1

ORDUKO KONKISTA, GAURKO ARPILATZEA

Orain 500 bat urte Europan gertatu zena –Aro Modernoaren agerpena eta bilakaera– zenbait osagaien gurutzaketatik eta sinergiatik konpreni liteke. Ez zen orduko hemengoa lurralderik aberatsena edo jendetsuena –Txinak hirukoizten zuen orduko Europaren populazioa, eta teknikoki nahiz militarki askoz ere indartsuagoa zen–, baina elkartu ziren hainbat gertakarik ekarri zuten gerora globalizazioa hitzarekin ezagutu dugun bilakaera.

“Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat”

Horien artean,  estatu modernoen sorrera azpimarratu behar, aurreko erreinu feudalen konkistez edo batuketez eratuak. Estatu berri horiek lortu zuten botere maila handiak –gorteetan bildu ziren zientzialariak nahiz militarrak; artistak nahiz pentsalariak–, inperio bihurtzeko armada eta erakundeak ahalbideratuko zituen. Azkenik, gerora kapitalismoa izendatu dugun sistema ekonomikoaren zutabeak, sistema bankari modernoa barne, orduan sartu ziren indarrean. Ondorengo lau mendeetan, mundu zabaleko ozeanoak menderatzeko ahalean neurtuko zen inperio berri haien gorakada edo gainbehera, eta horretan lehen urrats garaileak espainolen eta portugesen eskutik etorri ziren, “Amerikaren Aurkikuntza” izendatuko zen balentriarekin.

Esan beharrik ez dago aurkikuntza baino –aspaldian zeuden lurralde haiek “aurkituak”– konkista izan zela hura, harrapaketaren eta ospilaren logikan baino sartzen ez zena. Oraindik indarrean jarraitzen duen operazio hark, ezagutzen dugun historian inoiz gertatu den sarraskirik handiena ekarri zuen, eta bertako biztanle zirenak zokoratuak edo ezabatuak izan ziren gerren, epidemia berrien eta maila guztietako jazarpenen ondorioz. Aro modernoak eztanda demografikoa ekarri zuen Europan, eta jatorrizko herrien ia desagertzea Ameriketan. Ipar Amerikan, 13 milioi inguru ziren jatorrizko biztanleetatik, miloi batera murriztu ziren bost mendetan zehar, eta erreserbetan bizitzera behartuak zeudenak, zurien ugalketa maila baino hiru aldiz azkarragoa bilakatu zenean, XX. mendean, antzutuak izan ziren bertako emakumeen %40. Erdi- eta Hego-Ameriketan beste modu batera gertatu ziren gauzak, baina bertako populazioak, desagerraraziak ez zirenean, azpiratuak izan ziren kolono berrien eta haien ondorengo kreoleen boterepean.

“Urrearen sukarra” hedatu zen hasieratik, eta zilarraren meategietan galdu zuen bizitza milaka jendek. Konkistaren enpresa finantzatzeko ezinbesteko ziren ondasunak Ameriketan bilatu ziren, eta ondorengo metaketa kapitalistarentzat baliabide agortezintzat hartu ziren Arkadia eta Dorado berriak. Horretarako, “indioak” ere gizakiak zirela onartu ostean, esklabutzara izan ziren behartuak. Meategietako eta plantazioetako gogortasuna ezin jasan eta eskulan indartsuagoa eta sarriagoa behar izan zenean, Afrikan ehizatu eta garraiatu zituzten esklaboak, “garapenerako” naturaltzat hartzen zen jokamoldearekin jarraituz.

Indigenak Peruko meatzetan esklabo lanetan.

Meatzaritza azken hamarkadetan

Akabatuak izan ez ziren jatorrizko ipar-amerikarrak, lekuz aldarazi zituzten; lur emankorretatik mortuetara izan ziren behartuak; aranetatik mendietara. Gerora, beste maldizio bat jaso dute indigenek: mortu haien ala oihan sakonen lur azpiak petrolioz, urrez, kobrez, uranioz, ikatzez ala nikelez aberatsak izatea.

AEBetako ikatz-erreserben herena eta uranioaren erdia indioen erreserbetan dago. 1887an AEBetako Kongresuak onartutako Allotment Act-ak (Adjudikazio Akta) markatu zuen azken hamarkadetako irizpidea: “Jabetza komunitarioa arriskutsua da enpresa librearen garapenerako” deklaratu zen. Gauza bera gertatu zen beste muturrean. Txilen, esaterako, maputxeak desjabetuak izan zirenean Augusto Pinocheten gobernupean. Desjabetze hauek “erosketa” moduan estaliak izan dira batzuetan, New Yorkeko estatuko lurraldea mila dolarren truke “erosia” izan zenean bezala, 1797an.

Kolonbiako Cauca departamentuko berriak izan ditugu udazken honetan bertan: “Hainbat indigena erailak izan dira, buruzagia barne, ‘talde armatu inkontrolatuen’ erasoz”; behin eta berriz errepikatzen zaigun zahar-berria. Baina hamarkadak dira sufre meategiak ustiatzen direla hango uraze eta kokonuko indigenen lurraldeetan, Purace sumendiaren magalean (15.000 inguru pertsonak lan egin zuten bertan, urterik oparoenetan, eta ixtear dira egun, ilargi-paisaia suntsitu bat utzi aitzin). Celanese izeneko enpresa ustiatzaileak hitzartu zuen kalte-ordainak emango zizkietela bertakoei suntsitutako lurrengatik, baina gobernuak ez zuen akordioa baimendu (“armak erosteko erabiliko dute dirua”). Greba egin zuten 1974an. Ondorengo urteetan 45 meatzari indigena erailak izan ziren. Gerraren legea jarraitzen du izaten kolonizatzailearenak.

Kolonbiako Cauca eskualdeko zufre meategia.

Ekuadorreko Amazonian petrolioa 70eko hamarkadatik ustiatzen da. Waoraniak desjabetuak izan ziren, ordainetan ezer jaso gabe. Gauza bera gertatu zen Peruko ashaninkekin ala Brasilgo jatorrizko herriekin, bertan abeltzaintzara zuzendutako laboreak hedatze aldera. Yanomamiak, Venezuela eta Brasilgo indigena zabalduenetakoak, desagertzen ari dira: urrez eta eztainuz aberatsak dira haien lur-azpiak. XX. mende hasieran 15.000 omen ziren nambikuarak Mato Grosson, 100 bat dira egun. 80ko hamarkadan Vietnamgo gerran famatu zen “agente laranja” defoliantez bonbardatzen zituzten haien bizi-eremuak.

Azken mendeetako bilakaera

Arpilatze historia hau ez zen aldatu XIX. mendean gertatu independentzia prozesuetan eta, funtsean, berdin jarraitzen du XXI.ean. Eguneroko kontuak ditugu lurren suntsiketak, hilketak… Aldi berean, Ekuadorreko azken konstituzioak, 2008an onartutakoak, “Naturaren eskubideak” aldarrikatzen ditu eta kapitulu oso bat eskaintzen dio bertako hamalau nazionalitateko lurren, identitateen eta eskubideen errespetua hogeita bat kapitulutan azaltzeari. Hitz ederrak, ekintza ustelak. Azken hamarkadetan, errazagoa da lur azaleko nahiz sakoneko ondasunak antzematea, eta haren ustiaketa urte gutxitan burutzen da, ondorio lazgarriak ekarriz: lur mortuak, biztanleria desjabetuak eta desegituratuak, kontaminazio itzela inguru zabaletan. Garai bateko muga teknikoek gaindituak dira egun, eta lehenago hamarkadak eta lan-indar handia behar baziren ustiaketa burutzeko urte gutxiz eta jende apurrarekin gauzatzen da gaur. Alde gutxi dago, horretan, herri “atzeratuen” gobernuak progresisten ala kontserbadoreen eskuetan egotea; Venezuelako nahiz Brasilgo, Argentinako nahiz Ekuadorreko meatzaritza ministroak Torontoko urteroko feria nagusian elkartzen dira nork zein multinazional erraldoiri bere ondare mineralak salduko.

Itxuraldaketa bat gertatu da azken hamarkadetan mehatze-erauzketaren inguruan, globalizazioaren hedatzearen araberakoa. Gero eta zorpetuagoak diren estatuek haien ondare mineralekin ordaintzen dute zorra, oraina nahiz etorkizuna hipotekatuz. Nabarmentzekoa da Txinaren jokamoldea Afrikako eta Hego Amerikako estatuetan: metal preziatuen ustiaketa lortzen dute (urrea, kobrea, uranioa eta beste hainbat) kredituen truke. Lurralde atzeratuen garapenerako irtenbide gisa aurkezten dira akordioak, baina esperientziak beste errealitatea erakusten du. Oxfam Americak 2010ean Munduko Bankuko ekonomistak aipatuz argitaratutako informea kategorikoa da maila horretan: “Ikertu ditugun 95 lurraldeetan 1970 eta 1990 artean, zenbat eta handiagoa den ondasun naturalen esportazioekiko dependentzia, orduan eta geldoagoa da Barne Produktu-Gordinaren hazkundea”.  Lehen pobreak ziren inguruak, pobreago bilakatzen dira ustiaketaren ostean. Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat utziz. Sortzen den enplegua oso kalitate eskasekoa izaten da eta epe laburrekoa. Beste sektoreekin alderatuz, meatzaritza da enplegu gutxien sortzen duena: milioi dolar bakoitzeko inbertsioak 0’5 eta 2 arteko enpleguak sortzen ditu, gainontzeko aktibitateen –manufakturaren, nekazaritzaren, zerbitzuen…– oso azpitik. Erdialdeko Amerikan –Hondurasen, Guatemalan, El Salvadorren–, Argentinan edo Chilen, lurralde pobretuenak dira meatzaritzara dedikatuak. Hori guztia konpentsatzeko, ohikoak dira “pobreentzako bonoak” meatzaritza ala petrolioaren irabaziekin finantzatuak: “Bolsa Familia” Brasilen, “Renta Dignidad” Bolivian, “Bono Solidario” Ekuadorren, “Chile Solidario” etab.

Uraren borroka giltzarri bilakatu da Ekuadorren jatorrizko herrientzat.

Ingurugiroaren kalteak neurtezinak izaten dira. Iparretik hegora: Kanadan hezeguneen laurdenak desagertu ziren 1980-1990 bitartean; Ontarioko lakuan –AEBak eta Kanada arteko bost laku handietako bat– debekatuak dira arrantza eta bainua… Drainatze azidoa da meatzaritzaren arazo orokorretako bat. Berez azidoak diren lurraldeetan –Andeak dira horietakoak– biderkatu egiten da arazoa. AEBetan eginiko ikerketetan meatze-ustiaketen %76etan osasunarentzat kaltegarri diren neurriz gaineko kobre, kadmio, berun, merkurio, nikel, zink eta zianuro kantitateak aurkitu dira. Eta “puntako teknologiaz” ari gara kasu hauetan. Urrearen erauzketa da horretan muturrenetako bat, zianuroa erabiltzen baita prozesuan: ontza urre batentzat –ezkontza-eraztun bat egiteko behar dena– 8.000 litro ur erabiltzen dira, beharrezko diren 250 tona mineral garbitu ahal izateko.

Meatzaritzak jarraitzen du jatorrizko herrien leku-aldaketen, pobreziaren, utzikeriaren eta bazterketaren egoten, joan diren mendeetan bezalaxe. OCMAL (“Amerika Latinoko Meatzaritza-Gatazken Ikuskaritza”) erakundearen arabera 120 gatazka daude zabalik bertako komunitateak eta gobernuen eta meatzari enpresa ustiatzaileen arteko aliantzaren artean. Peru bezalako lurraldean, Herriaren Defendatzailearen aburuz, gatazka sozialen erdiak gai honen ingurukoak dira.

ERREFERENTZIAK:

Ecología política de la mineria en América Latina (Mexikoko Unibertsitate Autonomoa)

OCMA, Observatorio de Conflictos Mineros de América Latina

(Artikulu hau LARRUN-eko 247. zenkaian kaleratu da)




INDARKERIA ETA DENBORA GALDUA: ONGI ETORRI NORMALTASUNAREN BASAMORTURA !

ARGIA astekariaren 2017ko “Aktualitatearen Gakoak” aldizkarian argitaratua: http://www.argia.eus/albistea/indarkeria-eta-denbora-galdua-ongi-etorri-normaltasunaren-basamortura

Indarkeria “historiaren emagina” ez balitz ere (Karl Marx), onar dezagun behintzat denok baliatzen garela mota bateko edo besteko bortxaz, eta onarpen horretatik abiatu beharko litzatekeela gaiaren inguruko edozein gogoeta. Naturalizatua dugu jendartea eusten duen egiturazko bortxa, eta ez dugu antzematen gugan edo gure hurbilekoengan jotzen duen arte.

Zer gertatzen da talde armatu batek –ETAk kasu– erretiratzea erabakitzen duenean? Komeni da ez ahaztea haren jardunaren justifikazioa estatuak baino ez duen bortxaren monopolioaren zilegitasuna ukatzetik datorrela. Erretiratu ostean monopolio hori zalantzan jartzen jarraitzekotan, ahalegin armatua estatuak garaitu duela baino ezin ondorioztatu. ETAren kasuan, negoziazioaren estrategia hartu zuenetik –80ko hamarkadatik–, inplizituki onartzen da porrot hori. Baina, ez orduan eta ez 2011koaren ondoren, gauzak ezin gordintasun horretan onartu, eta “garailerik eta garaiturik gabeko diskurtso eraikitzailearen” alde egiten du.

Sor dezagun egoera bat non kapitalizatu ahal izango dugun hainbeste jendek pilaturiko ahalegin eta indarra xede berdinak beste modu batera lortze aldera” entzuten dugu; edo “eutsi diezaiogun duintasunari bederen; ezin errekara bota hainbeste odol eta sakrifizio”. Kontua da, ez daudela alderatzerik indar armatuak eta indar elektoralak; sinpatia emozionalak eta estatuaren hegemonia benetan zalantzan jarriko eta borrokatuko diren jarrera indartsuak. Urteak joan eta urteak etorri ukazioetan ibili direnei ezin eskatu orain onar dezaten zapaltzen duten zorua airezkoa denik; eraiki duten gotorlekua paperezkoa.

Urteak joan eta urteak etorri, hortxe, bada, koska. Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Halere, ezin ETAri buruz ezer ulertu Gerra Hotzaren testuinguruan Hirugarren Munduan sorturiko mugimendu askatzaileek piztu zuten sinpatia eta emulaziorako grina kontuan hartu gabe. Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak?

Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, saldoka eratu ziren talde militar iraultzaileak Mendebalde osoan. Baina mende horren bukaerarako –eta 1989an kokatu behar amaiera hori, kasu honetan– amaituta zeuden ahalegin haiek, ETArenak salbu. Salbuespen horretan bilatu behar gakoa, beraz. Zer dela eta hiru hamarkada luzeko atzerapena? Arrazoi nagusi bat beste anitzen artean: gureak zuen osagai agonikoa. Mundu galdu baten agoniatik zetorren euskal abertzaletasunaren jatorrizko indarra; eta gerra zibilaren derrotak eta ondorengo hamarkadetako diktadurak min hori areagotzea baino ez zuen ekarri. Mundu osoko suhar harekin nahasiz, gure “erresistentzia armatuak” autonomia nahikoa bereganatu zuen hasieratik, errealitateak ematen zituen seinale guztien aurrean itsu jarraitzeko. Beti aurrera zen leloa, azken aldiko erabateko porrota eta suizidioa ekarri zituen egoeraren aurrean amaitu artio. Gure berezitasuna azpimarratu beharraren beharrez, pasa egiten zitzaion joera orokorragoen bazterreko epifenomeno baino ez zela.

Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik –eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe–, munduko herri baketsuena  izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. Eta gure esentziak titaniozko ontzi ederretan gordetzera erabakita gaudenez, bizitza merezi ez duten piztien moduan errefusatuko al ditugu geuk?

