1

XORIEN IHESA: HEGAZTIAK EUSKAL KANTAGINTZAN

Xori bat pausatzen da ene leiho hegian

Etxahun Iruri, “Goizian argi hastian”

Hegazti herrariak pausatu dira leihoan

Joseba Sarrionandia, Mikel Laboak kantatua

Hegaztia giza jendearen alderik sotil edo izpiritualenaren sinbolo unibertsala da; indar garaiezinak edo eternalak fenix hegaztiaren edo suge hegadunaren (antzinako Mexikoko náhuatlen Quetzalcóatl), grifoen edo dragoien irudi hegadunez osatuak dira. Kristautasunak uso batez irudikatu du Jainkoaren izaera izpirituala, eta bake-nahia, uso zuri batez izan da irudikatua.

          “Esperantza zerbait lumaduna da, ariman pausatzen dena” idatzi omen zuen Emily Dickinsonek, eta gure lirika herrikoian –euskal ekialdean batez ere– hegaztiek etengabeko presentzia dute: Xoxo beltza, Xori erresinula , Urzo luma grisa, Basoilarra, Orhiko txoria, Eperrak, Belatza, Arranoa… XX. mendeko bigarren erdian bada kantu bat euskaldun guztiek dakitena, Joxan Artzeren poematxotik Mikel Laboak musikatu eta munduan zabaldu dena, Txoria, txori, alegia: kirol-estadioetatik zeremonia intimoenetara, guztien ereserkia bilakatu da: …eta nik, txoria nuen maite.

          Baina kantatzen ditugun txori horiek ideia bera adierazten al dute han eta hemen, orduan eta orain? Antzeko jarrerarekin egiten al diegu gorazarre hegaztiei hegoak ebaki banizkion… edo xori erresinula udan da kantari ari garenean? Ezetz iruditzen zait, eta nire inpresioa da beste hainbat kontutan bezala, gure esparru kulturalean ere zenbait haustura gertatu direnez azken hamarkadetan, hegaztiekin dugun tratatzeko erak haustura horien isla ere badirela. Inpresio horren bueltan, txoriei kantatzeko lau ikuspuntu bereiziko ditut hemen:

  1. XX. mende aurreko kantu zaharrena (gehienetan egile ezagunik gabekoena)
  2. XX. mendeko bigarren parteko hainbat poeta eta kantarirena
  3. Mende berriarekin (XXI.a) lotu litekeen trataera garaikidea
  4. Hurbilketa mistikoena
  1. TXORIAK EUSKAL KANTU ZAHARRETAN

Nola kantatzen du ürzo luma gris gaxua edo xori erresinula üdan da kanthari melodia ederretan ari denak? Esango nuke kantu horietan erabateko identifikazioa gertatzen dela kantariaren eta hegaztiaren artean. Txoria eta kantaria bat eta gauza bera dira. Halere, ahots ezberdinek hartzen dute hitza bere baitatik, kontraesankorrak askotan haien artean, eta, zenbaitetan, elkarrizketa bat sortzen da sentimendu ezberdin horien artean. Goizian argi hastian da horren adibide bat: lehenbizi, “pozik bizi naiz, ez dut zure kantuaren beharrik” esaten dio kantariak txoriari; ondoren, “tristerik naiz, ezin zu gabe bizi”, eta, azkenik, “dolütan niz othe zaionez nik errana gaitzitü”. Xori erresinulan, berriz, kantariaren eta xoriaren arteko elkarrizketa dugu: “Neguan ezta ageri; baldinba ezta eri!” lehenak, eta xoriak: “Amak ützi nündizün bedats azkenian; geroztik nabilazü hegalez airian. Gauak jaurtiki nündizün sasiño batetara, han züzün xedera, oi! ene malürra!”. Sentimendu aldakorrak, auhenak, erreguak, promesak…

Bestalde, bizitza arriskuz beteta dagoenez, baita hegaztientzat ere, ez al da hobe segadez eta etsaiez betetako mundu basatian kaiolako bizitza segurua? Hori da Martin Darrupek 1877an osaturiko bertso sortan ondorioztatzen duena: “Gaztea nahi bada egon segurean, ez dadiela eror nik egin hutsean; bainan asmu hoberik harturik buruan, deskantsuan egon bedi kaiola ongi zerratuan”.

  1. HEGAZTIAK ETA ASKATASUN-EGARRIA

Darruperen bertsoak ezingo ziren inolaz ere kantatu XX. mendearen bigarren aldean abiatu ziren kantaldi jendetsuetan. Ahobatezko izpiritu batek batzen zuen jendetza kantu berrien magalean. Errealismo onargarri bakarra, txoria txori kantuan laburbiltzen zen “hegoak ebaki banizkio, nirea izango zen… baina horrela ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria nuen maite”. Poematxo hori Donostiako jatetxe bateko ahozapian inprimaturik aurkitu omen zuen Laboak, Joxan Artzek 1969an argitaratutako lehen poema-liburutik hartua[2]. Baina, ordura arte modu horretan adierazten ez zen askatasun-nahia aldarrikatzeko modu nabarmen hori ahobatezkoa gerta zedin, distantzia berri bat eraiki behar izan zen, bi operazio semantikotan adierazten dena. Batetik, txoria ez naiz ni, zu baizik, eta, gainera, libre behar zaitut, ez dizkizut hegoak ebakiko. Bestetik, beste era bateko distantzia gertatzen da, abstrakzio mota bat ahalbidetzen duena: “Hegazti herrariak pausatu dira leihoan,/ argia eta itzala bereizten diren lekuan,/ argia eta itzala leihoan pausatu dira,/ hegazti herrariak” dio Laboak[3] berak, Sarrionandiaren poema kantatuz: argia eta itzala hegazti herrariak (lirateke).

Kantu zaharretan ez zen halako baieztapen abstrakturik gertatzen. Inpresioa dut mundu zaharreko jendea ez zela horren boteretsu sentitzen, “txoriarekin zer egin beharko litzatekeen” erabakitzeko. Txoriarekin identifikatzen zen. Are eta gutxiago adierazten zuen modu esplizitu batean hegaztiaren sinbologia (leihoa, argia eta itzala…). Zerbait gertatu zen munduarekiko –gauzekiko, gainontzeko bizidunekiko– genuen harremanean, eta gai bihurtu ginen, orduan, gure ustezko ahala erabiliz, haien esanahia eta betebeharra adierazi eta kantuz ere aldarrikatzeko. Gizaki arranditsu bat agertzen da hor, larderiatsua ere badena; eta distantzia arranditsu horretan bere buruari gezur txiki ala handiak esateko gai sentitzen da. Kaiola-kartzelak suposatzen duen segurtasunaren eta askatasunak berekin dituen arriskuen artean zaharrek sentitzen zuten larritasun berbera bizi du, baina erabakimenez jantzita, argi du, ustez, hautua.

  1. ERREALISMO BERRI BAT

Badira ordea beste bide batzuk, ez direnak sortzen erabateko identifikaziotik, ezta jarrera arranditsu horretatik ere. Distantzia ezberdinez irudia erabiltzeko gai sentitzen gara eta ez diegu tamaina horretako gezurrik esaten geure buruei: “Txorien zai daramagun arren urtaro osoa, saiak baino ez zaizkigu hurbiltzen lekura… Larritasun minez erraturiko habian erroturiko txoriak gara, egia eta itzala beltzak ditugunak. Hegan atera aurretik…” kantatzen du Anari desesperatu batek Habiak eta Gu kantuetan, gure kantarien artean beste esateko era bat zabalduz[4]. Edo horren desesperatua egon gabe, argiaren eta itzalaren arteko muga –egia eta itzala, haren kasuan– beste modu batera interpretatuz: “Harri bat bota lurrera eta txoria altxatu hegan; zuri, bi pasa zaizkizu bizkar gainean: bat zuria, egia; bestea beltza, itzala. Itzalak ukitzen gaitu, eta hitzak, promesak, hegan. Badira ordea, txori beltzak, beleak, egia eta itzala berdin dituztenak, horregatik beti binaka hegan…”[5].

Anariren kasua berezia da, argigarria. Bere kantuetan hegaztiek eta haien inguruko sinboloek izugarrizko presentzia dute: bere lehen bost diskoetan (1997 eta 2013 bitartekoak) hamaika kantutan agertzen dira (lautik batean), azkeneko bietan desagertzeko. 2000koak Habiak du izena, eta hurrengoan, Zebran, hamar kantuetatik bostetan agertzen dira hegaztiak. Ia etengabeko presentzia horrek bere aurreko belaunaldiak txorien sinbologiari eman zion zentzua aldatzeko erabaki argi bat bilatu duela pentsa arazi dit.

Laboaren azken diskoak, hil baino hiru urte lehenagokoak (2005), Xoriek du izena, eta bertan ere, aurreko guztiari ematen zaion erantzun bat sumatzen da. Txoria txori ikonikoa du azken pieza, baina hitzik gabe, biolontxeloa nagusi duen moldaketan. Aurretik, Xoxo beltza, Ungarettiren Agonia, Negua (François Coppéeren Txorien heriotza, Atxagak errezitatua) eta, azken kantu berri gisa, Sarrionandiaren Xorien ihesa. Anariren hurbilketatik askoz gertuago dago azken Laboa hori, erabateko malenkoniak gailendua: “lurpian sartu nuen xoxuen kantua” gogoratzen digu, edo galeperra bezala, “hegan egiteko gogoa galdu ondoren, itsasoa zeharkatu eta gero, lehen sasien ondoan pausatuz” hiltzen dena. Eta, amaitzeko, “zuen begiak, eta zuen etxeetako leihoak, eta zuen eskuak zabaltzen dizkiezue; xoriak laudatu egiten dituzue, lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue…” errepikatuko digu behin eta berriz, “baina xoriak zuengandik beti ihes doaz” argitu baino lehen. Horiek dira Laboak utzi zizkigun azken hitz grabatuak.

  1. HEGAZTI MISTIKOAK

Azkenik, alde batera utziz sentimendu kontraesankorrei lotua zegoen kantu zaharren identifikazio anbibalente hura, edo errealismo garaikidea –zer esanik ez distantzia arranditsu hura–, bada identifikazioa muturrera eramaten saiatzen denik ere. Ekialde eta mendebaldeko tradizio mistikoetan oso presente egon da hegaztien eta izpirituaren nahi gorenak lotzeko joera. XII. mendeko Farid al Din Attar Persiako poetak “Txorien elkarrizketa” idatzi zuen, eta San Joan Gurutzekoa mintzatu zen “Hegazti bakartiaren bertuteez”: “Hegazti bakartiaren ezaugarriak bost dira: lehena, gorenera doala; bigarrena, konpainiarik ez duela, ezta bere izaerakoa; hirugarrena, mokoa airera zuzentzen duela; laugarrena, kolore zehatzik ez duela; bosgarrena, leunki kantatzen duela…”[6].

Juan Goytisolok Hegazti bakartiaren ezaugarriak izenburuko nobela, hitzokin amaitzen du: “hegaldia abiarazten du geldirik egoteari utzi gabe, distantzia txikiena ere egin gabe bidaiatzen du, ezer baino hurbilago dago eta ez du inolako espaziorik zeharkatzen, kolore guztiak harengandik datoz baina ez du kolorerik, Ekialdean habia egiten du Mendebaldean bere lekua hutsik utzi gabe, zientziak sorginkeriatik datoz eta musika-tresnarik perfektuenak haren oihartzun eta erresonantzietatik, suz elikatzen da eta luma bat janzten duenak haren eskuinaldean onik irtengo da sugarretatik, berezko brisa haren hatsetik ateratzen da eta horregatik maitaleak bihotzaren misterioak eta pentsamendu intimo eta sekretuenak azaltzen dizkio

baina txioek, kantuek, pioek, modulazioek, urrumek, abiatzeko kontsignak zabaltzen dituzte, zurrumurru itsuek, hegalen mugimenduek haren ahotsa itotzen dute, martxa handiaren hasiera iragartzen dute

bertsoak kopiatzeko denbora besterik ez zuen izan

bakarrean bizi zen

eta bakarrean, du habia egin

bakarrean daroa

bere maiteak soilki,

bakarrean hau ere maite-zauriz min

gainerako hegaztiekin hegan egin baino lehen, eta osatutako liburuaren orriak behin betiko itxi”[7].

          Euskal kantuaren tradizioan, Zuberoako Basa ahaideak[8] dira identifikazio mistiko horretatik hurbilen leudekeenak. Belaunaldiz belaunaldi kantatuak eta transmitituak izan dira, eta haietako zenbait, ezagunenetakoak (Arranoa, Belatxa…), bertsio ezberdinetan grabatuak izan dira azken hamarkadetan[9]. Ez dute hitzik, eta esan ohi da mendietan kantatzeko direla, muino batetik bestera, oihartzunak eta beste norbaiten erantzunak ere jaso ahal izateko. Hegaztien hegada omen dute inspirazio-iturri nagusi.

[Euskadi Irratian gaiaren inguruko elkarrizketa: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/osoa/9427458/juan-gorostidi-hegoak-ebaki-banizkiok-ereserkiaren-sindromea-dauka/ ]


[2] Isturitzetik Tolosan barru, Artzeren lehen poema-liburua. Garai bertsukoa da Benito Lertxundiren Txori txikia epikoa, 1974ko Oro laño mee batek… diskoan lehenik eta gero beste hainbatetan grabatua.

[3] 1994ko Hamalau diskoa zabaltzeko erabiltzen du kantua, hasierako Bat Hiru eta Lau Bost izan zirenetik nahiko urruti. Sarrionandiaren Lili batekin abiatu zuen (1989ko Hamabi diskoan) poematxo hauen seriea.

[4] 2000ko Habiak diskoan eta 2005eko Zebran.

[5] Txori beltzak kantua, Zebra diskoan.

[6] Ikus Luce López-Baralten Para la génesis del pájaro solitario.

[7] Goytisolok berak erabiltzen duen puntuazioa erabili dut itzulpenean. Jatorrizkoa: “emprende el vuelo sin dejar de estar inmóvil, viaja sin cubrir la menor distancia, se aproxima y no recorre espacio alguno, todos los colores dimanan de él pero carece de color, anida en Oriente sin que su lugar en Occidente quede vacuo, las ciencias proceden de su encantamiento y los instrumentos musicales más perfectos de su eco y sus resonancias, se alimenta de fuego y quienquiera que prenda una pluma de sus alas en su costado derecho saldrá indemne de las llamas, la brisa natural brota de su aliento y por ello el amante le revela los misterios del corazón y sus pensamientos más íntimos y secretos

pero trinos, cantos, gorjeos modulaciones, zureos, transmiten consignas de partida, impacientes rumores, movimientos de alas ahogan su voz, anuncia el comienzo de la gran marcha

sólo tuvo tiempo de copiar aprisa sus versos

en soledad vivía

y en soledad hay puesto ya su nido

y en soledad la guía

a solas su querido

también en soledad de amor herido

antes de volar con las demás aves y cerrar definitivamente las páginas del libro ya compuesto”. (“en soledad vivía…” Cántico Espiritual ezagunaren 25. kantuaren zatia da. Horren itzulpenean, Aita Onaindiaren bertsioari jarraitu diot).

