1

PANDEMIAN GOGOETA 9. APOKALIPSIA ETA GERO

Carolina Zambranoren autorretratua konfinamenduan

(ARGIA astekariko blogean 2022ko otsailaren 18an argitaratua)

“Apokalipsia” amaiera katastrofikoarekin lotzen dugu, etimologikoki “errebelazioa” esan nahi duenean; tapakiak kentzea, hitzez hitz. Denbora eskatologikoari atxikitzen zaio (“amaiera gertu dago”), non giza izaeraren egia eta bere mundua ordura arte estaltzen zuten arropatik biluzik agertuko den. Bibliatik edaten dute ideia horiek, eta haietan iragartzen da “apokalipsiaren ondorengo” egoera bat, justizia-erresuma berri bat ezarriko duen garai bat. Ondorengo hori desagertua da gure zeruertzetik. Apokalipsi hau ez baita Jainkoak igorria edo hondamendi “natural” batek eragina; geu gara, aitzitik, haren eragileak. Bestalde, bizi dugun mundua apokalipsiaren ondokoa da dagoeneko, progresoaren logikan bideraezina den mundu bati eusten tematzen bagara ere, jarrera hori normalizatu nahi duen mundu ero batean.

Apokalipsi asko gertatu dira orain artean. Esanguratsuena, agian, XV. mende amaieratik aurrera Abya Yalako –Ameriketako– biztanleen % 90 baino gehiago akabatu zuena izan zen, modernitatearen, industria-iraultzaren eta kapitalismo globalaren abiapuntua finkatu zuena. Bostehun urteko ziklo horren amaieran gaude orain, aro geologiko berri batean –“antropozenoa” baino, “kapitalozenoa” izendatu beharko genukeena–, planetaren seigarren suntsipen orokorraren aurreikuspenaren testuinguruan.

Hori egiaztatzera eramaten gaituzten informazioak egunerokoak diren arren, existituko ez balira bezala jarraitzen dugu. Zer dela eta “disonantzia kognitibo” hori? Ezin onartu merkatuari estuki barneratua dugun askatasunaren eta baita duintasunaren ideia bera ere kolokan jar litezkeenik. Martxan dugu dagoeneko “kapitalismo berdea”, diote iragarkiek: oximoron hutsa, “proiektu enblematikoen” azalera urratzen hasi ahala agerian geratzen dena.

Covid pandemiari loturiko neurriek sentipen apokaliptikoa areagotu dute. Herri pribilegiatuetako biztanleak heriotza masiboaren arriskupean egoteak alarma guztiak piztu zituen –alferrik gogoratzea munduko biztanle gehienek ez dutela “osasun-kolapsoaren” sentipenik bizi izan, haiek gaixotu eta hil egiten dira, gurean segurutzat ematen dugun “estaldura sanitarioa” zer den jakin gabe–. Baina, bai, gogoratu beharra dago eskuartean ditugun aterabide guztiak munduko jendearen %10-20 pribilegiatu horren biziraupenaren gainean eraikitzen direla. Gainontzekoak soberakina dira: hondamendi ekologiko, klimatiko edo epidemikoek, goseteek edo gero eta urriago diren oinarrizko baliabide urritasunak pizturiko gerrak enkargatuko dira haietaz.

Azken bi urteotako nahasmenduak gure psikismoaren maila kontziente eta inkontzienteen arteko mugetan zurrunbilo handia eragin du. Kontzienteki, “krisiaren ondorengo” egoeran bizi nahi dugu. Horretan ari dira “soluzio aldarrikatzaileak”: “Indarberrituta aterako gara krisi honetatik ere; hara ekonomiaren eta langabeziaren inguruko datu onak; hara puntako teknologien garapenari ematen ari garen inbertsio-bultzada… Derrigortutako txertatze intentsiboekin epidemia atzean uzten ari gara eta hurrengoei aurre egiteko prest gara…”. Baina gure inkontzientea inpaktu errealagoa eta sakonagoa duten egitateez elikatzen da: horra gogo-ondoez orokorra; horra hala moduzko datu “sanitarioen” etengabeko erasoa, non haien kontrastatzeko ezintasuna eta ikara eragiteko duten gaitasuna elkar elikatzen diren. Gerra- eta terrore-giroan murgildu nahi izan gaituztenez, zalantza eta eztabaidarako tarterik txikiena kriminalizatua izan da, “gizatasuna” eta “elkartasuna” obedientzia itsuarekin nahastuz. Baina modu horretan elikatzen den inkontzientea apokaliptikoa da dagoeneko, mundu bat amaitu dela adierazten diguna. Horrek badaki hazkunde etengabean eta kontsumoaren askatasunean oinarrituriko mundua amaitu dela.

Gerta dakigukeen gauzarik kaltegarriena inkontziente horren errepresioa da: mundu bideraezina eta zentzugabea den baten amaierari altxatzen dugun lehen erresistentzia. Ukatuz, betiere, aurrean ditugun hautabideak normalean onartzeko prest gaudena baino erradikalagoak direla. Eta kaltegarriena, makurrena da hain justu gertatzen ari zaiguna. Indar boteretsuenek –ekonomikoak, politikoak, militarrak, mediatikoak– gure kontzientzia saturatzen dute adieraziz bizi dugun krisi hau lehen ere gainditu izan ditugunen artean beste bat baino ez dela, ia “krisi sanitario” hutsa, eta, krisi orok bezala, indartsuenak indarberrituta irtengo direla honetatik ere. Greenwashing intentsibo baten errejimena agintzen digute, kontzientziaren bazter guztiak ito arte.

Bizi gaituen denboraren ezaugarririk behinena orain arteko denbora amaitua dela jakin behar dugunean (apokaliptikoa denez), “denbora irabazten” saiatzen dira jauntxoak, guztiok amildegira bultza bitartean.




PANDEMIAN GOGOETA 8. ARRAKALA

Argazkia: Adli Wahid

(ARGIA astekarian 2022ko ekainaren 11ean argitaratutako artikulua)

Ia bi urteotan gorriak pasa dituzte ospitaletan, eskoletan, hainbat etxetan. Gaitz hilgarri ezezagun bati hola-hala egin behar izan zaio aurre. Pandemia bat, hildakoak eta gaixoaldia pasa dutenen ondorioak; etxeratze- agindu bortitzak; ekonomiaren geldialdia; beldurraren hedatze ikaragarria… Olatu bat bestearen ostean, urduritasuna, datuen dantza −kutsatuak, ingresatuak, intzidentzia metatua, txertatuak…− orduero, egunero, hemezortzi hilabetez. Nola ez desiratu normaltasun-amiñi bat?

Eta jendearen arteko eztabaida latzak. Irainak ez dira hordituen orduetara mugatu (itxita zeuden tabernak!), egunkari serioen titular eta artikuluetara baizik: negazionistak!, faxistak!, konspiranoikoak!, zakurrak! Giro itsusia, inondik ere; bakoitza berean eta isilik geratzeko gogoa ematen duena: “Pasa dena pasa dela, hobe ahaztea”; “kontu latzagorik ikusiak gara”. Eta zer ekarriko ote etorkizunak. Itzul dadila bakoitza bere zereginetara. Bakea.

Baina beti dago norbait ezetz dioena. Une latz bakoitzaren ostean, zauria zabalik mantentzen saiatzen dena: arduradunak bilatu behar direla, gaitza egiturazkoa dela, oraingoa dela sakoneko aldaketak egiteko garaia. Normaltasuna? Normaltasun horretan dagoela pasa dugunaren jatorria, abisu txiki bat baino ez dela izan hori. Benetako ukatzaileak normaltasuna aldarrikatzen duten horiek direla; gehien-gehienak, alegia.

Esan beharrik ez dago, gogoeta hau aldarte txarrez egina da. Neure burua azken aipatu horien artean jartzeak bihotzerrea eta buruko mina eragiten dizkit. Nork ibili nahi du zaurian aztarrika? Ez izorratu, mesedez; izan dugunarekin, aski da.

Bertsolariak

Euskaldun-jende gehiena agrafoa zen garai batean –ez nuke analfabetoa esango, horrek gaizki-ulertu itzela dakarrelako ustez alfabetatua den egungo jendartean–, liskarrak eta ezinikusiak plazaratzeko ere balio izaten zuten bertsolariek: sekulako injustizia jazo, eta hartaz idazteko gauza zen bati enkargatu bertso-sorta; paperetara pasa, eta plazan saldu; irakurtzen zekienak kantatu, eta hainbatek buruz ikasi… Modu horretan atera ziren zenbait arantza. Gauzak ez ziren funtsean aldatuko, baina jendeak entzun zezala zapalduaren bertsioa…

Modu horretan saiatu zen udan bere abizenari ondo atxikitzen zaion sasiko-Silveira, euskal medikuen artean estimatuen eta goratuenari txakurra deituz. Eta Zubia-zuriak amua irentsi: «Lesakan bada gizon handi bat, / bertsotan aritzen dena, / pandemiaren gorabeherekin / txakurra deitu nauena. / Ederki dakit zer den okerra / eta zer dugun zuzena, / zer dela eta jarri didate / modu hortako izena?». Berripaper guztiek –baita euskara mespretxuz erabiltzen dutenek ere– egin zioten oihartzun, baita gaztelaniara itzulita ere, «El jefe de UCI Felix Zubía responde con bertsos a un insulto negacionista» izan zen Naiz-en titularra. Zer esan El Diario Vasco eta Confidencial digital bezalakoek erabili zuten tonuaz.

«Kaixo Felix ni naiz lesakarra / txakurra deitu zizuna / modu polita ez zela aldez / aurretikan jakituna / baña lortu dut bai lortu ere / horrekin bilatzen nuna / eztabaidari bide eginez / hona nere erantzuna». Normalean 500 bisita baino gehiago ez duen bertsozaleen guneak 5.000 inguru izan omen zituen. Baina hor amaitu zen dena.

«Komunikabideetan Jangoikoa zara / ni berriz leproso bat. / Alde handia da gure erronka / bertso erronka’re bada / jeisteko prest bazaude / zerutik plazara / jokatu genezake / ehun bertsotara». Eta niri hauxe bururatu: gauzak bero-bero, bataren eta bestearen lagunek antolatuko ahal zuten txapelketa bat –baietz frontoi handiena lepo bete!–, lau lauren kontra, gai jartzaileak negoziatu ondoren, ofizio guztietara; egun oso baterako euskaldunen arteko festa itzela… Baina berehala freskatu zitzaidan beroaldia (zein lainotan bizi haiz?!). Bertsolaritzak egun duen funtzioa ez da inondik ere garai bateko hura. Euskal kulturaren instituzio ereduzkoa da; eskolen eta txapelketen antolatzailea; euskalgintzaren, kulturgintzaren, naziogintzaren akuilu miragarria. BEC helburu, biba Xilaba eta gainontzekoak!

Halere, sintomatikoa iruditu zitzaidan kontu txiki honekin gertatu zena, eta bataren eta bestearen arrazoibide trinkoa parez pare jartzea otu zitzaidan, horretarako ere –ideiak trinkotzeko, alegia– balio baitu bertsoak. Zubia: «Hil zaizkigunak lau milioi pasa / zenbatu dira munduan, / Euskal Herrian ia sei mila / begiratu inguruan. / Gauza bat daukat oraindik ere / ezin sartuta buruan, / zer dela eta ukatzen duten / izan ez balitz moduan? // Zazpiehun kasu baino gehiago / neure begiz ikusiak, / heriotzaren bidez lezio / asko gara ikasiak. / Batzuk saihestu nahi nituzke nik, / aholkuz adieraziak. / Zer dela eta jasotzen ditut / holako hitz itsusiak?». Silveira: «Negazionista diozunean / argudiotan urria / gelditzen zara, nahiz ta iraina / ez den taktika berria / gaitza inorrek ez du ukatzen / baina bere jatorria / isolatu ez den birus bat da?/ ze igerlek igerria?».

Beraz, ukazioa ez bada kontua, beste zerbaitetan jarri behar azpimarra; eta horra doa Silveira, kontu ilun asko argitzeko ezinbesteko litzatekeen eztabaidara: «Dena ez dela ongi egina / ez da hausnarketa txarra. / Kazetariek zabaldu duten / bertsio bat ta bakarra / zalantzan jarri ezina bera / ez al da bitxi xamarra / zertara dator ados ez dena / ixilarazi beharra? // Zuk telebistan, irratietan /eta egunkarietan / lau haizetara zabaldu duzu / beldurra modu denetan / sentiaraziz bizitza bera /beldurgarria benetan / eta iaz hil ziren adina / hil zen aurreko urtetan // Donostiako ospitaleko / ZIUek nolako sona / hartu duten zu zaren ezkero / bertan buru den gizona / bapatean uy, gogoratu dut / han larri gaixo dagona / eta zu niri bertsoak jartzen / ze gusto txarreko broma // ‘Burua martxan ipini eta / errespetuan hitzegin’ / erabat ados naukazu Felix / zuk botatako hitzekin. / Antolatu zen eztabaida bat / euskal zientzilariekin / zu gonbidatu ta azaldu ez / eta hori gu ezjakin».

Nahikoa litzateke honainokoa bi jarreren arteko talka eta ulertezintasuna konfirmatzeko. Are gehiago: beste behin egiaztatzeko bataren argudioak bestearen posizioa indartzeko baino ez duela balio (negazionista!; txakurra!, alegia); eta “zuekin alferrik da” leloa konfirmatzeko. Hori gutxi balitz bezala, konspirazioaren kontua: «Zenbaitek, baina, gertatuari / Egiten diote uko, / Konspirazio baten azpian / Gaituztela zapalduko. / Ideia latz bat bururatzen zait / Horiek entzun orduko, / Bost mila aldiz ukatu arren / Ez dela desagertuko. // Ez dakit zeinek asmatutako / Gezur bat omen da dena, / Txertoak berriz erdi-pozoia / Guztia galtzen duena. / Dudarik bada, ospitalera / Etor dadila hurrena, / Ikusi nahi ez duen hura / Da itsurik handiena» (Zubia). Silveiraren arrapostua: «PCR-a diagnosian / erabiltzeko hautua / nik bezain ongi dela dakizu / maltzurkeriz gauzatua / hola nahieran darabilzue / intzidentzi metatua / egoera bat marrazteraino / arras manipulatua. // Gorritu gabe aipatze hutsa / asintomatikoena / lehen algara ta gero datoz / haserrea eta pena / mediku batek ez ote daki / ume batek dakiena / ez dela inoiz gaixoa izan / sintomarik ez duena. // Txerto esaten diozun horrek / zer du? barruan zer dakar? / ez du sendatzen, ez du babesten / ta hainbat ondorio txar / sortzen ari da nik ez dut sartu / baña hartu zure bizkar / –idatziz noski– ardura oro / ta txertatuko naiz bihar // Zuk badakizu farmakogintzak / gutxi daukala ‘santa’tik… / iaz Espainian 600 miloi /medikuek hauengandik / jaso zituzten –publikoa da– / nik horrexegatik dakit / Euskal Herrira zenbat iritsi / ote dira hoietatik».

Bistan da hori ez dela eztabaida bat; izatekotan, eztabaida aurreko probokazioa, baina, esan bezala, egungo bertsolaritza ez dago inor haserrarazteko, eta Silveirak eskatutakoak ezin du erantzunik jaso («Hitzak zer duen helburu, haren / baitan da edo ez irain / noski ni ez naiz nere burua / zuritzen hasiko orain. / Ulertzeko gai bazara xapo! / ta bertzela ere bikain / gaizki esanak barkatu eta / zure erantzunaren zain»).

Hor amaitu zen xextra, bakoitza bere burua konfirmaturik eta hurkoen atxikimendu hertsia jasoz. Baina modu sinple eta dorpean bada ere, aipatuak geratu ziren egunero eztabaidaren erdian egon diren hainbat puntu: pandemiaren izaera eta jatorria, neurriko ala neurriz kanpoko erantzunak, eztabaida falta, zalantzazko diagnostikoak, industria farmazeutikoen eta txertoen inguruko susmoak… Bertsio ofizialaren aldarrikatzaileek hori guztia aspaldian jakintzat eta argitzat dutelako itxura egiten dute, eta jendearen gehiengoak erabateko prestutasun otzana erakutsi du normaltasuna erosteko. Bakea nahi dugu, eta Zubiaren azken bertsoak ondo adierazten du sentimendu orokorra: «Nabaria da gauza guztiak / ez direla ondo egin; / agintariek, kazetariek, /eta medikuok berdin. / Gertatu dena onartuz eta / errepikatu ez dadin, / burua martxan ipini eta / errespetuan hitz egin». Baina, zer da edo nor da oker ibili dena, zer onartu beharrekoa, errepikatu ez dadin? Urduritasuna? Irainak eta modu txarrak? Adituei kasu egin ez, eta berean jarraitu duten arduragabeen jarrerak? Txertoari uko egiten diotenak? Ezen aipatu azken bertso horietan nabaria da nagusikeria eta hala moduzko mehatxu ezkutu bat ere: “nahikoa burugabekeria aguantatuak gara! Estatuaren eta Arrazoiaren indarra nolakoa den ikasi beharko duzue beste behin!”1.

Konspiranoiko ukatzaileok

Inpresioa dut ailegatu dela unea horren guztiaren aurrean amorruz eta etsipenez geureari eusten jarraitzen dugunok –egia borobil gutxi eta zalantza asko– etsaiaren iraina geurea egin, eta, negro edo queer laidoekin gertatu bezala, ukatzaileak garela esateko. Bai, konspiranoiko ere bagara, nola ez. Utzi alde batera “zuek zarete benetako ukatzaileak” bezalako salaketak, edo “bertsio ofiziala ez onartzetik datoz paranoia eta konspirazionismo guztiak” dioten jakintsuei aurre egin beharra, edo arduragabe eta soziopata izendapen goxoei gehitzen zaion azken simaur botatzeari aurre egiteko ahalegina: “ultraeskuinari ari zarete jokoa egiten”. Bai, pairatzen dugun egoera errotik ez onartzeak arriskuz betetako zirrikituak edo bideak zabaltzen ditu, eta ondo dakigu horretan tematzen direnek gaizki amaitzeko aukera handiak dituztela –nola amaitu zuten Espartakok eta Rosa Luxenburgok, esaterako; edo gulagetan edo Sinkiang-en psikiatrizatuak izan zirenak edo egunotan direnak–. «Egiten dudan guztiak ez du zentzurik etxea erretzen bada. Hala ere, etxea erretzen denean, beti bezala jarraitu behar da, dena kontuz eta zehaztasunez egin behar da, agian zehaztasun handiagoz ere bai —nahiz eta inor konturatu ez—. Baliteke bizitza lurretik desagertzea, egin denaren oroitzapenik ez geratzea, onerako edo txarrerako. Baina lehen bezala jarraitzen duzu, aldatzeko beranduegi da, dagoeneko ez dago astirik», idatzi du berriki Agamben filosofo madarikatuak. Ez gara suminduko itsukeriaz, koldarkeriaz edo artaldekeriaz. Edo sumintzen bagara, lasaitzeko arnasguneak bilatuko ditugu, eta gureak ez diren sentiberatasunetatik etorriko zaizkigun ahotsak ere entzungo; gure ekina fintzeko, zorrozteko, zabaltzeko, aldatzeko.

Eginahal horretan ez ditugu ahaztuko ere denon esku dauden egitateak, bake-beharraren narkosiak indargabetu ahal ditzakeenak. Meritu handia dute, irainduak eta zigortuak izanagatik ere, gauzak denok ulertzeko moduan esplikatzen saiatzen dihardutenek. Bertsio ofizial eta bakarra zalantzan jartzen dutenez, negazionisten infernura dira kondenatuak entzunak izan aurretik. Ez eman horri buelta gehiago. Nahi duenarentzat eskura dagoelako behar adina informazio pandemiaren kontuan gauzak oso gaizki egin direla jabetzeko2. Baina ez zentzu moralean («Nabaria da gauza guztiak / ez direla ondo egin, / agintariek, kazetariek, / eta medikuok berdin…»). Hobeto esanda, gauzak oso ondo edo ahal bezain ondo egin direla ere esan genezake –bustia bustiaren gainean–; kontua da non jartzen dugun fokua eta zer garrantzi ematen diogun argumentu bakoitzari. Loayssak eta Petruccellik txertoen inguruko aipatu artikuluan garbi uzten dute:

«Pandemia fenomeno natural gisa hauteman bada ere, eta hartutako neurriak konnotazio politiko eta ideologikorik gabekoak balira bezala azaldu, eragiketa “zientifiko” gisa hartutako neurriak, kontrakoa da gertaturikoa. Pandemia fenomeno soziala da, biologikoa edo naturala bezainbeste gutxienez, eta horri aurre egiteko modua estuki lotzen zaie indarrean den gizarte-irudikapenei, aukera politikoei edo premisa ideologikoei. Covid-19aren aurkako txertaketa esperimentala soluzionismo teknologikoaren ideologiaren baitan errotzen da, paradigma edo sinesmen batean, zeinaren arabera giza espezieak hausten dituen gizarte-harremanak eta metabolismo-ziklo naturalak teknologiaren bidez zuzendu baitaitezke. Premisa inplizituetako bat hau da: “oihanak eta basoak suntsi daitezke, eta animalia-espeziak leku gabe utzi daitezke; izan ere, jauzi zoonotikoak gertatzen direnean, laborategietan birus arriskutsuekin esperimentatzen dituzten soluzioak aurkituko ditugu, eta birus batek ihes egiten badu ere, konponduko dugu”».

Funtsean –eta lehen aldiz epidemiologiaren historian–, birus bati aurre egiteko eraso-estrategia militarrak jarri dira martxan. Berdin du berehala ikusi bazen ere modelizazio matematiko baten bidez egindako aurreikuspenak erratuak zirela3. Kanpaina abian zen, eta bere logika sinple eta bakarrean jarraitzen du. Alferrik da kontsideratzea epidemiaren gorabeherak –olatu izendatzen diren horiek, etsai baten erasoaldien moduan ulertuak– epidemia guztietako gorabeheren berdintsuak izan direla. Birusa eta natura bera gure kontrolpean jarri behar bada, pentsatzen eta egiten den guztia logika horren pean ikusiko da; eta medioetan ari diren “aditu” guztiek logika horren morroi eta neskame dira. Hasieratik erabaki zen txertatze unibertsalak konponduko zuela dena, eta logika horretan jarraitzen dugu. Alferrik da kontsideratzea kanpaina horren puntu ahul, eztabaidagarri edo arriskutsuak. Pandemia pasatu eta birus honekin ere bizi beharko dugula onartuko denean ere, izugarrizko garaipen moduan ospatuko da. 2020an munduan izandako heriotzen lehen zioa Covid-19a ez bada izan inon ere –ohi bezala, askoz jende gehiago hil ditu goseak, aire-kutsadurak, bihotzekoek edo minbiziek–, aldarrikatu dute hori, ebidentzia guztien aurka, hartu diren neurriei esker izan dela.

Lehenbizi, terrorea hauspotu zen, eta hura onartzen ez zutenen aurkako errepresio bortitza. Eta ez naiz ari konfinamenduan paseatzera basora atera eta harrapatu zuten gizajoaren aurka erabili zenaz, edo azken asteotan ez-jaiak direla-eta polizia guztien indar erakustaldi bortitzez. Horren guztiaren azpitik edo gainetik, egiturazko errepresio bat dago martxan. Informazio-aukeretatik hasita. Nahikoa da jakitea zer-nolako sare estua dagoen osatua farmazeutiken, munduko medio informatiko monopolizatuen, finantzak gobernatzen dituztenen eta gobernuen artean, ulertzeko “eztabaida zintzo eta anitz baten aldeko” askoren aldarriek irribarre maltzurra pizteko baino ez dutela balio (zer da Silveira Zubiaren aurrean?). Ángeles Maestro medikuak berriki esplikatu duen moduan, «Kapitalismoaren fase honetan, non historiak ezagutu duen kapital-kontzentraziorik handiena dagoen, gizarte-kontrolik handiena gauzatzen da, eta horrek ez du aguantatzen bere garaian iraultza burgesekin bat etorri zen adierazpen-askatasunaren ideia»4. “Komunikazioaren” aroa bizi dugula, alegia. Komunikazio-piramide erraldoi horren maila apalenean dauden medio handi nahiz txikiek ere egunero mailukatzen dizkigute obedientziarako aldarriak, sistema sanitarioaren oinarriari eusten ahalegintzen diren langileen otzantasuna baliatuz. Konspiranoikoa izateaz gain, ergela behar du batek hainbeste jende zintzo eta jatorren tsunamiari aurre egiten saiatzeko.

Orain arte esan dudan guztiak –eta gaiak hamaika hari-mutur dauzkanez askoz ere gehiago zabal zitekeen– ez du helburu “eztabaida publiko zintzoa beste behin aldarrikatzea”. Nire intentzioa gauzatzen ari den arrakalaren inguruan pentsatzea da.

Arrakala

Arrakalak konbibentzia deitzen dugun horren ohiko elementuak dira. Etengabe hitz egiten dugu haiei buruz: generoen arteko arrakalaz, azala argiago edo ilunago dutenen artekoaz, klase sozialen artekoez, belaunaldien artekoez… Eta arrakala horien ondoan, eurek sortzen dituzten distantziak txikitzeko edo goxatzeko eraikitzen diren egiturak edo mitoak daude: estatuetatik hasi eta erlijioekin jarraituz, egitura “interklasista”, “intergenero” eta ekumeniko guztiak barne. Baina gozagarri horien gainetik, arrakalei eusteko harresi eta lubaki gotorrak ere eraikitzen dira, armez eta heriotzez hornituak askotan; biolentzia handiz, betiere; alde batekoek edo bestekoek jakintzat eta naturaltzat ematen ditugun tabu sendoez. Egungo hirietan ohikoak dira beren artean ia kontakturik ez duten talde edo multzoak: gure milaka zahar zaindu, eta parkeetan beren haurren urtebetetzeak ospatzen ikusten ditugun immigranteenak eta bertan jaiotakoenak, esaterako. Esparru estankoen maila askotako eraikina da egungo jendartea, nahiz eta gehienok –pribilegiatuenok, behinik behin– joera dugun hiriaren erdigunean bizi garela pentsatzekoa.

