1

ERROTARRIA LEPOAN

(Artikulu honen bertsio laburrago bat argitaratu du BERRIAk 2017ko urtarrilaren 17an)

Mendizabal abade pederastaren kasua dela eta, “gehiegizko zabalkunde mediatiko” baten barruan gaudela diote bere klerokideek. Ezin dutela burutik kendu, eta hori ez omen da sanoa. “Kakuxen oso hurbileko sentitzen naiz, sakonki hurbil” dio Joxe Arregi teologo ezagunak: “Gipuzkoako elizarentzat egin duen guztiarekin, horrentzat suposatzen duenarekin. Amildegiaren sakonenean imajinatzen dut, eta pena infinitua sentitzen dut beragatik, eta baita bere ama eta adiskide hurbilekoengatik ere. Ni ez bainaiz bera baino hobea, hori da Jesusen ebanjelioan irakurtzen dudana”.

Burutik kendu ezinik nabilenez, neu ere, ariketa batean murgildu naiz egunotan: entzun eta irakurri ditut biktima eta apezen hitzak, sentitzen dudan amorruaren barne-burrunbari eutsiz, eta zintzotzat hartu batzuenak eta besteenak. Horrekin batera, berriro ikusi ditut azken urteotan erreferentziazko ditudan hainbat pelikula: 2003ko Song for a Raggy Boy (hegoaldean, Los niños de San Judas), eta 2015eko El Club eta Spotlight. Irlandan 1985a arte indarrean egon ziren erreformatorio katoliko bateko gerra osteko giroa erakusten du lehenak, Txilen delitu larriak egindakoen apaizentzat “erretiro etxea” bigarrenak, eta Boston hiri katolikoko pederastia sarea argitara atera zuen kazetari ikerketa hirugarrenak. Gurean bezala, hiruretan agertzen dira biktimak eta borreroak, baita gehiengoa osatzen dugun ingurukoak ere; sentimendu kontrajarriz zeharkatuak, normalean. Ez zait batere zaila egin pelikula hauetako protagonisten hitzak eta gure artekoenak erkatzea. Haur bat bortxatzea gauza bera baita nonahi, eta XX. mendeko elizaren soslaia guztiz errekonozigarria gurea bezalako “mundu katolikoan”.

Urte luzeetako isiltasun eramangaitzaren ondoren biktimek publikoki hitz egitea erabaki dutenean etorri dira Gipuzkoako Elizaren hitzak, haienak baino askoz leku handiagoa hartuz. Elizbarrutiaren lehen agirian “reverendo” diote beti pederastiaz kondenatutakoaren izena esaterakoan, eta gainontzeko diskurtso hanpatua eta korapilatsua, lege-gizonen eta epaileen tankerakoa da: “…siguiendo ritualmente el protocolo canónico establecido para tratar estos casos, creó todas las condiciones jurídicas materiales y procesales para que”. Edo “declaración de culpabilidad del reo y la imposición a este de diversas penas expiatorias ex cann. 1336-1338 CIC y de otras medidas administrativas y disciplinares”. Laburbilduz: pena eta atsekabea sentitzen du elizak eta barkamena eskatzen du –ego me absolvo…–, eta elkartasuna biktimekin eta baita reverendo gizajoarekin ere. Lehen komunikatuaren azken hitzak: “Esta Iglesia particular, en comunión con el Sucesor de Pedro, el Papa Francisco y unida fraternalmente con su Obispo José Ignacio, eleva desde la fragilidad una oración confiada al Señor, implorando con confianza los dones de la justicia, el perdón misericordioso y la paz”.

Baina hori dena ez zen nahikoa izan eta “gertakariak azkartzen” ari zirenez (hots, biktima gehiago ari zenez gertatutakoa hitz xume eta garbiz kontatzen) medioen aurrean azaldu behar izan zuen obispoak, bigarren komunikatu bat irakurtzeko: Egia ona omen da denontzat eta inor ez omen dago kontu larri hauez libro. Baina bi ñabardura egin zituen: Elizak sistema juridiko propioa du (“para establecer penas que priven a los fieles de cualquier bien espiritual o temporal –can. 1312 §2 CIC–”), eta sistema hori gogorrenetakoa da adin txikikoen gaineko abusuak zigortzerakoan. Kasu honetan (“abuso en grado de tocamientos desonestos”), monasterio batean bolada batez bizitzeko eta “terapia psikologikoa eta espirituala” jarraitzeko obligazio zorrotza izan dira ezarritako zigorrak. Elizak bere Agintetik hartzen du Hitza, Jainkoaren eta Komunitate Unibertsal Eternal batetik, baina zer dio ia urte bete terapian dagoen presbitero agurgarriak? “Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina AEBetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini. Gaur egun Eliza eta epaileak bat eginda daude eta ez dago zirrikiturik elkarri laguntzeko”.