[8] Ikus Basa Ahaide, Haratago 2023.

[9] Beñat Achiaryk Arranoa deitu zion bere 1988ko diskoari, eta basa ahaide horrekin abiatzen da. Geroago, Jean Mixel Bedaxagarek Belatxa deitu zion 2015eko lanari. Azkenik, 2023an, Julen Axiarik, Haratago taldearekin eta Maddi Oihenart edo Mathieu Mendizabalen kolaborazioarekin, disko hirukoitza grabatu du, Basa ahaide izenekoa, kantaera honen adibide zabal eta garaikidea dena, era berean.




LEKEITIO LEMOIZEN DA

(Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldiaren transkripzioa. JAKIN aldizkariaren 244 zenbakian argitaratua, 2021ean)

Lekeitio saileko zati bakoitza

abotsaren ernetze inizaitikoaren eremua ditake

eta heriotzaren premonizioa.

Lehen eta azken hatsaren arteko epe laburra.

Nostalgiaren minaren mina.

Ugaria eta bakuna.

Gurea eta besterena.

Egun batez lekeitio saileko puskak bateratuko dituztenean,

XX. mendeko sinfonia azalez kaotiko

eta mamiz sakon den pieza osatuko dute.

Iraunahiari omenaldia.

Itxaro Borda[2]

1

Kontzientzia arkaiko baten pean bizi zen munduan jaio nintzen ni, baina hori esan badezaket da ez dudalako dagoeneko mundu oso eta biribil hori habitatzen.

Nire gurasoak eta bizilagunak, eta baita nire irakasleak ere, nik 18 urte izan arte edo, kontzientzia hartan haziak eta ohituak ziren.

Gerora barneratu dudan kontzientzia modernoarekin alderatuz, kontzientzia hark hainbat ezaugarri zituen, baina garrantzitsuena hauxe iruditzen zait: pertsona bakoitzak, xumeenak nahiz jasoenak, destino bat bizi zuela uste zuen; norberaren bizitzaren gorabehera guztiak Beste Handi Traszendente batek emanak ziren, eta haren ardura nagusia zen emandako gidoi hura ahalik eta egokien betetzea.

Bizitza oso gogorra eta nekeza zenean ere, oinarrizko konfiantza baten gainean sustengatzen zen, eta konfiantza hori zen Beste Handi hori Orojakilea zela, eta Ahalguztiduna. Baina, gainera (gure ingurumen katolikoan), funtsezko Zuzentasun batek gidatzen zituen haren ekimenak, eta baita gure entendimentuak ulertu ezin zuen jendearekiko Erruki sakon batek ere.

Kontzientzia hark bazuen gaitasunik norberaren destinoaren baitan gertatutako nahigaberik edo desgraziarik mingarrienei ere aurre egiteko, halako oreka absolutu, biribil, bete baten baitako sinesmenean edo konformidadean irauteko, bizitza hau denbora infinitu baten zati txiki ezdeus bat baino ez zelakoan.

Kontzientzia Modernoa Kontzientzia Arkaiko haren ukaziotik altxatzen da (edo, askok uste duten bezala, kontzientzia haren bilakaera batetik): “Ahantz dezagun Beste Handi hori eta har dezagun Geure eskuetan geure destinoa” esaten die subjektu modernoak bere buruari eta bere hurkoei.

Baina Ahalari, Jakinduriari, Zuzentasunari eta Errukiari uko egin gabe. Ordura arte gure eskutik, gure ahaletik ia erabat kanpo zegoen denboraz gaindiko Potentzia Absolutu baten ardura Beregan hartzea erabaki du Subjektu Modernoak: gu guztiok kontzientzia horren baitan bizi baikara, aspaldian.

2

Kontzientzia Arkaikotik Kontzientzia Modernora doan urratsa, lekualdatze funtsezko hori, gaztetasunaren aldaketarekin eta oldarrarekin batera gertatu zen nire kasuan. Eta garai hartan pasioak eta erabakimenak lekualdatze hura antzemateko tarte handirik uzten ez bazidaten ere, sekulako arrakala eragin zuen nire baitan –nola bestela–; orain jabetzen naiz horretaz.

Gainera, arrakala hori modu masiboan bizitzea tokatu zitzaigun nire adinekooi, fenomeno kolektibo bat izan zen hura, iratzartze moduko baten eran ulertu/ez ulertu genuena. Eta iratzartze horrek eta lekualdatze sakon eta inkontziente horrek izan zuen adierazpen argi eta nahasezin bat: Laboak 70eko hamarkadan zehar sortu zituen lau pieza bakanak bere ahots androginoz eskainiak, harritzen eta harrapatzen gintuztenak: Baga Biga Higa, Gernika, Orreaga, eta Dialektikaren Laudorioa piezak.

Oso ulergarria zen pieza haiek pizten zuten harridura, jende asko marmarrean jartzen zuena: “nola liteke hori egitea, iraingarria da; hori ez da kantatzea ere, are gutxiago euskal kantua”. Hura ez zen kontu estetiko hutsa, kontzientzia aldaketa baten lurrikararen ezaugarria eta adierazlea baizik.

XX. mendeko lehen erdiaren oinordeko zen Laboa, eta egunotan harrigarria egiten den uholde baten parte:

“Hitzezko kaiola bat egin nahi bagenu, eta bertan Mikel Laboa utzi harrapatuta, XX. mende hasieran gertatutakoa hartu beharko genuke aintzat, eta esan: “Krisi handi bat hedatu zen, eta pintoreek, idazleek, musikariek inoiz baino garbiago ikusi zuten beren adierazpidearen gutxitasuna. Iraganetik jasotako modu eta hizkera guztiak faltsuak iruditu zitzaizkien, edo bestela hutsal, burgeskeria huts. Gero Lehen Mundu Gerra etorri zen, ordura arteko krudelena, eta hari Gernika, Auschwitz, Hiroshima jarraitu zitzaizkion, eta pintoreak, idazleak, musikariak, isiltasunaren mugetaraino joan ziren Herio Piztia Likitsaren aurkako obrak asmatu nahian. Herri tradiziora jo zuten, umeen edo burutik egindakoen adierazpen moduetara, hizkuntza eta hizkera arruntak ukatzen zituen sorkuntzara. Bereak egin zituzten, halaber, arte mota arbuiatu eta pupular guztien formak. Bertolt Brecht, Tristan Tzara edo Paul Celan dira adibide. Eta Ungaretti eta John Cage. Eta Picasso eta Dubuffet. Roy Hart eta Joan Brossa…”[3].

3

Baina hurrengo hamarkadan, 80koan, dena aldatu zen gutako askorentzat: kanpoko eta barneko suteak apaldu ziren neurri handi batean, eta gertatu zitzaigunaren neurriaz eta zauriaz erabat jabetu gabe, Kontzientzia Modernoa gauza jakina eta emana kontsideratzen hasi ginen.

Zer zen kontzientzia hori? Kontzientzia Arkaikoak Beste Handian proiektatzen zuen beharra (zerbait Ahalguztidun, Orojakile, Zuzen eta Errukitsu baten premia hori) beste nonbait, Nigan eta Guregan, proiektatzea:

Ahala geure kontua zen, ez kanpoko inorena, eta horrek bihurtu gintuen Botere guztiekiko bereziki sentibera, minbera. Modernitatea deritzogun hori inoizko Botere erakustaldiarekin abiatu, hedatu eta gailendu zen XV.-XVI. mendeetatik aurrera, eta paroxismora ailegatu zen XX. mendeko gerrateetan.

Jakituriak ere geure esku egon behar zuen: geuk jakin behar genuen, eta horrek Zientziaren eta horren ondoriozko Teknologien inoizko garapenik eta onarpenik sakonena ekarri zigun. Bitartekari gisa hasi zena helburu eta ardatz, destino bilakatu zen ondoren.

Zuzentasunak ere geure esku behar zuen, eta geure denboraren baitan gauzatu beharra zuen. Hautsi nahi genuen gure aurrekoen etsimendu otzana, eta justiziaren behin betiko legea eraiki. “Giza eskubideen deklarazio unibertsala” kontu modernoa izanda, haren gauzatze praktikoa exijitzen genuen, eta edozein gazterengan zegoen “iraultzaile” zelako ustea. Matxinada moderno guztien oinordeko genituen geure buruak, denbora gehiegirik ez bagenuen ere matxinada haiek zer izan zuten iraultzailetik, garaipenetik ala porrotetik baloratzeko.

Errukia, berriz, norberaren burutik hasten zen zerbait zen, Desio hitza jarri zen gure kontzientzien erdigunean; ordura arteko errepresioetatik libratu nahi genuen, haren sustraiak eta iturburuak ezagutu. Horrek eragingo zituen ondorioak onartzeko prest geunden. Hurkoarekiko behar zen errukia berezkoa bilakatuko zen, justiziaren baldintzak ezarriz gero.

Gure ondorengo belaunaldiek ez badute aldaketa zorabiagarri haren pertzepziorik, ez du esan nahi lurrikara horren ondorioen baitan bizi ez zaretenik –ez garenik– baina ez jada tokian tokiko fenomeno gisa, Europan azken bost mendeetan garatutako prozesu horrek Mundu osoa baitzuen xede. Globalizazioa prozesu horren hedatze bortitza adierazteko modu bat da. Kapitalismoaren gailentzea, beste bat, zeinak etengabeko arpilatzea, suntsiketa, kolonizazio patriarkala berarekin duen eta XXI. mendearen kontzientzia kolektiboan barneratzen ari den konstatazio bat: “ailegatu gara mugara; hau Hondamendia da”.

4

Laboaren lehen Lekeitioei dagokienez, zerbait oso adierazgarria gertatu zen 80ko hamarkadatik aurrera: gehienentzat estaliak geratu ziren –arrazoia emanez hasieratik onartezintzat zituzten haiei– baina, aldi berean, lehengo kritika haiek apaldu egin ziren: Laboa guztion ondare bihurtu zen eta Lekeitioak, apenas entzuten baziren ere, “onartuak” izan ziren gure modernitatean, Arteari ematen zitzaion kultuzko funtzio berrian. Laboak berak onartu zuen aldaketa hura: lehenago leherketa batek erreietatik behartzen zuen arrakala baten adierazpena izan zen hura, arte kontzeptuala bilakatu zuen: Itsasoa eta Lehorra, Txerokee edo Mugak pieza kontzeptualak dira, apenas dute zerikusirik aurrekoekin, ez bada Laboaren ahotsa eta beste. Euskal jendarte modernoak barneratu egin zuen adierazpen hura, eta Kontzientzia Arkaikoaren klerigoentzat Idolatriaren zantzu nabarmenak zituena ikono bilakatu zen Kontzientzia Modernoaren tenplu berrietan: Unibertsitatean, orkestra sinfonikoz eta abesbatzez hornituriko antzokietan, Arte Garaikidearen tenpluetan… Gordinkeria eta desmasia hura amaitua zen, eta XX. mende bukaerarako Laboa gu guztion amona bilakatua genuen.

Argigarria da Laboak berak argitara eman zuen azken bertsio kanonikoan –Lekeitioak, 2007– orkestraz eta orfeoiez grabaturiko erdipurdiko bertsioak lehenetsi zirela, eta osagarri gisa ipini zirela aurreko bertsioak, salbuespen batekin: Orreagaren lehen bertsio “eroegia”, 1980koa, desagerrarazi egin zen, eta haren ordez, 1988an grabaturiko tempo mantsoagokoa sartu.

Kontzientzia Arkaikoa indarrean zegoen bitartean, Beste Handiari eraikitzen zitzaizkion tenpluak, kaperak eta katedralak. Aro Modernoan, hura guztia Ondare Arkeologikoa bilakatu da, eta tenplu berriak sakabanatuak izan dira ordezkatzen duten agintearen ohorez: Ahalaren, Jakintzaren, Zuzentasunaren edo Errukiaren nagusitasuna sustatzeko:

Botereak, ohiko kapitolio eta jauregiez gain, zeruak urratzeko gai diren eraikinak jaso ditu bere gurtzarako, baina baita estadioak edo egoitza olinpiko harrigarriak ere, arkitektoek inoizko sona handiena duten aroan.

Jakintzak, bere aldetik, unibertsitate, laborategi eta institutu teknologikoak bihurtu ditu katedrale.

Zuzentasunak eta Errukiak norberaren baitan eta zaintza profesionalizatuan jarri dute azpimarra, eta gimnasioak eta kirol eraikuntzak barreiatu dira bazter guztietan, garai bateko kapera eta eliza lekuan, eta baita psikologoak eta era guztietako mediku, terapeuta eta sendagileak ere. “Yoga eta meditazioa guztientzat!” aldarrikatzen da egun, lehen misioak, bederatziurrenak eta prozesioak ziren lekuan. Eta, nola ez, Artea. Euskaldunok horretan –Oteizaren madarikazioak gorabehera– lortu genuen lehen lerroan ipintzea; Loiolako Ignaziorekin XVI. mendean nola: Guggenheimekin jarri genuen Bilboko tenplua munduko katedralen mapa berrituan, eta, egun, ez da herrixka edo auzorik geratzen gure lurraldean bere museorik edo kulturgunerik ez duenik: desagertzear dira sotanak, biba arte eta kultur programatzaileak!

Lehengo Jainkoek eskatzen zuten miresmena, atxikimendua eta debozio berbera edo handiagoa eskatzen dute Kontzientzia Modernoaren tenpluetako nagusi kontaezinek.

5

Aro modernoa bidaien aroa ere izan da. Lehenbizi, ero edo desesperatu haiena, gure artean Europatik Ameriketara egiten zena, gehienbat. Baina 80ko hamarkadatik aurrera, masa-turismoa besarkatu genuen guztiok pozarren. Gutako nor ez da hurbildu beste kontinente batera? Harrigarria da bizitza osoa hamar edo hogei kilometroko esparru geografikoetan pasatzen zuten seme-alaba edo ilobentzat. Mundua “txikia” egin dugu, eta “Herrixka Globala” deitzen diogu, lasai-lasai.