Galdera da: Covid-19aren pandemiak sortu edo azaleratu egin al du arrakala berri bat?, eta, galdera horri baiezkoa erantzunez gero, zer motatakoa?, zer nolako ondorioekin? Stefania Consigliere eta Cristina Zavaroni antropologoek idatzi duten artikulu batek5 jarri dit arrasto horretan. China Miévillek 2009an argitaraturiko The City & the City nobela komentatzen hasten dira artikulu horretan. Nobelan, krimen bat gertatu da –krimen hori argitzeko ikerketan sartu den komisarioa da narratzailea–, baina leku bitxi batean gertatu da: Bes?el izeneko hiri-estatu batean, zeinak eremu geografiko bera partekatzen duen guztiz desberdina den Al Qoma izeneko beste hiri-estatu batekin. Halako moldez, non kale bat, eraikin bat edo baita zuhaitz bat ere, aldi berean, estatu batean eta bestean egon baitaitezke. Bi hiriak muga zorrotz batez bereizita daude, eta bakoitzak bere hizkuntza, bere kultura, bere ekonomia guztiz diferentea du. Baina, nola mantendu muga hori leku berberean? Arrakala izena duen mekanismo batez.

The City & The City” nobelarekin egin zuten seriearen fotograma bat

Hiri-estatu horietan arrakala esaten zaio infrakzio edo delitu bati, baina baita ere delitu hori zapuzteko antolatu den armada ezkutuari. Hiri bateko nahiz besteko biztanleen hezkuntzaren muinean dago arrakala, eta hori saihesteko beharrezkoa da jendea trebatzea. Hala, haurrek desikusten ikasi behar dute, desautematen. «Leku batzuetan, zuhaitz bakartuak ere badaude, eta, haien aurrean jarrita, Ul Qomako eta Bes?eleko haurrek bata bestearen ondoan igotzen dituzte, gurasoen agindu xuxurlatuei jarraituz, besteak etengabe desikus ditzaten. Halere, gaixotasunak hedatzen dituzten kutsadura-iturri ohikoak dira haurrak. Epidemiologia zientzia konplexua da, bai han, bai gurean ere», dio narratzaileak nobelaren erdialdean. Desikuste hori da –eta horretan bat egiten dute estatu bateko nahiz besteko agintari eta biztanleek– biziraupena ahalbidetzen duen oinarria. Arrakala litzateke desikusi beharrean, ikusten tematzen direnen delitua. Infrakzioa larria denean –ez ustekabeko kontu bat, berehala zuzendua–, izen bera duen –Arrakala, alegia– armada antzeko bat aktibatzen da delitu hori zapaltzeko. Armada hori bi estatuen oinarri izanda ere, haien legeditik at bizi da; ez du uniformerik, ezta beste inongo ezaugarririk ere. Modu honetan deskribatzen du nobelak: «Arrakala ez da ezer. Leku arrunt bat da, kontu sinplea. Arrakalak ez du enbaxadarik, moneta ofizialik edo armadarik; ez du horrekin zerikusirik duen inongo ezaugarririk. Arrakala [delitua] egiten baduzu, Arrakalak [zera horrek] irentsiko zaitu. Arrakala leku huts bat da, polizia amorratuz betea». Beste modu batean esanda, «arrakala egiten duena Arrakalaren esku geratzen da. Erraz desagerrarazi genezake infraktorea. Halere, delitugile horien inguruko zurrumurruak besterik ez dira entzuten. Inork ez du inoiz entzun Arrakalak atxilotu eta “zigorra bete duen” inoren kontakizunik. Guztiz diskretu bihurtzen dira, edo Arrakalak ez du inor askatzen…».

Nobela fantastikoaren eta nobela beltzaren ezaugarri nahasiez eraikitako fikzio arraro horrek (weird fiction) irakurketa-maila asko ditu. Egileak irakurketa alegorikoen aurka dagoela esan du (irakurketa bat non “nobela benetan zertaz ari den” argi gera litekeen); esanahi irekiak edo askotarikoak dituela gustuko. Hortaz, nobela hau “konpondu” gabe geratzen da, eta, nire ustez, horrek balio erantsi bat ematen dio. Baina ez naiz nobelaren labirintoetan eta haien interpretazioetan sartuko. Arrakalaren ideiarekin geratuko naiz.

Horretarako, leku berean eraiki diren bi hiri-estatuen jatorriaren mitoari dagokion beste elementu bat hartu behar kontuan. Nondik sortua da egungo zatiketa? Existitu zen momentu bat bi hiri-estatuak bat eginda bizi zirena? Ez dago horren inguruko ezagutzarik, eta ez da bilatzen ere. Arriskutsua litzateke ikerketa horietan sartzea. Badira, batean eta bestean, unionistak deituriko frakzio txiki batzuk, baina ez dute inongo indar operatiborik; alde bakoitzeko poliziak guztiz kontrolatuak eta zapalduak ditu. Baztertu horien mitologian Orciny izeneko ez-leku batez hitz egiten da:

«Zatiketaren aurreko hiria litzateke; misterio eta estalpe gisa interpretatu beharreko protomito moduko bat. […] Esan zuen Orciny existitua zela, nonbait, Al Qoma eta Bes?elen arteko zirrikituetan, zatiketaren aurrekoak izango zirenak edo, eta hor jarraitzen duela kolonia sekretu gisa, kolonia aparteko bat bizilagunen artean, bi hirietako hiritarrentzat begi-bistan dagoena, guztiek desikusten badute ere, haiek guztiak ikusten dituzten bitartean, Arrakalaren atzaparretatik libro… Ipuinak dira, eta ipuin horietan hitz egiten da arrakala egin eta Arrakalarengandik libratuz ernegatu gisa bizi direnei buruz; beti konspiratzen ari omen dira. Hirien tarteetan, ez dira erbesteratu gisa bizi, baizik eta barne-erbesteratu moduan, justiziatik eta zigorretik ihesi, egitateari buruzko ezjakintasun eskuzabal bati esker».

Eta gauzak are gehiago nahaspilatzeko:

«Behin esan zuen Bes?el eta Ul Qomaren historia guztia Orciny eta Arrakalaren arteko gerraren historia zela… Ez dut garbi, halere, Arrakala eta Orciny etsaiak direnik. Agian elkarrekin egiten dute lan. Edo, agian, mendeetan zehar pilatuz joan den boterea eman diogu Orcinyri, denak hor eserita geratzen garen bitartean, ipuin bat dela esanez. Nik uste dut Orciny dela Arrakalak bere buruari ematen dion izena».

Antropologo italiarrei bezala, irudi eta ideia iradokitzaileak egiten zaizkit horiek, une honetan bizi gaituen egoera deskribatzeko: nahasmendua batetik; muga gero eta zorrotzagoak bestetik: arrakala. Eta nobelan aipatzen den beste hari bati tiraka, ukatzaile askok errepikatzen duten kexu bat etorri zait burura. Kexua da, ezker eta eskuin, denok bat egiten dutela onarturiko diskurtso bakarrarekin; eta are gehiago abertzaleen artean, neurriak nork gogorragoak hartuko norgehiagokan. Nobelak dio elkar desikusten bizi behar duten bi hirien arteko ezikusia eta horrek mantentzen duen tentsioa ezinbestekoak direla estatu bakoitzaren iraupenerako. «Bloke Nazionalekoek –eta kale borrokarako antolatuta dauden Benetako Hiritarrek– gorroto diote Arrakalari, baina hori airea gorrotatzea bezalakoa da, Arrakalarik gabe ez baitago aberririk… Bes?eleko abertzaleak botere-orekaren aldekoen eta triunfalisten artean daude banatuta. Azken horien ustea da Arrakala Ul Qoma babesten ari dela, eta hori dela Bes?el burujabe baten oztoporik nagusiena».

Kulturaren indarkeria

Consigliere eta Zavaroniren aipatutako artikuluan, arrakalarena komentatu ondoren, kultura deitzen dugun horren funtzioaz ari zaizkigu:

«Kultura ez da unibertsal bat, natura estaltzeko erabiltzen dugun errezela, gure nahierara jar edo ken dezakegun jantzia, baizik eta gizaki gisa moldatzeko dugun modua. Kultura gorputzetan, zeluletan, genoman sartzen da; kulturak mundua hautemateko moduari forma ematen dio, gure bulkadak eta erantzun emozionalak egituratzen ditu, eta erregimen fisiologiko eta patologiko jakin baten arabera funtzionarazten gaitu… [Maila horretan erabakitakoak] ez du egiarekin ala gezurrarekin zerikusirik, gure mundu propioa sortzen baitu, eta haren egiak eta gezurrak etengabe sortzen edo egokitzen ditugu… Desikustearen ideia interesgarria da maila horretan, kulturaren betebeharra errealitatearen kaosean ordena bat sortzea baita. Eta indarrean jartzen den egia batek aurrekoa baliogabetzen du: monoteismoak politeismoarekin egin zuen bezala, edo monogamiak poligamiarekin, edo denbora linealak denbora ziklikoarekin… Sortzen dugun munduaren kalitatea baloratzeko konturik adierazgarrienetakoa da inkludituen eta baztertuen arteko harremana; benetakoaren eta irudimenezkoaren artekoa da, agian, munduko kalitateari buruzko daturik erabakigarriena. Mespretxutik errepresiora egon litezkeen aldeekin”.

Haurrak mundu horietara behartuak dira, haiek ez baitaude jaiotzez beren gurasoen mundura egokituak. Nobelan bezala, hezituak izan behar dute besteen munduak desikusteko, aurreindibiduala eta irudizkoa egiazkotik –dagokion mundu funtzionaletik– bereizteko. Halere, jendarte guztiek egokitzen dituzte denbora eta espazio bereziak non onartzen den desikustearen erlaxazioa: ametsen interpretazioan, trantzean, meditazioan, drogen erabileran… Zenbait terapiaren zeregina ikus litekeenaren esparrua zabaltzea litzateke, desikusi behar den horrek desoreka edo sufrimendu handiegia sortzen digunean6. Espazio horiek baliatzean egon liteke jendarte baten malgutasunaren neurria, eta, gureari dagokionez, bistakoa da aspaldian gertatzen ari den zurruntze eta estutzea mugako ziren esparru anitzetan: bidaia oro turismo bilakatu dugu, artea despolitizatu, eta, finean, objektibotasunaren neurri gero eta murriztaileagoak aplikatuz, patologikoa edo siniestroa kontsideratzen den oro azpiratu dugu, horrek berak espektakulu gisa morboa elikatuko duelarik.

Horrek guztiak indarkeria-dosi handiak behar ditu mantentzeko. Norbaitek esana da, lehen munduko herritar guztiok geure mundua ahalbidetzen duten indarkeriaz bat-batean jabetuko bagina, horrek berarekin duen esplotazioa eta krudeltasuna sentituko bagenu, ezingo genioke aurre egin inpaktuari. Zoratu egingo ginateke, edo shockaren inpaktuaz hil.

Bistakoa da larrialdi kolektibo batek –gerra batek, epidemia batek…– aurreko oreka dardararazten duela; normaltasuna izendatzen dugun hori. Eta hau une egokia beharko luke izan jabetzeko zein zutaberen gainean eraikia dagoen gurea. “Zientzia” da irizpide eta erabaki guztien zutabetzat saiatzen dugun oinarria, eta, horri atxikita, “irizpide sanitarioak”. Irizpide horiek objektibotasunaren jantziaz beztitzen ditugu, eta haien arrazoi minimoena zalantzan jartzen duen oro irrazionaltasunaren infernura bortxatua da. Aipatu artikuluaren azken aipamen bat:

«Hori guztia ez da harrigarria, baina ikaratu egiten du. Izan ere, badaude haustura ideologiko handiagoko edo txikiagoko garai historikoak, baina diktadurekin eta totalitarismoekin bat datozenak izan dira gehien iraun, eta batere malgutasunik erakutsi ez duten garaiak. Argiago ikusteko aukera dagoenean begirada baztertzeak esan nahi du mugako polizia erabat barneratu dela, desikustea erabakitzen dugula. Baina, batez ere, maniobra horrek logika bortitz bati erantzuten dio, ur nahasietan bere probetxu ekonomikoa bilatzen duten horien maltzurkeria baino larriagoa, agian. Rage Against The Machine taldearen abesti baten bertsoarekin laburbil daiteke: “Hartzeko beste pilularik ez dagoenez, irentsi gaixotu egiten zaituena”. Gure garaikide askorentzat, krisialditik ateratzeko psikikoki onargarriak diren irtenbide bakarrak hondamendia eragin duen logika berekoak dira. Deprimituta geunden garrantzizko harreman gaiztoengatik? Bada, guztiz bakartuak egon beharko dugu, salbatu nahi badugu. Gure seme-alabek arazoak zituzten pantailekiko mendekotasunarekin? Bada, pantaila baten aurrean denbora guztia pasatzera behartu, eta akabo problema. Gero eta ospitale erraldoiagoak eta oinarrizko zerbitzu ahulagoak genituela? Bada, ospitaleak indartzea da Covid-19ari aurre egiteko bide bakarra. Eta abar».

Susmoa dut sortzen ari den arrakalak ez duela, ohi bezala, soilik jende multzo berri bat demonizatuko eta bazterrean utziko, gehiengoaren mamuak bideratzeko aitzakia ezin hobea eskainiz. Jende multzo horrek –ukatzaileakkonspiranoikoak, txertoen aurkako soziopata kriminalak…– orain arteko sailkatze sozialak, politikoak eta kulturalak are gehiago ahulduko lituzke, eta prezio altu bat ordainarazi gero eta eutsiezinagoa egiten den orekari.

Etxea Sutan

Gipuzkoan gehien irakurtzen den periodikoa dut begi-bistan. Ohi bezala, Realaren azken partidak hartzen du lehentasuna; ondoren, zinemaldiaren hasierak eta lehendakariaren deklarazioek: «Urkulluk Covid-19aren ondoko Euskadiren berpizkundea iragartzen du». Barneko bazter batean, halere, badago beste berri bat: “Planeta tematzen da klima-aldaketari aurre ez egiten” (“El planeta se empeña en tirar la toalla contra el cambio climático”). Nor ote “planeta” delako hori, txoriburu baten moduan tematzen dena? Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren hitzak aipatzen ditu artikuluak: «Gure adituen txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten. Denbora agortzen ari da. Glasgowen (CP 26) egingo den 2021eko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia inflexio-puntua izan dadin, herrialde guztiek konpromisoa hartu behar dute 2050ean, beranduenez, zero emisio garbi lortzeko». Pandemiaren geldialdia antzeman ondoren, kutsadurak eta emisioak berriro jo dute goia, eta 2019ko markak gainditzekotan dira.

Andreas Malm, ikerlari eta ekintzaile suediarra, modu patxadatsu eta sakonean Covid-19a eta hondamendi klimatikoaren harremanak eta aldeak aztertzen dituenetako bat da. Pandemia hondamendiaren testuinguruan ulertu behar da, baina bataren eta bestearen pertzepzioa guztiz dira ezberdinak –eta, esan gabe doa, agintariek bataren eta bestearen aurka hartzen (ez) dituzten neurriak–. Gordinki azaltzen du egoera:

«Apokalipsiko zaldizkoek ez dute bakarrik zamalkatzen, izurriteak ez dira singularrean agertzen. Badirudi gure ur-putzuetan ultzerak, ekaitzak, izurriteak, ibai kiratsuak, arrainak eta igel hilak ditugula zain. Lerro hauek idazten ditudanean, 2020ko udaberrian, koronabirusaren pandemian erregistratutako kasuen kopurua milioiaren kota gainditzear dago, ia berrogeita hamar mila hildako daude eta inork ez daki nola amaituko den istorio hau… Irudimenari firmaturiko txekeetako batzuk kobratzen baditugu, sukarra duen jendea bizi den planeta kartsu bat ikus dezakegu: berotze globalari pandemiak gehituko zaizkio; Bonbayn, adibidez, suburbioak itsasoaren azpian geldituko dira jendea pneumoniaz hiltzen den bitartean. Dharaviko auzo txabolistatik lehen koronabirus-kasuaren berri eman berri dute. Han milioi bat lagun bizi dira pilatuta, osasun-instalaziorik ia batere gabe, eta auzoa urez betetzen duten zikloi-itsaskiak gero eta altuagoak dira. Errefuxiatu-eremu batzuetan, labana gurinean bezala sartzen dira patogenoak pilaturiko gorputzetan. Bero handiegia egingo du, eta kutsatze gehiegi egongo dira kalean azaltzeko ere; soroak eguzkipean zartatuko dira, eta inor ezingo da haietaz arduratu»7.

Eta guri zer?; lekutan dugu Bombay! (Baina, ez al dugu mundu guztia immunizatu behar, gu ere gaitzaz libratzeko?). Malmek, egoeraren irakurketa serio baten ondoren, hondamendi klimatikoari aurre egiteko gerrako ekonomia batez hitz egiten du (“Gerra-komunismoaz”, zehatzago). Zer- nolako neurriak hartu behar diren argi dago. Horiek eragiteko botere antolaturik, aldiz, ez da existitzen.

Maiz gertatzen den bezala, joan den udan gure inguruko unibertsitateetako hainbat irakaslek enegarren proposamena plazaratu zuten “Espainiar estatuko erresilientzia ekosoziala lehenbailehen berreraikitzeko talka-plana” izenpean, dagoeneko ehun bat adituren sinadura lortu duena, non ekonomian, energian, fiskalitatean, finantzetan, habitatean, industrian, lan munduan, mugikortasunean, nekazaritzan, hezkuntzan eta kulturan, demokraziaren garapenean, ekologia eta erresilientzian eta nazioartean ezinbesteko diren neurriak zerrendatzen diren. Guztiak zentzu komunak onartzeko modukoak, modu tekniko-aseptikoan adieraziak. Baina hor proposatzen diren hogeita zortzi neurri zerrendatzen baditugu –nik egin dudana– haietako sei jabetza pribatuko eskubide sakratuaren zuzeneko atentatuak direla ondorioztatuko genuke; hamalau, printzipio ekonomiko liberalen aurkako erasoak; beste hainbeste gure zibilizazioaren funtsezko dogma politikoen aurkakoak… Hots, Andreas Malmek aipatzen duen gerra-komunismo ekonomia batera jotzen dutenak. Alderdi bat osatuko balitz programa hori hitzez hitz onartuko zuena PACMAk (“Partido Animalista Contra el Maltrato Animal”) baino boto gutxiago lortuko luke… Guk normaltasuna nahi dugu; El Diario Vasco, El Correo, Diario de Navarra, Berria, Sud Ouest, El País, Le Monde, Tele5 eta EITB dira gure informazio- iturri nagusiak. Eta, noizean behin, protesta egiten dugu bati edo besteri eskua joan zaiolako kutxan edo idazkariaren gonapean, Zanzibarren edo Ertzaintzaren interbentzioren batean, azken ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan edo gazteen prekarietatearen “arazoan”.

Azken krisi honek izan ditu kaltetu zuzenak. Jende asko izan da kolpatua maila askotan: heriotzak eta arriskuak kolpatuta, baina baita ere inoiz imajina ere ez zituen egoerak bizi izan beharrak: konfinamenduari lotutakoak, lan-baldintzei, harremanei… Zauri eta orbain horiek hor geratuko dira, baina ez gara gutxi uste dugunak honek guztiak izan duen dimentsioak aurrez pentsatu ez genuen egoera batera bultza gaituela, eta horretan finkatzen ari garela. Bozgorailuetatik egunotan ozen ari direnaren aurka (“dagoeneko pasa da, edo ia pasa da; segi betikora”), pandemian bizi izandakoa ez da, zoritxarrez, tokatu zaigun enegarren krisialdi hutsa. Aitzitik, nire eta beste zenbaiten inpresioa da etxea sutan dagoela. Eta hori desikusi gabe, barne-erbeste batera gara bultzatuak, eta min handia ematen digu horrek. Negazionista izanagatik, ez dugu min hori ukatuko.

Egoerak arrazoi askorengatik aztoratu gaitu, baina, partikulartasun guztien gainetik, zera azpimarratuko nuke nik: “osasuna” eta “gaixotasuna” funtsezko kontu politikoak bihurtu direla. Eta ez naiz kudeaketaz ari –pandemiaren kudeaketaz, osasungintzaren kudeaketaz–, baizik eta konturik intimoena –bizitza, heriotza…– premiazko eta lehen mailako arazo politikoa bihurtu dela, eta jokoz kanpo harrapatu gaituela azaleratze horrek. Horregatik dar-dar egiten dute zimenduek gure eraikuntza politiko eta sozialetako eraikinak pitzatu arte. Horregatik ere sentitzen dugu normaltasunera itzultzearen irrika: “osasuna gauza bat da; politika, beste bat” hortzak estututa aldarrikatu beharra (“Hau emergentzia nazionala da, alderdikeriak alde batera uzteko unea” diote eskuin espainol eta frantsesek nahiz ezker abertzaleko eledunek).

Etxea erretzen ari denean lehen aipatu dudan Agamben filosofoaren artikulu baten izena da8. Filosofo eztabaidatua baina errespetatua zen pandemia arte, eta 2020ko otsailean L’invenzione di un’epidemia argitaratu zuenetik –eta dozenaka dira horren ondoren idatzi dituen artikuluak– erabateko lintxamendua jasan behar izan du medio guztietan. Nire ustean, inork gutxik bezala seinalatu du egoeraren larria, eta, horregatik, Etxea erretzen ari denean artikuluko hainbat aipurekin amaituko dut gogoeta hau:

«Zenbat denbora darama etxeak erretzen? Zenbat denbora egon da erretzen? Duela mende bat, 1914 eta 1918 artean, zerbait gertatu zen Europan, osorik eta bizirik zirudien guztia sugarretara eta eromenera bota zuena. Hogeita hamar urte geroago, sua jabetu zen berriz guztiaz, nonahi, eta, harrezkero, erretzen jarraitu du, apalago, itzalita, errautsen azpian ia, baina bizirik. Agian, sutea askoz lehenago hasi zen: gizateriak salbaziorako eta aurrerabiderako zuen bultzada itsuak bat egin zuenean suaren eta makinen boterearekin. Hori guztia ezaguna da, eta ez da errepikatu behar. Aitzitik, galde egin behar da nola bizitzen eta pentsatzen jarraitu ahal izan genuen dena erretzen zen bitartean; zer geratu zen suaren erdian edo ertzetan. Nola arnastu genituen sugarrak, zer galdu genuen, zer hondakini edo zein inposturari heldu gintzaizkion. […]

Orain, sugarra formaz eta izaeraz aldatu da; digital, ikusezin eta hotz bihurtu da, baina horrexegatik dago oraindik hurbilago, gu inguratzen uneoro, gure gainean. […]

Itsukeria are etsigarriagoa da, naufragoek beren hondoratzea gobernatu nahi baitute, eta esaten dute dena teknikoki kontrolpean mantendu daitekeela, ez dagoela jainko edo zeru berri baten beharrik –debekuak, adituak eta medikuak baino ez–. Izua eta doilorkeria.

Zer litzateke otoitz edo sakrifiziorik egiten ez zaion jainkoa? Eta zer litzateke ordena eta inposizioa ezagutzen ez dituen legea? Eta zer da hitz bat ezer ordenatzen edo adierazten ez duena, baizik eta printzipio batean eusten dena edo, agian, printzipioa bera baino lehen dagoen zerbaitetan?

Azkenean, bizirik gabe sentitzen den kultura bat hondamena gobernatzen saiatzen da, salbuespen-egoera iraunkor baten bidez. Jünger-ek mobilizazio orokorrean ikusten zuen gure denboraren funtsezko izaera, eta ikuspegi horretatik aztertu behar da gaurkoa ere. Jendea mobilizatu egin behar da, une oro larrialdi-egoeran sentitu behar dugu, eta egoera hori ahalik eta zehatzen arautu behar dute hura erabakitzeko ahalmena dutenek. Baina iraganean mobilizazioaren helburua jendea hurbiltzea eta pilatzea bazen ere, egun, aldiz, isolatu eta elkarrengandik urrundu nahi gaitu mobilizazio orokorrak. […]

Botereak sortu duen bizitza soilari (“nuda vida”) kosta ahala kosta eusten saiatuta ere, eta botereak ahal dituen gailu guztiekin kontrolatzen saiatu arren –ez bakarrik poliziarekin, baita medikuntzarekin eta teknologiarekin ere–, bizitza, definizioz eutsiezina denez, itzuri egingo zaigu beti. Bizitza soila gobernatzea da gure garaiko eromena. Bere izate biologiko hutsera murriztutako jendea ez baita horrezkero pertsona; jendearen gobernua eta gauzen gobernua bat datoz une horretatik.»

Pentsamendu ilunak, etsigarriak, zalantzarik gabe, baina horrek ez liguke etsipenerako baimenik eman behar. Gu guztiok Europako sugarretan sortuak gara, eta joan den mendeko azken hamarkadek burbuila narkotiko baten baitako lozorroan geundelako inpresioa eman badigute ere, lehertu da burbuila hori, eta, beste sasoi gorrietan bezala, norberak erabaki beharko du non eta nola kokatu.

