1

DOLU BATERAKO ARRASTOAK. Hiru sarrera berri

ZAZPIGARREN HERIOTZAren paperezko edizioan argitaratu gabeko hiru sarrerok liburuaren bigarren aldeko atal bakoitzari dagokie:

GURE MENDEA

4-ryan-1981

XX. mendeko une latzenetik libratu ginenen historia bat da hemen kontatzen ari naizena, mende horren hasiera markatu zuten inoizko suntsiketa masibo eta planifikatuen ondorengoena. Halere, 70eko eta 80ko hamarkadetatik egungo egoerara egin diren ibilbideak aztertzeko orduan, ezinbesteko da atzeragoko jauzia egitea, gure aurreko belaunaldiek bizi izan zutena kontuan hartuz. Galdera da zergatik eta, batez ere, zeren kontra eraiki ziren guk atzera bueltarik gabekotzat genituen XX. mendeko azken hamarkadetako aldaketak. Erresaka batean bizi baikinen gehienetan, ustez ekimena hartzen ari ginenok eta, aldi berean, azken joera berritzailetzat genituenak remake higatuak baino ez ziren, anakronismoaren ezaugarriez lastatuak.

Gure aurrekoak ez bezala –industrializazio aurreko jendeaz ari naiz– ideia eragile nagusi batek elikatzen gintuen. Liluratzen gintuen ideia hori “behin-betikotasuna” zen: gainditu behar genuen behingoz injustiziaren zentzugabekeria. Aurrekoak, izan ere, bizirik irauteko zortea izan zuten gutxiengoaren parte zirelakoan bizi ziren –estatistikoki gauzak modu horretan ez baziren ere–; familia barneko gaixotasun hilgarrietatik edo gerrate suntsitzaileetatik nolabait libro. Guri, berriz, ezabatu egin zitzaigun kontzientzia hori, eta, aldi berean, munduaren egitura injustuekin behin betikoz amaitzeko deituak sentitu ginen. 70eko hamarkadan, XIX. mendean piztu ziren ideario eta mugimenduen arrastoan jarri ginen, jakin gabe “Azken Borrokarako” grina hura oso aspalditik zetorren irrika bat baino ez zela, kristautasunak iragartzen zuen “Azken Eguneko” justizia erabatekoaren biharamuneko esperantza, hain justu; erlijioak berak mendeetan zehar ideia horri emandako korrekzio edo egokitze zantzurik gabekoa, oraingoan[1]. Baina, aldi berean, askoz ere hurbilagotik zetozkigun aldaketen barruan bizi ginen: ordura arteko sistema produktiboak –gehiengoaren eskasian bermatuta sortua zena– bere mugarekin egin zuen topo, eta aro berri baten hasierari ekin zion. Ondorioz, oparotasun materialaren erabateko erreinura izan ginen gonbidatuak, merkatu ahalguztidun itxuraldatu batera. Kontentzioa eta sakrifizioa balio nagusitzat zuen kontzientzia batetik, kontsumoaren jai eternal bat akuilatzen zuen itxuraz kontrakora izan ginen behartuak.

Horrek guztiak sekulako pertzepzio-distortsioak eragin zituen; borroka latzen ondoren lortutako zenbait esparru –emakumeen eskubide formalak edo sexualitatea bizi ahal izateko askatasuna, esaterako, eta beste hainbat “lorpen demokratiko”–, hamarkadetan zehar “esparru liberatu” gisa irudikatu izan genituenak, borrokatzen genuen sistemaren zutarri bihurturik sumatzea ulergaitz egiten zitzaigun, aldaketa honen esanahia eta helmena ulertu ezinean. Jendartearen erotizazioaz gogoetatu behar beraz, hasteko, disperzepzio horretatik libratuko bagara, eta, ondoren, “irrika askatzaile” gisa sumatzen ditugun hainbat grina erlatibizatu edo behar bezala kokatu beharko ditugu. Gurean, halere, 70eko urte gogorretan inork gutxik  irudikatzen zuen atzerapen eragile nabarmen batekin egin behar izango genuen topo: erabat anakronikoa bilakatu zen indarkeria politiko baten jarraipenarekin, hain justu. Hartan zebiltzanek ezin baitzuten ulertu “gogorrago jotzeak” ez zuela zertan ekarri behar “gehiago aurreratzea”. “Ahal dugu, beraz, egin dezagun” pentsamoldearen logika ez dela berez logika askatzailea. Beste modu batera esanda, muga etiko bat ezinbesteko da ezein politika askatzaile baterako, eta, bestela, aurrerapenaren izenean jaiki dena atzerapen bihurtuko da, eta, uste baino gehiagoetan, progresismo erreakzionarioaz aritu beharko dugu.

