1

TAIJI TXUAN PANDEMIA HONETAN

2019-20 ikasturtea dakigun bezala amaitu da Tai Chi Chuan Eskolan: martxoko klaseen etenaldiaz, konfinamendua dela medio; maiatzeko itzuleraz, parkean eta kontakturik gabe; eta  ikasturte amaierako topaketarekin, udako solstizioan.

Topaketa berezia izan da azken hori, gutako askoren arteko lehen kontaktua hiru hilabete oso berezien ostean; bizi izandakoaren zama bizkarrean. Ederra eta osasuntsua ere izan dela deritzot, eta ondoren laburbildu nahi dudana da topaketa horren azken egunean azaldu nuena, joan ezin izan zutenak ere gogoan, baita datorren ikasturtearen inguruko baldintzen galderak argitze aldera ere.

Azken hilabete hauetako nire hausnarrean Tai Chi Chuan Eskolaren proiektua ere ibili da. Nolabaiteko “balantze orokor” bat egiteko ere baliatu dut, gai horretan nahiz beste zenbaitetan: “zerbait betiko aldatu baldin bada” guztiontzat, nola eragingo dio aldaketa horrek hiru hamarkada baino gehiagotan garatu den egitasmo eta jardun horri? Krisi globalaren baitatik kontu hau hutsal samarra egiten bazaigu ere, ez da horrela niretzat, ezta zuetako batzuentzat ere, eta erantzun beharreko galdera aurrean dugu: ezarritako arauak onartuz, ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko beharko genuke edo, haiek zalantzan jarriz, beste alternatibaren bat planteatu? Beste leku batzuetan azaltzen saiatu naizenaren harira, krisi honek ez du, nire irudiko, orain arteko zenbaiten jite iragankorra[1]. Nire ustea da krisi hau muga bat ezartzeko etorri dela, garai-aldaketaz hitz egiteko adina mugarri ekarriko duena. Erabili den “apokalipsi” hitza ez zait desegokia iruditzen sasoia irudikatzeko[2].

“Apokalipsia” denboren bat-bateko amaiera gisa ulertzen da, baina, etimologiari begiratuz, “errebelazioa” ere esan nahi du: ezkutuan edo maskaratuta dagoena; azpian gordetako benetako izaera agerian geratzen da, beraz, sasoi apokaliptikoetan. Zerbait esan al diezaioke horrek Taiji eskolaren egitasmoari?

BELAUNALDI-GERTAKARI BATEN ARRAKASTA ETA PORROTA

Lanbide honetan hiru hamarkada baino gehiago pasa ondoren, ebidentzia batekin egiten dut topo: nire ikasleak nirekin batera zahartuz joan dira. Pertsonak aldatu dira klaseetan nahiz ikastaroetan, baina batez besteko adina –bost-hamar urte gora edo behera– nirearen hurbilekoa izan da beti. Beste jarduera paraleloetan ez bezala (yoga, dantza, borroka-arteak, etab.) apenas ibili da gurean ondorengo belaunaldietako jende gazteagorik. Ez da benetako “belaunaldi-aldaketa” gertatu. Horrek agerian uzten du egitasmo honek “belaunaldi-gertakariaren” marka duela.

Gure belaunaldia Europako azken gerrak eta gerraondokoak bizi izan zituztenen ondorengoena da. Gure gurasoak, burumakur eta hortzak estutuz, gehienetan, biziraupenari eta lanari eman zioten indarrik onenak: familia sostengatu eta ondorengoentzat –guretzat, alegia– etorkizun oparoago bat saiatu. “Aurrerapen-sasoi” luzea bizitzea tokatu zitzaigun, eta are gehiago gure seme-alabei. Gutako zenbait, “trantsizioa” deituriko aldaketa-urteetan (joan den mendeko 70ak eta 80ak), konpromiso handiko borroketan ibilitakoak ere bagara. Nola-hala, ondoren zabaldu ziren aukera berriak aprobetxatzeko parada izan zutenen artean gaude: unibertsitate-ikasketak eta -lanak, funtzionario plaza ugari, zerbitzu publiko txukun samarrak, bidaiak… Jende haren artean zenbaitzuok, ordura arte pentsaezinak ziren esperientzietan murgiltzeko aukera ere izan genuen, baina, zerbaitek elkartu bagintuen, nolabaiteko kontzientzia lauso ala zehatz bat izan zen, sentsibilitate bat: jakin genuen zaintzen ikasi beharrean geundela; zauri sakonak antzematen genituen jasotako ondarearen muinean, eta haiek osatzen ere ahalegin beharra genuen, heldutasunera arribatzen ari zen bizimodu hura gure aurrekoena bezain zamatua gerta ez zedin. Gure gurasoena ez bezala, “belaunaldi terapeutizatu” bat izan zen geurea; bizitzari baldintzak jartzen ikasi zuen belaunaldia: “ez edozein preziotan” aldarrikatu genuen atzera bueltarik gabeko erabakiak hartu behar genituenean lanean, familian, harremanetan…

Oparotasuna eta terapia, bada, eta, horrekin batera, merkatu zabal baten hedapena: gainontzeko eskaintzen artean, nork bere burua zaintzeko eta zaindua izateko moduen zerrenda amaigabea. Azken hamarkadetan etengabe hazi eta eboluzionatu duen zerbitzu terapeutikoen eta esperientzien eskaintza eta eskaera horren baitako fenomenoa bilakatu zen taijia ere. Ekialdeko praktikak, ia beti, Mendebaldeko iragazkia pasa ondoren iritsi zitzaigun olatu horren parte izan ziren: Ipar Amerikako moda eta korronteen azken helmuga ginen arlo horretan, beraz. “Iratzartze-prozesuan” zeuden maisu-maistren eta jarraitzaileen istorioek liluratuta ere, merkataritza-eredu bat gailendu zen. Adibide sinple bat erabiltzearren: gure aitona-amonek, baserritarrak ez zirenean eta esnea behar zutenean, abeltzain ezagunen batengana jotzen zuten. Gerorago etorri ziren janari-dendetako “eguneko esnea” eta “iraupen luzekoa”. Egun, oharkabean ia, edozein supermerkatutako atal oso bat betetzen du likido txuri horrek: osoak, gaingabetu ezberdinak, era guztietako produktuekin aberastuak, barazkietatik sortutako sasi-esneak… Dietetikan eta marketinean aditu bilakatu beharko genuke komeni zaigunarekin asmatzeko.

Taiji-proposamenen artean, gure eskola “une egokian” sortu zen, eta arrakasta handia izan zuen: une gorenean, itxaron-zerrendak behar izan ziren, eta beste lokal batzuetara ere jo genuen. Dozenaka ikasle gogotsuk irakasle izateko irrika erakutsi zuten. Lau prestakuntza-promozio antolatu nituen irakasle izan nahi zutenentzat, eta, horietan ere, itxaron-zerrendak behar izan ziren. Estatu-mailako zenbait eskolaren arteko federazio bat sortzeko ahalegina piztu zen… Arrakasta handia; sekulako porrota.

Porrot horren gakoetako bat, agian, arrakasta komertzialarekiko inoiz galdu ez nuen mesfidantza izan zen, eta, era berean, “itzulpenaren” auziari eman nion garrantzia: “Zeren bila gabiltza eta zer aurkitzen dugu taiji, qi gong eta abarretan?”. “Zer nolako ahal eta muga dute proposamenok?”. “Zein bakarkako eta taldeko dinamika mota sustatu beharko lirateke –eta zein eragotzi– galdera horien argitze aldera?”

Niretzat saihestezina zenak nire lankide profesional edo profesionalizatu nahi zutenen artean ia erabateko kontrako jarrerarekin egin zuen topo: hausturara eramaten zuen talka horrek kasu gehienetan, sakoneko eztabaidak modu zabarrean galaraziz. Eskolan, beti kolaboratu dut aurretik ikasle izandako beste zenbait irakaslerekin. Oinarri batzuk ezartzea helburu zuen irakasle-formakuntzaren ondoren (“Dibulgaziorako instruktorea” zen ematen nuen titulua), ezinezko bilakatu zen talde-lan bat aurrera ateratzea. Beste eskola batzuetako arduradunekin federazio moduko bat sortzen saiatu ginenean, huts egin zuten oinarri komun batzuk formulatzeko saiakerek: “Zer da taijiaz hitzez esan beharrekoa? Planteamendua bera zentzugabea da!” bezalako harridurarekin egin nuen topo.

Beti pentsatu izan dut arlo horretan lan serioa egiten ez bazen, beste moden antzera pasako zela taijiaren baga, oportunisten eta merkatarien eskuetan. Bestalde, nire planteamenduen aurka egiten zutenak legitimatuta sentitu izan dira “txinatar maisuen” adibidearen bitartez: maisu horiek, gehienek, arduratuago ziruditen beren negozioetan, irakaspenaren inguruko transmisioan eta antzeko kontuetan baino[3].

Horrek guztiak ez du eragotzi, halere, joan den mendeko 80ko azken urteetan Tewrengandik jasotako praktika baterako izpiritua eta oinarriak garatu eta ñabartu egin ahal izatea[4].

“LABORATEGI BATEN PREMIAZ”

Izenburu horrekin laburtu nuen nire egitasmoa duela zazpi urteko testu batean[5]. Ordurako, proiektua heldutasunera iritsia zen, eta modu nahiko argian formulatu zitekeen. Lau printzipiotan laburbil dezakegu:

  1. Taiji txuan ariketa fisikoa da, lehenik eta behin, gorputzetik garatzen den jardun gisa ulertu behar dugu.
  2. Erabiltzen dugun “gorputz-hizkuntza” borrokarako garatu dena bera da –betiere, esku-hutsez egindakoa, aparteko armarik edo tresnarik gabekoa–. Teknika horien sofistikazioa eta garapena oso handia izan da Txinan eta, familia barruko sekretupean gordea izan badira ere, etengabeak izan dira estiloen arteko gurutzaketak eta eraginak. Funtsean, eta gure mailara ekarriz, giza-emakume gorputzak berezko dituen keinu, erantzun edo eta mugimendu oldarkorren adierazpenen kudeaketa lantzeko aukera zabaltzen zaigu hor, suntsipen eta botere-dinamika primarioengandik ahalik eta urrunduz.
  3. Kontaktu martziala, beraz, praktikaren muinean kokatzen dugu: ez gara irudimenezko harreman erritualizatu batzuetara mugatzen, jatorri martzialeko hainbat diziplinatan gertatzen den bezala –eta taiji praktikante gehienek horren adibide behinena osatzen dutela badakigu.
  4. Erakusten edo azpimarratzen diren ikusmoldeen artean –osasunezkoak, martzialak…– gurea “ikuspegi meditatibo” gisa definitzen dugu.

Puntu horiek 2008ko Levantar la mirada liburuan garatuak izan baziren ere, laburki gogoratuko ditut ondoren: “Gorputzetik jarduteak” gure fisikotasunean “haragitzea” esan nahi du. Hori dugu oinarri, abiapuntu. Ariketaren lehen zeregina pertsona egiten gaituen “desharagitze” joera hori konpentsatzea litzateke; berezko dugun sentimenduekiko eta adimenarekiko hipertrofian oreka bat “errekuperatzea”, alegia[6]. Horrek ez du esan nahi “gorputzean datzala gure esentzia” edo “pentsatzeak galbidera garamatzala” bezalako ideiekin bat egiten dugunik. Aitzitik, beti arazotsua den oreka landu nahiko genuke, joera “goren” eta “behekoen” presiopean bizi garenez, bulkada horien arteko ezin eramanen nahasmenduan.

Ahalmen “oldarkorrari” dagokionez (2. eta 3. puntuak), hori da gorputzetik abiatzen diren eta aurrekoa onar lezaketenekiko gure praktikaren berezitasuna. “Agresioa” –erasoa– agredire latinerakotik dator, eta “harremanetan jartzea” esan nahi du. Hala, gure praktikaren muinak gorputz batek beste batzuekin bizi beharraren izaera oldarkorra hartzen du aintzat: bizi-espazioa eta haren inbasioa lantzen ditu, bai eta dimentsio horrek ariketa-kideekin eta kideekiko eragiten dituen gorabeherak ere. Ez zaigu interesatzen kontakturik gabeko “soinketa”, oso interesgarria edo oso sofistikatua izan baldin badaiteke ere; ez zaigu interesatzen, esaterako, taijian jarduten duten gehienek egiten dutena, Txina maoistan “masa-gimnasia” bihurtu eta gero Mendebaldera esportatzen hasi zenetik gehien zabaldu dena. Ukipen fisikoaren dimentsiorik gabe, urtu egiten da taijia, eta bere sustraia eta oinarria galtzeaz gain, apenas du ezer eskaintzerik, estetika exotiko batez gain.

Azkenik, ikuspegi meditatiboak mugatzen eta kokatzen ditu argien gainerakoak. Horrek esan nahi du behin eta berriz abiaburura itzultzen garela: hurkoarekin konpartitzen dugun gorputza gure giza dimentsioekin duen elkarreraginera. Era berean, ikuspuntu honetatik, taijia nahiz beste edozein diziplina ez da, berez, ondaretzat hartu beharrekoa. Are gutxiago, panazeatzat, gure izatezko moldatze ezintasuna “gainditzeko” bidezidorra. Hainbeste adituren jarrera exhibizionistaren aurrean, uste dugu birtuosismoa oztopo bat dela, gehienetan, eta “osasun perfektua”, “betiereko gaztetasuna” edo hilezkortasunaren irrikak indargabetu beharreko eldarnioak direla. “Osasunerako onurak” eta “borroka-alderdiak” bereizteak, bai eta “energia- edo meditazio-praktikak” zatikatzea ere ez du inongo zentzurik gure ikusmoldean. Banaketa horiek guztiak arrazoi komertzialek edo alferkeriak bultzatuak heldu dira guregana, eta arlo hauetan nagusi den nahasmenduaren adierazgarri dira. Taijian, hain zuzen ere, oldarkortasunaren kudeaketak garatzen ditu “alderdi terapeutikoak”, eta hausnarketarako edo meditaziorako ahala hortik abiatzen da.

POLARITATETIK KONTRAKORA

Taiji da polaritatearen printzipio unibertsalak Txinan hartzen duen izena,  sinbolo ezagunean adierazia, eta hango arte tradizional guztietan agertu eta landutako printzipioa da. Printzipio horren arabera, yang oro beste zerbaiten yin-a da, eta alderantziz. Pentsamendu analogikoaren printzipioa laburbiltzen da hor, gure ohiko buru-eragiketa gehienen funtzionamenduan nagusi dena; izan ere, metaforen eta metonimien bitartez ulertzen baitugu mundua, modu arruntean. Baina horrek ez du esan nahi eragiketa horrek egoera edo arazo guztietako balio duenik eta, are gutxiago, irizpide moral bihur daitekeenik. Bizitza arrunterako baliagarria denak ez baitu balioko kategorien bereizketan zorrotza izan behar duen azterketa zientifiko edo filosofikorako: kausa eta ondorio posibleen antolamenduan; unibertsoaren izaera, ordena edo kaosa arautzen duten legeen dedukzioan edo bilaketan.

Etikari edo moraltasunari dagokionez, printzipio hori jokabidearen gidari izateak muturreko erlatibismo interesatuenera eraman gaitzake, dena eta edozein portaera justifikatzeko gai. Taijia “kontsumo-produktu” gisa hartuta, normala da “niri balio dit” esplikazioarekin konformatzea. Arazoak ondorengo galderarekin etor litezke: “zertarako balio didan” pentsatzen jartzen garenean. Horregatik saihesten da bigarren galdera inpertinente hori.

Komunikabideetan oso maiz agertzen diren taijiari, qigongari edo meditazioari buruzko publizitate-artikulu edo -erreportajeekin topo egiten dudanean, haiek goraipatzen ari diren “kontrakoa” bilatzen dudala etortzen zait gogora[7]. Baina “kontrakoak” prentsa txarra du kontu hauekiko sentiberen artean; adin batetik aurrerakoei gehiegi gogorarazten dizkigu mugekiko alergikoak bihurtu gintuzten agindu autoritarioak, inposaketa errepresiboak, “moralitate judu-kristaua”… Nerabezaro eternal batean bizi nahiko genuke.

Zer esan  nahi dut “kontrakoarekin”, orduan? Kontrakoak al dira eguna eta gaua, tentsioa eta erlaxazioa, maskulinoa eta femeninoa? Inondik ere ez, horiek batasun bateko polaritateak dira, ulertezinak bata bestearen faltan. Kontrakoak esan nahi duena da bi aukeren artean bat baztertu egin behar dugula, bateraezina delako ustez egokia denarekin.

Taijia lanabes gisa hartu beharrean, “berezko ondasun” moduan tratatzea –denontzako eta edozein eratara balioko duena– arestian aipaturiko ikuspuntuaren kontrakoa da, bateraezina proposatzen dudan ikuspegi meditatiboarekin. Eta gauza bera esango nuke meditazioa “gogo-baretasuna” lortzeko bitartekoa dela aldarrikatzen duten aurrean. Iragarkiez gain, ez da hori “beste zerbaiterako” lanabes gisa proposatu eta serioski landu dutenen aburua.

“Denak balio du” printzipioak eta laborategi bateko baldintzak kontrajarritako bi muturren adierazle dira. Hain zuzen ere, aldagai multzo jakin bat isolatzen du laborategi batek, haiekin esparru mugatu batean esperimentatzeko eta ondorioren bat ondorioztatzen saiatzeko. Ez du merezi azpimarratzea gaur egun taiji, qigong edo meditazio eskaintza gehienak lehenago esplikatu ditudan printzipioen kontrako norabidean sustatzen direla.

PRAKTIKAREN POLITIZAZIOA PANDEMIA-EGOERAN

Puntu honetara iritsita, politika –denen ahotan eta guztiz susmopean erabilitako hitza– berreskuratu beharreko ideia iruditzen zait. Baina ez naiz termino horren ohiko erabileraz ari, haien profesionalek erabat higatu duten horren gainean (“politikari” horiek botere-eremu jakin bateko kontu- eta sinbolo-administratzaile edo funtzionario baino ez dira izaten; politikaren eszenatokietan aurpegia jartzeko prest, haien nagusien morroi-neskame ongi ordainduak). Jendartean bizitzeak dakarren berezko politizazio-prozesuaz ari naiz. Beste batzuei zuzendutako edozein proposamen, dela merkataritzakoa, terapeutikoa, hezkuntzakoa edo edozein motatakoa, “apolitiko” bezala agertzen saiatzen denean, bere adierazpen politikoa egiten ari da: statu quo delakoarekin bat eginez, edo botere-sare propioaren mesedetan.

Gutxiengo pribilegiatuaren parte garela onartuta, ezarritako ordena erabat bidegabetzat eta doako sufrimendu- eta heriotza-eragiletzat eta, neurri handi batean, saihesgarritzat jotzen badugu, geure buruari jarri beharko geniokeen lehen baldintza biktimismoaren tentazioari uko egitea izango litzateke. Hori da pandemia honen konspiraziozko interpretazioak baztertzeko dugun arrazoi nagusia. Eta gauza bera esan genezake gainontzeko zoritxarren aurrean hartzen ditugun jarrerei buruz. Kontua ez da, maila horretan, egitatearen “objektibotasuna”; “izuaren birusa” bultzatzen  ezkutuko interesak daudela konstatatzea, gerra horretatik edo beste hainbatetatik indartuta ateratzeko, eta abar. Informazioak eta iritziak alderatzen saiatu arren, eta gure obedientzia edo matxinada-dosi partikularra erabakiz, lehenik eta behin, izaki zikiratu eta indargabe bihurtzen gaituen biktimaren leku horri egiten diogu uko. Giza-emakume duintasunaren izenean, alegia, pertsona ororen nukleo erreduktezina aldarrikatuz, historian zehar eta egoera makurrenetan ere hainbat jendek eutsi izan dutena gogoan.

Politizazioaz ari naizenean, oraintxe bertan jotzen ari garen muga baten kontzientzia aktiboaz ari naiz[8]. Ez naiz ari jarrera ideologikoez, existentzialez baizik: batek ez du aukeratzen bere familia, klasea, non edo zein herri ala hizkuntzatan jaiotzen den… baina bizitzak behin eta berriz hautatzera bultzatzen gaitu. Politizazio horretaz ari naiz. Eta egia bada gaur egun egoera apokaliptikoa bizi dugula, politizazio hori saihestezina bihurtzen da. Nola ulertzen dut hori gure esparru murritzean?

Muga batekin talka egiten ari garela esan dut. Gure proposamena eremu babestu bat sortzea da, espazioarekin eta haren energiarekin esperimentatzeko, esperimentazio horretan ingurune fisiko jakin batean parte hartzea onartzen duten adiskideen gorputzekin eta egoera zehatzekin jokatzen da. Covid-19aren pandemiaren kudeaketak eragindako arazo kezkagarrienetako bat gorputzen arteko distantziari eta kontaktu fisikoari dago lotuta. “Normala” zena erabat gatazkatsu edo arbuiagarri bihurtu da; orain artean barneratutako kodeak erraietatik jartzen dira zalantzan… Eta ezarritako arau berria bidezkotzat edo onargarritzat jotzen ez duen edonor Gaitzaren konplizetzat hartua izango da; besteen axolagabe, gaixotasunak edo besteren heriotzak eragingo duen gaitzaren hedatzearen arduradun. Normaltasun-arau berriak maskararainoko distantzia fisikoa ezartzen du, eta edozein kontaktu fisiko debekatzen du. Ez da bateragarria aipatzen ari naizen proiektuarekin[9].

Adibide bat jarriko dut, funts eskasekoa agian: emakume afganistandar batek burka kentzea erabakiko balu, egunotan edo nire ama, gazte garaian, bainujantzi bat lortu eta harekin jantzita itsasoan bainu bat hartzera ausartuko balitz, arrisku handiko keinu politikoa egingo luke. Orain eta hemen, berriz, “distantzia sozialari” buruzko arauari kasurik ez egitea arriskutsua da, eta izango da, eta inork ez luke arrisku hori arinkeriaz hartu behar, haren ondorioen jakitun izan gabe. Egitekotan, berea keinu guztiz politikoa dela jakin behar du.