Hitzok bere kasua epaitua eta kondenatua izan ondoren eta gordeta jarraituko zutelako inpunitatearen ziurtasunetik esandakoak dira, nola bestela, baina zergatik ez hartu zintzotzat? El Club pelikulako pederasta horrela ari zaio epaitu nahi duen jesuitari dioenean: “sexu doilor eta sakonenean bizi izan dut nik Jainkoaren Argia” eta “[apaizok] kondenatuak gara gorputz likitsak izatera”. Spotlight-eko psikologo adituak, berriz, apaizena “fenomeno psikiatriko antzemangarria” dela adierazten du, erdiak sexu harremanak dituztela esplikatuz, eta %6k direla pedofiloak. Aukeratutako haur biktimei dagokienez, guztiz errekonozigarriak direla hauek ere: txiroenak, babesgabeenak, familia ahulenetakoak…

Bostoneko eta Irlandako eskandaluak izan dira sonatuenak azken hamarkadetan: Europa iparraldeko lurralderik katolikoenean hain ziren larriak eta ugariak kasuak, gobernu-komisio bat eratu behar izan zuten ikertzeko. Hamar urte behar izan zituen lantaldeak, eta 2008an argitara eman zuen txostena. Elizak kolaboratzeko jarri zuen baldintzen artean, hau nagusia: inplikatuen izenak ez argitaratzea. Informea 25.000 biktimez ari da, 400 erlijioso eta 100 laiko akusatuez. AEBetako eta Irlandako ikerketen harira, uholdea hauspotu zen, eta Vatikanoak 6.000tik gora salaketa jaso ditu hamarkada batean, eta milatik gora abade kaleratu.

Zer dela eta halako ikerketarik ez izatea Europa eta Amerika hegoaldeko lurralde ezin katolikoagoetan? Ez al da hori bera “gure katolikotasunaren” ezaugarri nabarmena –protestanteekin alderatuz, kasu honetan–? Adin batekook ondo dakigu bortxa fisikoa eta orain abusu sexual gisa izendatzen dugun hori ohikoak zirela kolegio katolikoetan, eta asko baino gehiagotan bien artean aukeratu behar izaten genuela haurrok. Marka hori daramagu barnetegi katolikoetan haurtzaroa eta lehen gaztaroa bizi izandakook, eta asko gara joan den mendearen erdialdean jaiotakoen artean. Marka horren ezaugarriak: terrorea lege egiten duen sistema baten barruan, gure muin intimoena zaintzen egindako ahalegina eta horren ondorioak. Hitz gutxitan esanda: jipoien eta laztan likitsen artean aukeratu behar izatera behartuak izan ginen asko, haur eta gaztetxo batek berezko duen babesgabetasunean eta bakardade handian. Abade sadiko lizun nabarmen horiek lasai asko ibiltzen ziren eta dabiltza kaleetan gerora, eta euskal herrietan, ingurukoetan baino dezente ikastetxe katoliko gehiago ditugu oraino –haien irakasleen soldatak diru publikotik ordainduak direlarik, besteak beste–. Ez naiz hemen sartuko, ordea, Elizaren pribilegio fiskalekin edo inmatrikulazioekin, beste maila bateko gaia baita honakoa –Urkulluren esanetan, “Elizaren barne kontu bat”–.

Eliza Katolikoaren ahala eta haren arrastoa sakona da oraino, eta egunotako harrabotsak balio dezake hainbat kontu bere gordintasunean une batez begiratzeko: betiko bakarmenaren ministerioa mendeetan zehar monopoliziatu duen instituzio batek, lehenik eta behin, bere burua inmunizatu du edozein arduratik, inpunitate ia erabatekoan. Horregatik dabiltza horren aztoratuak egunotan, baita “lintxamendu mediatikoa” salatzen ere. Azkar ikasi dute azken hamarkadetako pederastia eskandaluetatik eta ekimena berea behar duela ulertu, ez biktimena. Komunikatuak eta agerraldiak egunero; iritziak eta kexuak. Munilla obispoak igandeko homilian laburbildu zuen: “Guztiz injustua da bizitza oso bat eman ondoren ebanjelioaren eta behartsuenen zerbitzuan, hori dena zalantzan jartzea kide baten traizioagatik”. Urteak daramatzate “sexu perbertsioen” salaketa obsesiboan, “jendartearen degradazio erabatekoaren” aurkako gurutzadan: dibortzioa, homosexualitatea, sexu askatasuna, abortoa… Nazareteko Jesusen ebanjelioaren izenean, baina testu horietan ez da ezer zehatzik aipatzen gai horiei buruz, bai ordea pederastiaz: “Nahitaezkoak dira eskandaluak, baina haur bat eskandalizatzen duena, hobe luke errotarri bat lepoari lotu eta itsasora bolako balute” (Luk 17, 1-2). Ez ditut hitz horiek aipatuak entzun inon egunotan.

PD. Artikulu hau burutu ostean aukera izan dut Montse Armengouren eta Ricard Belisen Kataluniako TV3rako egindako dokumentala ikusteko (Els internats de la por “Beldurraren barnetegiak”). Kontakizun izugarri horien artean non entzuten dut Errenterian milaka haurrek ezagutu genuen salestar baten izena: on Porfirio Castro (38. minutuan kontatzen dituzte haren balentriak Madrilen, Don Boscora “ikasketa zuzendari” gisa etorri aurretik, nonbait).

https://www.youtube.com/watch?v=wtZ4u8EmJzA