1

ARROZTEAK ZABAL DITZAKEEN BIDEETAN BARRENA

Arantza Santestebanen 918 gau filmaren inguruan

(Artikulu honen bertsio laburrago bat BERRIAk argitaratu zuen 2023ko martxoak 22an)

«Nire bihotza enarena da nire kamaradena baino gehiago»

Rosa Luxenburgen Kartzelako gutunak, filmean aipatua.

“(Arantzari galdetuko genioke) artxibo partikular horretako argazkiei bota zien begiradaz. Ez begiekin, kamerarekin baizik. Ez baitzuen plano orokorrera jotzen, estu-estuetara baizik. Detaileak harrapatu ahal izateko. Galdetuko diogu ere ea noiz ohartu zen argazki horiek nolabait iraganean mantentzen zutela preso. Noiz erabaki zuen zinemagileak bertan uztea eta gauez ibiltzeari ekitea. Bertan uztea eta industrial techno musikaz gainezka den diskoteka batean gogoz eta ez preseski pasibo murgiltzea”.

Begoña del Teso BERRIAn.

“Subjektu politizatua irudikatzeko logiketatik ihes egiten saiatzen naiz. Horregatik, 918 GAU, zalantzagarria eta zaurgarria dena ere, leku politikoa den ikertzen saiatzen da… Ez da nire trauma emozional bat sendatzeko lekua. Filmak estetikoki bildu nahi du nire ustez prozesu politiko baten parte den sentsazio bat…”.

 Zuzendariak La higueran idatzitako komentarioak eta BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

Kartzelako errealitatea esan ezinezkoa denez –irudikaezina, Georges Didi-Hubermanek esango lukeenez–, kanpokoak ez du aski erreferentzia barruan gertatzen ari dena ulertzeko, eta barrukoak ere ez du bitarteko nahikorik zer bizi duen adierazteko. Beraz, barrukoak jarraitzen du izaten kanpoko munduaren jasotzaile huts bat, eta iruditzen zaigu behar duen guztia dela kanpoko bizitza xurgatzea”.

ARGIAri eskainitako elkarrizketan

Euskal Herrian (Iruñeko Ikuspuntu jaialdian) 2022eko martxoan estreinatu zenerako 918 gau filmak DocLisboako Nazioarteko Film Onena, Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onena eta Pontevedrako Novos Cinemasen Latexos sariak jasoak zituen 2021ean zehar. Kanpoan jasotako errekonozimendu horren ondoren, oihartzun nahiko zabala izan zuen filmak, eta zuzendaria elkarrizketatua izan zen zenbait medioetan, non egilearen motibazioak eta helburuak argiki islatu ziren; baina ikusia izateko oso aukera gutxi gertatu dira, gerora: laudorioez haratago, ez zinema komertzialetan ezta ohiko jaialdi eta gainontzeko programazio kulturaletan ere. Gaiak, haren tratamendu ez ohikoak eta han eta hemen jasotako laudorioek beste zerbait eskatzen zuten, baina ez gaude, nonbait, horretarako. Ondorengo lerrootako komentarioak filmaren metrajearen bilakaerari atxikituko zaizkio.

Hasierak inpaktu handia du. Abstrakziora jotzen duten soinu eta kolore nahasiez beteak dira lehen minutuak –bukaerako giro isil, itzal eta figuratiboarekin kontrastean–, eta kamerari begiratu gabe hasten da kontakizun neutro bat, edozeinek ulertzeko moduko datuak ematen dituena: goi mailako polizia operazio bat, Madrilgo epailerik entzutetsuenak gidatua –Felipe Gonzálezen gobernuko justizia ministro izandakoa eta, espainiarren artean, nazioarteko proiekziorik handiena duena–. Espero ziren atxiloketak gertatu dira, hogeitahiru lagunena, ETAren amaiera kudeatzen ari diren elkarrizketa eta ekintza gurutzatuen barneko operazioan.

Epailearen aurrekoa kontatzerakoan, lehen haustura, lehen arroztea: “Iruditzen zait beste norbaiti buruz ari direla. Izerditan nago… Barre egiteko gogoa etorri zait, barrez lehertzekoa, baina badakit tokiz kanpo legokeela: ni hemen bezala”. Lekuz kanpo, horra gakoa. Atera gaitu narrazio arrunt-solemneetatik, eta gertakizunen hiru maila aldi berean eskaintzen zaizkigu: narratzailearen sentipena, berak kontatzen duen gertakariena (beren bileretako eta gainontzeko mugimenduen jarraipen poliziala, atxiloketaren protokoloak…), eta pantailan agertzen diren paper eskaneatuek erakusten duten jargoi juridikoa: “doy fe…, prisión provisional comunicada…, persistencia en su acción con peligro de huida…”. Sartu gara giroan, baina gertakizun horren irakurketa politikoa edo kritikoa egin ordez –Euskal Herriak pairatzen duen polizia-jazarpenaz edo, Foucaulten erara, tribunaletako hierarkia eta errito sail finkoen buruzkoa, esaterako– arroztasuna jartzen zaigu aurrean; distantzia bat, egoerarekiko disoziazio arretatsu bat eskatzen duena.

          Hamar minutuko obertura horren ondoren agertzen zaigu filmaren izenburua, argi utzita dagoeneko ikustera goazena ez dela kartzelaldi baten inguruko kontakizuna baizik eta egonaldi horrek eta ondorengoek hasiera-hasieratik eragindako arroztasuna.

MIKO-KONTAKIZUN SORTA

          Bigarren arrastoa: ez zaigu errelato oso bat emango, baizik eta miko-kontakizun sorta bat, itxuraz detaile arruntetan oinarritua, argazki lanbrotsu batzuk eta haietan ikus litezkeen detaile nabarmenduak: Alexandraren bisean biseko intimoa, preso baten alabaren urtebetetzeko jaia, kirol monitorearen portaera, ospitalean bizitutakoa, kartak botaz lagundu nahi dion jonkia… Kartzelako bizimoduko kontu arruntak kontatzen dira kontalaria den preso politikoaren barne gatazka aurkezteko: “Nereak ezartzen zituen esan gabeko arau zurrunak. Preso egoteak sortzen zigun frustrazioa adieraziz gero, bere mespretxua adierazten zuen, gure ahuleziak molestia eragingo balio bezala. Horren ondorioz, gure artean preso eredugarria izateko beharra zabaldu zen; preso politiko ginen heinean, kartzelaren aurrean indartsu mantentzearen beharra. Kezka politikoak kezka intimoen gainetik egon behar ziren beti. Preso sozialekin tratua begi txarrez ikusten zuen; susmagarritzat hartzen zituen. Inork ez zuen haren gorrotoa jaso nahi, eta, halako batean, isiltasun jasan ezin batean sartu ginen. Neurria ematen ez nuela sentitzen nuen etengabe”.

          Arrozten den emakume batez ariko zaigula adierazi zaigu hasteko. Ondoren, neurria ematen ez duen preso politiko bati buruz. Film osoa horren adierazlea da, eguneroko kontu txikiekin jarraitzeko tematuta baitirudi narratzaileak: irabazi zuen igeriketa proba, gizon gihartsuak eta haiekiko kontaktua eta distantzia, batekin izandako abentura ezkutatu beharrekoa… Sexu-jarduna grabatu nahi zuela kontatu du nonbait, eta lau minutuko bi emakumeen arteko larrua-jokoarekin amaitzen da orain artekoa. Niri ezin egokiagoa eta samurtasunez betea egin zaidan pausa moduko eszena hori, eramangaitza egin zaio nirekin egondako bati baino gehiagori, ez lizuna delako; luzeegia, aspergarria, deserosoa egin zaielako baizik.

Ohe-eszena horretan gertatzen da filmaren hogeita hiru minutuko lehen zatiaren –metrajearen erdia ia– eta bigarrenaren arteko trantsizioa. Hizkuntza zinematografikoa aldatu egiten da ondoren, eta baita aurkeztutako gaien tratamendua ere, sakontasuna. Hasieran bezala, zuzendaria bera agertzen da berriz grabagailuari hizketan, baina planoan apenas agertu gabe. Kontakizunak, oraingoan, luzeagoak dira, dramatikoagoak: Rasharena, esaterako, burua galdu zuen 32 urteko preso hegoafrikarrarena.

Argazkietara joko du beste behin, baina oraingoan bere lagunek berari bidalitakoetara, bere arrozte prozesuaren beste ildo bat erakutsiko diguna: argazkiotan jasoko duena bere iraganeko bizimoduaren isla da, gero eta urruntasun handiagoarekin sumatuko duena. Ondoren, filmean erakusten den une gorenetako bat ageri da: lagun batek igorri dion gutunaren irakurketa non zebraren metafora erabiltzen den haien moduko militante eta preso politikoen izaera moralaz galderak egiteko: “Zer zarete, asto beltzak marra zuriekin, ala asto zuriak marra beltzekin?; pertsona onak, ohitura txar eta tirantza destruktiboekin; ala txarrak, destruktiboak zarete, ohitura on eta jokabide zuzenekin? Zaratatsuak zarete, sloganekin aseturikoak, ala jende lasaia, espirituala, garrasi eta zarata-aldiekin? Zuen borrokan zoriontsuak zarete, egun tristeekin, ala bide tristean zabiltzate egun zoriontsuekin? Zuen artean zuzen eta txukun zabiltzate, zenbait zerrikeriarekin, ala giza-jende zerria zarete txukuntasun eta zuzentasun batzuekin?”. Patxadaz irakurria da gutuna eta aurreko sexu eszenak hainbeste irauten du.

GAINDITU EZINEZKO GOGOETA MORALAK

          Film honen balioetako bat da zabalik dagoen prozesu baten testigantza aurkezten digula. Horrekin da guztiz koherentea tratamendu formala, elementu zatikatuen erabilera. Kartzelan bizituriko ezlekutzea kontatzeko distantzia bat bilatu behar izan du egileak, ez handiegia ezta txikiegia ere; narrazio zurrun baten menpeko izan den militantzia-eredua hautsi zaionean, ez du beste osotasun batera jo. Kontrara, krisi horren baitatik erakutsi digu erakutsi beharrekoa modu zatikatuan, irekian: “ez dut besterik gabe desengainu politikoa aldarrikatzen, zalantzarako aukera baizik. Nire ustez, une honetan ez dago gauza politikoagorik kolektiboaren baitan krisiaz kargu egitea baino”, bere hitzetan. Baina ez pelikula intimista bat eraikiz: “diskurtso politiko desberdin bat artikulatzeko toki bakarra intimitatea balitz bezala”, ezta jarrera baten autojustifikazio eginez ere.

Hala ere, ez pentsa bikoiztasun moralen gainditze bat proposatuko zaigunik. Zenbait galderak jartzen dira lehen planoan, galdera horiek bazterrean ez uzteko erabaki irmoz (“zer sentitzen duen presoak, nolakoak diren botere harremanak, etorkinak nola dauden, nolakoa den sexualitatea, zer den desira, zer den naturaren absentzia…”). Eta jarraitzen du: “gure paradigma politiko guztia eraiki da dikotomietan, eta hortik erantzun sinplistak sortzen dira. Iraultza ala hil? Bada iraultza. Aberria ala hil? Aberria, jakina. Hortik formulatzen diren galderek ez dituzte askatzen gure bizitzetako dilemak. Aldiz, galderak askoz konplexuagoak bihurtzen dira alde humanora biratzean” dioen bezala beste elkarrizketa batean.

Zuzendaria sinesten badugu, dikotomia itolarri horietatik aldentze beharraren ondorio da filma, eta minutuak aurrera egin ahala, patxada bilatzen eta eskaintzen da arnasa hartzeko; trantzea ere bai –bigarren haustura luzea markatzen duen dantza eder luze horretan– eta argi epelean eta iluntasunean bilatzen den isiltasuna, pelikularen azken minutuetan. Ez dago azpian indarrean dirauten dikotomia moralen konponketarik; dikotomia zurrun batzuetatik beste mota bateko dikotomiak erakusten dira, askoz ere zabalagoak, konplexuagoak, irekiagoak… Horregatik da pelikula irekia, prozesuaren baitatik sortua, ez erantzun borobil bat aurkitu eta esplikatzera datorkiguna.

Zentzu horretan, esango nuke bakarra dela Santestebanen pelikula orain arte euskal gatazkaz egin direnen artean, guztiak baitaude autojustifikazioan oinarrituak; guztiak baitaukate erantzun borobil bat erakusten den arazoaren aurrean. Adiskideak planteatuko dituen galderen aurrean –“Pertsona onak zarete, ohitura txar eta tirantza destruktiboekin, ala txarrak, ohitura on eta jokabide zuzenekin?”– batera ala bestera jo behar ohi dutenez; ez ordea Santestebanek bizi duen prozesuan egon eta modu zintzoan gisa horietako erantzunik gabe jarraitzea erabaki duenetik.

Ordubete neurtuen kontakizuna bete da, eta hasieran genuen irekidura –ala irekidura horren aurreko erresistentzia– handitu baino ez da egin. Ilunabarrean eta Euskal Herritik ia bi mila kilometroetara dagoen Berlingo Treptower Parkean gabiltza, bigarren mundu gerran eroritako soldadu sobietarren omenezko irudien artean. Txoriak eta zebra eta, amaitzeko, Verde Pratoren Amaren kanta: “Adinez nagusi denetik badoa urrun / Egiak ez dezala harrapatu / Arren haurra, ez ihes egin / Nora hoa hain estu? / Mendian gora gauak ere aurkituko zaitu / Nora doa nire umea begira? / Leku hartan zerk umelduko du? / A ze poza izango dut bihotzean norbaitek osorik maitatuko balu! / Urruti ere izango da udaberria…”.




LEKEITIO LEMOIZEN DA

(Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldiaren transkripzioa. JAKIN aldizkariaren 244 zenbakian argitaratua, 2021ean)

Lekeitio saileko zati bakoitza

abotsaren ernetze inizaitikoaren eremua ditake

eta heriotzaren premonizioa.

Lehen eta azken hatsaren arteko epe laburra.

Nostalgiaren minaren mina.

Ugaria eta bakuna.

Gurea eta besterena.

Egun batez lekeitio saileko puskak bateratuko dituztenean,

XX. mendeko sinfonia azalez kaotiko

eta mamiz sakon den pieza osatuko dute.

Iraunahiari omenaldia.

Itxaro Borda[2]

1

Kontzientzia arkaiko baten pean bizi zen munduan jaio nintzen ni, baina hori esan badezaket da ez dudalako dagoeneko mundu oso eta biribil hori habitatzen.

Nire gurasoak eta bizilagunak, eta baita nire irakasleak ere, nik 18 urte izan arte edo, kontzientzia hartan haziak eta ohituak ziren.

Gerora barneratu dudan kontzientzia modernoarekin alderatuz, kontzientzia hark hainbat ezaugarri zituen, baina garrantzitsuena hauxe iruditzen zait: pertsona bakoitzak, xumeenak nahiz jasoenak, destino bat bizi zuela uste zuen; norberaren bizitzaren gorabehera guztiak Beste Handi Traszendente batek emanak ziren, eta haren ardura nagusia zen emandako gidoi hura ahalik eta egokien betetzea.

Bizitza oso gogorra eta nekeza zenean ere, oinarrizko konfiantza baten gainean sustengatzen zen, eta konfiantza hori zen Beste Handi hori Orojakilea zela, eta Ahalguztiduna. Baina, gainera (gure ingurumen katolikoan), funtsezko Zuzentasun batek gidatzen zituen haren ekimenak, eta baita gure entendimentuak ulertu ezin zuen jendearekiko Erruki sakon batek ere.

Kontzientzia hark bazuen gaitasunik norberaren destinoaren baitan gertatutako nahigaberik edo desgraziarik mingarrienei ere aurre egiteko, halako oreka absolutu, biribil, bete baten baitako sinesmenean edo konformidadean irauteko, bizitza hau denbora infinitu baten zati txiki ezdeus bat baino ez zelakoan.

Kontzientzia Modernoa Kontzientzia Arkaiko haren ukaziotik altxatzen da (edo, askok uste duten bezala, kontzientzia haren bilakaera batetik): “Ahantz dezagun Beste Handi hori eta har dezagun Geure eskuetan geure destinoa” esaten die subjektu modernoak bere buruari eta bere hurkoei.

Baina Ahalari, Jakinduriari, Zuzentasunari eta Errukiari uko egin gabe. Ordura arte gure eskutik, gure ahaletik ia erabat kanpo zegoen denboraz gaindiko Potentzia Absolutu baten ardura Beregan hartzea erabaki du Subjektu Modernoak: gu guztiok kontzientzia horren baitan bizi baikara, aspaldian.

2

Kontzientzia Arkaikotik Kontzientzia Modernora doan urratsa, lekualdatze funtsezko hori, gaztetasunaren aldaketarekin eta oldarrarekin batera gertatu zen nire kasuan. Eta garai hartan pasioak eta erabakimenak lekualdatze hura antzemateko tarte handirik uzten ez bazidaten ere, sekulako arrakala eragin zuen nire baitan –nola bestela–; orain jabetzen naiz horretaz.

Gainera, arrakala hori modu masiboan bizitzea tokatu zitzaigun nire adinekooi, fenomeno kolektibo bat izan zen hura, iratzartze moduko baten eran ulertu/ez ulertu genuena. Eta iratzartze horrek eta lekualdatze sakon eta inkontziente horrek izan zuen adierazpen argi eta nahasezin bat: Laboak 70eko hamarkadan zehar sortu zituen lau pieza bakanak bere ahots androginoz eskainiak, harritzen eta harrapatzen gintuztenak: Baga Biga Higa, Gernika, Orreaga, eta Dialektikaren Laudorioa piezak.

Oso ulergarria zen pieza haiek pizten zuten harridura, jende asko marmarrean jartzen zuena: “nola liteke hori egitea, iraingarria da; hori ez da kantatzea ere, are gutxiago euskal kantua”. Hura ez zen kontu estetiko hutsa, kontzientzia aldaketa baten lurrikararen ezaugarria eta adierazlea baizik.

XX. mendeko lehen erdiaren oinordeko zen Laboa, eta egunotan harrigarria egiten den uholde baten parte:

“Hitzezko kaiola bat egin nahi bagenu, eta bertan Mikel Laboa utzi harrapatuta, XX. mende hasieran gertatutakoa hartu beharko genuke aintzat, eta esan: “Krisi handi bat hedatu zen, eta pintoreek, idazleek, musikariek inoiz baino garbiago ikusi zuten beren adierazpidearen gutxitasuna. Iraganetik jasotako modu eta hizkera guztiak faltsuak iruditu zitzaizkien, edo bestela hutsal, burgeskeria huts. Gero Lehen Mundu Gerra etorri zen, ordura arteko krudelena, eta hari Gernika, Auschwitz, Hiroshima jarraitu zitzaizkion, eta pintoreak, idazleak, musikariak, isiltasunaren mugetaraino joan ziren Herio Piztia Likitsaren aurkako obrak asmatu nahian. Herri tradiziora jo zuten, umeen edo burutik egindakoen adierazpen moduetara, hizkuntza eta hizkera arruntak ukatzen zituen sorkuntzara. Bereak egin zituzten, halaber, arte mota arbuiatu eta pupular guztien formak. Bertolt Brecht, Tristan Tzara edo Paul Celan dira adibide. Eta Ungaretti eta John Cage. Eta Picasso eta Dubuffet. Roy Hart eta Joan Brossa…”[3].

3

Baina hurrengo hamarkadan, 80koan, dena aldatu zen gutako askorentzat: kanpoko eta barneko suteak apaldu ziren neurri handi batean, eta gertatu zitzaigunaren neurriaz eta zauriaz erabat jabetu gabe, Kontzientzia Modernoa gauza jakina eta emana kontsideratzen hasi ginen.

Zer zen kontzientzia hori? Kontzientzia Arkaikoak Beste Handian proiektatzen zuen beharra (zerbait Ahalguztidun, Orojakile, Zuzen eta Errukitsu baten premia hori) beste nonbait, Nigan eta Guregan, proiektatzea:

Ahala geure kontua zen, ez kanpoko inorena, eta horrek bihurtu gintuen Botere guztiekiko bereziki sentibera, minbera. Modernitatea deritzogun hori inoizko Botere erakustaldiarekin abiatu, hedatu eta gailendu zen XV.-XVI. mendeetatik aurrera, eta paroxismora ailegatu zen XX. mendeko gerrateetan.

Jakituriak ere geure esku egon behar zuen: geuk jakin behar genuen, eta horrek Zientziaren eta horren ondoriozko Teknologien inoizko garapenik eta onarpenik sakonena ekarri zigun. Bitartekari gisa hasi zena helburu eta ardatz, destino bilakatu zen ondoren.

Zuzentasunak ere geure esku behar zuen, eta geure denboraren baitan gauzatu beharra zuen. Hautsi nahi genuen gure aurrekoen etsimendu otzana, eta justiziaren behin betiko legea eraiki. “Giza eskubideen deklarazio unibertsala” kontu modernoa izanda, haren gauzatze praktikoa exijitzen genuen, eta edozein gazterengan zegoen “iraultzaile” zelako ustea. Matxinada moderno guztien oinordeko genituen geure buruak, denbora gehiegirik ez bagenuen ere matxinada haiek zer izan zuten iraultzailetik, garaipenetik ala porrotetik baloratzeko.

Errukia, berriz, norberaren burutik hasten zen zerbait zen, Desio hitza jarri zen gure kontzientzien erdigunean; ordura arteko errepresioetatik libratu nahi genuen, haren sustraiak eta iturburuak ezagutu. Horrek eragingo zituen ondorioak onartzeko prest geunden. Hurkoarekiko behar zen errukia berezkoa bilakatuko zen, justiziaren baldintzak ezarriz gero.

Gure ondorengo belaunaldiek ez badute aldaketa zorabiagarri haren pertzepziorik, ez du esan nahi lurrikara horren ondorioen baitan bizi ez zaretenik –ez garenik– baina ez jada tokian tokiko fenomeno gisa, Europan azken bost mendeetan garatutako prozesu horrek Mundu osoa baitzuen xede. Globalizazioa prozesu horren hedatze bortitza adierazteko modu bat da. Kapitalismoaren gailentzea, beste bat, zeinak etengabeko arpilatzea, suntsiketa, kolonizazio patriarkala berarekin duen eta XXI. mendearen kontzientzia kolektiboan barneratzen ari den konstatazio bat: “ailegatu gara mugara; hau Hondamendia da”.

4

Laboaren lehen Lekeitioei dagokienez, zerbait oso adierazgarria gertatu zen 80ko hamarkadatik aurrera: gehienentzat estaliak geratu ziren –arrazoia emanez hasieratik onartezintzat zituzten haiei– baina, aldi berean, lehengo kritika haiek apaldu egin ziren: Laboa guztion ondare bihurtu zen eta Lekeitioak, apenas entzuten baziren ere, “onartuak” izan ziren gure modernitatean, Arteari ematen zitzaion kultuzko funtzio berrian. Laboak berak onartu zuen aldaketa hura: lehenago leherketa batek erreietatik behartzen zuen arrakala baten adierazpena izan zen hura, arte kontzeptuala bilakatu zuen: Itsasoa eta Lehorra, Txerokee edo Mugak pieza kontzeptualak dira, apenas dute zerikusirik aurrekoekin, ez bada Laboaren ahotsa eta beste. Euskal jendarte modernoak barneratu egin zuen adierazpen hura, eta Kontzientzia Arkaikoaren klerigoentzat Idolatriaren zantzu nabarmenak zituena ikono bilakatu zen Kontzientzia Modernoaren tenplu berrietan: Unibertsitatean, orkestra sinfonikoz eta abesbatzez hornituriko antzokietan, Arte Garaikidearen tenpluetan… Gordinkeria eta desmasia hura amaitua zen, eta XX. mende bukaerarako Laboa gu guztion amona bilakatua genuen.

Argigarria da Laboak berak argitara eman zuen azken bertsio kanonikoan –Lekeitioak, 2007– orkestraz eta orfeoiez grabaturiko erdipurdiko bertsioak lehenetsi zirela, eta osagarri gisa ipini zirela aurreko bertsioak, salbuespen batekin: Orreagaren lehen bertsio “eroegia”, 1980koa, desagerrarazi egin zen, eta haren ordez, 1988an grabaturiko tempo mantsoagokoa sartu.

Kontzientzia Arkaikoa indarrean zegoen bitartean, Beste Handiari eraikitzen zitzaizkion tenpluak, kaperak eta katedralak. Aro Modernoan, hura guztia Ondare Arkeologikoa bilakatu da, eta tenplu berriak sakabanatuak izan dira ordezkatzen duten agintearen ohorez: Ahalaren, Jakintzaren, Zuzentasunaren edo Errukiaren nagusitasuna sustatzeko:

Botereak, ohiko kapitolio eta jauregiez gain, zeruak urratzeko gai diren eraikinak jaso ditu bere gurtzarako, baina baita estadioak edo egoitza olinpiko harrigarriak ere, arkitektoek inoizko sona handiena duten aroan.

Jakintzak, bere aldetik, unibertsitate, laborategi eta institutu teknologikoak bihurtu ditu katedrale.

Zuzentasunak eta Errukiak norberaren baitan eta zaintza profesionalizatuan jarri dute azpimarra, eta gimnasioak eta kirol eraikuntzak barreiatu dira bazter guztietan, garai bateko kapera eta eliza lekuan, eta baita psikologoak eta era guztietako mediku, terapeuta eta sendagileak ere. “Yoga eta meditazioa guztientzat!” aldarrikatzen da egun, lehen misioak, bederatziurrenak eta prozesioak ziren lekuan. Eta, nola ez, Artea. Euskaldunok horretan –Oteizaren madarikazioak gorabehera– lortu genuen lehen lerroan ipintzea; Loiolako Ignaziorekin XVI. mendean nola: Guggenheimekin jarri genuen Bilboko tenplua munduko katedralen mapa berrituan, eta, egun, ez da herrixka edo auzorik geratzen gure lurraldean bere museorik edo kulturgunerik ez duenik: desagertzear dira sotanak, biba arte eta kultur programatzaileak!

Lehengo Jainkoek eskatzen zuten miresmena, atxikimendua eta debozio berbera edo handiagoa eskatzen dute Kontzientzia Modernoaren tenpluetako nagusi kontaezinek.

5

Aro modernoa bidaien aroa ere izan da. Lehenbizi, ero edo desesperatu haiena, gure artean Europatik Ameriketara egiten zena, gehienbat. Baina 80ko hamarkadatik aurrera, masa-turismoa besarkatu genuen guztiok pozarren. Gutako nor ez da hurbildu beste kontinente batera? Harrigarria da bizitza osoa hamar edo hogei kilometroko esparru geografikoetan pasatzen zuten seme-alaba edo ilobentzat. Mundua “txikia” egin dugu, eta “Herrixka Globala” deitzen diogu, lasai-lasai.

Ez genekien nonbait Asiara, Ameriketara edo Afrikara egiten genituen bidaia haiekin lurralde haiek gurekin ekartzen genituela etxera bueltan; ez genekien Txina, India, Brasil, Maroko edo Hegoafrika gure esparru materialean eta mentalean sartzen zirela, bat-batean. Baina zer dakigu lurralde haietaz, hango bizimoduez, hango jendeaz?