Beste nonbait saiatu naiz galeraren, dolurako ezintasunaren eta hainbat fetitxe sostengatzearen arteko harremanak seinalatzen. Zaila izan liteke ulertzen, lau hitzetan; baina benetako zailtasuna –pentsatzeko eta ekiteko dugun eran– barneratu ditugun inertziek ezartzen dute. Zer iragarri, orduan, etorkizun hurbilerako? Normaltasunaren basamortua.

Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garonok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: “Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar”. Edo “onar ezazue sakrifizio hori guztiak ez duela ezertarako balio izan”. “Autokritika” eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: “Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte”.

Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain “denon inplikazioa” eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako.




KAKUX, BIOBOTEREA

OHARRA: Errotarria Lepoan idatzi eta argitaratu ondoren etorri zen ETBko Ur Handitan programa eta honek ekarri zuen soka luzea: Joxe Arregiren manipulazio salaketa (Euskadi Irratian elkarrizketa) eta bere artikulua Noticias taldean. Egunkari horretara nire erantzuna bidali banuen ere, ez da argitaratua izan. Baina niretzat esanguratsuena ez zen Arregiren jarrera izan baizik eta hurbileko sentitzen ditudan hainbat iritzi emaileena (Hedoi Etxarte, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel). Hauen iritziak komentatuz idatzi nuen ondoren datorrena eta baita BERRIAra bidali ere, bertsio laburrean, baina ez da argitaratua izan. Esanguratsua da oso nola gainezka egiten duten urak beren ubidera bideratuak izaten diren, gai sentiberak, tabuak neurri handian, azaleratzen direnean. Haurren gaineko bortxa da horietako bat. Ondorengoa BERRIAn argitaratutakoaren (http://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/001/2017-03-09/kakux_bioboterea.htm) bertsio luzea da:

Maiz aurkitzen ditut nire inguruan Eliza Katolikoaren marka eta eragina gutxiesten dutenak: “Aspaldiko kontuak dituk horiek, motel; Elizak ez du, egun, orain zenbait hamarkada zuen eraginik…”. Ez nago horren ziur, ordea; are eta gutxiago Kakuxen kasua azaleratu denean zabaldu diren gogoetak entzun ondoren.

Jakina da pederastiaren gaineko Elizaren politika aldatu egin zela Irlandako eta Bostoneko eskandaluen ondoren, “zero tolerantzia” aldarrikatuz, barkamena eskatuz eta “guztioi dagokigun lakra honi aurre egiteko borondatea” azalduz. Baina nago Kakuxenak gurean sortu duen harrabotsak ematen diola gaiari eta gure gogoetarako gaitasunari bere benetako neurria. Salaketak azaldu orduko etorri zen kleroaren erantzuna, eta honen barrutik, ezagutzen ditugun bi joera nagusienak: Munillarena eta Joxe Arregirena, laburbiltze aldera. ETBk otsailaren 14ean emitituriko “Un Handitan” erreportajeak nabarmendu egin zuen gaiaren dimentsioa.

Bestetan oso hurbil sentitzen ditudan hainbaten gogoeta publikoei lotuko natzaie hemen. ETBko programaren biharamunean entzun nuen Hedoi Etxarte Joxe Arregiren diskurtsoa laudatzen: “Eta abusuen egilea langabezian geratu den kamioilari bat balitz, bortxatu dituena lau ume… zenbat patologizatuko litzateke bere ogibidea edo bere jatorria; zer zentralitatea emango litzaioke pertsona horrek bere komunitatean duen pisuari… ez ote ari da jada agnostikoa gutxienik eta ateoa bere gehienean den gizarte bat erabiltzen ari kasu hau kasik pentsa arazteko pedofilia kasuak elizaren pean bakarrik existitzen direla; ukituak egiten direla soilik umeekin eta ez, astebururo bezala, emakumeekin; eta zein leku daukan, eta nola ikusten duen gizarteak hori? Ekarpen handia egin du Arregik antipunitibismoaren afera zentroan jarrita. Alegia, guk zer nahi dugu, afera hau gainditu, berriro gertatu ez dadin, ala halako exzitazio kolektibo batean egon… egongo den eta ez dakigun horren atzean” (programaren 1:54;24 – 2:14:00). Gauza bera azpimarratzen zuen Arregik, dokumentalaren “manipulazioarekin” kexu, Euskadi Irratiak eskaini zion ondorengo elkarrizketa luzean: “Argazkilari bat izan da orain gutxi salatua, eta nik ez dut bere izena jakin nahi. Horrek ez dio ez biktimari eta ez eragileari ezertan lagunduko”. “Gehiegizko zabalkunde mediatikoaz hasi eta lintxamenduaz amaitzen dugu” esanez bezala, gure izaera maltzur eta mendekatia seinalatuz, horrek dituen arrisku guztiekin eta, kasu honetan, pederastari –biktima bat, bera ere, azken finean– egiten zaion konpondu ezinezko kalteaz jabetu gabe.

Ildo beretik zetorren Jon Sarasuaren gogoeta Euskadi Irratian. Berak ere biktimekin egon behar dela garbi utziz, “gero eta sentiberagoak gara biktimekiko” esan, eta Nietzschek kristautasunari –“ezinduen konspirazioa”– egiten zion kritika gogoratu zigun; ezkerrekoek edo feministek duten matrize bera seinalatuz: “erruduna egurtu eta gu lasai geratzeko”. Berari ere “desproporzionatua” iruditzen zaio Kakuxi emandako egurra, eta Elizari oro har; “mamu zauritu bat, jotzeko erraza dena”.

Azkenik, Idurre Eskisabelek BERRIAn: “Aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. Edota oso aintzat hartzekoa iruditu zaidala Jon Sarasuak irratian esandakoa biktimatik biktimismorako labar estuari buruz. Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak –Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi–, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan”.

Azken ohar hori interesatzen zait niri ere, baina ezin horri heldu Arregiren diskurtsoa dagokion lekuan kokatu barik non ukatzen dena den esanguratsuena: bera ez da kleroarekiko korporatibista, ez da moralista ezta setimentala ere; eta “biktima guztien enpatia erabatekotik” hori esan ostean, azken aurreko abusuen testigantzari buruz dioen gauza bakarra da “eskabrosoagoa” dela, eta Ana Moralesena “dramatikoa”.

Iritzi hauek entzunda bururatu zitzaidan lehenengo galdera: pentsatu al dute lagun hauek biobotereak Euskal Herrian izan duen espezifikotasunaz, eta bertan Eliza Katolikoak jokatu eta jokatzen duen rolaz? Ezetz esango nuke, bestela Joxe Arregiren amua ez bailukete horren erraz irentsiko. Edozein botere erakundetan bezala, “bi arima” bizi ditu Eliza Katolikoak, bata bestearen osagarri funtsezkoa indartze aldera. Haren hierarkietan ere tentsioak daude, are gehiago baseko sinestunen artean. Munilla bezalakoen kasua alde batera utzita, katolikotasunak modernitatearen aurka aurrera eramandako gurutzada galduta dagoela uste dutenak interesatzen zaizkit hemen; zintzoki beste eliza bat behar dugula pentsatzen dutenak, alegia. Sloterdijk-ek esplikatu du: “XIX. mende amaierako kristautasun protestantea ongizate-enpresa bihurtua zen, leunki maitekorra, gizatasun metafisikoz jantzia […] Katolizismoa, berriz, 1870ez landa, modernitatearen aurkako krispazioaren gorenean sartu zen, eta bere ahalegin guztiak –frente teologiko nahiz politikoetan– ez ziren ahuldadetik sorturiko makinazioak baino izan: aita sainduaren ihesa infalibilitatearen dogmarekin, misioen muturreko mobilizazioak, pentsamendu marianoaren exaltazioa, liburu liberal eta modernisten kondena, sekularizazioaren aurkako muturreko alderdi subertsiboen hedatzea parlamentuetan…; ariketa horietan guztietan dekadentziak sorturiko panikoa baino ez zen agerian uzten”. Nago Arregi bezalako katolikoek ondo ulertu dutela hau guztia, eta denbora galduaren  berreskuratze lanetan dabiltzala, ahalegin handiz. Baina Foucaultek garbi utzi zuen bezala, botereaz ari gara, diskurtsoak botere-borroka horien erdigunean duten funtzioaz, “ausazko gertakariak menderatu eta haien zama eta materialtasun beldurgarria saihesteko” ahalaz, alegia. Diskurtsoekin ez ditugu soilik borrokak eta aginte sistemak esplikatzen; diskurtsoak berak dira borroka-zelai, Elizak betidanik menderatu nahi izan duen gorputz eta kontzientzia eremu preziatuak, kasu honetan. Haurren aurkako eraso sexualetan bioboterearen eremu bortitzenean barneratzen gara. Horrexegatik da beste edozein estamenturekin konparagaitza Elizak horretan izan duen funtzioa. Eta funtzio horren indarra erabatekoa zen gurean aurreko 70eko hamarkada arte eta, beste hainbat esparrutan bezala, sendo mantendu da boteregune estrategikoetan, hezkuntza instituzioetan batez ere, inongo garbiketarik gabe. (Esanguratsua da euskal Eliza Katolikoaren inguruko azterketa ezagunenak euskal nazionalismoaren bilakaerarekin loturetan jarri dutela azpimarra –Belen Altuna, Luis Haranburu…– eta ez hemen seinalatzen ari garen sakoneko eredu sozial eta politikoetan).

Baina gauzak azkartu dira, eta Kakuxen kasuan ez da soilik izan ondo estalita zegoen zornea agerian jartzea. Horrekin batera, erabateko gaurkotasuna duten beste gai batzuk azaleratu dira, eta sekulakoak egiten ari dira batzuk “bere onera” bihur daitezen. Hasteko, zer da haur batekiko sexu abusu bat? Eta zergatik hartu behar dugu kontuan Elizak eragin duenean modu berezian? Onartzen da abusua boteretik egindako erasoa dela, haurraren zaurgarritasunari eta nagusiarekiko behar duen konfiantzari kalte konponezina eraginez. Noski daudela graduak eta ez dela berdin ukitu bat eta bortxaketa bat, baina erratzen gara konparaketan, nagusien arteko erasoekin alderatzen ditugunean (“ez da berdin muturreko bat eta tiro bat” zioen Sarasuak). Guztiz beste maila batean gaude hemen. Eta konparagarria al da kleroa beste edozein korporaziorekin? Ez, berak izan duen eta duen botereagatik eta egiturazko inpunitateagatik, hain justu. Botere hori beste inorena  baino erabatekoagoa eta sakonagoa izan baita orain oso gutxi arte. (Nola hartuko genuke Urdangarinen babesle batek publikoki esango balu zein neurrigabeko kaltea egiten ari garen bere familiari periodikoetan behin eta berriro egurtuz –“infantak galdua du loa, eta haurrak urduri dablitza, arreta galdu dute eskolan… nori egiten dio horrek mesede?”–. Elizari baino ez zaio maila horretako lotsagabekeriarik onartzen. Eta, nola ez, apez pederastak ez dira kamioilarien antzekoak, azken hauek ez baitaude horren babestuak eta kartzelan bukatzeko arriskuan baitaude, eta apezak “erretiro espiritualean”. Baina gu kulparen eta zigorren aurkakoak gara, nola ez).

http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/4648104/bideoa-ana-morales-txikitan-apaizak-egindako-sexu-abusuez/

Katolikotasunaren baitan gogo eraldatzailea sumatzen dugunean, Arregirena kasu, aldeko ditugula uste dugu. Berari ez baitzaio interesatzen horren ondo ezagutzen duen katolikotasun zaharkitu atzerakoia. Eta arimen artzaintzan jarraitzeko, korporatibismo eta moralismo oro gainditu behar duela dio: “Oso gizarte liberalean bizi gara, baina gutxi behar dugu gure haizekada intrantsigentea agerian jartzeko: egurra errudunari, inongo gupidarik gabe!”. Moralkeria gainditzeko aitzakiaz, inongo moral(keriar)ik gorena predikatzen digu berak: “Oinazea da inporta den gauza bakarra. Lehenik eta behin, abusuak pairatu dituenarena, baina baita eragin dituenarena ere. Ez dut kulpan eta zigorrean sinesten, ezta absoluzio penitentzialean ere. Hortik bestearekiko elkartasunera igaro nahi dut, nire arduratik, norberaren historia eta drama besterezinetik”. Horrek eraman du Eskisabel idaztera, ziurrenik, Arregirena “azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere”. Benetan antipunitibismoa al dago hemen ezbaian? Sinesgarria al da Joxe Arregi Kakux defenditzen duenean “sistema zigortzaile guztien aurka” hitz eginez, hamarkadetan zehar sistema horren partaide izan denean?

Baina biobotereaz ari bagara, ezin atera hitz horiek bere aginte-testuingurutik. ETBko dokumentalean, Ana Moralesen diskurtsoak uzten zuen agerian eta nabarmen Arregirena –eta horregatik salatu zuen horrek “manipulazio lotsagabea”– eta, botereak-botere, berea izan zen ETBk gerora bere osotasunean jarri zuen diskurtso bakarra, eta baita Euskadi Irratiak gonbidatu zuena “gaizki ulertuak” argitze aldera, behin eta berriz berea azpimarratzeko, ezer berri erantsi gabe. “Errukiaren Iraultza, behar dugun iraultza bakarra” dela aldarrikatzeko, guztion gainetik ipintzen du bere buru “bekataria” gure klerigoak. Horra apez berritua ideologia new age gozoena predikatuz: errua eta kondena eternalekin mendeetan zehar gorputzak eta kontzientziak terrorean hezi ondoren, neurri errepresibo guztien abolizioa aldarrikatuz.

AZKEN OHAR BAT

Etxartek Ur Handitan agertzen den Ziortza Karrantza sexologoaren ekarpena ere laudatzen du: “Gizarteak ez du onartzen hori dagoenik. Baina beti egon dira pertsonak umeak desiratzen dituztenak. Desira hor dago, beste gauza bat da nola kudeatzen dugun gizarte honetan, inori minik egin barik”. Sarasua urrutiago doa eta Erromatarren garaiko pederastia ondo ikusia gogorarazten digu, kontuan hartu gabe erromatar libreen artean –ez gara esklaboez eta emakumeez ari– aita batek bere semea hiltzeko eskubidea zuela. Desioa al da hemen gakoa ala, beste behin, boterea? Edozein pederastak, edozein bortxatzailek bere boterea –modu askotariko indarra, agintea…– erabiltzen du bestea bere nahikeriara behartzeko, hura suntsituz bada ere. Gero, –“erotika oso konplexua da”, zioen Ziortzak– geratu liteke biktima izan dena erabat lotuta bortxatzaileari, eta horrela suertatzen da gehienetan, aldez edo moldez… Puntu hori tratatzerakoan –gainerako pertsonaietan bezala–, argigarria da El Club pelikulan Sandokan pertsonaiaren diskurtsoa, bere bortxatzailearekin duen harremanaz ordena jartzera datorren jesuitarekin duen elkarrizketan:

(pelikularen lehenengoetako sekuentzia batean agertzen da Matias Lazkano hori eta Sandokanek haien arteko harremanaz gogoratzen diona, gainontzeko apezen asaldurarako):

Errepresioarekin batera, errua jarri ohi du gaitz psikologiko eta sozial guztien jatorrian hainbat diskurtso askatzailek. Erru sentimendua gaiztoa da, patologikoa, horretaz libratu behar dugu lehenik eta behin, diogu. Baina erabat  azalean geratzen gara modu horretan, erruaren funtzio psikikoan ezin erreparatuz, eta inpunitateari ateak zabalduz.