Entzuna dut egunotan jendea bere jiu-jitsu, kenpo, wing tsun edo aikido eskoletara itzultzen ari dela leku askotan, bakarka eta kontaktu fisikorik gabe. Urik gabe igeri egitea bezalakoa da, zaldikorik gabe zaldiketan aritzea, ordenagailuko pantaila batekin maitasuna egitea… Ez gara ari aro digitalaren garaipenaren erabatekoaz, non alegiazkoak haragizkoa den oro ordezkatuko duen, azken horren morrontza guztiak behingoz gaindituz? Arrisku guztien amaieraz ari zaigu sirena-kantu hori, hilezkorra bihurtzeko eldarnioak jota ari den subjektu batez.

Arau honekiko erabateko objekzioa da nirea, eta ekar dezakeen ondorioekin onartuko dut.

[1] ARGIA astekarian argitaratu dizkidate gehienak.

[2] Luca Paltrinieriri irakurri nion lehenik, italieratik gaztelaniara itzuli genuen joan den martxoan argitaraturiko artikulu interesgarrienetako batean. Horren osagarri gisa azaldu zen gero “Urruntze Sozialari” buruzkoa.

[3] Hitz gutxitan ari naiz laburbiltzen prozesu konplexuak, elkarbanaturiko gogoeta eta eskarmentu askoren ondoren argituz joan direnak. 2018ko Maisu batek ez du biografiarik (eta Taichi en el parque temático. Tras una conversación imposible con Yuan Limin) artikuluek ilustratzen dute bilakaera honen azken adibidea.

[4] 1988ko Tew Bunnag-en The art of T’ai Chi Ch’uan, Meditation in Movement, liburuan laburbiltzen dira oinarriok.

[5] Laborategi baten premiaz.

[6] Konfinamendurako prestatu nituen tutorialetako aurkezpenezko “irizpideak” esplikatzerakoan, horri buruz ari naiz.

[7] Neurociencia para el bienestar (en casa) konfinamenduan aurkitu dudan azkena. Inoiz komentatu izan ditut kontu hauek.

[8] Hasieran aipaturiko Paltrinieriren Distanciamiento social artikulua gai honen inguruan dihardu.

[9] La mascarilla, nuestra nueva frontera.




ELIZA KATOLIKOAK ‘EZ DAKI’

(BERRIA egunkariak 2019ko otsailak 17an argitaratu zuen artikulu honen bertsio laburra: https://www.berria.eus/paperekoa/2041/024/002/2019-02-17/eliza_katolikoak_ez_daki.htm)

Vatikanoko agintari burua (“aita santua” izendatzen dugun hori) aztoratuta dabil Eliza barruko eskandalu sexualekin, eta otsailaren 21etik 24ra bitartean mundu osoko apezpikuburuak konbokatu ditu gaiaren inguruan gogoetatzeko. Arabiar Emirerri Batuetatik bueltako prentsaurrekoan egin zuen iragarpena, eta, bileraren premia eta arrazoia esplikatzerakoan, hau esan omen zuen: “apezpikuburuek ez dakite zer egin, ez dakite nola jokatu kasu hauei aurre egin behar dietenean, eta elkartu behar dugu hori bideratzeko”. Jakintsuen artean jakintsuenek ez dakite, beraz.

Prentsaurreko berean erantzun zuen egunotan agertzen ari diren Eliza barruko emakumeen aurkako jazarpenen salaketei buruz. Doris Wagner moja ohiak salatu duenez, haietatik % 40 batek pairatu du bortxa sexualik apezengandik. Horri buruz ere, Elizak ez zekien. Klerigoek nahiz erlijiosoek debekatuta dute etxetik kanpo inongo salaketarik jartzea, hori dute lege, eta ageriko zornea ukaezina denean, barkamena eskatzearen protokoloa abiatzen dute: biktimen alde, lehenik eta behin; eta otoitz zintzoak agintzen dituzte haien arimen alde, eta “jendarte osoa zeharkatzen duen lakra hori behingoz desager dadin”.

Orain gutxi Gipuzkoako apez jatorrenaren gaineko salaketa haizatu zenean, berak ere gure artean pederastia kasurik zegoenik ez zekiela deklaratu zuen, artean Eliza barruan epaitua eta kondenatua izan bazen ere. Gerora, agerian geratu dira beste hainbat kasu, azkena Deustuko salestarrena. Haiek ere ez zekiten ezer. Ondoren, salatzaileen arrazoiak ukaezinak zirenean –“zuzendaritzara jo genuen, baina nola egingo ziguten kasu, zuzendaria bera horretan baitzebilen”–, barkatzeko mesedez…

Gai honi buruz beste behin idazteko bulkada sentitu nuen Deustuko zuzendari haren izena egunkarian idatzita ikusi nuenean: Luis Rojo, Errenteriako Don Boscon nire irakasle ere izandakoa. Eta saihestezina egiten zait garai haietara itzultzea eta pentsatzea gaztez betetako giro animatu hartan Porfirio Castrok –ezagutu genuenon artean inork ahaztuko ez duen sadiko odolzalea[1]– eta Luis Rojo pederastak osatzen zutela 9, 10, 11 urteko haurren zuzendaritza tandema. Gure gurasoek ez zekiten, gainontzeko irakasleek ere ez… Gerora ere, garaian kolegio haiek jokatu zuten funtzioa goraipatua izan denean, gustu txarrekoa da terrore erregimen hartaz ezer esatea. Badakigu beharrezkoa dugula ahaztura bizirik irauteko, baina badakigu ere egitura haiek zuzendu eta kudeatzen zituzten ordena erlijioso berek heziketaren proportzio handi baten buru jarraitzen dutela, aurreko hamarkaden gaineko inongo autokritikaren beharrik sentitu gabe. Beraiek ez baitakite zer eta nola.

Luis Rojo salestarrarekin 1968ko argazki batean

Eliza Katolikoak ez daki, nonbait, haur bat bortxatua denean munduarekiko haren oinarrizko konfiantza suntsitzen dela eta perbertsiorako ateak parez pare zabaltzen zaizkiola barne infernuan. Babesgabetasuna ezartzen dela biktimaren muinean eta bere burua defendatzeko ahala erabat makaltzen dela. Horrela elikatzen da gurpil zoroa, borreroak ongi baitaki bortxatuak nekez erreakzionatuko duela bere buruaren defentsan, eta askoz ere gertagarriagoa dela biktimaren izaera barneratzea, lotsaren eta erruaren poderioz, isilik eta mendeko betiko –horrek bilakatzen du biktima kategoriakoa, eta ez bidegabekeria bat pairatu duen nornahi soila–. Hamarkadak pasata, haietako norbaitek barrua erretzen dion pozoia askatu beharrez gertaturikoa salatzen duenean, zauriaren neurri zehatzaz jakiten hasten gara: noren esku izan zen, zenbat kasutan… eta baita haren inguruko ñabardura juridikoez ere: preskripzioa bai ala ez, eta abar. Badakigu gaitz izugarri baten lagin txiki baten aurrean gaudela, eta izugarrikeria hori hain zaigu eramangaitza, ezen exorzismo erritoak abiatzen baititugu: politikarien deklarazioak, auzotarren elkartasunak, abokatuen ñabardurak, apaizen mea culpak. Ezin dugu izugarrikeriarekin bizi, eta gugandik at ipintzen saiatzen gara. Ahaztu behar dugu, normaltasunera bihurtu. Baina ezin dugu ahantzi sistema orokor batez ari garela eta sistema horren bortxa naturalizatua genuela jendarte osoan. Eta orain ere badugula hein handi batean eskoletan, lantegietan, familian –zer esanik ez eliza, polizia edo armada bezalako egituretan.

Moralkeria da Eliza Katolikoak gehien erabili eta erabiltzen duen arma ideologikoa: Ongiaren eta Gaitzaren arteko guda eternala gutako bakoitzean jokatzen da, eta geure bulkadak, ekintzak, pentsamenduak Ongiaren eremura eramaten saiatu behar dugu; Ongiaren Erreinu Erabatekoa gauzatzen den bitartean, Azken Juizioan Epaile Nagusiak emango duen epai apelaezinaren zain. Bitartean, etsimendua eta barkamena predikatzen digu Elizak. Ez zaio zaila jarrera horretatik antipunitibismoa aldarrikatzea, baina aldarrikapen horiek bere burua bortxatzaileen, borreroen aldeko seinalatua denean ateratzen ditu, berezko dituen egiturei eta botereari buruzko kontuak inork eskatu ez dakizkion.

Egitasmo modernoaren erdian dago Eliza eta Estatua bereiztea, baina Eliza Katolikoak oso gaizki eraman du betidanik egitasmo hori. Azken mendeetan bultzatu dituen gurutzadak “antimodernistak” izan dira –XX. mendeko azken hamarkadak arte, “juramentu antimodernista” egitea exijitzen zitzaion klero katolikoaren parte izan nahi zuen edonori–. Nork pentsatuko zuen 70eko edo 80ko hamarkadetan XXI. mendeko Elizaren arazo publikorik larriena pederastia eta jazarpen sexualaren inguruko egiturazko leherketatik etorriko zenik? Zorne horren parte txiki bat agerira ateratzen denean, Elizak ez dakiela dio. Denok dakigu, bidenabar, Elizak duen boterea jakintzaren eta gorentasun moralaren gainean eraikia duela: horrek justifikatzen du kontzientziak gidatzeko bere buruari ematen dion agintea, eta hezkuntzari oro har ematen dion lehentasuna: ez dago instituziorik munduan maila horretako hezkuntza sarerik duenik.

Egunotan, Europaren erdian egoitza duen Estatu teokratikoan, mundu osoan hedaturik duen gerontokraziak bilduta pasako ditu hainbat ordu, hainbat egun, muineraino barneratuta duen haurren eta emakumeen aurkako bortxari zein bide eman pentsatzen, erregutzen. Jainkoaren izenean gainontzekoei egunero zer egin behar dugun predikatzeko gai sentitzen direnek ez baitakite zer egin ebanjelioan agertzen den sententziarik argienetako bakarrarekin: “Nahitaezkoak dira eskandaluak, baina haur bat eskandalizatzen duenak hobe luke errotarri bat lepoari lotuko baliote eta itsasora bota”.

[1] Porfirio Castroren izena aipatzen da Els internats de la por (“Beldurraren barnetegiak”) dokumentalean (TV3, 2017), Errenteriara lekualdatua izan aurretik Madrilen izan zuen portaera esplikatuz (38’tik aurrera).

GAIARI BURUZKO aurreko artikuluak:




“MAISU BATEK EZ DU BIOGRAFIARIK”

Poztu nintzen joan den uztailean Tabakaleran izandako elkarrizketako lehen galderak biografiarekin zerikusia izan zuenean: “Nolakoa izan zen taitxiarekin izan zenuen enkontrua; zer suposatu zuen zure bizitzarako?”. Konturatzen naiz zein hari fin eta hauskorrekin egina den biografia bat; edozein aldaketatxok –denboran nahiz espazioan– eduki zezakeen eragin erabatekoa; zein ezberdina zatekeen nire historia urte batzuk lehenago edo geroago jaioa banintz; nire lehengusuen edo auzokoen familia batean jaioa; emakume gizon ordez, eta abar. Eta gauza bera aldagai sozialei erreparatuta: beste paisaia batekoa izan banintz, beste historia hurbil batekoa, beste lurraldea batekoa, beste kultura batekoa… Gero eta ozenago, gero eta bortitzago aldarrikatzen bazaigu ere –“eraiki ezazu zeure bizitza; zeu zara zure destinoaren nagusia…”– argi dut gure eginahal nagusia dela emandako aldagai haiek destino bilakatzea, ez dugula besterako askatasunik edo betebeharrik.

Horregatik egiten zait fantasmala, susmagarria oso, biografiarik izango ez balu bezala, historia partikularrik gabe aurkezten zaigun edonor. Hori eginez, gainera, Egia Absolutu baten izenean Salbazioa agintzen digunean, badakit elizgizon baten aurrean nagoela: bizitzak duen alderik tratagaitzenarekin –kalteberatasunarekin, eritasunarekin, hilkortasunarekin…– trafikatzen duen merkatari baten aurrean; gizatasunaz mamitzen gaituen horrekin ari dena hain justu. Errealizazioaren izenean horren guztiaren gainetik jartzen saiatzen dena gizatasuna lapurtzen ari zaigu. Erlijio guztien joera dugu hori, baina bada alderik puntu horretan kristautasunaren eta Ekialdeko jakituria zenbaiten artean, kristautasunak data zehatz batzuk jarri baitzituen bere abiapuntuan: Jainkoaren beraren haragitzearena, haren heriotzarena, berpizkundearena…

Ez zitzaidan ustekabean pasa Yuan Liminen inguruko detaile xelebre bat: inork ezin zidan esan zein urtetan jaioa zen, ezta bere hurbileneko ikasleek ere. Oso ohikoak dira Txinan “Hilezkorren” istorioak hango ipuinetan, “taoista hilezkorrak” ageri dira batez ere han eta hemen. Wudang Xuanwu Maisuen leinuko 15.a aurkezten zaigu Yuan Limin, Wudan mendietako Zhang Sanfeng monasterioko abade (Zhang Sanfeng taitxiaren fundatzaile taoista mitiko gisa da ezaguna), eta haren diskurtsoa erabat erlijiosoa da: “Taitxia milaka urteko jakituria taoistaren adierazpena da, filosofia txinatarraren jakituria. Zeru-Lurraren arteko izaki bakan eta ordezkaezinak gara, eta horretaz jabetzea ahalbidetzen digu taitxiaren praktikak; gorputzaren eta gogoaren arteko arrakala osatzea dakar, gorputzaren gaixotasunak sendatuz eta ezkajintasuna eta berekoikeria geure baitatik desagerraraziz, jakintsu eta zoriontsu bilaka gaitezen”. Erlijiosoa dela diot, Salbazio bat agintzen baitigu termino absolutuetan, hainbat errituren edo liturgiaren bitartez –taitxia, kasu horretan– eta hainbat sinesmen kosmogonikotan oinarria hartuz –“Txinako milaka urteko jakituria taoismoak jasoa”–. Ez da harritzekoa gisa horretako erlijio baten ordezkari batek bere burua denboraz kanpo kokatzea eta bere bizitzaz esaten digun gauza bakarra izatea Maisuaren eskuetan izan zela jarria haurra zenean, Maisuak beregan zeraman jakituria arkanoa eskaini ziola, zeina egun munduan zehar ospatu eta jendeari jakinarazi behar dion. “Maestro” dio haren izenaren ondoan gure elkarrizketan agertzen den errotuluak; gisa horretako maisu batek ezin du, berez, biografia bat eduki.

Guztiz aurkako jarrera da nirea. Baina ez zentzu osagarri batean, yin eta yang polaritateak adierazten duen eran, baizik eta salatu behar den iruzur baten aurrean ipintzen denarenean baizik. Nire biografia aipatzen hasi nuen agerraldia, zein baldintza partikularrek bultzatuta murgildu nintzen taitxia beregan zuen Ekialde jakin batean. Saiatu nintzen zertzelada batzuk eskaintzen indarrean dugun “kirol-jendarte mobilizatuan”[1], kirolari eta ongizateari dagokien txokoan taitxiak egun betetzen duen lekua ulertze aldera. Bere jatorrizko Txinan, XX. mendeko historia asaldagarriaren parte izan da taitxia ere, eta ezin liteke bera ulertu 1900eko boxeolarien matxinada, maoismoaren garaipena eta hark ezarritako masa-gimnasia –taitxia bera– edo oraino indarrean den azken hamarkadako Falun Dafa bezalako mugimenduen errepresiotik aparte. Yuan Liminek Txinari buruz esan zuen gauza bakarra izan zen “atzean geratu da ezegonkortasuna, eta kultura berrezartzen hasia da”. Ez zuen ezer esaterik “Estatua arriskuan jartzea” salaketapean egun atxilotuak, torturatuak, erailak, kontzentrazio-esparruetan kartzelaratuak diren milaka eta milaka lagunen inguruan; haiek ere talde erlijioso batekoak dira eta berak proposatzen dituen ariketa bertsuak praktikatzen dituzte. Bestalde, Wudang mendi sakratua parke tematiko bilakatu da, eta tenpluak, bisitarientzako guneak[2].

Ez nuen erantzunik jaso ere “bihur zaitezte ura bezain malgu” diskurtsoaren salaketa egin nuenean. Bilboko “sasi-saolinaren” kasua hurbilegi dugu gisa horretako mezuak modu inozoan onartzeko. Maisu batek erakustaldiei uko egiten diela esan nion, eta uko egiten diola, halaber, ezerk ukituko ez duen botere erasoezinaren edota osasun perfektuaren edozein promesari. Horiek esateak ez zuen haren interesik jaso, maisuaren beraren eldarnioa elikatzeaz ari nintzelarik ere.

Maisuaren lekua onartu nuen nire aldetik –ulertzekoa denez, nire izenaren ondoko errotuluak “profesor de taichichuan” dio– eta kokapen horrek ezartzen dituen baldintzez aritu nintzen: arduraz hartzeaz ikasle orok inplizituki egiten duen demanda; uko egiteaz onurak agintzeari eta distantzia gaindiezinak jartzeari, hauek aipaturiko eldarnioak elikatzeko baino balio ez dutenez… Horrexegatik da ezinbesteko maisu batentzat biografia bat edukitzea; ikasketa sakoneko harreman bide orok berezko dituen eskariak eta baldintzak ulertu eta kudeatu ahal izateko, maisuak bere buruaren heriotza sinbolikoa zer den ondo ikasia behar du izan. Baina “Maisu batek ez du biografiarik” nonbait; bera hilezkortasunaren eztietan bizi da dagoeneko, ohiko denboraren eta espazioaren gainetik.

Zer pentsa ematen dit halako diskurtso batek –eskaintzabatek– bere lekua lortu izanak Tabakalera bezalako “Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro” batean. Beste nonbait esplikatu dut nire hipotesiak[2]: gero eta errotuagoak ditugun instituzio hauek gero eta parketematizaturiko bizimodu baten parte dira. Bizimodu horretan “aberastasun turistiko” gisa baloratzen da kultura bera, lehenik eta behin, non turistak ez dira kanpokoak soilik, pasian dabiltzanak, geu guztiak baizik. Parke tematikoan, jakiteko den guztia dago gure esku, eta ez zaigu ezer eskatzen jakintza horren truke. Espektakuluaren agertokiak ziztu bizian eta etengabe aldatzen dira –Donostia bezalako hiri baten eskaintza kulturala zorabiatzeko modukoa da– baina guztiek dute ezerezaren zapore hutsala: dena bizkor eta azalean gertatu behar da, ezer gerta ez dadin. Ingurugiro horretan –aipatu nuen “elkarrizketan”– oso urriak dira aukerak, taitxia bezalako ariketa batek ondorio sakonak eragin ditzan. Botere harreman autoritarioek eginak gaudenez eta horrek bereziki sentiberak bilakatzen gaituenez edozein harreman hierarkikoren aurrean, gaitza da ulertzea ere ikasketa harreman batek zer eska dezakeen: desaktibatua dugu aukera bera gertatu aurretik. Horrexegatik Jakituria eta Zoriona agintzen digun Maisu batek aurreko guztiaren ezaxola hasi behar du bere lana: biografia bat duenik ere ukatuz.

[1] Zentzu horretan, Tabakaleran martxan den Ariketak ekimenaren abiapuntuan eskaini nuenaren jarraipen gisa uler liteke nire gogoeta: Eros, Thimos eta Kirol Mobilizazioa. Hiru galdera eta bi gehigarri Ekialde Urruneko begirada batetik.

[2] Ildo hori jorratu dut Taichí en el parque temático artikuluan.




EROS, THIMOS eta KIROL MOBILIZAZIOA Hiru galdera eta bi gehigarri Ekialde Urruneko begirada batetik

(Donostiako Tabakalerak 2018ko otsailaren 10ean antolaturiko “Hizketaldi Handia” barruan eskainitako hitzaldia, “Ariketak: La segunda respiración” jardunaldien barruan).

BAT. Zer pentsatuko lukete nireak bezalako gurasoek, alegia orain ehun bat urte jaio eta XX. mendean zehar nekazaritza-bizimodutik industrializazio intentsibora igaro ziren haiek, egungo kirol-mobilizazioa ikusita?[1]

Indarrean dugun kirol-mobilizazioa zenbaterainokoa den jabetzeko, Donostiako Udalaren kirol-patronatuko datuak kontsultatu ditut, jakinda udalerri horretakoak joera orokor baten isla baino ez direla. Donostiako 180.000 biztanle inguru horien herena dago udalaren kirol-patronatura afiliatuta: 55.000tik gora erabiltzaile eta 20 kiroldegi. Datu hauetan ez dira kontuan hartzen kirol-federazioetako kopuruak, ezta eskola-kirolakoak ere. Donostia Kirola patronatuko adituen arabera, kirol-jardueraren % 60 kalean egiten da, instalazioetatik at beraz. Luis de la Cruzek hemen bertan adierazi duen bezala, taldean egiten den kirola behera doa azken hamarkadetan, gero eta konplikatuagoa baita talde bat osatzea futbol- edo saski-baloi partida bat jokatzeko, eta bakarka, norbera bere buruarekin norgehiagoka aritzeko joera nagusitzen ari da.

Errepara diezaiogun lasterketei, egungo mobilizazioaren adibide behinenari: 36 ospatzen dira urtean Donostian, non 70.000 lagunek hartzen dute parte (eta beste 20 lasterketa gehiago Donostialdea osorik hartuta). Ezagunenak, Donostia-Behobia maratoi-erdiak, 30.000  partaide inguru ditu; horietatik, 8.000 gipuzkoarrak dira (714.000 biztanle inguru). Populazioaren erdiak astean bitan praktikatzen du lanetik aparteko jarduera fisikoren bat, eta bi herenek astean behin, gutxienik.

Hor ez dira sartzen hamarnaka kiroldegi pribatuk eta Donostiako Udalak berak eskaintzen dituen beste hamaika jarduera “fisiko” –yoga eta mindfulness barne–, zeinak kultur patronatuak antolatzen baititu kultur etxeen bitartez. Donostialdeak Europa iparraldeko lurralde aurreratuenen artean dago mobilizazio-mailan, eta Euskal Herriko lehen bi udalerri “onenen” artean.