Ezer ez badakigu ere, ekarri ditugu etxera, eta birusak eta pandemiak egia argigarri hori ere leherrarazi digute, muturrean. Gure arropa Bangladeshen edo Txinan egina da, gure gailuak Afrikako meategietatik eta Txinako faktorietatik ekartzen dira, gure elikagaiak Almeriako negutegietatik, eta gure energia Aljeriatik edo Frantziako zentrale nuklearretatik.

Jakinduriaren Tenpluko apezpikuek biziarazi diguten zifren eta datuen eromenean, merezi du kontu batzuk ateratzea –10en baitakoak, 11 ulertezina baita ia, mugagabearen pareko gure buru arkaikoan–: Mundu osoa bat egina dugun honetan, munduko 10 biztanletik, 6 Asian bizi dira (eta han 10etik 2 Indian eta beste 2 Txinan); hamarretik 2 Afrikan; eta Amerika osoaren eta Europaren artean beste 2ak. Proportzio hauek adinarekin gurutzatuz kontuan hartzekoa da europarron batez besteko adina 45 urtekoa dela, eta afrikarrena 18 inguruan dagoela (Ugandan, zeinak Iberiar penintsularen erdia lurrazalean baina antzeko biztanleria duen, 15 urtekoa da batez besteko adina).

Indian soilik, Munduko Diru Funtsak bultzaturiko azpiegitura erraldoiek –urtegiak, autobideak, meategiak…– 30 milioitik gora pertsona lurgabetu eta etxegabetu ditu azken lau hamarkadetan, megapolisetako txaboletara behartuz. Meatze berrien ustiatzeak gerrak pizten ditu mundu osoan: hilketak eta sarraskiak egunero Amerikan, Afrikan eta Asian. Eta zein da gure kontzientzia, gure erantzuna? Europa immune bat sortzeko espantuzko ihesa edo lasterketa, gero eta baldintza gogorragoak ipiniko dizkiena gainontzekoei, segidan hondamendia ekarri duen orain arteko ereduari ahalik eta tinkoen eusteko.

Hannah Arendtek 1943an We Refugees liburuan proposatu zuen hiritar kategoria errefuxiatuarenarekin ordezkatzea. Afrikan soilik eta bertatik atera gabe, 80 milioitik gora dira, egun. Eta “Auschwitz posible egin zuenak bere horretan dirau” idatzi zuen Imre Kertészek aurreko mende amaieran[4]. XX. mendearen bigarren erdiko orekak hautsita eta mende berria inauguratu zuen “Terrorearen aurkako gerrarekin” lehertzear da gure kontzientzian azken hamarkadetako burbuila.

“Gorrotoaren politika” aipatzen nuen nire hitzaldiaren izenburuan, Tabakalerak proposatutako Non dago Lekeitio? galderari erantzun bila. Hori da Kontzientzia Modernoarekin batera munduan zehar europarrok hedatu duguna. Eta sumindura da munduko zapalduei utzi diegun baliabide ia bakarra. Gure gaztelua erabat gotortuta ere, ezingo dugu sumindu horien guztien uholdea saihestu, eta orduan aukeratu egin beharko dugu norekin egon eta ekin: suminduekin ala sumindura hori eragiten dutenekin.

70eko hamarkada bizi genuenontzat hautatu behar horiek eguneroko kontua ziren, baina, gerora, hamarkadak pasa ditugu lozorroan, geure pribilejioak gauza naturaltzat hartzen, txikiegia bilakatu den mundua hondamendira bultzatzen. Hori guztia bukatzen ari da, eta, hitzaren zentzu estuan, bizi dugun aroa apokaliptikoa ere bada: ezkutuan zegoena begien bistara dakarren aroa.

Kontzientzia Arkaikoak eskaintzen zuen bitartekaririk gabe, zenbat eta mehatxatuago sentitu, orduan eta gehiago jainkotuko ditugu geure Ahala eta Jakintza. Ahal hori jainkotuz Estatu teknofaxistak sortzeko bidean gara. Jakintza jainkotuz Zientziaren esku uzten ditugu arazo eta gabezia guztien kudeaketa eta aterabidea, baita kontu intimoenenak ere: gaixotzearena eta heriotzarena.

Eta nago, lehen Laboa-medium hark bideratu zituen hitzen aurreko eztanda hura, oihu salbai eta murmurio haiek, entzun beharko ditugula beste behin, nola edo hala itotzen gaituen kristalezko edo altzairuzko burbuila hori barrualdetik edo kanpotik leher dadin.

6

Euskal kostaldean bada leku bat, Bakioko hondartzaren eta Armintzako portuaren artean, turismo mapetan agertzen ez dena: Basordasko kala, Lemoizen. 1972an hasi ziren estaltzen 200.000 m3 hormigoi erabiliz horretarako, eta garaiko puntako teknologia nuklearra, eta hainbat gorpu. Orduko agintariek ezinbestekotzat zuten (“Lemoiz geldiaraztea gizarte hondamena izango litzateke” deklaratu zuen 1979an Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta “Lemoiz ezinbestekoa da Euskal Herriko ekonomia aurrera atera ahal izateko” Pedro Areitiok, orduko Iberdueroren lehendakariak), baina 1984rako, zentrala martxan jartzeko prest zegoenean, bertan behera gelditu zen. Asko hitz egin eta idatzi da hamarkada luze horretan gertatutakoaren inguruan. Nire ustez, Lemoizen inguruan gertatutakoan gordetzen dira aro hartako gako nagusiak, eta ez da kasualitatea Laboak urte haietan plazaratzea aipaturiko lehen aroko lau lekeitioak.

          Gerora zentral hura hustuz joan zen bezala, egungo oskol huts eta fantasmagorikoa bilakatuz, hustuz joan dira garaiko aztarnak eta baita, neurri handi batean, lekeitioen zentzu sakonena ere. Horrexegatik diot Lekeitio Lemoizen dela, herri honek ezkutatu behar duen memoria ilunaren orban eta orbain estalian –ala, ironia handiz, gure agintariek arrain-haztegi bilakatu nahi duten ezleku horretan, arrainen memoria eta gurea gero eta antza handiago hartzen ari den mende berrian.

Lemoizko zentralaren eraikin abandonatua, egun

[1] Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldia.

[2] Zehar bideak, 1995ean Elkarrek argitaratutako Mikel Laboa liburuan.

[3] Atxagak Xoriek 17 (Elkar, 2005) Laboaren azken diskoaren libretoan idatzia.

[4] 1997ko Valaki más (“Beste norbait”) liburuan. Gazteleraz: Yo, otro. Crónica del cambio (Acantilado 2002). Frantsesez, Un autre, chronique d’une métamorphose, (Actes Sud, 1999).




MUNSTRO ARTEAN (Gorka Bereziartuarekin elkarrizketan)

(ARGIA astekariko blogean 2022ko apirilak 28an argitaratua)

Larrun 273an G. Bereziartuak plazaratutako Munstro Populistak. Covid-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako eztabaidetan artikuluak merezi du gogoeta eta erantzun ireki bat, eta hori da ondorengo lerroen xedea, ez baitago (ustez) nire helburuen artean “talde bat definitu eta haren terminoan eraikitako epaiaren” irrikarik. Tratatzen diren gaiak eta adibideak garrantzi handikoak dira “bakoitza bere egiarekin” edo susmoekin besterik gabe bere horretan geratzeko.

  1. Munstroen arteko eztabaida

Helduko diot, beraz, testua amaitzeko Bereziartuak egiten duen baieztapenari: “Harrokeria handi samarra litzateke dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rolean sartzea, emantzipazio-bide horiek non egon daitezkeen seinalatuz. Egia esan, ez dakit. Eta horrenbestez, ezkortasunak definitzen duen munstrotzat dut nire burua ere: gauzak zerk alda ditzakeen baino, zerk ez dituen aldatuko seinalatzea izan da lan honen helburuetako bat. Eztabaida nahasgarrietatik aterako gaituen formula magikoaren faltan, debate horiek badaudela eta sintoma gisa garrantzitsuak direla azpimarratzea izan da artikulu honen beste xedea, baita ika-mika horiek nola funtzionatzen duten ulertzen saiatzeko gako batzuk ematea ere, etorriko diren munstroekin hitz egiten hastean bestelako jarrera batzuekin egin dezagun”. Hitz horiek badute laburpenaren kutsua, hor aipatzen direlako artikulu osoaren ardatzetako batzuk: “dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rola”, “ezkortasunak definitzen dituen munstro” populistak eta zenbait debate eta jarrera “sintoma gisa” aztertzeko beharra.

Munstro hitza “ohartarazi edo iragarri egiten duena” adieran erabiliko balitz, gogoz onartuko genuke, baina ez gaitezen inozo izan: etimologia hori oso urruti gelditu zaigu. Ez genituzke munstroen perbertsioak kontuan ere hartuko, “eztabaidaren ardatza desplazatzeko gai” izan ez balira. Azken paragrafoak eta etimologiaren erabilerak gauzak orekatzeko joera erakusten badute ere, nabarmena da artikulu osoan “desplazamendu” horren inguruan egiten den balorazio ezkorra. Ezkortasun horretan zirrikiturik apenas utzi gabe egiten dira baieztapen guztiak.

  1. Covid-19, Ukraina eta gure gozamenak

Artikuluaren gakoetako bat da, populismoaren fenomenoari atxikita, Trump eta Putin bezalako “adierazle nagusiez” egiten diren gogoeta sendo oinarrituak ekartzen direla azken urte eta hilabeteotan gurean gertatu diren fenomenoetara: Covid-19 pandemia dela-eta hartutako neurrien aurrean jarrera kritikoak adierazteko marmar hutsetik harago nolabaiteko presentzia antolatua erakutsi dutenengana, alegia (Bizitza plataforma eta Independentea webgunea aipatuz), eta, orobat, Ukrainako gerra piztu zenean, “jarrera Errusia zaleak” erakutsi dutenengana. Batzuek, nonbait, “birusaren existentzia ukatu dute”, eta besteek, berriz, “Putin dute adierazle nagusi”. Bizitza plataforman, zenbat dira birusaren existentzia zalantzan jartzen dutenak? Haren konsigna eta estrategiarekin ados izan ala ez, ez zait zilegi iruditzen faltsukeria horretan oinarritzea arrazoibide osoa. Ukrainaren kasuan, berriz, zenbat dira gure artean, NATOrekin kritiko izanda, Putinen aldekoak?

Ez da zenbaki kontu hutsa, arrazoibidearen akats larria baizik. Azken krisiok eragindako asaldura jarrera horietara mugatuz, edozein posizio kritikoren karikatura egin, eta posizio horietan gradazio logiko eta zentzuzko bat balego bezala arrazoitzen da: ezarritako neurriak zalantzan jartzen dituztenen eta birusaren existentzia bera ukatzen dutenen arteko gradazioa, alegia: “hasi zaitez konfinamenduaren eraginkortasun epidemiologikoa zalantzan jartzen eta birusaren existentzia ukatzen amaituko duzu” edo “kritikatu Mendebaldean inposatu diren txertoekin egin dena eta anti-vax eta terraplanista izaten amaituko duzu”. Bistan da hori izan dela modu unanimean gure gobernuen propagandistek bilatu eta, neurri handi batean, lortu dutena, medioen ahobatezko atxikimenduarekin. Eta Ukrainaren kasuan, “hau AEBek eragindako gerra da” pentsatzetik “zu Putin zalea zara” kate ustez logikoa. Gerraren logikarekin kudeatutako pandemiari aurre egiteko borrokan, zentzu osoa dauka ñabardura kritiko guztiak deabrutu eta “gu vs. besteak” dinamiketara makurtzeak; zer esanik ez, Ukrainaren kasuan. Baina, hori onartu behar al dugu “ez gaitezen populistak izan” edo “ez gaitezen erori ukazio hutsean gozamena lortzen dutenen esparrutik” bereizteko, bide batez populistei egozten diegun akats bera errepikatuz?

Azken arrazoibide hori izanik artikuluaren zutabeetako bat, oso ukituak geratzen dira horren harira ekartzen diren gainontzeko kontzeptualizazioak (Campbellen “gurtza inguruak”, Lacanen “adierazle nagusia”, etab.). Baina ur horietan murgildu gabe ere, bada beste zerbait horrekin galtzen dena: “munstro populistengan” fokua modu zabar horretan jarrita, beharrezko liratekeen ñabardurak ezabatu egiten dira eta, marrazten den karikaturan, interesgarriak liratekeen ondorioak ezin dira atera. Asko eta oso inportantean dira krisi hauetan azaleratzen ari diren fenomenoak eta, zenbait kontzeptu sofistikatuen aitzakiaz, dena zirriborratu baino ez da egiten. Nola ausartzen gara mugimendu erreaktibo horiei “kapitalismoaren ordezko alternatiba koherenteak” eraikitzeko ardura eskatzea? Irizpide hori bera erabiltzen al dugu gainontzeko protesta edo aldarrikapen mugimenduekin? Muturrera joanda, garbitzaileak greban jartzen direnean, esaten al dugu ez dutela alternatibarik eskaintzen? (Horixe da Jaurlaritzak sindikatuei behin baino gehiagotan egozten diena: aurkez daitezela hauteskundeetara, haien politika ekonomikoa kritikatzen badute.) Edo “historikoki emanzipazio-nahiak kanalizatzeko misioa izan duten eragile asko apur bat jokoz kanpo geratu izana ere aprobetxatuz –ezkerreko alderdi politikoak, sindikatuak…–” ari direla beste mugimenduak “ez dagokien” esparruak zapaltzen. Ez al dago hor gai potolo bat (ezkerraren jokoz kanpo sistematikoa, alegia) saihesteko modu errazegia? Finean, mugimendu hauen esplikazio nagusia “jarrera histeriko” baten sintoma gisa uler liteke?

  1. Diskurtso histerikoa eta diskurtso akademikoa

Azken galdera horri ematen diodan erantzuna ezezkoa da, Bereziartuak Gabilondoren eta Lacanen eskutik adierazitako arrazoiak oso kontuan hartzekoak iruditzen bazaizkit ere. Histerikoaren “helburua ez baita erantzun bat lortzea (diagnostiko zientifiko edo medikoa), baizik eta adierazle nagusiaren botere politikoa eta jakintza kuestionatzea eta eraistea. Azken batean, histerikoak boterean dagoen adierazle nagusiaren eskumenetik harantzago kokatzen du bere burua”. Ados, baina, esan bezala, zein neurritan esplikatzen edo laburbiltzen ditu horrek ezarritako neurri eta politiken aurreko jarrera kritiko anitzak (birusaren aurkako gerraren kasuan edo Ukrainakoan?). Ez al da hori bera begirada orojakile bat, egoeraren konplexutasuna erabat murrizten duena. Eta Lacanekin gaudenez, zergatik ez jarraitu haren arrazoibidean beste diskurtso mota bat ere kontuan hartuz, “Unibertsitateko diskurtsoa” edo akademikoa bezala izendatzen duena. Zizeken hitzetan, “Unibertsitateko diskurtsoaren agente maltzurrak ukatu egiten du, lehenik eta behin, gertakizunaren existentzia bera. Bere jakintza pretentsioarekin, gertatzen dena, gauzen ohiko kurtsoaren atal gisa azal daitekeenaren baldintzara murriztu nahi du; bestela esanda, ugazabaren diskurtsoak ez bezala –horrek gertaeraren eta haren ondorioen arteko jarraitasuna ziurtatu nahi du– eta diskurtso histerikoak –horrek, berriz, gertaeraren eta haren ondorio sinbolikoen arteko betirako bereizten duen arrakala azpimarratzen du–, diskurtso akademikoak saturatu egiten du gertakizunaren ondorioen eremua, horien aipamenik ere egin gabe. («Zer den maitasuna? Neurona-sareko gertaera batzuen emaitza besterik ez», etab. )”[1]. Ezin hobeto laburtu Bereziartuaren artikulu osoaren tonua eta barne egitura.

Beste modu batean esanda, neuk ere diskurtso histerikoaren alde agertu nahiko nuke, onartu ezin den egiturazko egoera bat inpugnatu nahiko luketenen artean; munstroen artean, alegia. Eta, ondoren, lixeritu ahalko ditugun ñabardura eta kritika guztiak ere onartzen saiatu, jakinda betiere “ez dugula alternatibarik”, alternatiba duten guztiek jarrera suntsitzaileak edo antzuak baino erakusten ez diguten bitartean.

[1]Slavoj Zizek, 2000. The prickly subject.




INPERIO ZAURITUAK

Martha Rosler ‘Cleaning the Drapes’

(ARGIA astekariko blogean 2022ko otsailaren 28an argitaratua)

Gerra lehertu da Ukrainan. Baina hori erdizkako egia baino ez da: Donbassen eta beste eskualde batzuetan, Ukraina gerran zegoen jada errusiar jatorrizko herritarren aurka (2014tik hona, 15.000 hildako, bi milioi erbesteratu inguru, hiriak eta azpiegiturak suntsiturik…). Egungo Ukrainako gobernuaren aliatuek militarki parte hartuko ez zutela jakinda, Errusiako gobernuak taula gainean hordagoa jotzea erabaki du: operazio azkar batean, Kiev eta Ukrainako gainontzeko hiri eta gune estrategikoak hartuko ditu, gobernua eroraraziz –horra Irakeko eredua–, eta potentzia inplikatuak behartuko ditu bere interesen aldeko “bakea” birnegoziatzera. Epe laburrean galerak jaso arren, beraren interes ekonomiko eta estrategikoak indartuta aterako dira epe ertain eta luzean.

Gertaturiko konturik deigarrienetako bat izan da zer-nolako harridura adierazi duten Europako ezkertiarrek operazio horien aurrean. “Errusiako erasoaren mehatxua asmakizun anglo-amerikarra da. Urrats hori pentsaezina da…”. Bonbardaketak hasi ziren unera arte, hori zen iritzi orokorra. Gerra Hotzaren logikari jarraiki, AEBei leporatzen diegu munduan zeharreko operazio ezegonkortzaile oro. Putin ez zaigu batere atsegin, baina ezer gutxi da indar atlantisten aurrean. Ezaguna zaigun Mendebalde inperialean piztiari itzal egingo dion zernahi gure sinpatiak pizteko gai da, baina, aldi berean, ez zaigu burutik ere pasatzen bizitzea posible denik Mendebalde inperial horren erraietatik at…
Inpresioa dut zauritutako inperioen logikak ere ihes egiten digula. Europako Estatu garrantzitsuenak –Espainia, Frantzia, Herbehereak, Alemania, Britainia Handia– inperio zaurituak dira. Kontatzen duen istorioan (azken 500 urteetakoan), handiak izan ziren noizbait, eta munduaren zati esanguratsu bat menderatu zuten. Ondoren, etengabeko dekadentzian murgildu ziren, eta gehiegi erreparatu gabe gainbehera hori zein neurritan den, gaur egun, egiazkoa ala itxurazkoa –lekutan zegok antzinako loria!–, ondo datorkie zauriaren minbera gogoratzea beren sendotasun nazionalak indartzeko. Jakitun, betiere, Estatu oparo gisa bizirauteko ezinbesteko dutela kolonia zaharren arpilatzearekin jarraitzea.
Eta Europako inperio zaurituei munduko beste inperioak gehitu behar –AEB, Errusia, Turkia…–, baita India edo Txina bezalako inperio emergenteak ere. Gainbeheran edo susperraldian egon, inperioek ohiko dute barne- eta kanpo-etsaien aurkako gerrak piztea beren interesak defendatzeko eta barne-tentsioak bideratzeko. Hori hala dela jakiteak ez digu aldenduko, jakina, gerren aurkako oihua plazaratzetik –biktima babesgabeak hunkitzen gaituztenez–, haien logika urratzeko gai ez garela jakitun izanda ere. Beste kontu bat da enegarren uholde mediatikoen menpeko –“Putin maltzurra, Zelenski heroia”– zedarritze orokorrarekin bat egin behar izatea. Kanpaina horien zalaparta eta lanbroen azpitik, ondo dakigu alde kriminalean gaudela kokatuak: komentatzen ditugu frontearen berriak, bai, baina berehala heltzen diegu gatazkaren ondorio ekonomikoei: Errusian kokaturiko euskal enpresak, Alemaniak inportatzen duen gasa, erregaien eta beste lehengaien garestitzea edo burtsako gorabeherek gure negozioetan izango dituzten ondorioak.

Jarrera askatzaileek ez lukete inperio zaurituen logiketan erori behar. Ukrainak Errusiaren aurka erreakzionatzen duenean, logika inperialaren baitatik ari da. Eta horrekin ez diot Errusiarenganako afronturik ez duenik; nahikoa da Kapuscinskiren Imperium errepasatzea, hondamendi haren dimentsioaz jabetzeko. Baina agerikoa da, halaber, Mendebaldeko potentzien txotxongilo bihurtu dela azken urteotan. Egungo munduan herrialde ahulak haien zapaltzaileen aurka estatu-egiturekin armaz altxatzen direnean, deuseztatu egiten dira logika inperialetik kanpo jokatzeko aukerak: nazionalismo inperiala indartzeko erabiliak izango dira, euskal matxinatuen azken hamarkadetako esperientziak erakusten duen moduan. Horregatik, ez dira aski arrazoi borobilak armak hartzeko orduan. Ahulentzat, egun, gerra oro galdutako gerra da, eta, hura abiatzen denean, ageriko zoritxarrez gain, bizirik iraungo dutenen artean zauri sendaezinak zabalduko dira, zenbait belaunalditan.
Bestalde, ba al dugu eskubiderik gerraren desastreen aurrean gure sumindura agertzeko, gure gobernuek armen industria eta trafikoa bultzatzen dutenean, eskrupulurik ez dugunean botere-egitura genozidekin negozioak egiteko, hori guztia gure oparotasuna areagotzeko baldin bada? Europan lehertu delako eta geure interesak ukituak izango direlako hedabideek zenbait astetan dena saturatuko badute ere, ez da aztia izan behar gerra honen gidoi idatzia aurreikusteko. Artean, ez dugu jakin nahi horrelako gerrak milaka milioi gizakiren eguneroko errutinaren parte direla kontinente guztietan. Zailena da, konplize izan nahi ez dugunontzat, fatalismoan eta inpotentzian ez erortzea.




ZAHARREN KONTUOK. Borroka armatuaren balantzeaz eta errelatoen gatazkaz, Emilio Lopez Adan Beltzaren azken ekarpenaren harira, Mikel Antzak ideologiaz emandako lezio magistralari buruzko hitzostearekin.

“Kontzientzia faltsuaren logikak ezin badu bere burua egiazki ezagutu, ikuskizunari buruzko egia kritikoa bilatzeak ere benetako kritika izan behar du. Egin behar du borroka ikuskizunaren etsai amorratuen artean, eta onartu kanpoan geratzea, haientzat lekurik ez dagoen lekuetan. Gaurkotasunaren ikuspegi esklusiboa eta berehalako eraginkortasunaren borondate abstraktua onartzea da pentsamendu nagusiaren legea; pentsamendu hori nagusitzen da erreformismoaren konpromisoetara edo hondakin sasi-iraultzaileekin ekintza bateratuetara jotzen denean. Modu horretan, eldarnioa berreraikitzen da eldarnioa borrokatu nahi duen jarrera berean. Aldiz, ikuskizunetik haratago doan kritikak itxaroten jakin behar du”[1].

(Guy Debord, 1967. “Ideologia gauzatua” Ikuskizunaren jendartea, 220).

Berriki argitaratu da Beltzaren Borroka armatuaren historia Euskadin. 1967-2011 (Maiatz, 2021) obra erraldoia (hiru liburuki, ia hiru mila orrialde). ETAren jarduera amaitu zenetik hamar urte pasa badira ere, haren historiaren arrastoa sakona izaten jarraitzen du, eta, horrelakoetan, (alde bateko) armak isiltzen direnean ere, gertatutakoaren inguruko interpretazioek beren bidea jarraitzen dute, eta jarraituko dute azken lekukoen arrastoa desagertu arte. Orduan, egiak eta gezurrak ondo finkatuak egongo dira, esparru mitikoan batez ere, eta oso aspaldiko kontuei bezala begiratuko diote hurrengoek. Ez al da, bada, dagoeneko hori gertatzen ari, historiak berak daraman azelerazio prozesuarekin batera?

          Hori da nire lehen inpresioa Beltzaren liburukoteak hostokatzerakoan, denbora oso azkar doala, alegia, eta gero eta interes urriagoa dutela 60ko, 70eko eta ondorengo hamarkadetako istorio haiek, ez bada nobelagileentzat edo; baina fikziorako material gisa ere, zaharkitzen ari direla inoiz baino abaila handiagoan. Lopez Adan da hitza hartu duten lehen belaunaldiko ETAkideen artean bizirik dirauen azkenetakoa, eta horregatik haren hitzak badu “azken hitzaren” nolabaiteko kutsua, bera baino hamar, hogei edo hogeita hamar urte gazteago garenak hura entzutera eramaten gaituena. Baina, mundua azken hamarkadetan zenbat aldatu den ikusita, posible da gertatutakoaz hausnartzea aldaketa hori kontuan hartu gabe? Beltzak berak hori egozten dio neurri batean une bateko ETAri:

“Zergatik ez ziren konturatu garaiko buruzagiak? [1989an Aljerian galdutako aukeraz ari da]. Nik uste, talde armatuek beren buruaz egiten duten errepresentazioagatik. Hau da, ikuspegi hori autozentratua da. Taldeak indarrean ikusten du bere burua, izua sortzeko gauza ere bada, noizean behin negoziazio deiak iristen bazaizkie ere, beren eremu sozialaren kontrol handia dute… Marxismoaren eta leninismoaren eragina da”[2].

  1. “ERREPRESENTAZIO AUTOZENTRATUA” ETA KASUISTIKAN OINARRITUTAKO OBJEKTIBOTASUNAREN IDEOLOGIA

Bere buruaz egiten duen errepresentazio autozentratua da, hain justu, nik Beltzaren obrari antzematen diodan lehen muga: berea ez da historia liburu bat, katalogo bat baizik, non kronologikoki jasotzen diren 1968tik aurrerako ETAren adar ezberdinen eta Komando Autonomoen ekintza guztiak, eta haien inguruko ohar, komunikatu eta gainontzekoak. Objektibotasun ahaleginarekin erantzun nahi dio Estatuko indarrek eraiki duten narrazio interesatuari, eta, beste aldeen bertsioak jasoaz, egitateen indarra jarri errelatoaren gatazkan: “Beharrezkoa da interpretazio ideologiko eta politikoetatik atera eta ekintzatan oinarritutako ikerketa egitea…, zer den zer esanez”.

Baina, zerbait kontatzen ari garenean, posible al da interpretazio ideologiko eta politikoetatik ateratzea? Ez al da hori bera posizio ideologiko nabarmena, “ekintzen objektibotasuna” aldarrikatzen duena? Hortik jo du Beltzak artxibozainaren lana hartuta, kasuistikara lerratu du kontakizuna, bertan interpretaziorik ez balego bezala, hori ezinezkoa dela nolabait onartuta ere[3].