Horra Agambenek berak irailaren 17ko postean proposatu duena:

«Italia, Mendebaldeko laborategi politikoa den aldetik, non potentzia nagusien estrategiak aldez aurretik muturreko moduan lantzen diren, egoera txarrean dagoen herrialdea da gaur egun, bai politikoki eta baita gizatasunean ere, eta eskrupulurik gabeko tirania hantuts eta irmo bat masa batekin elkartu da. Terrore sasi-erlijioso batek harrapatu du jendea, eta inoiz askatasun indibidual gisa ulertu zen ura ez ezik, giza harremanen epeltasun guztia ere sakrifikatzeko prest agertzen da. Baimen sanitarioarekin −greenpass delakoa− normaltasunera itzultzen ari garela sinestea guztiz inozoa da. Hirugarren txertoa ezartzen ari den bezala, beste txerto batzuk ezarriko dira, eta, agintariei baliagarri bazaie, larrialdi-egoera berriak eta eremu gorri berriak deklaratuko dira. Eta zuhurtziarik gabe obedientziara makurtu direnak horren prezioa ordainduko dute.

Baldintza horietan, berehalako erresistentziarako tresna posible guztiak alde batera utzi gabe, disidenteek pentsatu behar dute beharrezkoa dela beste jendarte moduko bat sortzea jendartearen baitan, etsaigoaren eta distantziaren jendarte barruan lagun- eta auzo-komunitate bat eratzea. Klandestinitate berri horren formak, erakundeetatik ahalik eta autonomoenak izango direnak, esperientziaren arabera noiz edo noiz baloratu eta aldatu egin beharko dira, baina haiek bakarrik bermatu ahal izango dute giza biziraupena, modu kontzientean ala ez, autosuntsiketara bideratu den mundu batean».

Bozgorailuek –dagoeneko, guztion intimitateraino heldu direnetik, ez dituzte plazan instalatu beharrik– alerta nahiz normaltasuna oihukatu arren, beste zerbaiterako unea iritsi da. Krisi pandemikoak, krisi ekologikoak, krisi ekonomikoak eta sozialak areagotu baino ez dira egingo; areago, azeleratu egingo dira, pasa diren hilabeteotan gertatu moduan. Eta horrek arrakala berriak sortuko ditu, eta areagotuko.

Ez da lokartzeko ordua, ezta desesperatzekoa ere.

Artikuluaren oin-oharrak:

1 Hitzok idazten ari nintzela jaso nuen Espainian lehen aldiz medio batek antolatua zuela eztabaida bat non parte hartuko zuten alde bateko (Madrilgo medikuen kolegioko zuzendariak, 2020ra arte osasun ministroa izandakoak eta EHUko errektore ohi ezagunak) zein besteko adituak (bere iritzi publikoarengatik espedientatuak dauden pare bat mediku eta beste). “Posible ote da?”, galdetu nion neure buruari. Ez, ez zen posible izan. Hasteko, EHUko errektore ohia ez zen agertu, eta, lehenengo gai arantzatsua agertu orduko, ildo ofizialeko ordezkariak aulkitik altxa, eta alde egin zuten suminduta: «Ez gara gu izango txertaketaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duten negazionista sasizientifikoen konplize!». Jarraitu zuten besteek, eta eztabaida jasotzen zuen bideoak ez zuen 24 ordu iraun Youtuben (100.000tik gora aldiz ikuskatua izan ondoren). Aurrerago lotuko natzaio “Komunikazio” arazoari.

2 Azpimarratzekoa da, ildo horretan, Paz Francések, José R. Loayssak eta Ariel Petruccellik beste hainbat kolaboratzailerekin argitaraturiko Covid-19. La respuesta autoritaria y la estrategia del miedo. Argigarria ere liburu horrek izan duen jazarpena eta zentsura. Baina, beste askok bezala, aurrera jarraitzen dute bidean; Covid-19: una vacunación controvertida artikuluarekin, esaterako −Hordago-El Salto aldizkariaren webgunean argitaratu zen, baina hurrengo egunean erretiratu.

3 Londresko Imperial Collegek aurkeztutako eredu matematikoaz ari naiz (ikus Francés eta abarren aipaturiko liburuan 199. orrialdetik aurrera).

4 Aski da irakurtzea irailaren 7an Maestrok argitaratu zuen artikulua xehetasunak ulertu ahal izateko: Políticas de exacerbación del miedo y censura en la gestión del Covid (“Covidaren kudeaketan beldurra eta zentsura areagotzeko politikak”). Bertan, zehazki esplikatzen da bai zentsuraren gaia –isilarazitako lehen mailako zientzialarien zerrenda laburra ere eskaintzen da–, bai eta sarean instalatu den sistema ere: «Estrategia orokor bat jarri da abian, BBCren gidaritzapean Trusted News Initiativen (TNI) zentralizatua. TNI 2019an sortu zen, baina bultzada handia hartu zuen OMEk Covid pandemia-egoera deklaratu eta bi astera. Helburua: “txertoen gaineko desinformazio kaltegarriari aurre egitea”, “ikerketa-proiektu garrantzitsu bat” iragartzearekin batera. TNIko kideek berehala ohartarazten dute eduki desegokia non dagoen, eta eduki hori “azkar berrikusiko da, desinformazioa berriro ez argitaratzeko”. Sinpleki esanda, ezabatu egingo da. Enpresa horiek dira herrialde bakoitzean bazkide egokienak bilatzen dituztenak. Espainiako estatuan, Newtral Facebook-Whatsapp sareko morroi da, eta Maldita, berriz, Google-Youtuberena».

5 2021eko uztailaren 7ko Disvisioni. Servitù volontaria e cecità selettiva ai tempi del Covid-19az (“Desikustea. Borondatezko morrontza eta itsutasun selektiboa Covid-19 garaian”).

6 Pandemia-sasoian inposatu diren neurri eta uste irrazional asko ikuspuntu horretatik begiratu behar direla uste dut. Aire zabalean musukoa erabiltzera behartzea, esaterako, edo, are larriagoa dena, haurrak “bonba biralak” kontsideratzea, haiek ezer pairatu ez eta mundu guztia kutsatzeko gai. Orain, haiek ere lehenbailehen txertatu behar direla azpimarratzen da, berezko duten sistema immuneak babesten baditu ere. Badirudi txertoa hartzea katolikoen artean bataioa hartzeak izan zuen funtzioa betetzen ari dela, funtzio sakramental bat; hau da, salbaziorako bide ezinbesteko gisa (nire amak ezin zituen bere haurrak ferekatu bataiatuak izan bitartean…). Horregatik bihurtu da zigortu beharreko delitua txertoa zalantzan jartzea, erlijio bakarreko sakramentu bilakatu delako. Gai honi buruz, ikus La medicina come religione (gaztelaniaz ere, edo frantsesez).

7 2020ko Corona, Climate, Chronic Emergency: War Communism in the Twenty-First Century (gaztelaniaz, El murciélago y el capital; frantsesez, La chauve-souris et le capital : Stratégie pour l’urgence chronique).

8 Quando la casa brucia jatorrizkoa (gaztelaniaz ere argitaratua ). Gerora liburuxka bati izena emateko erabili da, eta Quand la maison brûle izenarekin frantsesez ere argitaratua izan da.




TAIJI TXUAN PANDEMIA HONETAN

2019-20 ikasturtea dakigun bezala amaitu da Tai Chi Chuan Eskolan: martxoko klaseen etenaldiaz, konfinamendua dela medio; maiatzeko itzuleraz, parkean eta kontakturik gabe; eta  ikasturte amaierako topaketarekin, udako solstizioan.

Topaketa berezia izan da azken hori, gutako askoren arteko lehen kontaktua hiru hilabete oso berezien ostean; bizi izandakoaren zama bizkarrean. Ederra eta osasuntsua ere izan dela deritzot, eta ondoren laburbildu nahi dudana da topaketa horren azken egunean azaldu nuena, joan ezin izan zutenak ere gogoan, baita datorren ikasturtearen inguruko baldintzen galderak argitze aldera ere.

Azken hilabete hauetako nire hausnarrean Tai Chi Chuan Eskolaren proiektua ere ibili da. Nolabaiteko “balantze orokor” bat egiteko ere baliatu dut, gai horretan nahiz beste zenbaitetan: “zerbait betiko aldatu baldin bada” guztiontzat, nola eragingo dio aldaketa horrek hiru hamarkada baino gehiagotan garatu den egitasmo eta jardun horri? Krisi globalaren baitatik kontu hau hutsal samarra egiten bazaigu ere, ez da horrela niretzat, ezta zuetako batzuentzat ere, eta erantzun beharreko galdera aurrean dugu: ezarritako arauak onartuz, ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko beharko genuke edo, haiek zalantzan jarriz, beste alternatibaren bat planteatu? Beste leku batzuetan azaltzen saiatu naizenaren harira, krisi honek ez du, nire irudiko, orain arteko zenbaiten jite iragankorra[1]. Nire ustea da krisi hau muga bat ezartzeko etorri dela, garai-aldaketaz hitz egiteko adina mugarri ekarriko duena. Erabili den “apokalipsi” hitza ez zait desegokia iruditzen sasoia irudikatzeko[2].

“Apokalipsia” denboren bat-bateko amaiera gisa ulertzen da, baina, etimologiari begiratuz, “errebelazioa” ere esan nahi du: ezkutuan edo maskaratuta dagoena; azpian gordetako benetako izaera agerian geratzen da, beraz, sasoi apokaliptikoetan. Zerbait esan al diezaioke horrek Taiji eskolaren egitasmoari?

BELAUNALDI-GERTAKARI BATEN ARRAKASTA ETA PORROTA

Lanbide honetan hiru hamarkada baino gehiago pasa ondoren, ebidentzia batekin egiten dut topo: nire ikasleak nirekin batera zahartuz joan dira. Pertsonak aldatu dira klaseetan nahiz ikastaroetan, baina batez besteko adina –bost-hamar urte gora edo behera– nirearen hurbilekoa izan da beti. Beste jarduera paraleloetan ez bezala (yoga, dantza, borroka-arteak, etab.) apenas ibili da gurean ondorengo belaunaldietako jende gazteagorik. Ez da benetako “belaunaldi-aldaketa” gertatu. Horrek agerian uzten du egitasmo honek “belaunaldi-gertakariaren” marka duela.

Gure belaunaldia Europako azken gerrak eta gerraondokoak bizi izan zituztenen ondorengoena da. Gure gurasoak, burumakur eta hortzak estutuz, gehienetan, biziraupenari eta lanari eman zioten indarrik onenak: familia sostengatu eta ondorengoentzat –guretzat, alegia– etorkizun oparoago bat saiatu. “Aurrerapen-sasoi” luzea bizitzea tokatu zitzaigun, eta are gehiago gure seme-alabei. Gutako zenbait, “trantsizioa” deituriko aldaketa-urteetan (joan den mendeko 70ak eta 80ak), konpromiso handiko borroketan ibilitakoak ere bagara. Nola-hala, ondoren zabaldu ziren aukera berriak aprobetxatzeko parada izan zutenen artean gaude: unibertsitate-ikasketak eta -lanak, funtzionario plaza ugari, zerbitzu publiko txukun samarrak, bidaiak… Jende haren artean zenbaitzuok, ordura arte pentsaezinak ziren esperientzietan murgiltzeko aukera ere izan genuen, baina, zerbaitek elkartu bagintuen, nolabaiteko kontzientzia lauso ala zehatz bat izan zen, sentsibilitate bat: jakin genuen zaintzen ikasi beharrean geundela; zauri sakonak antzematen genituen jasotako ondarearen muinean, eta haiek osatzen ere ahalegin beharra genuen, heldutasunera arribatzen ari zen bizimodu hura gure aurrekoena bezain zamatua gerta ez zedin. Gure gurasoena ez bezala, “belaunaldi terapeutizatu” bat izan zen geurea; bizitzari baldintzak jartzen ikasi zuen belaunaldia: “ez edozein preziotan” aldarrikatu genuen atzera bueltarik gabeko erabakiak hartu behar genituenean lanean, familian, harremanetan…

Oparotasuna eta terapia, bada, eta, horrekin batera, merkatu zabal baten hedapena: gainontzeko eskaintzen artean, nork bere burua zaintzeko eta zaindua izateko moduen zerrenda amaigabea. Azken hamarkadetan etengabe hazi eta eboluzionatu duen zerbitzu terapeutikoen eta esperientzien eskaintza eta eskaera horren baitako fenomenoa bilakatu zen taijia ere. Ekialdeko praktikak, ia beti, Mendebaldeko iragazkia pasa ondoren iritsi zitzaigun olatu horren parte izan ziren: Ipar Amerikako moda eta korronteen azken helmuga ginen arlo horretan, beraz. “Iratzartze-prozesuan” zeuden maisu-maistren eta jarraitzaileen istorioek liluratuta ere, merkataritza-eredu bat gailendu zen. Adibide sinple bat erabiltzearren: gure aitona-amonek, baserritarrak ez zirenean eta esnea behar zutenean, abeltzain ezagunen batengana jotzen zuten. Gerorago etorri ziren janari-dendetako “eguneko esnea” eta “iraupen luzekoa”. Egun, oharkabean ia, edozein supermerkatutako atal oso bat betetzen du likido txuri horrek: osoak, gaingabetu ezberdinak, era guztietako produktuekin aberastuak, barazkietatik sortutako sasi-esneak… Dietetikan eta marketinean aditu bilakatu beharko genuke komeni zaigunarekin asmatzeko.

Taiji-proposamenen artean, gure eskola “une egokian” sortu zen, eta arrakasta handia izan zuen: une gorenean, itxaron-zerrendak behar izan ziren, eta beste lokal batzuetara ere jo genuen. Dozenaka ikasle gogotsuk irakasle izateko irrika erakutsi zuten. Lau prestakuntza-promozio antolatu nituen irakasle izan nahi zutenentzat, eta, horietan ere, itxaron-zerrendak behar izan ziren. Estatu-mailako zenbait eskolaren arteko federazio bat sortzeko ahalegina piztu zen… Arrakasta handia; sekulako porrota.

Porrot horren gakoetako bat, agian, arrakasta komertzialarekiko inoiz galdu ez nuen mesfidantza izan zen, eta, era berean, “itzulpenaren” auziari eman nion garrantzia: “Zeren bila gabiltza eta zer aurkitzen dugu taiji, qi gong eta abarretan?”. “Zer nolako ahal eta muga dute proposamenok?”. “Zein bakarkako eta taldeko dinamika mota sustatu beharko lirateke –eta zein eragotzi– galdera horien argitze aldera?”

Niretzat saihestezina zenak nire lankide profesional edo profesionalizatu nahi zutenen artean ia erabateko kontrako jarrerarekin egin zuen topo: hausturara eramaten zuen talka horrek kasu gehienetan, sakoneko eztabaidak modu zabarrean galaraziz. Eskolan, beti kolaboratu dut aurretik ikasle izandako beste zenbait irakaslerekin. Oinarri batzuk ezartzea helburu zuen irakasle-formakuntzaren ondoren (“Dibulgaziorako instruktorea” zen ematen nuen titulua), ezinezko bilakatu zen talde-lan bat aurrera ateratzea. Beste eskola batzuetako arduradunekin federazio moduko bat sortzen saiatu ginenean, huts egin zuten oinarri komun batzuk formulatzeko saiakerek: “Zer da taijiaz hitzez esan beharrekoa? Planteamendua bera zentzugabea da!” bezalako harridurarekin egin nuen topo.

Beti pentsatu izan dut arlo horretan lan serioa egiten ez bazen, beste moden antzera pasako zela taijiaren baga, oportunisten eta merkatarien eskuetan. Bestalde, nire planteamenduen aurka egiten zutenak legitimatuta sentitu izan dira “txinatar maisuen” adibidearen bitartez: maisu horiek, gehienek, arduratuago ziruditen beren negozioetan, irakaspenaren inguruko transmisioan eta antzeko kontuetan baino[3].

Horrek guztiak ez du eragotzi, halere, joan den mendeko 80ko azken urteetan Tewrengandik jasotako praktika baterako izpiritua eta oinarriak garatu eta ñabartu egin ahal izatea[4].

“LABORATEGI BATEN PREMIAZ”

Izenburu horrekin laburtu nuen nire egitasmoa duela zazpi urteko testu batean[5]. Ordurako, proiektua heldutasunera iritsia zen, eta modu nahiko argian formulatu zitekeen. Lau printzipiotan laburbil dezakegu:

  1. Taiji txuan ariketa fisikoa da, lehenik eta behin, gorputzetik garatzen den jardun gisa ulertu behar dugu.
  2. Erabiltzen dugun “gorputz-hizkuntza” borrokarako garatu dena bera da –betiere, esku-hutsez egindakoa, aparteko armarik edo tresnarik gabekoa–. Teknika horien sofistikazioa eta garapena oso handia izan da Txinan eta, familia barruko sekretupean gordea izan badira ere, etengabeak izan dira estiloen arteko gurutzaketak eta eraginak. Funtsean, eta gure mailara ekarriz, giza-emakume gorputzak berezko dituen keinu, erantzun edo eta mugimendu oldarkorren adierazpenen kudeaketa lantzeko aukera zabaltzen zaigu hor, suntsipen eta botere-dinamika primarioengandik ahalik eta urrunduz.
  3. Kontaktu martziala, beraz, praktikaren muinean kokatzen dugu: ez gara irudimenezko harreman erritualizatu batzuetara mugatzen, jatorri martzialeko hainbat diziplinatan gertatzen den bezala –eta taiji praktikante gehienek horren adibide behinena osatzen dutela badakigu.
  4. Erakusten edo azpimarratzen diren ikusmoldeen artean –osasunezkoak, martzialak…– gurea “ikuspegi meditatibo” gisa definitzen dugu.

Puntu horiek 2008ko Levantar la mirada liburuan garatuak izan baziren ere, laburki gogoratuko ditut ondoren: “Gorputzetik jarduteak” gure fisikotasunean “haragitzea” esan nahi du. Hori dugu oinarri, abiapuntu. Ariketaren lehen zeregina pertsona egiten gaituen “desharagitze” joera hori konpentsatzea litzateke; berezko dugun sentimenduekiko eta adimenarekiko hipertrofian oreka bat “errekuperatzea”, alegia[6]. Horrek ez du esan nahi “gorputzean datzala gure esentzia” edo “pentsatzeak galbidera garamatzala” bezalako ideiekin bat egiten dugunik. Aitzitik, beti arazotsua den oreka landu nahiko genuke, joera “goren” eta “behekoen” presiopean bizi garenez, bulkada horien arteko ezin eramanen nahasmenduan.

Ahalmen “oldarkorrari” dagokionez (2. eta 3. puntuak), hori da gorputzetik abiatzen diren eta aurrekoa onar lezaketenekiko gure praktikaren berezitasuna. “Agresioa” –erasoa– agredire latinerakotik dator, eta “harremanetan jartzea” esan nahi du. Hala, gure praktikaren muinak gorputz batek beste batzuekin bizi beharraren izaera oldarkorra hartzen du aintzat: bizi-espazioa eta haren inbasioa lantzen ditu, bai eta dimentsio horrek ariketa-kideekin eta kideekiko eragiten dituen gorabeherak ere. Ez zaigu interesatzen kontakturik gabeko “soinketa”, oso interesgarria edo oso sofistikatua izan baldin badaiteke ere; ez zaigu interesatzen, esaterako, taijian jarduten duten gehienek egiten dutena, Txina maoistan “masa-gimnasia” bihurtu eta gero Mendebaldera esportatzen hasi zenetik gehien zabaldu dena. Ukipen fisikoaren dimentsiorik gabe, urtu egiten da taijia, eta bere sustraia eta oinarria galtzeaz gain, apenas du ezer eskaintzerik, estetika exotiko batez gain.

Azkenik, ikuspegi meditatiboak mugatzen eta kokatzen ditu argien gainerakoak. Horrek esan nahi du behin eta berriz abiaburura itzultzen garela: hurkoarekin konpartitzen dugun gorputza gure giza dimentsioekin duen elkarreraginera. Era berean, ikuspuntu honetatik, taijia nahiz beste edozein diziplina ez da, berez, ondaretzat hartu beharrekoa. Are gutxiago, panazeatzat, gure izatezko moldatze ezintasuna “gainditzeko” bidezidorra. Hainbeste adituren jarrera exhibizionistaren aurrean, uste dugu birtuosismoa oztopo bat dela, gehienetan, eta “osasun perfektua”, “betiereko gaztetasuna” edo hilezkortasunaren irrikak indargabetu beharreko eldarnioak direla. “Osasunerako onurak” eta “borroka-alderdiak” bereizteak, bai eta “energia- edo meditazio-praktikak” zatikatzea ere ez du inongo zentzurik gure ikusmoldean. Banaketa horiek guztiak arrazoi komertzialek edo alferkeriak bultzatuak heldu dira guregana, eta arlo hauetan nagusi den nahasmenduaren adierazgarri dira. Taijian, hain zuzen ere, oldarkortasunaren kudeaketak garatzen ditu “alderdi terapeutikoak”, eta hausnarketarako edo meditaziorako ahala hortik abiatzen da.

POLARITATETIK KONTRAKORA

Taiji da polaritatearen printzipio unibertsalak Txinan hartzen duen izena,  sinbolo ezagunean adierazia, eta hango arte tradizional guztietan agertu eta landutako printzipioa da. Printzipio horren arabera, yang oro beste zerbaiten yin-a da, eta alderantziz. Pentsamendu analogikoaren printzipioa laburbiltzen da hor, gure ohiko buru-eragiketa gehienen funtzionamenduan nagusi dena; izan ere, metaforen eta metonimien bitartez ulertzen baitugu mundua, modu arruntean. Baina horrek ez du esan nahi eragiketa horrek egoera edo arazo guztietako balio duenik eta, are gutxiago, irizpide moral bihur daitekeenik. Bizitza arrunterako baliagarria denak ez baitu balioko kategorien bereizketan zorrotza izan behar duen azterketa zientifiko edo filosofikorako: kausa eta ondorio posibleen antolamenduan; unibertsoaren izaera, ordena edo kaosa arautzen duten legeen dedukzioan edo bilaketan.

Etikari edo moraltasunari dagokionez, printzipio hori jokabidearen gidari izateak muturreko erlatibismo interesatuenera eraman gaitzake, dena eta edozein portaera justifikatzeko gai. Taijia “kontsumo-produktu” gisa hartuta, normala da “niri balio dit” esplikazioarekin konformatzea. Arazoak ondorengo galderarekin etor litezke: “zertarako balio didan” pentsatzen jartzen garenean. Horregatik saihesten da bigarren galdera inpertinente hori.

Komunikabideetan oso maiz agertzen diren taijiari, qigongari edo meditazioari buruzko publizitate-artikulu edo -erreportajeekin topo egiten dudanean, haiek goraipatzen ari diren “kontrakoa” bilatzen dudala etortzen zait gogora[7]. Baina “kontrakoak” prentsa txarra du kontu hauekiko sentiberen artean; adin batetik aurrerakoei gehiegi gogorarazten dizkigu mugekiko alergikoak bihurtu gintuzten agindu autoritarioak, inposaketa errepresiboak, “moralitate judu-kristaua”… Nerabezaro eternal batean bizi nahiko genuke.

Zer esan  nahi dut “kontrakoarekin”, orduan? Kontrakoak al dira eguna eta gaua, tentsioa eta erlaxazioa, maskulinoa eta femeninoa? Inondik ere ez, horiek batasun bateko polaritateak dira, ulertezinak bata bestearen faltan. Kontrakoak esan nahi duena da bi aukeren artean bat baztertu egin behar dugula, bateraezina delako ustez egokia denarekin.

Taijia lanabes gisa hartu beharrean, “berezko ondasun” moduan tratatzea –denontzako eta edozein eratara balioko duena– arestian aipaturiko ikuspuntuaren kontrakoa da, bateraezina proposatzen dudan ikuspegi meditatiboarekin. Eta gauza bera esango nuke meditazioa “gogo-baretasuna” lortzeko bitartekoa dela aldarrikatzen duten aurrean. Iragarkiez gain, ez da hori “beste zerbaiterako” lanabes gisa proposatu eta serioski landu dutenen aburua.

“Denak balio du” printzipioak eta laborategi bateko baldintzak kontrajarritako bi muturren adierazle dira. Hain zuzen ere, aldagai multzo jakin bat isolatzen du laborategi batek, haiekin esparru mugatu batean esperimentatzeko eta ondorioren bat ondorioztatzen saiatzeko. Ez du merezi azpimarratzea gaur egun taiji, qigong edo meditazio eskaintza gehienak lehenago esplikatu ditudan printzipioen kontrako norabidean sustatzen direla.

PRAKTIKAREN POLITIZAZIOA PANDEMIA-EGOERAN

Puntu honetara iritsita, politika –denen ahotan eta guztiz susmopean erabilitako hitza– berreskuratu beharreko ideia iruditzen zait. Baina ez naiz termino horren ohiko erabileraz ari, haien profesionalek erabat higatu duten horren gainean (“politikari” horiek botere-eremu jakin bateko kontu- eta sinbolo-administratzaile edo funtzionario baino ez dira izaten; politikaren eszenatokietan aurpegia jartzeko prest, haien nagusien morroi-neskame ongi ordainduak). Jendartean bizitzeak dakarren berezko politizazio-prozesuaz ari naiz. Beste batzuei zuzendutako edozein proposamen, dela merkataritzakoa, terapeutikoa, hezkuntzakoa edo edozein motatakoa, “apolitiko” bezala agertzen saiatzen denean, bere adierazpen politikoa egiten ari da: statu quo delakoarekin bat eginez, edo botere-sare propioaren mesedetan.