Esan beharrik ez dago jarduera hauek guztiz arrotzak zirela nire gurasoentzat eta nik gaztetan ezagutu nuen munduarentzat. Mutikoak futbolean eta pilotan jolasten ginen, mendian gora eta behera aritzen ginen bezala, edo borroketan, baina hark ez zuen egungo “kirol-jarduera”ren ezaugarririk.

Zein mobilizazio mota sustatu eta antolatzen zen 1950eko hamarkadan, egun kirolak duen konnotazio berdintsuekin –aldi berean jarraitua eta unean uneko bultzada masiboak eskatzen dituena; uneko niaren eraikuntzan ezinbestekoan–? “Misio Katolikoak” ziren mobilizazio horiek, nire ustean. Urtero herriz herri eta hiri guztietan antolatzen ziren, garaiko aginte zibil, militar eta erlijiosoen esku gotorretik. Haien buru, “misiolariak” ziren: lan horretarako prestaturiko garaiko coach agitatzaile iaioak[2]. Bi aipatzeagatik, 1951n Gasteizen ospaturikoa eta 1953an Bilbo inguru osoa, Galdakaotik Portugaleteraino, hartu zuena aipatuko ditut. Gasteizek 52.000 biztanle zituen orduan, eta, bi asteko misioaren ondoren, nagusi guztiak konfesatu omen ziren (bana-banako konfesio masibo horiek zuten ageriko helburu nagusia misioek). Nerbioi inguruko 500.000 biztanletik 300.000 lagunek hartu omen zuen parte zuzen hiru aste iraun zuen misioan: 300 misiolari 100 misio-puntutan jarriak, hiria bozgorailuz betea, eguneroko parteak irrati eta egunkarietan, prozesio etengabeak…[3]. Bistan da beste hainbat konnotazio ere presente zirela urte haietan: gerra osteko Nazional-Katolizismoa bereziki, baina horrek ez dio zentzua kentzen alderaketari, nire ustez.

  1. Zer zen gorputza nekazarientzat eta industriako langileentzat; eta zer bilakatu da egun, gu gehienontzat?

Nire gurasoen eta haien aurrekoen munduan, gorputza atsekabea zen; sufrimendu- eta tentaldi-iturri etengabea. Jaiotzeak zekarren nahigabetik irteteko, salbaziorik egotekotan, gorputzetik ihes betean baino ezingo zen eskuratu. Agintarien esklabo bilakatzeko, gorputzean esklabo behar genuen lehen: haren bulkadak erreprimitu eta zapaldu beharrekoak ziren.

Badirudi beste muturrera jo dugula azken hamarkadetan: Kristautasunari loturiko antzinako ikusmolde hura suntsitzeko altxatu zen nire belaunaldiko zati handi bat, eta, besteak beste, gorputzaren zapalketa horren aurka egin genuen “sekularizazioa” deituriko askapen-prozesuan. Baina inozoegiak ginateke pentsatuko bagenu hori baino ez zela gertatu. Kapitalismo globalaren azken ereduari ere ez zitzaion erabilgarri gorputzarekiko harreman hura. Laburbilduz esan genezake egungo gorputza osasun perfektuaren aldeko borroka-zelai bilakatu zaigula;  gizaki ororen gune trebatu, “osasuntsu”, garden eta birmoldaketarako beti prest etengabe eraiki beharreko gunea. Zaintzaz aritzen gara azken urteetan, baina modu zehatzago eta, aldi berean, orokorrago batean, “antropoteknikez” aritu beharko ginateke aldaketa hauen dimentsioa eta helmena ulertzeko. Gorputza beti baita une bakoitzean eraiki beharreko niaren isla eta instrumentua[4].

Hemen, fenomeno erlijiosoaren paradoxa batean sartzen gara. Alde batetik, esparru erlijiosoen baitan garatutako teknikek ezinbesteko funtzioa bete dute ni modernoa eraikitzeko. San Ignazioren Gogo Jardunak, ariketa autogeno auto-eraikitzaileak, horren adibide behinena lirateke, gure artean. Esan genezake azken finean Erlijioa bera gaizkiulertu baten ondorio dela, edo, Sloterdijk-en hitzetan, zehatzago esateko, “kasu gehienetan, zenbait jarduera mentalez osaturiko ariketa-sistema bat oker interpretatua eta, maizegi, psikodinamikoki noragabetua, zeinak, prezio-erdiko aszetika bat oinarri hartuta, hasi berrien akatsak eta subjektibotasun patologikoaren ezaugarriak Kausaren muinaren gailurrera jasotzen baititu”. Baina, esan bezala, gorputz zapaldu hura baliogabetua geratu da egungo jendarte erotizatuan, indarrean den azken kapitalismo mundializatuak behar duen horretan. Gure aurrekoei ez bezala, gure hutsune existentziala kontsumituz beteko dela esaten zaigu egun etengabe, gupidagabe; unez uneko desioaren bulkada orori men eginez, alegia. Egungo langile kognitibo, self-made eta auto-esplotatu, prekarizatu eta ziurtasunik gabeak gorputz-arima ongi trabatu bat behar du, errepresio hutsak ez baitu balio dagoeneko.

HIRU. Zer pentsatuko luke antzinateko txinatar batek (XIX. mende bukaerako batek edo) gure kirol- eta gurputz-ariketen jarduera eta mobilizazioa ezagutuko balu?

Galdera honi erantzuteko, beste bati erantzun behar diot aurretik: “Nor naiz ni alegiazko txinatar horren izenean mintzatzeko?”. Familia katoliko zorrotz batean sortu nintzen, eta XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako bigarren industrializazioak behar zituen langile zintzoak hezteko Elizan sorturiko sekta espezializatu batek hezia naiz –salestarrez ari naiz; “Ciudad Laboral Don Bosco” zuen izena Pasaia-Errenteria aldeko gazte guztiak trebatzeko Gipuzkoako Aurrezki Kutxak eraiki zuen kolegio erraldoiak, 1960an Francok berak inauguratuak–. 70eko hamarkadan, hori guztia arbuiatu eta 68ko haize berritzaileekin, iraultza sozialaren eta gorputzaren askapenaren alde borrokatu zuen belaunaldikoa naiz. Ahalegin haien mugen kontra jo nuenean, Ekialdera abiatu nintzen, garai hartako  asko bezala. Eta ia berrogei urte daramatzat Txinako hainbat sistema eta ariketa praktikatuz eta partekatuz. Zer dela eta ahalegin hori? Hasieran oso modu kontzientean ez bazen ere, orain esan dezaket bazirela bi arrazoi garbi ibilbide horretan mugarri.

Bat: entrenamendu horrek ez zuen gorputza ukatzen; aitzitik, gorputza bera hartzen zuen ikerketa-oinarri. Baina, aldi berean, gorputz hori ez zen egun inposatu zaigun “gorputz erotikoa”, gorputz thimotikoa baizik.

Arestian aipatu bezala, egungo sistema ekonomiko, sozial eta kulturalak erotizatu egin du erabat geure psikea. Eta hori “indar thimotikoen” kaltean eta ukazioaz gauzatzen da. Norbera nor den, zer daukan, zer ahal duen eta zer izan nahi duen galdera-baieztapen horietan gauzatzen den energia mota horretaz ari naiz Thimos termino greziarra aipatzerakoan: duintasun-, justizia-, harrotasun-, sumindura- eta borroka-grinaz, bai eta mendekurako grinaz ere. Indarrean den psikologiaren arabera –psikoanalisia ulertzeko mende oso bateko modu baten eraginez, neurri handi batean–, indar thimotikoak Erosaren bulkaden aseezintasunetik sortzen diren indarrak dira; bigarren mailako “sublimazio” joeretatik, alegia[5]. Aitzitik, nik ezagutu ditudan ariketa-sistema askotan, agresioa lehengaia izanik, ez da eros asegabe baten ondorio patologiko gisa tratatzen. Eta hortik abiatuz, gogo eta gorputzaren konexio egokiaren bilaketa dira indartzen eta lantzen direnak –indarraren zentzua eta adierazpena, norberaren eta bestearen espazioaren gaineko ikerketa eta joko etengabea–. Beraz, han ez zegoen horren sutsuki arbuiatzen nuen gorputzaren ukazio zapaltzailea eta bai, ordea, izakiaren beste hainbat dimentsio lantzeko aukera.

Bi: han ez zegoen hutsunefobiarik. Aitzitik, edozein eraikuntza intelektualen baldintza gisa, isiltasunarekiko gaitasun zaildua eskatzen zen, gorputzaren nahiz gogoaren isiltasuna. Ezagutu eta lantzeko aukera izan ditudan ariketek, modu praktikoan eta gorputzetik abiatuta, esparru oso bat zabaltzen didate egunero. Haietan “gorputzaren zailtzea” ez da beraz helburua, ariketa-proposamen baten oinarria baizik.

Horra, bada, txinatar hipotetiko horren –eta nire– erantzuna: egun indarrean dauden jarduera fisikoak benetan dira zatarrak, dorpeak, arriskutsuak eta kaltegarriak gorputzarentzat, eta, bereziki, izpirituarentzat. Gorputzaren ustezko zaintzaren izenean, haren esplotazioan eta gure alderdi patologikoen elikatzean sartzen gara: hiperkonpetizioa eta suntsiketa izan litekeen auto-esplotazio gupidagabean. Geure gorputzari ematen diogun tratua ez da munduari oro har ematen diogunaren oso bestelakoa.

LEHEN GEHIGARRIA: Ekialdea eta gu.

Esan nahi du horrek hainbat propagandista merkek dioten bezala “Ekialdean dagoela irtenbidea”? Ez. Batetik, Ekialdea eta Mendebaldea kategoriak ez daudelako indarrean dagoeneko. Lurraldeen arteko aldeak alde, egungo munduan ez dago jada inongo Ekialderik ala Mendebalderik. Gero eta azkarrago, eredu berdinen moldean ari gara han eta hemen; Txinan Europan baino modu bortitzagoan, agian. Bestetik, ez naiz funtsean zenbait teknikari buruz ari, haien diseinuaren oinarrian dauden irizpideez baizik, giza kontzepzioari buruz, alegia. Kontzepzio horiek  eragin nabarmena dute ondorioz garatzen diren teknika eta ariketetan, noski, baina ez dugu eredua eta teknika nahasi behar. Finean eskura ditugun teknika edo sistema guztiak erabiltzen ditugu “behar” dugun eredua eraikitzeko eta indartzeko, haien erabilera instrumentala eginez.

Bestalde, gorputzetik ihes egiteko grina unibertsala da. Lehen, hil osteko “beste munduan” edo “beste haragitzeren batean” lortzen bide zen. Egun, ihes horretan jarraitzen dugu, gorputzaren trebakuntzan buru-belarri bagabiltza ere[6]. Kapitalismo bortitzena konturatzen da hainbat “Ekialdeko teknikak” duten erabilgarritasunaz, zertarako eta beharrezkoak dituen gizon-emakume auto-eraikien estres-maila kontrolatu eta haien produktibitatea mantendu edo hobetzeko. Davoseko azken gailurrean meditazio-gela bat atondu zen, eta mundu digitaleko multinazional handienek barneratua dituzte mindfulness edo yoga bezalako praktikak. Sistema horien erabilera ez-instrumentalean dago gakoa, baina gauza bera aplikatu liteke ibiltzeaz edo korrika egiteaz ari garenean. Estres endemikoari, antsietate eta depresio gero eta hedatuari aurre egiteko, berehala izango gara behartuak meditazioa, yoga edo taitxia egitera, puntako hainbat enpresatan jada gertatzen den moduan, “kirola” egitera gero eta behartuago sentitzen garen modu berberean.

Bestalde, hilezkortasunaren bilaketa eta betirako iraun beharraren eldarnioa han eta hemen izan dira garatuak, Ekialdean gehiago agian. Gorputza habitatzea bete ezin den hutsunean amiltzea bezala baita guztiontzat. Gure tradizioetan mundu transzendental bat eraiki zen horri erantzuteko. Ekialdean, berriz, sekulako indarrez garatu ziren gorputzaren morrontzetatik ihes egiteko sistema sofistikatuak, gorputza bera desegin eta, bide horretatik, hilezkortasuna amets –yoga bera eta Txinako hainbat sistema alkimiko, horren adibide garbiak dira.

BIGARREN GEHIGARRIA: aipaturiko tekniken ezaugarriak.

“Horrela ez, baina nola?” planteatu izan den galdera da, behin eta berriz. Saihestezinezko galdera, bestalde, ariketaz ari garenean. Saiatuko naiz zenbait irizpide bitartez erantzuten, hauen inguruan sorturiko gaizkiulertuak seinalatuz.

Erlaxazioa da aipatu sistemen baldintza eta sarrera. Beste modu batera esanda, pasibotasunak lehentasuna du, aktibotasunaren aldean. Bistan denez, sekulako gaizkiulertua ekarri du horrek gurera: esaten da –eta mendebaldeko ikerlari unibertsitariek behin eta berriz baieztatzen digute– Ekialdeko hainbat sistema bikainak direla erlaxatzeko, estres-maila kontrolatzeko eta baita zoriontsu bizitzeko ere. Baina sistema horientzat erlaxazioa ez da inondik ere helburua –budismoaren lehen ikasketa Dhukkaren nobleziaz[7] ari zaigu, ez “zorionaz”–. Horregatik nahasten dira praktika horiek axaleko ariketa autogenoekin.

Bigarren irizpide bezala, erlazioa aipatuko nuke. Gure baitakoa nahiz bestearekikoa. Eta horra bigarren gaizkiulertua. Energia gora eta energia behera aritzen da Ekialdeko hainbat “aditu” bere formulen alde sotila eta ezkutua goratu nahirik. Baina zer ulertzen dugu guk energia delako hori aipatzen zaigunean? Fluxu misteriotsuak, indar sotilak eta ahalmen bereziak… Erlazioaren ideia askoz ere argigarriagoa zaigu maila honetan, ordea: geure buruarekin landu beharrekoa, hasteko, berezko baitugu buruaren eta nahien arteko zatiketa, sentimenduen eta gorputzaren artekoa, eta abar. Energiaz ari bagara, e-mozioaz aritu behar nahitaez[8]. Aurrekoa laburbilduz, Indarra-Erlaxazioa, Barne- Kanpo-begirada binomioak hasiberrien eta azaleko kategoriak baino ez dira: indar erlaxatu bat eta kanpo-barne batasunaz ari behar ahalegin etengabean.

Kanpotik begiratuta erridikuluak diruditen postura geldoetan edo mugimendu mantso eta erritualetan gordetzen da muina: behin eta berriz errepikatzen zaizkigun gida-lerroak dira “ez eman ezer muturrera”; “zirkulu etengabe eta errepikakorrean barneratu”… Baina horiek ez dira oinarrizko irizpideak baino, abiatzeko atea edo zirrikitua, askorentzat frustrazio- eta ezintasun-iturri etengabea. Ariketez ari garen guztietan –baita sorkuntzaz ari garenean ere– oinarrizko eta ezinbesteko printzipioak lirateke hauek, bestalde. “Buru nahasi bat, pentsamendu nahasi bat baino ez du sortuko sabelarekin eta bihotzarekin pentsatzeko gai ez denak”.

____________________________________

Oinarrizko erreferentziak:

  • Billeter, Jean François 2002. Leçons sur Tchouang-tseu Alia, Paris. (gaztelaniaz, Cuatro lecturas sobre Zhuangzi, Siruela 2003).
  • Gorostidi Berrondo, Juan 2008. Levantar la mirada. Tai Chi Chuan, fundamentos para una práctica contemporánea (Liebre de marzo).
  • Sloterdijk, Peter 2006. Zorn und Zeit. Politisch-psychologischer Versuch. Suhrkamp, Frankfurt am Main (gazteleraz: Ira y tiempo. Ensayo psicopolítico. Siruela 2010; frantsesez: Colère et Temps. Essai politico-psychologique. Maren Sell, 2007). 2009 Du mußt dein Leben ändern: Über Anthropotechnik). Suhrkamp, Frankfurt am Main. (Gazteleraz: Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica. Pre-Textos 2012; frantsesez: Tu dois changer ta vie ! Maren Sell éditeur, 2011).

[1] Ez naiz hemen ariko kirol profesionalaz, ez kirol-espektakuluaz (medioetan hainbeste okupatzen duten horietaz), ezta kirol-ekonomiaz ere (33.000 enpresa, 200.000 langile, 4.500 miloi € Espainian, aste honetako artikulu batean).

[2] XVI. mendeko Kontrarreforma Katolikotik datorren mugimendu hau XVIII. eta XIX. mendeetan garatu eta finkatu zen gehienbat, Belen Altunaren Euskaldun Fededun liburuan (Alberdania 2003) argi eta zehatz esplikatzen den moduan. Badira Txirritaren bertso ezagun batzuk, Goizuetako misiyua izenekoak, haien giroa islatzen dutenak herri txiki batean.

[3] Las grandes misiones de Vitoria (1951) y del Nervión (1953).

[4] Antropoteknikaz Peter Sloterdijkek erabiltzen duen moduan ari naiz, bere Du mußt dein Leben ändern: Über Anthropotechnik. Suhrkamp, Frankfurt am Main, 2009. (Gaztelaniaz: Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica. Pre-Textos 2012; frantsesez: Tu dois changer ta vie ! Maren Sell éditeur, 2011). “La respuesta se ha de dar haciendo referencia a la emergencia de la antropotécnica en el “tiempo axial” de la ejercitación. Tan pronto como uno sepa que está poseído por programas que marchan por sí mismos –afectos, costumbres, representaciones– habrá llegado el momento de tomar medidas que rompan ese estado de posesión. El principio de éstas consistiría, como ya se ha señalado, en pasar al otro lado de los sucesos repetitivos. Desde que se ha descubierto en la propia repetición el punto de arranque para adueñarse de ella, tal transición aparece como realizable según reglas precisas. En este descubrimiento la diferencia antropotécnica celebra ya su estreno” (Antropotécnica: volver el poder de la repetición contra la repetición, 256 or. gaztelaniazko edizioan) Liburu honen gaineko iruzkina: http://uberan.eus/?kaia/item/juan-gorostidiren-liburu-gomendioa.

[5] Eros eta Thimos kontzeptuak Sloterdijki hartu dizkiot, beste behin, haren Zorn und Zeit. Politisch-psychologischer Versuch liburutik (Suhrkamp, Frankfurt am Main, 2006). Gaztelaniaz: Ira y tiempo. Ensayo psicopolítico. Siruela 2010; frantsesez: Colère et Temps. Essai politico-psychologique. Maren Sell, 2007.

[6] Horretaz aritu naiz Santiago Alba Ricoren Ser o no ser (un cuerpo) liburuaren Una invitación a la caída iruzkinean.

[7] Budismo zaharraren “Egia Nobleez” ari naiz. Dhukka terminoa “oinaze” hitzera itzuli izan da normalean Mendebaldean, baina itzulpen zabarra da hori. Giza  izaeraren berezko asegabetasunaren nobleziaz ari zaigu dhukkaren egia.

[8] Emozioen esparru autonomoaren eta aldi berean bitartekariaren esparruaren deskubrimendua sor zaio psikoanalisiari, baina ezaguna zen aurretik Ekialdean. Gai hau landu dut Levantar la mirada liburuko bigarren atalean (Salud, enfermedad, energía, terapia izenekoan, bereziki). Kirolari zuzen eskainitako kapitulu bat ere irakurri liteke bertan.




“ALDATU BEHAR DUZU ZEURE BIZITZA” Produkzio arotik ariketa sasoira abiatzeko Sloterdijken gonbita

Modernoa deritzo giza indarrak, sekula ez bezala, lanaren eta produkzioaren inguruan antolatu diren garaiari. Antzina, aldiz, ahalegin handienak ariketa eta perfekzioaren bilaketan egiten ziren. P. Sloterdijk (Du mußt dein Leben ändern; Suhrkamp 2009. Tu dois changer ta vie!; Maren Sell 2011. Has de cambiar tu vida. Sobre antropotécnica; Pre-textos 2012)

(Iruzkin hau Hitzen Uberan webgunean argitaratu zen 2012-12-05ean)

Testu filosofiko batek eduki dezakeen arazorik larriena “autoerreferentzialtasuna” da, korporaziokoentzat baino ez izatea. Peter Sloterdijk (Karlsruhe, 1947) hasieratik saiatu da hesi hori hausten[1], baina gaia “erlijioa” denean (“erlijioen itzuleraren ipuinaren kritika”, editorearen hitzetan), bi hesi gehiago altxatzen dira idazlearen eta irakurleen artean: sinesleen hesia eta sinesgabeena. Lehen hesiak lelo hau dakar: “sinesmena dohain bat da, ez du arrazoiarekin edo nahimenarekin zerikusirik”. Bigarrenak, berriz, horri buruz esan beharreko guztia esana dagoela, eta gaira itzultzea denbora galtzea edo arerioari amore ematea baino ez dela. Horren korapilatsua delako agian, zenbait oztopo gainditu ondorengo irakurketa irudikatzen dut liburu hau. Eta oztopo bakoitza, malda gogor bat da, zeina igo ondoren, ustekabeko lekuz jositako landa zabal baten aurrean izango baikara.

Erlijioaren gaia nahiko aldapa ez, eta izenburutik beretik jartzen zaigu bigarrena: nornahi uxatzeko inperatiboa. Kirrinka egiten baitu agindu orok, mandatari kontzientzia sentiberadunon baitan. Probokazio eta akuilu gisa uler zitekeena, pretentsio askoz sakonagoz dator hemen: “erlijio guztien azken laburpen bat egin nahiko bagenu -ordenen edo sekten programak, barne-garapenerako ikasbide guztiak, meditazio edo ariketa gidak barne- Rilkek Louvreko Apoloren irudiaren aurrean idatzitako hitzokin geratu beharko genuke: “…ez baitago hemen zu begiratzen ez duen ezer. Aldatu behar duzu zeure bizitza![2]. Agindu absolutu baten aurrean baino ez gaude, beraz, bakoitzari zuzendutako iraultza baten agindupean, zeinaren arabera, bizi duguna ez da benetako bizitza. Ez pentsa, haatik, pietatezko panfleto profetiko baten aurrean gaudenik.

