1

TXORIAREN GARRASIA URREZKO KAIOLATIK

Badira zibilizazioak —atzo arte gehienak, eta egungo indartsuenen artean, esaterako, han txinatarra— hildakoei zor zaien begirune eta kultuen inguruan eraiki eta egituratzen direnak. «Liburuaren inguruko zibilizazioetan» hezitakooi liburu sakratuez ari naiz, Bibliaz, Koranaz… arrotza egiten zaigu hori, ulertezina. Zer egin heriotzarekin, zer hildakoekin? Nola bizi dolua eta dolu-ostea? Ezin uka honetan ere sasoi nahasiak bizi gaituela.

Mikel Laboa, Donostiako Zurriola hondartzan emandako kontzertuan. Bere azkena izan zen.

Pertsona beste dolu mota dago, eta beste horrenbeste harreman, inguruko ala urruneko hildakoekin. Laboarekikoa bilakatuz joan da azken hamarkadan nire baitan, aurretik ulertzeko gai ez nintzen hainbat dimentsio argitu zaizkidan heinean. Laboaren obra ezagutu eta maitatu nuen, artean bizirik zegoenean, baina ez nituen haren gakoak sakonki ulertu bera denboraz kanpo kokatu den arte. Hori baita heriotzaren ondorio behinena: eternal bihurtzen gaituela, baina ez betiko bizitza batean, baizik eta denboraren koordenatuak ezabatu direnean. Beraz, ikusgarri egiten zaigu une berean gaztea nahiz zaharra, jaio berria nahiz hilotza. Eta horrek argizta lezake desagertua den denboraz kanpo lekualdatu den bizitza bat. Denborazko perspektiba horretatik ariko naiz hemen, beraz, oso modu eskematikoan bada ere.

Hiru aro antzematen ditut Laboaren ibilbidean, bakoitzak hamar bat urte iraun zuena: Laboa flamenkoa deitu diot lehenari, 1970eko hamarkada bete zuen hari; Laboa esperimentala bigarrenari, 1985-1995 bitartekoari; eta Laboa etsia azkenari, 2005eko Xoriak 17 diskoarekin itxi zenari.

Laboa flamenkoa berea ez zirudien suhar batez oldartu zitzaigun plaza erdira. Jendeak txunditurik begiratzen zion medium hari. Zirrarak jota uzten gintuen ahots androgino hark, oihu eta garrasi haiek. Ez zegoen hobirik hura kokatzeko, eta mar-mar bat hedatu zen aditu eta arduradunen artean: «Hori ez da kantua, ez gaitezen probokazioan erori». Nire tesia da, esku-hartze sektarioez gain, horrek eragin zuela Ez Dok Amairuren eztanda: traje estuegi baten josturak lehertu egin ziren, eta Artze eta Zabala bezalako ero-ekin jarraitu behar izan zuen Laboak, gainontzekoek zentzu ona berreskuratzen zuten bitartean, atarramendu txarreko gehiegikeria haietatik salbu.

Eta gertatu zen gertatu beharrekoa. 1980. urte ingurutik aitzina, erori egin zen Laboa, amildu Artze… Bere bizitzan errepikatu ziren erialdi larrietarik batean sartu, eta ahotsa galdu zuen Laboak; bizirik iraungo zuen ere beldur ziren ingurukoak.

Itzuli zen, halere, eremu sakratu hilgarritik; baina eraldatuta, ezinbestean. Inor ez da eremu horretatik osorik itzultzen: itsu, batzuk; mutu, besteak; burua han nonbait balute bezala denak. Eta inguru kezkatu bezain miresle batekin egin zuen topo. «Itzuli zaitez, jarrai ezazu gure ondoan», errepikatzen zion. Eta bizirik iraungo bazuen, inguru horren beharra zuenez, baietz erantzun zuen, itzuliko zela, jarraituko zuela eskatzen ziotena ematen, irauteko behar zuen maitasunaren ordainetan. Eta ordainetan, amaitua zen ausardia ero hura, eta abangoardiako artista esperimentalaren jantziarekin aurkeztu zitzaigun ondoren, inguru kutunaren oniritziz eta babesaz.

Zertaz ari naizen ulertzeko, nahikoa genuke Laboa flamenkoa-ren lekeitioak entzutea orduko grabazioetan (“Baga, biga, higa”; “Gernika”; “Orreaga”; “Komunikazio-Inkomunikazio”…), edo lehen kantu zirkular haiek (“Nahiz eta heriotza”, “Zaude lasai”, “Besterik ezagutu ez eta”…), eta konparatu ondorengoekin, bigarren sasoiko lekeitioekin (“Itsasoa eta lehorra”, “Cherokee”, “Mugak”…) edo kantu zirkularrekin (“Lili bat”, “Hegazti errariak”, “Gure oroitzapenak”…). Bigarren aro honetan interesgarria jarraitzen du izaten, baita jeniala ere, baina babesa nabari zaio, etxe ezagun batean dabil, barne-barneko amildegiaren ertzetik zentzuzko distantzia batez.

Laboa etsia izendatu dut azken arokoa: sorkuntza amaitu da ia, baina ikonoa eraikita dago dagoeneko, eta, ingurukoez gain, gizartearen agintari eta ordezkariek ere aho batez laudatzen dute. Aro horretako arrastoak grabazioak bildumak dira, zuzeneko saioak, orkestraz eta koruz jantzitako emanaldiak… Laboa mediumarekin harrapatuta geratu ginenontzat, etsigarriak, tristeak.

Eta gerora? Laboa desagertu zen, eta nolako omenaldiak egin ohi dizkiogun ikusirik, bistan da bilakaerak beste urrats bat egin duela: Denon Laboa bat aldarrikatuz, nabaria zaigu duintasuna elikatzeko ahalegina. Ereserki bihurtu ditugu haren zenbait kantu; hitz eta melodia sakonekoak, denon ustean. Solemneak jarri gara, eta, horrelakoetan, ereserkiak behar izaten ditugu estadioetarako, kanpaina instituzionaletarako, hiletetarako.

Baina indartsuegia izan zen Laboa flamenko hura, eta nago sasoi larri haiek bizi ez zituztenek sumatzen dutela ezkutatzen ari zaiena: telefonoz bestaldean dagoen ahots androginoa, «… badakizu zer gertatzen den hemen» dioena, eta bestaldetik zer datorkion jakin gabe ezezka hasten den Laboa zoratuarena: «Ez, ezetz, EZETZ !!!», gero eta garrasi desesperatuagoan. Eta oihu beldurgarri hori Bachen koruekin nahasten da, bat egiten, hildakoen erreinutik atzera eginez, denbora desagertua baita erreinu horretan, eta txoria, errukigarri hori, denon artean eraiki diogun urrezko kaiola lehertzekotan da.