Ez genekien nonbait Asiara, Ameriketara edo Afrikara egiten genituen bidaia haiekin lurralde haiek gurekin ekartzen genituela etxera bueltan; ez genekien Txina, India, Brasil, Maroko edo Hegoafrika gure esparru materialean eta mentalean sartzen zirela, bat-batean. Baina zer dakigu lurralde haietaz, hango bizimoduez, hango jendeaz?

Ezer ez badakigu ere, ekarri ditugu etxera, eta birusak eta pandemiak egia argigarri hori ere leherrarazi digute, muturrean. Gure arropa Bangladeshen edo Txinan egina da, gure gailuak Afrikako meategietatik eta Txinako faktorietatik ekartzen dira, gure elikagaiak Almeriako negutegietatik, eta gure energia Aljeriatik edo Frantziako zentrale nuklearretatik.

Jakinduriaren Tenpluko apezpikuek biziarazi diguten zifren eta datuen eromenean, merezi du kontu batzuk ateratzea –10en baitakoak, 11 ulertezina baita ia, mugagabearen pareko gure buru arkaikoan–: Mundu osoa bat egina dugun honetan, munduko 10 biztanletik, 6 Asian bizi dira (eta han 10etik 2 Indian eta beste 2 Txinan); hamarretik 2 Afrikan; eta Amerika osoaren eta Europaren artean beste 2ak. Proportzio hauek adinarekin gurutzatuz kontuan hartzekoa da europarron batez besteko adina 45 urtekoa dela, eta afrikarrena 18 inguruan dagoela (Ugandan, zeinak Iberiar penintsularen erdia lurrazalean baina antzeko biztanleria duen, 15 urtekoa da batez besteko adina).

Indian soilik, Munduko Diru Funtsak bultzaturiko azpiegitura erraldoiek –urtegiak, autobideak, meategiak…– 30 milioitik gora pertsona lurgabetu eta etxegabetu ditu azken lau hamarkadetan, megapolisetako txaboletara behartuz. Meatze berrien ustiatzeak gerrak pizten ditu mundu osoan: hilketak eta sarraskiak egunero Amerikan, Afrikan eta Asian. Eta zein da gure kontzientzia, gure erantzuna? Europa immune bat sortzeko espantuzko ihesa edo lasterketa, gero eta baldintza gogorragoak ipiniko dizkiena gainontzekoei, segidan hondamendia ekarri duen orain arteko ereduari ahalik eta tinkoen eusteko.

Hannah Arendtek 1943an We Refugees liburuan proposatu zuen hiritar kategoria errefuxiatuarenarekin ordezkatzea. Afrikan soilik eta bertatik atera gabe, 80 milioitik gora dira, egun. Eta “Auschwitz posible egin zuenak bere horretan dirau” idatzi zuen Imre Kertészek aurreko mende amaieran[4]. XX. mendearen bigarren erdiko orekak hautsita eta mende berria inauguratu zuen “Terrorearen aurkako gerrarekin” lehertzear da gure kontzientzian azken hamarkadetako burbuila.

“Gorrotoaren politika” aipatzen nuen nire hitzaldiaren izenburuan, Tabakalerak proposatutako Non dago Lekeitio? galderari erantzun bila. Hori da Kontzientzia Modernoarekin batera munduan zehar europarrok hedatu duguna. Eta sumindura da munduko zapalduei utzi diegun baliabide ia bakarra. Gure gaztelua erabat gotortuta ere, ezingo dugu sumindu horien guztien uholdea saihestu, eta orduan aukeratu egin beharko dugu norekin egon eta ekin: suminduekin ala sumindura hori eragiten dutenekin.

70eko hamarkada bizi genuenontzat hautatu behar horiek eguneroko kontua ziren, baina, gerora, hamarkadak pasa ditugu lozorroan, geure pribilejioak gauza naturaltzat hartzen, txikiegia bilakatu den mundua hondamendira bultzatzen. Hori guztia bukatzen ari da, eta, hitzaren zentzu estuan, bizi dugun aroa apokaliptikoa ere bada: ezkutuan zegoena begien bistara dakarren aroa.

Kontzientzia Arkaikoak eskaintzen zuen bitartekaririk gabe, zenbat eta mehatxatuago sentitu, orduan eta gehiago jainkotuko ditugu geure Ahala eta Jakintza. Ahal hori jainkotuz Estatu teknofaxistak sortzeko bidean gara. Jakintza jainkotuz Zientziaren esku uzten ditugu arazo eta gabezia guztien kudeaketa eta aterabidea, baita kontu intimoenenak ere: gaixotzearena eta heriotzarena.

Eta nago, lehen Laboa-medium hark bideratu zituen hitzen aurreko eztanda hura, oihu salbai eta murmurio haiek, entzun beharko ditugula beste behin, nola edo hala itotzen gaituen kristalezko edo altzairuzko burbuila hori barrualdetik edo kanpotik leher dadin.

6

Euskal kostaldean bada leku bat, Bakioko hondartzaren eta Armintzako portuaren artean, turismo mapetan agertzen ez dena: Basordasko kala, Lemoizen. 1972an hasi ziren estaltzen 200.000 m3 hormigoi erabiliz horretarako, eta garaiko puntako teknologia nuklearra, eta hainbat gorpu. Orduko agintariek ezinbestekotzat zuten (“Lemoiz geldiaraztea gizarte hondamena izango litzateke” deklaratu zuen 1979an Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta “Lemoiz ezinbestekoa da Euskal Herriko ekonomia aurrera atera ahal izateko” Pedro Areitiok, orduko Iberdueroren lehendakariak), baina 1984rako, zentrala martxan jartzeko prest zegoenean, bertan behera gelditu zen. Asko hitz egin eta idatzi da hamarkada luze horretan gertatutakoaren inguruan. Nire ustez, Lemoizen inguruan gertatutakoan gordetzen dira aro hartako gako nagusiak, eta ez da kasualitatea Laboak urte haietan plazaratzea aipaturiko lehen aroko lau lekeitioak.

          Gerora zentral hura hustuz joan zen bezala, egungo oskol huts eta fantasmagorikoa bilakatuz, hustuz joan dira garaiko aztarnak eta baita, neurri handi batean, lekeitioen zentzu sakonena ere. Horrexegatik diot Lekeitio Lemoizen dela, herri honek ezkutatu behar duen memoria ilunaren orban eta orbain estalian –ala, ironia handiz, gure agintariek arrain-haztegi bilakatu nahi duten ezleku horretan, arrainen memoria eta gurea gero eta antza handiago hartzen ari den mende berrian.

Lemoizko zentralaren eraikin abandonatua, egun

[1] Donostiako Tabakalerak Non dago Lekeitio? ekimenaren barruan “Gorrotoaren politikaz: sumindura, azken giza baliabidea” 2021eko martxoaren 6an emandako hitzaldia.

[2] Zehar bideak, 1995ean Elkarrek argitaratutako Mikel Laboa liburuan.

[3] Atxagak Xoriek 17 (Elkar, 2005) Laboaren azken diskoaren libretoan idatzia.

[4] 1997ko Valaki más (“Beste norbait”) liburuan. Gazteleraz: Yo, otro. Crónica del cambio (Acantilado 2002). Frantsesez, Un autre, chronique d’une métamorphose, (Actes Sud, 1999).




MAYO. MAIATZA. MAI

Es mayo,
sobre el Serantes las nubes
son peces contaminados.

Es mayo,
a punto los bogadores,
anchoas y marmitako.

Es mayo,
Santurce sufre que sufre,
ha muerto ya Barakaldo.

Mayo de flores sin flores,
mayo cornudo, castrado.

Alerta la Sotera,
Santurce va agonizando.

Para que coño sin vida
queremos un mes de mayo.

MAIATZA DA

Imanol Larzabalek ondo ordezkatzen ditu bere belaunaldiko euskaldun asko, euskaldun “beste era batera” izaten saiatu zirenak, eta, nola ez, porrot egin zutenak. Bere buruaren, adiskideen eta etsaien tranpetan harrapatuta, loriarik gabeko erbestean amaitu zuen.

Lehenago, gaztelaniaz ere kantatu zuen, bere kantu ederrenetako zenbait; besteren artean, Gabriel Arestik bidaltzen zizkion letrak musikatuz. Horietan ‘Somorrostro” zen Arestiren ezizena: meatzaldearena, Bizkaiko kontzientzia iraultzailearen iturburuarena. Mayo da horietako bat.

Ez zen harritzekoa Imanolek bere burua Arestirekin identifikatzea. Poetak bere arbasoen euskara berreskuratu ez ezik, kontzientzia eta modu garaikideetara ekarri zuen, tradizionalista abertzaleei aurre eginez (horietako asko beren burua oso modernotzat zutenak). Bera izan zen gure lehen poeta urbanoa eta euskal poesia egungo errealitateetara ekarri zuena, bai gaiengatik eta baita molde formaletan ere (bestea, Jon Mirande zuberotar paristarra, euskararekin liluratua eta amorratua –pedofiloa?, filo-nazia? suizida…).

Imanolek, azkenean, malenkonia autosuntsitzaileenean erortzen utzi zuen bere burua, eta gaztelaniazko zenbait poeta suizida handienetakoekin kulunkatzen amaitu zuen: Becquer, Storni… (baina ez bakarrik horiekin, noski).

Ez da maiatza bizitzarik ez duena; geu gara heriotzarekin adiskidetu behar dugunok, bizi nahiko ez genukeen dolu sakonetik pasatuz, irrikatzen dugun normaltasun hilgarri hori alde batera utzita.

Imanol Larzabal representa bien el intento de muchos vascos de su generación que trataron de ser vascos “de otra manera” y, cómo no, fracasaron. Atrapado en sus propias trampas y en las que le tendían amigos y enemigos, se dejó morir en un exilio sin gloria.

Antes, cantó algunas de sus canciones más inspiradas en castellano, con letras, entre otros, de Gabriel Aresti que, para Imanol, firmaba con el seudónimo de ‘Somorrostro’, la zona minera, la cuna de cierta conciencia revolucionaria. Mayo es una de ellas. No era extraño que Imanol se identificara con Aresti, el poeta urbano proscrito por la caverna abertzale que recuperó el euskera de sus mayores para lanzarlo a la contemporaneidad (junto con el otro poeta también fascinado y renegado de lo vasco, el suletino-parisino Jon Mirande –¿pedófilo?, ¿filo-nazi?… suicida).

Finalmente, se dejó caer en la melancolía más autodestructiva meciéndose por la de algunos de los grandes poetas suicidas de la lengua española: Becquer, Storni… (y por otros no suicidas, claro).

No es mayo el que no tiene vida; somos nosotr@s l@s que debemos hacer las paces con la muerte pasando por un duelo que nos resistimos a vivir ansiando una normalidad invivible.

Imanol Larzabal est le symbole de la tentative de beaucoup de basques de sa génération, d’être basque « autrement » et, qui, évidemment, échouèrent. Prisonnier de son propre piège et de ceux tendus par ses amis et ennemis, il se laissa mourir dans un exil sans gloire.

Pourtant, auparavant, il avait offert quelques-unes de ses chansons les plus inspirées, y compris en castillan, sur des paroles signées, notamment par Gabriel Aresti, qui pour Imanol, utilisait le pseudonyme de Somorrostro, nom de la zone minière à l’origine de la conscience révolutionnaire de la Biscaye. Mayo ou Mai est un bon exemple.

Il n’était pas étonnant qu’Imanol se sente proche d’Aresti, le poète de l’urbanité, proscrit par les traditionalistes abertzale (qui se sentaient par ailleurs très modernes). Non seulement il avait récupéré l’Euskara des anciens, mais aussi sa conscience, pour le mettre en accord avec le monde contemporain, autant par les thèmes que par les formes (accompagné en cela par ce poète également fasciné par le fait basque, et le reniant en même temps, le souletin parisien Jon Mirande -pédophile ? philo-nazi ? … suicidaire.).

Imanol, à la fin de sa vie, plongea dans une certaine mélancolie autodestructrice, bercé par les grands poètes suicidaires de langue espagnole : Becquer, Storni… (et par d’autres moins morbides, bien sûr).

Ce n’est pas mai qui n’a pas de vie, c’est nous, qui devons faire la paix avec la mort, en passant par un deuil que nous ne voudrions pas vivre, tout en renonçant à cette normalité invivable que nous désirons.

(milesker I.B.)




EUSKAL ERESERKI BAT SASOI APOKALIPTIKOETARAKO

Mikel Laboak eta Joxean Artzek osatu zuten tandem harrigarriak 70eko hamarkadan eman zuen bere onena. Ez Dok Amairu bere muga naturaletara bultzatu zuten, eta bertan nagusi ziren jarrera milingekin hautsi. Baga, biga, higa sentikariak gauzatu zuen muga eta haustura hura, eta, Jose Mari Zabalarekin batera, Ikimilikiliklik ikuskizunarekin jarraitu zuten beren bidea, artista bakoitzaren baitan inplosioa gertatu zen arte, 80ko hamarkadan gertaturiko krisi sakon eta itzulerarik gabekoetan. Prozesu horretan, Lau-Bost LP bikoitzak (1980) markatzen du gailurra eta muga. Bat-Hiru diskoarekin batera (1974), hura izan zen Laboaren arorik oparoenaren eta emankorrenaren lekuko, gerora inspirazio iturri agortezina izan dena eta jarraituko duena izaten.

Joxean Artze eta Mikel Laboaren omenezko grafitia.

Lan horretan badira, halere, bazterrean geraturiko perlak, eta, horien artean, “Besterik ezagutu ez eta” “kantutxoa” dago. Ez dakit Laboak zenbat zuzenekotan kantatuko zuen, baina errepertoriotik kanpo oso azkar geratu zela iruditzen zait. Gerora, egindako antologia eta bertsioen diskoetan ez da inon ageri. Joxean Artzeren hitzen esanahia kriptiko samarra da, eta gu mezu esplizituen eta metafora xumeen aldekoak gara –hegaztiak tarteko–, ez hasi bigarren zentzurik bilatzeko inori eskatzen. Baina hori da hain justu garai apokaliptikoetako gakoa: “apokalipsia”, zentzu etimologikoan, “errebelazioa” baita, ezkutuan zegoena azaleratzea. Errealaren emergentzia da, eta “erreal” hori beti da traumatikoa, eta “kultura” deitzen duguna, besteak beste, azaleratze hori estaltzeko edo kontrolpean mantentzeko egiten dugun guztia litzateke (norbaitek honela definitu zuen kultura: “heriotzarekin egiten dugun hori guztia”).