Kontzientzia modernoak bere buruari ezarritako zeregin nagusia latentzian zegoena agerian jartzea balin bada, “aurre egin beharko diogu azken bizpahiru mendeetan Europan zabaldu zen ustekeriari, erlijioak badirela, alegia, edo badela zerbait fede gisa izendatzen duguna” (18 or.)[3]. Erlijiotzat aipatu horiek “antropoteknika” sistema batzuen albo-ondorioak baino ez lirateke. Liburuaren tesi nagusi honen inguruan dabilkigu egilea: zein izaera dute giza eraikuntza baterako trebatze teknika horiek eta, ondorioz, nolakoak erlijiotzat onartu edo arbuiatuak izan diren albo-ondorioak.

ERLIJIOA JAINKOAREN HERIOTZAREN OSTEAN: ASZESIAREN SEKULARIZAZIOA

Bigarrena argitzeko, “erlijiozaletasunaren” bost arau azaltzen dizkigu egileak. Lehena giza gaitasun bat litzateke, subjektuaren eta objektuaren leku aldagarrietan ipintzeko daukaguna. Eta hemendik sortzen da bigarrena, aipatu inperatibo absolutua. Hirugarrenak “zerbaiten posibilitatea bere ezinezkotasunean datzala” dio, horixe baino ez baita sineslea, enpirikotasuna alboratu, eta benetan existitzen den ezinezkotasunaren eremuan barneratzen dena. “Ezinezkoa denarekin artistak duen tratatzeko malgutasuna lortuko du arau honekin saiatzen denak ” (96 or.). Laugarrena, artistei dagokie bereziki, eta perfekzioaren ideiatik dator: “inoiz edo behin helburu idealera helduko zara” dio. Azkenik, batek onartzen du tratatu ezin den zerbaitekin ari dela tratutan, bizitzaren suntsipenak beste gain-errealitate batera amiltzen duen ustearekin.

Bost arauon gainean aritzeko, Rilke, Kafka eta Cioran ditu Sloterdijkek bidelagun, eta liburu mamitsuan darabilkigun ariketa “budista paristarraren” jarrera erabiliz erakutsiko digu: ezin perfekzioan sinetsi, ezta eszeptikoaren erabateko probisionaltasuna bereganatu ere, gelditzen diren hondarrekin jarduten uzten digularik… Kitzikagarria da bere tesian barneratu aitzinean eskaintzen zaigun trantsizio-atala:  “Ez dago erlijiorik: Pierre de Courbertinetik L. Ron Hubbardera”. Ezen, bere ustez,  1900. urtetik aurrera “neoatletismoa” eta kirol modernoa baitira aszetismoaren (eta psikismoaren) sekularizazio prozesuaren ezaugarririk nabarmenenak. Fikzio egile baten asmakizuna, egungo erlijio arrakastatsuenetako bat izatea -delako Zientziologia– “mistika informalaren” garaipenaz ari zaigu.

Bere aurreko filosofoen artean, Nietzsche, Wittgenstein eta, bereziki, azken sasoiko Foucault ditu egileak bidelagun. Eta, hasteko, lehenengoaren agindu teologikoari aurre egiten dio: “zure eginbeharra da sortzaile bat sortzea”, nahiera artistikoarentzat etorkizuna mugarik gabeko aukeren esparrua bilakatzeko agindua, alegia. Hortik dator aszesiaren egokitasuna, eta gorputzaren zentraltasuna edozein sormen ahaleginean. Halere, Sloterdijkek dio Nietzsche “ilusio optiko” batean erori zela, ez baitzen gertatu berak aldarrikatutako “moralaren esklaboen matxinadarik”, bai ordea jarraipen bat “aszetismo atletiko eta filosofikoen eliza eta monasterioetako modus vivendien artean”. Europaren lotsa kronikoa oinordetzako nobleziaren ustelkeriarekin heldu zen, non balioak esplotazioaren indarrean oinarritzen ziren. XV.-XIX. mendeen arteko burgesiaren merezimenduzko hierarkiaren berpizkundearekin fantasma honen akabera etorri zen, eta politikaren europar definizioa, non menperatzaile/menperatu dinamika gainditzea ahal izango zen.

Berrehun urtetan egindako saiakera berdintzaile eta neo-elitisten ondoren, heldu da garaia haietatik ondorio global eta eraginkorrak ateratzeko. Horretarako “klase sozialetan oinarritutako gizartea (hau da, menderakuntza, zapalkuntza eta pribilegio bereizketaz eraikitakoa) atzean utzi, eta diziplinan oinarritutako beste batek ordezkatu behar du (aszesiz, birtuositatez eta eraginkortasunez eraikia)”. Baina ez pentsa aldarrikapen inozo baten aurrean gaudenik: “Nazioen arrazoia, oraindik ere, Titanic antzeko honetan lanpostuei eusteko ahaleginetan agortzen da” (569 or.). Wittgensteinen hitzak aintzat hartu (“Ordena baten arautegia da kultura”) eta aszesia/ariketa eta sezesioa (erabat beste izan beharraren grina hori) dira gogoetara erakarri beharreko kontuak. Foucaultekin bat etorriz, sezesioa (“haustura” hitza higatuegia dugu) kultura ororen abiapuntua dela dio: “erabat diferenteak izan nahi genuen erabat aldatua izango zen mundu batean”. Baina, kontuz, “modu militante batean mundua hobetzen saiatu direnak berek eragindako hondamenetatik apartatzen ziren, eta gainezkatuak suertatzen zirenean, halabehar hutsaren ondorio gisa interpretatzen zuten. Filosofo eszeptikoaren lumatik etorri ohi da portaera eredu hau” (567 or.).

HERAKLITOREN URAK. ARIKETA, PERFORMANCEA

Aspaldian [Foucaultek] konprenitu zuena, subertsioaz hitz egin eta etorkizunaz eldarnioan dabilena hasiberrien klasekoa dela, […] edo subertsioa, inozokeria eta unfitness-a gauza bera izendatzeko hiru izen baino ez direla. P. S.

Heraklitoren aipurik ezagunenaren interpretazio bitxi batetik etor liteke obra hau ustiatu aurreko hirugarren malda gogorra. Ur berean berriz bainatzerik ez dugula esaten digunean, ez zaigula gertakizunen jarioaz ari, baizik eta ezin-itzulizko egoera kezkagarri batez, alegia: norbait ur korrontetik atera denean, ezin izango du gerora lehengo modura igerian ibili. Gure portaerari buruzko kontzientzia pizten denean, barne borroka batean gaude sartuta: ezin dira ohiturak ulertu haietatik distantzia bat hartu gabe, eta orduan, haiek gu zapaltzera edo gu haiek zaintzera gaude behartuak. Gehitzen badiogu horri gure gizartearen zeinu ezaugarrien arteko berritasun ororen ospea eta zaharraren baliogabetze etengabea, ezin izango dugu liburu honek eskaintzen dizkigun eremuetan barneratu.

“Nola eutsi bada tragikoa izango ez zen bertikaltasun bati?” Ezinezko egingo den aldaketa baten atzetik gabiltza, bi mila urte iraun duen europar pedagogiak izan duen anbiguetate bat gainditu ezean: pasioen eta ohituren artekoa, alegia: “Lortu behar da ariketa askatzea Antzinako Europako aszesiaren bortxazko egituretatik, eta hori izan liteke XX. mendeko gertakizun nagusia espirituaren historian” (220 or.). Ahalegin horretan Sloterdijkek hain ohikoa duen Ekialde eta Mendebaldearen arteko kontrastea jartzen digu berriz ere “beila” kontzeptuaren bitartez. Haiek “pentsamendurik gabeko beila” landu dutela dio, eta geuk, “beilarik gabeko pentsamendua”. Hari horretatik tiraka Heidegger, Spengler eta Krishnamurtiren ahaleginak seinalatuko dizkigu, berriro ere Foucaulten zuhurtzia azpimarratuz… baita Bourdieu “azken kanpamenduko pentsalariaren” ekarpena ere (233-245 or.).

Pedagogiaren eta antropologiaren zeregina “psikearen sekularizazioa” baldin bada, argitu behar dira zein diren filosofiaren eta atletismoaren arteko loturak eta gaizkiulertuak, baita aszesiaren eta akrobaziaren artekoak ere. “Atletismoaren berpizkundea” eta “aszesiaren desespiritualizazioa” XIX. mendeko azken hamarkadetan abiatu baziren, lanaren eta produkzioaren jainkotze baten barrenean gertatu ziren. Honen guztionen gainbeherarekin, “produkzioaren lehentasunetik performancearen gailentzera” igarotzen ari garela da Sloterkijken ustea. XX. mende osoko “terapeutismoak” estaltzen duena ariketarako joera orokor bat omen da. Eta hemen, “sezesioaren” ideia dator, ostera: “Gizakia deritzana, hortaz, muturreko aszeta multzo txiki baten ondorioa baino ez litzateke. Talde zabaletik apartatzeko eta guztien izenean beren burua jartzeko joera izan zuten gutxi horien ondorena, alegia” (287 or.). Subjektutzat dugun hori prozesu horretatik sortua da eta, ondorioz, “ariketa batzuen jabea” baino ez litzateke izango. Bi kontrako modu ezagutu ditu apartatze honek milurtetan zehar: “espiritualitate heroiko baten gainkonpentsazioa” bilatzen duena, norberaren eta jainkoaren arteko batasun baten bitartez (Heraklito edo Upanishaden hinduismoan bezala), edo korrontetik aparte geratze hori kulpa sakon batez baino eraman ezin duena, judutarrek eta kristauok egin dugun eran.

“BURDIN AROAREN” AMAIERA ETA INPERATIBO ABSOLUTUAREN GAURKOTASUNA: KOINMUNISMO BATERANTZ

“Heterotopiak” (Foucaultek proposaturiko kontzeptua) ariketarako hautatzen diren bakartze eremuak lirateke, non guztientzat balio ez duten lege batzuk dauden indarrean, gehiengoaren hutsalkeria baztertzeko finkatuak. Bakartze prozesu horietan sorturiko metodoei begira, “gune mentalaren egitura hirukoitzaz” ariko zaigu: Nia, Mentorea (autokontzientziak sortzen duen Beste hori), eta bitartekari den Lekukoa. Dinamika horren porrotetik sortzen bide da erlijioen ohiko nahasmendua niarekin tratatzerakoan, ustez deuseztatu beharreko mamua balitz bezala. “Berekoikeria, giza ahalmen onenen izenorde makur bat baino ez da” (330 or.). “Fanatismoaren historiak erakusten digu erregresio horiek [nia, Beste eskerga baten menpean jausteko joera, lekukoa deuseztatuz eta “posesio” egoeretan jausiz] erlijioen eguneroko kontuak direla. Baina horrek ez gaitu korapilo horretatik aldendu behar. Eduki kognitibo eta moral nagusien transmisioan baldin badatza kultura, ez da gutxieneko kontua eduki horien igorleen zereginei erreparatzea. Sloterdijkek hamar maisu mota aurkezten dizkigu: gurua, maisu budista, apostolua, abadea, filosofoa, atleten entrenatzailea, maisu artisaua, irakasle akademikoa, oinarrizko hezkuntzako maisua eta idazle ilustratua. Eredu horien bereizketak berak argitzen du neurri batean bere diskurtsoa, “konbertsioaren” kontzeptua ondoren argituz: “heziketa oro baita konbertsioa” eta “konbertsio oro, subertsio” (384 or.).

Ezin murgildu ur hauetan mendebaldean eginiko saiakera aszetikoak -beneditarren erregela kasu- kontuan hartu gabe[4]. Ezta horiek ekialdeko saiakerekin alderatu gabe ere, Indiako arragoan eraikitakoak batez ere, budismoa eta halako fenomenoak sortuko zituenak.

Parean ditugun gaurko “denboraren erronkei” aurre egiteko, Foucaultek berak gertarazi zuen gaizki-ulertu bat argitu behar da: aro modernoan, haur-gaztek diziplina kristau-humanistan izan duten formakuntza ez da gauzatu ikuskaritzapeko errepresibo guneetan (kartzelak, kuartelak…), baizik eta eskola-unibertsitateetan. Antzinako saiakuntza aszetikoari, teknikoa eta artistikoa gehitu zaizkio eta, azkenik, politikoa. Haren leloa “Antropotekniken erregimena guztientzat” litzateke, non gizaki izatea autoeraikitze batean inplikatua egotea esan nahi duen. “Burdin aroaren” amaiera da non etsipenaren espiralari nahierarena nagusitzen ari zaion. “Historiaren amaiera” aurreko errealitate printzipioaren gainditzea litzateke, non urritasun egoerei aurre egiten zaien neurri ez heroikoen bitartez. “Gizakiak aurrera egiten du, norabide ezinezkoan bilatzen duenean” eta “gaurko munduan garrantzi etiko unibertsala duenik bada, hauxe da: ezin dezakegu honela jarraitu!”. “Erlijioen itzulera” ez litzateke egonezin horren sintoma bat baino, esaten diguna etika eraginkor bat sublimearen esperientzian oinarritzen dena baino ez dela, bistakoa bada ere mendebaldarrok ez gaudela prest tamaina horretako zamak hartzeko. Kontuok gorabehera, “garaikideok konbentzituko gara noizbait gizakiok ez dugula gainzamatuak izatetik libratzeko eskubiderik, ezta ere eskura ditugun soluziobideekin konpondu litezkeen arazoak baino ez topatzeko eskubiderik” (568 or.).

Azkenik, eta kontuan hartuta “historia osoa sistema immunologikoen arteko borroka baino ez dela izan”, eta injustizia izan dela sistema horien etekinak banatzeko orduan batzuen eta besteen arteko desorekaren ezaugarria, non erlijioek beren salbazio promesen bidez hori “konpontzen” saiatu ziren, “arrazoi immunitario” berri baten aitzinean egongo ginateke, non “norberarenaren eta besteenaren arteko banaketak ez baititu immunitate galerak besteentzat soilik sortuko, baita norberarentzat ere”. Behar dugun egitura berri horrek “formatu planetario bat du, non sareez jendeztatutako lur bat propiotzat biziko den, eta desegokitzat joko den orain arteko neurriz gaineko esplotazioa” (574 or.). Ez badugu asmatzen horri dagokion arautegia oraintxe bertan erredaktatzen, ez dugu beste aukerarik izango: “Arau horiek betez bizitzeko gogoa; horrexek erakutsiko luke erabakitasunez ari garela guztien bizi-iraupenerako ohitura onak ezartzen egunerokotasunaren ariketetan”. Hitzokin amaitzen da gogoeta sakon eta luzea.

[1] Bere lehen liburu filosofikoaren arrakasta hortik etorri zen: Kritik der zynischen Vernunft. Frankfurt am Main 1983; Critique de la raison cynique, Christian Bourgois 2000; Crítica de la razón cínica, Siruela 2003. Bigarrena, nobela bat izan zen: Der Zauberbaum. Die Entstehung der Psychoanalyse im Jahr 1785. Ein epischer Versuch zur Philosophie der Psychologie, Frankfurt am Main 1985; L’arbre magique. La naissance de la psychanalyse en l’an 1785, 1987. El Árbol Mágico: El Nacimiento del Psicoanálisis en el Año 1785. Ensayo Épico sobre la Filosofía de la Psicología, Seix Barral; 1986.

[2] Apoloren soin arkaikoa. Rilkeren 1908ko Der neuen Gedichte anderer Teil (Poema berrien bigarren partea). Gure liburuaren 37 orrialdean dago poema osoa.

[3] Hemen egindako orri-aipamenak gaztelerazko argitalpenarenak dira.

[4] Zentzu honetan bere Weltfremdheit, Frankfurt am Main 1993. Extrañamiento del Mundo (Eduardo Gil Beraren itzulpena), Pre-Textos 1998 aipatu behar non, beste gaien artean, IV. mendean Europan gertaturiko “anakoretismoaren iraultza” aztertzen duen.




USAINENGATIK EZAGUTZEN DITUT LEKUAK

                                                                                                                                                           Ikorkotxen argazkia

Usainengatik ezagutzen ditut lekuak, eta soinuengatik. Horregatik maite ditut hainbeste zubiak, nire soinua jotzen orduak pasa ahal izateko. Zubiak gainontzeko guneak baino isilagoak dira, edo irudipen hori dut nik behinik behin, Donostia bezalako hiri batzuetan bereziki. Ibaiaren urak zaratak irentsiko balitu bezala, eta jendea. Batzuetan, gazte-talde baten oihuak edo emakumeen algarak entzuten ditut, nigana hurbiltzen, eta, bat-batean, isildu egiten dira nire ondotik pasatzerakoan. Jotzen ari naizena hobeto entzuteko? Hori pentsatu nahiko nuke nik, baina ez da gauza bera gertatzen beste hainbat parajetan.

Donostia leku ederra zela esan zidaten, garbia, eta musika maite zuela bertako jendeak. Baina zalantzak ditut nik, bertan ibili ondoren. Poztu nintzen itsasertzean zegoela eta ibai bat zuela jakin nuenean, eta itsasotik gertuen zegoen zubira eramateko eskatu nion alabari, usainak eta soinuak bereziak izaten baitira itsas hegian. Udan heldu ginen, baina ez zegoen bero handiegirik, eta bereziki atsegina izan zen antzematea ibaiak nola egiten zuen itsas barrenera ordu batzuetan, eta nola alderantziz, hark bultzaka egotzita bezala, hurrengoetan. Mareak erraietan sumatzen ditut nik zubietan, ez baitu usain berdina ibaiak itsasgoran eta beheran, ezta jendearen aldarteak ere, haiei darien usainak.

Alabak eramaten ninduen gosaldu ostean, eta berak lotzen zidan txorkatilara dirua jasotzeko eltzeitsua. Berezia da nirea: txanponak jasotzen ditu, baina ez dizu aukerarik ematen eskua sartu eta dirua bertatik ateratzeko. Ez dut jakiten, halere, zenbat jasotzen dudan. Alabak txanponak kontatzen dituenean ez baitit esaten zenbat izan diren. Nik ere ez diot galdetzen; pentsioa ordaintzeko beste ote. Sei gara nire gelan, eta behealdeko ohatzeetako bat uzten didate niri.

Donostiako jendeak musika estimatzen zuela entzuna nuen, baina alde egin behar izan genuen heldu eta gutxira, uda hura amaitu baino lehen. Jazzaldirako joan ginen, hirian urte asko zeramaten lagun batzuk gonbidatuak izan zirelako jaialdiko aurkezpenera, eta haiek animatuta. Gerora kontatu zidatenez, ekitaldi hartan jo ondoren kalean jarraitu zuten, eta berehala etorri zitzaizkien udaltzainak hura debekatzera, bizilagunak kexu. Harritu egin nintzen hori entzunda, baita zertxobait kezkatu ere, nik txiki-txikitatik jo izan baitut kalean. Jaio nintzen inguruetan beti dago norbait kalean bere soinuarekin, arrabitarekin, klarinetearekin. Baina Donostian, inon baino isilagoak iruditu zitzaizkidan zubi-gainak, eta hori ezin izan nuen ongi konprenitu. Eta susmo txarra hartu nion lagun haiena entzun nuenean, bi kontuok uztartuz, ustekabean.

Alde egin behar izan genuen, udazkena heldu aitzin. Udaltzainak etorri, eta soinua kendu zidatelako. Jende ospetsu asko heldua zela kanpotik, ez dakit zein jaialditarako, eta ezin zela zubi hartan jo, eta baimenak eskatu zizkidaten, eta soinua ebatsi. Isuna ordaindu behar izan genuen hura berreskuratzeko, eta susmoa dut uda labur hartan jasotako diru guztia ez zela nahikoa izan.

(Testu hau IKORKOTXen “PAOTSA!” liburuan argitaratua izan da: https://www.facebook.com/ikor.kotx)

Soinujole itsu honen presentziak bultzatuta idatzi nuen ere orain hiru urte: http://www.badok.eus/musika-eta-musikaldiak-uda-giroan/

 




LEMOIZ ETA MEMORIA

BAT. LEMOIZ, 1979

Frankismoaren azken urteez ari gara, 70eko hamarkadaz. Ordurako, hego euskal herrietako biztanleria %40 bat hazia zen azken hogei urtetan, Espainiako lurralde pobretuenetatik lanera etorritako 700.000 immigranteekin. Bilbo inguruan bildu ziren horietako asko, modu miserablean lan egin eta bizitzera behartuak. Bilboko industria zen Espainiako eragile nagusietakoa hazkundearen motorra martxan jarri behar zenerako. Hala izan zen mende horren hasieran eta hala errepikatuko zen 60ko eta 70eko hamarkadetako Espainiako berpizkunde ekonomikoan. “Espainiako Mirari Ekonomikoa” izenez ezagutu zen hura, munduko bigarren hazkunde handiena bertan gertatu baitzen (Japoniak zuen lehen tokia), eta ordura arte miseria gorrian zegoen lurraldea –36-39ko gerrak suntsitua– “lurralde industrializatuen” eremura bildu zen (Munduko 9. potentzia, Kanadaren ondoren). 70eko hamarkadako petrolioaren krisiek zapuztu zuten gorakada hura, eta hazkunde eta krisi haien barruan ulertu behar da lurralde osoa zentral nuklearrez hornitzeko egitasmoa.

Energia-premiak omen ziren, eta, II. Mundu Gerratik aitzina, munduko potentzia industrial guztiak buru-belarri sartu ziren energia atomikoaren bilakaera “zibilean”. Ordura arte, potentzia nuklear militarrak ziren gehien nabarmendu zirenak bilakaera horretan (AEBak eta Errusia –orduko Sobiet Batasuna– lehenik; Britainia Handia eta Frantzia gero; India eta Israel, azkenik, beste arrazoi batzuk tarteko), baina garapen ekonomikoa eta energia nuklearraren hedapena bat etorri ziren lasterketa horretan parte hartu nahi zuten munduko agintari guztientzat. Frankoren erregimenak mendebaldeko atxikimendua lortua zuen, eta horrek lasterketa horretan parte hartzera ahalbidetu zuen. Petrolioaren lehen krisiak, 1973koak, garbi utzi zituen gauzak: harenganako dependentzia urritu beharra zuten aurrera egin nahi zutenek. Zein zen bidea? Zentral nuklearrak[1].