2. GERRAZ ETA POLITIKAZ. BIOLENTZIA ETA MENDEKU GOSEA

Garbi utzi nahi digu zeri ari zaion aurre egiten:

“Helburuei begira, nire ustez badira bi kontu borrokatzeko. Lehena, biolentziaren kondena sistematikoa, eta bigarrena, mendeku gosea. Bien kontra borrokatu nahi dut. Estatuak gaur egun erabaki nahi du zer gertatu den, eta aipatzen du egungo sistema aldatzeko biolentzia ez dela haizu. Ondo hedatu du ideia: egoera politikoak aldatzeko biolentzia ez dela inoiz zuzena. Azkenean, estatuaren ondorioa zera da: iraultza egiteko borondatea lotzen bada borroka armatuarekin, hori beti txarra da, printzipioz. Biolentzia ilegitimoa da, beti behar gabeko sufrimendua dakar, eta azkenean, irabaztekotan, beti txarragoa izango da. Hori guztia, ordea, posizio ideologiko bat da, eztabaidagarria eta niretzat faltsua, klase dominanteen eta estatuaren interesak defenditzeko. Ikerketari zer eskatzen diote unibertsitario hauek? Egia gertatuari buruz? Ez. Izenak behar dituzte jendea kondenatzeko eta mendekatzeko”.

Politikaren eta gerraren arteko segidaz ari gara hemen; hain zuzen, orain berrehun urte Clausewitzek ondo teorizatu zuen gaiaz: “beste bitarteko batzuk erabiliz egiten den politika da gerra”[4]. Beraz, etsaiak armak entregatu dituenean ere, beste bitarteko batzuen bidez jarraitzen du gerrak/gatazkak/politikak. Gertatutakoari dagokionez, irabazlearen lehen helburua da bere hegemonia indartzea; bere Estatuaren zilegitasuna bermatzea; gurea bezalako insurgentzia kasuetan, gerra odoltsuak iraun zuen bitartean egin zituen krimenak zuritzea –torturak, hilketak, errepresioa…–, eta berezkoa duen bortxazko zapalkuntza oro naturalizatzea. Mendekua ere hor sartzen da, jakina, baina hori ere modu politikoan kudeatuko da, eta, uneren batean, “eskuzabaltasuna” ere erakutsiko du, aurreko helburu orokorrari interesatzen bazaio[5]. Oso motz geratzen da Beltza esanez “jendea kondenatzeko eta mendekatzeko” helburuarekin ari dela Estatua. Beti dago alde hori, baina zenbat eta argiagoa izan garaipena, orduan eta muturrekoagoa izango da ondorengo kontakizuna, gatazkaren existentzia bera ukatzerainokoa: “psikopata terrorista odolzale hutsak ziren altxatu ziren haiek”.

          Fronteko bestaldetik egiten diren saioen artean kokatu behar da Beltzaren ahalegina, baina ez berea soilik. Inplikatu bakoitzak egiten du berea, eta, gutxi batzuen kasuan, saiatzen gara hori modu koherentean formulatzen eta defendatzen idatzi bidez –edo filmetan, kantuetan etab.–. Bakoitzak bere kokaleku partikularretik egiten du hori: ez da berdin armak hartzea erabaki zutenen inplikazioa eta horri uko egin geniona; ez da berdin atxilotua, torturatua eta urte luzeetako kartzelaldia edo erbestea bizi izan dutenena edo errepresioa modu hain gordinean bizi ez genuenona. Eta gero, informaziorako bideak eta beste maila bateko aparatu eta sareak daude, ez soilik talde armatuak indarrean zeudenekoak. Gauza bera pentsatu behar dugu haien baitan sorturiko hierarkia eta ondorengo egiturez ere (argitalpen edo egunkariak, fundazioak eta beste). Gerran sartzen denak “baliabide guztiak gerraren zerbitzura jarri behar ditu” (Clausewitz), eta hori oso garbi izan dute beti estatuek nahiz gerrillariek eta haien zerbitzura eratutako “tropa zibil” guztiek.

          Beltzaren helburua da irabazleen muturreko kontakizun horri aurre egitea, haren kontakizunean “militanteen duintasun etiko eta iraultzailearen defentsa” azpimarratuz. Modu inozoan amaitzeko:

“Izango bagina egoera normalago batean, nik amnistia antzeko zerbait ikusiko nuke lehen neurri gisa. Amnistia bat bakarrik egin daiteke bake sozialarengatik, gisa honetako zerbait esanez: «Hemen aspaldi ez da biolentzia armaturik, badakigu erreboltatu direnen errepresentazio subjektiboan justiziaren alde egiten zutela, ez dugu inoiz onartuko hori hala zenik –esan dezake estatuak–, baina ikusita Euskal Herrian oraindik jende askok sentitzen duela hori izan dela bere askatasunaren kapitulu bat, amnistia ematen dugu juizio politikorik eman gabe. Bukatu da». Hori gertatuko balitz, ni ziur nago gure artean batzuek egingo luketela beste autokritika maila bat edo gertaera asko argitzeko falta diren informazio bitalak emango lituzketela. Beraz, amnistiaren alde borrokatu behar da eta erreboltaren arrazoi politiko-moralak gogoratu behar dira”.

“Militanteen duintasun etiko eta iraultzailea defenditu nahi dut” Elkarrizketa osoa

3. ZERTAZ HITZ EGIN. HIRU ESTATUAK

Neurri batean, Mikel Albisu Antzari ematen dio horretan arrazoia, baina urrunago eta argiago jotzen du Antzak: «Ez dago egiarik. Egia ez da existitzen. Egia fikzio bezala baino ezin da kontatu». Beste testuinguru batean onargarria izan litekeen baieztapen horrek badu konnotazio argia haren kasuan: “Kontatzen dudana konta litekeena da, kontu pertsonala, eta hor badira elipsi izugarriak beste bizipen eta gertakariei buruz… Egunen batean Euskal Herriko borroka benetan zer izan den baimena/ahalmena izango bagenu harrigarria izango litzateke. Orain ezin da kontatu”[6]. Horrela hitz egiten duenak ez dio urteetan –1993-2004 urteen bitartean– ETAren buruzagitzako agintariaren lekuari uko egin, beste estatu baten ordezkariarenari, alegia. Belaunaldi eta estrategia aldaketa guztiak gorabehera, hori baita esplikatzen ez den funtsezko egitate bat (fikzioetako bat), alegia, hiru estatu izan ditugula hemen lehian: Estatu finkatuak (Espainia eta Frantzia), estatu subordinatu bat (EAJk inork baino hobeto gauzatu duena, bere realpolitik zuhur bezain arrakastatsuarekin) eta, bi horiek borrokatu baina haien antzera eta irudira eraiki nahi zutenena, ETArena[7]. Nork erabakitzen du zer den kontagarria eta zer ez? Aginteak. Diskurtso liberalak bere demokraziaren izenean predikatzen duenaren kontra, aginteak ezin du dena kontatu eta, kontatzen duena, errealitatea deitzen dugun hori, hautu eta interpretazioaren bitartez sortzen ari da. Denok bideratzen dugu kontakizuna gure interesetara; horra fikzioaren egia. Baina nor da Antza, Beltza edo ni neu zer den esangarria eta zer ez besteei seinalatzeko? Ohikoa denez, esaten ez dugun horretan daude egiantzekotasunaren gakoak, eta esaten dugunaren funtzioa hor baino ezin da ulertu –zer aukeratu eta zer ez, eta nola esplikatu.

          Estatuek, beraz, beren posizioak indartzeko egiten dute kontakizuna, eta zenbat eta muturrekoagoa izan lortutako garaitza –edo galtzailearen itsukeria–, orduan eta argiago geratzen da haien garaipena. Alde bakoitzak tratatzen du etsaia terroristatzat, eta bere indarkeria, autodefentsazko ahalegin legitimotzat; eta hori betiko araua izan bada ere, areagotu baino ez da egin 2001etik aurrera gobernu estatubatuarrak “Terrorearen aurkako gerra” aldarrikatu zuenetik, askatasunaren, demokraziaren eta gainontzeko balioen defentsa erretorikoaren propagandapean, noski. Kontua da inperio ahalguztidunaren babesa duen estatu indartsu baten aurka altxatzen bazara, alferrik dela “guk benetako demokrazia, benetako askatasuna lortu nahi dugu” errepikatzea. Eta Beltza, koiuntura ezberdinen azterketa egiterakoan, horraino makurtzen ez bada ere, badu horretatik zerbait:

“1980ko hamarkadan aurrera egin ahala, iritzi publikoaren inflexio bat dago ETAren atentatuekiko: herritarren %50etik gora aurka lehenik, gero %70etik gora aurka…, eta horretan klabe garbiak dira 1985etik aurrera egiten diren ekintzak, eta ez hainbeste Konstituzioan edo Estatutuan zegoen fedea”.

Ados, baina bada zerbait oinarrizkoagoa, funtsezkoagoa: 70eko hamarkadan neurri bateko ekintza armatuek bazuten halako irakurketa “natural” bat: Estatuaren indarkeria begi-bistakoa zen, eta indiskriminatua; aski zen greba ekonomiko bat egiten hastea (Gasteiz…) edo auzo baterako oinarrizko zerbitzuak eskatzen (Otxarkoaga, Errenteria…), errepresio orokor eta bortitza jasateko. Poliziak torturatzen eta akabatzen zituenak borrokalariak ziren, edo jende xehea; inondik ere ez, “deabru terrorista arriskutsuak”. Trantsizioaren operazioa zabarkeria haiekin amaitzeko ere antolatu zen, modu haiek ez zirelako funtzionalak une haietan (“Demokrazia hura auto-kolpe baten ondokoa izan zen, ustelkeriari lotua, kapitalismoren eta frankismoaren iraupenaren berme… Demokrazia hari eta Autonomia Estatutuari ez nien aurreko dena uzteko moduko balorea ematen” dio Beltzak), eta Estatuaren egitura faktikoak ukitu gabe geratu ziren; ez zen beharrezkoa izan. Hura operazio burutsua izan zen, “Espainia Europako gainontzeko demokraziekin parekatuko zuena”. Horren aurrean, ez da nahikoa “arrazoiaren jabe” izatea edo ETA indartsu bat (“benetako gudarostea…”), jendeak modu masiboan jauzi kualitatibo bat ematen ez badu. Bizi-baldintzak hobetzeko eta errepresioaren aurkako erantzunez gain sistema osoa zalantzan jarriko duen kontzientzia, erabakimena eta antolaketa behar dira. Garai hartan, Pannekoek-i irakurritako esaldi bat geratu zitzaidan iltzatuta: “Langileria ez da ahula antolatua ez dagoelako; ez dago antolatuta ahula delako”.

          Ez dugu politikakerian sartu beharrik –erabaki taktiko hura ala bestea egokiagoa izan zela edo ez zela–; arma hotzak eskuetan, politikakerian baino ez ziren murgildu KAS alternatiba eta Altsasuko mahaia eta abar moldatu zutenak. Egoera begi-bistakoa zen fabriketan eta auzoetan ari ginenontzat: jendeak ez zuen “iraultza” batek eskatuko zukeen jauzi kualitatiboa eman nahi. Eta “jendea” diodanean “masa kritiko batez” ari naiz. Gasteizko langileei eskatzen zuten guztia eman zitzaien sarraskiaren biharamunean, eta lanera itzuli ziren. Fini. Gerora, urtez urte, memoriaren inguruko borroka bat egon da bertan, duintasunaren aldekoa; inondik ere ez kapitalismoaren aurkakoa. Are gehiago, hauteskundeetan HB bozkatzen zutenek ez zuten inondik inora ere masa kritiko horren parte izan nahi (esplikatu dut beste nonbait zer gertatu zen Errenterian, Lemoizko zentralaren aurkako borrokak jauzi kualitatiboa eskatzen zuela-eta,  Iberdueroko faktura ordaintzeari uko egin behar izan zitzaionean). Bazegoen sentimendu bat, ETAkideekiko atxikimendu afektibo bat…, apurka-apurka bahitze moduko baten aurreko erresistentzia gotortu bat bilakatzeko bidean zena –torturaren aurkakoa, presoekiko elkartasunezkoa…–, baina baita itsukeria izugarri bat ere, armekiko lilura batek, armek berezko duten ahalduntze fetitxista batek eragindakoa agian, azterketa hotz baterako tarterik uzten ez zuena. “ETA jarraitu borroka armatua!” oihukatzen zenean zentzu militaristan egiten zen. Gerora hain laudatua izan den intsumisoen mugimenduaren parte oldarkorrenak ere, “¡La mili con los milis!” oihukatzen zuen, antzeman gabe nahitaezko soldadutza funtzionala izateari utzi ziola estatuen eraldaketa neoliberalean, ez zela jada errentagarria gazte guztiak kuarteletara biltzea instrukzio militarra jaso zezaten, askoz ere errentagarriagoa zela soldadu profesionalak egitea, mertzenarioak, Estatuaren barne errepresiorako prest eta, behar bazen, Inperioaren morroi bilakatzeko.

          Laburbilduz: esplikazio burutsuetan –edo oso sinpleetan, gure kasuan bezala: “ez digute erabakitzen uzten”, etab.– sartu behar duzunean zeure ekimena justifikatzeko, horrek esan nahi du galdu duzula, eta erretiratzeko ordua heldu dela. Ez zara “arraina uretan bezala, bere herrian mugitzen den gerrillaria”, baizik eta preso atxiki aurretik ere bahituta dagoen estatuen txotxongilo.

4. GALTZAILEEN BERTSIOAK. BIKTIMAK

Nola jokatzen du galtzaileak? Bere porrota behin-behinekoa dela saiatzen da esplikatzen, eta ebidentzia guztien aurka, garaipena heltzear dela sinestarazten bere inguruari. “Porrota onartzea litzateke benetako porrota…”. Baina horrekin bat, gerra deklaratu duen erakunde militarraren baitan dagoen Estatua azaleratuz, irabazlearen ispilu gisa funtzionatzen du. Hortik elikatzen dira biktimismoa, giza eskubideen diskurtsoa eta “egia, justizia eta erreparazioa” bezalako leloak. “Geuk ere asko sufritu dugu” diote alde bateko nahiz besteko biktimek, eta esan nahi da: “gure sufrimenduak duintzen gaitu, bidegabea izan den heinean” (beti Beste zerbait nobleren zerbitzuan izan denez, etsaia baino ez da zentzugabekeria horren azken erantzulea). Zer esanik ez, sufritu duena errugabea izan bada… Beltzak ñabartu egiten du azken auzi hori: “Ba al du zentzurik oraindik askatasunaren alde borrokatzeak? Bai, badu, eta horregatik, biktimatik harago joan behar da”. Eta ondorengo galderari: “Azalduko duzu hildakoen kategoriak zeren arabera egin dituzun?”, haren erantzuna:

“Dudarik gabe gaia korapilatsua da. Talde armatuen ekintzei begira, irizpide nagusia da biktima errepresioan inplikatuta egotea edo ez. Hildakoa inplikatua bada eta borrokan hil bada, horrek badu zentzu bat. Errepresioan inplikatu gabekoei buruz…, batzuek esango lukete «biktima inozenteak». Orduan, besteak biktima errudunak dira? Beti aipatuko digute zenbat jende pobre joan den guardia zibil beste erremediorik ez zuelako, baina behin errepresioan inplikatzen direnean, inplikatuta daude. Beste ikerle batzuek «atentatuaren selektibitatea» ikertzen dute. Niri iruditu zait, etika iraultzaileari eta estrategiari begira, errepresioan inplikatutakoen aurkako ekintzek badutela esanahi berezia borroka askatzailearen logikan eta estrategian; eta aldiz, inplikatu gabeen aurkako ekintzak edo albo-biktimak etengabe eta modu onartu batez gertatzen direnean, horiek bestelako esanahia dute”.

Zer da “bestelako esanahi” hori? Badirudi Beltzak negoziazio mahai tekniko baten parte sentitzen duela bere burua, edo horrelakoren batean parte hartzeko prest agertu diren beste hainbatekin ari dela elkarrizketan, “estatukideekin” nonbait, hiru estatuko agintariren batekin.

1989ko Egineko azala

5. BORROKAREN ZILEGITASUNA ETA HAUTSITAKO MUGAK

Beltzaren diskurtsoak bi zutabe ditu. Lehenengoa baikortasunetik adierazia dago:

“Merezi du askatasunaren alde, «Independentzia eta Iraultza Sozialaren alde» borrokatzea gure borroka armatuetan engaiatu ziren guztiek egin zuten moduan. Biolentzia egiturazkoa denez, aurre egin behar zaio «edozein biolentzia kalterako baino ez da» diskurtsoari, batez ere egiturazko zapalketaren arduradunen eta konplizeen ideologoetatik datorrenean. Hori giza Historia ukatzea bezalakoa da”.

Bigarrenean, ETAren historian barneratzen da haren akatsak seinalatzeko:

“Bonba-autoekin hasi zenean, ETAk garbi utzi zuen bazirela bi helburu, militarrak eta zibilak. Militarretan ez zegoen aldez aurreko jakinarazpenik, helburua etsaiari ahalik eta kalterik handiena egitea zelako. Aldiz, helburua gune zibil batean jartzen bazen –adibidez Hipercorren– abisatu egiten zen, eta hala egitean, erantzukizunaren transferentzia etsaiari egiten zitzaion, «aski zuen supermerkatua hustea», «estatuak ez zuen hustu guri kalte egiteko»… eta gisakoak esanez.Nire ustez, historia osoan, jendea hasierako mentalitatearekin sartzen da ETAn, eta bukaeraraino mantentzen du ikuspegi hori, baina muga batzuk hautsi egiten dira, eta horri erantzuteko diskurtso autozentratu eta ideologiko bat sortzen da. Beraz, lehergailuaz abisatu bai, baina behin eta berriz errepikatzen bada inozenteen heriotza, azkenean horrek esan nahi du onartu egiten duzula horien heriotza, eta orduan hori terrorismoa da, errugabeak sistematikoki hiltzen dituzulako. Etsaiak, gainera, hori balia dezake zu ahultzeko”.

Hor dago etsaiarekiko ispilu jokoetako bat: “terrorismoa” terminoa ere “asmo onez” egindako ekintza bat izendatzeko erabiltzen da. ETA suizidiora eramango zuen azken muga zeharkatzen duenean, 90eko hamarkadan Oldartzen jarrera inposatuz, Beltzak ezker abertzalean ere pentsatzen zena esplikatzen du:

“Testuinguru horretan [Aljeriako elkarrizketen porrota eta 1992ko zuzendaritza osoaren atxiloketaren ondoren] agertu zen Oldartzen jarrera, honako ideia biltzen zuena: nola 1985eko hedadurarekin ez dugun nahiko indar bildu etsaia beldurtzeko, orain gehiago hedatuko dugu gure jarduera esparrua, eta politikarien, kazetarien, intelektualen, zinegotzien… aurka ere egingo dugu. Eta estrategia horretan borroka armatuak are eta gehiago galtzen du. Etsaia definitzen baduzu kolektibo zehatz batean, adibidez polizia torturatzailea, garbia da, jendeak berehala ikusten du hori. Baina etsaia modu ideologiko konplexu batez definitzen baduzu, orduan egin zen bezala, borroka armatuak zentzua galtzen du” [8].

6. MILITARISMOAZ

Baina, funtsean, Oldartzen ponentzia inposatzen bada eta, beste behin, kritikoak baztertuak eta jazarriak badira (traidoreak, txakurrak, likidazionistak…) betiko arrazoi berberagatik da: hor bada kupula militar bat, non “potrodunenek” bere potroen arrazoia –armak– inposatzen duten. Logika militarista hori –gerraren logika, mafiosoa…– ekintza armatuek lehentasuna hartzen duten unetik gertatzen da. Beltzak iskin egiten dio konstatazio horri, “marxismoaren eta leninismoaren eragina da” bezalako azalpenak emanda. Ez, hori ez da marxismoa, ez leninismoa. ETA erakunde marxista izan dela, are gutxiago leninista, ezin du mantendu marxismoaz eta leninismoaz ezer dakien inork (beste kontu bat da zein esparru ideologikotan aldarrikatzen duen nork bere burua); ETA barruan marxista bihurtzen ziren gehienek, eta horrekin leninista, erakundea utzi egiten zuten gehienetan. Eta dinamika militarista horretan, Beltzak badu ardurarik.

Kontakizunaren une honetan,  duintasun eta zintzotasun apur bat gehiago eska dakieke, nire ustez, aspaldiko kontu haietaz beren esplikazioak ematen ari diren azken lekukoei. Beltzaren kasuan, elkarrizketako pasarte bati amaiera ematen dioten hitzetan dago gakoa: “ETA VI.a atzean utzita…”.

1970ean gaude, Burgosko epaiketa militarra, eta frankismoaren aurkako eta epaituen aldeko elkartasun oldarra Euskal Herrietatik askoz harago. Ordurako egina zen VI. Asanblada, eta epaituen artean ere, gehienek onartu zituzten haren erabakiak –komunikatu publikoa eta guzti–. Baina, gertatu ohi bezala, hor bazen talde txiki bat hura onartu ez zuena eta kolpe maisu bat burutu zuena: Bëihl kontsularen bahiketa, Alemaniarekin negoziazioa –Vatikanoa tarteko– eta heriotzara kondenatutakoen indultua. Prozesu hark prestigio mailarik gorenean jarri zituen ETA eta Euskal Herriko erresistentzia. ETAk kapitalizatu zuen garaipen hura, eta, erresistentzia zabal harekin identifikatua izan zen heinean, haren ikur bilakatu. Baina ETA hura ez zen erakundearen gehiengoak erabaki zuen ordezkaria, baizik eta gutxiengo militar batek bere oldarra eta abilezia erabiliz inposatu zuena[9]. Garaipen hark “berme politikoa” behar zuen, eta izan zuen: ordurako ETAko zuzendaritzatik kanpo zeuden Madariaga, Txilardegi, Beltza eta beste hainbatek “likidazionistak” salatu, eta ETA militar hari eman zioten zilegitasuna[10].

          Halako gertakizunak behin eta berriz errepikatu dira ETAren historian zehar, 1966ko IV. asanbladatik Urrutikoetxeak gorpuztu eta 2006an Thierryk zapuztu zuen azken menia arte: 40 urteko historia horren haritik tiraka idatz zitekeen erakundearen historia, bai eta borroka eta erresistentzia mota guztietan engaiatu ziren milaka pertsonena ere[11]. Baina Beltzak hori “atzean uzten du”; zer garrantzia du horrelako txikikeria batek?

7. AUTONOMOAK

Komando Autonomo Antikapitalisten ibilbidea anekdotikoa kontsidera liteke euskal insurgentzia armatuaren bilakaeran; beste lau erakunde armatu indarrean zeuden unean jardun zuten (bi ETAk; Iparretarrak, eta Iraultza, 1981etik aurrera, Autonomoekin batera). Haien lehen ekintza erreibindikatua 1978ko Adegi enpresa gipuzkoarraren egoitzan jarritako lehergailua izan zen; handik sei urtera Enrique Casas senatari sozialistaren hilketarekin eta haren ondorengo Pasaiako segadarekin amaitu ziren komandoak. Beltzaren hitzetan,

“[Autonomoak] desegin ziren bai errepresioagatik, baita ezker abertzalearen etsaigoagatik ere. Baina Europan ere antzeko krisia eman zen borroka armatuaren eta mugimendu sozialen artean, eta ni krisi horretan nengoen: bide berriak behar nituen”.

Guztiz berriak ez baziren ere, urte haietan nabarmendu ziren langile autonomiaren ideiak eta ekinbideak Europako hainbat lekutan, Italian bereziki. 70eko hamarkada osoan, “intentsitate apaleko gerra zibila” bizi izan zuten Italian, zeina Aldo Mororen hilketaren (1978) ondorengo errepresioarekin amaitu baitzen: gau bakarrean poliziak lau mila militante atxilotu zituen Italia osoan, joera eta maila guztietakoak, Brigada Gorrien ekintzarekin lotuz. Nanni Balestrinik eta Primo Moronik 1988an idatzitako L’orda d’oro (“Urrezko horda”) liburuan, hauxe diote:

“77a ez zen 68a bezalakoa izan. 68a kontestatarioa izan zen, 77a erabat alternatiboa. Hori dela eta, bertsio “ofizialak” itxuratu egin du 68a, ontzat eman, eta 77a, txartzat; izan ere, 68a berreskuratua izan zen; 77a, berriz, suntsitua. Hala, 68a ez bezala, 77a ezin izango da inoiz ospakizun errazeko objektu izan”[12].

Hamarkada hura ulertzeko, aski argigarria da orduko militante Oreste Scalzonek berriki emandako elkarrizketa batean adierazitakoa:

Autonomía! liburu bikainean, Marcello Tarik komunismo zikintzat du ordukoa «Marx eta antipsikiatria, Parisko Komuna eta amerikar kontrakultura, dadaismoa eta insurrekzionismoa, obrerismoa eta feminismoa biltzen dituena». Autonomia, gazte mugimendu masiboa izan zen. Arbuiatzen zituen Estatua eta kapitalismoa, eta baita sindikatuak eta ezker parlamentarioa ere. [Lantegi fordisten] Lana eta ordezkapen politiko eta sindikala borrokatzen zuen, eta baita subjektibotasunen banaketa ere. Intentsitate txikiko gerra zibila izan zen, eta esperimentazio politiko, afektibo eta iraultzaileko hamarkada bat”[13].

Gure artean, uste dena baino oihartzun handiagoa izan zuten mugimendu haiek –nahiz eta hemengo historia idatzi dutenentzat, eskuin nahiz ezker, bazterreko eta esangura gabekoak izan–, eta autonomiaren printzipioetan gartu ziren 70eko herri- eta langile-borroka esanguratsuenak: 1976an Gasteizen gorpuztu zena, edo Errenteriako herri mugimendua; 1978an Gipuzkoa osoa geldiarazi zuen metalaren greba edo Bizkaian urte haietan egindako greba nagusiak… Oldar hartan antolatu ziren Komando Autonomoak; alabaina, ETAren itzala luzeegia zen ordurako, eta, funtsezkoena, haiek hasi zirenerako, mugimenduaren gainbehera nabarmena zen hura barrutik bizi genuenontzat.

          Ez nonbait, ordea, Beltza bezalakoentzat, ETAtik ideia libertarioetara mugituz, Hegoaldeko mobilizazioak liluraz begiratzen zutenentzat: “Batzuek pentsatzen zuten –adibidez Komando Autonomokoek– insurrekzioa laster etorriko zela, eta prest egon behar genuela hartan parte hartzeko eta laguntzeko”, dio. Hor dago, nire ustez, gako nagusia: Francoren heriotzarekin eta haren erregimenaren krisiarekin Espainian gauzatu trantsizio operazioan uste izan zela “insurrekzioa” ia egun batetik besterako kontua zela; Independentziaren eta Sozialismoaren bidean ginela. Baina, esan bezala, fabriketan eta herrietan beste zerbait geratu zen agerian: langile jendeak aski xalo eta bare onartuko zuen “normalizazio demokratikoak” eskainitakoa. Krisi ekonomiko larrienean ere, indemnizazioetan ematen ziren diruak-eta onartzen zituzten. Bistan da sindikatu eta alderdi politikoen aparatu berpiztuek horretarako egin behar zen guztia egin zutela, eta Estatuaren indar errepresiboek apurka-apurka ikasi zuten zer eta nola egin behar ziren gauzak egoera berrira egokitzeko. “Estatuaren sparringak izan gara” laburbildu zuen Sarrionandiak 2011n hAUSnART aldizkariari emandako elkarrizketan. Baina horretaz gain, eta hori baino lehen, ETAren ingurukoek gerora ezker abertzale politikoa izenarekin ezagutu dena sortu zuten. Sinpatiez eta “kapital sinbolikoaz” gain, ETAk ez zuen ia presentziarik herri eta langile mugimenduetan −bertatik ateratako disidenteek ez bezala−, eta presentzia handiagoa zuten alderdiak, mugimendu autonomoak tartean, lekuz kanpo geratu ginen egoera berrian, egina genuen eraikuntza osoa birrinduta[14].