Horrela dio Artzeren poemak:

Besterik ezagutu ez eta
ase
irrintzi zakar bat
hautsi da zure gelako leihoan;

besterik ezagutu ez eta
ez ote zaude kezkati
eta zuk
ez diozu kasurik egin

besterik ezagutu ez eta
ea eskuen artetik
ez ote zaizkizun
geroztik
txistua dena kexu
hots du
zure muinaren bila

besterik ezagutu ez eta
bizitzaren zenbait gauza
eder
eskapatzen ari
eta zuk ez diozu
kasurik egin

besterik
besterik ezagutu ez eta…
sabelpeko dar-dar ozena
ez zaizu lainotuko
hilkor, hilkor sortu artio.

Azken ahapaldi horretan dago poemaren eztanda. “Zuk ez diozu kasurik egin” nahi, baina arrakala zabaldua da dagoeneko; “irrintzi zakar” hori –“txistua dena kexu”–, “eskuen artetik eskapatzen ari zaizkizun zenbait gauza eder” horietaz jabetu zara, eta “sabelpeko dar-dar ozena ez zaizu lainotuko”. “Hilkor” dio poemak (ez “hilko”, Laboak kantatzen duen moduan). “Hilkor sortu artio”, hau da, hiltzera doala onartuko duen hori sortu gabea da, ukatua, benetan jaio gabea; hortik ihesi goaz Errealaren kolpe gupidagabeak modu traumatikoan muturrean eztanda egiten digun arte. Horren ondoren, bizirik irauten badugu, hura estaltzeko ahaleginean izango da, gehienetan.

Ausartuko al gara, egoerak eskatzen digun moduan, kantu hau gure ereserkien mailara igotzen? Horra nire gonbita, kultura eta denbora pasa nahasten ez duten kantarioi, Errealarekin harremanetan jartzea bere jardun artistikotik baztertzen ez duten horiei, benetako medium edo bitartekari izatera ausartzen direnei: Beñat Axiariri, Akauzazteri, Amoranteri, Anariri, Julen Axiariri, Ibon RGri, Ainara Legardoni, Joseba Irazokiri, Mursegori, Maite Larbururi, Pantxis Bidarti, eta nik ezagutuko ez dudan edozeini (barkatu ezjakintasuna).




TXORIAREN GARRASIA URREZKO KAIOLATIK

Badira zibilizazioak —atzo arte gehienak, eta egungo indartsuenen artean, esaterako, han txinatarra— hildakoei zor zaien begirune eta kultuen inguruan eraiki eta egituratzen direnak. «Liburuaren inguruko zibilizazioetan» hezitakooi liburu sakratuez ari naiz, Bibliaz, Koranaz… arrotza egiten zaigu hori, ulertezina. Zer egin heriotzarekin, zer hildakoekin? Nola bizi dolua eta dolu-ostea? Ezin uka honetan ere sasoi nahasiak bizi gaituela.

Mikel Laboa, Donostiako Zurriola hondartzan emandako kontzertuan. Bere azkena izan zen.

Pertsona beste dolu mota dago, eta beste horrenbeste harreman, inguruko ala urruneko hildakoekin. Laboarekikoa bilakatuz joan da azken hamarkadan nire baitan, aurretik ulertzeko gai ez nintzen hainbat dimentsio argitu zaizkidan heinean. Laboaren obra ezagutu eta maitatu nuen, artean bizirik zegoenean, baina ez nituen haren gakoak sakonki ulertu bera denboraz kanpo kokatu den arte. Hori baita heriotzaren ondorio behinena: eternal bihurtzen gaituela, baina ez betiko bizitza batean, baizik eta denboraren koordenatuak ezabatu direnean. Beraz, ikusgarri egiten zaigu une berean gaztea nahiz zaharra, jaio berria nahiz hilotza. Eta horrek argizta lezake desagertua den denboraz kanpo lekualdatu den bizitza bat. Denborazko perspektiba horretatik ariko naiz hemen, beraz, oso modu eskematikoan bada ere.

Hiru aro antzematen ditut Laboaren ibilbidean, bakoitzak hamar bat urte iraun zuena: Laboa flamenkoa deitu diot lehenari, 1970eko hamarkada bete zuen hari; Laboa esperimentala bigarrenari, 1985-1995 bitartekoari; eta Laboa etsia azkenari, 2005eko Xoriak 17 diskoarekin itxi zenari.

Laboa flamenkoa berea ez zirudien suhar batez oldartu zitzaigun plaza erdira. Jendeak txunditurik begiratzen zion medium hari. Zirrarak jota uzten gintuen ahots androgino hark, oihu eta garrasi haiek. Ez zegoen hobirik hura kokatzeko, eta mar-mar bat hedatu zen aditu eta arduradunen artean: «Hori ez da kantua, ez gaitezen probokazioan erori». Nire tesia da, esku-hartze sektarioez gain, horrek eragin zuela Ez Dok Amairuren eztanda: traje estuegi baten josturak lehertu egin ziren, eta Artze eta Zabala bezalako ero-ekin jarraitu behar izan zuen Laboak, gainontzekoek zentzu ona berreskuratzen zuten bitartean, atarramendu txarreko gehiegikeria haietatik salbu.

Eta gertatu zen gertatu beharrekoa. 1980. urte ingurutik aitzina, erori egin zen Laboa, amildu Artze… Bere bizitzan errepikatu ziren erialdi larrietarik batean sartu, eta ahotsa galdu zuen Laboak; bizirik iraungo zuen ere beldur ziren ingurukoak.

Itzuli zen, halere, eremu sakratu hilgarritik; baina eraldatuta, ezinbestean. Inor ez da eremu horretatik osorik itzultzen: itsu, batzuk; mutu, besteak; burua han nonbait balute bezala denak. Eta inguru kezkatu bezain miresle batekin egin zuen topo. «Itzuli zaitez, jarrai ezazu gure ondoan», errepikatzen zion. Eta bizirik iraungo bazuen, inguru horren beharra zuenez, baietz erantzun zuen, itzuliko zela, jarraituko zuela eskatzen ziotena ematen, irauteko behar zuen maitasunaren ordainetan. Eta ordainetan, amaitua zen ausardia ero hura, eta abangoardiako artista esperimentalaren jantziarekin aurkeztu zitzaigun ondoren, inguru kutunaren oniritziz eta babesaz.

Zertaz ari naizen ulertzeko, nahikoa genuke Laboa flamenkoa-ren lekeitioak entzutea orduko grabazioetan (“Baga, biga, higa”; “Gernika”; “Orreaga”; “Komunikazio-Inkomunikazio”…), edo lehen kantu zirkular haiek (“Nahiz eta heriotza”, “Zaude lasai”, “Besterik ezagutu ez eta”…), eta konparatu ondorengoekin, bigarren sasoiko lekeitioekin (“Itsasoa eta lehorra”, “Cherokee”, “Mugak”…) edo kantu zirkularrekin (“Lili bat”, “Hegazti errariak”, “Gure oroitzapenak”…). Bigarren aro honetan interesgarria jarraitzen du izaten, baita jeniala ere, baina babesa nabari zaio, etxe ezagun batean dabil, barne-barneko amildegiaren ertzetik zentzuzko distantzia batez.

Laboa etsia izendatu dut azken arokoa: sorkuntza amaitu da ia, baina ikonoa eraikita dago dagoeneko, eta, ingurukoez gain, gizartearen agintari eta ordezkariek ere aho batez laudatzen dute. Aro horretako arrastoak grabazioak bildumak dira, zuzeneko saioak, orkestraz eta koruz jantzitako emanaldiak… Laboa mediumarekin harrapatuta geratu ginenontzat, etsigarriak, tristeak.

Eta gerora? Laboa desagertu zen, eta nolako omenaldiak egin ohi dizkiogun ikusirik, bistan da bilakaerak beste urrats bat egin duela: Denon Laboa bat aldarrikatuz, nabaria zaigu duintasuna elikatzeko ahalegina. Ereserki bihurtu ditugu haren zenbait kantu; hitz eta melodia sakonekoak, denon ustean. Solemneak jarri gara, eta, horrelakoetan, ereserkiak behar izaten ditugu estadioetarako, kanpaina instituzionaletarako, hiletetarako.

Baina indartsuegia izan zen Laboa flamenko hura, eta nago sasoi larri haiek bizi ez zituztenek sumatzen dutela ezkutatzen ari zaiena: telefonoz bestaldean dagoen ahots androginoa, «… badakizu zer gertatzen den hemen» dioena, eta bestaldetik zer datorkion jakin gabe ezezka hasten den Laboa zoratuarena: «Ez, ezetz, EZETZ !!!», gero eta garrasi desesperatuagoan. Eta oihu beldurgarri hori Bachen koruekin nahasten da, bat egiten, hildakoen erreinutik atzera eginez, denbora desagertua baita erreinu horretan, eta txoria, errukigarri hori, denon artean eraiki diogun urrezko kaiola lehertzekotan da.




LABOAREN BITARTEKARIA. Mizel Thereten ‘Lekeitioak’

(Artikulu hau BADOK gunean argitaratua izan da: http://www.badok.eus/laboaren-bitartekaria-mizel-thereten-lekeitioak/)

Mizelen dantzaldian egon ondoren, Punta Mbondara (Ekuatore Ginea) eta han aurkitu nuen txalupariarengana itzuli naiz. Hildakoen bizitzaz aritu ginen berbetan txaluparia eta biok aspaldi hartan, eta “Laboa bizirik” ala “Laboa hilik” bueltaka, berarengana itzuli eta elkarrizketa hura berritu dut egunotan. Orduan bezala, “Non bizi dira zuen hildakoak?” galderari erantzun beharko banio, zalantza egingo nuke berriz ere ezagunenak ditudan bi erantzunen artean.

Lehen erantzunak, haurtzarokoak, hildako onak zeruan bizi direla dio, eta gaiztoak, berriz, infernuan. Hobeto esanda, hildako gehienek epe luze bat pasa behar izaten dutela ez zeru ez infernu den atsedenik eta lorik gabeko “purgatorioan”, non sentimendu asaldagarriek etengabe larritzen dituzten. Gogoan dut nire amak egunero errezatzen zuela “purgatorioko anima gaixoen alde” eta zer-nolako inpresioa egiten zidan esaldi horrek. Baina txalupariarekin topo egin nuenerako, joan den mendeko 80ko hamarkadan, banuen beste erantzun eramangarriago bat: “Hildakoak bizirik gaudenon memorian bizi dira, eta bizi ziren garaian egindakoaren arrastoetan”. Hildako horiek artista izanak baldin baziren, beren obrak balio berezia izaten jarraitzen du ondorengoentzat, haien memoria –haien bizitza– luzatuz.

“Gure hildakoen izpirituak ibai honetan bizi dira, eta berehala haragitzen dira jaiotzear daudenengan. Hori lortzen ez dutenak hemen dabiltza haserre eta alderrai, eta haiekin moldatu behar izaten dugu, ez modu goxoan…” bota zidan txalupariak, nik zer esan aukeratu ez nekien bitartean. Begi bistakoa den zerbaiten sendotasunez adierazi zidan, eta nabarmen utzi nire pentsamenduen ahuldadea. Baina konturik harrigarriena hildakoen ahotsari lotuta etorri zen. Beraiek ametsetan entzuten zituzten haien kexu edo erreguak, eta baita oihanetik zetozen hots eta xuxurletan. Sinestezina egiten zitzaion txalupariari nirekin nuen kasete haietakoetan entzuten ziren ahotsak bizienak nahiz hildakoenak gorde zitezkeenik. “Itzela da, gero, zurien magia!” zioen, txundituta.

Esan bezala, Mizel Thereten emankizunak eraman nau hau guztia berritzera, orain arte hamaika aldiz entzundako Laboaren ahotsa oso bizirik den norbaitena egin baitzait oraingoan ere. Baina dantzariaren jarreraren poderioz ahots hura hildakoen artetik zuzentzen ari zitzaidala jabetu nintzen. Laboak arrasto indartsua utzi zigun bizirik zen bitartean; eta modu horretan betikotu da, nire bigarren erantzunaren arabera. Baina –modu horretan trabatu zait txalupariaren egia– ezin berraragituz dabil hildakoen ibaian, bertako fantasma eta izpiritu gaiztoekin deman, baita haserre eta etsituta ere, jabeturik oraino bizirik gaudenok zer ulermen makal eta erabilera fribolo egiten dugun bere ahotsaz eta auhenez. Etsituen dabilenean, suntsitu nahiko lituzke haren arrasto guztiak, eta, aingura horretatik libro, arima arinez etorri ama berri goxo baten sabelera. Baina ezinezkoa du –hain baita latza zurien magiaren ondorioa hildakoen artean–, eta une batzuetarako bada ere, bere burua eskainiko dutenen bila dabil gure artean, bakerik ematen ez dioten bere ahotik atera ziren hots eta arrangura madarikatu haiei bide bat aurkitu diezaiogun.

Une batzuetako bederen, Mizelengan aurkitu du Mikelek bere gorputza utziko dion adiskidea, bitartekaria, baina ez edozein baldintzatan. Contrappasso legearen jakitun, Mikelen ezaugarrien kontrakoak behar ditu haren zama eroaleak: ahotsa zuen hark, isilik behar du honek; gitarraren gibelean ezkutatzen zen figura herabe eta ikaratuaren ordez, gorputz soilez bete beharko du honek egin beharrekoa. Mikelek utzitako zenbait arrasto aukeratu beharko ditu beste behin, eta hildakoaren izpirituaren oraingo behar larriei bidea egiten saiatu. Magia magiaren gainean ipintzen duen erronka beldurgarrian.

LAUKI GORRI BAT ILUNTASUNEAN

Iluntasun tenkatu batek girotzen du hildakoen eta bizirik daudenen arteko tratua. Eta isiltasun batek. Badaki bitartekariak, bestalde horretan sartu orduko, ezin izango duela onik itzuli, hango mandatarien lana behar bezala beterik ezean. Kontzentrazio handiz jarri da gure gizona espazio horri so erpin batetik: soka gorri batez zoruan marraztua den lauki beltza da beste dimentsioa irudikatzen duen espazio magikoa. Isilik eta geldi. Dimentsio horretan barneratzeko une egokiaren zain.

Oraingoan, halere, ez du urrats hori guztiz bakarrik emango. Lauki beltz horri begira, beste amildegi ilun bat betetzen duen jendetza dago, bitartekaria bezain urduri, eta bien artean –laukira sartuko denaren eta begiraleen artean– medium guztiek sentitzen duten bakardadea nabarmenagotu egingo da.