Tantaka eta asko kostata azaleratzen ari diren ETAren osteko hainbat testigantzari erreparatzea argigarria izan liteke aurrekoaren dimentsioaz jabetzeko, eta baita ere irudiz beste norabide bat duen joera “baikorrari”.  Modu sinplean adierazita, ETAren iraupen tematia gertatu behar ez zitzaigun menturazko istripu baten moduko gisa kontsideratzea ia, fundatzaileen asmo eta helburuen aurka bilakatu den fenomeno morbido gisa. Joera horrek etengabeko errebisionismo batera eraman gaitu; buruzagi edo aldi zehatz baten ontasuna edo egokitasuna goraipatu eta haren ondorengoaren zorigaitza gaitzestera, alegia. Zurikeria horietan aritzeak norbaiten zama arintzea ekar lezake, baina fenomenoaren azalean geratzera kondenatzen gaitu.

KALTEAZ, DAMUAZ, KONBERTSIOAZ, ERREPARAZIOAZ

5-joxearregi_jkunzurrunzaga

Gero eta zailagoa egiten da aurreko baieztapenen gaurkotasunean sinestea –  “Hitzez beteta gaude zeinen benetako esanahia inork ez digun erakutsi… Ebanjelioko Jainkoagan sinesten dugu…”–. Nork esan lezake horrelakorik egun, sekta zimel eta susmagarriren baten kide gisa seinalatua izan gabe? “Gizartearen erotizazio orokorrak eragindako inplosioa izan da gure heroien mundua eramangaitza bihurtu duena” aipatu dut arestian, eta XX. mendearen ezaugarria –Errealarekiko irrika– erabat eta behin betikoz atzean utzi dugula errepikatzen digute kontratatzen ditugun adituek, uneoro, publizitatearen indar limurtzaileaz. Zertara dator, beraz, bortxaz eta indarkeriaz oraino jardutea? Nola tematu horrekin egunero geure buruei diogunean ez dugula bortxarik onartzen, eta, baldin bada, geure esparru geografikotik edo eremu politikotik landa irauten duela, hor nonbait, gero eta ulergaitzagoa egiten zaigun bazterreko fenomeno lizunen moduan?  Emakume bortxatuek, egunero merkatutik at geratzen diren milioika miserableek, haur abusatuek, herri bonbardatuek, kartzeletan usteltzen diren giza hondakinek… ez dute gurekin zerikusirik.

Gero eta urrutiago geratzen zaizkigun gertakari tamalgarriak izan ziren behinolako bortizkeria, akzio-erreakzioaren muturreko jarduna, torturak eta erresistentziarako deiak. “Eraikuntzaren sasoian” gaude orain, eta bazterrera kondenatua izan nahi ez baduzu, ahaztu behingoz gorrotoa, kaltea, mendeku-gosea. Eta amesgaiztoek bakerik ematen ez badizute, kontratatu psikiatra on bat edo iraganetik libratuko zaituen xamanen bat, behinik behin. Irabazleentzat, euskal bortxa politikoa gertakari kriminalekin zerikusirik baino ez duen zerbait izan zen. Galtzaile mota guztientzat, berriz, patu tragiko baten ondorio tamalgarria. Bizitzarekin ordaindu zuten batzuek, tortura eta hamarkadetako kartzelarekin beste batzuek. Zauriak sendaezinak direnean ere, exorzismoa praktikatzen jarraitzen dugu, teknologia aurreratuenekin itxurak egiten.