Gutxiengo pribilegiatuaren parte garela onartuta, ezarritako ordena erabat bidegabetzat eta doako sufrimendu- eta heriotza-eragiletzat eta, neurri handi batean, saihesgarritzat jotzen badugu, geure buruari jarri beharko geniokeen lehen baldintza biktimismoaren tentazioari uko egitea izango litzateke. Hori da pandemia honen konspiraziozko interpretazioak baztertzeko dugun arrazoi nagusia. Eta gauza bera esan genezake gainontzeko zoritxarren aurrean hartzen ditugun jarrerei buruz. Kontua ez da, maila horretan, egitatearen “objektibotasuna”; “izuaren birusa” bultzatzen  ezkutuko interesak daudela konstatatzea, gerra horretatik edo beste hainbatetatik indartuta ateratzeko, eta abar. Informazioak eta iritziak alderatzen saiatu arren, eta gure obedientzia edo matxinada-dosi partikularra erabakiz, lehenik eta behin, izaki zikiratu eta indargabe bihurtzen gaituen biktimaren leku horri egiten diogu uko. Giza-emakume duintasunaren izenean, alegia, pertsona ororen nukleo erreduktezina aldarrikatuz, historian zehar eta egoera makurrenetan ere hainbat jendek eutsi izan dutena gogoan.

Politizazioaz ari naizenean, oraintxe bertan jotzen ari garen muga baten kontzientzia aktiboaz ari naiz[8]. Ez naiz ari jarrera ideologikoez, existentzialez baizik: batek ez du aukeratzen bere familia, klasea, non edo zein herri ala hizkuntzatan jaiotzen den… baina bizitzak behin eta berriz hautatzera bultzatzen gaitu. Politizazio horretaz ari naiz. Eta egia bada gaur egun egoera apokaliptikoa bizi dugula, politizazio hori saihestezina bihurtzen da. Nola ulertzen dut hori gure esparru murritzean?

Muga batekin talka egiten ari garela esan dut. Gure proposamena eremu babestu bat sortzea da, espazioarekin eta haren energiarekin esperimentatzeko, esperimentazio horretan ingurune fisiko jakin batean parte hartzea onartzen duten adiskideen gorputzekin eta egoera zehatzekin jokatzen da. Covid-19aren pandemiaren kudeaketak eragindako arazo kezkagarrienetako bat gorputzen arteko distantziari eta kontaktu fisikoari dago lotuta. “Normala” zena erabat gatazkatsu edo arbuiagarri bihurtu da; orain artean barneratutako kodeak erraietatik jartzen dira zalantzan… Eta ezarritako arau berria bidezkotzat edo onargarritzat jotzen ez duen edonor Gaitzaren konplizetzat hartua izango da; besteen axolagabe, gaixotasunak edo besteren heriotzak eragingo duen gaitzaren hedatzearen arduradun. Normaltasun-arau berriak maskararainoko distantzia fisikoa ezartzen du, eta edozein kontaktu fisiko debekatzen du. Ez da bateragarria aipatzen ari naizen proiektuarekin[9].

Adibide bat jarriko dut, funts eskasekoa agian: emakume afganistandar batek burka kentzea erabakiko balu, egunotan edo nire ama, gazte garaian, bainujantzi bat lortu eta harekin jantzita itsasoan bainu bat hartzera ausartuko balitz, arrisku handiko keinu politikoa egingo luke. Orain eta hemen, berriz, “distantzia sozialari” buruzko arauari kasurik ez egitea arriskutsua da, eta izango da, eta inork ez luke arrisku hori arinkeriaz hartu behar, haren ondorioen jakitun izan gabe. Egitekotan, berea keinu guztiz politikoa dela jakin behar du.

Entzuna dut egunotan jendea bere jiu-jitsu, kenpo, wing tsun edo aikido eskoletara itzultzen ari dela leku askotan, bakarka eta kontaktu fisikorik gabe. Urik gabe igeri egitea bezalakoa da, zaldikorik gabe zaldiketan aritzea, ordenagailuko pantaila batekin maitasuna egitea… Ez gara ari aro digitalaren garaipenaren erabatekoaz, non alegiazkoak haragizkoa den oro ordezkatuko duen, azken horren morrontza guztiak behingoz gaindituz? Arrisku guztien amaieraz ari zaigu sirena-kantu hori, hilezkorra bihurtzeko eldarnioak jota ari den subjektu batez.

Arau honekiko erabateko objekzioa da nirea, eta ekar dezakeen ondorioekin onartuko dut.

[1] ARGIA astekarian argitaratu dizkidate gehienak.

[2] Luca Paltrinieriri irakurri nion lehenik, italieratik gaztelaniara itzuli genuen joan den martxoan argitaraturiko artikulu interesgarrienetako batean. Horren osagarri gisa azaldu zen gero “Urruntze Sozialari” buruzkoa.

[3] Hitz gutxitan ari naiz laburbiltzen prozesu konplexuak, elkarbanaturiko gogoeta eta eskarmentu askoren ondoren argituz joan direnak. 2018ko Maisu batek ez du biografiarik (eta Taichi en el parque temático. Tras una conversación imposible con Yuan Limin) artikuluek ilustratzen dute bilakaera honen azken adibidea.

[4] 1988ko Tew Bunnag-en The art of T’ai Chi Ch’uan, Meditation in Movement, liburuan laburbiltzen dira oinarriok.

[5] Laborategi baten premiaz.

[6] Konfinamendurako prestatu nituen tutorialetako aurkezpenezko “irizpideak” esplikatzerakoan, horri buruz ari naiz.

[7] Neurociencia para el bienestar (en casa) konfinamenduan aurkitu dudan azkena. Inoiz komentatu izan ditut kontu hauek.

[8] Hasieran aipaturiko Paltrinieriren Distanciamiento social artikulua gai honen inguruan dihardu.

[9] La mascarilla, nuestra nueva frontera.




Pandemian gogoeta 7. TXINA EREDUGARRI?

[Artikulu hau ARGIA aldizkarian argitaratu zen 2020ko ekainaren 14ean: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2690/txina-eredugarri]
Pekin edo Shangai baino, Wuhan bihurtu da, 2020a hasi zenetik, Txinako hiriburua. Handik heldu zaizkigu notiziak eta irudiak, baita mundua geldiarazi duen izua ere. Koronabirusari aurre egiteko eredu gisa ere agertu da munduaren aurrean. Erreportajearen egilea taichi irakaslea da eta, bere lanbidea medio, azken 40 urteetan harreman estua izan du Txinarekin eta ekialde urruneko beste hainbat herrialderekin.

Wuhan-en zuzenean agindu dute Pekinetik, baina gainerako lurraldeetan ez.

Wuhan-en zuzenean agindu dute Pekinetik, baina gainerako lurraldeetan ez

Txinak muturreko egitura demografikoa du. 1925ean Hu Huanyong geografoak lerro zuzen bat marraztu zuen ipar-ekialdeko Heihe eta hego-mendebaldeko Tengchong hirien artean (“Heihe-Tengchong lerroa”). Lerro horren mendebaldeak Txinako azaleraren %57a hartzen du eta, bertan, biztanleriaren %6a bizi zen 2002an. Ekialdeko %43an, %94a bizi da. Bertako hiririk jendetsuenean, Shangain, AEBetako zortzi hiri handienetan batera beste jende bizi da: 23 milioitik gora pertsona –baina guk, AEBetako hiriak irudikatzen ditugu beti “mundu modernoaren” erraldoiak bezala–.

Wuhan, Txinako hiri “ertain” bat da: 12 bat milioi biztanle eta Hubei ‘probintziako’ hiriburua. Hubei osoak, 60 milioi biztanle ditu. Eta kasu honetan interesatzen zaizkigun ezaugarrietara joz, esan behar Wuhan dela Txinan “Lau Labeak” bezala ezagutzen denetako bat. “Labeak”, haien uda sargori eta hezeengatik baina, lauretatik, Wuhan gainera, labez zipriztindua dago, literalki: hirigunea altzairuaren eta hormigoiaren fabrikazioaren nukleo bat da, baita Txinako eraikuntzarekin zerikusia duten beste industria batzuena ere. Txinako eraikuntzaren hiriburua kontsideratzen da. Bertan 2018-2019 bitartean zeuden eraikuntza lanen azalera Hong Kong irla osoa bezain zabala zen (80’5 km2, Bilboren bikoitza).

Mirari ekonomikoaren pagaburuak
Baina datuok ez dute erakusten zer nolako bizimodua garatu den ingurune haietan. Bertan bizi den jendea, esaterako, bikoiztu egin da azken hogeita hamar urteetan. Jia Zhangke zinemagilearen lanak ikusi dituenak ondo irudika lezake bilakaera hori (ikus 2006ko Sanxia Haoren / Still Life). Jia, Shanxin jaioa da, Hubairekin muga egiten duen lurraldean, baina biek dute elkarrekin Yangtse ibaia (Txinako zibilizazioan, ibai Horiarekin batera, Egiptokoan Nilok izan duen lekua duena).

Trumilka hirietara doazenak “paperik gabeko” bihurtzen dira, hukou izeneko legeagatik. Horren arabera, bakoitzari dagokion lekuan –jaioterrian edo baimendutako desplazamenduetan– ematen zaizkio zerbitzu sozialak: eskola, mediku zerbitzua, etab. “Lekuz kanpo”, eskubide horiek desagertu egiten dira. Eta milioika dira, gero eta gehiago, baldintza hauetan bizi direnak. Bestalde, maoismoaren garaian indarrean jarri zen danwei sistemari esker, langile bakoitzak eskubidea zuen bere lantokian oinarrizko zaintza medikua jasotzeko. Sistema hori desegin da 90eko hamarkadan abiatutako estatuak kontrolatzen duen sistema gero eta pribatizatu baten pean.

Oraingo sisteman, enpresen eta langileen ekarpenen konbinazioak laguntza medikoa, pentsioak eta etxebizitza-asegurua ordaintzen ditu. Hala ere, gizarte-segurantzako sistema horrek hornidura falta sistematikoa izan du; izan ere, enpresei ustez eskatzen zaizkien ekarpenak askotan ez dira kontuan hartzen, eta, beraz, langile gehienek poltsikotik ordaindu behar dute zerbitzua. Eskura dauden azken kalkuluen arabera, langile migratzaileen %22ak baino ez duten oinarrizko aseguru medikoa. Dongguan bezalako industria-zentro batean [Canton eta Shenzhen-ekin batera, 25 milioi biztanle batzen dituena, Hong Kong ondokoa] gizarte-segurantza ordaintzeak erdira jaitsiko lituzke industria-irabaziak, eta enpresa asko porrotera eramango lituzke.

23 milioi biztanle dituen Shangai hiria.

 

Epidemiaren kudeaketa
Osasungintzan eta hezkuntzan egiten den gastu publikoa oso txikia da oraindik Txinan. Azken hamarkadetan dirutza bideratu da azpiegitura erraldoietara eta energia iturri merkeak lortzeko lehiara. Txinako industriak kalitate handiko eta esportaziorako balio handiko ondasunak ekoiztea lortu du, munduko merkatuko estandar zorrotzenen arabera fabrikatuak, hala nola telefono mugikor adimendunak eta ordenagailu-txipak. Baina barne-merkatuaren kontsumorako egiten diren produktuak maila kaskarrekoak dira, eta ohikoak dira horrek eragindako eskandaluak eta jendearen mesfidantza handia.

1950-1980 bitartean jendearen osasun mailak nabarmen gora egin zuen –batez besteko bizi iraupena 45 urtetik 68ra igo zen–, maila oso apaleko ekonomia batean. 1980tik aurrerako “eztanda ekonomikoarekin” batera, aurreko ereduaren abandonuak eta pribatizazioek nabarmen hondatu dute osasun maila. Batera gertatu dira urbanizazio prozesu azkarra, elikagaietako produktu industrial desarautuen ekoizpena eta botikei eta segurtasunari buruzko erregelamendu kaotikoa. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, egun Txinak osasunean egiten duen gastu publikoa, Brasilek, Bielorrusiak eta Bulgariak gastatzen dutenaren erdia da, gutxi gorabehera. Bitartean, bat edo bi gaixotasun kutsakor berri sortzen dira Txinan urtero, eta horiek epidemia bihurtzeko baldintzak ezin hobeak dira lurraldean.

Kudeaketa eredugarria? Mitoak ez du etenik
Gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira gure artean Txinako Gobernuaren ardura salatuz pandemiaren hedapenean: kasuak antzeman omen ziren 2019ko urrian Wuhanen ospatu ziren Munduko Joko Militarren ostean. Bertan, 100 herrialdetako 10.000 atleta baino gehiago elkartu ziren. Txinak abenduan jakinarazi zion OMEri birusa Wuhanen detektatu zuela, eta Kanpo Arazoetarako  Ministerioaren bozeramaileak sare sozialetan aditzera eman zuen AEBetako kirolarien ordezkaritzak sartu zuela birusa. Dakiguna da, OMEk abenduaren 31n pandemia deklaratu arte, Wuhango hegazkinek jarraitu zutela mundu osorako haien hegaldiekin.

Txinako Gobernuak aspaldian darama jokamolde bera “probintzietako” eta enpresetako arduradunekiko: oso larritzat hartzen da krisi zantzuak edo arazoak adieraztea, horrek eduki litzakeen ondorio kaltegarriengatik. Bakoitzak konpondu behar ditu ahal dituen moduan. Wuhango medikuak hasi zirenean esaten arazo larri bat detektatzen ari zirela, lehen erantzuna haiek kartzelaratzea izan zen. Ondoren, muturreko erantzun bat egon zen gobernu zentraletik –hiri erraldoiak hutsik, konfinamendu zorrotza zenbait lekutan–, baina horren kudeaketa –Hubei eskualdean ezik, non Pekinek agindu zuen–, lekuan lekuko agintarien esku geratu zen, estatuak ez duelako sare eraginkor bat dena kontrolatu ahal izateko.

Ezer berririk ez, beraz, Txinako gobernantzari dagokionez. Harrigarriena da nola hedatu diren Europan zehar “txinatarren eraginkortasunaren” laudorioak eta nola hartu den “Asiako eredua” hemen indarrean jarri beharrekoa bezala. Honen adierazgarririk esanguratsuenetakoa da Byung-Chul Han filosofo korear ezagunak martxoaren amaieran adierazitakoa. Han-en aburuz, pandemia honek agerian utzi ditu emergentziari aurre egiteko bi molde: arrakastatsua bata, Asiakoa; eta porrot egin duena bestea: Europakoa.

Bere ustez, Asiako kudeaketaren arrakastaren gakoak bi dira: hiperzaintza digitala eta beren kultura-tradiziotik datorkien pentsaera autoritarioa –konfuzionismoa–. “Ekialdekoak obedienteagoak dira eta konfiantza handiagoa dute estatuan” dio. Europarrok, aldiz, indibidualistagoak gara, eta erabat zaharkitua dagoen soberaniaren eredu bati jarraitzen diogu –estatuen soberania aldarrikatuz, mugak itxiz, eta abar.–.

“Ez Txinan, ezta Asiako beste estatu batzuetan ere –jarraitzen du Han-ek–, ez dago kontzientzia kritikorik zaintza digitalaren edo big data-ren aurrean. Zoratuak dauzka digitalizazioak… Txinak europarrentzat imajinaezina den gizarte-kreditu sistema bat ezarri du, herritarren balorazio edo ebaluazio sakona ahalbidetzen duena. Herritar bakoitza bere gizarte-jokabidearen arabera da ebaluatua. Txinan ez dago behatu gabeko eguneroko bizitzako unerik. Klik bakoitza, erosketa bakoitza, kontaktu bakoitza, sare sozialetako jarduera bakoitza kontrolatzen da. Semaforoa gorrian zeharkatzen duenari, erregimena kritikatzen dutenekin tratua duenari edo sare sozialetan iruzkin kritikoak egiten dituenari puntuak kentzen dizkiote. Halakoei bizitza oso arriskutsua bihurtzen zaie. Aldiz, elikagai osasungarriak erosten dituenari edo erregimenaren aldeko egunkariak irakurtzen dituenari puntuak ematen dizkiote. Nahikoa puntu dituenak bidaiatzeko bisatua edo kreditu merkeak lortzen ditu. Aldiz, puntu kopuru jakin baten azpitik erortzen denak lana gal dezake. Txinan gizarte-zaintza hori posible da, interneteko eta telefonia mugikorreko hornitzaileen eta agintarien artean datu-truke mugagabea gertatzen delako. Ia ez dago datuen babesik. Txinatarren hiztegian ez da ageri ‘esfera pribatua’ terminoa”.

Badira urte batzuk sinologoen arteko eztabaida latza sortu zela frantsesaren eremuan. Alde batean, François Jullien, Europan ezagunena; bestean, Jean François Billeter suitzarra. Hona bigarrenaren iritzia: “Jullienen lan guztia Txinaren alteritatearen mitoan oinarrituta dago, gurearen guztiz desberdina den Mundu bat da haiena, gurearen aurkakoa”. Mito hori izugarri garatu zen XX. mendean, Marcel Granet sinologo frantziar garaikideen aitaren eta beste hainbaten lanei esker.

Baina kontu hori askoz lehenagotik dator, eta –horra gakoa– txinatarrek sortu eta hauspotu duten mistifikazio batetik edaten du. Txinara hurbildu den ia orok irentsi du amua: “Txina, giza-esperientziaren beste poloa da. Hura da gure funtsezko Bestea, eta hura ulertu gabe ezin izango gara jabetu gure Ni kulturalaren hegiez eta mugez” (Pierre Ryckmans, Simon Leys). Eta horrek, gure kategoriekin ulertezina egiten zaigunez, liluragarriak bihurtzen ditu txinatarrak. Zibilizazio txinatarraren eta europarraren arteko diferentzia ukaezina da, baina ekonomiara edo politikara jaisten garenean, erabat nahastu gaitzake lilura horrek. Aurtengo krisiari aplikatuz: “Hara txinatarrak: arazo larri bat izan dute, bai, baina guk erakutsi ez dugun gaitasunez egin diote aurre; pandemia garaitu dute, hemen baino hildako gutxiagorekin gainera”.

Txina berriaren mugarriak
Txina post-maoistaren aroa joan den mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen, Deng Xiaoping “Lemazain Txikiak” alderdi komunistaren eta estatuaren buruzagitzatik esaldi lapidarioen historiara pasako den hura bota zuenean: “Loriatsua da aberastea”. Bera izan zen 1989an, Sobietar Batasunaren suntsipenak gazteri txinatar askorengan piztu zuen aldaketarako grina nola tratatu behar zen argi erakutsi zuena, Tiananmengo plazan protestan zeudenak sarraskituz: milaka hildako, milioi bat inguru zauritu, atxilotu kontaezinak… Belaunaldi berriek izan zuten bere odol bataioa.

90eko hamarkadan horren ezaguna izan ez zen antzeko sarraski bat gertatu zen. Errepresioaren helburua erakunde budista bat izan zen orduan, Falun Dafa izenekoa, 70 milioi partaide izatera ailegatu omen zena, eta estatuak arriskutsutzat jo zuena. Milaka izan ziren atxilotuak eta torturapean hildakoak, eta probatutzat ematen da asko eta asko erabiliak izan zirela organoen transplanterako merkatuan. Bitartean, Tibeteko edo Xinjiango mendebalde urruneko lurraldeetan, errepresio bortitzak ez du etenik: milaka atxilotu, torturatu eta hildako. Uigurren kasuak hartu dio lekua Tibetekoari azken urteotan, bertako “berreziketarako” esparruen berri izan dugunean.

Han-en aburuz, ordea, txinatarrek ez dute joera kritikorik eta men egiten diote estatuari “konfuzionistak” direlako. Zoriontsu dira haien bihotz-taupada bakoitza, pentsamendu bakoitza big data-ri eskainiz, eta gero eta liluratuagoak gaude haien “kudeaketa eraginkorrarekin”. Lehenagotik ere zoratzen gintuzten egunetik egunera hazten ikusten genituen etxe-orratzekin eta gure enpresa aitzindariek lortzen zituzten kontratuekin.

Munduko hegemonia lehian
Ezin ukatu Txinaren bulkada ikaragarria munduko ekonomian eta politikan. XX. mendeko bigarren erdia estatubatuarra izan zen bezala, XXI.goa txinatarra izango da, ziurrenik, haien berezko estrategiarako gaitasunarekin. Jakina da Txinako gobernua negoziotan dabilela aspaldian Afrikako eta Hego Ameriketako gobernuekin, haien defizitak eta hornidura arazoak konpontzeko prest. Trukean, erraldoiak behar dituen errekurtso naturalak eta haien negozio estrategikoetako bideak zabaltzen zaizkio; epe luzerako inbertsio estrategikoak dira. AEBekin duten “guda komertziala” agertzen da gure berrietan, baina gauzak askoz ere sakonagoak eta zabalagoak dira.

Wuhanen urtarrilaren 24tik aurrera berrogeialdia modu eraginkorrean ezarri zenean, agerian geratu zen Txinak duen gobernatzeko estiloa: estatu zentralak, leku guztietara ailegatuko den aginte-egitura formal eta eraginkorrik ez duenez, deialdi masiboak egiten ditu tokian-tokiko funtzionarioak eta hiritarrak mobilizatzeko. Horiek badakite, datozen aginduak behar bezala interpretatzeko gai ez badira, gogorki zigortuak izango direla, gerora, ustelkeriaren aurkako borrokaren izenean. Irizpide horiei jarraiki, herri batzuek beren ekimen bitxi eta zorrotzak hartu dituzte. Larrienak, Zhejiang eskualdeko lau hiri nagusietan hartu dira: 30 milioi pertsonarentzako pasaporteak egin dira, eta, horri esker, pertsona batek baino ezin du etxetik atera, bi egunean behin. Hong Kong inguruko 12 milioi biztanleko Shenzhen hiriko eta barnealdeko Chengdu-ko agintariek (13 milioitik gora biztanle) auzo guztiak konfinatzea agindu dute, eta hamalau eguneko koarentenan jartzen zituzten eraikin osoak bertan kutsatu bakar bat antzemanez gero.

Ehunka izan dira atxilotuak eta kartzela zigor luzeetara kondenatuak gaixotasunari buruzko zurrumurruak zabaltzeagatik, edo koarentena hausteagatik, eta kartzelak ere bihurtu dira infekzio foku handi. Lehen aldia da maila horretako operazio bat gauzatzen dela Txinan. Jarduera ekonomikoa, berriz, neurri batean baino ez da suspertu: dena arazorik gabe dabil dagoeneko arlo batzuetan, baina beste batzuetan, denak etenda jarraitzen du.

Ailegatzen zaizkigun berri-izpien arabera, nori sinetsi? “Txinaren erabateko eraginkortasuna” goraipatzen duten Berlinen bizi diren Han bezalako morroiei, ala egoera askoz ere kaotiko eta nahasiagoa dela diotenei?

Datorrena ulertzeko gakoak
Orain arte bezala, Txinatik helduko zaizkigun berriak nahita nahasgarriak izango dira. Hori edozein boterek betidanik izan duen joko taktikoen erakusgarri baino ez da. Ez da ezberdin Europan edo AEBetan. Modu hanpatuan esaten den bezala, big data da kapital berria eta, estatuek baino, datu-oligopolio transnazionalek banatzen dituzte “informazio-kartak”: betiko propaganda, alegia. Eta ohi bezala, ere, heltzen denaren eta estaltzen denaren artean antzeman beharko ditugu “garaiko seinaleak” –ez gara horretan antzinatetik oso urruti–.

Txinaren ekonomiak badu berezitasunik une zehatz honetan: munduko produkzio- eta distribuzio-zirkuitu guztietan integratua egon arren, ez du finantzen marrazoen zirkuituetan sartu nahi. Hango bankuak, burtsak, balore-merkatuak, kapital-mugimenduak Txinako Alderdi Komunistaren kontrolpean daude. Kapitalaren armarik beldurgarrienek, gizarteko eta munduko txoko guztietako balioa eta aberastasuna xurgatzen dituztenak, ez dute funtzionatzen Txinarekin. Txinaz kanpoko oligopolio handiek ezin dute hango ekoizpena eta sistema politikoa kontrolatu, eta ezin dute ekonomia suntsitu, Asiako beste herrialde batzuekin mende hasieran egin zuten bezala, nazioarteko kapital-erakundeek emandako aginduak bete ez zituztenean. Kasu horretan, gerraren “irtenbidea” martxan jartzeko tentazioa izan lezakete, baina bi aldiz pentsatu beharko lukete. Txinatik ikusita, “paperezko tigreak” izaten jarraitzen dute.

Aldi berean, Luca Paltrinierik esplikatu duen bezala, badirudi txinatarrak jabetzen direla gertatzen ari dena Txinaren etorkizuna eraikitzeko etapa bat besterik ez dela. Konturatzen dira munduan zabaltzen ari den etorkizun post-apokaliptikoaz, eta sortuko den eremu berri horretan, potentzia nagusi moduan irudikatzen dute dagoeneko beren burua.

ERREFERENTZIAK:

Social Contagion

“Contagio social: guerra de clases microbiológica en China”: https://vientosur.info/spip.php?article15743

Luca Paltrinieri: “Ensayo general para un apocalipsis diferenciado”: https://www.elsaltodiario.com/laplaza/pruebas-generales-apocalipsis-diversificado-luca-Paltrinieri

Luca Paltrinieri: “Distanciamiento social”: https://revistadisenso.com/aritculosinv/103-distanciamientosocial

 




PENTSATZEAZ

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran)

Edgar Ende

Pentsamendu erradikala agertzen den bakoitzean, dikotomia baten aurrean ipintzen gaituela dirudi, hautu moral baten aurrean, non baten edo bestearen alde jartzeak, parekoa etsaitzat bihurtzen duen.