Eman du pausoa dantzariak, baina ezin digu aurpegia erakutsi. Begiraleei bizkarra emanez jarraituko du denbora luzez, espazio hura berea egin bitartez bederen; hildakoaren ahotsarekin bat egin arte luzean. Pauso batzuk eman eta zorua haztatzen du, saihetsetik etzaten da. Zutitzen denean, bi eskuak lurrean eta oin puntetan, korrika ziztuan aterako den atletaren moduan ipiniko da baina, aurrera jo beharrean, buruz lurrera eramango  lukeen mugimendua geldituz. Erorikoa gerta ez dadin, oinak lurrean jarri, makurtu eta etzan egiten da beste behin saihetsean, lerro zuzen luzea marraztuz: beso bat gorputzean atxikia, eta bestea ere luze, burukia eginez. Astiro, gaineko besoak bizkarra bilatzen du, azpikoa bere bila doa, eta, lehen aldiz, hegalak irudikatzen dituzte, baina hegal asimetriko eta dislokatuak, figura etzanari hegazti eroriaren irudia ematen diotenak. Zutitu berriz –bi oin-puntak, bi esku-ahurrak zoruan– eta, oinez berriro, arin oraingoan leku bila, urruneko iluntasunera soa, zutik eta gibelez lekukoengandik. Isiltasun luze hori gitarra ezagun baten notek urratzen duten uneraino.

HEGAL HAUTSIEN EGONARRIA

Laboak utzi zizkigun grabazio guztien artean ez dago “Orreaga” bezain intziri irrintzi asaldagarriagorik. Bortu hertsi batean suertaturiko pasarte odoltsuenera jo zuen horretarako, Erdi Aroko antzinatean euskaldunak ere nor bazirela adierazteko odolez izenpetu zuten batailara. Koblakariek derrotatuak besteak izan zirela azpimarratu zuten, behingoz, beste horiek gerora handi eta boteretsu bilakatu badira ere. Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran plazaraturiko pieza hura bakana izan zen Laboaren kantutegian, eta muga bat seinalatu zuen. Eta seinalaturiko muga arriskutsu hura nola zeharka zitekeen erakutsi zigun. 

Gerora, Herioren hegal hotzaren ukitua sentitu berritan, damutu egin zen agian gehiegikeria hartaz, eta ezabatu egin nahi izan zuen ausarkeria hura. Lehenik, heriotza bera ohoratuz bizitzaren lege gisa: “Orreaga” haren grabaketaren hurrengo diskoa (Sei, 1985)  horixe izen zen funtsean, heriotzari eskainitako aitorpena eta gurtza apala: “Zahar bezain prestu odola zaut hoztu, bihotza ere laztu, gorputza beraztu. Oraino gazte banintz banuke gostu!” Otxalderen bertsoak baliatuz lehenbizi. Gero, Xabier Leteren lirika etsia: “ni ez nintzake oinazearen menpeko mixerablea; oihu zekenen destinatzaile, etsipenaren semea” edo “nolabaitezko kate geldian, unez uneko lerroan, guztia present bihurtu arte nor izanaren erroan”. 60ko eta 70eko mozkorraldi asaldatuaren ostean eta Herioren ukituaren segidan, harekin bakea egiten saiatu zen kantaria. Ezabatu egin nahi izan zuen, baita memoriatik ere, “Orreaga” salbai lotsagabe hura, eta izen bereko beste bat grabatu zuen hurrengo hamarkadan. Bigarren horri lotu zaio dantzaria keinu haren leialtasunez, gauzatzen ari den exorzismoaren abiapuntu gisa.

Ezpata odoleztatuak lurperatuak izan dira, eta inoizko arrano-hegal handiusteak hegaldatzea ezinezkoa duten hegal hautsiak bilakatu dira. Nekatua da ahots hori, gehiegi luzatu eta itoan airea antsian hartzera behartua da etengabe. Antsia eta hegalen ezina. Oinak iltzatuak dira zoruan, eta ahots murmurioarekin batera, beso-hegalak figura berrosatzen saiatzen dira. Ez luzerako, antsika hartuko baitu airea behin eta berriz bestaldeko izpirituak, eta figura berriz hautsiko da behin bitan hirutan. Handik aurrera, etsia onartuz bezala, bi besoek irudi biluzia osatzen dute, erdi hegal, erdi helduleku –beso-hegalak dira, aurpegiarekin batera, beltzez estali gabe dauden gorputzaren atal bakarrak–. Beso-hegal ezinduak gorputz zut eta geldoarekin hasiko dira deman; esku zabalduak ukabiletan bilduko. Askatuko badira, aurretik zerbait borrokatu behar dute, baina hutsean dabiltza. Borrokak ezin, eta berriro bilatzen ditu hegal hautsiak dantzariak, bigarrena izanda enegarren ahalegina dirudien batean, askeago, bada, oraingoan. Ahotsa nagiak utzita baitabil dagoeneko, gardenago ematen digu auhena, murmurio etsian jausi bitartean, arnas itolarrian. Oihua irrintzi zoroa bihurtzen denerako atxikita geratzen zaizkio hegal hautsiak dantzariari gibelera, eta askatzeko ahala eginagatik ere, ezin du. Ez du berehalakoan lortuko; gorputz osoa astinduko dio beste behin dardarak, ahotsaren murmurioz, askatuko badira.

Heriotzarekin nolabaiteko ituna egin duenaren bigarren “Orreaga” honek alboratu du lehen haren erokeria lotsagabekeria, baina, ahaleginduta ere, ez da errekuperatuko gehiegikeria hartaz. Eta bitartekariaren gorputza abaildu egiten du horrek azkeneko arnasa hautsiekin. Iluntasuna nagusitu da oihu askatzailea izatera ailegatu ez den marmara lo-kanta bihurtzen denerako, azken erruki bila. Amets gozoen esperantzarik gabeko lo-kanta. 

Begien aurrean dugun dantzariak, bitartekariak, ez du lo nahasi horretan erori nahi, bere eginkizuna hasi besterik ez baita egin, eta nekez bada ere, eseri egingo da, jarriko da kokoriko, bilatuko du zutikako jarrera eta hegal hautsiek emango dioten egonarria.

Zutik eta gibelez, zeharka ematen ditu urratsak, eskuinaldetik ezkerraldera, atzeraka gero, beso-hegalak gorputzean limurtuz egokitzen diren arte isilik, seinale baten zain. 

Lauki gorriz hertsitako espazio hori kaiola bat baino zerbait gehiago litekeelakoan; espazio zabalaren norabideak sumatu nahiko lituzke itxituran voyeur ezinduak: eskuinaldetik ezkerraldera doazen urratsak hego-mendebaletik hego-ekialdera doazenak, eta atzeraka emandakoak, iparra bilatu nahi dutenak… Hori, ordea, dantzaria baino kateatuago dagoen begiralearen ameskeria baino ez da, eta kaiolak, kaiola darrai. 

Seinalearen zain, lepoa garondoa igurtziz esku batez biratzen da, lehen aldiz soa eta aurrealdea jendearengana bihurtuz, une labur batez bederen. Jarraitzen du bere ibilian, eta beste behin bizkarrez lepotik eskuak askatu, eta besoak libre arinki hegaldatzen dira. Behin eta berriz hegaldatzen eta lepora bihurtzen, egurraren lehen kolpea entzuten den arte; unearen zama erakutsi digun neurririk gabeko isilunearen ondoren.

TXORIA ZAUDE ISILIK 

“Itsasoa eta Lehorra” izan zen Herioren hegal hotzak Laboa ukitu ondorengo lehen lekeitioa, egurraren hotsez abiatzen zena. Lehorra bezain leuna da hots hori, ataka horretan lasaitasuna eskaintzeko gai dena. Asko luzatu egin baita orain arteko eginahala. Aukera ematen dio dantzariari soa une batez guregana zuzentzeko. Berak ezin badu ere, egurraren hotsa hegaldatzen da, eta horrek ematen dio bitartekariari atsedena hartzeko aukera: figura luze etzana, beso baten gainean burua, bestea saihetsean. Hain gurea bilakatu dugun egur-hotsak ez dio melodiari leihoa zabaltzen, ezta gainontzeko tinbal gehienei larruek eskaintzen dioten epeltasun hurbila ere, baina aski dugu jo lehor horrekin. Kantariaren ahotsa jo soil horretan sostengatzen da, eta gitarraren ukitu aratzean. Aski du horrekin dantzariak loa debekatzen dion ohantze ilunetik altxatzeko. Badaki ezingo duela denbora neurtu lauki ilunean dagoen bitartean.  Denboratik at barneratu baita bera ere, hildakoekin harremanetan jartzeko nolabait, haien kondena bera betetzea baitu baldintza.

Nekeza zaio zutik jarraitzea ere; ezinezko ia, berean irautea. Esku batez eta oin-puntez eutsi behar dio oreka zailari, zerbaitek behin eta berriz eragozten dion bertikaltasunaren duintasunari. Dantzariaren mandatariak ez duelako dagoeneko zutitu nahi, agian. Hegan egin nahi du berak, txori izan. “Txoria zaude isilik, ez egin nigarrik” dio melodiara ailegatzen ez den ahotsarekin. Baina ez hegazti ez gizon honek ezin du hegaldiak berezko duen harmonia eta grazia eskuratu. Flauta gozo batek gogoraraziko digu grazia horren zera, gero eta azkarrago doan egurraren eta gitarraren gainetik, giza ahotsaren gainetik, eta baita jaso ezin den mediumaren gainetik ere. “Nik eramanen zütüt xedera laxaturik Orhiko bortutik, ororen gainetik” entzuten badu ere, honezkero ongi daki lotzen duten xederez ezingo duela kantuak libratu.

Hautsia du mugimendua pausoa jarrera bera. Eta egur-hotsaren jarraian gizaki ezin hegaldatu horren gainetik jarraitu eta jarraitu egiten duen zerbait ere ageri da. Ez baitago gure zain Unibertsoa bizitza bera,Laboaren hitz hautsiek nahiko luketen eran. Askatu da Laboaren kantua, hiru mailatan eskaintzen zaigun musikan –egurra gitarra ahotsa–, eta gehitzen doa mugimenduaren arintasuna, hegaldatzeko ezintasunetik libratzeko gai ez bada ere. Mizelen gorputzak egurraren trostari jarraitzen dio, erritmoari loturik naufragoak bereari legez. Azkenerako, egur soil eta geldoa zena, egur soil baina azkartua, bizkortua, ihesean doana geratuko da: gizona zutituko da, beso bat guztiz zabalduko du, baina berehala zoruan iraulka amaituko, berriz altxatzeko, berriz etzateko; zutik ezin duena etzanda saiatu ahal izateko. Isiltasunera, iraulka sortu den gelditasun sorgorrera bultzatua, beste behin.

URRUNETIK HELDUTAKO ABAILDURA

Bilatu zuen irtenbide bat Laboak 80ko hamarkada luzean, eta egurraren arrimuan egindako ahaleginari urrutirako bidaia batek jarraitu zion. Ipar Ameriketara jo zuen oihartzunen aztarnen bila, eta aspaldian estimatzen zuen eskuez (B. Brecht, “Gaberako aterbea”) eta jazz-soinu maiteez (“Round Midnight”, Thelonius Monk), Atxagaren laguntzaz baliatuz (“Galderak”, “Antzinako bihotz”) indio harro eta derrotatu haiengana bidaiatu zuen, Cherokeengana, bizitzaren taupada haztatzeko. 

Bidaia horretan harrapatuko du gizona hurrengo giroak: akorde frankoek eta kantu baikorrek. Kontsonante bigunek eta bokal luzeek; espazio osoa beteko duten taberna giroko ahots abegitsuen bakeak. Ahots-ehundura horrek kulunkatu egiten gaitu; zutik irautea eramangarri egiten. Eta kulunka horren barrutik ailegatzen zaigu makil-hotsez borroka galduaren oihartzuna. Dantzaria, hildakoaren bitartekaria, jendeari begira dago horretarako, eta bere mugimenduek ez dute gure nahiko genituzkeenak bortxatzen. Gibeleko ahotsen bigungarria berehala desagertzen bada ere, kantuaren goxoak jarraitzen du gu kulunkatzen; iraun genezake oraingoan. Berehala, halere, hotsak aldatu gabe, kulunkaria zena aldarrikatzaile bilakatzen da; ondo ezagutzen ez dugun zer edo zer burutzera estutzen gaituen burrunba ozena. Eta hegalak mugitzen badira ere, haien ondoren gorputz osoa lekualdatzen badoa ere –oin-puntatik orpora eta orpotik oin-puntara–, ez dute oraingoan ere bere helburua beteko. 

Apaltzen doa kantua, eta mugimenduak –espasmo jarraituak, larritasunera hain erraz eramaten gaituenak– urrundik datozen hotsen iragarpenari jarraituko dio. Cherokeen “Oinatz tinkoen dantza”-k ustekabean harrapatuko gaitu, eta sabelpetik gora sartuko zaizkio dantzariari zintzarri eta oihu dantzagarri horiek: bi oinak zoruari atxikita, dardara betean jarriko dute, beso-hegalak abaildurik, barne-indar horrek astinduta baina inora eramateko gai ez dela. Hots horien zartada jaso ostean itzuliko gara aurreko ahots-ehundura ezagunen epelera, baina ezberdin bilakatu da honezkero. Besoen abaildura gorputz osora pasako da, eta goitik behera etorriko da gizona kokoriko makurturik indarge, azken hotsak, beste behin, murmurio apal eta isiltasuna bihurtzen diren arte. 

Ez daki zer eta nolakoa izango den hurrengo mezua; antzinatera edo aitzinera bultzatuko duen, honezkero eramangarri egingo zaion… Bestaldeko hots eta ahots-uholde bakoitzak uzten baitu horrela, interludio bakoitza hutsetik abiatzeko enegarren ahalegina bilakatzen zaiolarik. Zatikatua, dudakor suertatzen da oraingoan, baina lehen aldiz eta segundo batez bada ere, besoak askatu egin zaizkio. Airean marraztutako keinuak berak eramaten du errepikatzera; indarra berriro bildu eta beste nonbait hainbat aldiz hegaldatzera. 

ZERUTIKO MENDEKUA

Oso gainetik datorren ezustea gertatzen den arte. Esku-zartada urratuak eta ahots desesperatuak: “Gernika”. Egin berri duena lege zurrun baten urraketa barkaezina dela gogoraraziko dion jainko mendekatiaren sententzia.