LYCISCA: TALKAK MUGALDEAN

(BADOK euskal musikaren atarian ere argitaratua)

Ez dago ingurunerik, egun, bere labela bilatzen ez duenik. Bisitariak erakartzeko, inbertsioak. Zokoan geratu nahi ez, nonbait, eta, herrixka globalean, logoen arteko lehian sartu behar, nor izatekotan. Basque Country edo Idiazabal; Bilbao edo Culinary Center, horra eredu dirdaitsuak. Karrantza, gure lurralde txikiko mendebaldeko muturrean, mugako udalerria dugu hainbat zentzutan, eta baita agian bere marketan ere: Pozalaguako kobazuloa eta Euskal Herria esnea; Enkarterrietako billano txakur arraza autoktonoa eta Karpin basa faunaren aterpe zoologikoa…

Gerard Ortín zinemagileak begiak eta belarriak ipini ditu mugalde horretan; hurbildu da turismo agentziek eskaintzen dituzten proposamen horietara eta galdetu egin dio bertako jendeari. Baina ez adituei, ez telebistako dokumentaletan agertzen den jende ikasiari, politikariei. Zerekin eta norekin egin zuten talka egungo enpresa, turismo gune edo jarduerek orain duten kokapena eta funtzioa eskuratzeko, zeren eta noren kontra eraikiak izan ziren, ez horren aspaldian. Eta mundu kontrajarriok utzi ditu agerian, kontraste bateraezinak, sasoi, jende eta  animalia irabazle eta derrotatuen arteko elkarbizitza.

Donostiako Tabakaleran egon da 2017ko otsailaren 5a arte Organismo bizidunen agentzia erakusketan edozeinen begi-belarrietara nahi adina aldiz dastatzeko moduan lan hau bazter bateko itzalean eskura. Bertan ikusi-entzuten duguna ez da aldarri ozen bat, itzalean –ilunpean ia– antzemateko elkarbizitza mingarri horien oihartzun bizi, dotore eta delikatua baizik. Irudiek kontraste egiten dute, maiz, entzuten dugunarekin –abere elbarrituentzako aterpe deprimentea, eta ikusiko ez ditugun ume-bisitarien oihu-algara jostalariak, esaterako–, baina batez ere irudiek jasotzen dituzten giroen artean edo hitz egiteko, “diskurtsoa artikulatzeko” orduan nabarmentzen da etengabeko talka hori. Billano txakurren txapelketako irudiekin zabaltzen da pelikula, bertako week-end giroan –Tapia eta Leturia megafonian, epaimahaiko azterketa taxonomikoen hitz aspertuak, irabazlearen pose luzea…– eta, kontrastez, zakur horiek zein funtzio betetzen zuten esplikatzen duen artzain edadetuaren hitz moztuak, deskribapen desartikulatuak, eskuen mugimenduak hizketan ari direnean, hitzik gabe gelditzen diren aurpegi zailduak: “…behi batzuk, mendian jaiotakoak, 15-20 urte izango zituzten, eta inoiz lotu gabe zeuden. Ez zegoen haiek harrapatzerik, zakurrekin ez bazen. Bost edo sei behar ziren behi bat harrapatzeko. Behia maldan behera, txakurrek muturrean hoska, belarrian, lurrera bota arte, eta denok zilipurdika maldan behera”.

Edo Pozalaguako turista-gidarien ahots neutroa bertako itzalean bueltaka dabiltzan bisitariak informatzen: “1957an aurkitu ondoren, harrobiak hogei urte gehiagoz jardun zuen lanean, harik eta 1976an behin betiko ixtea erabaki zen arte, haitzuloa ondo kontserbatzeko. Orduan, langileek, suminduta, azken leherketa bat egin zuten, dinamita karga hirukoitza ipiniz ate ondoan. Kalte handiak eragin zituen haitzuloan, eta larrienetakoa izan zen lurzorua guztiz pitzatu eta ura filtratu zela. Horregatik dago orain lehorra”. Ahots-tonu horrek ez du aurpegirik behar, makina batek mila aldiz errepikatzeko modukoa denez, bertan dabiltzan turistengan ez baitu inongo erreakzioa lortzeko intentziorik, istorio larriena input neutro eta axalekoa baino ez baitu izan behar turistarentzat. Kontraste bizian garai haiek ondo gogoratzen dituen emakume artzainarenarekin edo harrobian edozein lanetan ibili zen beharginarenarekin –esku urduriak beste behin, begiratu galduak, isiluneak…–: “Harrobia geldituko ote zen zurrumurrua zebilen, baina nik ez nuen sinesten. Begira non hasi ziren eta noraino iritsi diren! Eta hor falta den guztia ere neronek ikusia dut. Zenbat lagun hor lanean…”. “Nik denetik egin nuen hemen: txofer, guardia, artillero… Pistola neukan, eta joaten nintzen… Bueno, hori ETAren zera baino lehen… Gallartako bolborategira joaten nintzen. Kamioian kargatu bost tona nagolita, metxa eta detonagailuak, eta hona, patata zakuak bailiran… Gero Guardia Zibilak… Gertakaririk gogorrena galiziarren kontua izan zen. Hemen lehertu egiten ziren lanean, bederatzi kiloko mailuez harriak txikitzen eta… Arrakala ireki zen astean, bertan nenbilen makinista lanetan”.

Eta Lycisca? Googlen arakatzea eskatzen duen hitz horrek pelikularen une gorenera eramango gaitu, harrigarrienera: “Zenbat jo dudan nik hau, otsoak uxatzeko, ai ama! Egunez eta gauez. Baina gauaren isiltasunean ozenago entzuten da. Gau batez hartu nuen izua: oinez nindoan ardiak biltzera. Zarra-zarra ari zuen euria, eta behe-lainoa, itxia. Bidezidor batetik nindoan… eta arraioa!, aurretik zihoan txakurra, atzera ustekabean, nire hanketan babestera: otso bat!”. Baina ezin soinurik atera kamera aurrean, behinola otsoak uxatzeko hainbeste jo zuen itsas kurkuiluari; irribarre etsia. Une gorena diot, istorio zati guztiak agertu zaizkigunean, kobazuloan entzungo baita ulua, crescendo nabarmenean, garai bateko iluntasunetara gu eramateko ahaleginean edo, kobazuloko estalaktita pitzatuak eta gainontzeko arrakalaktravelling luze batean erakusten zaizkigun bitartean. Kurkuilua bera da biraka eta distiratsu azalduko dena azkenik ilunpean, aditzera eman zaizkigun inpresio guztien sinbolo bilakaturik. Gauezko ardi urduriak eta benetako otsoa –behin eta berriz hitzez eta irudietan iradokia izan zaiguna– gure bila baina gu begiratu ere egin gabe, trosta dotorean edo ibilian, eta irudi sostengatuan kontakizunarekin amaituz.

Lycisca esaten omen zitzaion Erroman zakur eta otsoen arteko nahasketari, baina baita gizon- edo emakume-otsoari ere. Klaudio enperadorearen Mesalina emazte liluragarri bezain beldurgarriaren gaitzizenetako bat izan zen Lycisca. Otsoa da gure zibilizazioan –abereen aurkako gerra etengabean ere eraiki den honetan –basapiztien eta esklabotu-etxekotu ditugun animalien artean eraiki dugun mamurik beldurgarri eta oparoenetakoa. Bere ahaide zakurrek, berriz, beste abereek bete ez duten leku apartekoa hartu dute mendeetan zehar, eta nekazal giroan ezagutzen ez zuen funtzio berria ari da hartzen hirietan –Donostian hamasei milatik gora dira zakur erroldatuak; bost milatik gora “zakur arriskutsuak” EAEn–.  Eta Karrantzan gertatu dira otsoen aurkako azken ehiza legalak, ingurutik erabat desagerrarazi arte. Animalien aurkako gerra horrek jarraitu egin zuen etenik gabe milaka urtetan suzko armak orain dela hamarkada batzuk ia denon eskura egon arte. Arma hauen hedapenarekin, abeltzaintzaren industrializazioarekin, okelak dieta urbanoan duen leku berriarekin, iruditeria garaikideak animali munduaren ikuskeran gertatu diren aldaketekin… oso larria den zerbait ezkutatzen eta agerian uzten ari gara, aldi berean. Erabateko derrota baten ostean, abereak dira inoiz ez bezala bortxatuak eta, era berean, ahotsak altxatzen dira haien eskubideen defentsan. Krimen perfekturik eta behin betirako irabazitako gerrarik ez denez, leihoren batetik gudu-zelai horretara begiratu bat emateko aukera eskaintzen digu Lycisca pelikulak, irudi, hots eta hitz neurtu, soil, gordin eta adierazkorretan.




ERROTARRIA LEPOAN

(Artikulu honen bertsio laburrago bat argitaratu du BERRIAk 2017ko urtarrilaren 17an)

Mendizabal abade pederastaren kasua dela eta, “gehiegizko zabalkunde mediatiko” baten barruan gaudela diote bere klerokideek. Ezin dutela burutik kendu, eta hori ez omen da sanoa. “Kakuxen oso hurbileko sentitzen naiz, sakonki hurbil” dio Joxe Arregi teologo ezagunak: “Gipuzkoako elizarentzat egin duen guztiarekin, horrentzat suposatzen duenarekin. Amildegiaren sakonenean imajinatzen dut, eta pena infinitua sentitzen dut beragatik, eta baita bere ama eta adiskide hurbilekoengatik ere. Ni ez bainaiz bera baino hobea, hori da Jesusen ebanjelioan irakurtzen dudana”.

Burutik kendu ezinik nabilenez, neu ere, ariketa batean murgildu naiz egunotan: entzun eta irakurri ditut biktima eta apezen hitzak, sentitzen dudan amorruaren barne-burrunbari eutsiz, eta zintzotzat hartu batzuenak eta besteenak. Horrekin batera, berriro ikusi ditut azken urteotan erreferentziazko ditudan hainbat pelikula: 2003ko Song for a Raggy Boy (hegoaldean, Los niños de San Judas), eta 2015eko El Club eta Spotlight. Irlandan 1985a arte indarrean egon ziren erreformatorio katoliko bateko gerra osteko giroa erakusten du lehenak, Txilen delitu larriak egindakoen apaizentzat “erretiro etxea” bigarrenak, eta Boston hiri katolikoko pederastia sarea argitara atera zuen kazetari ikerketa hirugarrenak. Gurean bezala, hiruretan agertzen dira biktimak eta borreroak, baita gehiengoa osatzen dugun ingurukoak ere; sentimendu kontrajarriz zeharkatuak, normalean. Ez zait batere zaila egin pelikula hauetako protagonisten hitzak eta gure artekoenak erkatzea. Haur bat bortxatzea gauza bera baita nonahi, eta XX. mendeko elizaren soslaia guztiz errekonozigarria gurea bezalako “mundu katolikoan”.

Urte luzeetako isiltasun eramangaitzaren ondoren biktimek publikoki hitz egitea erabaki dutenean etorri dira Gipuzkoako Elizaren hitzak, haienak baino askoz leku handiagoa hartuz. Elizbarrutiaren lehen agirian “reverendo” diote beti pederastiaz kondenatutakoaren izena esaterakoan, eta gainontzeko diskurtso hanpatua eta korapilatsua, lege-gizonen eta epaileen tankerakoa da: “…siguiendo ritualmente el protocolo canónico establecido para tratar estos casos, creó todas las condiciones jurídicas materiales y procesales para que”. Edo “declaración de culpabilidad del reo y la imposición a este de diversas penas expiatorias ex cann. 1336-1338 CIC y de otras medidas administrativas y disciplinares”. Laburbilduz: pena eta atsekabea sentitzen du elizak eta barkamena eskatzen du –ego me absolvo…–, eta elkartasuna biktimekin eta baita reverendo gizajoarekin ere. Lehen komunikatuaren azken hitzak: “Esta Iglesia particular, en comunión con el Sucesor de Pedro, el Papa Francisco y unida fraternalmente con su Obispo José Ignacio, eleva desde la fragilidad una oración confiada al Señor, implorando con confianza los dones de la justicia, el perdón misericordioso y la paz”.

Baina hori dena ez zen nahikoa izan eta “gertakariak azkartzen” ari zirenez (hots, biktima gehiago ari zenez gertatutakoa hitz xume eta garbiz kontatzen) medioen aurrean azaldu behar izan zuen obispoak, bigarren komunikatu bat irakurtzeko: Egia ona omen da denontzat eta inor ez omen dago kontu larri hauez libro. Baina bi ñabardura egin zituen: Elizak sistema juridiko propioa du (“para establecer penas que priven a los fieles de cualquier bien espiritual o temporal –can. 1312 §2 CIC–”), eta sistema hori gogorrenetakoa da adin txikikoen gaineko abusuak zigortzerakoan. Kasu honetan (“abuso en grado de tocamientos desonestos”), monasterio batean bolada batez bizitzeko eta “terapia psikologikoa eta espirituala” jarraitzeko obligazio zorrotza izan dira ezarritako zigorrak. Elizak bere Agintetik hartzen du Hitza, Jainkoaren eta Komunitate Unibertsal Eternal batetik, baina zer dio ia urte bete terapian dagoen presbitero agurgarriak? “Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina AEBetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini. Gaur egun Eliza eta epaileak bat eginda daude eta ez dago zirrikiturik elkarri laguntzeko”.

Hitzok bere kasua epaitua eta kondenatua izan ondoren eta gordeta jarraituko zutelako inpunitatearen ziurtasunetik esandakoak dira, nola bestela, baina zergatik ez hartu zintzotzat? El Club pelikulako pederasta horrela ari zaio epaitu nahi duen jesuitari dioenean: “sexu doilor eta sakonenean bizi izan dut nik Jainkoaren Argia” eta “[apaizok] kondenatuak gara gorputz likitsak izatera”. Spotlight-eko psikologo adituak, berriz, apaizena “fenomeno psikiatriko antzemangarria” dela adierazten du, erdiak sexu harremanak dituztela esplikatuz, eta %6k direla pedofiloak. Aukeratutako haur biktimei dagokienez, guztiz errekonozigarriak direla hauek ere: txiroenak, babesgabeenak, familia ahulenetakoak…

Bostoneko eta Irlandako eskandaluak izan dira sonatuenak azken hamarkadetan: Europa iparraldeko lurralderik katolikoenean hain ziren larriak eta ugariak kasuak, gobernu-komisio bat eratu behar izan zuten ikertzeko. Hamar urte behar izan zituen lantaldeak, eta 2008an argitara eman zuen txostena. Elizak kolaboratzeko jarri zuen baldintzen artean, hau nagusia: inplikatuen izenak ez argitaratzea. Informea 25.000 biktimez ari da, 400 erlijioso eta 100 laiko akusatuez. AEBetako eta Irlandako ikerketen harira, uholdea hauspotu zen, eta Vatikanoak 6.000tik gora salaketa jaso ditu hamarkada batean, eta milatik gora abade kaleratu.

Zer dela eta halako ikerketarik ez izatea Europa eta Amerika hegoaldeko lurralde ezin katolikoagoetan? Ez al da hori bera “gure katolikotasunaren” ezaugarri nabarmena –protestanteekin alderatuz, kasu honetan–? Adin batekook ondo dakigu bortxa fisikoa eta orain abusu sexual gisa izendatzen dugun hori ohikoak zirela kolegio katolikoetan, eta asko baino gehiagotan bien artean aukeratu behar izaten genuela haurrok. Marka hori daramagu barnetegi katolikoetan haurtzaroa eta lehen gaztaroa bizi izandakook, eta asko gara joan den mendearen erdialdean jaiotakoen artean. Marka horren ezaugarriak: terrorea lege egiten duen sistema baten barruan, gure muin intimoena zaintzen egindako ahalegina eta horren ondorioak. Hitz gutxitan esanda: jipoien eta laztan likitsen artean aukeratu behar izatera behartuak izan ginen asko, haur eta gaztetxo batek berezko duen babesgabetasunean eta bakardade handian. Abade sadiko lizun nabarmen horiek lasai asko ibiltzen ziren eta dabiltza kaleetan gerora, eta euskal herrietan, ingurukoetan baino dezente ikastetxe katoliko gehiago ditugu oraino –haien irakasleen soldatak diru publikotik ordainduak direlarik, besteak beste–. Ez naiz hemen sartuko, ordea, Elizaren pribilegio fiskalekin edo inmatrikulazioekin, beste maila bateko gaia baita honakoa –Urkulluren esanetan, “Elizaren barne kontu bat”–.