Hori da pandemia-gerra-pentsamendua; anbiguotasunerako tarterik uzten ez duena.

Pentsamenduaren ezaugarririk behinena da muturreraino jo dezakeela; jakinda ere, muturrera jotze hori “ekintza programa” bihurtu nahi dugunean, absurdura goazela.

Pentsamendua orokortasun psikiko baten parte da, eta beste ikuspuntuetatik begiratzera behartzen gaitu –pizten duen erresistentziatik, ezin ulertutik, beldurretik…–. Pentsamenduaren autonomiaz jabetu behar dugu, baina baita haren morrontzez ere.

Pentsamendua ubikuoa da. Eraman gaitzake posizio oso ezberdinetara, kontrakoetara. Enpatiarako gaitasuna eskatzen du, baina ez, nahitaez, identifikazioa.

Pentsamenduak ideologia du etsai nagusia: ideiez –aurreiritziz, dogmez, formulez, katiximez– mozorrotutako errezetategia, zeinak errealitatearen anbiguotasunetik, kontraesanetatik, atzaparkadetatik babesteko erabiltzen dugun. Gu eta Besteen arteko lubaki eta muga zorrotzak eraikitzen ditu, eta ideiez edo hitzez harrika ibiltzeko aukera kontsolagarria ematen digu.

Krisietan, zuzentasun politikoaren arabera murrizten dira esan litezkeen hitzak eta esamoldeak. Zerrenda osa liteke: “datuek” hartzen dute lehen lerroa –kutsatuak, artatuak, txertatuak, hildakoak…–, estatistikaren ideologia, Big Data-ren aroa. Eta “adituak”, “zientziak”.

Uste oso zabalduaren kontra, oso gutxi dira ondo pentsatzen dakitenak. Horiek badakite pentsatzea beren buruarekin borroka batean sartzea dela; guardia jaitsita, zauritua eta jipoitua amaitzeko liskarretan murgiltzea. Defentsetan dituzten arrakalak zabaltzeko prest egon, eta errealitatearen ustekabeko osagarriei ongi etorria ematea da pentsatzea.




Pandemian gogoeta 6. “UNTOREAK” ETA MOZALAREN LEGEA

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran)

“L’untore! dagli! dagli! dagli all’untore!”

(“Koipeztatzailea! Jo eta su koipeztatzailearekin!”)

Alessandro Manzoni, I promessi sposi (“Ezkongaiak”), 1827

Italiar guztiek ezagutzen duten obraren pasarte horrekin hasi zuen Giorgio Agambenek bere Contagio artikulua: “Koronabirusaren epidemia deituriko honekin Italian zabaldu nahi den izuaren ondorio zitalenetako bat kutsaduraren ideia bera da, gobernuak hartutako aparteko larrialdi-neurrien oinarrian dagoena. Ideiak, medikuntza hipokratikoarekin zerikusirik ez zuenak, 1500 eta 1600 bitartean Italiako hiri batzuk suntsitu zituzten izurrietan izan zuen lehen aitzindari inkontzientea. Untorearen irudia da, Manzonik betikotzen duena, bai eleberrian, bai Storia della colonna infame (Zutabe doilorraren istorioa) saiakeran. Gobernuaren azken neurriek gizabanako bakoitza kutsatu potentzial bihurtzen dute, terrorismoaz arduratzen direnek herritar bakoitza terrorista potentzialtzat hartzen duten bezalaxe. Analogia hain da argia, ezen aginduak betetzen ez dituen kutsatu potentziala, kartzelarekin da zigortua. Bereziki ikusezina da eramaile osasuntsu edo goiztiarraren irudia. Eramaile osasuntsu horrek jende ugari kutsatu ahal duelako, haren aurrean defentsarik gabe daudelarik”.

Hor gabiltza geu ere “normaltasun berrira” eta “txertoaren zain” gauden honetan: denok elkarren zelatari nork betetzen edo hausten dituen agintariek edo norberak ezinbestekotzat jotzen dituen arauak. Gerra sasoietan bezala, sintoma paranoikoak garatzen.

Mozala –musukoa, nahi baduzue, maskara– objektu bereizgarri egin zaigun honetan (trafiko espekulatzaileko produktu, osasun eta beste hainbat langileen babes tresna ezinbesteko, garraio publiko eta beste hainbat lekutan derrigorrezko, eta aire librean ibiltzeko gero eta gomendagarriagoa), ezin ahantzi urtetan eta hamarkadatan sustatu dugun eztabaida sutsua: “Onargarria al da emakume islamiarrak aurpegia eta gorputza –burka, burkini, niqab, txador, al-amira, hijab, xaila…– estalita gure artean ibiltzea? Zer da estalki horiekin estaltzen dutena; zeren edo noren izenean; zeren edo noren aurka; zeren edo noren aginduz?”. Entzuna dugu Txinan lintxamenduak gertatu direla pandemia hedatu ondoren, norbait kalean mozalik gabe zebilelako… Ez dira txantxetarako kontuak.

Bestalde, asko kexatu gara azken bost urteetan Espainiako gobernuak indarrean jarri zuen mozal-legeagatik, hemengo poliziek hain gogo onez bete arazi dutena, “eskumen autonomikoetan interferentziagatik” agintarien protestarik gabe. Baina, harrigarriki, badirudi denok gaudela prest onartzeko zerbait are badaezpadakoa, eta justifikazio zientifiko edo arrazional oso zalantzagarria duena. Modazko diseinatzaileak hasi dira haien bilduma berrietarako prestatzen: horra azken muga beldurgarria.

Orain gutxi arte diskriminatzailea eta arbuiagarria zena, otzanki onartzen dugu kutun magiko baten modura. “Infernua besteak zirela” aspaldian genekien, baina hilabete batzuk lehenagoko begirada batez harrituko gintuen obedientzia-bulkada batez, urrunago nahi dugu iritsi oraingoan: “Ez ukitu, ez besarkatu, ez hurbildu; ezta zure burua ere, zeu baitzara duzun etsairik zitalena!”.

Gogoratzen al duzue ez horren aspaldian hedatu zen “besarkadak musutruk” kanpaina xelebrea? Daramagun bidetik segitzen badugu, berehala hasiko dira zurrumurruak: badirela leizeak eta oihanetako leku ezkutuak non jendea elkartzen den legeak hautsi eta elkarri eskua emateko, edo besarkatzeko edo musukatzeko… Eta ondo baino hobeto dakigu denok zertan amaitzen diren kontu lizun horiek guztiak!

Ikusi:

Maskara eraginkorra al da birusetatik babesteko?

“Ez jarri maskararik haurrei, umeen beldur diren helduek jar dezatela”




Pandemian gogoeta 5. PARADOXEN POLITIZAZIOA

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran)

Hiperrealitate apokaliptikoan

Hiper-errealitatea gauzen munduari buruzko irudimenezko plano agregatu bat da, ordezten duen horrek baino existentzia-maila handiagoa hartzen duena. Hautematen dugun guztia irudi, simulazio eta birtualizazioen bidez neurtzen da: sarean gertatzen denak pisu handiagoa du espazio/denbora ukigarrian gertatzen denak baino. Egungo ekonomia, horren muturreko lekuko: finantzek agintzen dute, eta finantzen “errealitatea” birtuala da, “inork menderatzen ez dituen” ausazko algoritmoek gobernatua. Aspaldian hiperrealitate batean bizi baginen ere, bakoitza bere bakardadera behartu gaituen mobilizazio orokorrean, areagotu baino ez da egin hura.

“Apokalipsiak” errebelazioa esan nahi du; zehatzago, ustekabeko eta, beraz, katastrofikoa den supituko amaiera batek agerian uzten duen errebelazioa. Askoren baitan dagoen konbikzioa da: errazagoa zaigu munduaren akabera irudikatzea kapitalismoarena baino. Edo errazagoa da milaka egoera apokaliptiko irudikatzea kapitalismoak gauza guztietan duen erabateko inpregnazioaren aurkako norabidean izandako aldaketa esanguratsu txikiena baino. Mobilizazio orokor harrigarri honen saldan apalduak zeuden eztabaida ugari piztu edo berpiztu ditu baita ere, eta horrek eragindako kontrasteak orain arte muga lanbrotsuetan mugitzen ziren jarrerak agerian uzteko balio izan du. Horietako zenbait kasu modu sumarioan agertzea izango da ondoren datozen orrien xedea baina, horren aurretik, lehen konstatazioa: lehen aldia dugu historia osoan non saiatzen ari garen, orain artean “hondamendi naturaltzat” hartutako zerbait, garatu ditugun baliabide tekniko-zientifikoen bitartez aurre hartzen eta gainditzen. Jainkoa izan edo naturaren elementuak, orain artean eraikitako sistemek bitartekaritza lana egitera baino ez ziren ausartzen, haien irarengandik babestu edo haiekin negoziazio erritualak saiatuz. Orain, ordea, geu jarri gara jainkoen eta naturaren gainean, eta geuk hartu nahi (omen) dugu jainkoaren edo naturaren aginte makila.

Egungo egoera ulertzeko Luca Peltrinierik berriki emandako “Apokalipsi berezitua” adiera deritzot egokiena. Aro honetan bizi duguna mundu baten amaiera da, azken mendeetan aurrerapen etengabearen mitoan eraikia genuenarena. Orain ordea, eta gogoz kontra eta amorraturik bada ere, jabetzen ari gara geure ondorengoek ezingo dutela nahitaez gu baino “hobe bizi” zentzu material eta sozialean. Zehazkiago, beraiei tokatuko zaiela gure gehiegikerien fakturak ordaintzea. Peltrinierik modu teknikoagoan adierazten du: “Produktuen (commodities) eta baliabideen arteko desorekaz ari gara. Berotze globala, biodibertsitatearen kolapso dramatikoa, plastikoaren eta giza ekoizpeneko beste material batzuen kutsadura globala, petrolio-gailurra, orain arte aurrerapena irudikatu den modu zehatzaren mende dagoen apokalipsi baten alderdi batzuk baino ez dira. Hau da, ekoizpenaren intentsifikazioari eta, batez ere, munduko “balio-kate” batean banatzeari lotutako aurrerapen materialarena; munduko ekonomiaren zirkuituen arteko gero eta lotura estuagoan funtzionatzen duenarena.

Tupustean gainera jausi zaiguna iragarria zen aurretik ere: nork ez zuen espero hondamendi finantzario-ekonomikoa? Nork ez zuen poloen urtzearen, neurriz kanpoko suteen, urakan ugalduen, intsektu polinizatzaileen desagertzeen berririk? Eta zer dela eta jarraitzen zuen denak berdin guregan? Zergatik gertatzen da disonantzia kognitibozko egoera hori? Lehenik eta behin, fenomeno horiek onartezinak zaizkigulako gure askatasun-idealari eusten badiogu. “Gure patua aukeratzeko edo eraikitzeko askatasuna” deitzen duguna gure kontsumo-gaitasunarekin lotuta dago; eta “etorkizuna”, merkatu batek eskaintzen dituen aukeren arabera imajinatzen dugu.

Biopolitika, azken bidegurutzean

“Noiz itzuliko gara normaltasunera?” amesten dugu, baina badakigu amets inozoa dela, alferrik ari direla sasi-apez aditu onbera guztiak ordena berreskuratzeko eginahalean, haien imintzio eta begitarte urduriek salatzen duten eran. Eutsi egin beharko genioke salbuespen-pertzepzio horri, bakoitzak ahal duen dosiaz. Gordinki esanda: “Muga berria mozala da. Arnasten duzun aireak zurea baino ez du izan behar. Muga berria zure epidermisa da. Lampedusa berria zure azala da”, Paul B. Preciadok adierazi bezala. Eta Europak eraiki dituen mugez ari denean: “Muga nekropolitiko berria Greziako kostaldetik etxe pribatuko ateraino etorri zaigu. Muturrean egin dizu eztanda egunotan Calaisek… Birusak, gure irudiaren arabera jokatzen du; estatuen mugetan dagoeneko lanean ari ziren kudeaketa biopolitiko eta nekropolitiko nagusiak erreplikatu, gauzatu, areagotu eta herritar guztiengana zabaltzea besterik ez du egiten. Horregatik, jendarte bakoitza, mehatxatzen duen izurriteak eta haren aurrean antolatzeko moduak definitzen du”.

Ez da uneko ateraldia. Preciadok beste zenbaiten aspaldiko gogoeta bati jarraitzen dio. Jendarte bakoitzak unean uneko gaixotasun ikonikoaren inguruan bere immunizazioa landu du, argi eta garbi Modernitatea gailendu zenetik: sifilia, tuberkulosia, minbizia, hiesa… Roberto Espositoren hitzak erabiliz: “Biopolitika oro [bizitzaren eta politikaren arteko lotura] da immunologikoa: komunitatea definitzen du, eta hierarkia bat ezartzen du non immunetzat hartzen diren gorputzak eta komunitateak arriskugarritzat jotzen dituenak bereizten diren, azken hauek baztertzeko. Hori da biopolitikaren paradoxa: babes-ekintza orok komunitatearen definizio immunitarioa eskatzen du, eta horren arabera, komunitateak bere buruari emango dio beste bizitza batzuk sakrifikatzeko aginpidea, subiranotasunaren ideia baten mesedetan. Salbuespen-egoera, paradoxa jasanezin horren normalizazioa da”.

Preciadoren hitzetan, “europarrok komunitate erabat immune gisa eraikitzea erabaki dugu, Ekialdera eta Hegoaldera itxia. Energia-baliabideen eta kontsumo-ondasunen ekoizpenaren ikuspegitik, Ekialde eta Hegoalde horiek, gure biltegi dira. Greziako muga itxita, Turkia eta Mediterraneo inguruko uharteetan eraiki ditugu aire zabaleko atxiloketa-zentro handienak. Hala, immunitate-forma bat lortuko genuela amestu genuen. Paradoxa badirudi ere, Europaren suntsiketa Europako komunitate immune bat eraikitzearekin hasi zen, europarron barne mugimendu askea sustatuz, eta erabat itxiz atzerritarrentzat eta migratzaileentzat”.

“Covid-19aren kudeaketa politikoak, bizitzaren eta heriotzaren administrazio gisa, subjektibotasun berri baten inguru zehatzak marrazten ditu. Krisiaren ondoren asmatuko dena komunitate immunearen utopia berri bat da, baita gorputza kontrolatzeko modu berria ere. Covid-19ak egiten duen tekno-patriarkatu neoliberalaren subjektuak ez du azalik, ukiezina da, ez du eskurik. Ez trukatu ondasun fisikorik, ez ukitu txanponik, kreditu-txartelarekin baino ez ordaindu. Subjektu berri horrek ez du ezpainik, ezta mihirik ere. Ez du zuzenean hitz egiten, ahots-mezu bat uzten du. Ez da biltzen eta ez da kolektibizatzen. Erabat gizabanakoa da. Ez du aurpegirik, maskara du. Haren gorputz organikoa ezkutatu egiten da, maskaratzat balio duten protesi zibernetiko zenbaiten atzean: posta elektronikoko helbidearen maskara, Facebook kontuaren maskara, Instagramen maskara. Ez da eragile fisiko bat, kontsumitzaile digital bat baizik, tele-ekoizle bat, kode bat, pixel bat, banku-kontu bat, izen bat duen ate bat, Amazonek bere eskaerak bidal ditzakeen helbide bat”.

Normaltasun letala eta zenbait zedarritze argigarri

Modu askotara eta ikuspuntu ezberdinetatik ari zaigu errepikatzen aspaldian genekiena: orain arteko “normaltasuna” eromena da; ekonomikoki eta ekologikoki, sostengaezina; sozialki, kriminala. Jakinarazten ari zaigu, baita ere, krisi hau iragarria zela eta, are gehiago, ez duela amaitzeko itxurarik. Politikarien azken asteetako mezuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: “Ahaztu lehengo garaietako ‘normaltasuna’; gure harremanetarako eta sozializatzeko formak errotik aldatu beharrean gaude, ez soilik bizi-irauteko, baita komunitate posible bakarreko baldintza gisa ere”. “Obeditu!” oihukatzen zaigu, “izan arduratsu!”, nondik eta egoera honetara ekarri gaituztenen ahoetatik. Betiko dikotomia perbertsoa muturrera eramanez: “Nire Ordena ala Kaosa, Galbidea, Akabera”. Baina zer egin akabera eta agintzen zaigun ordena gauza bera eta bakarra direnean?

Lehen aipatu bezala, apokalipsia mailakatua da. Munduko leku askotan modu gordinenean gauzatu da dagoeneko, eta beste zenbaitetan –Indian, Ameriketako lurralde askotan, kasu– oso gertutik bizi dute. Baina bada egoeraren beste aldagai bat alde batera utzi beharko ez genukeena: Trump, Bolsonaro, Salvini edo Orban bezalako agintarien gorakadan irudikatzen dena. Zer dela eta dute arrakasta agintari horiek? Haien sostengatzaileek zuzen edo zeharka jasotzen duten diskurtsoa hauxe da: “Utzi kontuok gure esku eta zuek, katastrofetik libratuko direnen artekoak izango zarete. Geuk garbituko dugu benetako Herria zikintzen duen zabor hori guztia: atzerritarrak, pobreak, musulmanak, alferrak, marikoiak…”. Eta sostengatzaile horien salbaziorako behar diren baldintzak “negoziatzen” ari dira elite horiek beraiek ordezkatzen dituzten eliteekin, hondamendiaren baitan eta ondoren salbaziorako beharko lituzketen neurriekin. Zein mailaraino neurri horiek diren jasangaitzak, kriminalak edo suizidak, hori gure salbatzaileen eta haien adituen esku uzten dugu. Ez da historian lehen aldia izango jende uholdea urkamendira kantari desfilatzen ikusiko dena.

Gurera etorriz, ez al dago jeltzaleen hegemonia gero eta argiagoan, eta baita haren laguntzaile edo oposizio politikoek zuzentzen dizkieten kritiketan, zentzu berdineko promesa bat? Ez al dugu “Euskal Herria Subirano” baten ametsaren azpian gure herri maitatuaren burbuila bat eraikitzeko amets-ahalegin itsu antzua? Ez al ditu gure indar behinenak xahutzen amets horrek, “krisi honen okerrena pasatuta, denok bat eginda gure ongizateari eusteko gai izango gara beste behin ere” bezalako ameskeriatan?

Italian egin zuen pandemiak eztanda Europan, baita inoizko eztabaida gogorrenak eragin ere hainbat jarrera publikoen artean. Detonatzailea, Giorgio Agambenek otsailaren 26an argitaratu zuen artikulua: Epidemia baten asmakizuna”. Honek eta haren ondorengoek erantzun bortitzak eragin zituen beste pentsalari europar eta amerikar askorengandik, eta aldeak gorabehera, lerratze argi bat probokatu du: marxista iraultzaileen erreferentziazko pentsalariek (Badiou, Zizek, Flores d’Arcais, Lazzarato eta beste asko) alde batetik eta, bestetik, “foucaultiar” etiketapean jarri litezkeenak (Agamben, Esposito, Preciado, Paltrinieri, Cayley eta abar). Bistan dena, talde berean izendatu ditudan horien artean sekulako aldeak daude, baina goazen muinera. Batzuk, “salbuespen egoeran” eta honen inplikazio guztietan jartzen dute azpimarra (Agamben: “Izurriteak erakusten du salbuespen-egoera ohikoa bihurtu dela”). Besteek, berriz, onartzen dituzte hartu diren neurriak, askotan Txina eta Hego Korea jartzen dituzte jarraitzeko eredutzat, eta komunismoaren gaurkotasunaz ari zaizkigu. Su gurutzatu bat gertatzen ari da eta, zenbaitetan, “talde berekoen” artekoa ere bai. Badiou: “Epidemiak berresten duena da, nolabait, ‘ezer berririk ez egungo zeruaren azpian…’. Betebehar horiek [modu diziplinatuan konfinamendua bete, eta gainontzekoei gauza bera egin zezaten eskatu], egia da, gero eta inperatiboagoak dira, baina ez dute eskatzen, lehenengo azterketa batean behintzat, pentsamendu berri bat aztertzeko edo eratzeko ahalegin handirik. Baina gauza gehiegi irakurtzen ditut harritzen nautenak adierazten duten asalduragatik eta gure egoerari dagokionez guztiz desegokia izateagatik… Adierazpen larri horiek, deialdi patetiko horiek, salaketa enfatiko horiek mota desberdinetakoak dira, baina guztiek dute elkarrekin erdeinu bitxi bat egungo egoeraren sinpletasun beldurgarriarekiko, eta egungo epidemia-egoeran berritasunik gabeko errealitatearekiko. Zizek: “Komunismo zabal baten ordua heldu da… Ez naiz ni, OMEko zuzendaria da esaten ari dena, nazioz gaindiko lankidetza behar dugula gainean dugun hau eta datozenak gainditzeko, eta Will Hutton bezalako ekonomialariak: ‘Gaur egun, merkatu librean oinarritutako globalizazio modu arautu gabea hiltzen ari da, krisiak eta pandemiak izateko joera baitu. Baina ebidentzian oinarritutako ekintza kolektiboaren elkarrekiko mendekotasuna eta nagusitasuna onartzen dituen forma berri bat sortzen ari da’… Ez da utopia; berekoikeriaz ere geratzen zaigun irtenbide bakarra baizik”.

Bestaldekoek ez dute jarrera hain propositiborik, baizik eta azaleratzen ari den sakoneko dinamikak eta krisiak erakusten duenaren gainean ari dira gogoetatzen. Zerbait aipatu dut Paltrinierik edo Preciadok esan dutenen gainean, baina ez legoke gaizki kontuan hartzea honek guztiak duen déjà vu baten usaina. 70eko hamarkadan, kapitalismoaren bilakaerak ekologian zituen eraginen inguruko lehen alarma larriak hasi zirenean publiko zabalera heltzen, lehen “petrolioaren krisiak” eztanda egin baino lehen ere, Europako eta Ameriketako ezkerreko pentsalari handi asko marxistek zuten hegemonia nabarmen ahultzen eta pitzatzen hasi zirenean, estilo bereko “gerra” piztu zen. Foucault izan zen intelektual “ez lerratu” haietako bat. Ivan Illich beste bat. Lehena ez bezala, ia erabat ahaztua izan zen gerora bigarrena, eta argigarria da egunotan nola zenbait ahots ari garen aldarrikatzen haren pentsamendua. Horrela dio David Cayleyk: “Illich-en arabera, medikuntza garaikideak botere politikoa du une oro, baina izaera hori ezkutuan egon daiteke dena ‘zaintzaren’ izenean egiten delakoan. Eguneroko botere hori, are gehiago zabal daiteke krisiaren erritualizazioarekin. Horrek medikuntzari normalean militarrek bakarrik erreklama dezaketen lizentzia ematen dio… XX. mendeko bigarren erdian “gure gorputzen eta geure buruaren” esperientzia, kontzeptu eta zainketa medikoen emaitza bihurtu zen”. Bestela esanda, Medical Nemesis bere buruaz jabetzeko teknika-saretik kanpo dagoen gorputz natural bat balitz bezala idatzi zuen, baina gerora ikusi zuen ez dagoela horrelakorik. “Une historiko bakoitza garaiko gorputz jakin batean haragitzen da”. Medikuntzak, lehendik zegoen egoera batean jarduteaz gain, egoera horren sorreran parte zuzena hartzen du”. Ez diot hari honi jarraituko, ezinbestekoa iruditzen bazait ere. Seinalatu baino ez Illichen tesiak indar handiz zabaltzen ari zirenean berehala jaso zutela neo-marxisten eraso zuzena. Laburbilduz: arbuiagarriak dira gure dogmetatik abiatzen ez diren planteamendu kritiko eraldatzaileak. Are gehiago haiek ere gogoeta eta ekimen sakonak bultzatzeko gai badira. Orduan bezala orain ere, nahiz eta askoz ahulagoak izan egun haien “kapital eragilea”.

Paradoxen politizazioa

Zer egin?, izan oi da krisialdietako galdera. Eta erantzun posibleek hainbat joera okerrei egin behar diete aurre. Horietako lehena inertzia da: orain arte egin dugunarekin jarraitzera eramaten gaituena. Horien artean, pentsamenduak duen prentsa txarra gainditzea. Ekintzarako joera konpultsiboak galdu ditu, gehienetan, eraldaketa sakonetarako premia erraietan sentitzen zutenak. Erantzun sinplerik ez dagoenez –inork ez daki non eta nola egongo garen hilabete gutxi barru– ezinbesteko dugu paradoxetan murgildu eta mugitzen ikastea. Azken horien artean, perbertsiora garamatzaten asko jartzen zaizkigu aurrean egunotan.

“Hurkoa ez ukitzea da maitasun seinalerik behinena”; “aginduak obeditzea da erresistentziarik eraginkorrena”; “guztion artean egin behar diogu aurre modu arduratsuan pandemiari, baita horrek ahulenen suntsiketa fisiko edo psikikoa ekarriko badu ere”; “adituak eta zientzialariak entzun eta obeditu behar ditugu behingoz”; “bizitza dago ekonomiaren gainetik, ez bada bizitzak iraun dezan ezinbesteko diren jarduera ekonomikoak –gutxien ordainduak, ikusezinak, mespretxatuak eta egoera prekarioenean daudenak, gehienetan–”. Azken honi ñabardurarik txikiena egiten diona, bere burua hiltzaile zurrupatzaile makurrenen pare ikusteko zorian egongo da. Aurrera: “Ezingo dugu salbuespen-egoera honekin benetan amaitu txerto eraginkor eta unibertsal bat lortu eta denoi txerto hori jarri arte”. Txertoen inguruan galdera bat planteatze hutsa arriskutsua bihurtu da, mundu hori ezin ilunagoa izanda ere, eta interes altruistetatik guztiz urrun ibili arren (ikus Mike Davisen elkarrizketa ARGIAn).