          Autonomoen aldetik, mendira jo zutenak gazte suhar gutxi batzuk izan ziren, eta berehala suntsitu zituzten. Baina hori baino garrantzi handiagoa duen kontua da Italiakoarekin liluratuta, boluntarismo hutsez, horrelako zerbait egin nahi izan zutela hemen, baina ulertu gabe hango eta hemengo errealitateek ez zutela zerikusirik. Gainontzekoen artean, denetik egon zen, baina orokorra izan zen azterketarako eta porrotari aurre egiteko gaitasun falta.

Mugimenduetan engaiatuen zeudenen artean, ezker abertzaleak markatu zuen ildoan lerratu ziren asko, erradikalismo antzu batek eramanda: “horiek dira amore eman gabe jarraitzeko gai diren bakarrak”, edo “borroka armatuak baino ez du sistemaren kontraesanak azaleratzeko gaitasunik…”. Zenbait gauza nahasten ziren ezgaitasun hartan: sakrifizioaren goratzarrea –azken finean, erakunde katolikoetan haziak ziren, gehienak–, biolentziaren inguruko ikuspegi inozoa eta taldean nola edo hala jarraitu beharra –hotz eta gorria da bakardadea.

1984ean Autonomoen segada gogoratzeko markak Pasaian

8. USURPAZIO POLITIKOA

Beltzak eta idatzi duten gehienek, ordea, beste bertsio bat ematen dute. Galdera: “Indar aldetik nola zegoen ETA Trantsizio garaian, 1975-1982an?”. Beltza:

“Orduan ETA benetako gudarostea zen, indar itzela zuen, ondo preparatua, ondo armatua, ondo sostengatua eta laguntza handiarekin. Guardia zibilek beldur handia zioten. Hori bai, jadanik Argalaren garaitik, ez zen iraultza egiteko indarra, etsaia ETAk nahi duen negoziaziora eramateko baino. Miliekin batera, 1982an jende askok uste zuen Euskal Herrian gauza ginela zerbait egiteko. Jadanik argi ikusten zen ez zela iraultza egingo, baina negoziazioa sinesgarria zen, ETAk sekulako indarra zuelako. Ni autonomoen hurbil nintzen orduan”.

Apropiazio eta usurpazio hitzak erabili nituen Zazpigarren heriotzan orduko aparatu politiko eta sindikalek egindako operazioa izendatzeko. Ezker abertzalea izan zen usurpazio horren eragile nagusia (baina ez “borondate gaiztoz”; irizpide militaristak, borroken gainbeherak eta politikaren ikuspuntu kontserbadoreak eraginda baizik): Altsasuko mahaia (1977), hurrengo urtean ospatuko ziren Espainiako hauteskundeei begira eratu zen, eta, orokorrean, helburua zen leku bat egitea zabaltzen ari zen mapa politiko-elektoralean… 80ko hamarkadan finkatu zen egoeran, bi helburu nagusira bideratu ziren ahalegin eta indar guztiak: ETA indartzea eta babestea, eta sare instituzionaletan lekua hartzea. Amaiera arte.

Azterketa politiko batetik begiratuta, anekdotikoak dira prozesu horrek bideratuko duen erabateko porrotak eta akitzeak ekarriko zituen gorabeherak, ez balitz horrek guztiak hauspotu zuen etengabeko tragedia eta noraezagatik; ez balitz hainbat belaunaldi berriren errebeldiarako indarren bahiketagatik. Beltzak bezala kasuistikara jotzen badugu, ñabardura asko egin litezke, baina azterketa oso azalean geratuko da epifenomeno bakoitza begiratzerakoan, esaterako, negoziazio ahaleginak, kartzeletako politika edo ETAren osteko Sorturen ibilbidea:

“Sortuk ukatzen du borroka armatuaren balioaz eta militante aktiboen duintasunaz mintzatzeko aukera. Ez du nahi, argi eta garbi. Sozialdemokraziaren bidea hartu du, ideologia seguritarioaren kontrolpean dago eta ez du halakorik egin nahi. Kartzelan direnei begira, adibidez, biktimologiaz gutxiago hitz egin eta egindakoaren zentzuaz gehiago hitz egin beharko litzateke”.

Ados, baina “borroka armatuaren balioan eta militante aktiboen duintasunean” dago gakoa? Sortukoek ez dute hori ukatzen; haiek erantzungo diote oraingo ildoa dela haren balioa eta kartzelan daudenen egoera bideratzeko bide errealista bakarra…[15]. Arazoa da 1978rako ezker abertzaleak hartua zuela sozialdemokraziaren bidea; “sozialdemokrazia armatua”, hori bai, kontu arrunt bitxia sasoi horretarako. Eta tematze horrek ekarri zituela geroko ondorioak. ETA bahitua zegoen politikaren ikuspuntu miopean (Estatuak bahitua ere bai, presoekin egindako politikarekin, besteak beste), eta baita bere inguruko “buru argienak” politikari burgesak baino ez zirelako ere. Ez da kasualitatea abokatuek izan duten funtsezko papera prozesu horretan.

9. INDEPENDENTZIA HELBURU

Ez da nire intentzioa bidean geratu ginen “galtzaileoi” arrazoia ematea, baizik eta funtsezko garrantzia duen konstatazioa azpimarratzea: ETAren historian beti atera dira garaile militaristak, eta, beti, halaber, haien zio absolutua abertzaletasunari lotua egon da. “Independentzia” leloak dena estaltzeko balio izan du. Ez da izan helburu nobleagorik Aberriaren independentziaren alde bizitza ematea baino, burua sakrifizioaren aldarean ipintzea baino, baita ezintasun gordinenean ere, baina hobe besteen buruak, gazte odol berorik beti dagoenez[16]. Beltza ez da Independentziarekin konformatzen, berak Iraultza Soziala ere aipatzen du borroka armatura jauzia eman duten guztien “duintasun etiko eta iraultzailea” aldarrikatzeko. Baina iraultzaile batentzat hitz handi horiek mamiz betetzea da lehen eginbeharra. Zer esan nahi zuen independentzia hitzak XX. mendearen erdi aldera, zer 80ko hamarkadan, zer XXI. mendearen hasieran eta zer esan nahi du egunotan? Gure arteko askorentzat beti gauza bera eta bakarra: Estatu bat eraikitzea; “Estaturik gabe, ezer ez; Estatuarekin zernahi”. Garai batean edo bestean ETAn ibili eta gero asko eta asko estatu-gizon bilakatu izanak zentzu guztia du eskema horretan: “ez da nik gaztetan amestu nuen Estatua, egia, baina hauxe da dagoena, eta hobe zerbait deus baino”, eta, jakina, zerbait hori izan liteke garai hartako gaitz guztien iturri zen Estatu zapaltzailea edo “hainbeste odol eta sakrifizioz” lortu den autonomia edo beste zernahi egitura politiko. Jarrera militarista eta estatu zaleak erabat lotuta egoten dira, eta ahalegin horietan traidoretzat hartzen direnak zentzu banderizoan ulertzen dira, modu oportunistan.

10. DISOZIAZIOA eta STOCKHOLM SINDROMEA

Beti galdetu diot neure buruari nolatan ez den egon inoiz ETAn ibilitako militanteen artean Italian 1982an erabaki zen “disoziaziorik”. Nahiko indarra eta argitasuna behar izan zen une batean “aski da” esateko, eta, kartzeletatik bertatik inongo Estatuarekiko negoziazio perspektibarik gabe, modu honetan formulatu zen: “Estatu terrorismoak salaketara bultzatzen duen damutuen jarrerak, batetik, eta militarismo itsu batek, bestetik, masa-mugimendua suntsitua izan denean, inoizko iraultzaren posibilitatea bera zapuztu baino ez dute egiten. Beraz, bai salatariak, bai aktibismo armatuan jarraitzen tematzen direnak, biak dira gure etsaiak”. Hori aldarrikatu zutenak beren bizitza jartzen zuten arriskuan, heriotzara kondenatzen baitzituzten Brigada Gorriek, “damutuen aurkako” kanpainan.

Galdera horri –“zergatik hemen ez, barruan edo kanpoan gehiengoak garbi izan duenean horretan jarraitzea itsukeria zela”– taxuz erantzuteko, hainbat aldagai hartu behar dira kontuan: batetik, ETAren klase jatorria bera (hirietako burgeskumeak, hasieratik, eta heziketa katoliko sakoneko hainbat nekazari eta langile, gero) eta garaiko altxamendu antikolonialistek Gerra Hotzaren testuinguruan pizten zuten zirrara[17]; bestetik, matxinatu armatuena Europa osoko kontua zen: hemen bezala jende askok jo zuen ekintza eta erakunde armatuetara. Hemen, Espainiako gerrak gurasoengan utzitako zauri guztiak oso bizirik zeuden, eta, nola edo hala, gerra hark betikotu zuen egoeraren aurka altxatu beharra zegoen. Baina zer egin eta, batez ere, nola, izan da beti galdera.

ETAren historian, funtsezkoa da 1952 eta 1968 bitarteko aldia, Ekin gazte erakundea sortu –berehala ETA izena hartuko zuena– eta lehen hildakoak gertatzen diren artekoa. Gazte haien eztabaidetan aktibismo itsuaren aurkako jarrera argia zen nonbait –EAJko zenbait gaztek sustaturiko “ekintza armatuak” arbuiatzen zituzten–, eta ikusmolde “marxistak” gailendu ziren arte, inor ez zen ausartzen lehen urratsa ematera[18]. Urte gutxi batzuetan prezipitatu zen dena: Etxebarrieta-Pardinesen eta Manzanasen hilketak (1968), ondorengo errepresioa, Burgosko epaiketa militarra (1970), Carrero Blancoren aurkako atentatua (1973), Correo kalekoa (1974), 1975eko fusilamenduak… Hildakoak, torturatuak eta presoak hasi ziren pilatzen, eta, Franco hil eta trantsizioa gauzatu zenerako, harekin jarraitu beharreko grina geldiezina bilakatu zen.

Fanonen 1961eko liburua

Ez naiz gehiago tematuko urte haietan gertatu zen aktibista armatuen eta oinarrizko mugimenduen arteko hausturarekin. Beltza, ondorengo “hanka saratzeaz” ari da, maila erabat pertsonalera erakarriz noraeza, mugarri izan ziren hainbat unetan:

“ETAko zuzendaritza berriko jendea [1992ko Artapalo eta Txelisen erorketaren ondorengoa] ez nuen ezagutzen, baina KASekoak bai, eta jende ona zen, haietako asko nire lagunak. Jende horrek lagundu zion ETAri falta zuen eduki soziala kaleko praktikan berriz sartzen. Iraultza soziala birzentratzea nahi zuten horiek, baina, erradikalismoaren bila, estrategia politiko-militar okerrenaren sostengua bilakatu ziren”.

“Estrategia politiko-militarra” eufemismoa da, ekintza militarrek eta haiek sostengatu beharrak eragiten eta behartzen baitzuten gainontzeko guztia, errebeldiarako grina oro “politika antiterroristaren” zapalgailupera behartuz.

Militarrek eragindako dinamika horretan, oso gaizki tratatuak izan ziren hamarkadetan zehar Estatu autonomikoaren sisteman integratu ez ziren hainbat militante, eta nolabaiteko Stockholm sindromeaz jota bizi izan zuten hauek ETA utzi ondoren militatzen jarraitzea −garaiko komisarioen mehatxu, irain eta jazarpen erabatekoan−, ETAren ekinbideak diktatzen zutenen jarrerak onartuz edo nola-ala eramanez –modu kritikoan, baina garbi izanda etsaia bestaldean zegoela.

Asmo onen eta militante zintzoen makina birrintzailea ere izan zen ETA, beste aukera posible gehienak modu bortitzean neutralizatzen zituen dinamikaren arduraduna. “Jende ona zen…” erabakitzen du Beltzak, eta politika horretan nola edo hala ardurak izandakoek diote ezin dela oraindik hitz egin hari buruz, ez bada erresistentzia heroikoaren eta herri hau askapen erabatekora eramango duen bizitza sakrifikatu dutenak laudatzeko[19]. Zertaz hitz egin behar da, orduan? Beltzak kasuistika aukeratu du, onartuz “liburu hau idaztean, zeregin horretan adreiluak jartzen ari ginela, konturatzen nintzen adreilu eta adreilu artean zulo ikaragarriak zirela pareta horietan. Pareta baino zuloa da gehiago liburuan, baina dagoenarekin egin dugu lan”. Besteek gudariei laudoriozko himnoak idatziko dituzte egun handira arte, eta zilarrezko zubiak eraiki, baina ez erretretan ihesi doan etsai bentzutuarentzat, baizik eta norbere buruarentzat eta, errelatoaren gatazkan, beste hainbat zubi sinboliko ere, arroz urez eraikitako Burgosko epaiketa eta armak entregatu zituen ETAren artekoa, esaterako, tarteko guztia ahalik eta modu lanbrotsuenean berdinduz.

Mortala izan da gurean militarismoa eta hark eragindako dinamika sakrifizialaren eta independentismo zaharkitu baten arteko nahasmendua. Italian ez bezala, bortxazko erantzuna ez zen gertatu hemen intsurreziozko mugimendu zabal baten epifenomeno gisa, baizik eta, alderantziz, kolonietako eredua jarraituz lehen, eta “erresistentziako gerra” gero, dena estatuen arteko xake joko odoltsu batera makurtuz. Dinamika hori bultzatu eta bertan ardura handiekin parte hartu dutenek ez dute gaitasunik erakutsi hori guztia politikoki zein katastrofikoa izan den antzemateko. Ez dira gutxi testigantza kritikoak, baina beti dago norberaren jarrera salbatzeko joera bat: “idealismoz eta eskuzabaltasunez gainezka geunden, gero okertu ziren gauzak”; eta gero horri norberak jartzen dio data, norbere “zaldi erorikoa” mugarri bilakatuz. Eta zaldi erorikoa gertatu aurreko baldintzez eta jarrerez aritu beharrean –horiek izan baitziren, izatekotan, gauzak bere onetik atera zituztenak; horiek dira benetan interesgarriak ikasi beharreko lezioak nonbaitetik ateratzekotan–, kasurik onenean moralismoan eta biktimismoan murgiltzen gara: “jar dezagun hemendik aurrera gure esku dagoen guztia gatazkaren ondorioak gainditzeko”, “giza eskubideak ez ziren behar bezala errespetatzen”, “egin dezagun, denon artean, Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren alde”…

Esan dudanarekin irudi lezake Italiako prozesua ematen dudala eredugarritzat. Ez da horrela. Kontuan hartu beharreko lehena da XX. mendeko hango eta hemengo historien artean alde handiak egon zirela, eta han ere aktibismo militaristak eragin kaltegarria izan zuela mugimenduan, haren desegitearen ondorioarekin. Aldo Mororen bahiketak eta heriotzak argi utzi zuten 1978rako tentsioaren estrategia atera zela garaile. Bertako ortodoxia komunistarekin eta sindikalistarekin hautsi ondoren, mugimendu oso zabal eta indartsu batek bilatzen eta gauzatzen zuena –kate-lanari eta, oro har, lan alienatuari uko egitea, taldeko bizi-espazioen okupazioen bitartez eta haien erabilerez komunitate-bizitza garatzea, genero-harremanen eraldaketa sustatzea, merkantzien zuzenean bereganatzea, lan kognitibo eta afektibora jotzea…– militarizazio-espiral batera eramana izan zen, eta horrek ezinezko bihurtu zuen. Emakume feminista askok gerra-egoera hori alde batera uztea erabaki zuten, eta talde autonomoak, berriz, mugimendua militarizatzeko tentsioak endekatuak eta ondorengo errepresio bortitzak azpiratuak, ezinean eta barreiatuak geratu ziren. Hitz gutxitan laburbilduta, ondorioztatu behar dena da oinarrizko mugimenduetan erro eraldatzaile sakonak izanda ere oso amu arriskutsua dela biolentziaren erabilera, eta Estatuak beti erabiliko duela, aitzakia ezin hobea ematen baitio dituen kontrako erresistentzia guztiak deuseztatzeko. Bihotz beroenak ez dira askotan buru argienak, eta armen hautuak gutxitan uzten du atzera itzultzeko aukerarik. Are eta gutxiago azken hamarkadetan gerra eta errepresio estrategiek izan duten bilakaerarekin.

11. ZORRETAN

20-30 urterekin, iragan bat eraiki behar izaten dugu. Iragan hori, maiz, gurasoek haurrideei, agindu bat ezkutatuz, uzten dieten herentzia da: “bete ezazue zuek guk ezin izan genuena”. Herentzia pozoitua, erra itsu batez, ezintasunez eta baita koldarkeriaz edo bekaizkeriaz ere elikatua egon baitaiteke. Gutxi du nolanahi ere eskuzabaltasunetik, gure zorrak besteek kitatu ditzaten exijitzen baitugu, gurasoen aginte lekutik. Zor handiegiak, biziraupena bera ere ito dezaketenak, zorraren politikak egunotan ekonomian edo ekologian dituzten ondorioez jabetzen ari garenean.

50-60 urterekin, eta handik aurrera, hasten oi gara pentsatzen gure ondorengoei utziko diegun herentziaz, eta sumintzen gara haiek ez badute guk uste bezain zorrotz eta zintzo jasotzen, ondare hori biltzea zenbat kosta zaigun jabetu nahi ez, eta bi egunetan xahutu eta alferrik galtzeko prest direla ikusita. Zahar mikaztuen etsia jendarte patrimonialean. Patrimonio gisa begiratzen dugu lurra, paisaia, hizkuntza…, jakinda ere norbere ondasunak defendatzeko elkar akabatzeko prest egoten dela jendea, baita familia barruetan ere.

ETA sortu eta bertan iraun zutenengan zama handia zuten haien aurrekoen porrotek, haien herentzia etsiek. Eta katolizismoak zama horri jartzen zion galgaz libraturik baina, sekularizatze prozesuan, haren sakrifiziorako grina ukitu gabeekin heltzen zioten munduaren injustiziekin behin betikoz amaitzeko zereginari. Behin betikotasun hori izan zen XX. mendearen marka, eta grina hori patu bihurtu zuten Europako gazte asko eta askok, ezkerreko dozenaka talde armatu antolatuz 60-80 hamarkadetako urteetan. Euskaldunok ez ginen salbuespen izan, korronte zabal eta sakon baten parte baizik, gure ñabardurekin. Espainiako gerra bizitu eta gu ginen haur eta gazte haien gurasoen gehiengoek betebehar bat jarri zioten beren buruei: ezagutu zituzten izugarrikeriak ez zitzatela beren seme-alabak ezagutu. Haiena baldintzarik gabeko errendizioa izan zen, baina baita biziraupenerako nolabaiteko jakituria ere: esperientziaz zekiten nola amaitzen zuten injustizien aurkako matxinatuek. Eta hori ez zegokion liskar publikoei soilik, gauza bera gertatzen zen familia barruko gehiegikeriekin; saiatzen ziren hesi bat altxatzen, nola edo hala, hura onartezina zela antzematen zenean ere. Baziren, ordea, horrelakorik inondik inora onartuko ez zutenak; kontzientziatuenak edo ideologizatuenak, gehienetan[20]. “Amaren bularrak ebaki zituen kutxiloaren ertzak / erdibitu egiten du semearen bihotza ere / erdibituriko bihotzetatik sortzen dira dere / sehaskak zapuztuko dituzten hauster txoriak / zapuztu diren sehasketan bizi dira dere / kutxilo zorroztaileak” idatzi zuen 30 urte bete gabeko Bernardo Atxaga batek, iragan bat eraikitze eta forma emate lanean murgildurik[21].

Inpresioa dut Beltzak bezala “militante haien guztien duintasun etiko eta iraultzailea defenditu” behar larriaz ari direnengan, ez dutela leku handirik funtsezko kontsiderazio hauek. Are gutxiago diskurtso “antiterroristari” aurre egin behar zaionean, “derrotatuen aldean” jarri behar batean. Baina ez dira konturatzen malda horretan behera desegiten direla azterketa politiko eta etikorako aukera guztiak. Biolentziaren gaia eta haren erabilera posiblea aztertzerakoan, gutxi balio du jakiteak egiturazko bortxa dela nagusia. Horrek ez du defendagarri bihurtzen haren aurkako edozein ekimen bortitz. Aitzitik, bortxaren monopolioa duenak harreman guztiak blaitzen dituen biolentziaz baliatzen da bere posizioa, zilegitasuna eta interesak indartzeko, probokazioa eta errepresioa logika horretan administratuz. Ez nabil bakezaletasun absolutu bat defenditzen, horrek ohi duen karga ideologikoarekin. Baina edozein ekintza biolento egiteko erabakia hartzen duenak oso fin ibili beharko du bere ahalegina itsua eta kaltegarria bilaka ez dadin. Bistakoa da ez dela ETAren eta gainontzeko gure talde matxinatu armatuen kasua izan. Amu gozoa irentsi, eta, ondoren, damutu egin dira batzuk; gehienek, ordea, beste biderik ez zutela esplikatzen dute. Ulergarria izanda ere, kontuz herentzia pozoitu hori ondorengoei uzteko joko perbertsoekin!

Joan dira desagertzen zaharrenak, baina ibilbide hori azkenekoz egin duten batzuk jabetzen dira zor eta herentzia horretaz. Horrela zioen Mikel Antzak orain gutxiko elkarrizketa batean:

“…Uste dut badaukagula zor bat. Pluralean hitz egiten dudanean ez dut hitz egiten nik parte hartu dudan erakunde horretako kideez, baizik eta gatazka honetan parte hartu dugun belaunaldi ezberdinez, 2011 arte. ETAk borroka armatua uzten duenean esan dezakegu aro berri bat irekitzen dela; horrek ez du esan nahi gatazka armaturik ez dagoenik, Guardia Zibilak armaturik jarraitzen du. Baina alde batek erabakitzen duenean gelditzea, uste dut gatazka horren ondorioak gainditu ez diren neurrian –eta ez dira gainditu, hor daudelako presoak eta biktimen minak, erreparazioa behar dutenak zauriak dauden bitartean–, hor badagoela zor bat, herentzian uzten ari garen zor bat, kitatu behar dena. Belaunaldi berriei, gaur egun 20 urte dituzten gazteei, adibidez, herentzian zor hori uzten ari gatzaizkie eta hori bai ez dugula egin behar, nire ustez… Atzera begiratzen dutenean gainditu den gatazka baten edo gainditzea laguntzen duen literatura bat izatea nahiko nuke. Gauza asko daude kontatzeko, baina ezin dugu; azpidatziekin ere ezin dugu. Gure minak, guk jasandakoak, isilaraziak daude. Baina besteei egindako minak ere ezin ditugu sendatu. Egoera horretan gaude. Ezin dugu guk eragin dugun min hori sendatu edo zailtasun handiak ditugu gu ere minberatuak gaudelako. Nola egiten da mahai baten inguruan jarri eta min horiek guztiak sendatzeko?” Presoak oraindik urrunduak daude; kaltetuak izan direnek, batzuek, Estatuaren aldetik erreparazioa jaso dute, baina ikusten da hori ere ez dela aski. Ez dakit ni naizen pertsonarik egokiena hori egiteko…Badakit oso paternalista dela nire jarrera. Pixka bat nahita egiten dut: belaunaldiak desberdintzea, eta ez da hainbeste adin kontua. Gatazkaren gordinean parte hartu dugunok daukagun ardura eta gatazkan zuzenean parte hartu ez dutenen artean desberdintzeko egiten dut. Gure lagun frantses batek, kartzelan geundela, niretzat oso garrantzitsua den esaldi bat erabiltzen zuen: «Haurrek ez dute gurasoek egin dutenaren errurik»… Nik hori gaur egungo giro politikora aldatzen dut eta iruditzen zait arrisku hori daukagula, hau da, belaunaldi berriak izango direla guk egindakoaren pagaburu, konpontzen ez baldin badugu. Ez dut esaten konponduko dugunik, saiatu egin behar dugula bederen. Ez dugu utzi behar herentzian zor hori. Saiatu behar dugu amaitu gabeko gatazka honetako ondorioak konpontzen. Horrela ikusten dut gaur egun egoera, etorkizunera begirako proposamen oso burutsuak egiten ari garela eta herentzian itoginez betetako etxe bat uzten ari garela, eta belaunaldi berrikoei esaten diegula, «lasai, gelak nahi duzuen bezala atondu eta margotuko dituzue». Nik ez nuke itoginez betetako etxe bat nahi, beste norabait joango nintzateke bizitzera”[22].

Lehenago seinalatu dut zein kokapenetatik egiten den gogoeta hori: zer esan litekeen eta zer ez agintez adieraz dezakeen norbaitenetik, alegia. Baina hor ere bada beste ezaugarri bat, diskurtso hegemoniko ustez onbera guztietan nagusitu dena, “gatazkaren ondorioak konpondu behar dira” diotenak: egia jakin behar da; justizia egin eta erreparazioa gero. Kontuan hartu gabe gatazka ez zela 1968an hasi –ezta 1936an edo 1512an ere–. Nola “konpondu” 1512ko konkistaren ondorioak, edo 1936ko gerrarenak edo dena delakoarenak. Historia data batzuetan finkatze horrek ez garamatza inora, ez bada posizio ideologiko edo politiko jakin batzuk justifikatzera. Gerra sozialak ez du etenik, eta garaipen edo porrot bakoitzetik ikasi beharko dugu, baina ez “konpondu”. Historia eraikuntza bat da, garaileen zilegitasuna indartzeko egiten dena, baina derrotatuak berea idazten saiatzen direnean, gutxirako balio du irabazleen kontrakoa esateak, kontrara jotzeko eginahalean, ispilu jokoan jarraituz. Eta justizia, eta erreparazioa? Bizitza bat diru poltsa batekin erreparatzen da? Ez. Doluak bizi eta zeharkatu egin behar dira, eta irakaspenak ikasten saiatu, lelokeriatan ez galtzeko –“irabazle haiei tokatzen zaie orain galtzaile izatea, eta beti galtzaile izan garenok, izan gaitezen behingoz garaile”.

Oso egokiak iruditu zitzaidan Itxaro Bordak berea duen ironia zorrotzarekin berriki Zorretan izeneko zutabean idatzitakoa:

“Julen Madariaga ETAren sortzaileetatik baten zentzeak hitzaren metxa berriz piztu duela dirudi: zorretan gabiltza beraz, bera eta bere lagunen ekinik gabe ez geundelako orain gauden egoeran, «Tatort» telesaila alemanez ikusten eta Komunikazio Ez Biolentoaren irakaspenak ikasten. Hamalauko gerla bukatzean, gure arbasoei elizak disgusturaino errepikatu zien Frantziarekiko odolaren zorra ordaindurik, aberri txikikoek bazutela de facto aberri handiko kide oso izateko eskubidea. Zordunak zirelako, dena onartu zuten, «erdi atzarrik, erdi lo, erdi hil» Niko Etxartek zioen bezala. Apez aurre-abertzaleek euskara galtzearen errua ere leporatzen zieten, bereziki emaztekier. Aterabiderik ez duen menpekotasun inplizitu baten ikurra da zorra, etxean, herrian eta munduan. Zorra gurean ideologikoa da: kapitala eta interesak batuz, animalekoa bilakatu eta bizitzak eskatu dira horren kitatzeko, sakrifizioak, martirioak, eresiak…, duela gutxi arte ezagutu dugun zordunon parafernalia”[23].