Eliza Katolikoaren ahala eta haren arrastoa sakona da oraino, eta egunotako harrabotsak balio dezake hainbat kontu bere gordintasunean une batez begiratzeko: betiko bakarmenaren ministerioa mendeetan zehar monopoliziatu duen instituzio batek, lehenik eta behin, bere burua inmunizatu du edozein arduratik, inpunitate ia erabatekoan. Horregatik dabiltza horren aztoratuak egunotan, baita “lintxamendu mediatikoa” salatzen ere. Azkar ikasi dute azken hamarkadetako pederastia eskandaluetatik eta ekimena berea behar duela ulertu, ez biktimena. Komunikatuak eta agerraldiak egunero; iritziak eta kexuak. Munilla obispoak igandeko homilian laburbildu zuen: “Guztiz injustua da bizitza oso bat eman ondoren ebanjelioaren eta behartsuenen zerbitzuan, hori dena zalantzan jartzea kide baten traizioagatik”. Urteak daramatzate “sexu perbertsioen” salaketa obsesiboan, “jendartearen degradazio erabatekoaren” aurkako gurutzadan: dibortzioa, homosexualitatea, sexu askatasuna, abortoa… Nazareteko Jesusen ebanjelioaren izenean, baina testu horietan ez da ezer zehatzik aipatzen gai horiei buruz, bai ordea pederastiaz: “Nahitaezkoak dira eskandaluak, baina haur bat eskandalizatzen duena, hobe luke errotarri bat lepoari lotu eta itsasora bolako balute” (Luk 17, 1-2). Ez ditut hitz horiek aipatuak entzun inon egunotan.

PD. Artikulu hau burutu ostean aukera izan dut Montse Armengouren eta Ricard Belisen Kataluniako TV3rako egindako dokumentala ikusteko (Els internats de la por “Beldurraren barnetegiak”). Kontakizun izugarri horien artean non entzuten dut Errenterian milaka haurrek ezagutu genuen salestar baten izena: on Porfirio Castro (38. minutuan kontatzen dituzte haren balentriak Madrilen, Don Boscora “ikasketa zuzendari” gisa etorri aurretik, nonbait).

https://www.youtube.com/watch?v=wtZ4u8EmJzA




DOLU BATERAKO ARRASTOAK. Hiru sarrera berri

ZAZPIGARREN HERIOTZAren paperezko edizioan argitaratu gabeko hiru sarrerok liburuaren bigarren aldeko atal bakoitzari dagokie:

GURE MENDEA

4-ryan-1981

XX. mendeko une latzenetik libratu ginenen historia bat da hemen kontatzen ari naizena, mende horren hasiera markatu zuten inoizko suntsiketa masibo eta planifikatuen ondorengoena. Halere, 70eko eta 80ko hamarkadetatik egungo egoerara egin diren ibilbideak aztertzeko orduan, ezinbesteko da atzeragoko jauzia egitea, gure aurreko belaunaldiek bizi izan zutena kontuan hartuz. Galdera da zergatik eta, batez ere, zeren kontra eraiki ziren guk atzera bueltarik gabekotzat genituen XX. mendeko azken hamarkadetako aldaketak. Erresaka batean bizi baikinen gehienetan, ustez ekimena hartzen ari ginenok eta, aldi berean, azken joera berritzailetzat genituenak remake higatuak baino ez ziren, anakronismoaren ezaugarriez lastatuak.

Gure aurrekoak ez bezala –industrializazio aurreko jendeaz ari naiz– ideia eragile nagusi batek elikatzen gintuen. Liluratzen gintuen ideia hori “behin-betikotasuna” zen: gainditu behar genuen behingoz injustiziaren zentzugabekeria. Aurrekoak, izan ere, bizirik irauteko zortea izan zuten gutxiengoaren parte zirelakoan bizi ziren –estatistikoki gauzak modu horretan ez baziren ere–; familia barneko gaixotasun hilgarrietatik edo gerrate suntsitzaileetatik nolabait libro. Guri, berriz, ezabatu egin zitzaigun kontzientzia hori, eta, aldi berean, munduaren egitura injustuekin behin betikoz amaitzeko deituak sentitu ginen. 70eko hamarkadan, XIX. mendean piztu ziren ideario eta mugimenduen arrastoan jarri ginen, jakin gabe “Azken Borrokarako” grina hura oso aspalditik zetorren irrika bat baino ez zela, kristautasunak iragartzen zuen “Azken Eguneko” justizia erabatekoaren biharamuneko esperantza, hain justu; erlijioak berak mendeetan zehar ideia horri emandako korrekzio edo egokitze zantzurik gabekoa, oraingoan[1]. Baina, aldi berean, askoz ere hurbilagotik zetozkigun aldaketen barruan bizi ginen: ordura arteko sistema produktiboak –gehiengoaren eskasian bermatuta sortua zena– bere mugarekin egin zuen topo, eta aro berri baten hasierari ekin zion. Ondorioz, oparotasun materialaren erabateko erreinura izan ginen gonbidatuak, merkatu ahalguztidun itxuraldatu batera. Kontentzioa eta sakrifizioa balio nagusitzat zuen kontzientzia batetik, kontsumoaren jai eternal bat akuilatzen zuen itxuraz kontrakora izan ginen behartuak.

Horrek guztiak sekulako pertzepzio-distortsioak eragin zituen; borroka latzen ondoren lortutako zenbait esparru –emakumeen eskubide formalak edo sexualitatea bizi ahal izateko askatasuna, esaterako, eta beste hainbat “lorpen demokratiko”–, hamarkadetan zehar “esparru liberatu” gisa irudikatu izan genituenak, borrokatzen genuen sistemaren zutarri bihurturik sumatzea ulergaitz egiten zitzaigun, aldaketa honen esanahia eta helmena ulertu ezinean. Jendartearen erotizazioaz gogoetatu behar beraz, hasteko, disperzepzio horretatik libratuko bagara, eta, ondoren, “irrika askatzaile” gisa sumatzen ditugun hainbat grina erlatibizatu edo behar bezala kokatu beharko ditugu. Gurean, halere, 70eko urte gogorretan inork gutxik  irudikatzen zuen atzerapen eragile nabarmen batekin egin behar izango genuen topo: erabat anakronikoa bilakatu zen indarkeria politiko baten jarraipenarekin, hain justu. Hartan zebiltzanek ezin baitzuten ulertu “gogorrago jotzeak” ez zuela zertan ekarri behar “gehiago aurreratzea”. “Ahal dugu, beraz, egin dezagun” pentsamoldearen logika ez dela berez logika askatzailea. Beste modu batera esanda, muga etiko bat ezinbesteko da ezein politika askatzaile baterako, eta, bestela, aurrerapenaren izenean jaiki dena atzerapen bihurtuko da, eta, uste baino gehiagoetan, progresismo erreakzionarioaz aritu beharko dugu.

Tantaka eta asko kostata azaleratzen ari diren ETAren osteko hainbat testigantzari erreparatzea argigarria izan liteke aurrekoaren dimentsioaz jabetzeko, eta baita ere irudiz beste norabide bat duen joera “baikorrari”.  Modu sinplean adierazita, ETAren iraupen tematia gertatu behar ez zitzaigun menturazko istripu baten moduko gisa kontsideratzea ia, fundatzaileen asmo eta helburuen aurka bilakatu den fenomeno morbido gisa. Joera horrek etengabeko errebisionismo batera eraman gaitu; buruzagi edo aldi zehatz baten ontasuna edo egokitasuna goraipatu eta haren ondorengoaren zorigaitza gaitzestera, alegia. Zurikeria horietan aritzeak norbaiten zama arintzea ekar lezake, baina fenomenoaren azalean geratzera kondenatzen gaitu.

KALTEAZ, DAMUAZ, KONBERTSIOAZ, ERREPARAZIOAZ

5-joxearregi_jkunzurrunzaga

Gero eta zailagoa egiten da aurreko baieztapenen gaurkotasunean sinestea –  “Hitzez beteta gaude zeinen benetako esanahia inork ez digun erakutsi… Ebanjelioko Jainkoagan sinesten dugu…”–. Nork esan lezake horrelakorik egun, sekta zimel eta susmagarriren baten kide gisa seinalatua izan gabe? “Gizartearen erotizazio orokorrak eragindako inplosioa izan da gure heroien mundua eramangaitza bihurtu duena” aipatu dut arestian, eta XX. mendearen ezaugarria –Errealarekiko irrika– erabat eta behin betikoz atzean utzi dugula errepikatzen digute kontratatzen ditugun adituek, uneoro, publizitatearen indar limurtzaileaz. Zertara dator, beraz, bortxaz eta indarkeriaz oraino jardutea? Nola tematu horrekin egunero geure buruei diogunean ez dugula bortxarik onartzen, eta, baldin bada, geure esparru geografikotik edo eremu politikotik landa irauten duela, hor nonbait, gero eta ulergaitzagoa egiten zaigun bazterreko fenomeno lizunen moduan?  Emakume bortxatuek, egunero merkatutik at geratzen diren milioika miserableek, haur abusatuek, herri bonbardatuek, kartzeletan usteltzen diren giza hondakinek… ez dute gurekin zerikusirik.

Gero eta urrutiago geratzen zaizkigun gertakari tamalgarriak izan ziren behinolako bortizkeria, akzio-erreakzioaren muturreko jarduna, torturak eta erresistentziarako deiak. “Eraikuntzaren sasoian” gaude orain, eta bazterrera kondenatua izan nahi ez baduzu, ahaztu behingoz gorrotoa, kaltea, mendeku-gosea. Eta amesgaiztoek bakerik ematen ez badizute, kontratatu psikiatra on bat edo iraganetik libratuko zaituen xamanen bat, behinik behin. Irabazleentzat, euskal bortxa politikoa gertakari kriminalekin zerikusirik baino ez duen zerbait izan zen. Galtzaile mota guztientzat, berriz, patu tragiko baten ondorio tamalgarria. Bizitzarekin ordaindu zuten batzuek, tortura eta hamarkadetako kartzelarekin beste batzuek. Zauriak sendaezinak direnean ere, exorzismoa praktikatzen jarraitzen dugu, teknologia aurreratuenekin itxurak egiten.

Behinola borroka armatuarekin engaiatu eta beren ekintzen bidegabekeriaz jabetu direnen artean, ausartu dira batzuk publikoki onartzera eta, “autokritika eginez”, eragin zituzten biktimei barkamena eskatu eta “justizia, egia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez delako bermea” errebindikatzera. “Zer egin daiteke konponezina den akats bat neurri batean konpontzeko?” galdetzen du Jonan Fernandezek Langraiz bisean bis, ETAren disidentziarekin aurrez aurre liburuaren hitzaurrean. Eta ihardetsi: “Galdera horiei erantzun inperfektua emateko tresna bakarra autokritika da. Autokritikak giza balio sakona eta irismen handiko balio politikoa du”. Delako autokritika horren esanahia eta helmena da, halere, zalantza sortzen duena liburu horren orrialdeetan aurrera egin ahala. Gauzatu den disidentziak ez al du xahutu gizatasunaren eta politikaren gaineko ezein gogoeta sakonik? Hemen ere, azkarregi amaitzeko larritasuna antzematen da.

Prozesu autokritiko hori deskribatzerakoan hiru urrats seinalatzen dira: “arrazoi pragmatikoak izan ziren lehenbizi [borroka armatua arbuiatzeko], estrategiko-politikoak gero eta, azkenean, etikoak”. Zer esan nahi da “arrazoi pragmatiko” horiekin? Gero eta konplikatuagoa zela hasiera bateko eraginkortasuna? Eta “estrategiko-politikoekin”? Helburuak lortzera –independentzia, sozialismoa, herriaren askapena…– hurbildu beharrean, aldendu egiten zituztela helburu horien arerioak indartuz? Eta “etikoekin”? Gero eta eramangaitzagoak zirela ekintzek eragiten zituzten kalte pertsonalak, azkenik “eragindako min bidegabearen errekonozimendua eta biktimekiko enpatiara” iristeko? Ez dut uste konklusio hauetara heldu direnei ere gehiegi kostako zaienik onartzea ondorio horietara ailegatzeko ez dela “sakontasun” handia behar. Aitzitik, arrazoibideari gutxieneko zirrikitua zabaldu zaionean, sentimenduen jarioa edo uholdea aktibatu da –lotsarena, kulparena– , eta horrek hasierako “bizia emateko kemena” dagokion lekuan jarri du.

Niretzat deigarriena, halere, zera da, zenbatetan aipatzen den “koherentzia” hitza zerbait esatera ausartzen direnen artean: “ETAn sinesten nuenean kontsekuente izan nintzen sinesten nuen hartan eta sakrifizio izugarria egin nuen, eta gero, alderantziz, utzi nuenean ere uste dut kontsekuente izan naizela” (Kepa Pikabea); “ETAn derrigorrez sartu behar nintzela uste nuen neure buruarekin koherentzia mantentzeko, zeren benetan horretan sinesten banuen ezin nintzen konpromisoari atzea emanda geratu, nahiz eta askok hala egin zuten…” (Carmen Gisasola). Berrogei urte inguruko ibilbide sufritu baten ondoren, duintasunari eusteko ahalaz jendarteak onar dezakeen gutxiengora heldu dira taldearen gehiengoarekin hausteko gai izan diren disidenteok. Aitortu behar zaie hori, baina erakusten dutena da haientzat irtenbide posiblea bakarra aurkitu dutela beren buruekin zuten konponezintasunarentzat. “Elkarrekin bizi behar dugu. Eta gizaki gisa gure balioa ez da ideologian oinarritzen, gure giza nolakotasunean baizik” onartu ostean, “gertatu zenak inoiz ez zuela gertatu behar” mantra gisa behin eta berriz errepikatzen digute, hitz horiekin Historiaz kanpo geratzen direlarik.

Hainbatetan gertatu bezala –Ebanjelioko etxekaltearen parabola ezin ahaztu– damu zintzoa erakusten dutenak onartuak izango dira berriz ere Aitaren etxean; Aita mendekuaren irrikari eusteko gauza izaten baita, bere aginte erabatekoari men egitearen truke. Baina damu horren gaineko haien gogoetetatik –berdin du hemen “autokritika” edo “disidentzia” terminoekin apaintzea– zerbait zabalagoa eta sakonagoa eska dakiguke. Ez da aski indarkeria tabuaren gela ilunean beste behin giltzapetzearekin, egunerokotasuna eta botere-harremanak bortxaren gainean eraikita daudelako gogoeta ezkutatzeko. Ez da aski bizi izan dugun gerra-egoeran hainbat gertakarik –tortura kasu; egunerokoa sostengatzen duen hainbat bortxa “ez politiko” bezala– izan duten eta oraino duten funtsezko lekua ahazteko. Ezta borrero eta biktimen arteko arrakala zeharkagaitza deklarazio formalez eta antzeztutako mea culpaz estaltzeko ere.

