolaturiko hitzaldietara. Bertan ziren arduradunek ezin izan zuten tamaina horretako galdera erantzun: han “hiritar xumeek” aurkezturiko hainbat egitasmoren artean aukeratzeko baino ez ginen bilduak…

Beti izan du espektakuluarekin zer ikusirik kulturak, baina urrats erabakigarri bat gertatu da azken hamarkadetan telebistaren presentzia masiboarekin eta, horren laguntzaz, egunerokotasunaren espektakularizazio erabatekoarekin. Zer ikusi dute Erdi Arotik, eta seguruen askoz aurreagotik ere, baloi bati ostikoka egiten genuen jolas hark eta telebistaz geroztiko futbolak? «Parte hartzea da garrantzizkoena», diote kirol propagandistek ere, baina zertan hartu parte? Baloiari ostikoka edo telebistari begira? McLuhan-ek erantzuna: «medioa da mezua».

Sakonago begiratuta, halere, arazoa ez da soilik kulturaren espektakulu bihurtze horretan harrapatuta daudela politikariak eta kultura-funtzionarioak. Debordek esplikatu zuen bezala, espektakulua da kapitalismoaren formarik garatuena. Baina espektakulua ez da ikuskizun soila; medioek erakusten digutena jendarte garaikidearen egituraren azaleko agertokia baino ez da. Espektakulua da denok pasibotasun erabatekora kondenatzen gaituena, bere mantra etengabe errepikatuz: «hau da dagoen guztia, hemendik at, kaosa eta txikizioa baino ez duzue izango». DSS2016EUko funtzionarioak konstatazio horren sakoneko egiari aurre egitera datozkigula lirudike, baina lortzen duten bakarra da haren egia azaleratzea: «etorri eta hartu parte, zuek gabe gu ez ginateke ezer eta; itzal-argi joko, hutsalkeria erabatekoa». Ahalegin hutsal bezain errebelatzaile horren erakusle erabatekoa izan den inaugurazio ekitaldian nahasten saiatu ziren atabikoena eta postmodernoena: soka-tira, harri jasotzaileak, txalaparta… batetik; soinu eta argi uholdea bestetik; eta momenturik gorenean, milaka ahotsek Baga, Biga, Higa, Laga, Boga, Sega kantatzen… Eta hori, Hansel Cereza bezalako apustu seguruaren eskutik: Fura dels Baus, Barcelona 92; Kulturen Foru Unibertsala 2004, Cirque du Soleil… Nola ez hunkitu gure zuntzik ezkutukoena Espektakuluaren pasibotasunetik askatuz?

Baina ez, hori dena ez da nahikoa. Horretarako hiru edo hamar aldiz biderkatu beharko litzateke aurrekontua; eta propagandatik haratago joan, “jendearen parte hartzea” sustatze aldera. Edo errealitate birtualaren gailurik aurreratuena eman donostiar bakoitzari “elkarbizitzaren paradisuan” barneratu gintezen… Eta nahikoa ez denean –ezer ez da nahikoa eta ezinezko ahalegin batean–, tarrat egiten du soinekoak jostura guztietatik, eta orduan, biluzik zegoen erregea biluzik ageri da.

BIGA. Esperpentoa. XX. mende hasieran Espainian piztutako fenomeno literario adierazgarria izan zen esperpentoa, Valle-Inclán idazle galiziarrak Luces de Bohemia (“Bohemiako argiak”) antzezlanarekin finkatua. Obra hau Parisen estreinatu zen 1963an, eta Espainian, berriz, 1970ean, egilea hil eta hogeita hamalau urtera, eta etengabe izan da geroztik taularatua, egun arte. Bertako protagonista poeta itsu eta etsi bat da, suertatzen zaion jendartearen egoeraren aurrean ezin, eta amorruak berak akabatzen duena. “Gurea ez da tragedia, esperpentoa baizik”, dio protagonistak hil aurretik; eta egilearen hitzetan, “esperpentoak kaleko ispilu konkaboetan deformaturiko antigoaleko heroiak dira. Groteskoa da haien irudia, baina zehaztasun geometrikoz landua… Nanoak eta zangomakurrak dira, tragedia bat jokatzen dutenak… Espainia baita Europar zibilizazioaren deformazio groteskoa”. Eta Europako erromantikoek elikaturiko Espainia tragiko-groteskoaren eraikuntzan euskaldunak ez ziren aparte geratzen.Baina joan den mendeko azken bi hamarkadetan suertatu aldaketen ostean, esperpentoaren irudiari kutsu tragikoa apaldu zaio, eta karikatura xaloago bat osatu du. Eta euskaldunak, berriz ere, karikatura hori elikatzen. Horren adibide argia da Álex de la Iglesia bilbotarraren 2013ko Las brujas de Zugarramurdi.

Zortzi Goya sari jasota, “urteko fenomeno zinematografikoa” bilakatu zen Espainian. Gizonezko pertsonaien artean, Madriletik etorritako gizon baboak azkenean heroi argiak dira, agertzen diren euskaldunekin alderatuta. Eta guztiak emakume histerikoen –espainiarrak– eta sorgin kanibalen –euskaldunak– atzamarren menpe. Karikatura esperpentiko hori txantxa patetikoa baino zerbait gehiago da: hondo misogino eta antieuskaldun nabaria agertzen du.