Nire kasuan, ontziak erretzen eta zubiak bonbardatzen pasa nituen 20tik 30eko aro hura –modu inkontzientean askoz ere aurreragotik–, bai eta beste bizimoduak esperimentatzen ere, eta lur desolatu bat aurkitu nuen iraganaz jabetzea tokatu zitzaidanean. Orain, 60ak ongi beteta, jabetzen naiz hura ez zela izan aukerarik okerrena, iragan itogarri eta erigarri batetik egiten bainuen ihes, baina hura aukeren arteko bat baino ez zen. Ez diot “bide duin bakar” gisa inori aginduko.

12. ATZERAPENA

Nola atera kontrako posizio polarretatik, polaritate horiek azalekoak edo antzuak bilakatu direnean? Esaterako, “bortxa ala bide baketsua”; “eskuin liberala ala sozialdemokrazia”; “erreformismo saldua ala iraultzaren aldeko hautu gardena”… Azalekoak diot, baina faltsuak ere esan nezake, azken hamarkada luzeetako historian beren mugak eta bide itsuak erakutsi duten heinean. “Zein da orduan alternatiba?” galdetzen digu formula edo programa batean laburbilduta behar duen horrek –guk geuk, askotan–. Lehen urratsa da onartzea ez dagoela alternatibarik, ez behintzat orain arte pretentsio absolutuekin jorratutako bideak alternatibatzat hartzen baditugu. Ez bagaude prest galderek sortzen duten bertigoari aurre egiteko, ahulegi gaudelako izan liteke, eta lehen urratsa ahuldade hori onartzea litzateke –nekearen, akiduraren edo depresioaren itxura izan ala erdiz erdi amorruz eta ezintasunez osaturiko pozoi emozionalaren kutsadurarena.

          Egoskorrak gara, ordea, eta nahiago izaten dugu gure arrazoietan itota hil, amore ematea baino. Sinetsi dugu “ideologia” dela duintasunaren zutarria, eta ezin dugu horren garesti ordaindu dugun gureari traiziorik egin…, ez bada “konbertsioaren” bidezidorra hartuta. Gurean maiz agertzen den fenomenoa da hori, eromenaren eta hutsune existentzialaren amildegietara iritsi eta suntsiketaren atzaparkadetatik modu desesperatuan libratzeko azken ahalegin gisa[24]. Damua onargarria da, eta baita kulparen sentipen sakona ere –errazegi ukatu dugu sentipen hori sistema zapaltzaile oso baten oinarrian egon delako–, baina halako prozesuak bizi dutenak hasten direnean gainontzeko guztiei “bidea seinalatzen”, erraz pizten da galdera: “Zinez uste baduzu bide okerretan galdu duzula zure bizitzaren onena, nondik sortzen zaizu inori zer egin beharko lukeen agintzeko gibela?”. Apaltasuna ez da izan konbertso handikien bertute nagusia.

          Zorionez, feminismoen oldartzeek, ekologiaren edo antropozenoaren inguruko kontzientziak hauspotutako borrokek, arrazan eta klasismoan oinarritutako bazterkeriaren kontrako sentsibilizazioak eta matxinadek arrakalak zabaltzen dituzte gure “mundu perfektuan”, eta borroka hauek etengabe bereganatuak baldin badira ere sistemaren eta haien aparatuen logikan –eta aparatu horietan sartu behar orain artean ezagutzen ditugun alderdi politiko eta sindikatu instituzionalak–, gero eta autonomia handiagoa erakusten dute, eta ez soilik “mundu perfektuak” gero eta leku urriagoa duelako soberakina den populazioaren gehiengoarentzat. Baita mugimendu horietan guztietan gero eta erresistentzia handiagoa garatu delako haien muinaren usurpazioaren aurrean. Gero eta groteskoagoak bihurtzen dira “kausa komun batean” borroka guztiak bat eginda zuzentzeko beren buruak eskaintzen dituzten gidari mesianikoen deiak.

          Euskaldunoi dagokigunez, sekulako atzerapenarekin gabiltzala onartu behar. Europako “azken matxinatu eta erresistenteen” puzkeriari mozorroa erori zitzaionean, gure biluztasun lotsagarriaz jabetu zen norbait, eta, funtsean, eskuin eta ezker, ahotsa eta indarra duten gehienek bat egiten dute dagoeneko kausa komunean: beren patrimonioen defentsa.

          Atzerapen itzela genuen jada XX. mendeko 60-70eko hamarkadetan –hemen tratatu ditugun eta batzuk zuzenean bizi eta hauspotu genituen mugimenduei dagokienez–, baina, egoera ezagututa, bagenuen zirkunstantzia aringarririk. Ezen ordurako Europan inori ez zitzaion okurritzen Kuban edo Aljerian inspiratutako matxinadarik martxan jartzea. Zenbait euskaldun Ipar Irlandan inspiratu ziren, baina errealitateak erakutsi duen moduan, fundamenturik gabe. Inork ez zuen XXI. menderako jarraipenik izan –80ko hamarkadaren bukaerarako amaituak ziren gehienak–, ezta IRAk ere, gureak izan ezik. “Sozialismo errealaren” gainbeherarekin, lehen, eta NYeko dorre bikiak amiltzen ikusi eta ondorengo “terrorearen aurkako gerraren” aldarrikapenarekin, gero, gurea 2011ra arte jarraitzea eldarnio baten ondorio gisa baino ezin zen sustengatu.

          60-70eko hamarkadetan indar handiz ari ziren zalantzan jartzen guk besarkatzen genituen hainbat dogma, marxismoaren ortodoxietan oinarritutakoak. Pariseko Socialisme ou barbarie 1949an abiatu zen, eta 1967ra arte iraun; Internazional Situazionista 1957koa da, eta Guy Deborden Ikuskizunaren jendartea 1967an argitaratu zen. Sasoi hartakoak dira Pariseko Eskolako pentsalari ezagunenak ere (Foucault, Deleuze, Lacan, Lévi-Strauss, Derrida eta abar), arrasto sakona utzi dutenak eztabaidatzen ditugun hainbat kontutan: marxistak eta marxismoaren kritikorik sakonenak, psikoanalistak eta psikoanalisiaren ipurdiak bistan uzten zituztenak, boterearen arkeologoak “programa askatzailerik” garatu ez zutenak… Eta eztabaida diot, ez dogma eta egia bakarra aurkitu beharreko grina.

Ordukoak dira, halaber, industrializazioaren jitoa antzeman eta ekonomiaz harago –hura baztertu gabe ere– egun indarrean ditugun instituzio nagusien kritika egin zutenak: eskolarena, sistema sanitarioarena, garraioarena, urbanizazio prozesuena, elikadura industriarena… Azterketa eta posizio horiek guztiek eragin handia izan zuten mundu zabalean, baina gure aldetik gehienok inpermeabilizatuta geunden halako “bitxikerietarako”. Garai haietako doxa marxistaren kaperek –oraingoek bezalatsu, baina indar handiagoz– susmo larriz begiratzen zieten mugimendu haiei, baina agerian geratu da zuten funtsa XXI. mendeko krisien aurrean. Politika “arrazoi ekonomikoak” irentsia hiltzen ari bazen ere, politikaren lehentasuna aldarrikatzen genuen guk, eta horrela jarraitzen dute gure “buru argienek”.

“Merkantziaren fetitxismoa” Marxen kontzeptua bazen ere, esoterismo hutsa zen gehienontzat, eta identitatearen inguruko gogoeta guztiek XIX. mendean garatu ziren usteetan oinarritzen jarraitu zuten.

2021eko ekainak 27an BERRIA egunkariak Bikila eta Beltzari artitaratu elkarrizketako argazkia

13. ZAHARREN KONTUAK NORMALTASUNAREN BASAMORTUAN

Lau urte pasa dira, ETAren amaiera zela eta, hitzok idatzi nituenetik: “Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, argi al daukate zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak…?

          Zer dela eta hiru hamarkada luzeko atzerapena? Arrazoi nagusi bat beste anitzen artean: gureak zuen osagai agonikoa. Mundu galdu baten agoniatik zetorren euskal abertzaletasunaren jatorrizko indarra; eta gerra zibilaren derrotak eta ondorengo hamarkadetako diktadurak min hori areagotzea baino ez zuen ekarri. Mundu osoko suhar harekin nahasiz, gure “erresistentzia armatuak” autonomia nahikoa bereganatu zuen hasieratik, errealitateak ematen zituen seinale guztien aurrean itsu jarraitzeko. Beti aurrera zen leloa, azken aldiko erabateko porrota eta suizidioa ekarri zituen egoeraren aurrean amaitu artio. Gure berezitasuna azpimarratu beharraren beharrez, pasa egiten zitzaion joera orokorragoen bazterreko epifenomeno baino ez zela.

          Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik –eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe–, munduko herri baketsuena  izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik, eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. Eta gure esentziak titaniozko ontzi ederretan gordetzera erabakita gaudenez, bizitza merezi ez duten piztien moduan errefusatuko al ditugu geuk?

          Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garenok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: «Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar». Edo «onar ezazue sakrifizio horrek guztiak ez duela ezertarako balio izan». «Autokritika» eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: «Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte».

          Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain «denon inplikazioa» eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako”[25].

14. EGUNGO HONDAMENDIAN

Distantzia eta atzerapen sentsazioa areagotu baino ez da egin 2020ko egoera pandemikoa indarrean denetik. Azelerazio itzela gertatu da zapalketaren dispositiboen eguneratzean, eta baita agerian geratu ere haiei aurre egiten saiatzen garenon noraeza. “Normaltasun kapitalista” zen aurreko egoera, baina krisialdi honek –2008ko “finantza-krisiarekin” lehertu zena– normaltasun hartara itzultzeko irrika baino ez du hauspotu gehiengoengan. Dena bihurtu da zilegi hara eramango gaituen promesaren aitzakian baldin bada, nondik eta gorputzetan muineraino txertatua dugun gaitz ohartezin bezain ubikuoaren ikaraz.

Kapitalismoa posible egiten duten desjabetze eta akumulazio prozesua bere muga materialetara iritsi denean, desjabetze hori geure muin intimoenetan zein oldarrez barneratu den seinalatzen ari zaigu egunotan. Artean, harrapatuta gaude XIX. mendeko erromantikoek irudikatu zituzten amets ilustratuetan: bere garaiko irudimena paradisu sozial, industrial eta moralekin bete zuten. Etika eta politika bereizi nahi izan zituzten, eta hori zientziarekin bildu. Historia etorkizuneko testu gisa irakur zitekeela uste izan zuten, eta biologiaren eta fisikaren kodeetan esplikatu zuten. Nia biderkatzeko eta bereizteko teknologiak sortu zituzten. Transzendentziaren printzipioa ere esperientzia profano bihurtzen saiatu ziren. Liluragarria zen haien egitasmoa, baina ondoren etorri ziren obrei erreparatzen badiegu, urruntzen ari den irudi bat ikusten dugu ispiluan. Harritzen gaitu haien xalotasunak.

          XX. mendeak dena azeleratu zuen, eta denok besarkatu genuen Historiak helburu bat zuen ustea. Ortodoxia guztiak armatu eta gotortu ziren Historiaren beraren amaiera ekarriko zuen Azken Borrokarako: klaserik gabeko Komunismoa ala Merkatu Liberalaren gatazkarik gabeko paradisua. Europako gerren osteko matxinada antiautoritarioen muinean bikoiztasun horren atzean dagoen ilusioarekin amaitzeko ahalegina zegoen, agian, progresoaren mitoarekin behingoz amaitzeko, alegia. Baina azken mendeetan garaitu diren indarrek jarraitzen dute beren teman, eta nahiago hondamendia inertzia guztiak gelditzea baino.

          Produkzioaren eta hipermugikortasunaren oinarri ekonomiko eta estatalek gero eta ageriago jo behar dute gerrara, “salbatu behar duten” jendearen suntsiketa fisikora. Gero eta leku gehiagotan hondoratzen ari da Estatuaren zilegitasuna gizartearen erdigune gisa. Estatuaren zentralitatea galtzeak eta merkatuko metafisikaren garaitzeak dakarkiguna da botereen feudalizazioa eta teknofaxismoaren nahasketa beldurgarria.

          Azken hamarkadetako feminismoak, ekologismoak, indigenismoak edo identitate ezberdinen aldarrikapenak zapalkuntzaren aurpegi anitzen aurreko erreakzio gisa sortu eta hazi baziren ere, ezin esan dagoeneko horretara mugatzen direnik. Horietako bakoitzarengan ordena material eta sinboliko osoa jartzen da, egun, zalantzan; baina dena da ziurgabetasuna etorkizun hurbilari buruz.

          Gorago aipatu dudan 78ko poema hark segida hauxe zuen: “begira ezan begere / oinazearen urek landa hura ere estaltzen dinate / aldare oro erori den erore / belaunaldiak lore beltzez katiatuz / birkatiatuz lore beltzez eta iltzez lore”. Ez zait iruditzen gaurkotasuna galdu duenik.

+++++++++++

HITZOSTEA. Ideologia zer den, Mikel Antzaren lezio magistrala[26]

Askotan erabiltzen da irudia: “arrainak ez daki ura zer den…, ez bada bertatik erauzi eta agonian”. Bere bizitza posible egiten duen medioarekin hain identifikatua egonda, arrainak ez du beste mediorik existitzen denik ere planteatzeko gaitasunik –beharrik–. Uraz kanpoko duen esperientzia bakarra heriotza da. Giza jendeak, aldiz, badu bere medioaz galderak egiteko gaitasuna. Eta galdera horiei erantzunez, hain zuzen, jakin dugu geu ere ebolutiboki itsas kumeak garela; ulertu dugu orain milioika urte itsasoan bizi zen norbaitek lortu zuela bere arnas funtzioa lehorrera egokitzea, eta hortik sortu zirela narrastiak, hegaztiak…, eta baita ugaztunak ere, geure hurbileko aurrekariak. Baina kontakizun hau oso modernoa da. Darwin aurretik –eta baita gerora ere– beste esplikazio batzuk lehenetsi ditugu nor garen azaltzeko: nondik sortuak garen, zein den gure medioa… Esplikazio mitiko zurrunenek –modernoek gure “erlijioekin” lotu ditugunek– aberraziotzat jotzen dute gure eta abereen arteko lotura zuzena, gure eta haien arteko etena nabariegia delako. Nola esplikatu giza kontzientzia, denboraz eta heriotzaz jabearazten gaituena? Nola esplikatu giza sorkuntza guztiak: zibilizazio guztien eraikuntzak, hizkuntzak, artea, eta neurriz kanpoko krudelkeria, etengabe eragiten dugun oinaze gratuitoa… “Ez!”, diote batzuek eta besteek, “ustekeria da pentsatzea arrainak baino askoz gehiago ez garenik”, baina zentzu oso desberdinetan interpretatzen dute auzia. Apenas jabetzen gara, modernoenak ere, geure mediotik aparteko beste aukerez, eta, jabetzen garen heinean, arrainak bezala, heriotzarekin identifikatzen ditugu.

          Salto handiegia bada ere, esan genezake ideologia dela gure ur/medio propioari eman ahal diogun izenetako bat: bere baitan bizirik sentitzen gara; handik at, galduta, hiltzeko arriskuan. Egunero eta etengabe elikatzen dugu kontzientzia hori, handik kanpo desegitearen arrisku bizia sumatzen dugulako. Eromena litzateke, suntsiketa. Eta tentsio hori eramatea gogorregia denez, ukatu egiten dugu, ahaztu bederen, harik eta bizitzaren alde traumatikoak –heriotzak, bortxazko talkak…– kolpatzen gaituen arte. Dolua kolpe horietatik ateratzeko prozesua da; ukaziotik, amorrutik, depresiotik irten, eta berriro errealitatearekin negoziazio batean sartuz, bizitza bizigarri bilakatzeko martxan jarri behar dugun sendabidea.

          Uste dut gerra bat deklaratzen dutenak –bortxaz eta odolez ari naiz, eta gerra horiek izan litezke intimoak nahiz kolektiboak– apenas jabetzen direla zer tamainatako urratsa ematen ari diren, zer-nolako amildegia zeharkatzen. Gerrak berak erakutsiko die hori; erakutsiko die norbaiti bizia kentzea edozein inozentzia posibleren amaiera dela, horrek ez duela bueltarik, odola odolarekin baino ez dela berdintzen. Harrigarriki argigarria da zentzu honetan Kain eta Abelen istorioa; istorio arrunta, bestalde: artzain nomaden eta nekazari sedentarioen arteko ezinikusia islatzen duena; anaien arteko gerra –“gerra guztiak dira gerra zibilak”–, eta abar. Gakoa, baina, Kainen azken erantzun-galderan dago. Kontzientzia ahalguztidunak parrizidioa aurpegiratzen dionean, hauxe botatzen du Kainek: “Anaiaren zaintzaile ote naiz, bada, ni?”[27]. Galdera horretan laburbiltzen da egindakoaren ondorio naturala den maldiziotik ateratzeko eldarnio guztia: “Zer egin duk? Hire anaiaren odola lurretik oihuka ari zaidak. Horregatik, madarikatu egiten hau hik isuritako odola edan duen lurrak. Lurra landuko duk, baina ez dik fruiturik emango; noraezean ibiliko haiz munduan”[28]. Denok gara Kainen oinordeko.

          Baina gerrak amaitzen direla sinistu nahi genuke. Ulises itzultzen dela Ithakara, Troiako sarraskiaren eta Odisearen ondoren. Eta bertan, Penelope zintzoak, Penelope fidelak hartuko duela bere beso artean, gizonaren lekua usurpatu nahi izan zuten guztiak akabatu ondoren. “Aukera daukagu gauzak konpontzeko. Zer prezio ordaindu behar da konponketa horretarako? Norbaitek hitz egin nahiko balu, eta gauzak planteatu…” amaitzen du Antza harro baina, funtsean, etsi batek bere elkarrizketa. Emaztea kartzelan zahartzea, elkarrekin izan duten semea amarik gabe bizitzea latzegia da, inondik ere.

          Ideologia da indarrean dagoen pentsamendu hegemonikoa –botereak ezarri eta egunero azenarioz eta makilaz sostengatzen duena–, guztiok zentzu komuntzat  har dezagun maila guztietan hedatzen den dispositiboa. Ideologiak gure bizitzaren alderdi guztiak blaitzen ditu, egoera intimoenetatik publikoenetara. Egun indarrean dagoena historian garatu den sofistikatuena da, emandakoaz beste ezer ez dela posible behin eta berriz eta modu sotilenetan mailukatzen diguna. “Ez dago alternatibarik” pontifikatu zuen burdinazko damak 80ko hamarkadan, eta “amen” erantzun Toni Blairrek hirugarren bideko laboristen buruak.

Ezin da ideologiatik at iraun. Ideologia ez da pentsamendu kode soila –liberala, kontserbadorea, marxista, patriarkala, feminista, abertzalea, kosmopolita…–. Kode horiek ideologia nagusiaren alde edo kontra erabiltzen diren tresnak dira, mundua ulertzeko lanabes; haien bitartez bilatzen ditugu oinarriak gure posizio pertsonal nahiz sozialei eusteko, baina baita koartadak eta aitzakiak ere, pentsamenduaren eta existentziaren hutsunearen edo zentzugabetasunaren aurrean gure txikitasunetik edo hutsaltasunetik –ezintasunetik, ezjakintasunetik, bekaizkeriatik, harrokeriatik, konplexu nahiz miserietatik– ahalik eta duinen irauteko. Zaila da norberarengan hauspotzen diren mekanismo horiek antzematea, askoz ere errazagoa besteengan –etsaiarengan batez ere– ikusi eta salatzea. Baina, nor da libro zurruntze patetiko horietatik?; nor da gai artaldea utzi, eta bakardadeko bortuetara joanda –ez etxe, ez lur– ekaitz ala zohardiari eusteko?

          Ideologia zenbat eta hobeto landua egon, orduan eta begi-bistakoagoa, zentzuzkoagoa, naturalagoa egiten zaigu. Eta horren adibide argia da Mikel Antza. Berak ezagutzen ditu fikzioaren arauak; badaki zerk “funtzionatzen duen” eta zerk ez narrazioan. Non egin behar den elipsia eta non detaile hunkigarria sartu; nola kudeatu sentimenduak eta sinpatiak irakurleengan. Harenak ez dirudi katixima, pentsamendu patxadatsu eta sakona baizik; ideologiaren sotiltasunak ez du mugarik. Halako kasuetan, alabaina, nahikoa izaten da baieztatzen dena ukatzea eta ukatzen dena baieztatzea, besterik gabe, ideologiaren geruza desegin dadin. Horixe pentsatu dut aipatu elkarrizketan kazetariek aukeratu duten titularra irakurritakoan −“Liburu hau ez da errelatoaren batailarako munizioa”−, nabarmenkeria apur batez honela itzul daitekeena: “Liburu hau ez da errelatoaren batailarako munizioa baizik”. Baina, nola “munizioa”, bakea desiratzen eta aldarrikatzen ari den Antzaren ahoan?

“Idazketa prozesuan asko dago kenduta, editoreari esker. Tonu mikatz, garratz, aldarrikatzaile batetik idatzi nuena rebajatua dago, ez politikotik baizik eta pertsonaletik. Esaldi pare batean oraindik ere gehixeago rebajatuko nuke. Inprentara bidali aurreko azken frogetan, «esaldi honek ez du ezer onik ekarriko eta norbait minduko da» gisakoak pentsatuz kentzen ibili nintzen. Ez nuen hori sortu nahi. Halere, ez dut gorde esan nahi nuenik, hau da idatzi nahi nuen liburua, nahi nuen forman. Baina badago gauza asko esan ezin direnak, eta bai, arroz urez, lerro artean, mezu batzuk ere badaude irakurle desberdinentzat”[29].

Esan bezala, Antzak ezagutzen du ofizioa, eta ohi baino sotilagoa da. Jarrai dezagun aurreko jokoarekin (irakurleak egin dezala iraulketa):

Galdera: “Renato Curciok horrela laburbildu zuen Italiako bere belaunaldiaren ekarpena: «Beharbada dogmatikoegia, baina izugarri eskuzabala». Bere esaldiak Euskal Herrirako balio dizu?”

Antza: “Nik neuk ez dut ezagutu erakunde dogmatikorik”.

Eta hori dio Oldartzen ponentziaren arduradun batek. Arraina eta ura, alegia. Berak uste du “barne hausnarketa egin behar dela, hitz egin behar dela, ez etsaiaren egiari aurre egiteko, gure interes propioz baizik”. Ispilu jokorik ez, beraz:

“Gatazka armatu batetik ateratzen ari gara –beno, parte batek utzi du nahiz eta besteak jarraitzen duen–, eta hori bukatu ahala orain ematen du sartu behar garela errelatoaren batailan, badirudi horretara garamatzatela. Ni pertsonalki horren aurka nago erabat. Egin genezakeen akatsa dela uste dut. Euskal Herrian, gizartean ez dut ikusten errelato bati beste bat kontra-jartzeko beharra. Orain Patria atera da eta guk Anti-Patria egingo dugu; orain atera da telesail bat eta guk komikitxo bat egingo dugu… Guretik eta guretzat idazteko beharra ikusten dut, nik hortik egin dut. Barne hausnarketa egin behar dugu, bai, hitz egin behar dugu, baina ez besteek esaten dutenaren arabera. Idaztean, oso ezberdina izango da jarrera, gezurrean eta manipulazioan oinarritutako kaka zalantzan jartzeko istorio bat eraiki behar badut, eta nik “egia” atera behar badut, ez guri interesatzen zaigulako, baizik eta horri aurre egiteko. Horrek kateatu egiten gaitu berriro ere askatu nahi dugun horretatik. Haientzat idazten jarri behar gara, gaztelaniaz egin behar dugu beraz eta abar… ez dago errelatoaren batailarik, edo nik behintzat ez dut batere interesik horretan”.

Eta fair play apur bat eskatzen digu, Askatasunaren Egun Handira arte. Autokritika eta gorazarrea txanpon beraren aldeak direlakoan:

“Bakoitzak bere bizipenak ditu: Beltza-k bereak ditu, Bikila-k bereak, Gorrindok bereak, baina fair play pixka batekin arituz gero, guztiok jabetu beharko genuke Castellsek dioenaz [«Ez dago askatasunik ETAri buruz hitz egiteko»]. Badagoela komunitate bat, Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin duen jendeak osatua, eta hitza debekatua dutela. Lehen ekintza bat egiteak ondorio juridiko eta penalak zituen; gaur egun hitzarekin ibili behar da kontu handiz. Horrek niri ezerosotasuna sortzen dit. Hau da, zuk esan dezakezu nahi duzuna, baina nik ezin dut esan «hori ez da horrela» edo «nik hau horrela ikusten dut». Zergatik? Ez gaudelako askatasunean”. […]

“Autokritikarena [gorazarre beharrarekin] batera doa. Berriro esango dut, baldintzak baldin baleude hitz egiteko, autokritika horren helburua zein den argituko balitz… beste kontu bat litzateke. Torturatu ninduzula autokritikatu behar zara? Hori baino, nik nahi dut jakin zergatik torturatu ninduzun. Ziur sadikoa zinela, baina horrez gain, zergatik torturatu ninduzun? Hori da helburua, jakin behar duguna. Nik badakit zergatik borrokatu dudan, zergatik egin zituen erakunde horrek egin zituenak, ongi, gaizki… Zuk zergatik borrokatu duzun, hori da azaldu beharko zenigukeena. Zergatik”.

Eta fair play hori zer den zehaztuz, ez dezagun hitz egin norberaren arduraz eta erabakiez (“guztiak erabaki eta ekintza kolektiboak zirenez”), bai ordea kontu pertsonalez:

“Oso liburu pertsonala da. Nik pertsonalki askoz gauza gehiago esan nitzake gure herrian gertatu edo gertatzen diren gaiei buruz, baina ni nor naiz hori esateko? Nik ezin dut hitz egin talde baten izenean, kolektibo baten izenean; niretik bai, baina niretik ere, puntu bateraino, horrek eraginak dituelako, ez juridiko edo penalak, baizik eta pertsonalak jendearekiko harremanetan, minetan eta bizipenetan”.