Urrutira jo dut datozen orriotan adibide eta testigantza gordinen bila: Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian ibilitako baten torturari buruzko gogoetara; Indonesian CIAk hauspoturiko estatu-kolpearen ondoren berrogeita hamar urtez indarrean dirauen erregimen odolzale lizunaren testigantzara, edo hainbat fikzio-lanetan gordinki tratatzen den borrero eta biktimen arteko topaketa Errealetara. Aski nuen gure artean laurogei urte pasata ere erdi ezkutuan dirauten ehunka mila sarraskiri erreparatzea, hiru urte iraun eta ondorengo lau hamarkadaz luzatu zen Espainiako gerra zibilari eta haren ondorengo irabazleen trantsizio eredugarriari erreparatzearekin. Baina batzuetan gardenago ikusten dira gauzak –hemengoak eta nonahikoak direnez– urrutiko trazu aratz batzuez. Europa osoa eta munduko beste zenbait lurralde suntsitu zituzten XX. mendeko lehen erdiko gerren ondoren, asko pentsatu eta idatzi da “besteen aginduetara” gauzatutako sarraskiez, eta nago gure arteko borreroek ere Beste norbaiten aginduetara ibili zirelako sentipena dutela. Testuinguru honetan, merezi du Canetti-ren hitzak gogoratzea:

Gauza jakina da inoren aginduetara dabiltzanak direnik eta ekintzarik makurrenak burutzeko gai direla. Agindu horien iturria agortzen denean eta haien ekintzak aurrez aurre begiratzera behartuak direnean, haiek berek ezin izaten dute beren burua errekonozitu. […] Gerora daramaten bizimodua bestelakoa da, ekintza haiekin kutsatu gabea. Ez dira sentitzen hobendun, ezta ezertaz damutzen ere. Ekintza haiek ez dituzte barrendu. Normalean, beren ekintzak ebaluatzeko gaitasun osoa duten pertsonak dira. Beren ekimenez egindakoak espero zitekeen aztarna uzten die. Lotsa sentituko lukete probokatu ez dituen izaki ezezagun eta babesgabe bat hilko balute. Inor torturatzeak higuinduko lituzke.

[…] Ezten bat geratu zaie gauzatu duten agindu bakoitzeko. Baina ezten hori arrotza zaie, jaso zuten agindu hura bezain arrotza. Nahiz eta haiengan betiko iraun, eztena ez da inoiz haiena izango, zer arrotz gisa sentituko dute beti. […] Eztendunak ez du bere burua akusatuko, eztena baizik, zer arrotz hori; hura da benetako erruduna, eta soinean eraman behar du, askatzen ez zaionez. Zenbat eta arrotzagoa sentitu agindu bat, orduan eta erruduntasun txikiagoz blaituko gaitu eta orduan eta nabarmenago iraungo du ezten arrotz gisara. Eztena bera baita lekukorik behinena frogatzeko ez ginela gu geu izan dena delako hura egin zutenak. Eztenaren biktimak sentitzen gara, beraz, eta horrek galarazten digu benetako biktimarekiko inongo sentimendurik izatea.

[…] Historia luze baten ondoren, aginduak izaera konpaktua eta itxia du, eta berdin da zein ikuspuntutatik begiratzen diogun, aginduak gaur egun duen izaera hori bera da giza elkarbizitzak duen elementurik bakandu arriskutsuena. Kemena behar dugu aginduari aurre egin eta haren ahala borrokatzeko. Bitarteak eta bideak aurkitu behar ditugu gizabideari eusteko haren inposaketaren aurrean[2].

Atzera egiten dugu ikaratuta bortxak bere maskarak kentzen dituenean, baina ez da erreakzio hori estaltzea –bakeaz edo anaiarte jainkotiar edo gizatiarren goraipamenez– gogoetaren funtzioa, inpaktuari eutsi eta haren erro sakonetan pentsatzea baizik. Horregatik amaitu dut atal hau gure artean nagusi den egitura psikikoaren inguruko hainbat apunte egiten.

FETITXEAK, AUTONOMIA

6-lemoiz_gaur_jgorostidi

Ez da orrion helburua ekintzarako formulak aldarrikatzea. Aitzitik, ekintzarako konpultsioari eutsi eta ezinbesteko dolu baten premiarako lanabesak eskaini nahi lituzkete. Ahalegin honetan, bi ildo argi gurutzatu dira etengabe gogoetan, subjektibitatetik –eta subjektibitate horren gauzatzeak edo ukatzeak dakarren ondorioetatik– nahiz dimentsio kolektibotik zabaldu direnak: politikoa bata, etikoa bestea. Jarduera politikoekin zerikusirik (ia) ez balute bezala tratatzen ditugu motibazio, aukera eta hautu pertsonalak. Baina arlo batean ditugun korapiloak askatu gabe, katramilatuak geratzen gara bestean; edo –are era penagarriagoan– bateko ezintasunak bestean konponduko ditugulako ilusioarekin nahasten gara: “Herri gisa –edo Klase, Genero edo beste ezein Kolektibo gisa– erdietsi behar dugu Hau edo Bestea, eta soilik orduan izango da Dena posible –eta ezer ere ez bitartean–” edo, alderantziz, “alferrik gabiltza kanpora begira, Dena geure baitako arazoaren proiekzioa baino ez baita”.

Horrexegatik hartuko dute fetitxeek –jarduera subjektibo bat kalifikatzeko erabili ohi den kontzeptuak – leku nabarmena datorren atalean. Masokismoarekin gertatu bezala, gero eta erabiliagoa da “fetitxe” terminoa diskurtso ideologiko-politikoetan, baina horrek ez du esan nahi kontzeptuok duten inplikazio sakonez jabetzen garenik. Iheskorrak baitira, edo behin eta berriz egoera birpentsatzeko eskatzen diguten horietakoak. Fetitxismoa –nahiz masokismoa– ez da joko inozo edo perbertso bat, norbere intimitateari dagokion kontua, gure harreman-sare guztiak zeharkatzen dituen “sintomaren ifrentzua” baizik. Bortxa, Iraultza eta Nazioa gaitzat hartu ditut haiekin dugun joera fetitxistaz aritzeko, gure eguneroko jarduna blaitzen eta baldintzatzen dutenez. Horren ondorioetako bat: fetitxeak harrapatuta, errealitatetik kanporatuak suertatzen gara, eldarniora kondenatuak. Zenbat eta kemen handiagoa jarri gure ekinean, orduan eta kaltegarriagoa haren ondorioa. Ondorengo ezina, frustrazioa, horren seinale da.

Jarduera politikoak berezko duen usurpazioaz eta suplantazioaz aritu naiz hasieratik. Ustez aldarri askatzaileen izenean egindakoek hainbat belaunalditan gurean izan duten eragin maltzurrei begira jardun dut. Nire barne-erbestea ez zen izan gutxiengo bati gertatu zitzaigun zehar-kalte ezinbesteko modukoren bat, ezkerraren frakasoari loturiko fenomeno orokorra baizik. Nago azken hamarkadetan kolektibitatearekin engaiamenduren baterako joera erakutsi eta gauzatu duten hamarretik bederatzi bazterrean geratu direla, lehenago edo beranduago, aho-zapore mikatz batez, “lerro zuzena” markatzen zuten komisario politikoen jazarpen bortitza pairatu ondoren. Eta, segidan, “bizitza pertsonalaren irtenbide erosora” bere kabuz erretiratu izanaz akusatu dituzte haiek berek.

Gero eta gizon-emakume gehiago dira, milioika, jaio diren unetik ezerezera bultzatuak, munduko populazioaren erdia, lan- eta kontsumo-merkatura ailegatzeko ia inongo aukerarik gabe, eta, mende berriarekin, guztia konponduko zuen progresoaren amets inozotik esnatzen ari omen gara. Multzo horretan erori ez garenen artean, beste erdian, gutxiengo gero eta murritzago batek bereganatzen ditu ondasunen %90 –populazioaren %10en batek, Erregimen Zaharreko nobleziak osatzen zuen antzeko portzentajeak– eta, bien artean, “Mendebaldeko balioen defentsaren izenean” gero eta azkarrago desitxuratzen ari den egoera txukun samar bat defendatzeko, bereak eta bi egiteko prest dagoen “klase ertaina”. Batez ere Mendebaldean bizi den erdiko klase horrek –gainontzeko %40 hori– munduko errekurtsoen %14 du bere eskura. Orriok irakurtzen dutenen artean –eta beren burua euskaldun bezala sentitzen direnen artean, orokorki– oso gutxi izango dira azken talde horretatik kanpo, nahiz eta, esan bezala, murrizketek eta prekarizazio orokorrak gero eta atzaparkada gehiago eman. Sumindurik ere, eutsi egiten diogu gure esparru pribilegiatua mantenduko dugun ilusio eta nahiari, eta, Munduaren Titanic-a ondoratzen ari den honetan, gure gela txukun samarrean entretenituta gabiltza museko partida nork irabaziko duen. Gobernu eta Estatuen gainetik dagoen nobleziak oso erraz dauka Beste beldurgarri bat elikatu eta “Mendebaldeko balio negoziaezinen” izenean gero eta politika bortitzagoak ezartzea, inork gutxik jarriko baitu zalantzan “terrore itsuari” aurre egiteko, neurri guztiekin ados ez egonda ere, halabeharrezko gaitz baten modura onartzearen premia.  Bitartean, XX. mendearen erditik pitzatzen hasi zen politika kolonialista klasikoak lekua egin dio “Estaturik gabeko” eremu gero eta zabalagoari, bertako jauntxoekin errazagoa baitu noiz bonbardatu, noiz negoziatu edo noiz adiskidetu erabakitzea.

Zein aukera geratzen zaigu guri –tarteko kopuru pribilegiatuari– gero eta hedatuago dagoen faxismo soziologiko bati, gero eta neurri defentsibo eta erasokor gogorragoak eskatzen dituen bati horri aurre egiteko? “Politika berrien” izenean ari garenean ere, politika-espektakulu baten ereduan xahutzen ditugu indarrak nire ustez. Eta pentsamendu magikoa nagusitzen da kolore guztietako kudeatzaile prestuen artean: “Administra dezagun uzten diguten apurra, aurrekoak bezala krisi hau ere pasako baita, zergatik, noiz eta nola inork ez badaki ere”. Inozoa ala maltzurra behar da izan horretan jarraitzeko, gero eta nabariagoa denean hitz horiek ezkutatzen dutena: “Elkartu gaitezen mundu honetako irabazleekin; eta noblezia selektoaren klubean sartzea lortuko ez badugu ere, hobe betiere haien itzalean ibiltzea”.

Intentzio osoz ekarri dut Lemoizekoa beste behin liburuaren azken alde honetara. Izan ere, garai ilunetan gurean eraiki eta borrokatu zen totem honek ezin hobeto islatzen eta gogorarazten dizkigu gure mundua zeharkatzen duten benetako indar-eragile ahaltsuenen desmasiak. Hainbat kontutan eredutzat ditugun AEB, Japonia edo Frantzia nabarmendu dira zentral nuklearren “erabilera baketsuan”, eta erabilera horrek zorigaiztoko Harrisburg, Chernobil eta Fukushima famatu ditu, aldi berean. Oztopatu egin genuen eredu horren gauzatzea orain 40 urte, baina urruti gaude eredu haiek gainditzetik. Horregatik jarraitu beharko dugu entzuten Laboa zaharraren ahots ero-goxoaren oihartzuna Lemoizko oskolen artean.

Eta (ez) amaitzeko, autonomia onartu ezin duen politika askatzaile ororen iruzurraz aritu behar. Atzera-aurrera eginiko ibilbide honetan, aurrerago botako dudana datorkit, dezente errepikatu dudan susmoarekin: “geurea uste genuen ekimena, baina beste batzuengan zegoen”. Konstatazio hori kontuan hartu ezinak eraman ditu behin eta berriz galbidera ustez askatzaileak ziren ahalegin franko. Eldarnioa da ahalegin horien atzean zegoen jarreraren izenetako bat, eta politika-espektakuluaren ezinbestekotasunaren larritasuna da eldarnio horren gaurkotasunaren ezaugarrietako bat. Etsigarria ere bada politika horretara jauzia egiten dutenen artean nola makurtzen dituzten bat-batean beren hizkuntza eta pentsaera topiko antzuetara eta ideia kamutsetara. Merkadoteknia politikoaren gailentzea ez da nahitaez garai hauetako fenomeno saihestezina, beste zerbait berriren aukera ahularen seinalea baizik.

[1] Eliza katolikoaren kasuan, labur geratzea litzateke hori, Elias Canettiren aburuz, horren zergatia eta funtsa masek pizten duten oldarrei aurre egitea baita: “Bat-bateko masa-eztanden arriskugarritasuna, azkar zabaltzeko duten erraztasuna, haien inprebisibilitatea eta, batez ere, distantzien lasta ezabatzeko duten gaitasuna, eta hor lehen planoan jarri behar dira eliza-hierarkiak berak ezarritako distantziak, horrek guztiak oso aspalditik ekarri zuen Elizak bere etsai nagusitzat jotzea masa askea eta haren aurka egitea bere ahal osoz”. Masse undMacht, 1960 (gaztelaniaz, Masa y Poder; frantsesez, Masse et Puissance).

[2] Masse und Macht aipatua.




“ALDATU BEHAR DUZU ZEURE BIZITZA”

Ezinezko erronkak gainditzen saiatzen gara, txikitatik gure buruak apaldu ditugu, bizitza osoa marmolezko tentsioak malgortzen digula. Aldaketa ordena absolutuari behingoz muzin egiten bagenio: deboila larrien arduradunak ez dira sekula… barkatu marmaratzera plegatzen.

Hitzokin amaitzen da udazken berri honetako igandeko egunkarian Itxaro Bordak Aldatu behar duzu zure bizitza liburuari eskainitako artikulua. Gazteleraz argitaratu zenetik (Pre-Textos, 2012)[1], ondoan dut Peter Sloterdijk-en gogoeta mardula. “Atropoteknika”ri buruz ari dena; edo “Bizitza ariketa/jarduera bailitzan” edo “Giza seme-alabaren tentsio bertikalera egindako espedizioa”. Ia seiehun orrialdeko lanak ez du alfer berbarik, eta ezagutzen ez dugun baina gure habitat naturala den oihanean barneratzera gonbidatzen gaitu.

Badira zenbait urte liburuari buruz idatzi nuen gonbidapena da segidan datorrena.

sloterdijk-por-peter-rigaud

PRODUKZIO AROTIK ARIKETA SASOIRA

         Modernoa deritzo giza indarrak, sekula ez bezala, lanaren eta produkzioaren inguruan antolatu diren garaiari. Antzina, aldiz, ahalegin handienak ariketa eta perfekzioaren bilaketan egiten ziren.

Testu filosofiko batek eduki dezakeen arazorik larriena “autoerreferentzialtasuna” da, korporaziokoentzat baino ez izatea. Peter Sloterdijk (Karlsruhe, 1947) hasieratik saiatu da hesi hori hausten[2], baina gaia “erlijioa” denean (“erlijioen itzuleraren ipuinaren kritika”, editorearen hitzetan), bi hesi gehiago altxatzen dira idazlearen eta irakurleen artean: sinesleen hesia eta sinesgabeena. Lehen hesiak lelo hau dakar: “sinesmena dohain bat da, ez du arrazoiarekin edo nahimenarekin zerikusirik”. Bigarrenak, berriz, horri buruz esan beharreko guztia esana dagoela, eta gaira itzultzea denbora galtzea edo arerioari amore ematea baino ez dela. Horren korapilatsua delako agian, zenbait oztopo gainditu ondorengo irakurketa irudikatzen dut liburu hau. Eta oztopo bakoitza, malda gogor bat da, zeina igo ondoren, ustekabeko lekuz jositako landa zabal baten aurrean izango baikara.