Aurpegira jotzen dute, orain indar larregiz, lehenago gorputzean ezartzen ziren eskuek, hura desitxuratu beharrez. Larritasuna berriz, hegaldatze-ahalegin debekatuaren ordaina, bere baitatik sortzen ez diren bisaia imintzio beldurgarriak beteaz. Giza fonema zabalenak laburbiltzen du auhenik unibertsalena: Aaaaaaa!  Ezin hobeto adierazi aurreko mende hasieratik sorturiko gerra hilgarrienen entsegu orokorraren espantua. Auhena aldarria bihurtzen denerako ezingo dio dantzariak zutik eutsi, eta inoiz baino nabarmenago kaiola bihurtu zaion espazio bakar horren baitan lasterka abiatuko da, ezin gelditurik. Erorikoak lasterka desesperatu horren ponpa dira, eta laukiaren ertzak zango-zapaltzearekin markatuz beste norabide bat bilatze premia. Gero eta itogarriagoa zaio hasiera batean beste dimentsio bateko –hildakoen espazio mugagabeko– espazio infinitua zena, eta zenbat eta arinago egin laster, orduan eta irtenbide itsuagoz aurkitzen da, alferreko ahaleginean etsi arte, burumakur ibili baita hasieratik, besoak ere zangoetatik ezin askatuz.

Denboraren neurria aspaldian galdu duenez, ez daki zenbat iraungo duen proba honek, eta ezin du jarraitu, jarraitzea ez bada laukiaren erdian etzanda geratzea, amarik gabeko pietà bakartia. Arnasak eragindako mugimendua besterik ez zaio antzematen, haika mutil-en xuxurla –erdi lo-kanta, erdi iratzargailu gozoa– bere bila datorren arte.

HARRO DABIL GAUR EGUN ZUZENGABEKERIA

Etzanik dagoen gorputz erori hori biraka hasten da zoruaren planoan, erlojuen orratzen antzera, neurrigabeko neke batek eragindako zama gailendu ezinean. Eseriko da halere beste behin, jarriko da kokoriko, eta besoek gogoraraziko diote ez direla beso, hegal baizik; hildakoen kondenak ez baitu hori eragozten. Ahaleginen ahaleginez berriro jaio nahi duten hegalek gorputz abaildua jasotzea lortzen duten arte.

Geuk, begiraleok, badakigu honek ezin duela askoz gehiago iraun. Baina hildakoen eremukoei lapurtu egin zaie denboraren iragaitearen kontsolamendua. Eta bizirik zirenean esandako hitz bakoitza, egindako keinu bakoitza indar neurrigabez itzultzen zaie. Eta tormentu horretatik eskatzen digute erruki amiñi bat, jabetzen ez bagara ere uste baino laburrago izango baikara geu ere haien erreinukoak. Hegalak sortzeko azken ahalegin mingarriak dira oraingoak, hitz esanek min ematen baitute: “…indarkeriak zin egiten duela: berdin iraungo du denak!”. Eta horrela izaten jarraituko dute deklamazio gordinak jarraitzen duen bitartean. Espasmoak bailiran edo, noiz edo noiz, hegaldatze oso eta azkar bat gertatuko da. Oinez abiatu liteke gero, Seixeeee! oihua, aldarria baino gehiago, agindua baita: “Abiatu zaitez, ez geratu hor, bizirik zauden bitartean. Zuk ez baitakizu zer den hilik egotea; ez dakizu zer den bizitutakoaren zamapean iraun eta ahots hura, garrasi hura gainetik kendu ezinik betikotasun lanbrotsu honetan iraun behar izatea!”.

Gizonak dantzariak bitartekariak, orduan, bestaldeko ahotsa bere gorputza zeharkatzen, bere arimaz jabetzen utzi duenak, trantze hura amaitu dela sumatu du. Apal-apal makurtzen da orduan, eta laukia osatu duen sokaren muturra hartu eta hasten da biltzen, laukiari astiro jarraiki haren forma hautsi gabe, ubera itsasoan urtzen den moduan, amaiera eta hasiera elkartzen ziren puntu berean uzten du zoruan harilkoa.

Amaitu da xarmadura eta espazioa gurea bilakatzen da beste behin, eta bazter batetik geratzen zaio begira bitartekaria. Eta hasten da zoruan abiapuntuko figura etzanak marrazten gorputzarekin eta mugak ezabatu zaizkion zoru horretan iraulka, lehen baino mantsoago orain, azkarrago gero, dena berriz abiapuntutik beharko balu bezala abiatuta. Zoru hori gorputzaren zoko atal guztiek haztatua behar du izan, beste behin. Eta musika apaltzen amaitzen doalarik, orduan esertzen da gizona, zutitzen ikasi behar du, oinak lurrean nola bermatzen asmatu, besoen laguntzaz eta haien lekua berriro bilatuz. Zutik jada, inguru osoa begiekin lehen aldiz begirada txundituaz dago begira.

(Argazkiak: Olivier Houeix)




2017 ERROBIKO FESTIBALEKO OHARRAK 2: XORIEN IHESA

Agertoki huts bat, isilik argi itzalean, eta etxerako erabiliko genukeen arropa soilaz, berdin jantzitako bost gizon-emazte geldirik: zenbat denboraz eutsi ahal izango genioke egoera horri deseroso sentitu gabe? Bortxaz jasotzen ditugu impasse tarte horiek, eta exijitu egiten diogu artistari barruan sortzen zaigun deserosotasun hori bete dezan kolorez, soinuz, mugimenduz, hitzez.

Badira zenbait, halere, morrontza horri uko egin, eta —bazterrean geratzeko arriskua onartuz— bidaia-sari bat ordaintzeko eskatzen digutenak: «Zertara zatoz hona ni ikustera, zeure burutik ihesi, ala zeure baitara biltzeko prest; denbora-pasa, ala nire lanak eta ikerketa isilak emango dizun isla zeureganatzeko ahaleginean?». Estimulu gabezia eragile den une horretan abiatu zen herenegun Errobiko Festibaleko bigarren gaualdeko emanaldia, Mizel Theretek zuzendutako koreografiarekin. Hegaztiak gaitzat hartuta osatu trilogiaren ixteko, Xorien ihesa Laboaren azken kantuari («Zuen eskuak zabaltzen diote/ xoriak laudatu egiten dituzue,/ lausengu lirikoak ere dedikatzen dizkiezue/ baina zuengandik beti ihes doaz») dei egin zioten bost dantzariek, eta isilik geratu ziren, geldi eta adi, mendeetan zehar errepikatu diren hotsen oihartzunen zain. Johanna Etcheverryk, Gael Domengerek, Eneka Bordato-Riañok, Matxalen Bilbaok eta Robert Jacksonek harilkatu zuten oihartzunez jositako ehun sotila, horren baitan ikus-entzuleak harrapatzea lortu zuen ordu beteko emankizunean.

Bost dira dantzari-xoriok, baina xori baino, emazte eta gizon dira, beren baitatik ezin askaturik, barnean daramaten hegazti hori gorpuzten dutenak. Xoriek hegaldatze dotore eta beti iradokitzailean bere burua behin eta berriz islatuz, hautsita sentitu ohi da emaztea ala gizona; kaiola baten modura bizi du gorputza, nondik xori hegalari horrekin amets egiten duen, kartzela horretatik inoiz libratuko al dena. Eutsi egiten zioten minutu luzeetan ahalegin horri dantzariek, haien artetik tiraka bezala zabaltzen zen espazioa betetzeko tentsioan. Isilik betiere, gorputzaren orro isila agerian, ezpada noizbehinka polifonia baten goxotasunean babesteko.

Horrela agertu ziren han-hemenka Ahaire zahar huntan eta Soule izenekin Javier Bello-Portuk osatu eta Kea taldeak grabatutako piezak; berdin Ürzo lüma eta Arvo Parten Agnus Dei. Apenas hausten zuten talde kantuok isiltasun hori, gorputz bakartuek aurrera zeramaten borroka gor etengabea zena. Gehiago ziren hegaztien oihartzun guztien oroitzapen, taldean gauzaturiko bakardadearen leungarri. Amore eman behar, halere, amaieran: kalatxorien garrasiak entzun ziren, eta lurrean etzanda edo elkar besarkatuz dantzariak, bost-bat edo hiru-bat eginez, gorputzez baino nekez sentitu edo adierazi litekeen giza elkartasun ezinbesteko hori bilatuz, adieraziz, gorpuztuz.

Xisteraren dekonstrukzioa

Mizel Theret dantzari eta koreografoa leku berezia ari da izaten Errobiko jaialdi honen bilakaeran, baina ez da lehen aldia bere emanaldiekin bereziki estimatzen duen giro honetara datorrela. Orain bost urte eskaini zuen bere Pelotarhitza agertoki bihurturiko frontoian, bertsolariz eta musika herrikoiez horniturik. Oraingoan, haren soiltasunerako joera gero eta nabarmenagoa azpimarratuz, pieza laburrago bat eskaini zuen, ordu erdi ingurukoa, Beñat Axiariren ahotsez eta Jesus Aureden esku-soinuaz lagundurik. Aspaldian elkarrekin ibilitako artistak dira hirurak, eta nabarmena da haien arteko bat egitea. Axiariren hots agudoenak are agudoagoak bilakatzen dira Aureden soinuan, berdin grabeenak grabeago. Biona basakeria neurtua da, hainbat musikari bakanek zabaltzen dituzten eremuetara tiratzen duena.

Bien artean, baina espazio bakarra osatuz, Thereten soiltasuna: gelditasunetik zabaltasunera, bertikaltasunetik lurraren hedapenera, bere dantza isila karga dramatikoz betez. Zesta puntan erabiltzen den xistera izan zuen gonbidatu bakarra, eta haren inguruan ariko balira bezala —ez alderantziz, xistera apaingarria gisa— osatu zuen dantza. Eskuaren, besoaren eta gorputz osoaren hedadura horri atxikita, berari uzten zion agintzen. Eta pilotariek janzten duten zuria beltz bilakatuz, haien mugimenduak pilotarik gabe airean zabalduz, haien ahalegin ezinezko batez ari zen dantzaria: bizitzaren baieztapenaren eta endekapenaren aldarri apalaz.




2017 ERROBIKO FESTIBALEKO OHARRAK 1: BANATU BARTOK

Bela Bartok XX. mendeko konpositore hungariarraren errebindikazioaz hasi zen kontzertu saioa. Orain hamar bat urte hasi ziren Christine Martineau (biola eta kantua) eta Denise Laborde (mandolina eta ahotsa) elkarrekin Bartoken errepertorioa lantzen. Bide luzea izan da haren eskutik hasi eta, euskal tradizioan barrena, Europa ekialdekoan murgilduz jorratu dutena. Disonantziaren maisua bezala ezagutu zena, garaiko beste hainbaten moduan, bere herrialdeko melodiak eta kantu zaharren transkripzioak eta grabaketak eginez ibili zituen orain mende bateko bere bazterrak. Aurkitutako altxorrak konposizioetan birsortu zituen gero. Martineauk eta Labordek egindako lana, elaborazio haietatik partituz, iturrietara itzultze bidean eman dela esan genezake. Eta joan den osteguneko emanaldian hiru geruzetan ikusi ahal izan genuen prozesu hau. Hiru geruza hauek bi emakumeon ikerketan eta interpretazioan dute muina, eta orain dela hainbat urteko Barkatu Bartok emanaldian erakusten zuten: Bartokekin batera, euskal kantutegi zaharra ageri zen bertan, baina baita Juan Kruz Igerabideren eta Joxan Artzeren hainbat poema laburretatik abiatzen ziren bariazioak eta inprobisazioak ere; ahotsetan eta, batez ere, musika instrumentalean.

Bigarren geruza bat gehitu zitzaion muin sendo honi, belaunaldi gazteago bateko hiru musikariren eskutik: Maider Martineau (soinu txikia, alboka eta ahotsa), Sylvain Meillan (biolontxeloa eta Bulgariako arrabita bat, gadoulka izenekoa) eta Vianney Desplantes (bonbardinoa eta alboka). Tinbreak aberasteaz gain, alboka eta bonbardinoa uztartuz eta soinu txikiaren melodikotasun freskoa mandolinarekin bikoa osatuz, biolaren nagusitasuna modu orkestralean osatua geratzen da Meillanen sokekin batera.

Bigarren geruza honek orkestra-osotasuna ematen dio aurreko bikoteari, baina baita joko berrietarako esparrua zabaltzen ere: bi emazte ahotsei hirugarrena gehitzen zaio denbora-, erritmo- eta harmonia-disonantziak berrituz; bonbardinoaren baxu sakon metalikoak harriduraz harrapatzen gintuen maiz, soka agudoen kontrastean edo albokaren indarrarekin. Bartok banatzen ari zitzaigun euskal lurraldeetan.

Hirugarren geruza bi musikari gazte apartek osatzen dute, aurrekoen lanari sakontasuna eta ekialdeko (baita gure ekialdeko) moduak erantsiz. Julen Axiari (perkusio turkiarrak eta ahotsa) eta Nicolas Nageotte (klarineteak) dira bi musikariok, eta haiengandik heldu ziren osteguneko emanaldiaren unerik gorenenak, hunkigarrienak, sakonenak.

Bazterretik bazterrera mundu bat da zabala zuen leloa Bartok maisua aurkeztuz entzulea Europa ekialdera eramaten zuen lehen aire alaiak. Melodia arin eta dantzagarriek osatu zuten kontzertuaren erdia: zortziko indartsuak edo fandango hautsiak, zenbaitetan ekialdera eta bestetan gure arbasoen modu bortitzenetara eramateko gai zirenak (Leon eta Maurizia berpiztuak izan ziren une batez). Bestalde, hauek tartekatuz, malenkonia sakonenaz blaituriko piezak: Bizkaiako lo-kanta-ren lau ahotsetako interpretazio zoragarria, esaterako, dagoeneko arrotzak ditugun erreferentziaz osaturikoak (gona gorriz jantzitako ama, bildotsarekin nahastuko duten haurra…).

Baina egon ziren beste hainbat eta, horien artean, Turkiako, Armeniako eta Irango melodia sarkorrak Axiariren kantaera harrigarrian emanak. Bartokek eta bere garaiko hainbat musikarik egindako bidaia itzuleran zetorkigula zirudien: forma landuenak kontraste tinbrikoekin emanak; ahotsen tratamendu antzinakoak, berreskuratuak. Zorioneko bidaia honetan parte hartu ahal izan zutenak!