Behinola borroka armatuarekin engaiatu eta beren ekintzen bidegabekeriaz jabetu direnen artean, ausartu dira batzuk publikoki onartzera eta, “autokritika eginez”, eragin zituzten biktimei barkamena eskatu eta “justizia, egia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez delako bermea” errebindikatzera. “Zer egin daiteke konponezina den akats bat neurri batean konpontzeko?” galdetzen du Jonan Fernandezek Langraiz bisean bis, ETAren disidentziarekin aurrez aurre liburuaren hitzaurrean. Eta ihardetsi: “Galdera horiei erantzun inperfektua emateko tresna bakarra autokritika da. Autokritikak giza balio sakona eta irismen handiko balio politikoa du”. Delako autokritika horren esanahia eta helmena da, halere, zalantza sortzen duena liburu horren orrialdeetan aurrera egin ahala. Gauzatu den disidentziak ez al du xahutu gizatasunaren eta politikaren gaineko ezein gogoeta sakonik? Hemen ere, azkarregi amaitzeko larritasuna antzematen da.

Prozesu autokritiko hori deskribatzerakoan hiru urrats seinalatzen dira: “arrazoi pragmatikoak izan ziren lehenbizi [borroka armatua arbuiatzeko], estrategiko-politikoak gero eta, azkenean, etikoak”. Zer esan nahi da “arrazoi pragmatiko” horiekin? Gero eta konplikatuagoa zela hasiera bateko eraginkortasuna? Eta “estrategiko-politikoekin”? Helburuak lortzera –independentzia, sozialismoa, herriaren askapena…– hurbildu beharrean, aldendu egiten zituztela helburu horien arerioak indartuz? Eta “etikoekin”? Gero eta eramangaitzagoak zirela ekintzek eragiten zituzten kalte pertsonalak, azkenik “eragindako min bidegabearen errekonozimendua eta biktimekiko enpatiara” iristeko? Ez dut uste konklusio hauetara heldu direnei ere gehiegi kostako zaienik onartzea ondorio horietara ailegatzeko ez dela “sakontasun” handia behar. Aitzitik, arrazoibideari gutxieneko zirrikitua zabaldu zaionean, sentimenduen jarioa edo uholdea aktibatu da –lotsarena, kulparena– , eta horrek hasierako “bizia emateko kemena” dagokion lekuan jarri du.

Niretzat deigarriena, halere, zera da, zenbatetan aipatzen den “koherentzia” hitza zerbait esatera ausartzen direnen artean: “ETAn sinesten nuenean kontsekuente izan nintzen sinesten nuen hartan eta sakrifizio izugarria egin nuen, eta gero, alderantziz, utzi nuenean ere uste dut kontsekuente izan naizela” (Kepa Pikabea); “ETAn derrigorrez sartu behar nintzela uste nuen neure buruarekin koherentzia mantentzeko, zeren benetan horretan sinesten banuen ezin nintzen konpromisoari atzea emanda geratu, nahiz eta askok hala egin zuten…” (Carmen Gisasola). Berrogei urte inguruko ibilbide sufritu baten ondoren, duintasunari eusteko ahalaz jendarteak onar dezakeen gutxiengora heldu dira taldearen gehiengoarekin hausteko gai izan diren disidenteok. Aitortu behar zaie hori, baina erakusten dutena da haientzat irtenbide posiblea bakarra aurkitu dutela beren buruekin zuten konponezintasunarentzat. “Elkarrekin bizi behar dugu. Eta gizaki gisa gure balioa ez da ideologian oinarritzen, gure giza nolakotasunean baizik” onartu ostean, “gertatu zenak inoiz ez zuela gertatu behar” mantra gisa behin eta berriz errepikatzen digute, hitz horiekin Historiaz kanpo geratzen direlarik.

Hainbatetan gertatu bezala –Ebanjelioko etxekaltearen parabola ezin ahaztu– damu zintzoa erakusten dutenak onartuak izango dira berriz ere Aitaren etxean; Aita mendekuaren irrikari eusteko gauza izaten baita, bere aginte erabatekoari men egitearen truke. Baina damu horren gaineko haien gogoetetatik –berdin du hemen “autokritika” edo “disidentzia” terminoekin apaintzea– zerbait zabalagoa eta sakonagoa eska dakiguke. Ez da aski indarkeria tabuaren gela ilunean beste behin giltzapetzearekin, egunerokotasuna eta botere-harremanak bortxaren gainean eraikita daudelako gogoeta ezkutatzeko. Ez da aski bizi izan dugun gerra-egoeran hainbat gertakarik –tortura kasu; egunerokoa sostengatzen duen hainbat bortxa “ez politiko” bezala– izan duten eta oraino duten funtsezko lekua ahazteko. Ezta borrero eta biktimen arteko arrakala zeharkagaitza deklarazio formalez eta antzeztutako mea culpaz estaltzeko ere.