Perbertsioak alde batera, politizazioari lotuta dago paradoxarik behinena. Uste hedatua da politizatua ideologia bati gogor atxikia den norbait dela. Baina politizazio eraldatzailearentzat joera hori oztopo da laguntza baino gehiago. Geure lan harremanek, familiakoek, intimoenek nahiz zabalenek, ezagutzen ez genituen mugetara eramaten gaituzte; errealitateak gure irrika edo desioekin egiten du talka, eta orduan jabetzen gara agintearen eta egiturazko agintekeriaren helmenez; eta zein gotorrak izan litezkeen klase interesak; eta zein barneratuak ditugun haien beharretara makurtutako joerak. Eta egoera gatazkatsu horiek guztiak hautatzera behartzen gaituzte: horra politizazioaren lehen urratsa. Askatzailea? Errazegi erabiltzen dugu hitz hori geure koldarkeria edo posizioaren defentsan egin beharreko maltzurkeriak justifikatzeko, edo gure posizioaren galera usaintzen dugunean. Ez da zilegi “normalizazioa da hondamendira garamatzana” esan, eta gure “normaltasuna” –pribilegio txiki edo handiak– lehen lekuan eta baldintza gisa planteatzea. Eta horretan, berriz diot, ez dugu denok ardura bera, baina bai, agian, funtsezko jarrera berdintsua. Paradoxak.

“Zein da orduan zure alternatiba?”, galdetzen zaidanean, “ez dut alternatibarik” erantzuten diet; eta baduenik dioena gezurretan dabil, edo sistemaren adabakiak proposatzen. Eraldaketa erradikalaren aldekook ahal moduan gabiltza lanbro artean haztaka eta dudakor. Onartu behar ditugu mugak eta agian dolu sakon bat bizitzea tokatuko zaigu, uste edo ilusio asko airean desegiten direla ikusten dugunean. “Denok ezagutzen dugu sakoneko erantzuna: salbatzeko aukera bakarra askatasun-ideia batekin amaitzea da, zeina sustengatzen den hazkunde ekonomikoaren, hautu materialen eta jabetza pribatuaren izaera sakratuetan” (Paltrinieri). Eta Preciadok, nahiko modu inozoan: “Beharrezkoa dugu mutazio behartutik nahita eragindako mutaziora igarotzea. Biopolitiken teknikez eta haien gailu farmako-pornografikoez kritikoki jabetu behar dugu. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da gure gorputzen eta biozaintza- eta biokontrol-makinen arteko harremana aldatzea: horiek ez dira komunikazio-gailu hutsak. Taldean ikasi behar dugu horiek aldatzen. Baina deslerrokatu ere egin behar dugu. Gobernuek entzierrora eta telelanera deitzen gaituzte. Ongi dakigu deskolektibizaziora eta telekontrolera deitzen gaituztela… Egin dezagun blackout handia zelatatzen gaituzten sateliteen aurka, eta imajina dezagun elkarrekin heltzear dagoen iraultzan”. Gabriel Markus: “Noiz ulertuko dugu, azkenean, gaur egungo arazoak zientzia eta teknologia hutsez konpon daitezkeela uste dugun superstizioarekin konparatuta, koronabirus arriskutsua kaltegabea dela? Ilustrazio berri bat behar dugu, mundu guztiak jaso behar du hezkuntza etikoa, zientzia eta teknika itsu-itsuan jarraitzeak dakarren arrisku handia onar dezagun”. Eta Joseba Gabilondoren gaztigua: “Ilustrazio berri bat beti ere atzeranzko pentsamendu kontserbatzailea da. Europaren agonia amaiezinaren adierazpen argiena da. Pentsamendu posteuropar baten ezaugarririk nagusienak ez du izan behar arrazionalismo indibidualista. Ikusi non amaitu dugun. Bada garaia zilbor europarrari begiratzeari uzteko eta kanpokoek zer dioten entzuteko”. Paradoxak.

Arestian aipaturiko Illichen pentsamenduaren haritik, azken bat: “Osasun publikoaren sistema baten aurka zaude, beraz?”, galdetu diote. “Inondik ere ez. Nik ere uste dut kriminala izan dela prozesu pribatizatzailea, eta osasun publikoaren kudeaketa merkatuko errentagarritasunaren parametroetara makurtu izana. Hori guztia zuritzen ari dira haien arduradunak eta, zalantzarik gabe, bere horretan jarraituko dute mugimendu indartsu batek geldiarazten ez baditu. Osasun publikoa defendatzen dut, eta baita ere medikalizazioaren kritikarik erradikalena”.

Esperantzarako joera naturalari eutsiko diot lerrook amaitzeko. Ez dugu ahaztu behar krisi honek balio izan duela, baita ere, harrotzen ari ziren hainbat mugimendu zapaldu eta bertan behera uzteko. Beste askok seinalatu dute: pandemia honen aitzakiaz ez da ezer beste gertatzen munduan: ez askoz ere hilgarriagoak diren eta sendagarri litezkeen hainbeste epidemia –milioika haurren heriotza eragiten duena, besteak beste–; hondamendi klimatikoa; emakumeen eta haurren aurkako indarkeria “naturalizatua”, gerrak eta arpilatze kolonialak… S. Lopez Petit: “Zentzugabekeria litzateke esatea, konfinamendua beharturik, errealitate zapaltzaile eta bidegabe bati askatasunerako une bat ostu diogula, baina bizi nahia Kapitalak mobilizatutako bizitzatik bereizten denean, biktima izateari uzten diogu. Boterea ikaratzen duten askatasun bitxiko uneak dira. Gu, amildegiaren ertzean jartzen gaituzte, eta, orduan, korapilo bat egiten zaigu urdailean. Ez da ziurgabetasunaren amildegia, baizik eta egiazko antzerkiak uneoro gogorarazten digun bidegurutze baten egia. Aukeratu behar dugu munduak antolatzen duen bizi-algoritmoaren terminal bat izaten jarraitu nahi dugun, edo inguratzen gaituen amesgaiztoaren etengailu bat”. Edo Pablo Sastre Forestek: “Makinatuta, bakanduta, sometituta… Kondizio guztiak ematen dira, ohiz kanpokoa arruntu dadin. Zergatik ez, datorren urtean, beste birus bat etortzen denean…? Ez da jadanik izango, Txernobilen izan zen bezala, behar biziz, ezpada, orain ezkero… halabeharrez. Aste hauetako agin-hitza: bakartzea, bera da oroz gain saihestu behar duguna. Gure hitzak, berriz, beldurretik, obedientzia itsutik, bizitza eurekin daramakiguten makinetatik apartatzea, eta elkarrengana biltzea, izan behar lukete”.

Joseba Azkarraga Etxagibel: “Benjaminek modu profetikoan aurreratu zuen, marxismoaren baitatik, iraultza akaso ez zela progresoaren, garapenaren eta modernizazioaren trenera igotzea, baizik eta tira egitea tren horren larrialdi frenotik. Automata hutsa baita makinista. Trena ziztuan doa, ezin da gelditu, ezta norabidez aldatu ere. Abiadurak irentsita, errailetatik atera beste destinorik ez du… Egoera zinez da korapilatsua: kapitalismoaren geldialdiak sufrimendua tonaka barreiatuko du, baina bere jarduera osasuntsuak, hazkunde esponentzial etengabearen logika gidari, are sufrimendu handiagoa dakarren bide ekozida eta suizidara lotzen gaitu. Birusaren osteko territorio ekonomiko kiskalian, sistema leheneratzea ezin da opzio bat izan. Egitasmo emantzipatzaileak giza sistemen uzkurtzea exijitzen du, baina ordenatua (bermatuz materialki gora egiten dutela hainbat giza taldek, sektore ekonomikok eta herrialdek). Modu demokratiko eta baketsuan uzkurtzea, giza sistemak kabi daitezen mugatua den biosferan. Eta sistemok antola daitezen justizia ardatz hartuta, bere adiera guztietan: justizia soziala, generokoa, nazioartekoa, jaio gabekoekin, eta beste bizidun batzuekin”.

Sakoneko aldaketa politiko batek eskatuko digun kemenak, argitasunak eta sakrifiziorako prestutasunak zerikusi handiagoa dute egoera apokaliptikoetan pizten eta garatzen diren posizio ausartekin, haien eldarnio eta arrisku guztiak gutxietsi gabe. Parean aurkituko ditugun erresistentziak hain dira itsuak eta gotorrak, puntu honetara helduta kalkulutan hastea eta ezintasunean jaustea gauza bera eta bakarra izango dela.

ERREFERENTZIAZKO ITURRIAK:

Agamben, Giorgio: Aclaraciones https://artilleriainmanente.noblogs.org/?p=1364

Azkarraga Etxagibel, Joseba: Birus bihurtu Walter Benjamin

Badiou, Alain: Sur la situation epidemique

Cayley, David: Questions About the Current Pandemic from the Point of View of Ivan Illich.

Preguntas sobre la pandemia actual desde el punto de vista de Ivan Illich

Gabilondo, Joseba: “Gure zeruertz berria ez da historia, apokalipsia baizik

Gorostidi, Juan: Osasunaz ari ote gara?

Konfinamendua: albo-ondorioak.

La mascarilla, nuestra nueva frontera.

Illich, Ivan 1974. Nemesis Médica, la expropiación de la salud.

Markus, Gabriel: El orden mundial previo al virus era letal.

Lopez Petit, Santiago: El coronavirus como teatro de la verdad.

Paltrinieri, Luca: Ensayo general para un apocalipsis diferenciado.

Preciado, Paul B.: Aprendiendo del virus.

Sastre Forest, Pablo: Koronaz, zenbakirik gabe.

Zizek, Slavoj: Global communism or the jungle law, coronavirus forces us to decide.




Pandemian gogoeta. 4. HIRU AGERTOKIAK

(Artikulu hau ARGIA aldizkariko LARRUN 252 zenbakian argitaratu zen: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2688/pentsamendu-erradikala-salbuespen-egoeran

PANDEMIAREN AGERTOKIAK

Pandemia heldu artean, “osasunaren aldeko” eta “gaixotasunaren aurkako” gerran, ia egunero heltzen zitzaizkigun frontetik berriak, onak gehienetan: botika berri baten onarpena, minbiziaren aurkako terapia berritzailea… Osasun (ia) perfektu baten aldekoa zen gure Ebanjelio Berria: gaixotasunaren eta izurri guztien amaiera iragartzen zuen bizitza eternal beti gazte baterantz ginderamatzan kohetea.

Baina larrialdiak tupustean aldatu du pertzepzio hura, eta barea zirudiena, enbatak jotako itsaso zakarra bihurtu zaigu. Osasunbidean geundenok, Patogenian murgildu gara modu Pandemikoan. Pato hori gaixotasuna da, baina baita pathos ere, patua. Gen, sortzea da. Patogenia: gaixotasuna sortzeko gaitasuna, baina baita destino bat sortzekoa ere. Pandemia: Pan (osoa) eta demos (herria): “Guztioi dagokiguna”, beraz.

Gerra aipatu dut, agintarien hizkuntzari men eginez, eta gerra guztietan, egia, lehen gorpua. Ez dugu ur handietako murgilketa honetatik onik ateratzeko pretentsiorik, beraz. Hiru agertokiz arituko gara: bat, krisi sanitarioa; bi, pandemiaren iturria; eta hiru, lurrikara ekonomiko-produktiboa. Bigarren atalean, prozesu honek azaleratu dituen zenbait eztabaida eta lerratze komentatuko ditugu. Jakinda ere berehalako erantzun edo erabakirik pertsonalena, eta gogoetarik “abstraktuena”, uste ohi dugun baino korapilo estuago batez daudela lotuak. Osasunaren analogiari jarraiki, diagnostiko baten ondoren, pronostiko eta tratamendu politikoez arituko gara.

1. Sistema sanitarioa

Egunerokoak ahaztera bultza bagaitzake ere, hau ez da “osasun krisi bat” izaten ari, baizik eta sistema sanitarioaren krisia. Alarma guztiak piztu ziren, ez gaixotzen eta hiltzen ginelako, baizik eta ospitaleak eta gainontzeko azpiegituren kolapsoa aurreikusten eta gertatzen hasi zelako. Pandemia batek eragindako sistema sanitarioaren krisi bat bizi dugu, beraz.

Egoera horri aurre egiteko, bi diskurtso zabaldu ziren sistemaren barnetik. Onarpen zabalenekoak, ia bat-batekoak, “osasuna” eta “sistema sanitarioa” gauza bera eta bakarra bezala tratatzen ditu, eta dio: “Eraso bat dugu: birus berri batena; horren aurkako babesa, sistema sanitarioa. Erasoa gaindituko da txertoa, ailegatzen denean. Bitartean ondo ezagutzen ditugun neurri pandemikoak zorrozki bete behar dira”.

Baina medikuen artean ere, hori erabat ukatu gabe –birusarena, pandemiarena– eztabaidak sortu ziren horri aurre egiteko neurrien inguruan. Laburbilduz: “Birusak heriotzaren azken eragile modura funtzionatzen du, baina ezin da sostengatu heriotzaren ‘arrazoi’ gisa”. Beraz, eta kontuan hartuta konfinamenduak berarekin dakarzkidan ondorio kaltegarriak –baita jende askoren osasunean ere–, zalantzazkoak dira hartutako neurriak. Ñabardura hori laburbiltzeko, har genezake Europan bertan beste politika bat jarraitu duen herrialdea: Suedia. Nazioarteko Ekonomia Politikorako Europako Zentroko zuzendariaren hitzetan: “Entzierroaren teoriaren eraginkortasuna ez da frogatu eta, beraz, ez da Suedia masa-esperimentu bat egiten ari dena. Gainerako guztiak dira horretan ari direnak”.


Egungo eta 1918ko sanitarioen argazki bana

 

Baina neurriak, hauek ala besteak, sekulako presiopean hartuak izan dira, eta abiarazi duten makinariak ez zuen ñabarduretako tarterik uzten. Iruñeko ZIUko sendagile baten hitzek laburbildu lezake egoera: “Gaixotasun oso larri baten aurrean gaude. Kasurik okerrenean, gertatutakoaz ohartzen ez bagara, litekeena da hurrengo urteetan etorriko denaren aurrerapena izatea: patogeno gero eta kutsagarriagoak eta hilgarriagoak. Edozein gorabehera epidemiologikoren aurrean bizkor jarduteko prestatu behar dugu, eta horretarako, gure produkzio- eta bizi-modua aldatu. Osasun publiko sendoa, babes zibil egokia, jendearen beharren zerbitzurako industria farmazeutikoa eta ordezkatzen duten gizartea errespetatuko duten lidergoak behar ditugu. Hori guztia gabe, egoera oso iluna da”. Baina aurretik, ohartarazten zuen: “Ospitaleekiko mendekotasuna erabatekoa da, eta konfiantza falta handia elkar zaintzeko dugun gaitasunean”.

2. Epidemiaren jatorria

Tamaina honetako krisi eta mobilizazioek tupustean gertatu denaren inpresioa sortzen dute; ekaitza lehertzen denean bezala. “Inork aurreikusi ezin zezakeen gaitzak” jo gaitu, diote agintariek. Badakigu, halere, kontuok iragarriak zeudela eta haien arrazoiak –gerra biologikoak eta geopolitika aparte utzita– erraz ulertzeko moduko jatorri bat dutela: adiera bakarrean, “hondamendi ekologikoa” eta, zehatzago esanda, abeltzaintzaren eta elikagai-ekoizpen osoaren industrializazio intentsiboa, azken 5-6 hamarkadetan mundu mailako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bide bakar gisa inposatu dena. Ez gara jabetu, nonbait, hondamendia neurri esponentzialetara pasa dela. Eraginak eta kalteak ez doazela batzen, biderkatzen eta potentziatzen baizik.

 

“Gaur egungo epidemiaren azpian dagoen birusa, bere 2003ko aurrekoa bezala, bai eta hegazti-gripea eta haren aurreko zerri-gripea ere, ekonomiaren eta epidemiologiaren arteko loturan sortu zen… Gaixotasun berriak gizakiengana zabaltzea transferentzia zoonotiko deritzonaren ondorioa da ia beti, hots, infekzio horiek animaliengandik gizakiengana salto egiten dutela esateko modu teknikoa. Espezie batetik besterako jauzia ukipenaren hurbiltasunak eta erregulartasunak baldintzatzen dute, eta horrek guztiak sortzen du gaixotasunak eboluzionatu behar duen ingurunea. Gizakien eta animalien arteko interfaze hori aldatzen denean, gaixotasun horien eboluzio-baldintzak ere aldatzen dira. “Lau labeen” atzean [Txinako lau ingurune infekziosoenak, Wuhan da horietako bat], beraz, munduko industria-zentroei eusten dien labe funtsezkoago bat dago: nekazaritzaren presio ebolutiboaren eltzea eta urbanizazio kapitalista. Honek guztiak gero eta suntsigarriagoak diren izurriteak sortzen diren ingurune ideala eraldatu egiten du, jauzi zoonotikoak egitera bultzatzen du, eta, orduan, giza populazioaren bidez modu oldarkorrean jaurtitzen dira. Horrez gain, ekonomiaren bazterretan gertatzen diren prozesu biziak ere badaude, non tokiko ekosistematan gero eta zabalagoak diren nekazaritza politikek, gero eta jende gehiago andui basati gehiagorekin kontaktuan jartzera bultzatzen duten. Koronabirusik berrienak, jatorri basatian eta munduko ekonomiaren nukleo oso industrializatuan zeharreko bat-bateko hedapenean, gure izurrite politiko-ekonomikoen aro berriaren bi dimentsioak erakusten ditu”.

Baina ez dezagula pentsa kontu hauek eztanda egin dutenik Txinako bilakaeragatik. Ondo ezagunak dira XVIII. mende amaieratik: Londresko behitegi erraldoietan lehenbizi, eta Afrika hego-ekialdean gero, antzeko izurriak zabaldu ziren. Pandemia haien aurkako borroketan oinarritzen dira egunotan erabiltzen diren neurriak: abere-jatorriak suntsitu, jendea isolatu, higiene neurriak aplikatu eta, asmatzen direnean, txertoak. Azken hauen apologistek, gerora, gaixotasunen desagertzearen arrazoi bakartzat jotzen dituzte.

Bilakaera bat suertatu da lehen industrializazioko izurrite haietatik XXI. mendetakora, eta horrela laburbiltzen du aipaturiko artikuluak: “XVIII. mendeko azienda ingelesen epidemiak, argi eta garbi kapitalista zen azienda izurrite baten lehen kasua izan ziren, eta Afrikan 1890eko hamarkadako behi izurritearen agerraldia inperialismoaren holokausto epidemiologikorik handiena [Afrika hegoaldeko ganaduaren %80-90 desagerrarazi zuena eta sekulako hondamendia, gosetea, eta abar]. Gerora “gripe espainiarra” etorri zen, [Lehen Mundu Gerraren mobilizazioak hedatua 1917tik aurrera eta 50 milioi pertsonarekin akabatu zuena], proletalgoaren baitan hedatu zen lehen kapitalismoaren izurrite global gisa uler litekeena”.

Bilakaera esponentzial baten ondorioz, mugara iritsi gara azken hamarkadotan: “Bizitza salbaia” desagertua da ia, eta gero eta presio handiagoa jasaten duten azken inguruneetan, lehenago isolatuta zeuden birus-anduiek azkarrago eta bortitzago zeharkatzen dituzte desagertzear zeuden mugak. Ailegatzen direnean bizi baldintza oso eskasetan bizi diren milioika biztanleen inguruetara –elikaduran, higienean, lan- eta etxe-baldintzetan, osasun zerbitzuetan, kontaminazioan…– lehergailu kontrolaezina bihurtzen dira. Gehitu horri egungo interkonexio globala, eta bertan dugu egungo eta datorren munduko errealitate gordina.

3. Ekonomia, produkzioa

Pandemiarekin batera eztanda egin duen krisi ekonomikoaz, haren albo-kalte bati buruz bezala ari gara ia: berarekin etorriko den desazkundeaz, atzeraldiaz, langabeziaz… 1918ko pandemiaren inguruko egoerarekin alderatuz, txikiagoak izango badira ere eragindako hildakoak, ondorengo krisi ekonomikoa askoz ere larriagoa izango da: “Azken lau hamarkadetan garatu den sistema ekonomiko globala 1918koa baino askoz ahulagoa, da, nahiz eta orduan Europa suntsituta egon Gerra Handiaren ondoren”, zioen Guy Standing ekonomialariak joan den martxoaren 17an. Eta hilabete geroago Édouard Philippek, Frantziako lehen ministroak, honako hau: “Osasun larrialdiaz gain, ekonomiaren krisi izugarria eragingo du, munduaren historian, sekula ez da gertatu halako geldialdi masibo eta orokorrik orain arte”. Beste era batera, horrela dio Mario Lazzaratok: “Kapitalismoa ez zen inoiz atera 2007/2008ko krisialditik. Birus hau kapitalisten, bankarien eta politikarien ilusioan txertatu da [eta populazio osora zabaldu], eta dena lehen bezala izan dadin lortzeko, protesta-mugimenduek eragin ezin izan zuten greba orokor, sozial eta planetarioa aldarrikatu dute haiek. Bere funtzionamenduaren blokeo osoak erakusten du, mugimendu iraultzailerik ezean, kapitalismoa inplosionatu egin daitekeela, eta haren usteltzea mundu guztia kutsatzen ari dela. Horrek ez du kapitalismoaren amaiera esan nahi, baizik eta haren agonia luzea, nekagarria, mingarria eta basatia izan litekeela

Azken krisi sanitariora itzuliz, eta Lazzaratok dioen moduan, “azken 50 urteetako errentak biltzeko mekanismoak belauniko jarri du osasun-sistema, eta ahuldu egin du osasun-larrialdiei aurre egiteko haren gaitasuna. Osasun-arretako gastuetan egindako murrizketez gain (37 milioi dolar azken hamar urteotan Italian, esaterako), medikuen eta osasun-langileen kontrataziorik ezak, ospitaleen etengabeko itxierak eta produktibitatea handitzeko gainerako jardueren kontzentrazioak, ‘New Public Management’-eko dogmari jarraitzen dio; ‘zero ohe, zero stock’ kriminala besterik ez dute aplikatu. Asmoa da ospitalea industriaren ‘just in time’ (behar den une berean) fluxuen logikaren arabera antolatzea: ez da ohe bakarra hutsik geratu behar, hori galera ekonomikoa baita. Kudeaketa hori ondasunei aplikatzea –langileak aipatu gabe!– gatazkatsua izan zen, baina gaixoengana zabaltzea erotzeko modukoa da. ‘Zero stocka’ ekipamendu medikoei ere badagokie; eta sendagaiei, maskarei eta abarrei, industriak duen egoera berean baitaude, eta, beraz, ez dute arnasgailurik stockean, eta horiek ekoitzi behar dituzte behar dituztenean. Denak egon behar du ‘just in time’ (behar den unean); hori da lege sakratua. Krisi honen erdian, inork ez du orain arteko monopolioak ukituko diren seinalerik adierazi… Jasaten ari garen kapitalismoa, formula batean jartzeko, goi-teknologiako XIX. mendeko kapitalismoa da, darwinismo sozialaren funtsa duena –garaiko klase-borroka heroikorik gabe!–, ‘Kapitalismo Digitala, Ezagutzaren Kapitalismoa’ baino gehiago. Zientziak eta teknologiak ez dute etekin-makinaren izaera zehazten, klase-desberdintasunak sortzea eta erreproduzitzea errazteko baino ez dute funtzionatzen!”.

Atal asko ditu egoera honek, baina garbi edukitzea merezi duena, haren barne logika da, aspalditik datorrena eta aspaldian irauteko sekulako ahaleginean ari dena: orain arteko krisi larrietan bezala, sistema osoa amildegiaren ertzean jartzen dute kolapso gero eta indartsuagoek, baina, azken batean, sakrifizio masiboen bidez gainditzen dira, merkatua/biztanleria soilduz eta aurrerapen teknologikoen erabilera zapaltzailea areagotuz. Azkenik, praktika mediko modernoak baliatzen dira hori guztia sendotzeko.

ERREFERENTZIAZKO ITURRIAK:

José R. Loayssa: Confinamiento total: un golpe brutal e injustificado.

Chuang kolektiboa: Social Contagion. Microbiological Class War in China.

Contagio social: guerra de clases microbiológica en China.

Guy Standing: Coronavirus, Economic Crisis and Basic Income.

Mario Lazzarato: ¡Es el capitalismo, estúpido!




PENTSAMENDU ERRADIKALA SALBUESPEN EGOERAN

Pandemia heldu artean, “osasunaren aldeko” eta “gaixotasunaren aurkako” gerran, ia egunero heltzen zitzaizkigun frontetik berriak, onak gehienetan: botika berri baten onarpena, minbiziaren aurkako terapia berritzailea… Osasun (ia) perfektu baten aldekoa zen gure Ebanjelio Berria: gaixotasunaren eta izurri guztien amaiera iragartzen zuen bizitza eternal beti gazte baterantz ginderamatzan kohetea.