DSS2016EUren inaugurazio ekitaldian bezala, pelikularen une gorena “Baga Biga Higa”ren bertsio orkestral-koralarekin dago hornitua: sorgin saldoa Zugarramurdiko leizean gizajo batzuk sutan erretzen eta Willendorf-eko Venus erraldoi bat umea irensten eta berriz erditzen, komiki gore patetikotik ateratako akelarre groteskoan:

Pelikulak badu coda aipagarri bat: kredituen unea iristen denean entzuten dena ez da Laboa, Fermin Muguruza baizik. Pelikularako propio  sorturiko kantuan, euskal jainkosa paganoaren mitologia aldarrikatuz –Mirandek poema jasoetan egin bezala–, aspalditik datorkigun ipuina bortizki bezain lekuz kanpo oihukatzen zaigu: “Deitu sorgina, sorgina naiz eta. / Nire alutik sortu zen Unibertsoa / zulo beltzetik su bola / Bing Banga / kobazuloetan da Historia idatzia”. Eta hitz horiei atxikita datorkigu, nola ez, euskal erresistentzia irredentoaren oihua: “Deabruaren katedrala Inkisizioarentzat / sexua eta plazera ez baita bekatua / Elizak zigortuko Sorgin Herria / “Ez geala, ba geala, hamalau mila hemen geala” […] Infernuko errekak sortu leizeetan / Zugarramurdin akelarrea da / zikiro jate ta jai erraldoia / euskaldun askeak erlijiotik at”:

HIGA. Adierazezintasuna. Ez zait kasualitatezkoa egiten Laboaren harribitxia erabili izana espektakulurako nahiz esperpentorako. Erabili izan da ere modu askoz duinago batean beste hainbatetan: 1976ko Nortasuna-n, edo 2003ko Euskal pilota-n, esaterako.

Baina, batez ere, inoiz Euskal Herria zeharkatu duen ikuskizunik arrakastatsuenean, Ez Dok Amairuk 1970-1972 urte artean izen bereko sentikarian, hain justu. Kontua da azken hori ez zela telebistarako ikuskizuna eta, harridura eta miresmenez gain, kezka eta ezinegona ere sortzen zuen ikustera hurbiltzen zen askoren artean. 1974ko Bat—Hiru diskoan jaso da garai hartako zortzi minutuko bertsioa, Laboaren gitarra eta ahots soilez interpretatua.

Adierazgarria egiten zait, oso, nola baztertu den bertsio hori, Laboaren lehen aro hura (1981ean amaitu zena) pasa ahala. 1994ko Hamalau diskokoa dezente geldoagoa da, eta minutu eta erdiko azken aldiko inprobisazio fonetikoa, berriz, kamutsa, aurrekoaren crescendo harrigarria galdurik. Halere, ez bata eta ez bestea, hirugarren bat gailenduko zen, denen artean, 1999an argitaraturiko Gernika zuzeneanekoa. Orkestra eta koru handirako bertsio hura zuzenean grabatu zenerako Laboaren ahots-ahala gutxitua zen oso, eta orkestrazioak eta koroak, guztiz konbentzionalak, hori estaltzera zetozela ematen du. Emaitza arranditsua, baina lehen aroko piezarekin konparatuz, gainbehera eta handiuste hori nabarmentzea baino ez dute lortzen. Amaitu da harridura, amaitu talka, eta zabaldu espektakulurako eta esperpentorako ateak. Eta Laboaren ikonizazio prozesuan garbi egin da azken bertsioaren aldeko hautua: “Saioa zuzenean eman zuten telebistan, jende gehienarentzat arrakasta handia izan zen, eta “Baga-biga-higa” pieza-izarra bihurtu zen. Egun hartan, ordu arte ezagutzen ez zuen jende askorentzat hasi zen Mikel existitzen” dio Marisol Bastidak 1997ko saioaren inguruan. Bertsio horrekin zabalduko zuten 2007an Lekeitioekin egingo zen konpilazio ofiziala, eta bertsio hori erabili zuten komentatu pelikuletan nahiz DSS2016EUko inaugurazioan. Horietarako, traba egiten dute Laboa ero haren garrasi biluziek; hobe koru eta orkestrekin, non Laboaren ahotsa oihartzun bitxi gisa han nonbait geratzen den. Antzeko zerbaitez ohartzen gara 1969–1980 aroko lekeitioak ondorengoekin (1985–1998) erkatzen baditugu, edo hasierako “Gernika” gaindiezinak izan duen erabilerari erreparatuta [1]. Establishment politiko-kulturalek sen argi batez jokatzen dute halako kontuetan, eta beste kasuetan estetikaren subjektibotasunaren lainopean geratzen dena, garden ikusten da komentatzen ari garen kasuan.

Gerora urtuz joan da lehen Laboa basati eta jenial haren talka: haur jolasetan —ez inondik ere inongo akelarretan edo bestelako zentzu magikoekin— erabiltzen den hitz korapilo bat trantze batera heltzeko garabi bilakatua, oihu garratz batekin airean lehertzen dena. Hitzen kodigoetan nekez adierazi ahal dena, berez arrazoibideetatik eta kodigo estetiko normalizatuetatik at gelditzen denez.

Gauzak horrela, eta galdutako “ordena kosmikoa” berrezartze aldera, euskal Indiana Jones-en bertsio esperpentiko bat errodatu beharko du gure zinema zuzendari telebisiboren batek, non 1971rako grabatua zegoen Baga Biga Higa sentikariaren zinta ezkutuak berreskuratzea izango duen xede, “arka galdu” hori zein tenplu sakratutan gordetzen den ikertu eta bidean suertatuko diren arrisku eta proba iniziatiko guztiak igaro ondoren.

[1] “Baga Biga Higa”-rekin egindako hautu bera egiten da Lekeitioak 2007ko diskoan: 1999ko bertsio orkestratua lehenetsi, aurreko bertsioak bonus-track moduan eskaintzeko. Azkenik, 2012an Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena zela eta, Berria egunkariak eta Elkar diskoetxeak ekoizturiko Bi bertsioen arteko elkarrizketa izenpean 14 minutuko nahasketa egin zen, obraren jatorrizko egitura hautsiz eta haren zentzua birrinduz.