Euskal Herrian lau zentral planifikatu ziren: haietako hiru, kostaldeko 50 kilometroko lerro batean kokatuak, eta Lemoizkoa, Bilbotik 15 kilometrora. Gogoratu beharra dago garai hartako “progresoaren aldeko” indar ekonomiko eta politiko guztiak ados zirela aurreikuspen haietan, modu berezian EAJko buruzagiak, eta azken hauek erakutsi zituzten eskrupuluak edo zalantzak alde guztietatik zetorren erresistentziak eraginak baino ez ziren izan. Enpresa elektrikoak nagusi ziren, eta hala jarraitzen dute izaten holding ekonomiko, industrial eta politikoetan, eta jeltzaleek erakutsi beharra zuten “Estatu-alderdia” zirela. Espainiako ugazabek euskal abertzaletasunarekin zeken portatuak baziren Frankoren Espainia Handiaren zutabe bihurtuz, ahalegin beharra zegoen gauzak beste nolabait bideratzen; jeltzaleak prest ziren egoera berrira egokitzeko.

Harrisburg-eko istripua[2] (1979) gertatu baino zazpi urte lehenago hasi ziren lanak Lemoizen, eta ordurako oso aurreratuak zeuden, bukatuak ia. Esan beharrik ez dago zein eratan egiten ziren orduan gauzak, indarrean zegoen legalitate administratiboari berari ere gehiegi erreparatu gabe. Frankismo bukaerako urte gatazkatsuetan gertatzea suertatu zitzaion honi guztiari, eta kontrako indarrak gero eta gehiago nabarmendu ziren.

70 hamarkadarako, auzo pobreetako herri-mugimendua gori-gorian zegoen Bilbon eta gainontzeko euskal hiriguneetan. Herritarren protesta eta haienganako errepresioa etengabeko kontua zen. Bi adibide tragiko: Erandioko auzotarrak kalera atera ziren 1969an, aire kutsadura jasanezinaren aurka protestatzeko: polizien tiroek bi hildako eta hainbat zauritu eragin zituzten. 1980an Ortuellako eskola batean istripuz gertatutako gas-eztanda  baten ondorioz 51 haur hil ziren, baina haur haiek miseriaz jantzitako giro baten adierazgarri ere baziren. Hiri-mugimendu haren legamiatik sortu zen nuklearizazioaren aurkakoa: auzo eta herri guztietara hedatu zen, gurean inoiz izan den antolaketa eta hedapen sendoenarekin. Ez zen gauza berria hemengoa, ordurako mendebalde osoan baitzegoen martxan; berritasuna izan zen zenbaterainoko hedapena izan zuen oso denbora gutxian. 1976rako, beste proiektu nuklearrak geldiaraziak izan ziren, hasi aitzin. Urte horretako Lemoizkoaren aurkako lehen martxa handian 50.000 lagun bildu ziren. Eta hurrengo urtean prestatutako manifestazioak, ordura arte inoiz ospatutako handienak, 150.000 lagun inguru bildu zituen Bilbon.

Urte hartan bertan hartu zuen ETAk proiektuaren aurkako ekimena: lehen militante hildakoa Lemoizen gauzatutako erasoan; ondoren, zentraleko hiru langile hilko dituzte, bi bonba jarrita –ETAk dio bere abisuak ez zirela behar bezala kontuan hartu–. Militante gehiago hil ziren lehergailuak maneiatzean; gazte ekologista bat Tuteran guardia zibilaren tiroz… 1981ean gertatu zen urrats kualitatiboa: ETAk zentraleko ingeniari nagusia bahitu eta “Lemoiz apurtu” baldintzapean, hil egin zuen astebetera. Ondoren, ETAren aurkako lehen manifestazioa: 100.000 lagun Bilbon. 1982an, hil zuten lehen ingeniari haren ordezkoa tirokatu eta hil zutenean, zentraleko teknikariek uko egin zioten jarraitzeari, eta zentrala gelditu egin zen de facto, erregaia ipintzea baino falta ez zenean. 1984rako, krisi industrialak eztanda egin eta aurreikusitako demanda energetikoa beteko ez zela ikusita, oraindik indarrean dagoen moratoria nuklear bat ezarri zuen Espainiako gobernu sozialistak –esan beharrik ez dago Lemoizek xahututako dirutzak eta Iberdrolak eskatutako indemnizazioak ordaintzeko baliabideak ondo bermatu ostean.

Lemoizkoa, Iberdueroren ahalmenak gainditu eta “Estatu-kontua” bilakatu zenean, Gasteizko legebiltzarrak “Elkarte publiko” bat antolatu zuen hura kudeatzeko. Galdeketa baten alde ere azaldu ziren, ondo baitzekiten galdeketa hura ezingo zutela egin, Madrileko gobernuaren debekuz[3].

Ñabardurak gorabehera, hau izan zen Lemoizeko zentralarekin gertatutakoa, orduko testuinguru ekonomiko-energetikoan. Baina, zer izan zen proiektu haren aurkako erresistentzia-mugimenduaz? Zein neurritakoa, lortutako arrakasta edo porrota? Horra ezinbesteko galderak, oraingoan ere barrutik erantzun beharrekoak.

Beste edozein herri eta auzotan bezala, Errenterian ere antolatu genuen komite antinuklear bat. Egin ziren kanpaina informatiboak eta mobilizaziorako deialdiak, euskal herrietako gainontzekoekin elkarlanean, baita inguruko mugimendu antinuklear eta ekologistekin ere –gogoan ditut, esaterako, Iparraldean emandako hitzaldiak, Peyrehoradeko proiektu nuklearrak bertakoak oso gertutik ukitzen zituenez–. Pil-pilean zegoen gaia, astero berriren bat, gero eta tentsio nabarmenagoa. 1976 eta 1978 bitarteko urteak sekulakoak izan ziren orain artean aipatutako kontuetan –fabriketan, auzoetan, kaleetan–, baina Lemoizekoak bazuen osagarri partikularrik giro hari guztiari esanahi gehigarriez hornitzeko: 36ko gerran suntsiketa fisikoa izan bazen, nuklearren instalazioa atzerabueltarik gabeko hipoteka izan zitekeen. 1945eko Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoetatik aurrera, begitarte nuklearra zuen suntsiketak; Gerra Hotzean harrapatuta egotea gutxi balitz bezala, etxean jarri nahi zizkiguten betirako bonba isilak.

Gure burua iraultzailetzat genuenontzat, hura kapitalismoaren neurrigabeko harrapakeria suntsitzailearen ezaugarri gordina zen. Edozein sentimendu herrikoi zuenarentzat, esan bezala, hipoteka neurrigabea. ETArentzat, saihestu ezineko fronte bat zabaldu zen, sekulako aukera bere indarra eta eraginkortasuna helburu militarretik arlo zibilera pasatzeko, eta han erabaki zen, beste inon baino argiago, nolakoa izango zen ETAren jarrera mugimendu herritarren aldean. Kartak mahai gainean zeuden guztiontzat partida hartan. Gainera, instituzionalizazio autonomiko berria zegoen tartean, aukera ezin hobea haren saldukeria eta ahuldadea salatzeko. Hor zabaldu ziren lehen aldiz modu gardenean gizarte politizatuan indarrean zeuden bi joeren arteko talka: frankismoaren bukaerarekin arautegi berria onartzearen alde zeudenen eta kontra zeudenen artekoena, alegia; “Dena aldatu egin da” eta “Ez da ezer aldatu” leloen artekoa. Iberduerok Lemoiz zuzentzeko ipinitako Ryan ingeniariaren hilketaren ondoren, ETAren kontrako lehen manifestazio masiboak izan ziren, Bilbon, eta baita greba orokor bat ere, 1981eko otsailaren 9an, hilketa arbuiatzeko. Lau egun beranduago, otsailaren 13an, Joxe Arregi izango zen polizien torturaz eraila, eta horrek sekulako kommozioa eta mobilizazioak eragin zituen. Eszenatoki horren errepikapen gero eta distorsionatuagoa bezala uler liteke hurrengo hogeita hamar urteetan ETAren eta Estatuaren egituraren barneko indarren artean jokatutako partida.

Bistan da Lemoizen kontrako mugimendu zibila gaindikatua suertatu zela egoera hartan. Ryan ingeniariaren hilketaren ostean, komite antinuklearrekin batera erreferente izan zen Euskal Kosta Ez-nuklear Baten Aldeko Komisioak hauxe adierazi zuen: “Nazkatzen gaitu erabiltzen den manikeismoak: edo Iberduerorekin zaudete –eta horrek esan nahi duen bakearekin, ordenarekin eta progresoarekin– edo ETArekin, beste aukerarik ez balego bezala. Lemoizekoa dikotomia horretara murriztea eldarnio hutsa da. Ez da lekurik geratzen guretzat gerra honetan”. Leku-galtze horretan dago hemen interesatzen zaidan gogoetaren gakoa: zentralekoa “Estatu kontua” bihurturik, bere burua ordezko Estatutzat duen talde batekin egiten du topo, gerra dinamika bat bultzatuz, dinamika horren logikatik at geratzen den guztia suntsituz. Hor harrapatuta, bahitua geratuko da mugimendu zibila: “ez dago gure esku” da sentipenik zentzuzkoena. Poztu egin ginen Lemoizekoa geldirik ikusita, baina inpresio mikatz batez.

1979ko udan antolatu genuen udako martxak sekulako arrakasta izan zuen. Bi zutabetan, Baionatik lehena oinez, eta Tuteratik bigarrena bizikletez, herriz herri zeharkatu genuen euskal geografia. Ez ahazteko moduko hogei eguneko bizipena izan zen. Kostaldeko herri guztiak zeharkatu genituen, oinez, eta bakoitzean , etxeetan errezibituak izan ginen edo udal aterpeetan jasoak. Jaia eta errebindikazioa nonahi, eta marmitakoa afaltzeko. Abuztuaren 13ko igande hartan, Lemoizeko helmugan, hogei milatik gora lagun elkartu ginen.

Eginak ziren egin beharreko lege-ekintza guztiak, manifestazio guztiak, eskaera guztiak. Beste urrats bat emateko sasoia zen, eta hala iragarri genuen jai handi hartan: gure esku zegoenez, Iberdueroren aurkako desobedientzia-kanpaina abiatuko genuen udazken hartan bertan: ondo antolatu eta argi-indarra ordaintzeari uko egingo genion. Milaka izango ginen, herri eta auzo bakoitzean antolatuak, eta errepresaliak baldin bazetozen, momentuan konponduko genuen argi-mozketa. Ezingo zuten argi-kontadore bakoitza polizia batez babestu. Ohi bezala, epe batzuk ezarri genituen lekuz lekuko informazioa eta antolaketa bermatzeko. Gogoan dut Errenterian bulego bat prestatu genuela, telefono eta guzti. Heldu zen gure plana praktikara pasatzeko eguna… eta erabateko porrota gertatu zen.

Ohituta ginen greba orokorrekin, hamar mila lagunen asanbladekin. Hauteskundeek desmobilizazioa ekarri bazuten ere, urte horretako udaberrian izan ziren udalekoak, eta HB osatu berriak ia 5.000 boto eskuratu zituen. Abstentzioa %40tik gorakoa izan zen (14.000tik gora, parte hartu ez genuenak), eta horren zati bat instituzionalizazioaren aurkakoa zen. Nola zen posible pare bat lagun baino –neu barne–  ez izatea Lemoizen kontra argi-indarra ordaintzeari uko egiteko prest zeudenak? Dagoneneko tartean zen ETAren borroka, baina Ryanena bi urte geroago izango zen… Zer gertatzen zen, benetan, norberaren etxe barnean, halako erabakiak hartu behar zirenean?

Nire ustez, galdera horretan dago gakoa. Familiak jarraitzen zuen izaten gizartearen zutabea, eta politizazio- eta erresistentzia-maila altua sentitzen bagenuen ere, hura gazteen kontua zen, gerra edo gerra-osteko miseriak pasatu gabekoena. Kalea gurea zen, baina, etxean, nagusiek agintzen zuten, eta gure desobedientzia-proposamenak erdigune horretara egin beharra zuen jauzia aurrera egiteko. Eta gure nagusiak ez zeuden txantxetarako: indar kontserbadoreak nagusitzen ziren jendartearen maila guztietan, eta jeltzaleek gehiengo handiz irabazi zituzten lehen hauteskunde autonomikoak: Eusko Legebiltzarreko parlamentari haien artean, 42 ziren nuklearren aldekoak eta 18 kontrakoak. EAJren jarrera –eta gainontzeko alderdietako gehien-gehienena– “Estatu-jarrera” zen: Espainiaren orduko nolabaiteko ahuldadea probestu, botere-banaketa ahalik eta baldintza onenetan negoziatzeko. Gernikako Estatutua izan zen haren ondorioa eta, hortik aurrera, ehundura administratibo sendo bat eraiki behar zen 80ko krisi industrialetik onik atera eta Europa garatuenaren mailako gizarte bat osatzeko. Eraldaketa hau diseinatu eta kudeatu zutenak aurrean zuten mugimendu herritarren erresistentzia frankismoaren ondorio makurretako bat kontsideratzen zuten, eta honek azaleratzen zituen ameskeria iraultzaileen aurrean, tinko eutsiko zioten, ahalik eta kontzesio txikienak eginez. ETA arazo bat zen arlo horretan, baina denbora laburrean gainditua izango zela uste zen.

Errenterian gertatutako desobedientzia-kanpainaren porrota ez zen salbuespena izan, araua baizik. Ondorengo neguan antolatu zen komite antinuklearren asanblada orokorrean, gaia mahai gainean zegoen, halabeharrez. Horren guztiaren gaineko gogoeta egin eta “herriari eman beharreko erantzun” ezinbestekoaren premiaz mintzatu nintzen asanblada hartan; idatzirik prestatua nuen gogoeta. Bakarrik geratu nintzen; borrokak –protestaldiak, manifestazioak, ekintzak– aurrera jarraitu behar zuen. Eta gogoeta? Egin zezala bakoitzak bere etxean. Han zeudenek jakintzat ematen zuten egoerak ez zuela beste aukerarik eskaintzen: alde batetik, “abangoardian” zegoen mugimendu batek ezin zuen bere porrota adierazi, eta are gutxiago mugimendu zabalago baten barruko hegemonia-konflikto bat –mugimendu antinuklearrarena, kasu honetan–: alde batetik, mugimenduaren autonomia eta soberania aldarrikatzen genuenak geunden; beste batetik, eraginkortasunaren aitzakian, ETAri ekimena uzten ziotenak. Azken hauek Estatuaren inposaketa terroristaren kontrako erresistentzia armatua baldintzarik gabe ontzat ematerakoan, egoeraren funtsezko ahulezia estaltzen saiatzen ziren, bide batez ETAri bere suplantazio politikoa onartuz. Esan bezala “eraginkortasuna” zen gakoa, eta horraino ailegatzen zen gehienetan kontua, oinarrizko ezintasun bat estaliz. Horrela adierazi zuten Bilboko lau komite antinuklearrek Ryanena gertatu ostean: “Sektore erradikalena babesten dugu egoera erradikal bati aurre egiteko, indar-aldagarritan neurtzen den egoera bati. Aldi berean, ez dugu galdu behar sektore zabal batzuen laguntasuna. Azken hauek ez dute zuzenean parte hartuko borrokan, baina ezinbesteko dira ekintza erradikalen sostengurako. Gure eginbeharra da engainamendu apaleko formulak bilatzea, Lemoizen kontrako jarrera epelago horiek agerian gera daitezen”[4]. Ez zen beste aukerarik suertatu horren guztiaren azpian jokoan zer zegoen eztabaidatzeko, eta nago Lemoizekoaren inguruan gertatutakoarekin uler litekeela urte haietan hainbaten ustetan plantea zitezkeen aukeren arteko eztabaiden zapuztea eta honek ekarriko zituen ondorioak.

BI. LEMOIZ, 2013

Ezin ukatu New York Times-ekoei Bilboko miraria: Abando Ibarrako birmoldaketarekin gauzatu da hiri industrial zaharkitu eta eroriaren gaineko garaipena. Eta garaipen horrek ikur nagusi bat du, Gehri-ren museoa, Joseba Zulaikak bere modu sofistikatuan azaldu diguna: Merilynen gorputza ibai ertzean etzana, nagusi amerikanoari errenditutako hiri postmodernoa. Haren inguruan osatu da Bilbo berriaren oparotasun iheskor bezain ahaltsua, beste maila bateko eraikin-ikonoz osatua: Euskalduna jauregia eta San Mames Barria, esaterako. Baina guztien gainetik jasoko zena, zerua ukitzeraino, munduko dorre altuenak eraikitzen zaildutako arkitektoak altxatutako Iberdrola dorrea izan behar zuen: Bilboren falo distiranta, euskaldun zaharkituen pudoreak uxatzeraino bere biluzian zutitua, inork ez zezala pentsa Guggenheim-en apaindura goxoetan amaituko zenik hiriaren (nagusien) ahala. 70eko hamarkadan hasi zen egitasmoa modu ezin loriatsuan bete da mende berrirako jeltzaleek gobernatutako lurraldean, Bilbon hazitako eta mugarik ezagutzen ez duen multinazionalaren egoitza bertikalarekin.

Baina nire bazterretik, horren guztiaren gibelean jartzen saiatu naiz, Iberdrolaren soslai ez horren distirantari begira, Lemoizkora beste behin, alegia. Lerro zuzen bat marraztu liteke mapan Bilboko dorretik Basordaseko kala ezkutura, baina kala hori ez da inon seinalatzen ia, ez behintzat haren ondoan dagoen Armintzako portuan, edo Bizkaiko turismoa sustatzeko gidaliburuetan (turismotik libratzen den inguruko une babesturik bakarretakoa!). Guggenheimekoak eta Iberdrola Dorrearenak bezala, zentralaren eraikin abandonatu honen datuak ez ziren txantxetakoak izan: 70eko hamarkadan zehar, orduko 35.000 milioi pezeta gastatu omen ziren; 210 miloi euroz ari zen 2014ko El Pais-eko artikulu batek. “Arkeologia industrialaren hondakina, 1.000 tona altzairu eta 200.000 metro kubiko hormigoi armatuan bermatua”, garaiko informazioek dioten eran. Honela dio 2013ko batek: “Zentralari erreserbatuak dauden 116 hektareetan –horietako 5’5 zutik dirauten 11 eraikinetarako– agerian geratzen da lau hamarkadako erabateko utzikeria. Iberdrolak, orain, segurtasun minimo bat mantentzen du, guardia bakarra, baina 1996ra arte –zentralak 14 urte geldirik zeramanean– 12 miloi euro gastatzen ziren urteko, egunero joaten baitziren mantentze-zerbitzukoak lanera, eta ingurua zaintzeko 300 guardia zibil erabiltzen ziren. Zainketa estu hori 1996an amaitu zen”. Eta jarraitzen du erreportaje egileek beren txundiduran: “Lemoiz bisita ahantzezina da bere barnean sartzerik izan dutenentzat, 55 metroko altuera duen erreaktorearen barnea, kasu, eta bere azpiko sei solairuko eraikin kezkagarria. Etorkizuna konplikatua du. Hasteko, kostuagatik: 60 miloi euro beharko lirateke eraikinak eraisteko, orain hamar urteko kalkulu baten arabera. Eta hor ez da sartzen kanpoaldeko dike ikusgarria: 15 metro altuerako eta 300 metro luzerako eraikina, ez itsasoari baizik eta misilekin izan zitezkeen erasoei aurre egiteko. 80ko hamarkadan, zentrala ixteak 6.000 miloi pezetetako kostua izan zuen, eta halako berri bat eraikitzeak 12.000 miloi eurokoa izango litzateke egun”[5].

Beste hainbatek bezala, parte hartu nuen 1979an Baionatik Lemoizera oinez egin zen ibilaldi gogoangarrian, David Alvarez izeneko zutabean –besteak, Tuteratik bizikletaz heldu zenak, Gladys del Estal zuen izena–. Festa handia izan zen; ez dut gogoratzen txango zoriontsuagorik euskal herrietan barrena; sorberriko abeleran geunden, edo nengoen. 34 urte pasata, 2013an itzuli nintzen bertara. Oraingoan Euskal Herriko Unibertsitatearen gestio bati esker, eta egitasmo artistiko baten kausaz: Mikel Laboaren Gernika pieza  grabatzeko asmoz emazte dantzari flamenko batekin. Ekainean egin genuen lehen bisita protokolarioa: Iberdrolako kanpo-harremanetarako arduradun bi geneuzkan zain, ongietorria eman eta gidari-lanak egiteko. Inguru osoari patxadazko bira eman –argi utzi ziguten lehen unetik ez genuela zentral barrura sartzerik izango, segurtasun-arrazoiak zirela eta–, eta haien konfiantza lortu ondoren, errodaje-plana zehazteko helburua zuen lehen bisita hura modu onean burutu zen. Halere, espedizio hartan parte hartu genuen gutako bakoitzak bere barne-bidaia egin zuen, eta nirea, 70ko hamarkadari zegoen txertatua.

Dantzariaz gain –orain gutxi arte Euskal Herriaz ezer ez zekien adiskide italiarra–, 1988an jaiotako nire alaba zetorren, berak gauzatu behar baitzuen errodajearen errealizazioa. Nik produktore-eragile funtzio bitxia beteko nuen, bi emazte haiek izango baitziren leku hartan musika hark sortzen zituen oihartzunak jasoko zituztenak. Esan gabe doa, aprentsioz beterik egon nintzen hasieratik, eta gauza bera gertatu zen errodaje-egunetan ere.

Irailean gauzatu genuen errodajea, euripean, medio oso urriekin: alaba zinemagileaz eta dantzariaz gain, ni nintzen gainontzeko lanetarako morroi bakarra: elektro-generadorea eta musika-aparailu baldarra mugitu eta audioa jaso; aitzurrarekin sasiak kendu eta zorua egokitu; artistek behar zituzten gauza guztien adi egon… Eta Iberdrolako kanpo-harremanetarako bi karguekin atsegina izan –gure ondoan egon baitziren errodajea iraun zuen denbora osoan– goi-kargu atsegin haiek argi adierazi baitziguten egiten ari ginena ezbehar baten antzeko zerbait baino ez zela, errepikatu behar ez zuen kontua. Ongi tenkatuta zegoen, beraz, egoera, gure ahal artistiko eta praktiko guztiak azaleratu eta gauzatzeko.