Antza ideologoak, Antza historiagileak egia jakin nahi duela dio, baina haren diskurtso osoa ondo baino hobeto dakienaren leku batetik egina da. Halere, Beltzaren kasuan bezala, kasuistikara eramaten gaitu hori guztia esplikatzerakoan, ez kritika politiko bat egiteko, baizik eta ulertzeko. “Maila pertsonaletik”, betiere…

“Arjelgo prozesua pasa ostean, garai hartan 10 urte zituzten militante gazteekin hitz egiten genuen [1980an jaioak edo] eta ez zekiten zer zen. Borroka bat bazegoen ordea, azalpenak ematen zituena. Nire kezka hori da, transmisioa –ez politikan jarraitzeko, baizik eta ulertzeko– non gauden, zergatik gauden, zer gertatu den, ez balioesteko edo txalotzeko egina, baizik eta jakiteko zer den gertatu dena. Hemen berriro itzultzen gara lehenagoko kontura: ezin denez hitz egin, ezin denez horretaz argi transmititu, nire kezka da ea ez ote garen isiltzen ari. «Ez zen gertatu behar», diote batzuek, edo «Ni ez nago ados». Ya… baina gertatu zen, beraz, jakin dezagun zer gertatu den eta zergatik. Zerk eraman gaitu egoera honetara? Nire ustez, hori da egin beharreko ariketa. Ulertu egin behar da, ados egon edo ez; hori bigarren mailan dago. Ni liburuan saiatu naiz atal pertsonalera eramaten, nire prozesu pertsonala kontatzen. Nola sartu nintzen erakunde horretan eta abar”.

Bestalde, behin eta berriz zer esan litekeen eta zer ez markatzen duenak oso iritzi bitxia du historiaren une erabakigarriez eta bertan parte hartu zutenen engainamenduaz, “hausnarketa filosofiko edo politiko gisa” erabiltzen baditu ere gogoetok. Eta gerra baten erdian dagoen ideologo eta estratega militar batek planteatzen duen galdera da “Zergatik torturatzen du torturatzaileak?”, edo “Hipotesi bezala jar liteke: torturaren arma erabili ez balute, non geundeke herri bezala?”

“Bertolt Brechtek badu asko erabiltzen den poema bat: «Badira pertsonak borroka egiten dutenak egun batez, eta horiek onak dira. Badira pertsonak borroka egiten dutenak urtebetez, eta horiek oso onak dira. Eta badira pertsonak bizitza guztian zehar egiten dutenak borroka, eta horiek dira ezinbestekoak». Horren aurka nago guztiz. Nik uste dut ezinbestekoak egun batez borroka egiten duten horiek guztiak direla. Egun batez batek, bestean beste batek, eta hurrengoan beste batek… Bestela ezin da azaldu, nola heldu garen hona. Bizitza guztian zehar borroka egiten dutenak oso gutxi dira, eta horiekin ezin da asko egin… Epikaren eremuan uste dut gehiago jo behar dugula horra… inportantea gara denak, eta ez gutxi batzuk”. [jarri ezazu, hemen ere, bai, ez esaten den lekuan eta gutxi batzuk, denak esaten den lekuan, eta alderantziz] […]

…Hausnarketa filosofiko edo politiko gisa darabilt hori. Historia da dena, baina historiak baditu guztiz alda dezaketen bidegurutzeak. Burgosko Auzia horrelakoa izan zen bere osagai guztiekin. Baina bazituen historia guztiz aldatuko zuketen irteera batzuk. Oso desberdina izango zen kasete batean Mario Onaindiaren ahotsa entzun beharrean, espetxetik ihes egin [Botila operazioa] eta Parisen aurpegia emanez prentsaurreko batean ikustea 16 auziperatuak. Historia guztiz izango zen bestelakoa ihesaldi hori aurrera atera izan balitz. Azterketa politikoa eginez, hori zen ekimenetan erabakigarriena”.

FANTASIA LITERARIO BAT

          Literato denez, jite nobelistikoa eman nahi izan dio Antzak errelatoaren gerra (ez) den bere ekarpenari. Eta autofikzioa sasoi onean dagoenez, bere bizitzaren pasarteetan apaindu edo estali nahi izan du bere komisario lana. Familiarekin hasi eta familiarekin amaitu:

Galdera: “Liburuan Marixol Iparragirreren historia ere kontatzen duzu, nola hil zuten orduan bere bikotea zena, nola torturatu zuten bere familia osoa…”

Antza: “Marixol Iparragirre ETAren desagertze agiria irakurri zuten pertsonetako bat da. Liburuari hasiera gurasoekin ematen diot eta amaiera, Marixolekin. Harreman pertsonal bat dudanez, iruditzen zitzaidan bazegoela hor liburuari forma ematen zion zerbait”.

Nire aldetik ere, fantasia literario batez amaitu nahi nuke hitzoste hau, apur bat Bernhard Schlink-en 2008ko Das Wochenende eleberria gogoan[30], hemendik urte batzuetara gerta zitekeen fabulazio batekin: imajina dezagun Antzaren semea eta Txelisena, helduak dagoeneko, Europako edo AEBetako hiri batean elkartzen direla Yoyesen semearekin. Euskal Herritik urruti dira, baina ezin dute gainetik kendu gurasoengandik jasotako zorraren zama, eta haien historia ulertu nahian, gau oso bat igarotzen dute elkarrekin, edo asteburu bat; Odisea idatzi nahiko lukete Telemakoren ikuspuntutik.


[1] « Si la logique de la fausse conscience ne peut se connaître elle-même véridiquement, la recherche de la vérité critique sur le spectacle doit aussi être une critique vraie. Il lui faut lutter pratiquement parmi les ennemis irréconciliables du spectacle, et admettre d’être absente là où ils sont absents. Ce sont les lois de la pensée dominante, le point de vue exclusif de l’actualité, que reconnaît la volonté abstraite de l’efficacité immédiate, quand elle se jette vers les compromissions du réformisme ou de l’action commune de débris pseudo-révolutionnaires. Par là le délire s’est reconstitué dans la position même qui prétend le combattre. Au contraire, la critique qui va au-delà du spectacle doit savoir attendre ».

[2]Xabier Letonak 2021eko martxoaren 28an ARGIAn argitaratutako elkarrizketaz (LARRUN 261) baliatuko naiz besterik adierazten ez dudan guztietan.

[3]Modu honetan esplikatzen du: “Ezin dut ukatu, nik ere baditut nire helburuak, eta emaitza baldintzatuta dago nire historia pertsonalera eta nire ideietara. Nirea ez da Boliko Dorretik egiten den historia, historia inplikatua da. Baina, hori esanda, irakurleari eskaini diot aipatu material guztia, ikuspegi kritikoz jantzia, zer den zer esanez, hark bere irakurketa egiteko gaitasuna izan dezan”.

[4]Clausewitzek arnas handiko enpresa politikotzat zuen gerra, horrek dakarren basakeria odoltsuen jakitun. Horregatik, uste zuen nazio batek baliabide guztiak jarri behar dituela gerraren zerbitzura, gerran sartzea erabakiz gero. Eta uste zuen gerra, behin hasiz gero, ez dela gelditu behar ahalik eta etsaia desarmatu eta akabatu arte: «Gerra, aurkaria gure borondateari men egin diezaion behartzeko egiten den indar-ekintza da».

[5]Argigarria da, zentzu honetan, GALen parte hartu zuen Paulo de Figueiredo mertzenarioaren kontakizuna, Salomé Lamasek Terra de ninguém filmean maisuki jasoa. PSOEren gobernuak kontratatu aurretik, Portugalek Afrikako kolonietan egindako gerran

eta, ondoren, El Salvadorren, CIAk kontratatua, argi uzten du berdin tiro egiten zutela han alde bateko eta besteko soldaduen kontra, nahiz zibilen kontra, hori komeni bazitzaion ordaintzen zuen nagusiari. “Gerra gerra da” dio, “eta norbaitek egin behar du lan zikina”. (Gaztelaniaz, irakur liteke Las guerras secretas de Paulo de Figueiredo, 2018ko Jónatham Moricheren artikulua, eta pelikula filminen).

[6]Xaloa telebistari 2019an emandako elkarrizketa eta 7Kn eginikoa.

[7]Gai honi ez bazaio behar bezala heltzen ezingo da ulertu alde horiek une bakoitzean izan dituzten jarrerak, haien arteko enkontruak, talkak edo elkarrizketak gertatu direnean (Xibertan, Aljerian, Lizarra-Garazin edo Norvegian izandakoak, esaterako). Horregatik dira xalo eta ameskeria “ai! euskaldun guztiak elkartuko bagina!” bezalako aldarri eta hasperenak  (Lizarrako akordioaren oroiminez edo ETAren osteko “denon arteko errelato adostu bat” amestuz), hala nola Estatu baten soberaniaren baldintzapean jartzea edozein morrontza mailatik askatzeko bidea. Barne errepresiorako ez bada, XIX. mendeko Estatu-Nazioaren soberania aspaldian erauzia eta desagertu izan da (eta ez naiz ari EAJak bere europeismoa eta neoliberalismoa justifikatzeko erabiltzen dituen argudioei buruz). “Azken batean, Estatuak identitate-aldarrikapen guztiak onar ditzake (Estatuaren eta terrorismoaren arteko harremanen historia modernoa horren baieztapen adierazgarria da), baita Estatu-identitate berezi bat ere bere baitan. Baina identitate bat aldarrikatu gabe komunitate bat osatzea, non emakume-gizon batzuek kidetasun-harreman konpartitua ezarriko luketen aldez aurretik ordezka daitekeen partekidetasun-baldintzarik gabekoa –kidetasun hori nazionala izan, klasekoa izan, nahiz erlijiosoa ala beste nolanahiko pertenentzia identitarioari atxikiturikoa– onartezina izango da edozein Estaturentzat” (Giorgio Agamben 2016, Glosas marginales a los “Comentarios sobre la sociedad del espectáculo”).

[8] Umekeria da pentsatzea1995ean Herri Batasunak ETArekiko autonomia zuela eztabaida hori modu askean aurrera eramateko; autonomia horren zantzuak antzeman zirenean, berehala etorri zen militarren erantzuna (Gregorio Ordoñezen hilketarekin, PPko zinegotzia Donostian) erabaki zuzena zein zen argi uzteko. Olartzen ponentziaren aurka eta Iratzaren alde zeudenak, erretiratu behar izan zuten, ohi moduan, “likidazionismoaren” salaketapean.

[9] Orduan gauzak nola ziren ulertzeko, ez da anekdotikoa Bëihl Zuberoako bere parrokiaren behe barrutik ihes egin, eta herriko ostatura jo zuenekoa: “Bahitu naute eta telefono bat behar dut” esplikatu omen zuen. Tabernako parrokianoek komandoko bahitzaileen utzikeria konpondu, eta kontsula zegokion zulora berriz eramateko modua egin zuten. Istorio hori sinistu ere ez genuke egingo, baldin eta lekukoen testigantzak sinesgarriak ez balira.

[10] Joxe Iriarte Bikilak, orduko ETAko buruzagiak, hitz gutxitan laburbildu du egoera: “…bi milioi pezeta-edo lortu genituen. Garai hartan indar errepresiboek langile bat hil zuten Granadan, eta guk esan genuen haren familiari diru kopuru bat emango geniola. Horrek lehen istilua ekarri zigun [Juan Jose] Etxaberekin: gure aurkako salaketa egin zuen esanez erresistentziaren diru kopuru bat eman behar geniela espainiarrei. Gure aurka bildu zen nahiko fronte bitxia: Txillardegiren sozialdemokratak, Beltza [Emilio Lopez Adan] anarkista eta etxabetar militaristak. Madariaga ere hor zegoen” (Eman Zesarri Zesarrena : biolentziaren inguruko “errelatoaz” zenbait burutazio liburuaren harira Xabier Letonak Argiarako egindako elkarrizketan).

[11] Esanguratsua da Burgosko epaiketan parte hartu zuen Pedro Ibarra abokatuak bere memoria liburuan osatutako 4.000 inguru bizkaitar erresistenteen zerrenda (izen-abizenak eta ofizioak zehaztuz), «Frankismoaren kontra ez ziren soilki lau katu borrokatu» azpimarratu beharraren beharraz.

[12]Urrezko horda (1968-1977). Olatu iraultzaile eta sortzaile, politiko eta existentzial handia (frantsesezko eta gaztelaniazko bertsioak argitaratu dira).

[13]Italie : Comprendre le soulèvement des années 1970. Oreste Scalzone contre la montre (“Italia: 70etako altxamendua ulertu. Oreste Scalzone erlojuaren aurka”). Aski ezaguna den Erri De Luca idazlearen fikzio lan askotan ere ondo islatzen da garai hura, barrutik ezagutu eta bizi izan baitzuen esperientzia hura.

[14] Ñabardura asko egin litezke horren inguruan, baina, funtsean, mugimenduan zegoen edozeinek onartuko du hori gertatu zela. Batzuk (maoistak bereziki, orduko MCE, ORT, PTE, BR…) hain ziren sektarioak eta egoera irakurtzeko ezgai, ezerezean geratu ziren denbora laburrean (merezi du orduko PSUC-PCEko Pere Portabellak 1977an egindako Informe general dokumentala ikustea, eta bertan, gela batean elkartuta, agertzen diren  MCEko, ORTko eta PTEko buru gorenen diskurtsoak entzutea: “Greba Orokor Iraultzailea” egun batetik bestera deitzekotan ziren. Bestalde, esanguratsua da lan horretan euskaldunez ematen den irudia). Besteak, hain sektarioak ez zirenak eta, neurri batean, buru argiagoak (troskistak, kontsejistak; LCR, OICE…), bazterrean eta indargabetuta geratu ziren. Autonomoak bezala.

[15] Eta hor dago Antxon López Ruiz Kubatiren hautu publikoa, ildo gogorrekoa eta azken urteotan Sorturen preso-ohien bozeramale moduan ibili dena. Gauzak bere testuinguruan jartzeko, argigarria da egunotan irakurtzea Kubatik 1991n kartzelatik idatzitako artikulua “El aspecto humano del militante” izenekoa (Hamar liburukitan ETAren hasieratik 1997arte dokumentatzen duena, Aise eta Txalaparta editorialek argitaratua, Iñaki Egañak eta Luis Nuñezek zuzendutako Euskadi eta askatasuna /  Euskal herria y la libertad, obra erraldoiko 8.ean).

[16] ETAn militatu duten aita-seme zenbait izan badira ere, askoz ere ugariagoak izan dira militanteen artean, baina bereziki abokatu, politikari eta ideologoen artean, beren seme-alabak troparen zeregin zikin eta arriskutsuetatik ondo babestu dituztenak.

[17] 60ko eta 70eko militanteek zituzten irakurketa bakanen artean, bi gailendu ziren: Frantz Fanon-en 1961eko Les Damnés de la Terre, 1961, (gaztelaniaz Los condenados de la tierra) eta Federico Krutwig-en Vasconia delirantea.

[18]Joseba Zulaikaren ETAren hautsa 2006ko liburuan, orduko “ETAren Liburu zuriaz” informazio argigarria ematen da.

[19] “Hiru talde atera ziren VI. Biltzarretik [1970eko abuztua]: batetik gu, gehienak borroka armatuarekin jarraitzeko asmoarekin eta militanteen gehiengoarekin; bestetik, Eskubi eta horiek; eta bestetik, Etxabetarrak, talde txikia baina jende onarekin” dio Joxe Iriarte Bikilak orain gutxiko elkarrizketan. Zer esan nahi da “jende onarekin”? “Bihotz handikoak eta ausartak” zirela; bizitza emateko prest? Finean, balorazio moral eskasetan irristatzeko arrisku handia erakusten dute esaldi horiek: hautu politiko bat egiterakoan zintzoak ala gaiztoak garen baloratu behar al da? Hor zabaltzen zaio atea Stockholm sindromeari, balorazio moral sentimentalek ordezkatzen dutenean azterketa politikoa.

Bikilak, hau irakurrita, zehaztu dit: “Etxabetarren taldeaz jende onarekin katalogatzen dudanean, ez naiz ari arlo moralaz (zintzoak ala gaiztoak) baizik beren aktibista kalitateaz, alegia ekintzak gaitasun handiko jendeaz.. Adibidez, Behil kontsula bahitzeko kapazak. Eustakio Mendizabal zuten buru. Elkarrizketa laburtu egin zen ediziorako eta xehetasun asko kanpoan geratu ziren”. Hori onartuta ere, esanguratsua da kazetariak ez duela ñabardura hau egiteko beharrik sumatzen, eta denok ulertzen dugula –nik bai, behintzat– zentzu moral batean. Ideologiaren pisua.

[20]Ez dut honekin sasi-soziologia edo psikologia merkea egin nahi. Badakit jarrera errendituak kontrakoak pizteko gai direla; badakit ETAn sartutako zenbait gazte familia frankistetatik zetozela, edo inongo kontzientzia politikorik gabekoetatik.

[21]Etiopia, 1978.

[22]Xaloa telebistari 2019an eskainitako elkarrizketa

[23] Argia, 2021eko apirilaren 25a.

[24] ETAren historian ez dira gutxi izan damuaren ordeko konbertsoak. Azken boladan gehien nabarmendu direnen artean ditugu  Txelis eta Mikel Azurmendi –nahiz eta azken honek konbertsioz konbertsio pasa duen bizitza osoa.

[25]Indarkeria eta denbora galdua: ongi etorri normaltasunaren basamortura! Argia, 2017-08-09.

[26]Artikulu hau amaituta nuenean argitaratu du Argia astekariak Mikel Antzari eginiko elkarrizketa, tratatu ditudan gaien inguruan lezio magistraltzat har litekeena.

[27] Genesia 4,9.

[28] Genesia 4, 10-12.

[29] Hau eta gainontzeko aipuak esandako elkarrizketatik jasoak dira. Etzanak, nireak.

[30]Frantsesez urte berean argitaratu zen Le Week-end; gaztelaniaz 2011n El fin de semana. Larriki gaixorik dagoen RAF erakundearen azken presoa askatzen dute, eta bere gaztetako lagunek ongi etorri bat prestatzen diote asteburu oso batez landetxe batean.




QATAR, FUTBOLA ETA OSPITALEAK (Oihartzun nahasgarriz blaituriko basamortu semantikoan haztaka)

(Artikulu hau ARGIA astekariak argitaratu zuen 2021eko apirilaren 21an)

Noiz edo noiz, sukaldean zerbaitetan ari naizen bitartean, Euskadi Irratia pizten dut, goizaldean. Lehengo batean, bi notizia gurutzatu ziren berriemaileen eta tertuliakideen komentarioetan: lehena, The Guardian egunkariak otsailaren 23an argitaratutakoa: «More than 6,500 migrant workers from India, Pakistan, Nepal, Bangladesh and Sri Lanka have died in Qatar since it won the right to host the World Cup 10 years ago». Hamar urtean, 6.500 langiletik gora hil omen dira Qatarren, emigranteak denak, datorren urtean Munduko Futbol Kopa hartuko duten instalazioak eraikitzen. Pare bat hildako egunero. Kontuak ateratzen hasita, txapelketaren azken fasera pasako diren hogeita hamabi taldeetako bakoitzari berrehundik gora hildako tokatuko litzaioke. Zer eta desertuan hiri berri bat, autobideak, aireportuak, estadioak eraikitzeko, FIFAk antolatzen duen Munduko Futbol Kopa egiteko. Haraino ailegatzen den futbolari ospetsu bakoitzeko miseria gorrienean hildako hainbat langile zenbatu beharko litzateke. Aritmetika makabroa, bai. Nor ausartuko da hain gustu txarreko nahasketa hori –futbolaren, emozioaren eta hiltzera kondenaturiko paria horien artekoa– egitera? Negozio erraldoiak, futbolak hauspotzen dituen identitate-sentimendu itzelak, esklabotza, heriotza…

Bigarren notizia, zuzeneko konexio eta guzti, honakoa: «Errealak Errege Kopa eraman die Donostia Ospitaleko langileei. “Kopa hau ere zuena da”, adierazi du Jokin Aperribai lehendakariak, Imanol Alguacil entrenatzailea, Asier Illarramendi kapitaina eta Mikel Oyarzabal finaleko gol-egilea buru dituen Errealeko espedizioa atzean duela». Nire buru maltzurrak bestelako irakurketa eragin dio notiziari: “Gipuzkoako arma-fabrikatzaile batek Ospitaleko ZIUko buruari eta erizain bati Espainiako errege Felipe VI.ak emandako trofeoa eskaini die”. Jakina da Gipuzkoan egiten diren armek trafiko ugaria dutela Arabia Saudi bezalako estatuekin eta Espainiako monarkiak harreman ezin hobea duela hangoekin: Petro-monarkia, futbola, armak, gerrak…

Euskadi Irratiko tertuliakide arrazionalistenak honako gogoeta hau egin zuen nik irratia itzali baino segundo batzuk lehenago: “Hemendik urte batzuetara groteskoa irudituko zaie ordukoei hemen gertatzen ari dena” (Errege Kopa eta ospitaleko langileen lan eskerga nahasteaz ari zen). Baina gehiengoaren sentimenduekin bat egiten dutenei bestelako gogoeta aterako zaie halako nahasmenduak entzunda: “Zergatik ez aprobetxatu une zirraragarri hori ospitaleko zaintzaileen sakrifizioak gure sentimendu nobleenez blaitzeko? Hori eta besterik ez da hor agerian jarritakoa; bazterrak nahasteko gogoa da kontu horiek futbolaren miseriekin, monarkia ustelekin, arma fabrikatzaileekin eta langile esklaboen heriotzekin nahastea”.

Baina kontuok (pandemia, futbola, ospitaleak) aspaldi bere onetik atereak dabiltzala iruditzen zait niri, eta notiziok bata bestearen ondoan entzunda, ezin saihestu halako gogoeta nahasietan murgiltzea. Eta gauzak are gehiago bihurrituz, horra nire buruari piztu zaion galdera: Ez al da posible elkartzea Qatarren bizitza galtzen dutenen eta Ospitalean bere bizitzaren alderik onena sakrifikatzen ari direnen zoria? Ez al da posible elkartzea dagoeneko urte betez luzatu den eta beste zenbat iraungo duen pandemiaren ingurukoak eta Qatarreko adibideak erakusten duen mundu mailako gerra sozial gupidagabea?

Qatarreko langile migranteen kanpalekuko aterpe bat (azpian, kanpamendu handienaren irudia, kartzela bihurtua pandemia sasoian

Beti egon da joera bat unean uneko Jainkoei sakrifiziorako aldareak eraikitzekoa bertan eskaintzeko garaitutako gerrarien odola, edo era guztietako herejeena; baita “dragoia asebeteko duen” birjin edo gazteena ere. Kapitalismoak ere eraiki ditu bere sakrifiziorako aldareak, eta, gogoz edo kontra, erritu makabroak ez du etenik izan behar.

Jende arrazionaloi iruditzen zaigu garai bateko Aldare Sakrifizialak superstizioen eta haien altzoan eraikitako botere maltzurren ondorio zirela. Garai bateko erlijioak eta sineskeriak alde batera utzi eta Zientzian dugu guk fedea eta esperantza –karitatea zen hirugarren bertute teologala, eta geuk zientzia horren erabilera arrazional eta zintzora bideratu nahi genuke garai bateko erruki hura–. Baina, Zientzia deitzen dugun hori ez al da garai bateko Erlijioek guregan zuten lekua hartzen ari? Ez naiz ari zientziak erabiltzen dituen printzipioei buruz, erlijioaz ari naizenean ebanjelioez edo espiritu zintzo eta eskuzabal askok egiten duten hautu pertsonalez ari ez naizen bezala.

“Erlijioaren fenomenoa Jainkoaren heriotzaren ostean” gaiaren inguruan sakon pentsatu dutenen artean dago Peter Sloterdijk filosofoa. Aldatu behar duzu zure bizitza liburuan bost arau azaltzen ditu erlijiotasunaren fenomenoa ezagutzeko. Horietako hirugarrenak dio: “Zerbaiten posibilitatea bere ezinezkotasunean datza”, horixe baino ez baita sineslea, enpirikotasuna alboratu, eta benetan existitzen den ezinezkotasunaren eremuan barneratzen dena. “Artistak ezinezkoarekin duen tratatzeko malgutasuna lortuko du arau honekin saiatzen denak” (Du mußt dein Leben ändern; Suhrkamp 2009. Tu dois changer ta vie!; Maren Sell 2011. Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica; Pre-textos 2012. Aipua, azken itzulpen honen 96.orrialdean). Ez al dira, bada, “Zientziak” eta haien ondorengo teknologiak erlijioaren lekua hartzen ari munduaren alde aberatsenetan? Eta erlijioa diot ez dagoelako “Zientzia” dei litekeen ezer, zientzia asko baizik, edo gehienez ere “metodo zientifikoa” izenda litekeen zerbait. Eta zentzu erlijioso hori hauspotzen duten propagandista eta klerikoek “ezinezkoa den zerbaiten existentzian” sinestera eramaten gaituzte: “Zientziak konponduko ditu gizateriak dituen arazo guztiak. Beti aurkitu dira soluzioak, eta horrela izaten jarraituko du hemendik aurrera ere, obskurantismoan itsu dabilen jendearen erresistentziak gainditu ahala”. Eritasun guztiak eta heriotza bera gaindituko direla agintzen digu erlijio berriak, eta baita bizitza mugatuari loturiko miseria guztiak ere. Gaur ezin bada, bihar; hemen ezin bada, Marten.

Argiago esplikatu du kontu hori beste filosofo europar batek, Giorgio Agambenek, “Zientzia” eta Medikuntza lotuz, pandemia garaiotan idatzi duen Medikuntza erlijio gisa izeneko artikuluan:

“Zientzia gure garaiko erlijio bihurtu dela, gizakiek sinesten duten hori alegia, nabaria da aspalditik […] Zientziak, erlijio orok bezala, forma eta maila desberdinak ezagutzen ditu, eta horien bidez antolatzen du bere egitura: dogmatika sotil eta zorrotz bat eraikitzea, praktikan, oso esparru zabal eta kapilar bati dagokio, eta horrek bat egiten du teknologia deritzonarekin […] Ez da harritzekoa erlijio-gerra berri honetako protagonista zientziaren zati bat izatea, zeinean dogmatika ez den hain zehatza eta alderdi pragmatikoa, berriz, indartsua: medikuntza alegia, zeinaren berehalako helburua gizakien gorputz bizia baita […] Gurtza-praktika hori orain arte, liturgia oro bezala, noizbehinkakoa eta denboran mugatua zen, baina ikusten ari garen ustekabeko fenomenoa iraunkorra eta nonahikoa bihurtu da. Kontua ez da botikak hartzea edo azterketa medikoak edo kirurgia egitea beharrezkoa denean: gizakien bizitza osoak [zaintza medikuen] kultuzko ospakizun etengabea izan behar du une oro”.

Osasun-arazo larri bat dugunean, medikuetara jotzen dugu guztiok, ospitalera beharbada, gehiago pentsatu gabe; eta horiek gabe hilda egongo ginateke asko eta asko. Bestalde, “larrialdi sanitario” bat gertatzen denean, inoiz baino aukera gutxiago dugu osasun kontuez pentsatzeko: erabateko konfiantza eskatzen digute, eta ematen diegu. Geure buruak dakitenen eskuetan jarri eta haien aginduak betetzen ditugu; gainontzeko guztia denbora galtzea eta endredatzeko gogoa da, arduragabekeria ez denean.

Fedea, esperantza…, eta obedientzia. Modu horiek, baina, ez al dira betidanik atxikiak egon erlijioaren gauzatze totalitarioari? Orain ehun urte, gure landa-inguruneko zein bikoteri bururatuko litzaioke elkarrekin bizitzen jarri eta umeak egitea ezkonduta egon gabe, elizatik pasatu gabe alegia? Eta hala eginez gero, zer ondoriorekin? Zer ondorio izango dute gure artean sistema sanitarioak ezartzen dituen protokolo eta betebehar guztiak betetzeko prest egongo ez direnek? Eta orduko klerikoek eta egungo mediku-komisarioek antzeko arrazoi ukaezinak ematen zituzten eta dituzte: “Bizitza salbatzeko Jainkoaren/Zientziaren legeak betetzea besterik ez dago”.