Erlijioaren gaia nahiko aldapa ez, eta izenburutik beretik jartzen zaigu bigarrena: nornahi uxatzeko inperatiboa. Kirrinka egiten baitu agindu orok, mandatari kontzientzia sentiberadunon baitan. Probokazio eta akuilu gisa uler zitekeena, pretentsio askoz sakonagoz dator hemen: “erlijio guztien azken laburpen bat egin nahiko bagenu -ordenen edo sekten programak, barne-garapenerako ikasbide guztiak, meditazio edo ariketa gidak barne- Rilkek Louvreko Apoloren irudiaren aurrean idatzitako hitzokin geratu beharko genuke: “…ez baitago hemen zu begiratzen ez duen ezer. Aldatu behar duzu zeure bizitza![3]. Agindu absolutu baten aurrean baino ez gaude, beraz, bakoitzari zuzendutako iraultza baten agindupean, zeinaren arabera, bizi duguna ez da benetako bizitza. Ez pentsa, haatik, pietatezko panfleto profetiko baten aurrean gaudenik.

yogagangesen

Kontzientzia modernoak bere buruari ezarritako zeregin nagusia latentzian zegoena agerian jartzea balin bada, “aurre egin beharko diogu azken bizpahiru mendeetan Europan zabaldu zen ustekeriari, erlijioak badirela, alegia, edo badela zerbait fede gisa izendatzen duguna” (18 or.)[4]. Erlijiotzat aipatu horiek “antropoteknika” sistema batzuen albo-ondorioak baino ez lirateke. Liburuaren tesi nagusi honen inguruan dabilkigu egilea: zein izaera dute giza eraikuntza baterako trebatze teknika horiek eta, ondorioz, nolakoak erlijiotzat onartu edo arbuiatuak izan diren albo-ondorioak.

ERLIJIOA JAINKOAREN HERIOTZAREN OSTEAN: ASZESIAREN SEKULARIZAZIOA

Bigarrena argitzeko, “erlijiozaletasunaren” bost arau azaltzen dizkigu egileak. Lehena giza gaitasun bat litzateke, subjektuaren eta objektuaren leku aldagarrietan ipintzeko daukaguna. Eta hemendik sortzen da bigarrena, aipatu inperatibo absolutua. Hirugarrenak “zerbaiten posibilitatea bere ezinezkotasunean datzala” dio, horixe baino ez baita sineslea, enpirikotasuna alboratu, eta benetan existitzen den ezinezkotasunaren eremuan barneratzen dena. “Ezinezkoa denarekin artistak duen tratatzeko malgutasuna lortuko du arau honekin saiatzen denak ” (96 or.). Laugarrena, artistei dagokie bereziki, eta perfekzioaren ideiatik dator: “inoiz edo behin helburu idealera helduko zara” dio. Azkenik, batek onartzen du tratatu ezin den zerbaitekin ari dela tratutan, bizitzaren suntsipenak beste gain-errealitate batera amiltzen duen ustearekin.

Bost arauon gainean aritzeko, Rilke, Kafka eta Cioran ditu Sloterdijkek bidelagun, eta liburu mamitsuan darabilkigun ariketa “budista paristarraren” jarrera erabiliz erakutsiko digu: ezin perfekzioan sinetsi, ezta eszeptikoaren erabateko probisionaltasuna bereganatu ere, gelditzen diren hondarrekin jarduten uzten digularik… Kitzikagarria da bere tesian barneratu aitzinean eskaintzen zaigun trantsizio-atala:  “Ez dago erlijiorik: Pierre de Courbertinetik L. Ron Hubbardera”. Ezen, bere ustez,  1900. urtetik aurrera “neoatletismoa” eta kirol modernoa baitira aszetismoaren (eta psikismoaren) sekularizazio prozesuaren ezaugarririk nabarmenenak. Fikzio egile baten asmakizuna, egungo erlijio arrakastatsuenetako bat izatea -delako Zientziologia– “mistika informalaren” garaipenaz ari zaigu.

Bere aurreko filosofoen artean, Nietzsche, Wittgenstein eta, bereziki, azken sasoiko Foucault ditu egileak bidelagun. Eta, hasteko, lehenengoaren agindu teologikoari aurre egiten dio: “zure eginbeharra da sortzaile bat sortzea”, nahiera artistikoarentzat etorkizuna mugarik gabeko aukeren esparrua bilakatzeko agindua, alegia. Hortik dator aszesiaren egokitasuna, eta gorputzaren zentraltasuna edozein sormen ahaleginean. Halere, Sloterdijkek dio Nietzsche “ilusio optiko” batean erori zela, ez baitzen gertatu berak aldarrikatutako “moralaren esklaboen matxinadarik”, bai ordea jarraipen bat “aszetismo atletiko eta filosofikoen eliza eta monasterioetako modus vivendien artean”. Europaren lotsa kronikoa oinordetzako nobleziaren ustelkeriarekin heldu zen, non balioak esplotazioaren indarrean oinarritzen ziren. XV.-XIX. mendeen arteko burgesiaren merezimenduzko hierarkiaren berpizkundearekin fantasma honen akabera etorri zen, eta politikaren europar definizioa, non menperatzaile/menperatu dinamika gainditzea ahal izango zen.

Berrehun urtetan egindako saiakera berdintzaile eta neo-elitisten ondoren, heldu da garaia haietatik ondorio global eta eraginkorrak ateratzeko. Horretarako “klase sozialetan oinarritutako gizartea (hau da, menderakuntza, zapalkuntza eta pribilegio bereizketaz eraikitakoa) atzean utzi, eta diziplinan oinarritutako beste batek ordezkatu behar du (aszesiz, birtuositatez eta eraginkortasunez eraikia)”. Baina ez pentsa aldarrikapen inozo baten aurrean gaudenik: “Nazioen arrazoia, oraindik ere, Titanic antzeko honetan lanpostuei eusteko ahaleginetan agortzen da” (569 or.). Wittgensteinen hitzak aintzat hartu (“Ordena baten arautegia da kultura”) eta aszesia/ariketa eta sezesioa (erabat beste izan beharraren grina hori) dira gogoetara erakarri beharreko kontuak. Foucaultekin bat etorriz, sezesioa (“haustura” hitza higatuegia dugu) kultura ororen abiapuntua dela dio: “erabat diferenteak izan nahi genuen erabat aldatua izango zen mundu batean”. Baina, kontuz, “modu militante batean mundua hobetzen saiatu direnak berek eragindako hondamenetatik apartatzen ziren, eta gainezkatuak suertatzen zirenean, halabehar hutsaren ondorio gisa interpretatzen zuten. Filosofo eszeptikoaren lumatik etorri ohi da portaera eredu hau” (567 or.).

yogafloridan

HERAKLITOREN URAK. ARIKETA, PERFORMANCEA

Aspaldian [Foucaultek] konprenitu zuena, subertsioaz hitz egin eta etorkizunaz eldarnioan dabilena hasiberrien klasekoa dela, […] edo subertsioa, inozokeria eta unfitness-a gauza bera izendatzeko hiru izen baino ez direla.

Heraklitoren aipurik ezagunenaren interpretazio bitxi batetik etor liteke obra hau ustiatu aurreko hirugarren malda gogorra. Ur berean berriz bainatzerik ez dugula esaten digunean, ez zaigula gertakizunen jarioaz ari, baizik eta ezin-itzulizko egoera kezkagarri batez, alegia: norbait ur korrontetik atera denean, ezin izango du gerora lehengo modura igerian ibili. Gure portaerari buruzko kontzientzia pizten denean, barne borroka batean gaude sartuta: ezin dira ohiturak ulertu haietatik distantzia bat hartu gabe, eta orduan, haiek gu zapaltzera edo gu haiek zaintzera gaude behartuak. Gehitzen badiogu horri gure gizartearen zeinu ezaugarrien arteko berritasun ororen ospea eta zaharraren baliogabetze etengabea, ezin izango dugu liburu honek eskaintzen dizkigun eremuetan barneratu.

“Nola eutsi bada tragikoa izango ez zen bertikaltasun bati?” Ezinezko egingo den aldaketa baten atzetik gabiltza, bi mila urte iraun duen europar pedagogiak izan duen anbiguetate bat gainditu ezean: pasioen eta ohituren artekoa, alegia: “Lortu behar da ariketa askatzea Antzinako Europako aszesiaren bortxazko egituretatik, eta hori izan liteke XX. mendeko gertakizun nagusia espirituaren historian” (220 or.). Ahalegin horretan Sloterdijkek hain ohikoa duen Ekialde eta Mendebaldearen arteko kontrastea jartzen digu berriz ere “beila” kontzeptuaren bitartez. Haiek “pentsamendurik gabeko beila” landu dutela dio, eta geuk, “beilarik gabeko pentsamendua”. Hari horretatik tiraka Heidegger, Spengler eta Krishnamurtiren ahaleginak seinalatuko dizkigu, berriro ere Foucaulten zuhurtzia azpimarratuz… baita Bourdieu “azken kanpamenduko pentsalariaren” ekarpena ere (233-245 or.).

Pedagogiaren eta antropologiaren zeregina “psikearen sekularizazioa” baldin bada, argitu behar dira zein diren filosofiaren eta atletismoaren arteko loturak eta gaizkiulertuak, baita aszesiaren eta akrobaziaren artekoak ere. “Atletismoaren berpizkundea” eta “aszesiaren desespiritualizazioa” XIX. mendeko azken hamarkadetan abiatu baziren, lanaren eta produkzioaren jainkotze baten barrenean gertatu ziren. Honen guztionen gainbeherarekin, “produkzioaren lehentasunetik performancearen gailentzera” igarotzen ari garela da Sloterkijken ustea. XX. mende osoko “terapeutismoak” estaltzen duena ariketarako joera orokor bat omen da. Eta hemen, “sezesioaren” ideia dator, ostera: “Gizakia deritzana, hortaz, muturreko aszeta multzo txiki baten ondorioa baino ez litzateke. Talde zabaletik apartatzeko eta guztien izenean beren burua jartzeko joera izan zuten gutxi horien ondorena, alegia” (287 or.). Subjektutzat dugun hori prozesu horretatik sortua da eta, ondorioz, “ariketa batzuen jabea” baino ez litzateke izango. Bi kontrako modu ezagutu ditu apartatze honek milurtetan zehar: “espiritualitate heroiko baten gainkonpentsazioa” bilatzen duena, norberaren eta jainkoaren arteko batasun baten bitartez (Heraklito edo Upanishaden hinduismoan bezala), edo korrontetik aparte geratze hori kulpa sakon batez baino eraman ezin duena, judutarrek eta kristauok egin dugun eran.

emakumeosasuntsuak

“BURDIN AROAREN” AMAIERA ETA INPERATIBO ABSOLUTUAREN GAURKOTASUNA: KOINMUNISMO BATERANTZ

“Heterotopiak” (Foucaultek proposaturiko kontzeptua) ariketarako hautatzen diren bakartze eremuak lirateke, non guztientzat balio ez duten lege batzuk dauden indarrean, gehiengoaren hutsalkeria baztertzeko finkatuak. Bakartze prozesu horietan sorturiko metodoei begira, “gune mentalaren egitura hirukoitzaz” ariko zaigu: Nia, Mentorea (autokontzientziak sortzen duen Beste hori), eta bitartekari den Lekukoa. Dinamika horren porrotetik sortzen bide da erlijioen ohiko nahasmendua niarekin tratatzerakoan, ustez deuseztatu beharreko mamua balitz bezala. “Berekoikeria, giza ahalmen onenen izenorde makur bat baino ez da” (330 or.). “Fanatismoaren historiak erakusten digu erregresio horiek [nia, Beste eskerga baten menpean jausteko joera, lekukoa deuseztatuz eta “posesio” egoeretan jausiz] erlijioen eguneroko kontuak direla. Baina horrek ez gaitu korapilo horretatik aldendu behar. Eduki kognitibo eta moral nagusien transmisioan baldin badatza kultura, ez da gutxieneko kontua eduki horien igorleen zereginei erreparatzea. Sloterdijkek hamar maisu mota aurkezten dizkigu: gurua, maisu budista, apostolua, abadea, filosofoa, atleten entrenatzailea, maisu artisaua, irakasle akademikoa, oinarrizko hezkuntzako maisua eta idazle ilustratua. Eredu horien bereizketak berak argitzen du neurri batean bere diskurtsoa, “konbertsioaren” kontzeptua ondoren argituz: “heziketa oro baita konbertsioa” eta “konbertsio oro, subertsio” (384 or.).

Ezin murgildu ur hauetan mendebaldean eginiko saiakera aszetikoak -beneditarren erregela kasu- kontuan hartu gabe[5]. Ezta horiek ekialdeko saiakerekin alderatu gabe ere, Indiako arragoan eraikitakoak batez ere, budismoa eta halako fenomenoak sortuko zituenak.

Parean ditugun gaurko “denboraren erronkei” aurre egiteko, Foucaultek berak gertarazi zuen gaizki-ulertu bat argitu behar da: aro modernoan, haur-gaztek diziplina kristau-humanistan izan duten formakuntza ez da gauzatu ikuskaritzapeko errepresibo guneetan (kartzelak, kuartelak…), baizik eta eskola-unibertsitateetan. Antzinako saiakuntza aszetikoari, teknikoa eta artistikoa gehitu zaizkio eta, azkenik, politikoa. Haren leloa “Antropotekniken erregimena guztientzat” litzateke, non gizaki izatea autoeraikitze batean inplikatua egotea esan nahi duen. “Burdin aroaren” amaiera da non etsipenaren espiralari nahierarena nagusitzen ari zaion. “Historiaren amaiera” aurreko errealitate printzipioaren gainditzea litzateke, non urritasun egoerei aurre egiten zaien neurri ez heroikoen bitartez. “Gizakiak aurrera egiten du, norabide ezinezkoan bilatzen duenean” eta “gaurko munduan garrantzi etiko unibertsala duenik bada, hauxe da: ezin dezakegu honela jarraitu!”. “Erlijioen itzulera” ez litzateke egonezin horren sintoma bat baino, esaten diguna etika eraginkor bat sublimearen esperientzian oinarritzen dena baino ez dela, bistakoa bada ere mendebaldarrok ez gaudela prest tamaina horretako zamak hartzeko. Kontuok gorabehera, “garaikideok konbentzituko gara noizbait gizakiok ez dugula gainzamatuak izatetik libratzeko eskubiderik, ezta ere eskura ditugun soluziobideekin konpondu litezkeen arazoak baino ez topatzeko eskubiderik” (568 or.).

Azkenik, eta kontuan hartuta “historia osoa sistema immunologikoen arteko borroka baino ez dela izan”, eta injustizia izan dela sistema horien etekinak banatzeko orduan batzuen eta besteen arteko desorekaren ezaugarria, non erlijioek beren salbazio promesen bidez hori “konpontzen” saiatu ziren, “arrazoi immunitario” berri baten aitzinean egongo ginateke, non “norberarenaren eta besteenaren arteko banaketak ez baititu immunitate galerak besteentzat soilik sortuko, baita norberarentzat ere”. Behar dugun egitura berri horrek “formatu planetario bat du, non sareez jendeztatutako lur bat propiotzat biziko den, eta desegokitzat joko den orain arteko neurriz gaineko esplotazioa” (574 or.). Ez badugu asmatzen horri dagokion arautegia oraintxe bertan erredaktatzen, ez dugu beste aukerarik izango: “Arau horiek betez bizitzeko gogoa; horrexek erakutsiko luke erabakitasunez ari garela guztien bizi-iraupenerako ohitura onak ezartzen egunerokotasunaren ariketetan”. Hitzokin amaitzen da gogoeta sakon eta luzea.

[1] Du mußt dein Leben ändern; Suhrkamp 2009. Tu dois changer ta vie!; Maren Sell 2011. Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica; Pre-textos 2012. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[2] Bere lehen liburu filosofikoaren arrakasta hortik etorri zen: Kritik der zynischen Vernunft. Frankfurt am Main 1983; Critique de la raison cynique, Christian Bourgois 2000; Crítica de la razón cínica, Siruela 2003. Bigarrena, nobela bat izan zen: Der Zauberbaum. Die Entstehung der Psychoanalyse im Jahr 1785. Ein epischer Versuch zur Philosophie der Psychologie, Frankfurt am Main 1985; L’arbre magique. La naissance de la psychanalyse en l’an 1785, 1987. El Árbol Mágico: El Nacimiento del Psicoanálisis en el Año 1785. Ensayo Épico sobre la Filosofía de la Psicología, Seix Barral; 1986. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[3] Apoloren soin arkaikoa. Rilkeren 1908ko Der neuen Gedichte anderer Teil (Poema berrien bigarren partea). Gure liburuaren 37 orrialdean dago poema osoa.François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[4] Hemen egindako orri-aipamenak gaztelerazko argitalpenarenak dira. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.