Urrutira jo dut datozen orriotan adibide eta testigantza gordinen bila: Bigarren Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian ibilitako baten torturari buruzko gogoetara; Indonesian CIAk hauspoturiko estatu-kolpearen ondoren berrogeita hamar urtez indarrean dirauen erregimen odolzale lizunaren testigantzara, edo hainbat fikzio-lanetan gordinki tratatzen den borrero eta biktimen arteko topaketa Errealetara. Aski nuen gure artean laurogei urte pasata ere erdi ezkutuan dirauten ehunka mila sarraskiri erreparatzea, hiru urte iraun eta ondorengo lau hamarkadaz luzatu zen Espainiako gerra zibilari eta haren ondorengo irabazleen trantsizio eredugarriari erreparatzearekin. Baina batzuetan gardenago ikusten dira gauzak –hemengoak eta nonahikoak direnez– urrutiko trazu aratz batzuez. Europa osoa eta munduko beste zenbait lurralde suntsitu zituzten XX. mendeko lehen erdiko gerren ondoren, asko pentsatu eta idatzi da “besteen aginduetara” gauzatutako sarraskiez, eta nago gure arteko borreroek ere Beste norbaiten aginduetara ibili zirelako sentipena dutela. Testuinguru honetan, merezi du Canetti-ren hitzak gogoratzea:

Gauza jakina da inoren aginduetara dabiltzanak direnik eta ekintzarik makurrenak burutzeko gai direla. Agindu horien iturria agortzen denean eta haien ekintzak aurrez aurre begiratzera behartuak direnean, haiek berek ezin izaten dute beren burua errekonozitu. […] Gerora daramaten bizimodua bestelakoa da, ekintza haiekin kutsatu gabea. Ez dira sentitzen hobendun, ezta ezertaz damutzen ere. Ekintza haiek ez dituzte barrendu. Normalean, beren ekintzak ebaluatzeko gaitasun osoa duten pertsonak dira. Beren ekimenez egindakoak espero zitekeen aztarna uzten die. Lotsa sentituko lukete probokatu ez dituen izaki ezezagun eta babesgabe bat hilko balute. Inor torturatzeak higuinduko lituzke.

[…] Ezten bat geratu zaie gauzatu duten agindu bakoitzeko. Baina ezten hori arrotza zaie, jaso zuten agindu hura bezain arrotza. Nahiz eta haiengan betiko iraun, eztena ez da inoiz haiena izango, zer arrotz gisa sentituko dute beti. […] Eztendunak ez du bere burua akusatuko, eztena baizik, zer arrotz hori; hura da benetako erruduna, eta soinean eraman behar du, askatzen ez zaionez. Zenbat eta arrotzagoa sentitu agindu bat, orduan eta erruduntasun txikiagoz blaituko gaitu eta orduan eta nabarmenago iraungo du ezten arrotz gisara. Eztena bera baita lekukorik behinena frogatzeko ez ginela gu geu izan dena delako hura egin zutenak. Eztenaren biktimak sentitzen gara, beraz, eta horrek galarazten digu benetako biktimarekiko inongo sentimendurik izatea.

[…] Historia luze baten ondoren, aginduak izaera konpaktua eta itxia du, eta berdin da zein ikuspuntutatik begiratzen diogun, aginduak gaur egun duen izaera hori bera da giza elkarbizitzak duen elementurik bakandu arriskutsuena. Kemena behar dugu aginduari aurre egin eta haren ahala borrokatzeko. Bitarteak eta bideak aurkitu behar ditugu gizabideari eusteko haren inposaketaren aurrean[2].

Atzera egiten dugu ikaratuta bortxak bere maskarak kentzen dituenean, baina ez da erreakzio hori estaltzea –bakeaz edo anaiarte jainkotiar edo gizatiarren goraipamenez– gogoetaren funtzioa, inpaktuari eutsi eta haren erro sakonetan pentsatzea baizik. Horregatik amaitu dut atal hau gure artean nagusi den egitura psikikoaren inguruko hainbat apunte egiten.