Baina larrialdiak tupustean aldatu du pertzepzio hura, eta barea zirudiena, enbatak jotako itsaso zakarra bihurtu zaigu. Osasunbidean geundenok, Patogenian murgildu gara modu PandemikoanPato hori gaixotasuna da, baina baita pathos ere, patua. Gen, sortzea da. Patogenia: gaixotasuna sortzeko gaitasuna, baina baita destino bat sortzekoa ere. Pandemia: Pan (osoa) eta demos (herria): “Guztioi dagokiguna”, beraz.

Gerra aipatu dut, agintarien hizkuntzari men eginez, eta gerra guztietan, egia, lehen gorpua. Ez dugu ur handietako murgilketa honetatik onik ateratzeko pretentsiorik, beraz. Hiru agertokiz arituko gara: bat, krisi sanitarioa; bi, pandemiaren iturria; eta hiru, lurrikara ekonomiko-produktiboa. Bigarren atalean, prozesu honek azaleratu dituen zenbait eztabaida eta lerratze komentatuko ditugu. Jakinda ere berehalako erantzun edo erabakirik pertsonalena, eta gogoetarik “abstraktuena”, uste ohi dugun baino korapilo estuago batez daudela lotuak. Osasunaren analogiari jarraiki, diagnostiko baten ondoren, pronostiko eta tratamendu politikoez arituko gara.

(Larrun-eko azala: Joseba Larratxe, Josevisky)

PANDEMIAREN AGERTOKIAK

Sistema sanitarioa

Egunerokoak ahaztera bultza bagaitzake ere, hau ez da “osasun krisi bat” izaten ari, baizik eta sistema sanitarioaren krisia. Alarma guztiak piztu ziren, ez gaixotzen eta hiltzen ginelako, baizik eta ospitaleak eta gainontzeko azpiegituren kolapsoa aurreikusten eta gertatzen hasi zelako. Pandemia batek eragindako sistema sanitarioaren krisi bat bizi dugu, beraz.

Egoera horri aurre egiteko, bi diskurtso zabaldu ziren sistemaren barnetik. Onarpen zabalenekoak, ia bat-batekoak, “osasuna” eta “sistema sanitarioa” gauza bera eta bakarra bezala tratatzen ditu, eta dio: “Eraso bat dugu: birus berri batena; horren aurkako babesa, sistema sanitarioa. Erasoa gaindituko da txertoa, ailegatzen denean. Bitartean ondo ezagutzen ditugun neurri pandemikoak zorrozki bete behar dira”.

Baina medikuen artean ere, hori erabat ukatu gabe –birusarena, pandemiarena– eztabaidak sortu ziren horri aurre egiteko neurrien inguruan. Laburbilduz: “Birusak heriotzaren azken eragile modura funtzionatzen du, baina ezin da sostengatu heriotzaren ‘arrazoi’ gisa”. Beraz, eta kontuan hartuta konfinamenduak berarekin dakarzkidan ondorio kaltegarriak –baita jende askoren osasunean ere–, zalantzazkoak dira hartutako neurriak. Ñabardura hori laburbiltzeko, har genezake Europan bertan beste politika bat jarraitu duen herrialdea: Suedia. Nazioarteko Ekonomia Politikorako Europako Zentroko zuzendariaren hitzetan: “Entzierroaren teoriaren eraginkortasuna ez da frogatu eta, beraz, ez da Suedia masa-esperimentu bat egiten ari dena. Gainerako guztiak dira horretan ari direnak”.

Argazkia Dani Blanco
Argazkia: HHS.GOV

Baina neurriak, hauek ala besteak, sekulako presiopean hartuak izan dira, eta abiarazi duten makinariak ez zuen ñabarduretako tarterik uzten. Iruñeko ZIUko sendagile baten hitzek laburbildu lezake egoera: “Gaixotasun oso larri baten aurrean gaude. Kasurik okerrenean, gertatutakoaz ohartzen ez bagara, litekeena da hurrengo urteetan etorriko denaren aurrerapena izatea: patogeno gero eta kutsagarriagoak eta hilgarriagoak. Edozein gorabehera epidemiologikoren aurrean bizkor jarduteko prestatu behar dugu, eta horretarako, gure produkzio- eta bizi-modua aldatu. Osasun publiko sendoa, babes zibil egokia, jendearen beharren zerbitzurako industria farmazeutikoa eta ordezkatzen duten gizartea errespetatuko duten lidergoak behar ditugu. Hori guztia gabe, egoera oso iluna da”. Baina aurretik, ohartarazten zuen: “Ospitaleekiko mendekotasuna erabatekoa da, eta konfiantza falta handia elkar zaintzeko dugun gaitasunean”.

Epidemiaren jatorria

Tamaina honetako krisi eta mobilizazioek tupustean gertatu denaren inpresioa sortzen dute; ekaitza lehertzen denean bezala. “Inork aurreikusi ezin zezakeen gaitzak” jo gaitu, diote agintariek. Badakigu, halere, kontuok iragarriak zeudela eta haien arrazoiak –gerra biologikoak eta geopolitika aparte utzita– erraz ulertzeko moduko jatorri bat dutela: adiera bakarrean, “hondamendi ekologikoa” eta, zehatzago esanda, abeltzaintzaren eta elikagai-ekoizpen osoaren industrializazio intentsiboa, azken 5-6 hamarkadetan mundu mailako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bide bakar gisa inposatu dena. Ez gara jabetu, nonbait, hondamendia neurri esponentzialetara pasa dela. Eraginak eta kalteak ez doazela batzen, biderkatzen eta potentziatzen baizik.

Stringer (Getty) / EPV

“Gaur egungo epidemiaren azpian dagoen birusa, bere 2003ko aurrekoa bezala, bai eta hegazti-gripea eta haren aurreko zerri-gripea ere, ekonomiaren eta epidemiologiaren arteko loturan sortu zen… Gaixotasun berriak gizakiengana zabaltzea transferentzia zoonotiko deritzonaren ondorioa da ia beti, hots, infekzio horiek animaliengandik gizakiengana salto egiten dutela esateko modu teknikoa. Espezie batetik besterako jauzia ukipenaren hurbiltasunak eta erregulartasunak baldintzatzen dute, eta horrek guztiak sortzen du gaixotasunak eboluzionatu behar duen ingurunea. Gizakien eta animalien arteko interfaze hori aldatzen denean, gaixotasun horien eboluzio-baldintzak ere aldatzen dira. “Lau labeen” atzean [Txinako lau ingurune infekziosoenak, Wuhan da horietako bat], beraz, munduko industria-zentroei eusten dien labe funtsezkoago bat dago: nekazaritzaren presio ebolutiboaren eltzea eta urbanizazio kapitalista. Honek guztiak gero eta suntsigarriagoak diren izurriteak sortzen diren ingurune ideala eraldatu egiten du, jauzi zoonotikoak egitera bultzatzen du, eta, orduan, giza populazioaren bidez modu oldarkorrean jaurtitzen dira. Horrez gain, ekonomiaren bazterretan gertatzen diren prozesu biziak ere badaude, non tokiko ekosistematan gero eta zabalagoak diren nekazaritza politikek, gero eta jende gehiago andui basati gehiagorekin kontaktuan jartzera bultzatzen duten. Koronabirusik berrienak, jatorri basatian eta munduko ekonomiaren nukleo oso industrializatuan zeharreko bat-bateko hedapenean, gure izurrite politiko-ekonomikoen aro berriaren bi dimentsioak erakusten ditu”.

Baina ez dezagula pentsa kontu hauek eztanda egin dutenik Txinako bilakaeragatik. Ondo ezagunak dira XVIII. mende amaieratik: Londresko behitegi erraldoietan lehenbizi, eta Afrika hego-ekialdean gero, antzeko izurriak zabaldu ziren. Pandemia haien aurkako borroketan oinarritzen dira egunotan erabiltzen diren neurriak: abere-jatorriak suntsitu, jendea isolatu, higiene neurriak aplikatu eta, asmatzen direnean, txertoak. Azken hauen apologistek, gerora, gaixotasunen desagertzearen arrazoi bakartzat jotzen dituzte.

Bilakaera bat suertatu da lehen industrializazioko izurrite haietatik XXI. mendetakora, eta horrela laburbiltzen du aipaturiko artikuluak: “XVIII. mendeko azienda ingelesen epidemiak, argi eta garbi kapitalista zen azienda izurrite baten lehen kasua izan ziren, eta Afrikan 1890eko hamarkadako behi izurritearen agerraldia inperialismoaren holokausto epidemiologikorik handiena [Afrika hegoaldeko ganaduaren %80-90 desagerrarazi zuena eta sekulako hondamendia, gosetea, eta abar]. Gerora “gripe espainiarra” etorri zen, [Lehen Mundu Gerraren mobilizazioak hedatua 1917tik aurrera eta 50 milioi pertsonarekin akabatu zuena], proletalgoaren baitan hedatu zen lehen kapitalismoaren izurrite global gisa uler litekeena”.

Bilakaera esponentzial baten ondorioz, mugara iritsi gara azken hamarkadotan: “Bizitza salbaia” desagertua da ia, eta gero eta presio handiagoa jasaten duten azken inguruneetan, lehenago isolatuta zeuden birus-anduiek azkarrago eta bortitzago zeharkatzen dituzte desagertzear zeuden mugak. Ailegatzen direnean bizi baldintza oso eskasetan bizi diren milioika biztanleen inguruetara –elikaduran, higienean, lan- eta etxe-baldintzetan, osasun zerbitzuetan, kontaminazioan…– lehergailu kontrolaezina bihurtzen dira. Gehitu horri egungo interkonexio globala, eta bertan dugu egungo eta datorren munduko errealitate gordina.

Ekonomia, produkzioa

Pandemiarekin batera eztanda egin duen krisi ekonomikoaz, haren albo-kalte bati buruz bezala ari gara ia: berarekin etorriko den desazkundeaz, atzeraldiaz, langabeziaz… 1918ko pandemiaren inguruko egoerarekin alderatuz, txikiagoak izango badira ere eragindako hildakoak, ondorengo krisi ekonomikoa askoz ere larriagoa izango da: “Azken lau hamarkadetan garatu den sistema ekonomiko globala 1918koa baino askoz ahulagoa, da, nahiz eta orduan Europa suntsituta egon Gerra Handiaren ondoren”, zioen Guy Standing ekonomialariak joan den martxoaren 17an. Eta hilabete geroago Édouard Philippek, Frantziako lehen ministroak, honako hau: “Osasun larrialdiaz gain, ekonomiaren krisi izugarria eragingo du, munduaren historian, sekula ez da gertatu halako geldialdi masibo eta orokorrik orain arte”. Beste era batera, horrela dio Mario Lazzaratok: “Kapitalismoa ez zen inoiz atera 2007/2008ko krisialditik. Birus hau kapitalisten, bankarien eta politikarien ilusioan txertatu da [eta populazio osora zabaldu], eta dena lehen bezala izan dadin lortzeko, protesta-mugimenduek eragin ezin izan zuten greba orokor, sozial eta planetarioa aldarrikatu dute haiek. Bere funtzionamenduaren blokeo osoak erakusten du, mugimendu iraultzailerik ezean, kapitalismoa inplosionatu egin daitekeela, eta haren usteltzea mundu guztia kutsatzen ari dela. Horrek ez du kapitalismoaren amaiera esan nahi, baizik eta haren agonia luzea, nekagarria, mingarria eta basatia izan litekeela

Azken krisi sanitariora itzuliz, eta Lazzaratok dioen moduan, “azken 50 urteetako errentak biltzeko mekanismoak belauniko jarri du osasun-sistema, eta ahuldu egin du osasun-larrialdiei aurre egiteko haren gaitasuna. Osasun-arretako gastuetan egindako murrizketez gain (37 milioi dolar azken hamar urteotan Italian, esaterako), medikuen eta osasun-langileen kontrataziorik ezak, ospitaleen etengabeko itxierak eta produktibitatea handitzeko gainerako jardueren kontzentrazioak, ‘New Public Management’-eko dogmari jarraitzen dio; ‘zero ohe, zero stock’ kriminala besterik ez dute aplikatu. Asmoa da ospitalea industriaren ‘just in time’ (behar den une berean) fluxuen logikaren arabera antolatzea: ez da ohe bakarra hutsik geratu behar, hori galera ekonomikoa baita. Kudeaketa hori ondasunei aplikatzea –langileak aipatu gabe!– gatazkatsua izan zen, baina gaixoengana zabaltzea erotzeko modukoa da. ‘Zero stocka’ ekipamendu medikoei ere badagokie; eta sendagaiei, maskarei eta abarrei, industriak duen egoera berean baitaude, eta, beraz, ez dute arnasgailurik stockean, eta horiek ekoitzi behar dituzte behar dituztenean. Denak egon behar du ‘just in time’ (behar den unean); hori da lege sakratua. Krisi honen erdian, inork ez du orain arteko monopolioak ukituko diren seinalerik adierazi… Jasaten ari garen kapitalismoa, formula batean jartzeko, goi-teknologiako XIX. mendeko kapitalismoa da, darwinismo sozialaren funtsa duena –garaiko klase-borroka heroikorik gabe!–, ‘Kapitalismo Digitala, Ezagutzaren Kapitalismoa’ baino gehiago. Zientziak eta teknologiak ez dute etekin-makinaren izaera zehazten, klase-desberdintasunak sortzea eta erreproduzitzea errazteko baino ez dute funtzionatzen!”.

Atal asko ditu egoera honek, baina garbi edukitzea merezi duena, haren barne logika da, aspalditik datorrena eta aspaldian irauteko sekulako ahaleginean ari dena: orain arteko krisi larrietan bezala, sistema osoa amildegiaren ertzean jartzen dute kolapso gero eta indartsuagoek, baina, azken batean, sakrifizio masiboen bidez gainditzen dira, merkatua/biztanleria soilduz eta aurrerapen teknologikoen erabilera zapaltzailea areagotuz. Azkenik, praktika mediko modernoak baliatzen dira hori guztia sendotzeko.

Artistak lanean New York-eko Times Square-n. (Arg.: AP)

PARADOXEN POLITIZAZIOA

Hiperrealitate apokaliptikoan

Hiper-errealitatea gauzen munduari buruzko irudimenezko plano agregatu bat da, ordezten duen horrek baino existentzia-maila handiagoa hartzen duena. Hautematen dugun guztia irudi, simulazio eta birtualizazioen bidez neurtzen da: sarean gertatzen denak pisu handiagoa du espazio/denbora ukigarrian gertatzen denak baino. Egungo ekonomia, horren muturreko lekuko: finantzek agintzen dute, eta finantzen “errealitatea” birtuala da, “inork menderatzen ez dituen” ausazko algoritmoek gobernatua. Aspaldian hiperrealitate batean bizi baginen ere, bakoitza bere bakardadera behartu gaituen mobilizazio orokorrean, areagotu baino ez da egin hura.

“Apokalipsiak” errebelazioa esan nahi du; zehatzago, ustekabeko eta, beraz, katastrofikoa den supituko amaiera batek agerian uzten duen errebelazioa. Askoren baitan dagoen konbikzioa da: errazagoa zaigu munduaren akabera irudikatzea kapitalismoarena baino. Edo errazagoa da milaka egoera apokaliptiko irudikatzea kapitalismoak gauza guztietan duen erabateko inpregnazioaren aurkako norabidean izandako aldaketa esanguratsu txikiena baino. Mobilizazio orokor harrigarri honen saldan apalduak zeuden eztabaida ugari piztu edo berpiztu ditu baita ere, eta horrek eragindako kontrasteak orain arte muga lanbrotsuetan mugitzen ziren jarrerak agerian uzteko balio izan du. Horietako zenbait kasu modu sumarioan agertzea izango da ondoren datozen orrien xedea baina, horren aurretik, lehen konstatazioa: lehen aldia dugu historia osoan non saiatzen ari garen, orain artean “hondamendi naturaltzat” hartutako zerbait, garatu ditugun baliabide tekniko-zientifikoen bitartez aurre hartzen eta gainditzen. Jainkoa izan edo naturaren elementuak, orain artean eraikitako sistemek bitartekaritza lana egitera baino ez ziren ausartzen, haien irarengandik babestu edo haiekin negoziazio erritualak saiatuz. Orain, ordea, geu jarri gara jainkoen eta naturaren gainean, eta geuk hartu nahi (omen) dugu jainkoaren edo naturaren aginte makila.

Argazkia: Dani Blanco

Egungo egoera ulertzeko Luca Peltrinierik berriki emandako “Apokalipsi berezitua” adiera deritzot egokiena. Aro honetan bizi duguna mundu baten amaiera da, azken mendeetan aurrerapen etengabearen mitoan eraikia genuenarena. Orain ordea, eta gogoz kontra eta amorraturik bada ere, jabetzen ari gara geure ondorengoek ezingo dutela nahitaez gu baino “hobe bizi” zentzu material eta sozialean. Zehazkiago, beraiei tokatuko zaiela gure gehiegikerien fakturak ordaintzea. Peltrinierik modu teknikoagoan adierazten du: “Produktuen (commodities) eta baliabideen arteko desorekaz ari gara. Berotze globala, biodibertsitatearen kolapso dramatikoa, plastikoaren eta giza ekoizpeneko beste material batzuen kutsadura globala, petrolio-gailurra, orain arte aurrerapena irudikatu den modu zehatzaren mende dagoen apokalipsi baten alderdi batzuk baino ez dira. Hau da, ekoizpenaren intentsifikazioari eta, batez ere, munduko “balio-kate” batean banatzeari lotutako aurrerapen materialarena; munduko ekonomiaren zirkuituen arteko gero eta lotura estuagoan funtzionatzen duenarena.

Tupustean gainera jausi zaiguna iragarria zen aurretik ere: nork ez zuen espero hondamendi finantzario-ekonomikoa? Nork ez zuen poloen urtzearen, neurriz kanpoko suteen, urakan ugalduen, intsektu polinizatzaileen desagertzeen berririk? Eta zer dela eta jarraitzen zuen denak berdin guregan? Zergatik gertatzen da disonantzia kognitibozko egoera hori? Lehenik eta behin, fenomeno horiek onartezinak zaizkigulako gure askatasun-idealari eusten badiogu. “Gure patua aukeratzeko edo eraikitzeko askatasuna” deitzen duguna gure kontsumo-gaitasunarekin lotuta dago; eta “etorkizuna”, merkatu batek eskaintzen dituen aukeren arabera imajinatzen dugu.

Biopolitika, azken bidegurutzean

“Noiz itzuliko gara normaltasunera?” amesten dugu, baina badakigu amets inozoa dela, alferrik ari direla sasi-apez aditu onbera guztiak ordena berreskuratzeko eginahalean, haien imintzio eta begitarte urduriek salatzen duten eran. Eutsi egin beharko genioke salbuespen-pertzepzio horri, bakoitzak ahal duen dosiaz. Gordinki esanda: “Muga berria mozala da. Arnasten duzun aireak zurea baino ez du izan behar. Muga berria zure epidermisa da. Lampedusa berria zure azala da”, Paul B. Preciadok adierazi bezala. Eta Europak eraiki dituen mugez ari denean: “Muga nekropolitiko berria Greziako kostaldetik etxe pribatuko ateraino etorri zaigu. Muturrean egin dizu eztanda egunotan Calaisek… Birusak, gure irudiaren arabera jokatzen du; estatuen mugetan dagoeneko lanean ari ziren kudeaketa biopolitiko eta nekropolitiko nagusiak erreplikatu, gauzatu, areagotu eta herritar guztiengana zabaltzea besterik ez du egiten. Horregatik, jendarte bakoitza, mehatxatzen duen izurriteak eta haren aurrean antolatzeko moduak definitzen du”.

Ez da uneko ateraldia. Preciadok beste zenbaiten aspaldiko gogoeta bati jarraitzen dio. Jendarte bakoitzak unean uneko gaixotasun ikonikoaren inguruan bere immunizazioa landu du, argi eta garbi Modernitatea gailendu zenetik: sifilia, tuberkulosia, minbizia, hiesa… Roberto Espositoren hitzak erabiliz: “Biopolitika oro [bizitzaren eta politikaren arteko lotura] da immunologikoa: komunitatea definitzen du, eta hierarkia bat ezartzen du non immunetzat hartzen diren gorputzak eta komunitateak arriskugarritzat jotzen dituenak bereizten diren, azken hauek baztertzeko. Hori da biopolitikaren paradoxa: babes-ekintza orok komunitatearen definizio immunitarioa eskatzen du, eta horren arabera, komunitateak bere buruari emango dio beste bizitza batzuk sakrifikatzeko aginpidea, subiranotasunaren ideia baten mesedetan. Salbuespen-egoera, paradoxa jasanezin horren normalizazioa da”.

Preciadoren hitzetan, “europarrok komunitate erabat immune gisa eraikitzea erabaki dugu, Ekialdera eta Hegoaldera itxia. Energia-baliabideen eta kontsumo-ondasunen ekoizpenaren ikuspegitik, Ekialde eta Hegoalde horiek, gure biltegi dira. Greziako muga itxita, Turkia eta Mediterraneo inguruko uharteetan eraiki ditugu aire zabaleko atxiloketa-zentro handienak. Hala, immunitate-forma bat lortuko genuela amestu genuen. Paradoxa badirudi ere, Europaren suntsiketa Europako komunitate immune bat eraikitzearekin hasi zen, europarron barne mugimendu askea sustatuz, eta erabat itxiz atzerritarrentzat eta migratzaileentzat”.

“Covid-19aren kudeaketa politikoak, bizitzaren eta heriotzaren administrazio gisa, subjektibotasun berri baten inguru zehatzak marrazten ditu. Krisiaren ondoren asmatuko dena komunitate immunearen utopia berri bat da, baita gorputza kontrolatzeko modu berria ere. Covid-19ak egiten duen tekno-patriarkatu neoliberalaren subjektuak ez du azalik, ukiezina da, ez du eskurik. Ez trukatu ondasun fisikorik, ez ukitu txanponik, kreditu-txartelarekin baino ez ordaindu. Subjektu berri horrek ez du ezpainik, ezta mihirik ere. Ez du zuzenean hitz egiten, ahots-mezu bat uzten du. Ez da biltzen eta ez da kolektibizatzen. Erabat gizabanakoa da. Ez du aurpegirik, maskara du. Haren gorputz organikoa ezkutatu egiten da, maskaratzat balio duten protesi zibernetiko zenbaiten atzean: posta elektronikoko helbidearen maskara, Facebook kontuaren maskara, Instagramen maskara. Ez da eragile fisiko bat, kontsumitzaile digital bat baizik, tele-ekoizle bat, kode bat, pixel bat, banku-kontu bat, izen bat duen ate bat, Amazonek bere eskaerak bidal ditzakeen helbide bat”.

Normaltasun letala eta zenbait zedarritze argigarri

Modu askotara eta ikuspuntu ezberdinetatik ari zaigu errepikatzen aspaldian genekiena: orain arteko “normaltasuna” eromena da; ekonomikoki eta ekologikoki, sostengaezina; sozialki, kriminala. Jakinarazten ari zaigu, baita ere, krisi hau iragarria zela eta, are gehiago, ez duela amaitzeko itxurarik. Politikarien azken asteetako mezuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: “Ahaztu lehengo garaietako ‘normaltasuna’; gure harremanetarako eta sozializatzeko formak errotik aldatu beharrean gaude, ez soilik bizi-irauteko, baita komunitate posible bakarreko baldintza gisa ere”. “Obeditu!” oihukatzen zaigu, “izan arduratsu!”, nondik eta egoera honetara ekarri gaituztenen ahoetatik. Betiko dikotomia perbertsoa muturrera eramanez: “Nire Ordena ala Kaosa, Galbidea, Akabera”. Baina zer egin akabera eta agintzen zaigun ordena gauza bera eta bakarra direnean?

Lehen aipatu bezala, apokalipsia mailakatua da. Munduko leku askotan modu gordinenean gauzatu da dagoeneko, eta beste zenbaitetan –Indian, Ameriketako lurralde askotan, kasu– oso gertutik bizi dute. Baina bada egoeraren beste aldagai bat alde batera utzi beharko ez genukeena: Trump, Bolsonaro, Salvini edo Orban bezalako agintarien gorakadan irudikatzen dena. Zer dela eta dute arrakasta agintari horiek? Haien sostengatzaileek zuzen edo zeharka jasotzen duten diskurtsoa hauxe da: “Utzi kontuok gure esku eta zuek, katastrofetik libratuko direnen artekoak izango zarete. Geuk garbituko dugu benetako Herria zikintzen duen zabor hori guztia: atzerritarrak, pobreak, musulmanak, alferrak, marikoiak…”. Eta sostengatzaile horien salbaziorako behar diren baldintzak “negoziatzen” ari dira elite horiek beraiek ordezkatzen dituzten eliteekin, hondamendiaren baitan eta ondoren salbaziorako beharko lituzketen neurriekin. Zein mailaraino neurri horiek diren jasangaitzak, kriminalak edo suizidak, hori gure salbatzaileen eta haien adituen esku uzten dugu. Ez da historian lehen aldia izango jende uholdea urkamendira kantari desfilatzen ikusiko dena.

Gurera etorriz, ez al dago jeltzaleen hegemonia gero eta argiagoan, eta baita haren laguntzaile edo oposizio politikoek zuzentzen dizkieten kritiketan, zentzu berdineko promesa bat? Ez al dugu “Euskal Herria Subirano” baten ametsaren azpian gure herri maitatuaren burbuila bat eraikitzeko amets-ahalegin itsu antzua? Ez al ditu gure indar behinenak xahutzen amets horrek, “krisi honen okerrena pasatuta, denok bat eginda gure ongizateari eusteko gai izango gara beste behin ere” bezalako ameskeriatan?