[5] Zentzu honetan bere Weltfremdheit, Frankfurt am Main 1993. Extrañamiento del Mundo (Eduardo Gil Beraren itzulpena), Pre-Textos 1998 aipatu behar non, beste gaien artean, IV. mendean Europan gertaturiko “anakoretismoaren iraultza” aztertzen duen. François Coppée. soinu an Dylaranol Larzabal eta Ruper Ordorikarançois cri guztienagurrezti ihesi doazngo lirikoak ere dedikatzen dizkiezue./at, kantu berri hainbeste, aurrekoen bertsioekin o ahaleginagatik agian.esannahia arenean lehenengoa eta hamargarrena ustekabean egiten dute bat-.




ZORAMEN TRANTSITORIOA (Juan Kruz Igerabide, Zazpigarren Heriotza liburuaren aurkezpenean)

Juan Gorostidik kontatzen duenari, hain esperientzia partikularra izanik ere, bere alabari modu intimoan kontatua baita hein handi batean, narrazio unibertsal baten traza hartu diot. Nire neure historia oso antzekoa da behintzat, eta beste askorena ere halaxe.

Hamabi urte nituen. Zoriontsu-edo nenbilen seminario batean ikasten Jainkoarenak eta Ama Birjinarenak. Zorabio mistikoren bat edo beste ere gertatua zitzaidan arratsaldeko meditazio goxo haietan, sexualitatearen ernamuinaren errepresio sublimatuarekin nahasian. Hor munduan bazebilen zerbait argitsua: garapen teknologikoa, ilargira iristea, kantagintza berria… eta zerbait iluna: gerra hotza, Kubako iraultza, errepresioari beldurra, gerra zibilaren zauria, euskaraz mintzatzeagatik lotsagarri geratzea, Franco eta arriba España…

Apaiztegitik etxera itzulia nintzen batean, aita lanetik etorri zen bere kamioiarekin, zuri-zuri. Mahaira eserita, hauxe besterik ez zuen esan:

-Hasi gara berriro.

Donostiatik bueltan Adunako zubia hartu baino lehentxeago auto-ilaran itxaron behar izan zuen, ETAk lehen guardia zibila hil berria baitzuen hantxe.

-Hasi gara berriro.

Esaldi horrek nire buruan galdera bat piztu zuen: “Zertan hasi gara?”

OteizaBentaundi

Ikasten jarraitu nuen. Hamalau urterekin, lehen greba egin genuen ikaskide bati egindako injustizia baten kontra. Ordurako kanta misteriotsuak kantatzen hasiak ginen, eta politikako irakasleari eta gimnasiako sekreta omen zenari herra genion. Hasiak ginen “gorrotoa” sentitzen zerbaiten kontra.

Gogoan dut ikaskide bat, ni baino zaharragoa, modu bitxian portatzen hasi zela. Misterioa zeraman begietan; txutxumutxuka mintzatzen zen lagun jakin batzuekin, eta beste batzuekin, berriz, beti bezala, natural. Eta, halako batean, nirekin ere txutxumutxuka mintzatu zen. Jakin nuen “organizatua” zegoela, arriskuan bizi zela, eta arrisku handian bizi zen jendearekin harremana zuela. Oporrak etorri ziren, eta hartan geratu zen guztia. Hurrengo urtean, hamabost urte nituelarik, “organizatzera” gonbidatu ninduen lagun hark. Jakin-minez beterik, han joan nintzen bilera klandestino batera, pentsatuz ETAn sartzera gonbidatuko nindutela eta gerrilla arriskutsu batean agian bizia galduko nuela.

Izugarrizko ezustea jaso nuen: hogeita hamabost bat urteko gizon kankailu batek zuzendu zuen umemokoon bilera. Fraidea omen zen, langileen aldeko fraidea, habituak utzi eta gizarte borrokan konprometitua.  Esan zigun aurreneko gauza: iraultza egin behar zela, bai, baina umorea galdu gabe, ikasketak utzi gabe. Borroka armatua ahazteko, gazteegiak ginela eta formatu egin behar genuela eta ahalik eta ondoen pasa. Kaleko borroketan parte hartzera gonbidatu gintuen; eta, poliziak harrapatuz gero, esateko Herri Gaztedikoak ginela, Elizaren babesa genuela eta injustiziaren kontra protestatzen genuela. Gure formazio teorikoan pedagogiako liburuak izan ziren lehenbizi: Barbianako maisua, Paulo Freire…; gero etorri ziren marxismoaren oinarriak, oso modu praktikoan ulertuak (Amoros filosofoak Peñaflorida institutuan erakusten zigun tesi-antitesi-sintesi ideia abstraktuaren materializazio askoz ere ulergarriagoak ziren gureak, sinplistak baina eraginkorrak)

Tentuz ibiltzen erakutsi zigun fraideak. Norbait komisariara eramaten zutenean, batzuetan ateratzea lortzen zuen gizon kankailu hark; beste batzuetan, epelak hartuta itzultzen ziren atxilotuak, baina espetxera joatetik libratzen ziren behintzat.

Nire lagun batzuk ETAn sartu ziren. Beste batzuk langile-mugimenduan, ORTn, PTn, eta abar. Nire lana, 16-17 urterekin, bailaran gazte-taldeak sortu eta formatzea zen, eta institutuan, eta gero unibertsitatean, talde antikapitalistak eratzea eta bilera formatiboak egitea, dibertsioa, gitarra eta kantua eta poesia soziala eta halakoak ahaztu gabe. Gerora, talde haietako batzuek OIC erakundea sortzen parte hartuko zuten.

Zoramen kolektibo baten antzekoa gertatu zen. Minoria kontzientziatu batek oihartzun orokorrak jaso zituen herriaren aldetik. Errenteria osoa maneiatzen zuen minoria horrek, Tolosa bailaran, ORTk (batez ere ORTk) hatz bat jasoz gero, fabrika ia guztiak gelditzen ziren, dendak itxi eta kaleak sutan jarri. Eta askojakin batzuek, materialismo historikoaren argitan, ondorioztatu zuten, iraultza sudurraren puntan genuela, prest egoteko herri-altxamendurako. Eta adibide praktikoa Gazteizko langileen hilketei emandako erantzuna eta Bilboko ezkerraldean sortutako mugimendua eta beste hainbat mobilizazio izan ziren. Herri Gazteditik pasatutako buruzagi antikapitalistak tartean zebiltzan, buru-buruan.

Eta etorri ziren hauteskundeak, bete genituen Anoeta eta Mendizorrotza. Eta han bildu zen jendearen laurdenak ere ez zuen eman boto antikapitalistarik gero. Niri orduantxe egin zidan bihotzak krak, hogeita bat urterekin, lilura batetik esnatu izan banintz bezala. Eszeptizismoan abaildu nintzen. Nire kide batzuek bezala drogetara jo beharrean, ingurukoen eraginak lagunduta ikasteari ekin nion, bazterrean utzitako interes literarioak eta artistikoak berreskuratu nituen, eta oka egin nuen, oka asko, zenbait poetaren hitzak neureekin tartekatuz.

Anticapitalistas

Urdaila husturik, beste argi bat piztu zitzaidan: Europatik uholdeka sartzen ari zen ekologismoak eta espiritualismoak beste lilura bat eskaini zidan, poesiarekin eta literaturarekin batera. Baina hori beste historia bat da. Lemoizeko borroka hasi zenean, ni jada beste jarrera batean nengoen, eta ordutik aurrera izugarri kostatu zait barnean sentitu dudan bakezaletasuna eta injustiziaren kontrako borroka uztartzea, borrokan parte hartzen den unetik zerbaitek krak egiten baitu barruan, eta parte hartzen ez denean, berriz, zerbait egin beharraren ardurak erretzen baitu barrua. Kontraesan hori ez dut konpondu neure denboran. Kietismoa praktikatu dut sarri, gizarte barruko anakoreta bat bihurtuta, baina horrek ere, niri behintzat, ez dit barruko ezinegona baretu.

Juanek zorroztasun handiz aztertzen du bere liburuan zoramen kolektibo hura, pentsalarien ekarriak eta barne-bizipenak uztartuz. Azken batean, kristau misiolarien edo apostolatuaren eskema bat aplikatu zen hartan; klase-kontzientzia hartzea eta ekitea, eta gurutzeari heldu eta Jesusen atzetik abiatzea oso pareko ziren. Egitura psikologikoak ez dira egun batetik bestera aldatzen.

Hala ere, gizarte torturatu batek arnasa hartzeko bide bat topatu zuen hartan guztian, eta ez da gutxi. Dena dela, arnasbiderik eraginkorrena dirua irabaztea eta ahalik eta bizimodu materialik erosoena lortzea zen orduan ere; kontsumismoaren eskutik gauzatu zen oinarrian egitura psikologiko nagusia. Kapitalismoak gizakiaren pultsio berekoi lehiakorrean du erro ahaltsua. Eta hori bai izan dela eraginkorra.




ZAZPIGARREN HERIOTZA. Aurkezpena, lehen iruzkinak

Kalean da liburua eta, irakurleengana iristen den heinean, hainbat post ipiniko ditut sustatzen dituen kontuen gainean. Hona, lau puntutan, aurkezpenaren eta hura jasoz argitaraturiko iruzkinen gaineko nire komentarioak

BAT

Juan Kruz Igerabidek eman zion sarrera aurkezpenari Zoramen Transitorioa testu ederrarekin.

BI

Ondoren, Zazpigarren Heriotzan zehar aipaturiko hainbat aipuen hautaketa egin eta segidan irakurri nituen. Hona hautaketa:

  1. “–Ohean nengoen –esan zuen–. Amak hil nendila eskatzen zidan, dena prest zegoela eta mugitzeko mesedez. Ama oheburuan kokatua. Eskolarako deitzen zionean bezala, leunki hasieran, “tira, gosaria prest daukazu”, baina gero eta ozenago, eta haserre bizian azkenerako, tapakiak kentzen zizkion arte. –Amatxorekin egiten duzu amets, beraz. Baina ez zen ironiaz konturatu, edo ez zuen konturatu nahi izan. Baietz erantzun zion, zehaztasun gehiago eskatzen zuela uste izan balu bezala. Ama oheburuan zegoela, eskuak gerrian, behin eta berriz zentzurik gabeko agindu hura errepikatuz. “Dena prest dago” esaten zion, “zerraldoa erosia, apaiza deitua, eskela jarria, eta orain hil egin behar duzu derrigorrez”. Leihotik itzuli zen kasu egiten ote zion egiaztatzeko. Konturatzen al zen? Berak gazteegia zela eta ez zuela hil nahi erantzuten zionean, amak berekoitzat tratatzen zuela, bere buruaz besterik ez arduratzea aurpegiratzen ziola zitalki. “Ziztrin ez bestelakoa” esan ohi zuen. “Ziztrin ez bestelakoa”, ze inporta zaizu zuri nire nahigabea, ahaztu al zaizu zaren guztia niri, nire sufrimenduari zor diozula?”. Eta zapi zuria eskuartean bihurritu ondoren, jertse beltzaren manga barnean gordetzeko keinu hura”.
  1. “Beteta gaude benetako esanahia inork erakutsi ez dizkigun hitzez, oinazea da horietako bat. Beste bat, heriotza. Ez dakigu zertaz ari diren, baina erabili egiten ditugu, misterio bat da hori. […] Normaltasunaren serieko ekipamenduarekin batera dator, utziezin, gure katolikotasuna –sinesleak gara, katolikoak–. Benetan, horixe da anomalia, gure sinpletasunaren teorema gezurtatzeko erabiltzen dugun erokeria, baina guztiz normala, arauzkoa egiten zaigu guri. Norberak sinetsi egiten du, beste aukerarik existituko ez balitz bezala. Ez da hutsalkeria: gogo-minez sinesten dugu, gosez; ez fede lasai batez, kontrolatu ezinezko pasio batez baizik, eutsi ezin den premia fisiko batez bezala, urgentziaz. Eromen moduren baten hazia da –ortzi-mugan ageri den ekaitz baten kondentsazioa–. Baina gurasoak ez dira gai datorren ekaitza antzemateko; sumatzen duten gauza bakarra familiaren asmoekiko onespen isil baten mezu faltsua da: itsasoan barneratzen uzten gaituzte, beraz. Euren kakatan ahaztuak dauden zaharren izarak aldatzen denbora librea pasatzen duten gazteak gara –ez gara konturatzen hori benetan denaz, eromen forma bat–. Edo txirotasunarekiko dugun gustua, arropa miserableekiko harrotasuna. Eta errezoak, errezatzea. Kulpa sentimendua, hori beti. Inadaptatu batzuk gara, baina inork ez du horretaz jabetu nahi. Ebanjelioko Jainkoan sinesten dugu”.
  1. “Justiziaren suharra beregan zeraman belaunaldi politiko baten kide izan naiz. Justiziaz hainbesteraino maitemindua, armak ere hartu baitzituen hura eskuratzeko. Borborrean zegoen, XX. mendean, zapaltzaileen eta zapalduen ordura arteko oreka aldatu beharra iraultzaren bitartez. Bizipenen zirrarek sortzen dute nortasun iraultzaile baten legamia. Haien pilaketak, oldea bilakatuz. Iraultzailea ez da erreboltaria, barrua hustu behar duena; aldiz, justizia lortzeko berdinen arteko elkartasun estu bati lotzen zaio, Euridizez maiteminduta, eta bera askatu ahal izateko, aginte esleituaren kontrako talka frontala onartu genuen. Ez genuen aita pontekorik izan, nagusien laguntzarik; bakarrik abiatu ginen, baina modu masiboan, Euridizeren bila. Gure Euridizek, mitoaren gure aldaerak, argia ere ezagutu zuen indarrez lorturiko zenbait garaipenetan, baina bahituta bukatzen zuen argi horrek, beti. Zer hobe lezake belaunaldi batek bere Euridize askatzera abiatzea baino? Nire belaunaldian hori egin ez zutenek desertatu egin zuten. Gainerakoak, botere esleitu indartsuarekin bat egin, eta egungo buruzagiak ditugu… Gure oldarra kutsakorra zen eta kaleak bereganatu zituen. Intentsitate apaleko gerra zibil bat izan zen 70eko hamarkadako zenbait urtetan, milaka atxiloketez torturatuez josia. Gutako zenbait, ekintza zuzen eta klandestinoetan espezializatu zen: ekintza bortitzak, asaldagarriak, baina ondorio eskasekoak. Orfeoren alde horrek Euridize bere atzetik zetorrela uste zuen, baina haren bila jiratu zenean, bere isolamenduaren iluntasunean, hura ez zegoen han, desagertua zen. Errukarria bere Euridizez maitemindu ez, eta haren bila infernura ere jaisteko gai ez den belaunaldi berri bakoitza”.
  1. “Zer da mendea?”, galdetzen du XX. mendeak. “Azken Borroka”, horra erantzuna.
  1. “Konturatu al zarete XX. mende honetan gauza bakoitza benetakoagoa bihurtu dela? Soldadua, hiltzaile profesionala bihurtu da; politika, krimena da; kapitala, errausketa-labez hornituriko giza sarraskien egilea; legea, joko zikinaren araua; askatasun unibertsala, herrientzako kartzela; antisemitismoa, Auschwitz; sentimendu nazionala, genozidioa. Zalantza izpirik gabe, egiaren aroa da gure hau. Hala eta guztiz ere, gezurretan jarraitzen dugu, ohituraren poderioz, nabarmen geratzeko baino ez bada ere; maitasuna! entzun eta denok dakite hilketaren unea heldu dela; legea! eta lapurretaren orena heldu dela… Ez genuke ahaztu behar Auschwitz ez zela desegin Auschwitz zelako, gerrari iraulketa bat gertatu zitzaiolako baizik; eta Auschwitzetik gaur arte ez dela ezer gertatu Auschwitzen gezurtapen bezala bizi ahal izan dugunik”.
  1. “Hitzak bizitzak baino urrunago doaz. Ibaiak gurutzatzen diren hiriko azkorrietan harilkatzen ditudan eleek askatzen eta aldi berean adiskide minen sinesteen harkaitzetan hausten naute. Izenik zaharrenak, zakarrenak, ahoska ezinenak darabilzkit. Hondoa uki dut. Gabetasunarena. Biluztasunarena. Mintzo naizenean ez naiz ezer hiztegi ahantzi eta burlatu hori baino. Hargatik, alde edo aurka, adiztegia, aburua zizelkatzera bulkatu eta partitzea zilegitzen didaten treneko billeteak da. Eta orduan nik dut ene bidaiaren ibilaldia hautatzen”.
  1. Dena idatzi bezala suertatzen bada, zazpi gizonengatik hilko zara. Bat, sehaskan kulunkatua eta bularretik hazia, beste bat, titi tente eta gazteei atxikitzen zaiona, beste bat, plater hutsak harrika botatzen dituena, beste bat, pobreei irabazten laguntzen diena, beste bat, lanean lehertzen dena, beste bat, ilargiari begiratzearekin laketzen dena. Mundu osoa izanen da zure hilarria: zuk zeuk behar duzu izan zazpigarrena.