LA REAL SOCIEDAD BRINDA LA COPA DEL REY A LOS SANITARIOS DE DONOSTI 20210409 DONOSTI FOTO JOSE MARI LOPEZ

Ez dut zalantzarik Donostiako futbol taldeari emandako kopa hori emozioz jaso zuten sendagileak eta erizainak pertsona zintzoak eta profesional zorrotzak direla. Uste dut langile horiek beren esku dagoen guztia egiten ari direla gaixorik dagoen jendea lagundu eta haien biziak salbatzeko. Askotan esan dute beren indarren mugetan dabiltzala eta gainezka eginak. Sinesten ditut.

Haiek ere behartuak dira, denok barneratzen gaituen sisteman, beren ekarpen sakrifiziala egitera, Qatarreko langile emigrante esklabotuak bezala, beste maila batean bada ere. Baina, aldi berean, ezin ez ikusiarena egin kopa hori eskaintzen zutenen esku odolez bustiei –arma-fabrikatzailea, Qatar 2022 Munduko Futbol Kopa…–, eta, antzezpen horretako norbanakoen sentimenduez landa, beharbada, zilegi da pentsatzea gure sistema sanitarioa eta giza suntsiketarako eta gerrarako industriak txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla.

Hirugarren filosofo kutun baten gogoetarekin ilustratu nahiko nuke aurreko baieztapena. Ivan Illich pentsalariak medikuntzaz eta beste hainbat instituzioz ikerketa sakona egin zuen XX. mende amaieran. Bere bizitzaren azken denboran “sentimentalismo epistemikoaz” aritu zen. “Oihartzun nahasiz betetako basamortu semantikoa” omen da sentimentalismo hori. Bertan murgilduta, “prestigiozko fetitxeren bat” behar dugu, segurtasun-estaldura edo -abaro gisa erabili ahal izateko. Osasuna izan liteke gurean fetitxe hori. Haren izenean, “pandemiaren aurkako gerraz” ari gara modu obsesiboan, eta “immunizazio-kanpaina orokorra” helburu duen azken batailan murgilduta gaude. Estalki horren pean, agintariek neurrigabekeria teknologikokoari edo kontrol sozialeko proiektuei babesa eman diezaiegun lortzen dute. Illichek sentimentalismo epistemiko deitu zion horri, ezagutzatik eraikitako objektuak bereganatzen dituelako, haiek naturalizatu, “fetitxe ospetsu” bihurtuz. Hilabeteotan, bizitzak babestu eta salbatu behar ditugu eta, horren izenean, sistema sanitarioa goratu, eta agintariek sanidade horren alde hartutako neurriak eztabaidaezin bihurtu dira. Maila horretako helburu nobleek sentimendu-uholde bati zabaltzen diote atea, hau guztia noiz edo noiz bukatuko den esperoan, “osasun kontuak” eta gainontzeko guztia modu estankoan bereiziz. Immunizazio orokorra ekarriko omen duen txertaketa-kanpainaren barruan gaude egunotan: “Zure txertoak babesten nau, nire txertoak babesten zaitu” afixez bete dira bazterrak. Eta Eusko Jaurlaritzaren mezu argiez: “Helburua da pixkanaka herritar guztiengana iristea, baina dosi nahikorik ez dagoenez, gure txandaren zain egon behar dugu, eta elkartasuna adierazi ahulenen edo infektatzeko arrisku handiena dutenen aurrean”. Txertoaren inguruan gertatzen ari den guztia estaltzen du sentimendu horrek, zer esanik ez pandemiaren kudeaketaren eta sistema sanitarioaren inguruko edozein galdera edo eztabaida. Nor ez dago, bada, besteez kezkaturik? Nork ukatuko dio eskua zaurgarrienari? Galdera horietatik edaten du sentimentalismo epistemikoak. Ondorioz, errealitate fantasmal bat “humanitarioa” edo errukizkoa bihurtzen dugu, eta gertatzen ari diren beste gauza guztiak erabat ezkutatzen.

Arriskuaren kontzientzia areagotuz eta Bizitzaren eta Osasunaren izenean, jendartea kontrolatu eta bideratzeko martxan dira esperimentu masiboak; giza harremanetarako, lanerako eta heziketarako, telematika lehenetsi; kontrol poliziala areagotu… Diskriminazioan, gerran eta ahulenen lapurretan oinarritutako sistema bati arnasa ematen zaio, eta gizarte-bizitzaren oinarri gisa arriskuaren kontzientzia indartu… Horiek dira, besteak beste, bizi dugun egoeraren ezaugarriak.

Nire ustea da “dagoenarekin” konformatzen ez garenoi, gero eta ur arre eta nahasiago hauetan murgiltzea eta kontuok bereizten eta neurrian erlazionatzen ahalegintzea eskatzen zaigula.




Pandemian gogoeta. 4. HIRU AGERTOKIAK

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran

PANDEMIAREN AGERTOKIAK

Pandemia heldu artean, “osasunaren aldeko” eta “gaixotasunaren aurkako” gerran, ia egunero heltzen zitzaizkigun frontetik berriak, onak gehienetan: botika berri baten onarpena, minbiziaren aurkako terapia berritzailea… Osasun (ia) perfektu baten aldekoa zen gure Ebanjelio Berria: gaixotasunaren eta izurri guztien amaiera iragartzen zuen bizitza eternal beti gazte baterantz ginderamatzan kohetea.

Baina larrialdiak tupustean aldatu du pertzepzio hura, eta barea zirudiena, enbatak jotako itsaso zakarra bihurtu zaigu. Osasunbidean geundenok, Patogenian murgildu gara modu Pandemikoan. Pato hori gaixotasuna da, baina baita pathos ere, patua. Gen, sortzea da. Patogenia: gaixotasuna sortzeko gaitasuna, baina baita destino bat sortzekoa ere. Pandemia: Pan (osoa) eta demos (herria): “Guztioi dagokiguna”, beraz.

Gerra aipatu dut, agintarien hizkuntzari men eginez, eta gerra guztietan, egia, lehen gorpua. Ez dugu ur handietako murgilketa honetatik onik ateratzeko pretentsiorik, beraz. Hiru agertokiz arituko gara: bat, krisi sanitarioa; bi, pandemiaren iturria; eta hiru, lurrikara ekonomiko-produktiboa. Bigarren atalean, prozesu honek azaleratu dituen zenbait eztabaida eta lerratze komentatuko ditugu. Jakinda ere berehalako erantzun edo erabakirik pertsonalena, eta gogoetarik “abstraktuena”, uste ohi dugun baino korapilo estuago batez daudela lotuak. Osasunaren analogiari jarraiki, diagnostiko baten ondoren, pronostiko eta tratamendu politikoez arituko gara.

1. Sistema sanitarioa

Egunerokoak ahaztera bultza bagaitzake ere, hau ez da “osasun krisi bat” izaten ari, baizik eta sistema sanitarioaren krisia. Alarma guztiak piztu ziren, ez gaixotzen eta hiltzen ginelako, baizik eta ospitaleak eta gainontzeko azpiegituren kolapsoa aurreikusten eta gertatzen hasi zelako. Pandemia batek eragindako sistema sanitarioaren krisi bat bizi dugu, beraz.

Egoera horri aurre egiteko, bi diskurtso zabaldu ziren sistemaren barnetik. Onarpen zabalenekoak, ia bat-batekoak, “osasuna” eta “sistema sanitarioa” gauza bera eta bakarra bezala tratatzen ditu, eta dio: “Eraso bat dugu: birus berri batena; horren aurkako babesa, sistema sanitarioa. Erasoa gaindituko da txertoa, ailegatzen denean. Bitartean ondo ezagutzen ditugun neurri pandemikoak zorrozki bete behar dira”.

Baina medikuen artean ere, hori erabat ukatu gabe –birusarena, pandemiarena– eztabaidak sortu ziren horri aurre egiteko neurrien inguruan. Laburbilduz: “Birusak heriotzaren azken eragile modura funtzionatzen du, baina ezin da sostengatu heriotzaren ‘arrazoi’ gisa”. Beraz, eta kontuan hartuta konfinamenduak berarekin dakarzkidan ondorio kaltegarriak –baita jende askoren osasunean ere–, zalantzazkoak dira hartutako neurriak. Ñabardura hori laburbiltzeko, har genezake Europan bertan beste politika bat jarraitu duen herrialdea: Suedia. Nazioarteko Ekonomia Politikorako Europako Zentroko zuzendariaren hitzetan: “Entzierroaren teoriaren eraginkortasuna ez da frogatu eta, beraz, ez da Suedia masa-esperimentu bat egiten ari dena. Gainerako guztiak dira horretan ari direnak”.


Egungo eta 1918ko sanitarioen argazki bana

 

Baina neurriak, hauek ala besteak, sekulako presiopean hartuak izan dira, eta abiarazi duten makinariak ez zuen ñabarduretako tarterik uzten. Iruñeko ZIUko sendagile baten hitzek laburbildu lezake egoera: “Gaixotasun oso larri baten aurrean gaude. Kasurik okerrenean, gertatutakoaz ohartzen ez bagara, litekeena da hurrengo urteetan etorriko denaren aurrerapena izatea: patogeno gero eta kutsagarriagoak eta hilgarriagoak. Edozein gorabehera epidemiologikoren aurrean bizkor jarduteko prestatu behar dugu, eta horretarako, gure produkzio- eta bizi-modua aldatu. Osasun publiko sendoa, babes zibil egokia, jendearen beharren zerbitzurako industria farmazeutikoa eta ordezkatzen duten gizartea errespetatuko duten lidergoak behar ditugu. Hori guztia gabe, egoera oso iluna da”. Baina aurretik, ohartarazten zuen: “Ospitaleekiko mendekotasuna erabatekoa da, eta konfiantza falta handia elkar zaintzeko dugun gaitasunean”.

2. Epidemiaren jatorria

Tamaina honetako krisi eta mobilizazioek tupustean gertatu denaren inpresioa sortzen dute; ekaitza lehertzen denean bezala. “Inork aurreikusi ezin zezakeen gaitzak” jo gaitu, diote agintariek. Badakigu, halere, kontuok iragarriak zeudela eta haien arrazoiak –gerra biologikoak eta geopolitika aparte utzita– erraz ulertzeko moduko jatorri bat dutela: adiera bakarrean, “hondamendi ekologikoa” eta, zehatzago esanda, abeltzaintzaren eta elikagai-ekoizpen osoaren industrializazio intentsiboa, azken 5-6 hamarkadetan mundu mailako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bide bakar gisa inposatu dena. Ez gara jabetu, nonbait, hondamendia neurri esponentzialetara pasa dela. Eraginak eta kalteak ez doazela batzen, biderkatzen eta potentziatzen baizik.

 

“Gaur egungo epidemiaren azpian dagoen birusa, bere 2003ko aurrekoa bezala, bai eta hegazti-gripea eta haren aurreko zerri-gripea ere, ekonomiaren eta epidemiologiaren arteko loturan sortu zen… Gaixotasun berriak gizakiengana zabaltzea transferentzia zoonotiko deritzonaren ondorioa da ia beti, hots, infekzio horiek animaliengandik gizakiengana salto egiten dutela esateko modu teknikoa. Espezie batetik besterako jauzia ukipenaren hurbiltasunak eta erregulartasunak baldintzatzen dute, eta horrek guztiak sortzen du gaixotasunak eboluzionatu behar duen ingurunea. Gizakien eta animalien arteko interfaze hori aldatzen denean, gaixotasun horien eboluzio-baldintzak ere aldatzen dira. “Lau labeen” atzean [Txinako lau ingurune infekziosoenak, Wuhan da horietako bat], beraz, munduko industria-zentroei eusten dien labe funtsezkoago bat dago: nekazaritzaren presio ebolutiboaren eltzea eta urbanizazio kapitalista. Honek guztiak gero eta suntsigarriagoak diren izurriteak sortzen diren ingurune ideala eraldatu egiten du, jauzi zoonotikoak egitera bultzatzen du, eta, orduan, giza populazioaren bidez modu oldarkorrean jaurtitzen dira. Horrez gain, ekonomiaren bazterretan gertatzen diren prozesu biziak ere badaude, non tokiko ekosistematan gero eta zabalagoak diren nekazaritza politikek, gero eta jende gehiago andui basati gehiagorekin kontaktuan jartzera bultzatzen duten. Koronabirusik berrienak, jatorri basatian eta munduko ekonomiaren nukleo oso industrializatuan zeharreko bat-bateko hedapenean, gure izurrite politiko-ekonomikoen aro berriaren bi dimentsioak erakusten ditu”.

Baina ez dezagula pentsa kontu hauek eztanda egin dutenik Txinako bilakaeragatik. Ondo ezagunak dira XVIII. mende amaieratik: Londresko behitegi erraldoietan lehenbizi, eta Afrika hego-ekialdean gero, antzeko izurriak zabaldu ziren. Pandemia haien aurkako borroketan oinarritzen dira egunotan erabiltzen diren neurriak: abere-jatorriak suntsitu, jendea isolatu, higiene neurriak aplikatu eta, asmatzen direnean, txertoak. Azken hauen apologistek, gerora, gaixotasunen desagertzearen arrazoi bakartzat jotzen dituzte.

Bilakaera bat suertatu da lehen industrializazioko izurrite haietatik XXI. mendetakora, eta horrela laburbiltzen du aipaturiko artikuluak: “XVIII. mendeko azienda ingelesen epidemiak, argi eta garbi kapitalista zen azienda izurrite baten lehen kasua izan ziren, eta Afrikan 1890eko hamarkadako behi izurritearen agerraldia inperialismoaren holokausto epidemiologikorik handiena [Afrika hegoaldeko ganaduaren %80-90 desagerrarazi zuena eta sekulako hondamendia, gosetea, eta abar]. Gerora “gripe espainiarra” etorri zen, [Lehen Mundu Gerraren mobilizazioak hedatua 1917tik aurrera eta 50 milioi pertsonarekin akabatu zuena], proletalgoaren baitan hedatu zen lehen kapitalismoaren izurrite global gisa uler litekeena”.

Bilakaera esponentzial baten ondorioz, mugara iritsi gara azken hamarkadotan: “Bizitza salbaia” desagertua da ia, eta gero eta presio handiagoa jasaten duten azken inguruneetan, lehenago isolatuta zeuden birus-anduiek azkarrago eta bortitzago zeharkatzen dituzte desagertzear zeuden mugak. Ailegatzen direnean bizi baldintza oso eskasetan bizi diren milioika biztanleen inguruetara –elikaduran, higienean, lan- eta etxe-baldintzetan, osasun zerbitzuetan, kontaminazioan…– lehergailu kontrolaezina bihurtzen dira. Gehitu horri egungo interkonexio globala, eta bertan dugu egungo eta datorren munduko errealitate gordina.

3. Ekonomia, produkzioa

Pandemiarekin batera eztanda egin duen krisi ekonomikoaz, haren albo-kalte bati buruz bezala ari gara ia: berarekin etorriko den desazkundeaz, atzeraldiaz, langabeziaz… 1918ko pandemiaren inguruko egoerarekin alderatuz, txikiagoak izango badira ere eragindako hildakoak, ondorengo krisi ekonomikoa askoz ere larriagoa izango da: “Azken lau hamarkadetan garatu den sistema ekonomiko globala 1918koa baino askoz ahulagoa, da, nahiz eta orduan Europa suntsituta egon Gerra Handiaren ondoren”, zioen Guy Standing ekonomialariak joan den martxoaren 17an. Eta hilabete geroago Édouard Philippek, Frantziako lehen ministroak, honako hau: “Osasun larrialdiaz gain, ekonomiaren krisi izugarria eragingo du, munduaren historian, sekula ez da gertatu halako geldialdi masibo eta orokorrik orain arte”. Beste era batera, horrela dio Mario Lazzaratok: “Kapitalismoa ez zen inoiz atera 2007/2008ko krisialditik. Birus hau kapitalisten, bankarien eta politikarien ilusioan txertatu da [eta populazio osora zabaldu], eta dena lehen bezala izan dadin lortzeko, protesta-mugimenduek eragin ezin izan zuten greba orokor, sozial eta planetarioa aldarrikatu dute haiek. Bere funtzionamenduaren blokeo osoak erakusten du, mugimendu iraultzailerik ezean, kapitalismoa inplosionatu egin daitekeela, eta haren usteltzea mundu guztia kutsatzen ari dela. Horrek ez du kapitalismoaren amaiera esan nahi, baizik eta haren agonia luzea, nekagarria, mingarria eta basatia izan litekeela

Azken krisi sanitariora itzuliz, eta Lazzaratok dioen moduan, “azken 50 urteetako errentak biltzeko mekanismoak belauniko jarri du osasun-sistema, eta ahuldu egin du osasun-larrialdiei aurre egiteko haren gaitasuna. Osasun-arretako gastuetan egindako murrizketez gain (37 milioi dolar azken hamar urteotan Italian, esaterako), medikuen eta osasun-langileen kontrataziorik ezak, ospitaleen etengabeko itxierak eta produktibitatea handitzeko gainerako jardueren kontzentrazioak, ‘New Public Management’-eko dogmari jarraitzen dio; ‘zero ohe, zero stock’ kriminala besterik ez dute aplikatu. Asmoa da ospitalea industriaren ‘just in time’ (behar den une berean) fluxuen logikaren arabera antolatzea: ez da ohe bakarra hutsik geratu behar, hori galera ekonomikoa baita. Kudeaketa hori ondasunei aplikatzea –langileak aipatu gabe!– gatazkatsua izan zen, baina gaixoengana zabaltzea erotzeko modukoa da. ‘Zero stocka’ ekipamendu medikoei ere badagokie; eta sendagaiei, maskarei eta abarrei, industriak duen egoera berean baitaude, eta, beraz, ez dute arnasgailurik stockean, eta horiek ekoitzi behar dituzte behar dituztenean. Denak egon behar du ‘just in time’ (behar den unean); hori da lege sakratua. Krisi honen erdian, inork ez du orain arteko monopolioak ukituko diren seinalerik adierazi… Jasaten ari garen kapitalismoa, formula batean jartzeko, goi-teknologiako XIX. mendeko kapitalismoa da, darwinismo sozialaren funtsa duena –garaiko klase-borroka heroikorik gabe!–, ‘Kapitalismo Digitala, Ezagutzaren Kapitalismoa’ baino gehiago. Zientziak eta teknologiak ez dute etekin-makinaren izaera zehazten, klase-desberdintasunak sortzea eta erreproduzitzea errazteko baino ez dute funtzionatzen!”.

Atal asko ditu egoera honek, baina garbi edukitzea merezi duena, haren barne logika da, aspalditik datorrena eta aspaldian irauteko sekulako ahaleginean ari dena: orain arteko krisi larrietan bezala, sistema osoa amildegiaren ertzean jartzen dute kolapso gero eta indartsuagoek, baina, azken batean, sakrifizio masiboen bidez gainditzen dira, merkatua/biztanleria soilduz eta aurrerapen teknologikoen erabilera zapaltzailea areagotuz. Azkenik, praktika mediko modernoak baliatzen dira hori guztia sendotzeko.

ERREFERENTZIAZKO ITURRIAK:

José R. Loayssa: Confinamiento total: un golpe brutal e injustificado.

Chuang kolektiboa: Social Contagion. Microbiological Class War in China.

Contagio social: guerra de clases microbiológica en China.

Guy Standing: Coronavirus, Economic Crisis and Basic Income.

Mario Lazzarato: ¡Es el capitalismo, estúpido!




Pandemian gogoeta, 3. KONFINAMENDUA: ALBO-ONDORIOAK

Badira hiru aste konfinamenduan gaudela –bost aste, Italian; hamaika, Wuhanen–, eta gero eta gehiago gara sumatzen dugunok esperientzia partekatu honek –ez ordea esperientzia komuna, baliabide eta ahal oso desberdinekin bizi baitu bakoitzak– garai baten mugarria markatuko duela. Zera esan nahi dut: pandemian –“denok kaltetuta”– gaudenez, eta 20 eta 40 urte bitartekoen arteko gehienentzat lehen esperientzia traumatikoa orokortua hauxe izaten ari denez, lehenaldiaren eta ondorengoaren arteko marra bat markatuko du. Gazte horiek bereziki sumatuko dute haustura: tupustean, sasoi berri bat datorkigu non joko-arau inplizituak aldatuko diren, aliantzak eta “gizarte-kontratuak” lausotu,  itxuraz sendoak ziren konplizitateak hautsi, eta beste berri batzuk sortu; zimur ezabaezinak eta ondoren datozenentzat interpretatzen zailak izango diren imintzioak utziko diete.

Untitled 1975-80 Francesca Woodman 1958-1981 ARTIST ROOMS Acquired jointly with the National Galleries of Scotland through The d’Offay Donation with assistance from the National Heritage Memorial Fund and the Art Fund 2008 http://www.tate.org.uk/art/work/AR00358

Belaunaldi bakoitzak bizi izan du halako pasarterik. Lehen ere asko izan dira bazterrera jaurtiak, gaztetako ilusioak eta idealak errealitatearen galbahetik pasarazita. Eta onik iraun dutenentzat, ukaezina izan da naufragio baten ondorengo sentsazioa, galera konponezinak utzi dituena. Gerra izan zen nire gurasoentzat, eta frankismoaren amaierako urteak nire adinekoentzat; bortxa politikoaren eta horren aurkako errepresioaren atzaparkada ere hor egon da; heroinaren pandemia ondoren…

Gerra Hotzaren amaiera ere heldu zen –zer izan zen hura Berlin Ekialdeko biztanleentzat, txetxenoentzat, Jugoslavia ohiko biztanleentzat…?–; XXI. mendearen sarrera gero: New Yorkeko, Madrilgo, Pariseko eta Londreseko atentatuak; Afganistango, Irakeko, Siriako eta beste hainbat lurraldetako suntsiketak… Erreboltak eta protestaldiak izan ziren, eta berrogei urteren bueltan daudenen artean, askok aldarrikatzen dute haietako bat edo beste, haien “gertakaria” balitz bezala –ezin “maiatzarik” gabe etsi–. Litekeena da hala izatea, baina susmoa dut haientzat gehienentzat ere benetako gertakizuna egunotan tokatzen ari zaigun pandemia izaten ari dela, loria eskasekoa.

Konfinamenduan geldialdi bat gertatzen da: “ekonomia hibernazioan sartu da” diote titularrek. Baina, egia esan, espazioa da benetan kizkurtzen dena, kartzelaldian bezala, behartutako soldaduskan eta antzekoetan bezala. Halako itxialdiek lehenaren eta ondorengoaren arteko muga markatzen dute haietara bortxatuak izan direnentzat, eta konplizitate bat sortzeko gai dira, aldi berean, elkarbanaturiko marka gisa. Denbora gelditzen omen, baina benetan txikitzen dena espazioa da, eta, horren eraginez, denbora da askotan desesperatuki zabaltzen zaiguna. Horra gakoa: eguneroko bizitzatik ateratzen gaituen denbora hedatuaren bizipena. Funtsezko esperientzia da hori monjeentzat, edo meditazio-bakarraldi intentsiboetara erretiratzen direnentzat, esaterako. Halakoetan, kanpo-estimuluak modu bortitzean murrizten dira, ez da hitz egiten, ikus-entzunezko konexioak mozten dira, diziplina zurrun bati jarraitzen zaio ezin aspergarriago egiten diren ordu amaiezinetan: zertarako eta jezarrita egonik “ezerezari” jarri behar zaion arreta zaintzeko, harresi baten kontra jotzen duen ahalegin mingarrian, non gogoa eta gorputza asaldatzen diren begi-bistako bidegabekeriaren aurrean. Jakina, erritmo horretara egokitu egoki gintezke, eta errutina berri bihurtu –kartzelako edo komentuko errutina dorpea, kalekoa baino are alienatzaileagoa–, eta, hala, diziplina horiek dakartzaten distortsio edo eraldaketa potentzialak azkar neutralizatzen dira.

Ezin badugu konfinamendua bizi, “tokatu zaigun tigrea zamalkatuz”, esperientzia oso mingarria gerta dakiguke. Dagoeneko hasi gara antsietate-krisiez hitz egiten, datorren depresio-pandemiaz, elkarbizitza behartuak dakarren maskaren erortzeaz…; zauri ezabaezinak utziko dituzten aferez. Kontsulta psikiatrikoak kolapsatu egingo dira, psikologoak gainezka ibiliko dira, drogen kontsumoak gailurra joko du… Indarkeria matxisten erasoen kopurua gutxitu dela esaten duten arren, presioa igotzen ari da orduak pasa ahala, eta eztanda egin dezake noiznahi. Eta hori herrialde aberatsetan. Zer arrasto utziko du hilotzak kaleetan abandonatzen diren lekuetan? Zer lorratz, polizia edo armada, lapurretak saihesteko, tirokatzen hasten denean goseak jotako jendea, gizarte-gerra esplizitua izango den lekuetan, setio-egoera deklarazioekin? –Armen salmenta disparatu da AEBetan; Durartek garbi utzi du: “tirokatu konfinamendua errespetatzen ez duen jendea!”.

Kasurik onenean ere, irrealtasun-sentsazio batek harrapatuko gaitu. Agintariek konfinamendua lasaitzen dutenean –modu probisionalean betiere, inork ezin baitu segurtatu pandemiak beste erasorik joko ez duenik–, lur errea zapaltzen dugula irudituko zaigu. Zonbien antzera aterako gara kalera, eskularruak eta maskarak erabiltzera behartuak, agian, eta esperientzia konfesaezinak bagenitu bezala begiratuko diogu elkarri –inongo esperientziarik ez dugulako izan, apika; zorabiatze hutsal eta mikatz bat, besterik ez.

Aste hauetako berririk kezkagarrienetakoa, niretzat, Eitb Focus inkestaren emaitzak izan dira, konfinamenduaren lehen astean argitaratutakoak.  Ohikoa denez, jendeari galdetzen zitzaion nola bizi zuten egoera eta zer kezka zituzten etorkizunera begira. Eta horra asaldatu ninduen datua: birusak kutsatzeko beldur handiena gazteena zen; haien artean, % 93 oso izututa zegoen kutsatzearekin, beste edozein adin-tartetakoak baino gehiago, gazteak ez direla kalteberenak jakinda ere. Ez zeuden hain kezkatuta etorkizunarekin edo ondorio ekonomikoekin, baizik eta birusaren balizko erasoagatik  zeuden larrituen –esan beharrik ez da inkesta hauek ez direla ikusezinak diren horiengana zuzentzen: paperik gabeko edo modu oso prekarioan bizi diren inmigranteengana, esaterako–. Bere bizitzan lehen aldiz modu orokorrean aukeratu gabeko entzierroa pairatzen zuen jendea oso beldurtua zen “etsai ikusezin” baten aurrean –eta konfinamenduaren lehen astea besterik ez zen–. Galdera saihestezina egin zitzaidan: “Jendarte hori –ez bakarrik gazteak– prest egongo ote litzateke hainbat askatasun eskubideri uko egiteko, baldin eta hori balitz mehatxu birikoari aurre egiteko ordaindu beharreko prezioa –bizi-aldagaien estatu-kontrola; mugimenduena, kontaktuena, etab.– Txinakoari edo Korea Hegoaldeko ereduei jarraiki, hein batean?”. Erantzunak ez dit zalantzarik uzten, eta, horregatik, agintariak ari dira dagoeneko lege-doikuntzak egiten –datuak babesteko legeak gorabehera–segurtasunaren izenean kontrol sozial gero eta gogorragoa ezarri nahiz. “Datuak dira kapital berria” entzuna genuen, eta datuak bildu eta kontrolatzeko erraldoiek –Google, Facebook, Microsoft eta enparauek– aspaldi lortu zuten kotizazioen gailurra. Paradoxa makabroa da Bill Gates pandemia duela bost urte iragarri zuen profeta gisa errebindikatua izatea egunotan. Esana du gobernuek ez zutela ezer egin oraingoa aurreikusteko; eta txertoa ikertzeko fundazio pribatu handiena sortu zuen. Esan beharrik ez dago erraldoi farmazialari nagusiek dohaintzak egin dizkietela ziztu bizian Gates-en “fundazio altruistei”. Ez da zaila istorio honen guztiaren hurrengo kapituluak asmatzea.