JOXAN ARTZE, NOLA BELZTU BEHAR ZURIA

Zerbait baldin badute Joxan Artzeren liburuek da ekintza moduan daudela eraikiak. Idazketaren osteko konposizio lan handia dute beti, eta konposizio lan horrek izaera performatiboa gehitzen dio idazketari. Bere liburu bat ez da poema bilduma soila; aitzitik, poemaz poema irakurtzen badugu, motibo gutxi batzuk baino ez ditugu topatuko, eta gai horietako bakoitza ideia-irudi sinple bezain kategorikoekin osatua da. Irudi horietan eta haien tratamenduan asmatzea dirudi egilearen xede formala, eta horien inguruko bariazio erritmikoekin entzule-irakurlearen kontzientzia behin eta berriz mailukatzea. Inoiz baino gardenago agertzen da hori bere azken argitalpen bikoitzaren bostehun inguru orrialdeetan (Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza).

Hau jakinda hurbildu nintzen joan den udaberrian Metrokoadroka Sormen Laborategikoek (Oier Guillan eta Asier Sarasola) eta Bide Ertzean taldekoek (Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegi) Usurbilen eskaintzen zuten emanaldira, orain gutxi zuzenean grabaturik Elkar etxeak DVD formatuan salgai ipini duen horretara. Aprentsio apur batekin, beraz; baina lasaituz joan nintzen emanaldiak aurrera egin ahala. Asko irabazten baitzuten hitzek Oier eta Asierren deklamazioarekin, eta baita poemok kantu xume bihurtzerakoan ere. Irudiak erabat perfilatuak geratzen ziren, errepikapenak prosodiaren zerbitzura zeuden, eta jokoa ez zen inoiz aspergarria bihurtzen. Bi ahotsen arteko kontrapuntua ere horren zerbitzura zegoen: Oierrenak, sarkor eta solemneak, Asierrena, xumea –beste testuinguru batean barregarri ere suerta zitekeena–, zuen beti parean, eta ideia/irudien talka lortua zenean –airean bere oihartzuna astunegi bilakatzeko zorian– sartzen ziren gitarrak, kantua, akorde eta erritmo guztiz eramangarrian. Modu horretan egin zuen aurrera emanaldiak, eta bikaina iruditu zitzaidan aukeraturiko testuen tratamendua.

Egunotan aldiz, grabazioa eta liburuak batera berrikusten nituelarik, galderak piztu zaizkit. Eta bakarrean laburbiltzekotan: eusten al dio emanaldiak liburuen mamiari? Tonu maiorrean idazten baitu Joxanek, eta tonu minorrera eraman dute interpreteek. Solemnitatez jositako lana da Artzerena, transzendentala esaten duen oro, baita intimitateko sentimenduez ari denean ere, tenplu batean irakurtzeko modukoa. Eta tabernara atera dute ia Guillanek, Sarasolak eta Ubedatarrek –ez, egia esanda, antzoki isil eta arretatsu bat ez da taberna; esateko modu bat da–. Irabazi ala galdu egin dugu operazio horretan? Eta jatorrizko obrari berari, zer gertatu zaio? Ez al da haren eduki trinkoena ahulduta geratu, haren “benetako” mezua desitxuratua? Liburuak ez baitu tarte handirik uzten bere planteamendu eta gauzatzean.

Minuskulaz idazten du beti Artzek, baita esaldiaren hasieran ere –tipografia handiagoz eta hizki lodiz, baina minuskulaz–, erabaki ongi neurtu batean. Maiuskulak Jainkoari baino ez dagozkio, zuzenean izen horrekin aipatua denean edo haren ezaugarriaz aritzen zaigunean (Dakiena, Ixila, Maitatzeko gai dena…). Jainkoaren aipamena progresiboa da, hamar bat aldiz lehen liburukian, ia etengabe bigarrenean; eta besteen aipu gehienak eliza katolikoaren maisuenak dira (Bibliatik hartuak, San Agustinenak, eta abar). Ulertu al liteke obra hau maiuskula horiek bazter utzita?

Oier Guillan, Asier Sarasola eta Bide Ertzean taldeko musikariak.

Gaiei erreparatzen badiegu, interpreteek asmatu egin dutela esan genezake, poesiaren eta poetaren lekua eta funtzioa zalantzan jartzetik abiatzen baita Artzeren obra. Eta galdera eta hausnarketaren ondoren, itaun zorrotza: “Poesia ez dago hilda, / egotekotan, / hilda dagoena poeta izenekoa da; / esanezina esateari uko egin diona, / entzunezina entzuteari utzi eta gero…”. (I, 49). Horra poeta Artzerentzat: ez dakienaz hitz egitera bere burua behartzen duena. Bere azken obra osoa ideia honen gainean osatua dela esan genezake: ez da nahikoa dakigunaz aritzea. Hori denbora alferrik galtzea litzateke eta nahasmendua gehitzeko baino ez du balio. Nahasmendu horrek bizi gaitu, gainera. Beraz, nahasmenduaren aurkako ekintza litzateke poetaren zeregina, zilegitzat har litekeen bakarra, alegia; bestela, hobe luke isilik geratzea. Zein baldintzak ipini behar dizkio bere buruari poetak zeregin horretan zuzen ibiltzeko? “Orriaren zuriz idatzirik duena jadanik / lehenik artoski irakurri gabe, ez genuke inork / zuria belztera ausartu behar” […] “Hitza ez dago inoiz ixilik…” […] “Orri zuriaren aurrean / egoten ikasi behar da, zain, orduak eta orduak, / egunak eta egunak, …” (II, 20). Modu ezin kategorikoagoan ari zaigu poeta gai hau edo besteak tratatzerakoan: bizitzaren eta heriotzaren zentzuaren inguruko kezkak, edo maitasunaren graziazko ulermen bat eskaintzerakoan. Bereziki hunkigarriak dira anaia Jexuxen gaixotasunaren eta heriotzaren inguruan onduak, eta emanaldian aukeratuen artekoak: “…maite dudalako dakit, / beste inola ez bezala, / bizi naizela egiaz / egiazko biziaz, / heriotzak ere hil ezingo didanaz…”.

Artzeren obra ezagunenetakoa da euskal poeten artean, orain bost hamarkada gertatu fenomenoaren barne eragile nagusietako bat izan zenetik. Berak azpimarraturiko motiboak denon baitan ditugu, eta hiru esparrutan bildu litezke. Batean, naturaren irudiak daude, haren indar sinbolikoaz garatuak: txoriak, zuhaitzak, izarrak… zerua eta lurra. Bestean, hitzaren eta hizkuntzaren inguruko kezkak, iraganari lotutako irudi sendoak eta aurrerabidearen txorimalo funsgabeak seinalatzeko erabiliak, maiz. Azkenik, familiaren barruko tentsioak: ama eta haurra lehenik, maitasunaren eta gorrotoaren arragoa dugun gune nagusi gisa; bizitzaren eta heriotzaren kokagunea… Iruditegi bat eraiki zen osagai hauekin 60. eta 70. hamarkadetan, eta ondoren gertaturiko krisian –krisia ekonomikoa izan zen, baina baita soziala, politikoa eta kulturala ere, orduko protagonistetako asko krisi pertsonal larrietara eraman zuena–, ondorengo belaunaldien errebelamendu bat gertatu zen, irudi eta zutabe horiek euskal kontserbadurismoaren oinarrian zeudelakoan. Modu paradoxikoan, Laboa eta Artze izan ziren musika herrikoiaren arloan modu abangoardistak erabiltzeko gai izan ziren bakanetakoak, arrakastaz gainera, eta biek bizi izan zuten barne krisi sakona 80ko hamarkadaren hastapenetan. Ondoren bakoitzari zer gertatu zitzaion, hagiografiez eta ikonizazioez gain –nola egin zion aurre bakoitzak krisi hari, eta zein modutan jarraitu zuten bere zeregin publikoan– ez du inork publikoki ganoraz aztertu edo adierazi…

‘Nola belztu behar zuria’ Usurbilen estreinatu zuten 2014ko maiatzean.

Nola belztu behar zuria lanak zeharkatu ditu eta azpimarratu betiko irudi eta kezka artzetarrak, bere azken lanean inoiz baino argiago eta erradikaltasun handiagoz tratatuak: poetaren betebeharrarena, zentzumenen nahasmendu eta osagarritasunarena, anaia hildakoaren doluan piztutako maitasunari buruzko eresiak, ama, bizitza galduaren eta heriotza irabaziaren –hilezkortasunaren– inguruko galdera eta erantzunak… naturatik jasotako irudi indartsuz emanak. Baina badut inpresioa ez dela mamira heldu, eta hori nahita egindako hautu baten ondorioa izan dela. Ez baitago maiuskula bakar bat ere aukeratutako poemetan, eta arestian aipaturiko maiuskulek ematen baitiote, ez indarra eta agintea soilik, baita zentzua eta arrazoia, tonua bera Artzeren azken urteetako obrari.

Emanaldi honetan gailentzen dena da, hain justu, Artzeren alderdi formala, berak hasieratik hainbeste landu zuena, ildo bat eta estilo zehatz bat markatzeraino: jolas fonetikoak eta hauek sortzen dituzten soinu-irudi erritmikoen ikerketa eta garapena. Hitzak hain daude ongi aukeratuak eta kokatuak, haien materia zentzumen guztiekin haztatzeko aukera sumatzen dugu. Eta hizkuntzaren sonoritatea eta erritmoa, txalapartaren oihartzuna inoiz ez isiltzeko asmoz garatua izan balitz bezala: esaldien arteko elkarrizketa, erori-zutitu etengabeko trostan. Nago etorkizunean Joxan musikari gisa izango dela gogoratua, poeta gisa hainbeste edo gehiago garatu duen esparru formalagatik, hain justu. Baina zalantzak ditut berak hori lehenestea hartu duen lan eskergaren ondoren. Berak kristautasun mistiko baten zutabe sendoak aditzera eman nahi baitizkigu, ene ustean: gizatasunaren berezko noraeza, paradisu galduaren aipamen esplizituarekin; Jainkoaren interbentzio zuzena eta arauemailearen ezinbestekotasuna, aurrekoen fedearen eta jarreren goratzarrean eta graziaren funtzio salbatzailean; mundu garaikidearen aurreko etsipena, non harrokeria nagusi den, zarata, axalkeria… Zuri eta beltzen arteko dikotomiara garamatza behin eta berriz; itsu, gor, harropuztu eta ezjakintasunaren aurrean zerutik eta benetako gizatasunetik datorkigun argi, bake, apaltasun eta maitasunera.

Artzek agerian uzten duen mezua, ez gogorregia soilik, problematikoa ere bada modernitatearen zutabeak zalantzan jartzen baititu, ustez gaindituak ditugun hainbat eredu eta dogma aterabide bakartzat seinalatuz. Oker gabiltzala esaten digu etengabe, galbidean aurrekoen jakituria gardena bezain isila mespretxatuz. Guk bere irudi eta joko fonetiko gozagarriak estimatzen ditugu, eta horiekin geratzea erabaki dugu, gainontzekoa ondoan zeharka igaroz. Nor ausartuko da ur horietan, destainez gaindituak irudikatzen ditugunez edo, bestela, jarrera kontrajarri eta bateraezin saminen aurrean ipiniko gaituela aurreikusirik.

Jarraituko dugu Hegoak Ebaki Banizkio… gure maiuskulak Artzeren minuskulak direla ohartu ez denarena egiten, hurrengo omenaldia prestatu bitartean.

‘Ikimilikiliklik, JA Artzeren Unibertsoa’

Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek osatu dute Donostiako San Telmo museoan lehenik (2015eko abendutik 2016ko otsailera), eta Biarritzeko Mediatekan gero (heldu den martxoa osoan) emango den ikuskizuna. Oso zaila da ordu erdi batean bizitza oso baten emaitza artistikoa islatzea, eta lortu egin dute hori, nolabait, etengabe eusten den atmosfera biltzaile batez.

Ez naiz hemen lanaren osagarriez edo egituraz arituko, eta bai aurreko izkribuan seinalaturiko horrekin zerikusi zuzena duen zerbaitekin: arazorik ikusten badiot proposamenari hegan ibiltzea da, urraturik gabeko estetika batekin ikuslea limurtuz, eta ibilbide pertsonal eta artistiko horrek berezko dituen talkak eta arrakalak, hausturak eta ihesbideak ezkutuan utziz. Zein helbururekin?

Ez dut erantzun ziurrik galderarentzat, eta ez dakit egileek eta omenduek (ez baita Artze soilik, Laboaren presentzia ere nabarmena da bertan) zuzenean planteatu duten ere. Azken hori gertatu izan balitz, horixe seinalerik kezkagarriena, lan artistiko sakon batek behar duen legamia funtzioa indargabetu egin bailiteke modu horretan, eta “historiarako” geldituko litzatekeena, inor akuilatuko ez duen laino arteko estetika borobil eta xahua bilakatzen da.




EUSKAL KULTURAREN ORAINA: Baga, Biga, Higa

Badira pieza batzuk —kantu xumeak, askotan— balio dezaketenak giro bat deskribatzeko, eta baita kultura ulertzeko moduaren bilakaera ere urteen eta belaunaldien pasaeran. Laboaren Baga, biga, higa” da horietako bat. Horietako askorekin egin zitekeen ariketa, eta gure ikonoetako baten kantuarekin egingo dut nik, Laboaren “Baga, biga, higa”-rekin, hain justu (“Txoria txori”-k ere balio dezake horretarako, baina ez du inondik ere bestearen kutsu probokatzaile eta puskatzailea, eta beste eremu batzuetara bideratuko gintuzke). Ez da harritzekoa pieza hori aukeratua izana Ez Dok Amairuren sentikari laudatua ere izendatzeko, eta ezta ere ikuskizun harekin taldea ailegatu izana 1972rako bere mugara eta hausturara; garaiko esku-hartze sektarioak gorabehera, irizpide artistiko soilez ere uler litekeena.

1969an Laboak argitara eman zuen lehen lekeitioa harribitxi bakan horietako bat da, ibilbide oso bat ulertzeko eta azpimarratzeko gai dena. Horregatik jarraitu du bizirik ordutik honako urte hauetan guztietan, eta hala jarraituko du luzarora. Baina zer gertatu da pieza musikal horrekin hamarkadetan barrena? Galdera horri erantzuten saiatuko naiz ondorengo lerrootan, haren azken erabilera publikotik hasita denboran atzeraka doan hainbat une gogoratuz, hiru zenbakien xarmari eutsiz. Egin dezagun atzera denboran.