Bertan dena zen segurtasun-protokoloa eta kontuz ibiltzeko ardura gogoraraztea. Urtetan Euskal Herriko lekurik militarizatuena izandakoa –bi burdin hesi, ehunka kamera eta guardia, kontrol zorrotzak inguruko ibilgailu guztiei– txatar-lapurrekin ari omen da gauzatzen azken bataila. Gauez sartzen omen direla, aurkitu dituztela guk zapaldu ezingo ditugun eraikinen barrunbeetan ere, beren koltxoi eta janariekin. Enpresak duen zaindari bakarra, bere zakur eta autoarekin, nondik sartuko diren beldur omen dabil gauero, kontatzen zigutenez. Lapurrak izan gabe, zer ginen gu, hainbeste prebentziorako? Hori eztabaidatzen ariko ziren Iberdrola erraldoiaren segurtasun-arduradunak, eta baimena emana ziguten kanpo-harremanetakoak ere bai, nonbait. Ez ote ziren damu. Zehaztuak eta beteak genituen protokolo guztiak –errodaje-lekuen gaineko informea, aseguruak, etab.–, baina behin eta berriz errepikatzen ziguten ez genekiela zer-nolako eztabaidak izan zituzten azken egunetan; txiripaz geundela han, emandako hitza ez jateagatik; eta zer ausarta ginen, eguraldi zakur harekin aritzera deliberatuta.

Xelebrea egingo zitzaien errodaje-taldea, susmagarria ia, ohituta zeuden eta gogorarazi zizkiguten Iberdrolaren spot publiziatarioen gomutan. Lehen egun osoa probak egiten pasa genuen, detaileak ahalik eta gehien zehazten. Arrastiria interesatzen zitzaigun, eta ilunabarra, gauez ere errodatu nahiko baikenukeen. –“Nola gauez? Hori segurtasun-protokolo guztien kontra doa”. Ez entzunarena egin, eta tematsu jarraitu genuen. Gaua heldu zen, eta ez ziren gauza izan ordurako ia maitagarria egingo zitzaien hirukote hura handik nolanahi kanporatzeko: –“Izan ditugunen ostean, auskalo zer ekarriko digun honek!” komentarioarekin diosala. Biharamunean hasiko genuen errodajea.

Arduradunetako baten telefono-deia ostatura, ondoren: agindu ziguten hirugarren eguna ezingo genuela erabili; gelditzen zitzaigun bakarrean amaitu beharko genuela. Eta horrekin ere, kontent.

Gure erabakia hain zen irmoa, egun osoa iraun beharko zukeena lehen orduetan amaitu genuen. Uste baino arinago joan zen dena, baina gauari itxaron behar genion, funtsezkoa zenez gaueko errodajea. Horrek aurreikusi gabeko egoeran ipini gintuen: lauzpabost ordu ezer egin gabe pasa beharra ezleku hartan: dantzari flamenkoa, Bilboko enpresa nagusienetako agintari biak, Raffaella Carrà hainbeste estimatzen zuen jagole pertxenta, bideo-artista gaztea eta seiok Laboaz, Carràz, txatar-lapur errumaniarrez eta Bilboko etxe aberatsen ebasleez hitz aspertuan. Azken uneak izan ziren, halere, irrealenak.  Eszena bat errodatzeko prest, autoaren fokuek ematen ziguten argia baino ez genuen. Arrapaladan gindoazen, eta, une batez, zaindariek galdu egin gintuzten iluntasunean. Une labur bat baino ez zen izan, gure kolkorako geldituko zen garaipen txikiaren seinale ezkutua; justu lanarekin amaitu aurrekoa.

Etxerako bueltan, mila aldiz egindako autobidea arrotza egiten zitzaidan uneoro. Nire kideak lokartuta, erne iraun behar nuen gidaritzan. Haluzinazioen atarian, leher eginda.

Ordu luze haietako batean eta giroa goxatzear, Iberdrolako buruzagietako bati txantxa-ukitu batez komentatu nion errentagarria izango zela bertan parke tematiko bat eraikitzea, apenas inbertsiorik eskatuko ez zuenez. Bere erreakzio krispatuak ez zuen zalantzarako tarterik laga: “Beste belaunaldi bat beharko da gutxienik honekin zer egin planteatzeko ere, guretzat zama handiegia izaten jarraitzen du honek guztiak”.

Horregatik pentsatu izan dut, gerora, Lemoizkoa dela Bilbo eraberrituaren ifrentzu zehatza, eta  Guggenheimen gorazarrean ari zela Joseba Zulaikari entzun nionean bere belaunaldiaren mausoleotzat har zitekeela, orduan osatu zen nire eldarnio propioa: belaunaldi haren lekuko eta oroigarria ez dela postala guztietan ageri den eraikin liluragarria hori, baizik eta Lemoizen ezkutuan dugun hondakina baizik. Eta Auschwitzen, Hirosiman eta munduko beste hainbat lekutan hondamendi baten aztarnak bere horretan utzi eta kontserbatzeko erabakia hartu duten eran, modu berean utzi beharko genukeela guk hormigoizko oskol munstruoso hutsa.

2013ko txango honek urtebete lehenago Eusko Jaurlaritzak (Patxi Lopez zuen artean lehendakari) kaleratutako bi liburu izan zituen akuilu: Mikel Alonsok egungo argazkiz osatutakoa bata, eta EHUko Raúl López Romo historian doktoreak eta irakasleak idatzitakoa, bestea: Euskadi en duelo. La central nuclear de Lemóniz como símbolo de la transición vasca izenenekoa, azken hau (“Euskadi dolupean. Lemoizko zentral nuklearra euskal transizioaren sinbolo gisa”). Lehenik, argazkiek jo zidaten arreta; alde batetik, utzikeria eta hondamendia erakusten zutelako, eta, bestetik, obraren dimentsioa, eta historia gelditu baten irudia ematen zutelako: eraikinaren barnealdekoak ziren harrigarriak batez ere. Garaiko giltza, altzari, edo egutegiak atzo bertan utzitakoak ziruditen, inork nola tratatu ez jakin eta ihesean ateratakoarena, alegia. Leku hura zela Laboaren Gernikaren interpretaziorako erabili beharrekoa sumatu nuen instantean, espazio hura oinkatzerik zaila izango zela jabetzeaz batera.

Liburuak, bestalde, nolabaiteko erantzuna ematen zion orain arte adierazitakoari. Abiapuntutik esplikatzen du helburua: “Lemoizen inguruko polemika hartu dugu aztergai, gakoa delako Euskadiren iragan hurbilaren hainbat osagarri nabarmen ulertzeko: gizarte barneko gatazka, bortxa politikoaren zikloa, eta demokratizazioaren eta euskal autonomiaren eraikuntza-prozesua”[6]. Hemen bertan gogoratu ditugun hainbat aurrekari adierazten ditu: nola hiru probintzietako biztanleria bikoiztu zen 1940 eta 1970 artean, gertaturiko industrializazio masiboa eta honi lotutako lurraldearen urbanizazioa. Fenomeno horiek ekarri omen zuten azken belaunaldien politizazioa. Gero, 1973ko petrolio-krisia eta nuklearren aldeko apustua. Ez da inoiz zalantzan jartzen aurreko –eta egungo– petrolioaren aldeko politika, ezta 70eko hamarkadako nuklearren aldeko hautu estrategikoa ere, aukera horiek egintzat, neutralak eta hutsetik sortuak balira bezala. Ustezko azterketa historikoak zientifikoak ez du zalantzan jartzen inoiz ustezko neutraltasun horrek noren izenean hitz egiten duen, ezta obra beraren helburu eta zentzu garbia ere.

Aski da bertako kapituluen izenak, edukiak eta hedapenak ikustea hori antzemateko: heren bat dago aurrekari historikoei eta gertakarien kronikari eskainiak. Esan gabe doa, energia nuklearra “energia-iturri” bat baino ez da, inongo beste konnotaziorik ez duena: argindarra behar dugu eta etengailuari ematen diogu; lurralde industrializatu bat gara eta besteen bide berak “aukeratzen” ditugu, eta abar. Historiagileak neutraltasun-itxurak egin behar ditu agintarien enkarguz ari denean. Ondorengo bi herenak gaiari daude dedikatuak: lehena Nacionalismo y agonía izeneko atala; hurrengoek Emoción y política eta Pérdida eta Conmemoración dute goiburu. Atal hauetako barne kapituluen izenak: A vueltas con la nación; El duelo, congoja y enfrentamiento; Los enemigos de la patria; La campaña terrorista contra Lemoiz; Costos de la violencia; Recordar a unos para olvidar a otros; Contra la simetría entre violencias (“Nazioarekin bueltaka; Dolua, atsekabea eta borroka; Aberriaren etsaiak; Lemoizen aurkako kanpaina terrorista; Bortxaren kostua; Batzuk gogoratu besteez ahazteko; Bortxen simetriaren aurka”).

Egileak onartzen du historiagileek orain arte mantendu duten isiltasuna ETAren iraupenak eta mehatxuak behartuta edo baldintzatuta izan dela, baina heldu dela sasoia gaiaz “objektiboki hitz egiteko”: ez da egon inongo arrazoi historikorik terrorismoarentzat; Espainiako gerrarekin lotzeak ez du inongo zentzurik (“irmotasun osoz salatu behar den behar historiko bat”[7]). Frankismoak ez zuen lagundu, onartzen du, baina hura “gutxiengo batek sostengatu zuen erregimena izan zen; demokrazia heldu zenean gehiengoa zegoen sistemarekin, eta energia nuklearraren aurka lerratzea keinu oportunista bat baino ez zen izan abertzale erradikalentzat. Haien helburuak ez baitzuten horiekin zer ikusirik (“Lemoizen, eztabaida ekologikoa edo ingurugirokoa bigarren maila batera izan zen baztertua… Euskadi ulertzeko bi era, hitza ala indarra, aurrez-aurre egin zuten talka”[8]). Terroristen aldetik gehiengoaren ongizatearen aurkako gerra deklaratuta dago; ekintzetan hildakoak beren kabuz hartutako erabaki batengatik hil ziren –baita Gladys del Estal bera ere–, beste aldean eroritakoak (izan guardia zibilak, izan Lemoizeko zuzendariak) demokraziagatik –eta haren alde– sakrifikatu ziren, zeuden lekuan egoteak ez zuen haien inongo erabakimenarekin zerikusirik. “Ez da zilegi, beraz, bortxen arteko inongo simetriarik ezartzea” esaldi borobilarekin amaitzen du. Egiten diren baieztapenetan ondorioztatu liteke “garaiko mehatxurik nagusia terroristen bortxa” zenez, “mugimendu antinuklearraren arduragabekeria, Euskadiren izenean egindako krimenak modu tolesgabean ez salatzeagatik”. Onartzen du, finean, ETArengatik geratu zela zentrala, eta hori gerta zitekeen gauzarik tamalgarriena izan zela. Orain, ETAren bukaerarekin, ez dezagula pentsa haren bortxak jarraipenik ez duenik: “Zentral nuklear baten arriskuak oso urrutikoak dira, bere larritasunean. ETAren arriskuak, aldiz, hurbilak eta errealak” José Ramón Recalderen hitzak ekarriz. Edo “akatsa izango litzateke orain, ETAk atentatuen ‘behin betiko etetea’ aldarrikatu duenean, bortxa iraganeko kontua dela sinestea. Litekeena da ETAren balek inor gehiago ez hiltzea, baina, pentsatzen denaren aurka, haren bortxa etengabe proiektatzen da orainera eta etorkizunera, eta gorrotoa ez da urtu. Santos Juliák baieztatu duen moduan, ‘ETAk oinazea sozializatu zuen, eta Bilduk, Amaiurrek eta Sortuk terrorearen zilegitasunaren diskurtsoa eraiki, zabaldu eta gizarteratzen dute oroimen soziala bihurtu arte’ ”[9], eta abar.

Horrekin guztiarekin, zentralaren aldeko eta kontrakoen arteko liskarrez ari da egilea, baina, esan bezala, ez da hori liburuaren helburu nagusia, euskal nazionalismoaren zentzugabekeria agerian uztea baizik: “Mugimendu nazionalistak kalean egoten saiatzen dira, ikusgarriak bihurtu eta indarra erakusteko hainbat helburu politiko lortzearren: muga berriak ezarri eta nor muga horien barnean eta nor kanpoan dagoen erabaki. Gu nor garen eta Besteak nor diren galderari erantzuten saiatzen dira, eta horretarako erabilgarria da diskurtsoak eta mobilizazioak kontrajartzea. Independentziaren eta Estatu berri baten eraikitzearen aldeko demandez gain, eskakizun zehatz batzuetara jotzen dute nazionalistek bere aldeko jende gehiago erakartzeko. Trantsizioko EAJn eskakizun horietako bat, nagusietakoa, Lemoizekoa izan zen”[10].

Ez dut errepikatuko prozesu horretan Lemoizkoaren aurkako mugimendu zibila gainditua izan zela eta ez genuela izan inongo gaitasunik gainditze horren eta dinamika militarraren gailentzearen gaia bera planteatzeko ere. Hain zen bortitza Estatuaren eta Kapitalaren ekimena, automatikoki legitimizatua geratzen zen haien aurkako edozein bortxazko erresistentzia ere, eta hori gertatu zen sentimendu antinuklearraren gehiengo zabalean. Imaginaezina zen, esaterako, Ryan bahitu eta ETAk berari “herri-epaiketa” bat egin ostean hura libre uztea, ekimena herri-dinamikan ipintzeko keinu batekin[11]. Zentraleko obrak saboteatuta bazeuden ere –askok jartzen dute zalantzan zein neurritan zen operatiboa zentrala izan zuen eraikuntza-prozesuaren ondoren– eta Bilboko eta Pasaiako zamaketariek hara zuzendutako materiala ez deskargatzea erabaki bazuten ere, ez zen gure estilokoa gauzak odolez eta behin betikoz ez erabakitzearena. Bistakoa da Iberduerok eta Estatuak –Eusko Jaurlaritzak barne– galdu egin zutela partida hura, baina baita herri-mugimenduak ere, ez bakarrik konpartsarena egitea baino geratu ez zitzaiolako, baita, eta batez ere, ordutik aurrera ez zelako herri-ekimen autonomoetarako lekurik geratu, eta “erresistentzia” bakarra ETAk eta haren inguruak egingo zuenaren menpean geratuko zelako. Eta hori galera eta atzerapauso izugarria izan zen ezkerrarentzat eta erreferente militaristetatik at mugitu nahi zuen edozeinentzat. Oso erraza izan zen, horren ondoren, nazionalismo espainiarrak euskal nazionalismoaren deslegitimaziorako marraztu dituen karikaturak marraztea, komentatzen ari garen liburuan gertatu bezala, arrazoizkoak baitira neurri handi batean: “Jainko bat eraiki zen egia absolutu gisa (ETA), eta haren inguruan, konstelazio sozial oso bat zebilen biraka. Komunitate abertzale honi atxikita masa erakunde zabal bat zegoen, bertan sozializatzeko, parte hartzeko errituak (ehunka manifestazio) eta norbere burua errekonozitzeko sinbologia (abestiak, ukabila bilduak, ikurrak)”[12]. Hori salatzen duenak indar eta bortxa handiagoz ezarritako erritualizazioan parte hartuko ez balu bezala. Baina, esan bezala, gure gaia ez da “nork duen bortxarako edo nazio bat eraikitzeko zilegitasuna” baizik eta, geunden eta gauden egoeran egonda, ardura guztia dugula helburuen eta bitartekarien gaineko zorroztasun handienarekin ibiltzeko –hau ezinezkoa izanik gure helburua “besteek dutena edukitzeko eskubidea dugu” horretan gelditzen bagara.

Bada garaia, beraz, berriro energia nuklearraren zentzu eta historiara itzultzekoa, ez baikinen libratu, ezta hurrik eman ere, haren mehatxutik eta errealitatetik 70eko eta 80ko borrokekin. Energia nuklearra XX. mendea eta haren bilakaera teknikoaren alderdirik siniestroenaren erakusgarria izan da eta jarraitzen du izaten XXI. mendean. Haren garapenaren ageriko azalpena 1945eko Hiroshimako eta Nagasakiko erasoek ezarri zuten: berrehun eta hogei milatik gorako hildako, eta bi hirien erabateko suntsiketa. Durangon eta Gernikan abiatutako gerra egiteko modu berriak –biztanle zibilen aurkako aire-erasoz– bere gailur logikoa lortu zuen bonba atomikoekin, gizateriak inoiz bizi izan duen hamarkadarik suntsitzaileenean. Aro horrek errealitatearen beste dimentsio baten aurrean kokatu gaitu. Ordura arte “Gaizkiaren neurrigabeko indarra” gizakion ahaletik kanpo sortua bezala irudikatzen zen. Atomoaren indarra askatu dugunetik, “Gaizki absolutu” hori gure esku dauden erabakien mende ere azaltzen zaigu, lehen aldiz historian. Eta indar horren ezaugarririk behinena ez da suntsitzeko duen ahalmena, ikaragarria izanda ere. Indar horrek duen berezko ezaugarria da kontrolaezina dela. Behin martxan jarriz gero, ekartzen dituen ondorioak ezin menderatu, ezin jakin ere zeintzuk izango ote diren.

II Mundu Gerra bonbardaketa atomikoekin amaitu zen, baina bonbardaketa mota haiek markatu zuten gerraren ondoren gertatuko zen guztia. Hor dago, besteak beste, “indar atomikoaren bakezko erabilera” izenpean hedatu den industria. Ez ziren hamar urte pasa bonba haiek bota zirenetik lehen zentral nuklearrak eraiki ziren arte. Ondorengo historia nahiko ezaguna da: zentral nuklearren hedapena munduan zehar eta haietan gertatutako istripuak; eta energia horren erabilpenaren aldekoen eta kontrakoen jarrerak, eta haien arteko muturreko liskarrak –azken pasarteak tarteko: 2012ko Fukushimako istripua, eta Mendebaldeak Iranekin duen gatazka haren indar nuklearraren erabilera dela eta.

Aro atomikoaren beste ezaugarrien artean, 1945ean neurrigabeko heriotzez abiatu zen “bake-garaia” zentral nuklearren hedapenarena da. Eta hedapen horretan hiru olatu gertatu dira, denbora-erritmo oso esanguratsua erakusten digutena. Zentral nuklearren batean izandako istripu larriak markatuak dira aro horiek, eta istripu horietako bakoitzak geldiezina zirudien baga baten lehertzea ekarri du, aldiro. Olatuetan gertatu lez, leherketaren ondorengo erresaka eta baga berriaren abiapuntua markatzeko.

Istripuak industria nuklearrari lotuta egon dira hasiera-hasieratik. Lehenengoak, 50eko hamarkadan Errusian eta Ingalaterran gertatutakoak, ezkutuan gorde ziren, baina ezin izan zen gauza bera egin 1979an Pensilvaniako Three Mile Island-Harrisburg-en gertatutakoarekin. Ordurako, mundu osoan zabalduta zegoen ustearen arabera, energia nuklearra segurua zen, eta garapen-lasterketan murgilduta zeuden herrialde guztiek men egina zioten hautu nuklearrari. Uhin horren barruan, esan bezala, halako lau zentral planifikatu ziren euskal herrietan: haietako hiru, kostaldeko 50 kilometroko lerro batean kokatuak, eta Lemoizkoa, Bilbotik 15 kilometrora. Harrisburgeko istripua gertatu baino zazpi urte lehenago hasi ziren lanak Lemoizen, frankismoak hauspotutako plan energetikoaren barruan, eta oso aurreratuta zeuden, ia amaituta, istripu hura izandakoan.

Lehen uhin haren barruan gertatu zen Lemoizekoa, baina izan dira geroztik beste bi. Bigarrena 1986an lehertu zen, Txernobilen (Ukrainia). Eta azken uholdea –oraingoz azkena– 2011n gertatu zen, Fukushiman (Japonia), hain zuzen ere energia nuklearraren aldeko kanpaina bete-betean zegoenean –zenbait guru ekologiko tartean ziren, energia nuklearraren abantailak eta ezinbestekotasuna aldarrikatzen.

Olatu horien irudia gizakiaren tematzeaz ari zaigula dirudi, baina areago doa. Irudiak behin eta berriz gogora ekartzen digu zein den energia mota horren ezaugarri nagusia: giza kontroletik haratago doan indar batena. Behin eta berriz erakutsi digu bere alderdi suntsitzailea, gure antzerki-lan berritxuratuen unerik goxoenean gaudenean, gizakion ustezko kontrola gezurrezkoa dela gogoraraziz, gure ahalen gaindi gabiltzala ezarriz.