FETITXEAK, AUTONOMIA

6-lemoiz_gaur_jgorostidi

Ez da orrion helburua ekintzarako formulak aldarrikatzea. Aitzitik, ekintzarako konpultsioari eutsi eta ezinbesteko dolu baten premiarako lanabesak eskaini nahi lituzkete. Ahalegin honetan, bi ildo argi gurutzatu dira etengabe gogoetan, subjektibitatetik –eta subjektibitate horren gauzatzeak edo ukatzeak dakarren ondorioetatik– nahiz dimentsio kolektibotik zabaldu direnak: politikoa bata, etikoa bestea. Jarduera politikoekin zerikusirik (ia) ez balute bezala tratatzen ditugu motibazio, aukera eta hautu pertsonalak. Baina arlo batean ditugun korapiloak askatu gabe, katramilatuak geratzen gara bestean; edo –are era penagarriagoan– bateko ezintasunak bestean konponduko ditugulako ilusioarekin nahasten gara: “Herri gisa –edo Klase, Genero edo beste ezein Kolektibo gisa– erdietsi behar dugu Hau edo Bestea, eta soilik orduan izango da Dena posible –eta ezer ere ez bitartean–” edo, alderantziz, “alferrik gabiltza kanpora begira, Dena geure baitako arazoaren proiekzioa baino ez baita”.

Horrexegatik hartuko dute fetitxeek –jarduera subjektibo bat kalifikatzeko erabili ohi den kontzeptuak – leku nabarmena datorren atalean. Masokismoarekin gertatu bezala, gero eta erabiliagoa da “fetitxe” terminoa diskurtso ideologiko-politikoetan, baina horrek ez du esan nahi kontzeptuok duten inplikazio sakonez jabetzen garenik. Iheskorrak baitira, edo behin eta berriz egoera birpentsatzeko eskatzen diguten horietakoak. Fetitxismoa –nahiz masokismoa– ez da joko inozo edo perbertso bat, norbere intimitateari dagokion kontua, gure harreman-sare guztiak zeharkatzen dituen “sintomaren ifrentzua” baizik. Bortxa, Iraultza eta Nazioa gaitzat hartu ditut haiekin dugun joera fetitxistaz aritzeko, gure eguneroko jarduna blaitzen eta baldintzatzen dutenez. Horren ondorioetako bat: fetitxeak harrapatuta, errealitatetik kanporatuak suertatzen gara, eldarniora kondenatuak. Zenbat eta kemen handiagoa jarri gure ekinean, orduan eta kaltegarriagoa haren ondorioa. Ondorengo ezina, frustrazioa, horren seinale da.

Jarduera politikoak berezko duen usurpazioaz eta suplantazioaz aritu naiz hasieratik. Ustez aldarri askatzaileen izenean egindakoek hainbat belaunalditan gurean izan duten eragin maltzurrei begira jardun dut. Nire barne-erbestea ez zen izan gutxiengo bati gertatu zitzaigun zehar-kalte ezinbesteko modukoren bat, ezkerraren frakasoari loturiko fenomeno orokorra baizik. Nago azken hamarkadetan kolektibitatearekin engaiamenduren baterako joera erakutsi eta gauzatu duten hamarretik bederatzi bazterrean geratu direla, lehenago edo beranduago, aho-zapore mikatz batez, “lerro zuzena” markatzen zuten komisario politikoen jazarpen bortitza pairatu ondoren. Eta, segidan, “bizitza pertsonalaren irtenbide erosora” bere kabuz erretiratu izanaz akusatu dituzte haiek berek.