Italian egin zuen pandemiak eztanda Europan, baita inoizko eztabaida gogorrenak eragin ere hainbat jarrera publikoen artean. Detonatzailea, Giorgio Agambenek otsailaren 26an argitaratu zuen artikulua: Epidemia baten asmakizuna”. Honek eta haren ondorengoek erantzun bortitzak eragin zituen beste pentsalari europar eta amerikar askorengandik, eta aldeak gorabehera, lerratze argi bat probokatu du: marxista iraultzaileen erreferentziazko pentsalariek (Badiou, Zizek, Flores d’Arcais, Lazzarato eta beste asko) alde batetik eta, bestetik, “foucaultiar” etiketapean jarri litezkeenak (Agamben, Esposito, Preciado, Paltrinieri, Cayley eta abar). Bistan dena, talde berean izendatu ditudan horien artean sekulako aldeak daude, baina goazen muinera. Batzuk, “salbuespen egoeran” eta honen inplikazio guztietan jartzen dute azpimarra (Agamben: “Izurriteak erakusten du salbuespen-egoera ohikoa bihurtu dela”). Besteek, berriz, onartzen dituzte hartu diren neurriak, askotan Txina eta Hego Korea jartzen dituzte jarraitzeko eredutzat, eta komunismoaren gaurkotasunaz ari zaizkigu. Su gurutzatu bat gertatzen ari da eta, zenbaitetan, “talde berekoen” artekoa ere bai. Badiou: “Epidemiak berresten duena da, nolabait, ‘ezer berririk ez egungo zeruaren azpian…’. Betebehar horiek [modu diziplinatuan konfinamendua bete, eta gainontzekoei gauza bera egin zezaten eskatu], egia da, gero eta inperatiboagoak dira, baina ez dute eskatzen, lehenengo azterketa batean behintzat, pentsamendu berri bat aztertzeko edo eratzeko ahalegin handirik. Baina gauza gehiegi irakurtzen ditut harritzen nautenak adierazten duten asalduragatik eta gure egoerari dagokionez guztiz desegokia izateagatik… Adierazpen larri horiek, deialdi patetiko horiek, salaketa enfatiko horiek mota desberdinetakoak dira, baina guztiek dute elkarrekin erdeinu bitxi bat egungo egoeraren sinpletasun beldurgarriarekiko, eta egungo epidemia-egoeran berritasunik gabeko errealitatearekikoZizek: “Komunismo zabal baten ordua heldu da… Ez naiz ni, OMEko zuzendaria da esaten ari dena, nazioz gaindiko lankidetza behar dugula gainean dugun hau eta datozenak gainditzeko, eta Will Hutton bezalako ekonomialariak: ‘Gaur egun, merkatu librean oinarritutako globalizazio modu arautu gabea hiltzen ari da, krisiak eta pandemiak izateko joera baitu. Baina ebidentzian oinarritutako ekintza kolektiboaren elkarrekiko mendekotasuna eta nagusitasuna onartzen dituen forma berri bat sortzen ari da’… Ez da utopia; berekoikeriaz ere geratzen zaigun irtenbide bakarra baizik”.

Bestaldekoek ez dute jarrera hain propositiborik, baizik eta azaleratzen ari den sakoneko dinamikak eta krisiak erakusten duenaren gainean ari dira gogoetatzen. Zerbait aipatu dut Paltrinierik edo Preciadok esan dutenen gainean, baina ez legoke gaizki kontuan hartzea honek guztiak duen déjà vu baten usaina. 70eko hamarkadan, kapitalismoaren bilakaerak ekologian zituen eraginen inguruko lehen alarma larriak hasi zirenean publiko zabalera heltzen, lehen “petrolioaren krisiak” eztanda egin baino lehen ere, Europako eta Ameriketako ezkerreko pentsalari handi asko marxistek zuten hegemonia nabarmen ahultzen eta pitzatzen hasi zirenean, estilo bereko “gerra” piztu zen. Foucault izan zen intelektual “ez lerratu” haietako bat. Ivan Illich beste bat. Lehena ez bezala, ia erabat ahaztua izan zen gerora bigarrena, eta argigarria da egunotan nola zenbait ahots ari garen aldarrikatzen haren pentsamendua. Horrela dio David Cayleyk: “Illich-en arabera, medikuntza garaikideak botere politikoa du une oro, baina izaera hori ezkutuan egon daiteke dena ‘zaintzaren’ izenean egiten delakoan. Eguneroko botere hori, are gehiago zabal daiteke krisiaren erritualizazioarekin. Horrek medikuntzari normalean militarrek bakarrik erreklama dezaketen lizentzia ematen dio… XX. mendeko bigarren erdian “gure gorputzen eta geure buruaren” esperientzia, kontzeptu eta zainketa medikoen emaitza bihurtu zen”. Bestela esanda, Medical Nemesis bere buruaz jabetzeko teknika-saretik kanpo dagoen gorputz natural bat balitz bezala idatzi zuen, baina gerora ikusi zuen ez dagoela horrelakorik. “Une historiko bakoitza garaiko gorputz jakin batean haragitzen da”. Medikuntzak, lehendik zegoen egoera batean jarduteaz gain, egoera horren sorreran parte zuzena hartzen du”. Ez diot hari honi jarraituko, ezinbestekoa iruditzen bazait ere. Seinalatu baino ez Illichen tesiak indar handiz zabaltzen ari zirenean berehala jaso zutela neo-marxisten eraso zuzena. Laburbilduz: arbuiagarriak dira gure dogmetatik abiatzen ez diren planteamendu kritiko eraldatzaileak. Are gehiago haiek ere gogoeta eta ekimen sakonak bultzatzeko gai badira. Orduan bezala orain ere, nahiz eta askoz ahulagoak izan egun haien “kapital eragilea”.

Paradoxen politizazioa

Zer egin?, izan oi da krisialdietako galdera. Eta erantzun posibleek hainbat joera okerrei egin behar diete aurre. Horietako lehena inertzia da: orain arte egin dugunarekin jarraitzera eramaten gaituena. Horien artean, pentsamenduak duen prentsa txarra gainditzea. Ekintzarako joera konpultsiboak galdu ditu, gehienetan, eraldaketa sakonetarako premia erraietan sentitzen zutenak. Erantzun sinplerik ez dagoenez –inork ez daki non eta nola egongo garen hilabete gutxi barru– ezinbesteko dugu paradoxetan murgildu eta mugitzen ikastea. Azken horien artean, perbertsiora garamatzaten asko jartzen zaizkigu aurrean egunotan.

“Hurkoa ez ukitzea da maitasun seinalerik behinena”; “aginduak obeditzea da erresistentziarik eraginkorrena”; “guztion artean egin behar diogu aurre modu arduratsuan pandemiari, baita horrek ahulenen suntsiketa fisiko edo psikikoa ekarriko badu ere”; “adituak eta zientzialariak entzun eta obeditu behar ditugu behingoz”; “bizitza dago ekonomiaren gainetik, ez bada bizitzak iraun dezan ezinbesteko diren jarduera ekonomikoak –gutxien ordainduak, ikusezinak, mespretxatuak eta egoera prekarioenean daudenak, gehienetan–”. Azken honi ñabardurarik txikiena egiten diona, bere burua hiltzaile zurrupatzaile makurrenen pare ikusteko zorian egongo da. Aurrera: “Ezingo dugu salbuespen-egoera honekin benetan amaitu txerto eraginkor eta unibertsal bat lortu eta denoi txerto hori jarri arte”. Txertoen inguruan galdera bat planteatze hutsa arriskutsua bihurtu da, mundu hori ezin ilunagoa izanda ere, eta interes altruistetatik guztiz urrun ibili arren (ikus Mike Davisen elkarrizketa ARGIAn).

Perbertsioak alde batera, politizazioari lotuta dago paradoxarik behinena. Uste hedatua da politizatua ideologia bati gogor atxikia den norbait dela. Baina politizazio eraldatzailearentzat joera hori oztopo da laguntza baino gehiago. Geure lan harremanek, familiakoek, intimoenek nahiz zabalenek, ezagutzen ez genituen mugetara eramaten gaituzte; errealitateak gure irrika edo desioekin egiten du talka, eta orduan jabetzen gara agintearen eta egiturazko agintekeriaren helmenez; eta zein gotorrak izan litezkeen klase interesak; eta zein barneratuak ditugun haien beharretara makurtutako joerak. Eta egoera gatazkatsu horiek guztiak hautatzera behartzen gaituzte: horra politizazioaren lehen urratsa. Askatzailea? Errazegi erabiltzen dugu hitz hori geure koldarkeria edo posizioaren defentsan egin beharreko maltzurkeriak justifikatzeko, edo gure posizioaren galera usaintzen dugunean. Ez da zilegi “normalizazioa da hondamendira garamatzana” esan, eta gure “normaltasuna” –pribilegio txiki edo handiak– lehen lekuan eta baldintza gisa planteatzea. Eta horretan, berriz diot, ez dugu denok ardura bera, baina bai, agian, funtsezko jarrera berdintsua. Paradoxak.

“Zein da orduan zure alternatiba?”, galdetzen zaidanean, “ez dut alternatibarik” erantzuten diet; eta baduenik dioena gezurretan dabil, edo sistemaren adabakiak proposatzen. Eraldaketa erradikalaren aldekook ahal moduan gabiltza lanbro artean haztaka eta dudakor. Onartu behar ditugu mugak eta agian dolu sakon bat bizitzea tokatuko zaigu, uste edo ilusio asko airean desegiten direla ikusten dugunean. “Denok ezagutzen dugu sakoneko erantzuna: salbatzeko aukera bakarra askatasun-ideia batekin amaitzea da, zeina sustengatzen den hazkunde ekonomikoaren, hautu materialen eta jabetza pribatuaren izaera sakratuetan” (Paltrinieri). Eta Preciadok, nahiko modu inozoan: “Beharrezkoa dugu mutazio behartutik nahita eragindako mutaziora igarotzea. Biopolitiken teknikez eta haien gailu farmako-pornografikoez kritikoki jabetu behar dugu. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da gure gorputzen eta biozaintza- eta biokontrol-makinen arteko harremana aldatzea: horiek ez dira komunikazio-gailu hutsak. Taldean ikasi behar dugu horiek aldatzen. Baina deslerrokatu ere egin behar dugu. Gobernuek entzierrora eta telelanera deitzen gaituzte. Ongi dakigu deskolektibizaziora eta telekontrolera deitzen gaituztela… Egin dezagun blackout handia zelatatzen gaituzten sateliteen aurka, eta imajina dezagun elkarrekin heltzear dagoen iraultzan”. Gabriel Markus: “Noiz ulertuko dugu, azkenean, gaur egungo arazoak zientzia eta teknologia hutsez konpon daitezkeela uste dugun superstizioarekin konparatuta, koronabirus arriskutsua kaltegabea dela? Ilustrazio berri bat behar dugu, mundu guztiak jaso behar du hezkuntza etikoa, zientzia eta teknika itsu-itsuan jarraitzeak dakarren arrisku handia onar dezagun”. Eta Joseba Gabilondoren gaztigua: “Ilustrazio berri bat beti ere atzeranzko pentsamendu kontserbatzailea da. Europaren agonia amaiezinaren adierazpen argiena da. Pentsamendu posteuropar baten ezaugarririk nagusienak ez du izan behar arrazionalismo indibidualista. Ikusi non amaitu dugun. Bada garaia zilbor europarrari begiratzeari uzteko eta kanpokoek zer dioten entzuteko”. Paradoxak.

Arestian aipaturiko Illichen pentsamenduaren haritik, azken bat: “Osasun publikoaren sistema baten aurka zaude, beraz?”, galdetu diote. “Inondik ere ez. Nik ere uste dut kriminala izan dela prozesu pribatizatzailea, eta osasun publikoaren kudeaketa merkatuko errentagarritasunaren parametroetara makurtu izana. Hori guztia zuritzen ari dira haien arduradunak eta, zalantzarik gabe, bere horretan jarraituko dute mugimendu indartsu batek geldiarazten ez baditu. Osasun publikoa defendatzen dut, eta baita ere medikalizazioaren kritikarik erradikalena”.

Esperantzarako joera naturalari eutsiko diot lerrook amaitzeko. Ez dugu ahaztu behar krisi honek balio izan duela, baita ere, harrotzen ari ziren hainbat mugimendu zapaldu eta bertan behera uzteko. Beste askok seinalatu dute: pandemia honen aitzakiaz ez da ezer beste gertatzen munduan: ez askoz ere hilgarriagoak diren eta sendagarri litezkeen hainbeste epidemia –milioika haurren heriotza eragiten duena, besteak beste–; hondamendi klimatikoa; emakumeen eta haurren aurkako indarkeria “naturalizatua”, gerrak eta arpilatze kolonialak… S. Lopez Petit: “Zentzugabekeria litzateke esatea, konfinamendua beharturik, errealitate zapaltzaile eta bidegabe bati askatasunerako une bat ostu diogula, baina bizi nahia Kapitalak mobilizatutako bizitzatik bereizten denean, biktima izateari uzten diogu. Boterea ikaratzen duten askatasun bitxiko uneak dira. Gu, amildegiaren ertzean jartzen gaituzte, eta, orduan, korapilo bat egiten zaigu urdailean. Ez da ziurgabetasunaren amildegia, baizik eta egiazko antzerkiak uneoro gogorarazten digun bidegurutze baten egia. Aukeratu behar dugu munduak antolatzen duen bizi-algoritmoaren terminal bat izaten jarraitu nahi dugun, edo inguratzen gaituen amesgaiztoaren etengailu bat”. Edo Pablo Sastre Forestek: “Makinatuta, bakanduta, sometituta… Kondizio guztiak ematen dira, ohiz kanpokoa arruntu dadin. Zergatik ez, datorren urtean, beste birus bat etortzen denean…? Ez da jadanik izango, Txernobilen izan zen bezala, behar biziz, ezpada, orain ezkero… halabeharrez. Aste hauetako agin-hitza: bakartzea, bera da oroz gain saihestu behar duguna. Gure hitzak, berriz, beldurretik, obedientzia itsutik, bizitza eurekin daramakiguten makinetatik apartatzea, eta elkarrengana biltzea, izan behar lukete”.

Joseba Azkarraga Etxagibel: “Benjaminek modu profetikoan aurreratu zuen, marxismoaren baitatik, iraultza akaso ez zela progresoaren, garapenaren eta modernizazioaren trenera igotzea, baizik eta tira egitea tren horren larrialdi frenotik. Automata hutsa baita makinista. Trena ziztuan doa, ezin da gelditu, ezta norabidez aldatu ere. Abiadurak irentsita, errailetatik atera beste destinorik ez du… Egoera zinez da korapilatsua: kapitalismoaren geldialdiak sufrimendua tonaka barreiatuko du, baina bere jarduera osasuntsuak, hazkunde esponentzial etengabearen logika gidari, are sufrimendu handiagoa dakarren bide ekozida eta suizidara lotzen gaitu. Birusaren osteko territorio ekonomiko kiskalian, sistema leheneratzea ezin da opzio bat izan. Egitasmo emantzipatzaileak giza sistemen uzkurtzea exijitzen du, baina ordenatua (bermatuz materialki gora egiten dutela hainbat giza taldek, sektore ekonomikok eta herrialdek). Modu demokratiko eta baketsuan uzkurtzea, giza sistemak kabi daitezen mugatua den biosferan. Eta sistemok antola daitezen justizia ardatz hartuta, bere adiera guztietan: justizia soziala, generokoa, nazioartekoa, jaio gabekoekin, eta beste bizidun batzuekin”.

Sakoneko aldaketa politiko batek eskatuko digun kemenak, argitasunak eta sakrifiziorako prestutasunak zerikusi handiagoa dute egoera apokaliptikoetan pizten eta garatzen diren posizio ausartekin, haien eldarnio eta arrisku guztiak gutxietsi gabe. Parean aurkituko ditugun erresistentziak hain dira itsuak eta gotorrak, puntu honetara helduta kalkulutan hastea eta ezintasunean jaustea gauza bera eta bakarra izango dela.




Pandemian gogoeta, 3. KONFINAMENDUA: ALBO-ONDORIOAK

Badira hiru aste konfinamenduan gaudela –bost aste, Italian; hamaika, Wuhanen–, eta gero eta gehiago gara sumatzen dugunok esperientzia partekatu honek –ez ordea esperientzia komuna, baliabide eta ahal oso desberdinekin bizi baitu bakoitzak– garai baten mugarria markatuko duela. Zera esan nahi dut: pandemian –“denok kaltetuta”– gaudenez, eta 20 eta 40 urte bitartekoen arteko gehienentzat lehen esperientzia traumatikoa orokortua hauxe izaten ari denez, lehenaldiaren eta ondorengoaren arteko marra bat markatuko du. Gazte horiek bereziki sumatuko dute haustura: tupustean, sasoi berri bat datorkigu non joko-arau inplizituak aldatuko diren, aliantzak eta “gizarte-kontratuak” lausotu,  itxuraz sendoak ziren konplizitateak hautsi, eta beste berri batzuk sortu; zimur ezabaezinak eta ondoren datozenentzat interpretatzen zailak izango diren imintzioak utziko diete.

Untitled 1975-80 Francesca Woodman 1958-1981 ARTIST ROOMS Acquired jointly with the National Galleries of Scotland through The d’Offay Donation with assistance from the National Heritage Memorial Fund and the Art Fund 2008 http://www.tate.org.uk/art/work/AR00358

Belaunaldi bakoitzak bizi izan du halako pasarterik. Lehen ere asko izan dira bazterrera jaurtiak, gaztetako ilusioak eta idealak errealitatearen galbahetik pasarazita. Eta onik iraun dutenentzat, ukaezina izan da naufragio baten ondorengo sentsazioa, galera konponezinak utzi dituena. Gerra izan zen nire gurasoentzat, eta frankismoaren amaierako urteak nire adinekoentzat; bortxa politikoaren eta horren aurkako errepresioaren atzaparkada ere hor egon da; heroinaren pandemia ondoren…

Gerra Hotzaren amaiera ere heldu zen –zer izan zen hura Berlin Ekialdeko biztanleentzat, txetxenoentzat, Jugoslavia ohiko biztanleentzat…?–; XXI. mendearen sarrera gero: New Yorkeko, Madrilgo, Pariseko eta Londreseko atentatuak; Afganistango, Irakeko, Siriako eta beste hainbat lurraldetako suntsiketak… Erreboltak eta protestaldiak izan ziren, eta berrogei urteren bueltan daudenen artean, askok aldarrikatzen dute haietako bat edo beste, haien “gertakaria” balitz bezala –ezin “maiatzarik” gabe etsi–. Litekeena da hala izatea, baina susmoa dut haientzat gehienentzat ere benetako gertakizuna egunotan tokatzen ari zaigun pandemia izaten ari dela, loria eskasekoa.

Konfinamenduan geldialdi bat gertatzen da: “ekonomia hibernazioan sartu da” diote titularrek. Baina, egia esan, espazioa da benetan kizkurtzen dena, kartzelaldian bezala, behartutako soldaduskan eta antzekoetan bezala. Halako itxialdiek lehenaren eta ondorengoaren arteko muga markatzen dute haietara bortxatuak izan direnentzat, eta konplizitate bat sortzeko gai dira, aldi berean, elkarbanaturiko marka gisa. Denbora gelditzen omen, baina benetan txikitzen dena espazioa da, eta, horren eraginez, denbora da askotan desesperatuki zabaltzen zaiguna. Horra gakoa: eguneroko bizitzatik ateratzen gaituen denbora hedatuaren bizipena. Funtsezko esperientzia da hori monjeentzat, edo meditazio-bakarraldi intentsiboetara erretiratzen direnentzat, esaterako. Halakoetan, kanpo-estimuluak modu bortitzean murrizten dira, ez da hitz egiten, ikus-entzunezko konexioak mozten dira, diziplina zurrun bati jarraitzen zaio ezin aspergarriago egiten diren ordu amaiezinetan: zertarako eta jezarrita egonik “ezerezari” jarri behar zaion arreta zaintzeko, harresi baten kontra jotzen duen ahalegin mingarrian, non gogoa eta gorputza asaldatzen diren begi-bistako bidegabekeriaren aurrean. Jakina, erritmo horretara egokitu egoki gintezke, eta errutina berri bihurtu –kartzelako edo komentuko errutina dorpea, kalekoa baino are alienatzaileagoa–, eta, hala, diziplina horiek dakartzaten distortsio edo eraldaketa potentzialak azkar neutralizatzen dira.

Ezin badugu konfinamendua bizi, “tokatu zaigun tigrea zamalkatuz”, esperientzia oso mingarria gerta dakiguke. Dagoeneko hasi gara antsietate-krisiez hitz egiten, datorren depresio-pandemiaz, elkarbizitza behartuak dakarren maskaren erortzeaz…; zauri ezabaezinak utziko dituzten aferez. Kontsulta psikiatrikoak kolapsatu egingo dira, psikologoak gainezka ibiliko dira, drogen kontsumoak gailurra joko du… Indarkeria matxisten erasoen kopurua gutxitu dela esaten duten arren, presioa igotzen ari da orduak pasa ahala, eta eztanda egin dezake noiznahi. Eta hori herrialde aberatsetan. Zer arrasto utziko du hilotzak kaleetan abandonatzen diren lekuetan? Zer lorratz, polizia edo armada, lapurretak saihesteko, tirokatzen hasten denean goseak jotako jendea, gizarte-gerra esplizitua izango den lekuetan, setio-egoera deklarazioekin? –Armen salmenta disparatu da AEBetan; Durartek garbi utzi du: “tirokatu konfinamendua errespetatzen ez duen jendea!”.

Kasurik onenean ere, irrealtasun-sentsazio batek harrapatuko gaitu. Agintariek konfinamendua lasaitzen dutenean –modu probisionalean betiere, inork ezin baitu segurtatu pandemiak beste erasorik joko ez duenik–, lur errea zapaltzen dugula irudituko zaigu. Zonbien antzera aterako gara kalera, eskularruak eta maskarak erabiltzera behartuak, agian, eta esperientzia konfesaezinak bagenitu bezala begiratuko diogu elkarri –inongo esperientziarik ez dugulako izan, apika; zorabiatze hutsal eta mikatz bat, besterik ez.

Aste hauetako berririk kezkagarrienetakoa, niretzat, Eitb Focus inkestaren emaitzak izan dira, konfinamenduaren lehen astean argitaratutakoak.  Ohikoa denez, jendeari galdetzen zitzaion nola bizi zuten egoera eta zer kezka zituzten etorkizunera begira. Eta horra asaldatu ninduen datua: birusak kutsatzeko beldur handiena gazteena zen; haien artean, % 93 oso izututa zegoen kutsatzearekin, beste edozein adin-tartetakoak baino gehiago, gazteak ez direla kalteberenak jakinda ere. Ez zeuden hain kezkatuta etorkizunarekin edo ondorio ekonomikoekin, baizik eta birusaren balizko erasoagatik  zeuden larrituen –esan beharrik ez da inkesta hauek ez direla ikusezinak diren horiengana zuzentzen: paperik gabeko edo modu oso prekarioan bizi diren inmigranteengana, esaterako–. Bere bizitzan lehen aldiz modu orokorrean aukeratu gabeko entzierroa pairatzen zuen jendea oso beldurtua zen “etsai ikusezin” baten aurrean –eta konfinamenduaren lehen astea besterik ez zen–. Galdera saihestezina egin zitzaidan: “Jendarte hori –ez bakarrik gazteak– prest egongo ote litzateke hainbat askatasun eskubideri uko egiteko, baldin eta hori balitz mehatxu birikoari aurre egiteko ordaindu beharreko prezioa –bizi-aldagaien estatu-kontrola; mugimenduena, kontaktuena, etab.– Txinakoari edo Korea Hegoaldeko ereduei jarraiki, hein batean?”. Erantzunak ez dit zalantzarik uzten, eta, horregatik, agintariak ari dira dagoeneko lege-doikuntzak egiten –datuak babesteko legeak gorabehera–segurtasunaren izenean kontrol sozial gero eta gogorragoa ezarri nahiz. “Datuak dira kapital berria” entzuna genuen, eta datuak bildu eta kontrolatzeko erraldoiek –Google, Facebook, Microsoft eta enparauek– aspaldi lortu zuten kotizazioen gailurra. Paradoxa makabroa da Bill Gates pandemia duela bost urte iragarri zuen profeta gisa errebindikatua izatea egunotan. Esana du gobernuek ez zutela ezer egin oraingoa aurreikusteko; eta txertoa ikertzeko fundazio pribatu handiena sortu zuen. Esan beharrik ez dago erraldoi farmazialari nagusiek dohaintzak egin dizkietela ziztu bizian Gates-en “fundazio altruistei”. Ez da zaila istorio honen guztiaren hurrengo kapituluak asmatzea.

Zorabiaturik utzi gaitu errealitate pandemiko honen kolpeak. Intelektual, elizgizon edo politikarien adierazpen errukitsuak gorabehera, ezerk ez digu pentsarazten kolpe horretatik indartuago eta solidarioago aterako garenik. Zorabio horrek jarraituko gaitu, eta oihaneko legerik gupidagabeenaren bulkada ilunenak. Salbuespenak egongo dira, nola ez. Komunitate-ekimen txikiak saretuko dira, lehen bizi-premia gisa indartuz; proban jarria izan den adiskidetasuna sendotuko da, batzuengan. Lubaki eta fronte zaharrak desegin eta lotune berriak sortuko dira. Gazte askoren heldutasunerako pasabidea saihestezina bilakatuko da.

(Argazkiak, Francesca Woodmanenak dira)