Emakumeak Fukushimako sarraski-gunean

Txernobilgoarekin batera, 2011ko Fukushimakoa izan da oraino larriena: erreaktore nuklearrak dauden eraikinak eztanda egitea, errefrigerazio-sistemak apurtzea, nukleoaren fusio hirukoitza geratu eta erradiazioa kanporatzea, ehun milaka pertsona kontaminatzea eta ebakuatu behar izatea… Japoniako produkzio nuklear guztia geldiarazi egin zuen, bera izanik munduko hirugarren lurralde nuklearizatuena, AEBen eta Frantziaren ostean. Japoniaren produkzio elektrikoaren herenetik gora iturri horretakoa izanda, imajinatzekoa da norainokoa izan den horren guztiaren eragina lurraldearen ekonomian eta egunerokotasunean. Istripua gertatu eta hiru urtera, hasia da berriz nuklearrak martxan jartzeko presioa eta prozesua, eta aurreko bagak ikusita, pentsatzekoa da oraingoan ere denbora laburrean piztuko direla lobby nuklearraren ahots ahaltsuak “energia-iturri seguru, garbi eta merkearen” aldeko kanpainarekin. Azken urteetako arrazoibide nagusia haren “garbitasunarena” izan da: aldaketa klimatikoari aurre egiteko modurik onena omen –CO2 isurketei eta aspalditik hauspoturiko petrolioaren eskasiari, uranioa erregaia askoz urriagoa dela kontuan hartu barik–. Lobby nuklearra laurehun erreaktore berri eraikitzeko plana ari da bultzatzen munduan zehar, eta ez da pentsatzekoa haren asmoak beteko ez direnik, aurreko istripuen antzeko besteren batek salbatzen ez bagaitu behintzat. Bizi dugun azken krisi globalean, zentzuzko arrazoiak daude pentsatzeko energia nuklearra ez dela soluziobidea, arazoaren partea baizik: ekonomiaren alde zurrunenetik ere izugarri txarra da iturri horren erabileraren balantzea (“Historiaren desastre ekonomikorik handiena” adituen esanetan); mende erdi baten ostean, sektorea ez da gauza izan oinarrizko arazoak konpontzeko, ez kosteetan, ezta segurtasun eta proliferazio mailan ere, eta ez daki zer egin etengabe sortzen dituen hondakinekin, milurtetan arriskutsuak izaten jarraituko duten horiekin. Petrolioaren bukaerari aurre egiteko hainbat bide daude kostu eta arrisku txikiagokoak, eta inoiz baino azkarrago nuklearrak eraikitzen jarriko bagina ere, ez litzateke egungo nuklearren parkea ordezkatzera ailegatuko 2050 baino lehen[13]. Ez gaude, beraz, arazo tekniko baten aurrean, haren itzalean eraiki den neurrigabeko mundu harrapari, militarizatu eta itsu baten aurrean baizik. 80ko hasieran Lemoizerako eskatzen zen galdeketa ezinezkoa zen bezala, bistan da eredu honek ezartzen dituen politika estrategiko nagusiak –militarrak, energetikoak– ez direla populazioen irizpideen eta erabakimenen esku uzten; indarrean ditugun sistema demokratikoek hainbesterako ematen ez dutenez. Baina hauek ez dira guri dagozkigun arazoak, nonbait, eta Lemoizen kontra altxatu zen erresistentzia ulertzeko funtsezkoak dira errito nazionalistak aztertzea, eta ez orduan ere Mendebalde osoa zeharkatzen zuen errebolta antinuklearra: “Nolatan izan zen mugimendu hura horren masiboa gurean?” galdetzen digu bere lanean Raúl Lopez unibertsitate-historialariak. Orain 30 urte ehunka mila euskal herritar energia mota honen aurkako ginela onartzea pentsaezina da Eusko Jaurlaritzaren aginduetara idatzitako lan batean, honek lukeen inplikazio guztiengatik. Horrgatik eramaten dute beren argumentarioa nazionalismo irredentista eta milenaristaren eremu ketsuetara. Hona galderari giza-zientzilariak arestiko galderari emandako erantzuna: “Mugimendu antinuklearrean parte hartu zutenek ere ezin diote galdera honi erantzunik aurkitu”. Zinez, harrigarria!

HIRU. LEMOIZ, 2018. ARRAINEN MEMORIA

Hurbilketa eta egitasmo ugari egon dira urte luze hauetan Lemoizeko zentralaren hondakinekin eta haren alde eta kontra izandako borrokarekin zer egin erabakitzeko. Publiko egin zirenen artean, Basterretxeak Bizkaiko diputazioaren enkarguz 2002an diseinatutako “Atlantidaren Hiria” izen zen aipagarriena: Energia sortzeko erabiltzen diren sistema guztien erakusketak izango zituen bere zientzia eta teknologiaren museoan; planetario bat erreaktoreetako batean, eta kirola eta aisiarentzako hainbat gune. Baina ordurako, arazo handiak zeuden instalazioen jabetzaren konpetentzien inguruan, eta baztertua izan zen. 2017ko PP eta EAJren arteko kupoari buruzko negoziaketetara itxaron beharko genuen jeltzaleek mahai gainean gaia jarri arte. Berehala helduko zen azken egitasmoaren berria: arrain haztegi bat sortuko da bertan.

Lemoizen orain arteko egitasmoetan artistak izan dute ekimena, eta hauentzat, zentralak zuen indar sinbolikoa gailendu egiten zen, nola edo hala. Basterretxeak berak ez zuen eraikuntzaren forma –zentralarena gogoraraziko zuena– asko eraldatzen, eta haren mamu eta itzal luzea beregan jasotzen zuen: “Bisitatu ahal izango den munduko zentral nuklear bakarra” izango zela esan zuen Sabin Arana orduko diputatuak egitasmoa aurkezterakoan. Baina heldu da arrasto hori guztiz ezabatzeko ordua eta arrainez beteko dugu lekua: “erreboiloez, izokinez, mihi arrainez, izkirez eta otarrainxkez”. Euskal kostaldean geratzen zen puntu ilun eta ikusezin bakarra, XX. mendeko memoria latzena ernarazteko indar sinboliko handiena zuena “arrainen memoriez” beteko da, eta ez da geratuko gurean urte ilun haien arrastorik.

OHARRA: BAT eta BI atalak “Zazpigarren Heriotza” liburutik jasoak dira (Erein 2016): lehena “Lemoizerako bideak erbestera ninderaman” (46-52 orr.), eta bigarrena “Bigarren txangoa Lemoizera” (205-215 orr.).

EGUZKI talde ekologistak “Lemoiz: historiarekin bat datorrren erabilera” iritzi artikulua argitaratu zuen 2017ko azaroaren 30ean, nire iritzien osagarri izan litekeena: https://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2017-11-30/lemoiz_historiarekin_bat_datorren_erabilera.htm

[1] Hitzokin diskurtso ofiziala ari naiz errepikatzen, baina gauzak ez ziren zehazki horrela izan. Energia nuklearraren hedapena hasieratik egon zen ahalmen militarrari atxikita , eta petrolioarekiko mendekotasuna ez zen benetan saihestu: hura izan zen hautu estrategikoa XX. mende osorako, eta potentzia ekonomikoek horretara bideratu dituzte beren ahalak. Petrolioaren krisiak koartada gisa erabiliak izan dira, besteak beste, nuklearrak hauspotzeko.

[2] AEBetako Pensilvania estatuko zentral nuklearrean gertatu zen, erreaktorearen nukleoa urtu zenean. Lemoizeko zentrala haren teknologia berdinarekin jarduteko zegoen pentsatua.

[3] Adierazgarria da oso kontsultaren kontu hori. Alderdi abertzale nagusiak hogeita bost urte behar izan zituen eskumen hori berriro mahai gainean jartzeko (2001eko Ibarretxe planarekin). Zerbait adierazten du horrek frankismoaren amaieran gauzak nola geratu ziren lotuta.

[4] “Bilboko lau komite antinuklearrek” 1981eko apirilaren 4ean ateratako agiritik.

[5] 2013/12/17ko eldiarionorte.es egunkari digitalean argitaratua, El tabú de Lemoiz izenburupean.

[6] “Se estudia la polémica en torno a Lemoiz porque es clave para comprender algunos de los más destacados ingredientes del pasado reciente de Euskadi: la conflictividad social, el ciclo de la violencia política y el proceso de democratización y construcción de la autonomía vasca” 19. orrialdea.

[7] “una necesidad histórica que hay que denunciar con toda contundencia”.

[8]  “En Lemoiz, la controversia ecológica o medioambiental acabaron relegados a un segundo plano… se enfrentaron la fuerza frente a la palabra, dos maneras de entender Euskadi”.

[9] “Los riesgos de una central nuclear son lejanísimos aunque gravísimos. Los riesgos de ETA son próximos y reales […] Sería un error considerar que, ahora que ETA ha declarado el ‘cese definitivo’ de sus atentados, la violencia es cosa del pasado. Puede que ya no muera nadie más bajo las balas de ETA, pero su violencia, contra lo que pudiera pensarse, se proyecta constantemente hacia el presente y el futuro, y el odio no se ha diluido. Como ha afirmado Santos Juliá, ‘si ETA socializó el dolor, Bildu, Amaiur y Sortu construyen, difunden y socializan el discurso de legitimación del terror hasta convertirlo en memoria social’ ”.

[10] “Los movimientos nacionalistas tratan de estar presentes en las calles para dejarse ver y mostrar fuerza de cara a obtener determinados objetivos políticos: trazar nuevas fronteras y determinar quienes quedan dentro y quienes fuera de las mismas. Es decir, intentan responder al interrogante de quiénes somos nosotros y quiénes ellos, para lo que resulta útil contraponer discursos y movilizaciones. Aparte de las demandas últimas de independencia y creación de un nuevo Estado, hay una serie de reivindicaciones o banderines de enganche concretos a los que los nacionalistas recurren puntualmente para sumar a más personas. En el PNV de la Transición una de esas demandas puntuales, de las más importantes, fue Lemoiz”.

[11] Hau aipatzen dut Chiapaseko EZLNko zapatistek 1994ean egindako bahiketa bat gogoan: Estatuko gobernadore izandako Absalón Castellanos Domínguez jeneralarena hain zuzen. Horrela zioen honen aurkako epaiak: “…El general de división Absalón Castellanos Domínguez fue encontrado culpable de, en complicidad con el gobierno federal en turno antes, durante y después de su mandato estatal, haber despojado a campesinos indígenas chiapanecos de sus tierras y, de esa forma, haberse constituido en uno de los más poderosos terratenientes del estado de Chiapas.

Cuarto.- Después de haber deliberado y analizado todas las acusaciones en contra del general de división Absalón Castellanos Domínguez, y habiéndose demostrado su culpabilidad, el Tribunal de Justicia Zapatista emite el siguiente veredicto y dicta sentencia:

El señor general de división Absalón Castellanos Domínguez fue encontrado culpable de los delitos de violación a los derechos humanos indígenas, robo, despojo, secuestro, corrupción y asesinato. Sin encontrarse atenuante alguno en la comisión de estos delitos, el Tribunal de Justicia Zapatista dicta la siguiente sentencia: Se condena al señor general Absalón Castellanos Domínguez a cadena perpetua, haciendo trabajos manuales en una comunidad indígena de Chiapas y ganarse de esta forma el pan y medios necesarios para su subsistencia.

Quinto.- Como mensaje al pueblo de México y a los pueblos y gobiernos del mundo, el Tribunal de Justicia Zapatista del EZLN conmuta la pena de cadena perpetua al señor general de división Absalón Castellanos Domínguez, lo deja libre físicamente y, en su lugar lo condena a vivir hasta el último de sus días con la pena y la vergüenza de haber recibido el perdón y la bondad de aquellos a quienes tanto tiempo humilló, secuestró, despojó, robó y asesinó.

Sexto.- El Tribunal de Justicia Zapatista turna esta resolución al Comité Clandestino Revolucionario Indígena – Comandancia General del Ejército Zapatista de Liberación Nacional, para que se tomen las medidas necesarias y pertinentes para el cumplimiento de lo resuelto en este Tribunal de Justicia Zapatista; asimismo, recomienda que se proponga al gobierno federal el intercambio del señor general de división Absalón Castellanos Domínguez por la totalidad de los combatientes zapatistas y los civiles injustamente presos por las tropas federales, durante los días que dura actualmente nuestra justa guerra. También se ofrece canjear al militar por víveres y otros medios que alivien la grave situación de la población civil en los territorios bajo control del EZLN”.

Imajina genezakeen modu honetako keinu “erromantikorik” ETAren aldetik ekintza armatua gizarte mugimenduaren zerbitzura ipiniz eta indarrean zeuden konfrontazio-diskurtso guztiak oinarririk gabe utziz? Ez, imajina ezina zen, eta da oraindio.

[12] “Una deidad se erigía en estandarte de la verdad absoluta (ETA) y una constelación social giraba a su alrededor. Ligada a esta comunidad abertzale había toda una familia de organismos de masas donde socializarse, ritos en los que participar (cientos de manifestaciones) y simbología en la que reconocerse (cánticos, puños cerrados, banderas)”.

[13] Marcel Coderch-ek eta Núria Almirón-ek ematen dituzten datuak dira: “En la actualidad hay en el mundo unas 450 centrales nucleares que producen el 12% de toda la electricidad que se consume en el mundo, lo cual equivale al 5% de toda la energía consumida. Por tanto, sin considerar incrementos de demanda, para producir toda la energía eléctrica que el mundo consume hoy habría que construir unas 3.600 centrales adicionales, que posiblemente cubrirían cerca del 40% de toda la energía que consumimos. Teniendo en cuenta que se tarda unos 10 años en construir una central nuclear, que se tardaron más de 15 años en construir las 450 centrales actuales y aun suponiendo que, a pesar de que desde los años 70 prácticamente no se han construido nuevas centrales, todavía disponemos de la misma capacidad de construcción que en la década álgida de los 60, tardaríamos 120 años en construir las 3.600 nuevas centrales. Incluso suponiendo que duplicáramos la máxima capacidad que tuvimos, no podríamos terminar la construcción antes de 60 años. Y esto solventaría sólo el 40% de la energía que consumimos hoy. ¿Cómo se generaría el 60% restante sin contribuir al efecto invernadero? ¿Podemos sustituir el petróleo que usamos para transporte por energía eléctrica de origen nuclear? Del total de energía consumida, el 40% se destina a transporte. Aun suponiendo que fuéramos capaces en los próximos años de sustituir todos los motores de combustión por motores y acumuladores eléctricos (o de hidrógeno) y que pudiéramos reconvertir toda la infraestructura de aprovisionamiento de combustible a electricidad o hidrógeno (algo ya de por sí faraónico), necesitaríamos construir otras 3.600 centrales adicionales para producir la electricidad necesaria para alimentar a nuestros nuevos vehículos. Incluso suponiendo que el mundo dejara de crecer, para mantener los consumos energéticos actuales de electricidad y transporte a base de energía eléctrica de origen nuclear habría que construir, pues, unas 7.200 centrales nucleares, lo cual supone una inversión de unos 20 billones de dólares (2 veces el PIB de los EEUU). Si queremos hacerlo en 20 años, habría que multiplicar por 12 la capacidad de construcción que se tuvo en la década de los 60, al tiempo que sustituir todos los motores de combustión por motores eléctricos o de hidrógeno y acondicionar toda la infraestructura de suministro del nuevo combustible. No parece un proyecto muy realista y, aun así, en la transición generaríamos una cantidad de CO2 equivalente a la que producimos ahora en 10 años. Cualquiera que quiera plantear seriamente la alternativa nuclear deberá responder a estos interrogantes”. El espejismo nuclear (Los Libros del Lince, 2008).




INDARKERIA ETA DENBORA GALDUA: ONGI ETORRI NORMALTASUNAREN BASAMORTURA !

ARGIA astekariaren 2017ko “Aktualitatearen Gakoak” aldizkarian argitaratua: http://www.argia.eus/albistea/indarkeria-eta-denbora-galdua-ongi-etorri-normaltasunaren-basamortura

Indarkeria “historiaren emagina” ez balitz ere (Karl Marx), onar dezagun behintzat denok baliatzen garela mota bateko edo besteko bortxaz, eta onarpen horretatik abiatu beharko litzatekeela gaiaren inguruko edozein gogoeta. Naturalizatua dugu jendartea eusten duen egiturazko bortxa, eta ez dugu antzematen gugan edo gure hurbilekoengan jotzen duen arte.

Zer gertatzen da talde armatu batek –ETAk kasu– erretiratzea erabakitzen duenean? Komeni da ez ahaztea haren jardunaren justifikazioa estatuak baino ez duen bortxaren monopolioaren zilegitasuna ukatzetik datorrela. Erretiratu ostean monopolio hori zalantzan jartzen jarraitzekotan, ahalegin armatua estatuak garaitu duela baino ezin ondorioztatu. ETAren kasuan, negoziazioaren estrategia hartu zuenetik –80ko hamarkadatik–, inplizituki onartzen da porrot hori. Baina, ez orduan eta ez 2011koaren ondoren, gauzak ezin gordintasun horretan onartu, eta “garailerik eta garaiturik gabeko diskurtso eraikitzailearen” alde egiten du.

Sor dezagun egoera bat non kapitalizatu ahal izango dugun hainbeste jendek pilaturiko ahalegin eta indarra xede berdinak beste modu batera lortze aldera” entzuten dugu; edo “eutsi diezaiogun duintasunari bederen; ezin errekara bota hainbeste odol eta sakrifizio”. Kontua da, ez daudela alderatzerik indar armatuak eta indar elektoralak; sinpatia emozionalak eta estatuaren hegemonia benetan zalantzan jarriko eta borrokatuko diren jarrera indartsuak. Urteak joan eta urteak etorri ukazioetan ibili direnei ezin eskatu orain onar dezaten zapaltzen duten zorua airezkoa denik; eraiki duten gotorlekua paperezkoa.

Urteak joan eta urteak etorri, hortxe, bada, koska. Nor gogoratzen da XX. mende erdialdeko gazte mendebaldarren amets eta bizipenez? Zer balio dute orduko bulkadek eta zioek oraingo ezer argitzeko? Halere, ezin ETAri buruz ezer ulertu Gerra Hotzaren testuinguruan Hirugarren Munduan sorturiko mugimendu askatzaileek piztu zuten sinpatia eta emulaziorako grina kontuan hartu gabe. Argi al daukate egungo gazteek zelako derroten gainean eraikiak dauden egungo Kubako, Vietnamgo, Aljeriako edo Kongoko errealitateak? Are gehiago, zeintzuk diren Mendebaldean eta mundu osoan garai urrun haietatik aurrera gertatu diren sakoneko aldaketak: neoliberalismoaren erabateko garaitzea eta horrek munduko populazioaren gehiengoarentzat dakartzan muturreko bortxaketak?

Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan, saldoka eratu ziren talde militar iraultzaileak Mendebalde osoan. Baina mende horren bukaerarako –eta 1989an kokatu behar amaiera hori, kasu honetan– amaituta zeuden ahalegin haiek, ETArenak salbu. Salbuespen horretan bilatu behar gakoa, beraz. Zer dela eta hiru hamarkada luzeko atzerapena? Arrazoi nagusi bat beste anitzen artean: gureak zuen osagai agonikoa. Mundu galdu baten agoniatik zetorren euskal abertzaletasunaren jatorrizko indarra; eta gerra zibilaren derrotak eta ondorengo hamarkadetako diktadurak min hori areagotzea baino ez zuen ekarri. Mundu osoko suhar harekin nahasiz, gure “erresistentzia armatuak” autonomia nahikoa bereganatu zuen hasieratik, errealitateak ematen zituen seinale guztien aurrean itsu jarraitzeko. Beti aurrera zen leloa, azken aldiko erabateko porrota eta suizidioa ekarri zituen egoeraren aurrean amaitu artio. Gure berezitasuna azpimarratu beharraren beharrez, pasa egiten zitzaion joera orokorragoen bazterreko epifenomeno baino ez zela.

Hamarkadetan atzendutako talde armatu bat mantentzetik –eta Europako leku militarizatuena izateari utzi gabe–, munduko herri baketsuena  izatera iragaiteko zorian gaude, egun. Baina munduko ordena mantentzeko bortxak ez du etenik eta, gure agintarien kudeaketa abilari zein gure esaneko sen langileari esker, Europako bazter honetan inguruko leku aberatsenekin ipintzeko lehiaketan aski ondo kokatu ostean, urrutitik hurbilduko zaizkigu gure aitona-amona matxinoek horrenbeste miretsi zituztenen oinordekoak: Afrikako, Ameriketako eta Asiako desesperatuak. Eta gure esentziak titaniozko ontzi ederretan gordetzera erabakita gaudenez, bizitza merezi ez duten piztien moduan errefusatuko al ditugu geuk?

Beste nonbait saiatu naiz galeraren, dolurako ezintasunaren eta hainbat fetitxe sostengatzearen arteko harremanak seinalatzen. Zaila izan liteke ulertzen, lau hitzetan; baina benetako zailtasuna –pentsatzeko eta ekiteko dugun eran– barneratu ditugun inertziek ezartzen dute. Zer iragarri, orduan, etorkizun hurbilerako? Normaltasunaren basamortua.

Bi muturreko joeren artean mugitzen jarraituko dugu historia luze honen lekuko izan garonok. Batean, indarkeriaren atzeraeraginezko arbuio erabatekoa: “Ez zen gurean inoiz halakorik gertatu behar”. Edo “onar ezazue sakrifizio hori guztiak ez duela ezertarako balio izan”. “Autokritika” eskatzen da, baina edozein errebelamendu bortitzen arbuioa bilatuz. Historiaren ukazio bat ikusten dut horren muinean. Beste muturrean, beren balentrien gozamen lizunari inondik ere uko egiteko prest ez daudenak: “Herri honek zerbaitetan aurrera egin badu, geure ahalegin eta sakrifizioagatik izan da. Geu izan gara azken erresistenteak; eta egungo nagikeria orokorrak dena histu ez balu, berdin jarraituko genuke zapaltzaileei eta haien morroiei loa kentzen, gure helburuak lortu arte”.

Gero eta arrotzagoa egingo zaie hau guztia mende berrian hazi direnei, eta batzuk nahiz besteak, harri eta zur geratuko dira datozkigun hodeiertz utopikorik gabeko bortxazko adierazpen gordinenen aurrean. Gerraren legeari jarraituz, eragile bortitzenek jokalekuz kanpo uzten zuten gurean gehiengoa: horra haien ardura politikoa. Haien oinordekoak datoz orain “denon inplikazioa” eskatzera, ulertu ezinean gero eta arrotzagoak egiten zaizkigula zenbait berba eta jarrera. Normaltasunaren basamortuan egin beharreko ibilaldian, beste hitz batzuk asmatu beharko dira; eta beste keinu eta adierak, hitzek balioko ez dutenerako.




KAKUX, BIOBOTEREA

OHARRA: Errotarria Lepoan idatzi eta argitaratu ondoren etorri zen ETBko Ur Handitan programa eta honek ekarri zuen soka luzea: Joxe Arregiren manipulazio salaketa (Euskadi Irratian elkarrizketa) eta bere artikulua Noticias taldean. Egunkari horretara nire erantzuna bidali banuen ere, ez da argitaratua izan. Baina niretzat esanguratsuena ez zen Arregiren jarrera izan baizik eta hurbileko sentitzen ditudan hainbat iritzi emaileena (Hedoi Etxarte, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel). Hauen iritziak komentatuz idatzi nuen ondoren datorrena eta baita BERRIAra bidali ere, bertsio laburrean, baina ez da argitaratua izan. Esanguratsua da oso nola gainezka egiten duten urak beren ubidera bideratuak izaten diren, gai sentiberak, tabuak neurri handian, azaleratzen direnean. Haurren gaineko bortxa da horietako bat. Ondorengoa BERRIAn argitaratutakoaren (http://www.berria.eus/paperekoa/1832/025/001/2017-03-09/kakux_bioboterea.htm) bertsio luzea da:

Maiz aurkitzen ditut nire inguruan Eliza Katolikoaren marka eta eragina gutxiesten dutenak: “Aspaldiko kontuak dituk horiek, motel; Elizak ez du, egun, orain zenbait hamarkada zuen eraginik…”. Ez nago horren ziur, ordea; are eta gutxiago Kakuxen kasua azaleratu denean zabaldu diren gogoetak entzun ondoren.