Zorabiaturik utzi gaitu errealitate pandemiko honen kolpeak. Intelektual, elizgizon edo politikarien adierazpen errukitsuak gorabehera, ezerk ez digu pentsarazten kolpe horretatik indartuago eta solidarioago aterako garenik. Zorabio horrek jarraituko gaitu, eta oihaneko legerik gupidagabeenaren bulkada ilunenak. Salbuespenak egongo dira, nola ez. Komunitate-ekimen txikiak saretuko dira, lehen bizi-premia gisa indartuz; proban jarria izan den adiskidetasuna sendotuko da, batzuengan. Lubaki eta fronte zaharrak desegin eta lotune berriak sortuko dira. Gazte askoren heldutasunerako pasabidea saihestezina bilakatuko da.

(Argazkiak, Francesca Woodmanenak dira)




Pandemian gogoeta, 2. YUVAL HARARIREN ARRAZOIAK

(Artikulu hau ARGIAn argitaratu zen 2020ko apirilaren 6ean)

Paradigmatikoa da Yuval Hoah Harariren kasua. Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburua argitaratu zuenetik (2011n hebreeraz, eta, 2014tik aurrera, munduko hainbat hizkuntzatan –45 guztira, euskaraz barne, X. Kintanaren eta A. Sagarnaren itzulpenean, Elkar 2019–), munduan ez da beste historialaririk hark lortu duen bezainbesteko arrakastarik lortu duenik. Nola saldu 15 miloi ale ia 500 orrialdeko saiakera batekin? Bada, Best seller-en gakoak dibulgazio zientifikora aplikatuz: oztoporik gabeko kontakizun txinpartatsua, ñabardurarik gabeko pertsonaien eta egoeren deskribapen aratza –ongiaren eta gaizkiaren esparruak argiro zedarrituz– eta, ororen gainetik, gure belarriak goxatzeko moduko mezua baliatuta: Arazoak izan ditugu 200.000 urteetan zehar, baina argira goaz. Inoiz baino hobeto bizi gara, oro har, eta oraindik ditugun arazotxoentzako sendagarriak eskura ditugu. Denbora kontua da teknikaren garapenak horien guztien soluzioak bidera ditzan. Amestutako Zerua gure Lurrean gauzatuko da berehala –pentsa zer diren urte batzuk ehunka milaka urteren perspektiban ari garenean.

Gustura emango genioke arrazoia Harariri, baina Errealitatea tematia da –Errealaz ari gara hemen, zehatzago–, eta beste zerbait erakusten digu[1].

Sapiens ideia interesgarriz betea dago, eta haien artean bada bat, nire irudiko nagusia, “iraultza kognitiboarena”: “Alegiazko munduak sortzeko giza gaitasunak” ahalbidetu zuen biologiarekiko autonomiarena, eta, harekin batera, gainerako espezieen gainetik jartzeko eta zibilizazioak sortzeko atea zabaldu zen. Beste hainbat gai jorratzen ditu tartean, zalantzazko argudio pila eta, batez ere, ñabardura falta nagusi, betiere lehen aipaturiko posizio ideologikora heldu bidean. Eta ideologikoa diot, zeren zientziaren izenean garatzen baitira egun ideologia nagusiak: narrazioei eta ideiei metodologia eta kutsu zientifikoa ematen zaie, objektibotasunaren izenean betiere.

Ez naiz hemen sartuko liburuaren –eta gerora osatu trilogiaren– zalantzazko hainbat baieztapenenetan edo hutsuneetan, ez eta erabiltako datuak aurretik ezarri diren ondorioetara bideratzeko egiten diren amarruetan –nork ez du, bestalde, hori egiten? Mendebaldeko agintari eta ahaltsu askoren kontseilari bihurtua da dagoeneko Harari (B. Gates, M. Zuckerberg, B. Obama, A. Merkel edo E. Macron, besteak beste), eta koronabirusaren krisia lehertu denean ere, kontsultatua izan da. Egunkari bati berriki eskaini dion elkarrizketa batera joko dut zuzenean (El País, 2020ko martxoak 20), haren iritziekin eztabaidan.

Elkarrizketan, arrazoi osoz salatzen du: “Azken urteetan hainbat politikari arduragabek zientziarenganako eta nazioarteko kooperazioarenganako konfiantza zapuztu dute, eta orain hori ari gara ordaintzen. Ez dago jende heldurik bertan”. Azken esaldi horrek jo dit lehenik, gero eta maizago erabiltzen ditugun azalpen psikologikoetarako joera horrek: “Ume heldugabez beteta ditugu agintarien lekuak; tximino pistoladunak dira militarrak…”. Eta agintari horiek “arduragabeak” edo “heldugabeak” izan beharrean, guztiz kontzienteak eta arduratsuak baldin balira beren erabakietan, defendatzen dituzten interesen zerbitzuan? Ez al da ohikoa, bada, sarraskirako prest dagoen jendea egotea aginte leku nagusietan, etsaiak aukeratu eta haiek suntsitzeko gerran?

Hararik, ondoren, Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko bost puntuko programa laburbiltzen du: (1) “Informazio fidagarria elkar banatzea”, (2) “Funtsezko material medikoaren ekoizpena, hornidura eta banaketa modu bidezkoan koordinatzea”, (3) “Kaltetu gutxien dituzten herrialdeek medikuak, erizainak eta adituak bideratzea kaltetuenetara”, (4) “Mundu mailako ziurtasun ekonomikorako sarea sortzea, lurralde eta sektorerik kaltetuenak salbatzeko”, (5) “Mundu mailako akordio bat hitzartzea, ezinbesteko zenbait pertsonak libreki bidaiatu ahal dezaten, muga arazorik gabe”. Puntu baten edo besteren inguruko ñabarduretan sartu gabe, harri baten moduan jotzen dit buruan galdera batek: zein planetatan bizitzea tokatu zaiola uste du Hararik? Eta espaziotik bueltan Lurraren orbitara jauzi egin zuten lehen astronauta haiek gogorarazten dizkit, “planeta urdinaren” edertasunarekin hunkiturik, guztion anaiartea aldarrikatu zutenak, malkotan.

Baina Harari sinetsita dago jendartearen zorionerako eboluzioan, eta hori nola lortu behar den erakusteko, baztanga bezalako gaixotasunak deuseztatu izana jartzen digu adibide, zeina, haren arabera, “txertaketa unibertsalari esker lortu baitzen”. Beraz, pandemien aurkako immunizazio orokorraren ahobatezko ideia bulldozerra proposatzen digu, “denok onartzen duguna, txertoen aurkako psikopata antisozialen bat edo beste kenduta”. Historiak, ordea, kontatzen digunez –Harariren diziplinak, alegia–, baztangaren beherakadak Europan ez zuen zerikusi zuzena izan txertatze masiboarekin; Leicester hirian (Ingalaterra), esaterako, non 1871-1872ko epidemia gertatu zenean haurtxoen % 95 txertoa hartuta baitzegoen, agintariek baztertu egin zuten neurri hura, eta, haren ordez, higienezko neurrien alde jo zuten[2].

Hararik baieztatzen duenaren aurka, ez da mundu mailako txertatze orokorrik gertatu baztangaren aurka. Gurutze Gorriak Afrikan sustaturiko txertatze kanpaina batean parte hartzeko aukera izana naiz, eta ondo konprobatu dut halako kanpainak gauza ezinak direla hango leku gehienetan, eta ematen diren datuak faltsuak direla; halako kanpainen helburu nagusia da metropoli ohien plan neokolonialak zuritzea. Beste halamoduzko analogia baten arabera, malaria bezalako gaixotasun endemikoak ez dira desagertu haien aurkako txertorik asmatu ez delako, baina kontua da Europatik aspaldian desagertu zela, txertorik gabe ere, hemengo bizi-baldintzak hobetzearekin batera. Haririren ideologiarekin bat egiten dutenek gauza bera azpimarratzen dute behin eta berriz:  Soluzio unibertsalak konponbide teknikoen esku daude, eta, koronabirusaren krisiaren kasuan ere, lurralde guztietako pertsona guztiei txertoa jartzea da konponbidea. Lurralde bakar bateko biztanleak txertatu gabe geratuko balira, arriskutsuak bihurtuko lirateke mundu osoko gainerakoentzat, baztangaren birusa berriro agertzea eta haren bilakaera posibleak ugaltzea ekarriko lukeelako. Txertatzea baliogarria izan zitekeela onartuta ere, baieztapen irmo hori faltsua da bere horretan; izan ere, arazoak konplexuagoak dira beti,  eta covid 19ra itzuliz, haren aurkako txertoa sortzeak berak eta hura banatzeak sortzen eta sortuko dituen arazoak horren adibide garbi dira.

Aipaturiko elkarrizketan aldaketa klimatikoaren arazoaz ere mintzo da Hariri, eta antzeko konponketa tekniko sinpleak proposatzen ditu, hondamendi ekologikoa etorkizuneko kontu bat balitz bezala. Arazoa etorkizun dago, eta hari aurre hartzeko moduan gara. Ez da indarrean dagoen katastrofea, itzulezina dagoeneko hainbat arlotan, gure bizimoduari eta eredu produktiboari guztiz atxikia. Eta ataka aprobetxatuz, aurrerapen ekonomikoa zalantzan jartzen duten adur txarrekoen kontra jotzen du: “Badira batzuk uste dutenak aldaketa klimatikoa geldiarazteko aurrerapen ekonomikoa gelditu beharko dugula, eta leizeetara eta sustraiez elikatzera itzuli. A zer-nolako ergelkeria!”. Zer da, baina, ergelkeria: aurrerabidearen dogma zalantzan jartzea ala hazkundearen eta “sustraiak jatearen” arteko ezinbesteko hautua planteatzea? Harrigarria da ikustea zenbateraino dauden ezkutuko harrokeria gaitzak jota halako jarrera, ideologia eta diskurtsoak.

Puntu bat gehiago aipatuko dut. Haririk denon aurrean esplikatzen du bere eguneroko lana bakarraldi espiritualekin konbinatzen duela. Noizean behin meditatzera erretiratzen da, eta haren etsenplua jarrai dezagun animatzen gaitu. Idatzi duen trilogiaren bigarren alea Goenka maisuari eskainia dago. Maisu horren jarraitzaileek antolatzen dituzten erretiro-bakarraldiak zabalduta daude mundu osoan. Neuk ere meditatzen dut, eta egona naiz horietakoren batean. Horrexegatik ateratzen dut gaia. Hasteko, bakarraldi horietan eskaintzen den dotrina poteratua da –maisuak ez du zuzenean hitz egiten; haren hitzak grabaketen bidez baino ez dira eskaintzen, ingelesez, eta, ondoren, gainerako hizkuntzetara itzulita–, eta budismoaz eskaintzen den ikuspuntua, berriz, guztiz sinplista eta errebisionista, budista mendebaldar gehienek egin bezala, bidenabar. Haien artean, ohikoa da Budaren lehen “egia noblea” –sarvam dukkha, ‘dena oinazea da’ halamoduz itzulia– aldarrikatzea eta aldi berean ukatzea, eta, hala, jakina, ukatu egiten dute baieztapen horren zentzu ontologikoa, alegia gizatasunak berezkoa duen osagarria. Kasu honetan ere, hori “kontu teknikoa” litzateke: “Jar dezagun jende guztia meditatzen –egoki dagokien txertoa ipini ostean–, eta dukkha historiaurreko kontua bilakatuko da”.

Hariri israeldarra da, Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearreko irakaslea, baina ez dirudi ezer esateko duenik bertako “arazotxoen” inguruan –palestinarren apartheidaz, edo gero eta lurralde zabalagora hedatua den Ekialde Erdialdeko gerraz, zeinak milioika gizakiren bizimodua zapuztu eta munduko geopolitika baldintzatzen baitu–. Ez dut arazo hauen inguruan duen iritzia ezagutzen, baina pentsatzekoa da kontuak aterata izango dituela: arrazoi osoz pentsatuko du nahikoa dela hutsegite txiki bat eremu “labainkor” horietan agintarien gorteetatik baztertua izateko, edo bere lurraldean bertan arazoetan sartzeko, eta hori alferrikako arriskua litzateke hainbeste esateko –eta saltzeko– duen batentzat.

Oharra: Harariren obra osoaren irakurketa kritiko baterako, hona Ernesto Castroren lezioa (gaztelaniaz):

__________________________

[1] Lacan-ek bere “hiruko borromeoan” (Erreal / Sinboliko / Imaginario) teorizatu zuen kontzeptu horrek garrantzi berezia du honelako egoera kritikoetan. Erreala da, hain zuzen ere, gainerako alderdiak konfiguratzen dituena, horrek baldintzatzen eta zehazten baititu “ikus edo onar daitezkeen” alderdiak (irudimenezkoak edo sinbolikoak), hots, Erreala agertzean parapeto gisa eraikitzen diren eraikin psikikoak (“Kultura heriotzarekin egiten duguna da”, norbaitek definitu bezala). Larrialdia gertatzen denean —gerra, hondamendia, atentatua, heriotza…— dena konjuratzen da haren efektuak minimizatzeko, baina, batez ere, tratatu ezin dena “dagokion” iluntasunera itzularazteko. Krisiaren erdian —gerra, edo pandemia izeneko beste gerra hori; guztiok egiten dute bat izen militar susmagarri horretan—, deklaratutako etsaiari eta haren aurkako kuartelik gabeko borrokari, eraikitzen den adostasuna baino harantzago doan edonor errezeloz begiratzen da, etsairik arriskutsuenaren gisa tratatzen ez denean, suntsitu behar den “kintakolumnista” bat. Maila pertsonalean —eta baita taldean ere—, dolua da “bizitzara itzultzeko” egin beharreko prozesu osasungarria; heriotzaren, galeraren, traumatismoaren atzaparkalditik libratzeko ahaleginean. Profeta, tradizioz, heriotzara bultzatzen ez denean, kanporatua izan ohi da, erbesteratua –“komunio-komunitatetik kanpo”–, Erreala adierazten duen adur txarreko txori egiten zaigulako (eta ez soilik agintarien ustelkeria edo hipokrisia, salatzen dituelako).

[2] Alfred Russel Wallace, The Wonderful Century. Cambridge University Press, 1898.




Pandemian gogoeta, 1. OSASUNAZ ARI OTE GARA?

(Artikulu honen oharrik gabeko bertsioa ARGIAn argitaratu zen 2020ko martxoaren 31ean)

Koronabirus pandemiaren eztandarekin irudi lezake osasuna dela egungo egoeran gai nagusia; ez da nire ustea, desiragarria balitzait ere.

Ez naiz ariko hemen eguneroko berri eta mezu uholdeaz –pandemiaz, konfinamenduaz, edo gainontzeko neurriez– gai horiek garrantzi handikoak izanagatik ere, baizik eta, itxura guztien gainetik, beti bazterrean geratzen den oinarrizko gaixotasunaren, zaintzaren eta osasunaren inguruko kudeaketa pertsonal eta kolektiboari buruz.

Nire lehen eta ezinbesteko erreferentzia 1975ean argitaratutako liburu bat da, Ivan Illich-en Medical Nemesis (Némesis médica, Némésis médicale) [1]. Cuernavaca hiriko (Mexiko) CIDOC institutuko zuzendari izan zen Ivan Illich, eta 1966tik aurrera informazio handia batu eta landu zuen jendarte industrialaren egiturazko instituzioei buruz (eskola, osasuna, garraioa, etab.) [2]. Nemesis liburua hitz hauekin hasten da: “Osasungintza instituzionalizatua osasunaren aurkako mehatxu larria bilakatu da” [3]. Egun, erokeriatzat hartuko genukeen esaldia, eta esaten duena, edozein eztabaida-forutik kanpo uzteko modukoa. Baina, harrigarriki, liburua arrakastatsua izan zen bere garaian, eta hainbat hizkuntzatara ekarria.

Dozena bat urte geroago, Illichek berak nolabaiteko autokritika egin zuen, are harrigarriagoa, kezkagarriagoa: “Lurralde garatuetan, osasun perfektuaren obsesioa bilakatu da erabile patogenorik nagusia” [4]

Ez medikuen interbentzioa, lehenago salatu bezala, baizik eta “osasun  perfektuaren obsesioa”. Gaizki al dago, bada, osasuna zaintzea?  Ez al du izan behar osasuna zaindu beharreko gure lehen kezka?… Bistakoa denez, “perfektua” hitza da gakoa esaldian.

Baieztapen eskandalagarri haietara itzuliz –eta beste behin entzuteko gonbitea luzatuz–, hasi gaitezen industrializazioarekin. Industrializazioaren garapenak ezinezko bilakatu du beste edozein bizimodu. Horri aurre egiten dioten apurrak desertura erretiratzen ziren antigoaleko eremiten gisa tratatzen ditugu: gure konbertsioa eta berehalako apokalipsia aldarrikatzen duten adur txarreko txori gisa, alegia. Dena da egun “industria”: nekazaritza eta bidaia, sexualitatea eta artea. Eta industriaz ari garenean, merkataritza-jarduera kapitalistez ari gara: ezerk ez du deus balio, merkantzia ez bada (“truke-balioa”). Eta hor sartzen dira zaintza pertsonal eta komunitario guztiak, gaixotzeak, zahartzeak eta hiltzeak berak eskatzen dizkigutenak. Gu guztiontzat ezinbestekoa den (azken?) industria horren izena “Osasun Sistema” da, eta osasunaren medikalizazioa da, agian, industrializazio prozesu orokorraren alderdirik eraginkorrena, gure barne mamienean ukitzen baikaitu, zaurgarrienean, giza kondizioaren muinean berean –gure izate hilkorrean, alegia.

Hilezkortasun fisikoaren bilaketa bihurtu da, honezkero, gehiengoaren “arrazoizko” fantasia, eta ez garai batean bezala alkimista zoro bakanen eldarnioa. “Zorionerako eskubidearekin” gertatu bezala –AEBetako Arkadia berriko konstituzioan onartua–, berehala aldarrikatuko dugu hilezkortasuna oinarrizko eskubide moduan, konstituzio berriek onartu beharrekoa. Urrunetik begiratuko diegu hil ondorengo eternitateko gure arbasoen fantasiei.

Hiru motatako iatrogenesi –medikuen interbentzioek berezko zituzten ondorio kaltegarriak– bereizten zituen Illichek 70etako gogoetan: interbentzio klinikoek zuzenean eragindako kalteak edo “iatrogenesi klinikoa”; bigarrenari “iatrogenesi soziala” deitu zion, zeinak jendarte gaixotu bat hauspotzen duen, paziente bilakatzearen ondoriozko demandak gero eta gehiago elikatuz; eta azkenik, “egiturazko iatrogenesia”, zeinak lortzen duen jendeak berezko kalteberatasunari –eritasunari eta heriotzari barne– aurre egiteko dituen moduak eta arteak zapuztea.

Zer adierazi nahi zuen Illichek –modernitatearen kritikorik sakonenak eta koherenteenak Giorgio Agambenen esanetan– hamabi urte geroago bota zuen esaldi txundigarri harekin, “gorputz sano baten obsesioa bilakatu da egungo eragile patogenorik nagusia” zioenean? Kontuok aurrera nola egin duten ikusita, iruditzen zait errazagoa zaigula egunotan hura ulertzea. Illichen lehenengo baieztapenei jarraitu zioten hamarkadetan asko izan ziren aurrez aurreko fronteak sortzen saiatu zirenak, osasunaren eta gainontzeko egiturazko instituzioen arloetan. Ohikoa zen “Medikuntza Alternatiboei” buruz aritzea, “Medikuntza Instituzionalaren” aurrean, baina industrializazioaren bulldozerrak berehala suntsitu zituen amets haiek, beste hainbat alegiazko fronte bezala. Eta medikalizazioari aurre egiten saiatzen ginenok ere nahiko erraz eman genuen amore, eta ezinbestean onartu eta probestu harekin zetozen onurak: gaitz hilkorren aurkako tratamendu arrakastatsuak, bizi-itxaropenaren handitzea, etab. “Osasun-sistema alternatiboak” berehala bilakatu ziren “sistema osagarriak”, “benetako medikuntza zientifikoaren” nahi gabeko zenbait ondorio tratatzeko gai, edo estresa arintzeko bederen, luxu horiek ordaindu ahal zutenentzat –pobreentzat, hor zeuden zabor-janaria eta anbulatorioetako kontsultak.

Ez al daude hipokondriakoenen artean “Medizina ofiziala” zalantzan jartzen duten asko etengabeko “terapia alternatiboetan” dantzan? Horretaz ari zen Illich hain zuzen ere 80ko hamarkadaren amaierarako “agente patogeno berri” batez ari zenean: modu asko dago kalteberatasuna, giza izaeraren hilkortasuna edo gorputz izatearen ukazioa indartzeko. Eta horregatik da agian hain adierazgarria, hainbeste alerta larrik jo eta gero –hondamendi ekologikoarena, errefuxiatuena edo datorren sistema ekonomiko eutsiezinarena, besteak beste–, pandemia bat izatea Mendebaldea Errealitatearekin kontaktu zuzenean jarri duena [5]. Mendebalde hori Txinan hasten da egun, biopolitika irmoena eta gupidagabeena gauzatzeko gai dena [6].

Galdera hauek aireratzea da, beharbada, ateraldirik inozoena. Harrigarria izan liteke Ivan Illichen proposamenak gogoraraztea datorkigun paniko orokorreko egoeraren aurrean, baina ez dago, nire ustean, kontu premiazkoagorik: salbuespeneko egoera apokaliptiko baten baitan gauden honetan, osasunaz eta eritasunaz mugarik gabe eztabaidatzea baino ez zaigu gelditzen.

________________________________________

[1] 1975ean argitaratu zen gaztelaniaz (Seix Barral. Hemen irakurgai: NémesisMédica, la expropiación de la salud), frantsesez (Némésis Médicale, Seuil), ingelesez eta beste hainbat hizkuntzatan. 2006an berriz argitaratu zen (edizio eguneratu bat)  haren lanen bilduman (Obras Reunidas Fondo de Cultura Económica de México; Œuvrescomplètes, Fayard, 2004, 2005).

[2] CIDOC (Centro Intercultural de Documentación) 1966an sorturiko ikerketa-zentro bat izan zen. Jatorrian, AEBetako misiolari katolikoak prestatzeko sortua, oldar ebanjelikoari aurre egiteko asmoz. Hizkuntza eta kultura hispanoetan trebatzeko sortu zena, pentsalari kritiko askoren topagune bilakatu zen: Paul Goodman, Erich Fromm, Peter Berger, Paulo Freire, Sergio Méndez Arceo eta beste asko, jendarte industrialaren egiturazko ardatzetan arreta jartzen zutenak. Ivan Illich izan zen dinamika horren bultzatzaile nagusia. New Yorkeko auzo puertorricoarrean abadea izana zen, eta, ondoren, Puerto Ricoko Unibertsitate Katolikoko zuzendaria, gotzain gisa. 60ko hamarkadaren amaieran apaiz-lanerako dispentsa eskatu zuen, hierarkiarekin zituen desadostasunak zirela medio. Halere, apeztzat zuen bere burua, 2002an hil zen arte.

[3] Eta jarraitzen du: “Medikuntzaren kontrol profesionalaren oldarrak jendea ezgaitzen duen epidemia baten maila hartu du. Iatrogenesia da izurrite horren izena: iatros, grezieraz medikua, eta genesis, jatorria, hitzak elkartzetik sortua.

[4] Eta jarraitzen du: “Zientziaren ideal instrumentala nagusi den mundu batean, Osasun Sistemak etengabe sortzen ditu mediku-arretarako premia berriak. Zenbat eta handiagoa izan osasun-eskaintza, orduan eta jende gehiagok ditu arazoak, beharrak, gaixotasunak. Denek eskatzen diote Aurrerapenari gorputzen oinazeekin amai dezan, gaztetasunaren freskotasuna luzatu dezan, eta bizitza infinituraino luza dezan. Ez zahartzerik, ez minik, ezta heriotzarik ere. Matxinada hori giza kondizioaren ukazioa baino ez dela ahantziz” (Escribir la historia del cuerpo. Doce años después de Némesis Médica y La obsesión por la salud perfecta, un factor patógeno predominante).

[5] Zentzu horretan aritu da Santiago Alba Rico bere azken artikuluetan Apología del contagio eta ¿Esto nos está pasando realmente?

[6] Luca Paltrinieri modu argigarrian aritu da bere “Prove generali di apocalisse differenziata” artikuluan (Apokalipsi dibertsifikatu baten proba orokorra. Bada gaztelaniazko bertsioa: Ensayo general para un apocalipsis diferenciado): “Txina, munduaren etorkizun post-apokaliptikoa ari da eraikitzen: etorkizun hori oinarritua dago hazkuntza ekonomikoaren planifikazioan eta merkatuen basa-arimen bezatzean. Hau guztiz ez-demokratikoa den gobernu-eredu bat da, mundua menderatzera bideratutakoa; irizpide hauei erantzuteko biopolitika bat, erabateko kontrola, biztanleria diziplinatua baina, aldi berean, gero eta jende gehiagoren babes soziala eta sanitarioa antolatzen duena. Jendearen osasuna Estatuak bere ardurapean hartzea, horixe da erabat berria Txinan, eta horrek sortuko duen eskari sanitario guztiz ezezaguna, gero eta handiagoa eta potentzialki leherkaria, orain gutxi arte familiaren edo auzoaren bizkar izaten baitzen, norbaiten bizkar izatekotan jendearen osasuna. Koronabirusak egitura sanitarioak gainezkatuko dituen mehatxua kontuan hartuz –hauek eraikitzen ari direnez eta ahulak direnez–, jendearen etxe-itxialdiak ahalbidetu du, neurri batean, epidemiari aurre egitea, Estatu “autoritario” baten egiturapean –“autoritario” adierak Txinan inongo zentzurik baldin badu– inongo “salbuespen egoerarik” sortu behar gabe. Badirudi txinatarrak jabetzen direla aldi hau etapa bat baino ez dela, Txina munduko potentzia bakarra bilakatzeko bidean”.

GAINERA: David Cayley, “Questions About the Current Pandemic From the Point of View of Ivan Illich”: http://www.davidcayley.com/blog

Preguntas sobre la pandemia actual desde el punto de vista de Ivan Illich