BAGA. Espektakulua. «Eskerrik asko boluntarioei, eta barkamena eskatu behar hiritarrei, behar bezalako inaugurazio ekitaldia ez lortzeagatik» (Ernesto Gasco). «Hiritarrak kalera atera dira eta horrek egin du arrakastatsua astea» (Eneko Goia). «Ez da erraza jendeari azaltzea zein den guk egindako apustua. Inaugurazioa ondo joan den arren, normala da denen gustukoa ez izatea» (Pablo Berastegi). Ez da erraza…

Maria Cristinaren zubiko espektakulua telebistan erakusteko sortua zegoela jakitun, etxean ikusi nuen, baina ez zegoen ezta horretarako ere prestatua! 660.000 euro ez, hamar aldiz kopuru hori beharko litzateke egin zutena benetako espektakulu telebisibo bihurtzeko: aktore profesionalak, ondo prestatutako saioak –hobe estudio batean– eta ez dakit zenbat baliabide tekniko; baina «jendearen parte hartzea da garrantzizkoena»…

Aurreko urte hauetan antolatu dituzten “Hiritarren Energia-Olatuek” eman didaten sentsazio berbera utzi zidan inaugurazio ikuskizunak, apaizek barnetegian gurasoak gonbidatzeko antolatzen zituzten antzerki ikuskizunek uzten zidatena, alegia. Zertaz ari naizen norbaitek ez badaki, nahikoa du Montxo Armendarizen Secretos del corazón pelikula gogoratzea. Han jasotzen da “belada” haietako ahaztezin bat, Garbancito-ren historia kontatzen duena.

Ikuskizun maitagarriak ziren haiek, inondik ere, eta pelikulan gertatu bezala, apaizei askotan esku artetik eskapatzen zitzaizkien. Baina hori ezin da onartu DSS2016EU bezalako antolaketa profesionalean. Hor gauzak prestatu bezala ateratzen dira beti, eta jendea lekuz kanpo sentitzen bada, horretarako daude adituak “jendeari azaltzeko zein den egindako apustua”. Nor ausartuko da zalantzan jartzera “kultura parte-hartzailea” ere adituen kontua denik?

Elkarbizitzaren zubia zuen izena inaugurazioko ikuskizunak, hori bera delako egitasmoaren mamia, eta “Baga biga higa” abesten jarri ondoren, lelo bera errepikatu zuten: «Hau da elkarbizitzaren zubia. Gurutzatu ezazu. Zaindu ezazu, egunero eraikitzen dugulako elkarbizitza». Zer dela eta etengabeko insistentzia hori? Nahikoa da webgune ofizialean sartzea tematze horretaz jabetzeko: “Elkarbizitzaren aldeko apustua”, “Partaidetza-programa bat”, “Ondare iraunkorra” eta “Lan egiteko modu berri bat” dira aurkezten diren atalen izenburuak. Suertatu zitzaidan zozketaz egin zen hiriburutzaren “ardora” egitasmoaren hiritarren epaile taldean parte hartzea. Egitasmo hori izaera parte hartzaile horren ikur gisa aurkeztua izan da –benetan, txanpon batzuen banaketa erabakitzen zen han, hamarnaka egitasmoren artean–, eta ordu erdiko bideo propagandistiko batekin aurkeztu ziguten –beste behin!–hiriburutzaren esentzia: ez gainontzeko lekuetan gertatu ohi den bezala, azpiegitura berriak egiteko edo kultura programazio zabal bat. Horietatik sobratuak gaude Donostian (10 zinemaldi ditugu urtean, esaterako!). “Guk elkarbizitza baketsua sustatu nahi dugu”. Hara hurbildutakoren batek galdetu zuen nola elkartzen ziren bakearen aldeko lelo horiek eta Durao Barroso edo Javier Solana bezalako gerrazaleak gonbidatu izana egun haietan bertan hiriburutzak antolaturiko hitzaldietara. Bertan ziren arduradunek ezin izan zuten tamaina horretako galdera erantzun: han “hiritar xumeek” aurkezturiko hainbat egitasmoren artean aukeratzeko baino ez ginen bilduak…

Beti izan du espektakuluarekin zer ikusirik kulturak, baina urrats erabakigarri bat gertatu da azken hamarkadetan telebistaren presentzia masiboarekin eta, horren laguntzaz, egunerokotasunaren espektakularizazio erabatekoarekin. Zer ikusi dute Erdi Arotik, eta seguruen askoz aurreagotik ere, baloi bati ostikoka egiten genuen jolas hark eta telebistaz geroztiko futbolak? «Parte hartzea da garrantzizkoena», diote kirol propagandistek ere, baina zertan hartu parte? Baloiari ostikoka edo telebistari begira? McLuhan-ek erantzuna: «medioa da mezua».

Sakonago begiratuta, halere, arazoa ez da soilik kulturaren espektakulu bihurtze horretan harrapatuta daudela politikariak eta kultura-funtzionarioak. Debordek esplikatu zuen bezala, espektakulua da kapitalismoaren formarik garatuena. Baina espektakulua ez da ikuskizun soila; medioek erakusten digutena jendarte garaikidearen egituraren azaleko agertokia baino ez da. Espektakulua da denok pasibotasun erabatekora kondenatzen gaituena, bere mantra etengabe errepikatuz: «hau da dagoen guztia, hemendik at, kaosa eta txikizioa baino ez duzue izango». DSS2016EUko funtzionarioak konstatazio horren sakoneko egiari aurre egitera datozkigula lirudike, baina lortzen duten bakarra da haren egia azaleratzea: «etorri eta hartu parte, zuek gabe gu ez ginateke ezer eta; itzal-argi joko, hutsalkeria erabatekoa». Ahalegin hutsal bezain errebelatzaile horren erakusle erabatekoa izan den inaugurazio ekitaldian nahasten saiatu ziren atabikoena eta postmodernoena: soka-tira, harri jasotzaileak, txalaparta… batetik; soinu eta argi uholdea bestetik; eta momenturik gorenean, milaka ahotsek Baga, Biga, Higa, Laga, Boga, Sega kantatzen… Eta hori, Hansel Cereza bezalako apustu seguruaren eskutik: Fura dels Baus, Barcelona 92; Kulturen Foru Unibertsala 2004, Cirque du Soleil… Nola ez hunkitu gure zuntzik ezkutukoena Espektakuluaren pasibotasunetik askatuz?

Baina ez, hori dena ez da nahikoa. Horretarako hiru edo hamar aldiz biderkatu beharko litzateke aurrekontua; eta propagandatik haratago joan, “jendearen parte hartzea” sustatze aldera. Edo errealitate birtualaren gailurik aurreratuena eman donostiar bakoitzari “elkarbizitzaren paradisuan” barneratu gintezen… Eta nahikoa ez denean –ezer ez da nahikoa eta ezinezko ahalegin batean–, tarrat egiten du soinekoak jostura guztietatik, eta orduan, biluzik zegoen erregea biluzik ageri da.

BIGA. Esperpentoa. XX. mende hasieran Espainian piztutako fenomeno literario adierazgarria izan zen esperpentoa, Valle-Inclán idazle galiziarrak Luces de Bohemia (“Bohemiako argiak”) antzezlanarekin finkatua. Obra hau Parisen estreinatu zen 1963an, eta Espainian, berriz, 1970ean, egilea hil eta hogeita hamalau urtera, eta etengabe izan da geroztik taularatua, egun arte. Bertako protagonista poeta itsu eta etsi bat da, suertatzen zaion jendartearen egoeraren aurrean ezin, eta amorruak berak akabatzen duena. “Gurea ez da tragedia, esperpentoa baizik”, dio protagonistak hil aurretik; eta egilearen hitzetan, “esperpentoak kaleko ispilu konkaboetan deformaturiko antigoaleko heroiak dira. Groteskoa da haien irudia, baina zehaztasun geometrikoz landua… Nanoak eta zangomakurrak dira, tragedia bat jokatzen dutenak… Espainia baita Europar zibilizazioaren deformazio groteskoa”. Eta Europako erromantikoek elikaturiko Espainia tragiko-groteskoaren eraikuntzan euskaldunak ez ziren aparte geratzen.Baina joan den mendeko azken bi hamarkadetan suertatu aldaketen ostean, esperpentoaren irudiari kutsu tragikoa apaldu zaio, eta karikatura xaloago bat osatu du. Eta euskaldunak, berriz ere, karikatura hori elikatzen. Horren adibide argia da Álex de la Iglesia bilbotarraren 2013ko Las brujas de Zugarramurdi.

Zortzi Goya sari jasota, “urteko fenomeno zinematografikoa” bilakatu zen Espainian. Gizonezko pertsonaien artean, Madriletik etorritako gizon baboak azkenean heroi argiak dira, agertzen diren euskaldunekin alderatuta. Eta guztiak emakume histerikoen –espainiarrak– eta sorgin kanibalen –euskaldunak– atzamarren menpe. Karikatura esperpentiko hori txantxa patetikoa baino zerbait gehiago da: hondo misogino eta antieuskaldun nabaria agertzen du.

DSS2016EUren inaugurazio ekitaldian bezala, pelikularen une gorena “Baga Biga Higa”ren bertsio orkestral-koralarekin dago hornitua: sorgin saldoa Zugarramurdiko leizean gizajo batzuk sutan erretzen eta Willendorf-eko Venus erraldoi bat umea irensten eta berriz erditzen, komiki gore patetikotik ateratako akelarre groteskoan:

Pelikulak badu coda aipagarri bat: kredituen unea iristen denean entzuten dena ez da Laboa, Fermin Muguruza baizik. Pelikularako propio  sorturiko kantuan, euskal jainkosa paganoaren mitologia aldarrikatuz –Mirandek poema jasoetan egin bezala–, aspalditik datorkigun ipuina bortizki bezain lekuz kanpo oihukatzen zaigu: “Deitu sorgina, sorgina naiz eta. / Nire alutik sortu zen Unibertsoa / zulo beltzetik su bola / Bing Banga / kobazuloetan da Historia idatzia”. Eta hitz horiei atxikita datorkigu, nola ez, euskal erresistentzia irredentoaren oihua: “Deabruaren katedrala Inkisizioarentzat / sexua eta plazera ez baita bekatua / Elizak zigortuko Sorgin Herria / “Ez geala, ba geala, hamalau mila hemen geala” […] Infernuko errekak sortu leizeetan / Zugarramurdin akelarrea da / zikiro jate ta jai erraldoia / euskaldun askeak erlijiotik at”:

HIGA. Adierazezintasuna. Ez zait kasualitatezkoa egiten Laboaren harribitxia erabili izana espektakulurako nahiz esperpentorako. Erabili izan da ere modu askoz duinago batean beste hainbatetan: 1976ko Nortasuna-n, edo 2003ko Euskal pilota-n, esaterako.

Baina, batez ere, inoiz Euskal Herria zeharkatu duen ikuskizunik arrakastatsuenean, Ez Dok Amairuk 1970-1972 urte artean izen bereko sentikarian, hain justu. Kontua da azken hori ez zela telebistarako ikuskizuna eta, harridura eta miresmenez gain, kezka eta ezinegona ere sortzen zuen ikustera hurbiltzen zen askoren artean. 1974ko Bat—Hiru diskoan jaso da garai hartako zortzi minutuko bertsioa, Laboaren gitarra eta ahots soilez interpretatua.

Adierazgarria egiten zait, oso, nola baztertu den bertsio hori, Laboaren lehen aro hura (1981ean amaitu zena) pasa ahala. 1994ko Hamalau diskokoa dezente geldoagoa da, eta minutu eta erdiko azken aldiko inprobisazio fonetikoa, berriz, kamutsa, aurrekoaren crescendo harrigarria galdurik. Halere, ez bata eta ez bestea, hirugarren bat gailenduko zen, denen artean, 1999an argitaraturiko Gernika zuzeneanekoa. Orkestra eta koru handirako bertsio hura zuzenean grabatu zenerako Laboaren ahots-ahala gutxitua zen oso, eta orkestrazioak eta koroak, guztiz konbentzionalak, hori estaltzera zetozela ematen du. Emaitza arranditsua, baina lehen aroko piezarekin konparatuz, gainbehera eta handiuste hori nabarmentzea baino ez dute lortzen. Amaitu da harridura, amaitu talka, eta zabaldu espektakulurako eta esperpentorako ateak. Eta Laboaren ikonizazio prozesuan garbi egin da azken bertsioaren aldeko hautua: “Saioa zuzenean eman zuten telebistan, jende gehienarentzat arrakasta handia izan zen, eta “Baga-biga-higa” pieza-izarra bihurtu zen. Egun hartan, ordu arte ezagutzen ez zuen jende askorentzat hasi zen Mikel existitzen” dio Marisol Bastidak 1997ko saioaren inguruan. Bertsio horrekin zabalduko zuten 2007an Lekeitioekin egingo zen konpilazio ofiziala, eta bertsio hori erabili zuten komentatu pelikuletan nahiz DSS2016EUko inaugurazioan. Horietarako, traba egiten dute Laboa ero haren garrasi biluziek; hobe koru eta orkestrekin, non Laboaren ahotsa oihartzun bitxi gisa han nonbait geratzen den. Antzeko zerbaitez ohartzen gara 1969–1980 aroko lekeitioak ondorengoekin (1985–1998) erkatzen baditugu, edo hasierako “Gernika” gaindiezinak izan duen erabilerari erreparatuta [1]. Establishment politiko-kulturalek sen argi batez jokatzen dute halako kontuetan, eta beste kasuetan estetikaren subjektibotasunaren lainopean geratzen dena, garden ikusten da komentatzen ari garen kasuan.

Gerora urtuz joan da lehen Laboa basati eta jenial haren talka: haur jolasetan —ez inondik ere inongo akelarretan edo bestelako zentzu magikoekin— erabiltzen den hitz korapilo bat trantze batera heltzeko garabi bilakatua, oihu garratz batekin airean lehertzen dena. Hitzen kodigoetan nekez adierazi ahal dena, berez arrazoibideetatik eta kodigo estetiko normalizatuetatik at gelditzen denez.

Gauzak horrela, eta galdutako “ordena kosmikoa” berrezartze aldera, euskal Indiana Jones-en bertsio esperpentiko bat errodatu beharko du gure zinema zuzendari telebisiboren batek, non 1971rako grabatua zegoen Baga Biga Higa sentikariaren zinta ezkutuak berreskuratzea izango duen xede, “arka galdu” hori zein tenplu sakratutan gordetzen den ikertu eta bidean suertatuko diren arrisku eta proba iniziatiko guztiak igaro ondoren.

[1] “Baga Biga Higa”-rekin egindako hautu bera egiten da Lekeitioak 2007ko diskoan: 1999ko bertsio orkestratua lehenetsi, aurreko bertsioak bonus-track moduan eskaintzeko. Azkenik, 2012an Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena zela eta, Berria egunkariak eta Elkar diskoetxeak ekoizturiko Bi bertsioen arteko elkarrizketa izenpean 14 minutuko nahasketa egin zen, obraren jatorrizko egitura hautsiz eta haren zentzua birrinduz.