Testuen egileak: 1. Ramon SAIZARBITORIA, 2. Alessandro BARICCO, 3. Erri DE LUCA, 3. Alain BADIOU, 4. Imre KERTÉSZ, 5. Itxaro BORDA, 5. Attila JÓZSEF.

HIRU

Liburua hitz larriz beteta dago. Hona horietako batzuk, alfabetikoki ordenatuak: Autonomia, Beste Politika, Biktimak, Bortizkeria, Damua, Energia Atomikoa, Erreala, Erreparazioa, Errepresioa, ETA, Fetitxeak, Hiraren bankuak, Iraultza, Kaltea, Konbertsioa, Legea, Lemoiz, Nazioa, Posesioa, Sadomasokismoa, Sekularizioa, Suplantazioa, Tortura, Usurpazioa… Horien artean bi aukeratuko ditut: Dolua eta Erbestea.

Dolu baterako arrastoak. Gure belaunaldian mundua aldatzearekin amets egin genuenok eta konpromiso handiak hartu genuenok, derrotatuak izan ginen. Ez ETA, Ezker Abertzalearen estrategia politiko-militarra, ezkerra orokorki. Ez bakarrik gurean, Mendebalde osoan baizik. UKAZIOA da defentsa mekanismorik larriena… eta horretan gabiltza.

Barne erbestea.  Eginkizun sozio politikoetan engaiatu gienen hamarretik zortzi edo bederatzi, gure ahaleginean alde batera erauziak eta jokalekurik gabe (ez bada arlo pribatuan, laboralean etab.) “politikatik” baztertuak izan gara, lehen edo beranduago. Mota guztietako usurpatzaileak izan dira ahalegin eraldatzailearen historia kontatu dutenak eta “errelatoen arteko borrokan” beraiek dira ongien kokatuak. Nire gogoeta barne erbeste horretatik egina da. Zuetako norbaiti diskurtso nagusietatik kanpo geratzen diren hainbat gogoeta baliagarri suertatzen bazaizue ere, liburuak bere helburua betea izango du.

LAU

Hiru egunkarik eman dute aurkezpenaren berri: Berriak, Noticias de Gipuzkoak eta Diario Vascok. Modu honetan abiatu zuen Berriako Ander Perezek bere kronika: http://www.berria.eus/paperekoa/1856/023/001/2016-07-01/zoramen_kolektiboaren_osteko_dolua.htm. “Errukirik gabe mintzo da Juan Gorostidiren ahotsa (Altza-Pasaia, Gipuzkoa, 1956), Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoaren pareten artean, sendo: «Gure belaunaldian mundua aldatzearekin amets egin genuenok eta konpromiso handiak hartu genituenok derrotatuak izan ginen». Gupida oro gordeta dihardu, porrota ongi mastekatu eta hartaz gogoetan ibili denaren hitz jarioaz […] Ez ditu alferrik eman bost urte gaiari buruz gogoetan, gazte borrokalari garaien memoriari tiraka, egungoa ulertzeko. «bortxaz» paratu du bere burua paper zuriaren aurrean, gutunari segida eman eta liburua osatzeko, bere buruari sinetsaraziz: «Ez zara jasoko lan hau bukatu arte»”. Bi ideia daude hor azpimarratuak –bitan aipatuak–: erruki- edo gupida-gabezia da bat, eta derrota edo porrota, bestea. Ondoren, Doluaren premia azpimarratzen du bere kronikan: “Hamaika iturri, erreferentzia eta aipu baliatu ditu Gorostidik saiakera ontzeko. «Hitz larri eta potoloz beteta» dago liburua, baina bi ageri dira besteen gainetik, autoreak azaldu duenez. Barne erbestea da horietako bat, Gorostidik bere larruan bizia, atzo adierazi zuenez. Bestea, dolua. Izan ere, garai bateko belaunaldi konprometituaren porrota onartu gabea dela uste du idazleak, eta, ondorioz, haren dolurik ez dela egin uste du. «Frakaso baten, heriotza baten, trauma baten ondoren, ukazioa izaten da defentsa mekanismorik larriena, lehen gertatzen dena, baina larriena: ‘Hau ez zait niri gertatu, ez da posible’. Eta horretan gabiltza». Ukazioaren ostean, «depresioa» dator, Gorostidiren ustez. «Zuloa». Eta, dioenez, hor sortzen dira «eldarnioak»”. Zuzen jaso zuen ideia hau nire komentarioetatik Perezek.

2016-07-01_BERRIA_23

Nire adina bera duen Felix Ibargutxik idatzi zuen Diario Vascon http://www.diariovasco.com/culturas/201607/02/mundua-aldatzearekin-amets-egin-20160702091232.html Edizio digitaleko titularra egokia da: «Mundua aldatzearekin amets egin genuenok derrotatuak izan ginen», ez ordea paperean agertu zena: «Gure belaunaldiaren marka horixe izan da: ‘delirante’ batzuk izan garela». Esaldia, trakets josia izateaz gain, guztiz ezegokia da. Nahiz eta artikuluan zertxobait argitu ‘delirante’ adiera («Lehen esan dizudana: eldarnioan, delirioan sartu ginen, baina ez dut modu peioratiboan esaten; eldarnioa bizirauteko modu bat da. Gure belaunaldiaren marka horixe izan da: ‘delirante’ batzuk izan garela. Kakotxekin ipini behar da hitz hori, gauza delikatua da eta; batzuk minduta sentituko dira»), zer pentsa ematen du kazetariak hitz hau titularrerako aukeratu izanak. Baina ez da hori konturik larriena, baizik eta titularraren azpian ni aurkezteko osaturiko esaldia (paperean, betiere ez, zorionez, edizio digitalean): «[Juan Gorostidi Gaztetan, Errenteriako giro iraultzailean erreferentzia nagusia izan zen». Nondik atera du Ibargutxik baieztapen hori? Ez nik esandakotik. Baina ematen du zer pentsa honek Perezek (“gupidarik gabe, errukirik gabe”) hartutako ildotik: sendo eta gogor hitz egiteak “errukirik gabe” aritzea kontsideratzen da eta –areago Ibargutxik–: horrela ari dena “jefea” baino ezin izan… Errenteriako mugimenduan, aldiz ez zegoen jeferik, ezta ere “erreferentzia nagusirik” ere).

Hirugarren kronika Marta Esnaolak firmatzen du, aurrekoak ez bezala, gaztea eta emakumea bera, (http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2016/07/01/ocio-y-cultura/krak-asko-sortu-ditzakeen-gogoeta-lana), eta ezin egokiro azpimarratu du nori zuzentzen diodan gogoeta: «Bestalde, gazteentzat liburua dela ere azpimarratu zuen Gorostidik, nahiz eta publiko zaila iruditzen zaion, aspaldiko kontuak kontatzen baititu. Hala ere, 20 urte inguruko jendeari zuzentzeak bere arrazoia du: “Gazteek beti eskatzen dizkiete esplikazioak zaharragoei, eta nire alabari eskainitako liburua bada ere, belaunaldi guztiarentzat da”, nabarmendu zuen. “Zer dela eta? Non sartu zineten, zertan ibili zineten, ondorio hauetara iristeko?” bezalako galderen erantzuna jakin nahi dute, eta Gorostidiren ustetan, eginkizun saihestezina da adineko batentzat. “Gazte batek sendotasuna behar du, bere bidea errazago egingo du mapa sendo bat badu”. Bere ustetan, energia, sasoia eta grina dituzte gazteek, baina eskarmentua eta orientazioa baliagarriak izan daitezke eurentzat».

 

7.Herootza aurkezpena




‘Shaolin’ kasua, ahanztura baino lehen (BERRIA egunkarian 2015eko maiatzaren 8an)

Yenny Sofía Revollo-ren eta Maureen Ada Otuya-ren hilketa ankerrak medioen arreta jaso du beste behin epaiketaren egunetan, baina berehala pasako da ahanzturaren eremura: serieko hiltzaile bat gehiago, shaolin-eko monjea zela uste zuen eroa, bi emazte gaixo haien tragedia –atzerritarrak, prostitutak…– egunerokotasunaren estoldan behera, eguneroko bortxa matxistaren ondorioz hurrengo biktimak azaldu bitartean.

Yenny Sofía Revollo y Maureen Ada Otuya, asesinadas-shaolin

Hori gertatu aitzin, bi gogoeta nahitaezko: batetik, biktimen senideen samina, hiltzailearen maniobra aringarri guztien arrakastaren aurrean. Ez defentsaren abokatua soilik; epaiketa egituratzen duten guztiak –fiskalak, teknikari forenseek, poliziek eta epaileak berak– ados jarri direla dirudi krimenaren larritasuna arintzeko ahaleginean. Ez zen bahiketa eta ankerkeriarik suertatu, nonbait, hilketa aseptiko eta oinazerik gabekoa baizik. Bestetik, espektakuluaren garaipena dago, “meditazioan barneratua” dagoen psikopata hiltzaile batek gauzatua.
Aurrez pentsatu eta erabakitako hilketen ebidentziaren aurrean, hauen astungarri guztiekin, “bat-bateko supituko bulkada”ren bertsioa gailendu da. Aparatu judizialaren betebeharra gure kontzientzia txarra areagotu dezaketen bortxa matxistaren munstro ezaugarri asaldagarrienak leuntzea balitz bezala, epaiketaren errituaren protokoloen bitartez: “Hilketak izan ziren, bai” esaten zaigu, “baina hiltzaileak onartu egin ditu, eta hori haren aldeko aringarria da”; gainontzeko osagarri makabroak, ezin ankerragoak, horrekin urtuko balira bezala. Bigarren gogoetarekin lotuta datorren zerbait, nire ustez.
Badirudi etsi eta amore ematen dugula espektakulua emateko gai denaren aurrean, baita espektakulu hori groteskoena bada ere. Aguilar hiltzailea da, baina “hiltzaile mediatiko” bat, lehen egunetik bere papera telebistan arrakastaz jokatzen ibili zena. Eta taularatze horrekin jarraitu du epaiketan ere: nola ez eman ongi etorria egungo reality show globalean horren modu sinesgarrian ari den bati?
Alabaina, feministek dute arrazoi osoa: “[Alcasser auzian nagusitu zen diskurtsoetan] sexu terrorearen ingurukoa nagusitu zen. Nik uste dut krimen hori sexu arriskuari buruzko 1990eko hamarkadako narrazioa izan zela. Narrazio horrek emakumeak errudun bilakatzera eta erasotzaileen erantzukizuna arintzera jotzen du. Narrazio hori sozialki eraikita dago, eta statu quo sexuala babesten du, hau da, gizonek andreen gorputzen eta bizitzen gainean mantentzen duten pribilegioa […] Hori aztertu beharko genuke, edo sexu langileen segurtasunaz eztabaidatu. Hori da gakoa, eta ez nor den Juan Aguilar, edo benetako shaolin bat den ala ez” (Nerea Barjola, BERRIAn).
Salaketa horren egokitasuna baieztatzera etorri da epaiketa eta, horren adibide, bertan agertu ez diren sumarioan jasotako akusatuaren “neska-laguna”ren deklarazioak: “Bularrak, besoak eta ipurdiak jotzen zizkidan eta iletatik tira […] Aurre egiten banion, nire familiari grabazioak bidaltzearekin egiten zidan xantaia. Joka ari zitzaidanean, asaskatze bat zela zioen, berak zuen amorruaz eta mingostasunaz libratzeko behar zuena […] ‘Putak, beltza putak’ esaka ibiltzen zen… Haietako bi bahitu nahi zituela zioen, drogatu eta zigortuko zituela ‘ni apur bat senda nendin’ adierazi zuen Maria Evak. Dena prest omen zeukan gimnasioan: intsentsua, fruta eta kandelak, eta dena grabatu egingo zuela. Bera amu gisa erabiltzea ere proposatu zion, zuen elbarritasunagatik, haietako emakumeren bat limurtzeko. ‘Mania hori zeukan, emazteei min ematearena… Haietako bat kalean bakarrik ikusten bazuen, izan ala ez prostituta, izorratu nahi zuela esaten zuen. Txinatik ekarria zuen droga bat emango ziela, lotu eta jipoitu, erdi hilik utzi arte, eta hori guztia grabatu niri erakusteko. […] Oso garbi utzi zidan asteburu horretan ez nuela gimnasiora hurbildu behar, bera meditatzen egongo zelako […]. Hauxe esaten omen zien ikasleei: ‘gudari garaileek bentzutuen bihotza jaten zuten haiek umiltzeko’ edo ‘hiltzaile bat meditatzera esertzen da hurrengo hilketa prestatzera’. Yenny-ren gorpuzki bigunak ez ziren inoiz agertu” (El Correo, 2013-XI-16). Zer dela eta pasa dira ustekabean deklarazio horiek epaiketan?
Gizon bezala eta berak publizitatzen dituen ariketen ezagule eta maisu gisa (arte martzialak, meditazioa…) guztiz asaldagarria zait hau guztia. Hamarkadak daramazkigu “Shaolingo monjeen balentriez” eta “budisten bakeez” liluraturik, eta ezin alde batera begiratu, beraz, egungo Mendebaldean lilura honek lortzen duenaren aurrean: “Mendebaldeko budismoa kapitalismoaren joko desesperatuan jolastea ahalbideratzen zaituen fetitxe bat da. Bertan zaude baina bertatik kanpo bazina bezala irudikatzen duzu zeure burua, espektakuluaren hutsalkeriaz erabat jabeturik, zure barne-Niaz baino ez baitzara arduratzen, eta beti duzu beragana erretiratzeko aukera” (Zizek).

 

jcaguilar. juicio

Aguilar-ek, benetako maisu zen bat bailitzan, begiak itxi eta meditazioan sartzen da; sorgor entzuten ditu deklarazioak eta peskizak, inongo damu edo hobenik gabe, ez du barkamenik eskatzen… egoaren kontutxo horiek ez dute-eta berarekin zerikusirik. Bere espektakulua garaitu egin zaio Ada-ren familiaren desesperazioari –haren gurasoak eta sei anai arrebak, haren lanetik bizi zirenak–, nahiz Kolonbiatik jaurtitako Yenny-ren amaren auhenari: “Bihotz gabeko hiltzaile honek ez behin; hiru, lau, bost aldiz erail zuen nire alaba. Mozten zuen zati bakoitza heriotza bat izan da niretzat”. Aguilar-ek eta beste hainbatek “Txinatik ekarritako droga” hark narkotizatzea lortu gaituela dirudi.