Jakina da pederastiaren gaineko Elizaren politika aldatu egin zela Irlandako eta Bostoneko eskandaluen ondoren, “zero tolerantzia” aldarrikatuz, barkamena eskatuz eta “guztioi dagokigun lakra honi aurre egiteko borondatea” azalduz. Baina nago Kakuxenak gurean sortu duen harrabotsak ematen diola gaiari eta gure gogoetarako gaitasunari bere benetako neurria. Salaketak azaldu orduko etorri zen kleroaren erantzuna, eta honen barrutik, ezagutzen ditugun bi joera nagusienak: Munillarena eta Joxe Arregirena, laburbiltze aldera. ETBk otsailaren 14ean emitituriko “Un Handitan” erreportajeak nabarmendu egin zuen gaiaren dimentsioa.

Bestetan oso hurbil sentitzen ditudan hainbaten gogoeta publikoei lotuko natzaie hemen. ETBko programaren biharamunean entzun nuen Hedoi Etxarte Joxe Arregiren diskurtsoa laudatzen: “Eta abusuen egilea langabezian geratu den kamioilari bat balitz, bortxatu dituena lau ume… zenbat patologizatuko litzateke bere ogibidea edo bere jatorria; zer zentralitatea emango litzaioke pertsona horrek bere komunitatean duen pisuari… ez ote ari da jada agnostikoa gutxienik eta ateoa bere gehienean den gizarte bat erabiltzen ari kasu hau kasik pentsa arazteko pedofilia kasuak elizaren pean bakarrik existitzen direla; ukituak egiten direla soilik umeekin eta ez, astebururo bezala, emakumeekin; eta zein leku daukan, eta nola ikusten duen gizarteak hori? Ekarpen handia egin du Arregik antipunitibismoaren afera zentroan jarrita. Alegia, guk zer nahi dugu, afera hau gainditu, berriro gertatu ez dadin, ala halako exzitazio kolektibo batean egon… egongo den eta ez dakigun horren atzean” (programaren 1:54;24 – 2:14:00). Gauza bera azpimarratzen zuen Arregik, dokumentalaren “manipulazioarekin” kexu, Euskadi Irratiak eskaini zion ondorengo elkarrizketa luzean: “Argazkilari bat izan da orain gutxi salatua, eta nik ez dut bere izena jakin nahi. Horrek ez dio ez biktimari eta ez eragileari ezertan lagunduko”. “Gehiegizko zabalkunde mediatikoaz hasi eta lintxamenduaz amaitzen dugu” esanez bezala, gure izaera maltzur eta mendekatia seinalatuz, horrek dituen arrisku guztiekin eta, kasu honetan, pederastari –biktima bat, bera ere, azken finean– egiten zaion konpondu ezinezko kalteaz jabetu gabe.

Ildo beretik zetorren Jon Sarasuaren gogoeta Euskadi Irratian. Berak ere biktimekin egon behar dela garbi utziz, “gero eta sentiberagoak gara biktimekiko” esan, eta Nietzschek kristautasunari –“ezinduen konspirazioa”– egiten zion kritika gogoratu zigun; ezkerrekoek edo feministek duten matrize bera seinalatuz: “erruduna egurtu eta gu lasai geratzeko”. Berari ere “desproporzionatua” iruditzen zaio Kakuxi emandako egurra, eta Elizari oro har; “mamu zauritu bat, jotzeko erraza dena”.

Azkenik, Idurre Eskisabelek BERRIAn: “Aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. Edota oso aintzat hartzekoa iruditu zaidala Jon Sarasuak irratian esandakoa biktimatik biktimismorako labar estuari buruz. Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak –Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi–, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan”.

Azken ohar hori interesatzen zait niri ere, baina ezin horri heldu Arregiren diskurtsoa dagokion lekuan kokatu barik non ukatzen dena den esanguratsuena: bera ez da kleroarekiko korporatibista, ez da moralista ezta setimentala ere; eta “biktima guztien enpatia erabatekotik” hori esan ostean, azken aurreko abusuen testigantzari buruz dioen gauza bakarra da “eskabrosoagoa” dela, eta Ana Moralesena “dramatikoa”.

Iritzi hauek entzunda bururatu zitzaidan lehenengo galdera: pentsatu al dute lagun hauek biobotereak Euskal Herrian izan duen espezifikotasunaz, eta bertan Eliza Katolikoak jokatu eta jokatzen duen rolaz? Ezetz esango nuke, bestela Joxe Arregiren amua ez bailukete horren erraz irentsiko. Edozein botere erakundetan bezala, “bi arima” bizi ditu Eliza Katolikoak, bata bestearen osagarri funtsezkoa indartze aldera. Haren hierarkietan ere tentsioak daude, are gehiago baseko sinestunen artean. Munilla bezalakoen kasua alde batera utzita, katolikotasunak modernitatearen aurka aurrera eramandako gurutzada galduta dagoela uste dutenak interesatzen zaizkit hemen; zintzoki beste eliza bat behar dugula pentsatzen dutenak, alegia. Sloterdijk-ek esplikatu du: “XIX. mende amaierako kristautasun protestantea ongizate-enpresa bihurtua zen, leunki maitekorra, gizatasun metafisikoz jantzia […] Katolizismoa, berriz, 1870ez landa, modernitatearen aurkako krispazioaren gorenean sartu zen, eta bere ahalegin guztiak –frente teologiko nahiz politikoetan– ez ziren ahuldadetik sorturiko makinazioak baino izan: aita sainduaren ihesa infalibilitatearen dogmarekin, misioen muturreko mobilizazioak, pentsamendu marianoaren exaltazioa, liburu liberal eta modernisten kondena, sekularizazioaren aurkako muturreko alderdi subertsiboen hedatzea parlamentuetan…; ariketa horietan guztietan dekadentziak sorturiko panikoa baino ez zen agerian uzten”. Nago Arregi bezalako katolikoek ondo ulertu dutela hau guztia, eta denbora galduaren  berreskuratze lanetan dabiltzala, ahalegin handiz. Baina Foucaultek garbi utzi zuen bezala, botereaz ari gara, diskurtsoak botere-borroka horien erdigunean duten funtzioaz, “ausazko gertakariak menderatu eta haien zama eta materialtasun beldurgarria saihesteko” ahalaz, alegia. Diskurtsoekin ez ditugu soilik borrokak eta aginte sistemak esplikatzen; diskurtsoak berak dira borroka-zelai, Elizak betidanik menderatu nahi izan duen gorputz eta kontzientzia eremu preziatuak, kasu honetan. Haurren aurkako eraso sexualetan bioboterearen eremu bortitzenean barneratzen gara. Horrexegatik da beste edozein estamenturekin konparagaitza Elizak horretan izan duen funtzioa. Eta funtzio horren indarra erabatekoa zen gurean aurreko 70eko hamarkada arte eta, beste hainbat esparrutan bezala, sendo mantendu da boteregune estrategikoetan, hezkuntza instituzioetan batez ere, inongo garbiketarik gabe. (Esanguratsua da euskal Eliza Katolikoaren inguruko azterketa ezagunenak euskal nazionalismoaren bilakaerarekin loturetan jarri dutela azpimarra –Belen Altuna, Luis Haranburu…– eta ez hemen seinalatzen ari garen sakoneko eredu sozial eta politikoetan).

Baina gauzak azkartu dira, eta Kakuxen kasuan ez da soilik izan ondo estalita zegoen zornea agerian jartzea. Horrekin batera, erabateko gaurkotasuna duten beste gai batzuk azaleratu dira, eta sekulakoak egiten ari dira batzuk “bere onera” bihur daitezen. Hasteko, zer da haur batekiko sexu abusu bat? Eta zergatik hartu behar dugu kontuan Elizak eragin duenean modu berezian? Onartzen da abusua boteretik egindako erasoa dela, haurraren zaurgarritasunari eta nagusiarekiko behar duen konfiantzari kalte konponezina eraginez. Noski daudela graduak eta ez dela berdin ukitu bat eta bortxaketa bat, baina erratzen gara konparaketan, nagusien arteko erasoekin alderatzen ditugunean (“ez da berdin muturreko bat eta tiro bat” zioen Sarasuak). Guztiz beste maila batean gaude hemen. Eta konparagarria al da kleroa beste edozein korporaziorekin? Ez, berak izan duen eta duen botereagatik eta egiturazko inpunitateagatik, hain justu. Botere hori beste inorena  baino erabatekoagoa eta sakonagoa izan baita orain oso gutxi arte. (Nola hartuko genuke Urdangarinen babesle batek publikoki esango balu zein neurrigabeko kaltea egiten ari garen bere familiari periodikoetan behin eta berriro egurtuz –“infantak galdua du loa, eta haurrak urduri dablitza, arreta galdu dute eskolan… nori egiten dio horrek mesede?”–. Elizari baino ez zaio maila horretako lotsagabekeriarik onartzen. Eta, nola ez, apez pederastak ez dira kamioilarien antzekoak, azken hauek ez baitaude horren babestuak eta kartzelan bukatzeko arriskuan baitaude, eta apezak “erretiro espiritualean”. Baina gu kulparen eta zigorren aurkakoak gara, nola ez).

http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/4648104/bideoa-ana-morales-txikitan-apaizak-egindako-sexu-abusuez/

Katolikotasunaren baitan gogo eraldatzailea sumatzen dugunean, Arregirena kasu, aldeko ditugula uste dugu. Berari ez baitzaio interesatzen horren ondo ezagutzen duen katolikotasun zaharkitu atzerakoia. Eta arimen artzaintzan jarraitzeko, korporatibismo eta moralismo oro gainditu behar duela dio: “Oso gizarte liberalean bizi gara, baina gutxi behar dugu gure haizekada intrantsigentea agerian jartzeko: egurra errudunari, inongo gupidarik gabe!”. Moralkeria gainditzeko aitzakiaz, inongo moral(keriar)ik gorena predikatzen digu berak: “Oinazea da inporta den gauza bakarra. Lehenik eta behin, abusuak pairatu dituenarena, baina baita eragin dituenarena ere. Ez dut kulpan eta zigorrean sinesten, ezta absoluzio penitentzialean ere. Hortik bestearekiko elkartasunera igaro nahi dut, nire arduratik, norberaren historia eta drama besterezinetik”. Horrek eraman du Eskisabel idaztera, ziurrenik, Arregirena “azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere”. Benetan antipunitibismoa al dago hemen ezbaian? Sinesgarria al da Joxe Arregi Kakux defenditzen duenean “sistema zigortzaile guztien aurka” hitz eginez, hamarkadetan zehar sistema horren partaide izan denean?

Baina biobotereaz ari bagara, ezin atera hitz horiek bere aginte-testuingurutik. ETBko dokumentalean, Ana Moralesen diskurtsoak uzten zuen agerian eta nabarmen Arregirena –eta horregatik salatu zuen horrek “manipulazio lotsagabea”– eta, botereak-botere, berea izan zen ETBk gerora bere osotasunean jarri zuen diskurtso bakarra, eta baita Euskadi Irratiak gonbidatu zuena “gaizki ulertuak” argitze aldera, behin eta berriz berea azpimarratzeko, ezer berri erantsi gabe. “Errukiaren Iraultza, behar dugun iraultza bakarra” dela aldarrikatzeko, guztion gainetik ipintzen du bere buru “bekataria” gure klerigoak. Horra apez berritua ideologia new age gozoena predikatuz: errua eta kondena eternalekin mendeetan zehar gorputzak eta kontzientziak terrorean hezi ondoren, neurri errepresibo guztien abolizioa aldarrikatuz.

AZKEN OHAR BAT

Etxartek Ur Handitan agertzen den Ziortza Karrantza sexologoaren ekarpena ere laudatzen du: “Gizarteak ez du onartzen hori dagoenik. Baina beti egon dira pertsonak umeak desiratzen dituztenak. Desira hor dago, beste gauza bat da nola kudeatzen dugun gizarte honetan, inori minik egin barik”. Sarasua urrutiago doa eta Erromatarren garaiko pederastia ondo ikusia gogorarazten digu, kontuan hartu gabe erromatar libreen artean –ez gara esklaboez eta emakumeez ari– aita batek bere semea hiltzeko eskubidea zuela. Desioa al da hemen gakoa ala, beste behin, boterea? Edozein pederastak, edozein bortxatzailek bere boterea –modu askotariko indarra, agintea…– erabiltzen du bestea bere nahikeriara behartzeko, hura suntsituz bada ere. Gero, –“erotika oso konplexua da”, zioen Ziortzak– geratu liteke biktima izan dena erabat lotuta bortxatzaileari, eta horrela suertatzen da gehienetan, aldez edo moldez… Puntu hori tratatzerakoan –gainerako pertsonaietan bezala–, argigarria da El Club pelikulan Sandokan pertsonaiaren diskurtsoa, bere bortxatzailearekin duen harremanaz ordena jartzera datorren jesuitarekin duen elkarrizketan:

(pelikularen lehenengoetako sekuentzia batean agertzen da Matias Lazkano hori eta Sandokanek haien arteko harremanaz gogoratzen diona, gainontzeko apezen asaldurarako):

Errepresioarekin batera, errua jarri ohi du gaitz psikologiko eta sozial guztien jatorrian hainbat diskurtso askatzailek. Erru sentimendua gaiztoa da, patologikoa, horretaz libratu behar dugu lehenik eta behin, diogu. Baina erabat  azalean geratzen gara modu horretan, erruaren funtzio psikikoan ezin erreparatuz, eta inpunitateari ateak zabalduz.




LYCISCA: TALKAK MUGALDEAN

(BADOK euskal musikaren atarian ere argitaratua)

Ez dago ingurunerik, egun, bere labela bilatzen ez duenik. Bisitariak erakartzeko, inbertsioak. Zokoan geratu nahi ez, nonbait, eta, herrixka globalean, logoen arteko lehian sartu behar, nor izatekotan. Basque Country edo Idiazabal; Bilbao edo Culinary Center, horra eredu dirdaitsuak. Karrantza, gure lurralde txikiko mendebaldeko muturrean, mugako udalerria dugu hainbat zentzutan, eta baita agian bere marketan ere: Pozalaguako kobazuloa eta Euskal Herria esnea; Enkarterrietako billano txakur arraza autoktonoa eta Karpin basa faunaren aterpe zoologikoa…

Gerard Ortín zinemagileak begiak eta belarriak ipini ditu mugalde horretan; hurbildu da turismo agentziek eskaintzen dituzten proposamen horietara eta galdetu egin dio bertako jendeari. Baina ez adituei, ez telebistako dokumentaletan agertzen den jende ikasiari, politikariei. Zerekin eta norekin egin zuten talka egungo enpresa, turismo gune edo jarduerek orain duten kokapena eta funtzioa eskuratzeko, zeren eta noren kontra eraikiak izan ziren, ez horren aspaldian. Eta mundu kontrajarriok utzi ditu agerian, kontraste bateraezinak, sasoi, jende eta  animalia irabazle eta derrotatuen arteko elkarbizitza.

Donostiako Tabakaleran egon da 2017ko otsailaren 5a arte Organismo bizidunen agentzia erakusketan edozeinen begi-belarrietara nahi adina aldiz dastatzeko moduan lan hau bazter bateko itzalean eskura. Bertan ikusi-entzuten duguna ez da aldarri ozen bat, itzalean –ilunpean ia– antzemateko elkarbizitza mingarri horien oihartzun bizi, dotore eta delikatua baizik. Irudiek kontraste egiten dute, maiz, entzuten dugunarekin –abere elbarrituentzako aterpe deprimentea, eta ikusiko ez ditugun ume-bisitarien oihu-algara jostalariak, esaterako–, baina batez ere irudiek jasotzen dituzten giroen artean edo hitz egiteko, “diskurtsoa artikulatzeko” orduan nabarmentzen da etengabeko talka hori. Billano txakurren txapelketako irudiekin zabaltzen da pelikula, bertako week-end giroan –Tapia eta Leturia megafonian, epaimahaiko azterketa taxonomikoen hitz aspertuak, irabazlearen pose luzea…– eta, kontrastez, zakur horiek zein funtzio betetzen zuten esplikatzen duen artzain edadetuaren hitz moztuak, deskribapen desartikulatuak, eskuen mugimenduak hizketan ari direnean, hitzik gabe gelditzen diren aurpegi zailduak: “…behi batzuk, mendian jaiotakoak, 15-20 urte izango zituzten, eta inoiz lotu gabe zeuden. Ez zegoen haiek harrapatzerik, zakurrekin ez bazen. Bost edo sei behar ziren behi bat harrapatzeko. Behia maldan behera, txakurrek muturrean hoska, belarrian, lurrera bota arte, eta denok zilipurdika maldan behera”.

Edo Pozalaguako turista-gidarien ahots neutroa bertako itzalean bueltaka dabiltzan bisitariak informatzen: “1957an aurkitu ondoren, harrobiak hogei urte gehiagoz jardun zuen lanean, harik eta 1976an behin betiko ixtea erabaki zen arte, haitzuloa ondo kontserbatzeko. Orduan, langileek, suminduta, azken leherketa bat egin zuten, dinamita karga hirukoitza ipiniz ate ondoan. Kalte handiak eragin zituen haitzuloan, eta larrienetakoa izan zen lurzorua guztiz pitzatu eta ura filtratu zela. Horregatik dago orain lehorra”. Ahots-tonu horrek ez du aurpegirik behar, makina batek mila aldiz errepikatzeko modukoa denez, bertan dabiltzan turistengan ez baitu inongo erreakzioa lortzeko intentziorik, istorio larriena input neutro eta axalekoa baino ez baitu izan behar turistarentzat. Kontraste bizian garai haiek ondo gogoratzen dituen emakume artzainarenarekin edo harrobian edozein lanetan ibili zen beharginarenarekin –esku urduriak beste behin, begiratu galduak, isiluneak…–: “Harrobia geldituko ote zen zurrumurrua zebilen, baina nik ez nuen sinesten. Begira non hasi ziren eta noraino iritsi diren! Eta hor falta den guztia ere neronek ikusia dut. Zenbat lagun hor lanean…”. “Nik denetik egin nuen hemen: txofer, guardia, artillero… Pistola neukan, eta joaten nintzen… Bueno, hori ETAren zera baino lehen… Gallartako bolborategira joaten nintzen. Kamioian kargatu bost tona nagolita, metxa eta detonagailuak, eta hona, patata zakuak bailiran… Gero Guardia Zibilak… Gertakaririk gogorrena galiziarren kontua izan zen. Hemen lehertu egiten ziren lanean, bederatzi kiloko mailuez harriak txikitzen eta… Arrakala ireki zen astean, bertan nenbilen makinista lanetan”.

Eta Lycisca? Googlen arakatzea eskatzen duen hitz horrek pelikularen une gorenera eramango gaitu, harrigarrienera: “Zenbat jo dudan nik hau, otsoak uxatzeko, ai ama! Egunez eta gauez. Baina gauaren isiltasunean ozenago entzuten da. Gau batez hartu nuen izua: oinez nindoan ardiak biltzera. Zarra-zarra ari zuen euria, eta behe-lainoa, itxia. Bidezidor batetik nindoan… eta arraioa!, aurretik zihoan txakurra, atzera ustekabean, nire hanketan babestera: otso bat!”. Baina ezin soinurik atera kamera aurrean, behinola otsoak uxatzeko hainbeste jo zuen itsas kurkuiluari; irribarre etsia. Une gorena diot, istorio zati guztiak agertu zaizkigunean, kobazuloan entzungo baita ulua, crescendo nabarmenean, garai bateko iluntasunetara gu eramateko ahaleginean edo, kobazuloko estalaktita pitzatuak eta gainontzeko arrakalaktravelling luze batean erakusten zaizkigun bitartean. Kurkuilua bera da biraka eta distiratsu azalduko dena azkenik ilunpean, aditzera eman zaizkigun inpresio guztien sinbolo bilakaturik. Gauezko ardi urduriak eta benetako otsoa –behin eta berriz hitzez eta irudietan iradokia izan zaiguna– gure bila baina gu begiratu ere egin gabe, trosta dotorean edo ibilian, eta irudi sostengatuan kontakizunarekin amaituz.

Lycisca esaten omen zitzaion Erroman zakur eta otsoen arteko nahasketari, baina baita gizon- edo emakume-otsoari ere. Klaudio enperadorearen Mesalina emazte liluragarri bezain beldurgarriaren gaitzizenetako bat izan zen Lycisca. Otsoa da gure zibilizazioan –abereen aurkako gerra etengabean ere eraiki den honetan –basapiztien eta esklabotu-etxekotu ditugun animalien artean eraiki dugun mamurik beldurgarri eta oparoenetakoa. Bere ahaide zakurrek, berriz, beste abereek bete ez duten leku apartekoa hartu dute mendeetan zehar, eta nekazal giroan ezagutzen ez zuen funtzio berria ari da hartzen hirietan –Donostian hamasei milatik gora dira zakur erroldatuak; bost milatik gora “zakur arriskutsuak” EAEn–.  Eta Karrantzan gertatu dira otsoen aurkako azken ehiza legalak, ingurutik erabat desagerrarazi arte. Animalien aurkako gerra horrek jarraitu egin zuen etenik gabe milaka urtetan suzko armak orain dela hamarkada batzuk ia denon eskura egon arte. Arma hauen hedapenarekin, abeltzaintzaren industrializazioarekin, okelak dieta urbanoan duen leku berriarekin, iruditeria garaikideak animali munduaren ikuskeran gertatu diren aldaketekin… oso larria den zerbait ezkutatzen eta agerian uzten ari gara, aldi berean. Erabateko derrota baten ostean, abereak dira inoiz ez bezala bortxatuak eta, era berean, ahotsak altxatzen dira haien eskubideen defentsan. Krimen perfekturik eta behin betirako irabazitako gerrarik ez denez, leihoren batetik gudu-zelai horretara begiratu bat emateko aukera eskaintzen digu Lycisca pelikulak, irudi, hots eta hitz neurtu, soil, gordin eta adierazkorretan.