Gero eta gizon-emakume gehiago dira, milioika, jaio diren unetik ezerezera bultzatuak, munduko populazioaren erdia, lan- eta kontsumo-merkatura ailegatzeko ia inongo aukerarik gabe, eta, mende berriarekin, guztia konponduko zuen progresoaren amets inozotik esnatzen ari omen gara. Multzo horretan erori ez garenen artean, beste erdian, gutxiengo gero eta murritzago batek bereganatzen ditu ondasunen %90 –populazioaren %10en batek, Erregimen Zaharreko nobleziak osatzen zuen antzeko portzentajeak– eta, bien artean, “Mendebaldeko balioen defentsaren izenean” gero eta azkarrago desitxuratzen ari den egoera txukun samar bat defendatzeko, bereak eta bi egiteko prest dagoen “klase ertaina”. Batez ere Mendebaldean bizi den erdiko klase horrek –gainontzeko %40 hori– munduko errekurtsoen %14 du bere eskura. Orriok irakurtzen dutenen artean –eta beren burua euskaldun bezala sentitzen direnen artean, orokorki– oso gutxi izango dira azken talde horretatik kanpo, nahiz eta, esan bezala, murrizketek eta prekarizazio orokorrak gero eta atzaparkada gehiago eman. Sumindurik ere, eutsi egiten diogu gure esparru pribilegiatua mantenduko dugun ilusio eta nahiari, eta, Munduaren Titanic-a ondoratzen ari den honetan, gure gela txukun samarrean entretenituta gabiltza museko partida nork irabaziko duen. Gobernu eta Estatuen gainetik dagoen nobleziak oso erraz dauka Beste beldurgarri bat elikatu eta “Mendebaldeko balio negoziaezinen” izenean gero eta politika bortitzagoak ezartzea, inork gutxik jarriko baitu zalantzan “terrore itsuari” aurre egiteko, neurri guztiekin ados ez egonda ere, halabeharrezko gaitz baten modura onartzearen premia.  Bitartean, XX. mendearen erditik pitzatzen hasi zen politika kolonialista klasikoak lekua egin dio “Estaturik gabeko” eremu gero eta zabalagoari, bertako jauntxoekin errazagoa baitu noiz bonbardatu, noiz negoziatu edo noiz adiskidetu erabakitzea.

Zein aukera geratzen zaigu guri –tarteko kopuru pribilegiatuari– gero eta hedatuago dagoen faxismo soziologiko bati, gero eta neurri defentsibo eta erasokor gogorragoak eskatzen dituen bati horri aurre egiteko? “Politika berrien” izenean ari garenean ere, politika-espektakulu baten ereduan xahutzen ditugu indarrak nire ustez. Eta pentsamendu magikoa nagusitzen da kolore guztietako kudeatzaile prestuen artean: “Administra dezagun uzten diguten apurra, aurrekoak bezala krisi hau ere pasako baita, zergatik, noiz eta nola inork ez badaki ere”. Inozoa ala maltzurra behar da izan horretan jarraitzeko, gero eta nabariagoa denean hitz horiek ezkutatzen dutena: “Elkartu gaitezen mundu honetako irabazleekin; eta noblezia selektoaren klubean sartzea lortuko ez badugu ere, hobe betiere haien itzalean ibiltzea”.

Intentzio osoz ekarri dut Lemoizekoa beste behin liburuaren azken alde honetara. Izan ere, garai ilunetan gurean eraiki eta borrokatu zen totem honek ezin hobeto islatzen eta gogorarazten dizkigu gure mundua zeharkatzen duten benetako indar-eragile ahaltsuenen desmasiak. Hainbat kontutan eredutzat ditugun AEB, Japonia edo Frantzia nabarmendu dira zentral nuklearren “erabilera baketsuan”, eta erabilera horrek zorigaiztoko Harrisburg, Chernobil eta Fukushima famatu ditu, aldi berean. Oztopatu egin genuen eredu horren gauzatzea orain 40 urte, baina urruti gaude eredu haiek gainditzetik. Horregatik jarraitu beharko dugu entzuten Laboa zaharraren ahots ero-goxoaren oihartzuna Lemoizko oskolen artean.

Eta (ez) amaitzeko, autonomia onartu ezin duen politika askatzaile ororen iruzurraz aritu behar. Atzera-aurrera eginiko ibilbide honetan, aurrerago botako dudana datorkit, dezente errepikatu dudan susmoarekin: “geurea uste genuen ekimena, baina beste batzuengan zegoen”. Konstatazio hori kontuan hartu ezinak eraman ditu behin eta berriz galbidera ustez askatzaileak ziren ahalegin franko. Eldarnioa da ahalegin horien atzean zegoen jarreraren izenetako bat, eta politika-espektakuluaren ezinbestekotasunaren larritasuna da eldarnio horren gaurkotasunaren ezaugarrietako bat. Etsigarria ere bada politika horretara jauzia egiten dutenen artean nola makurtzen dituzten bat-batean beren hizkuntza eta pentsaera topiko antzuetara eta ideia kamutsetara. Merkadoteknia politikoaren gailentzea ez da nahitaez garai hauetako fenomeno saihestezina, beste zerbait berriren aukera ahularen seinalea baizik.

[1] Eliza katolikoaren kasuan, labur geratzea litzateke hori, Elias Canettiren aburuz, horren zergatia eta funtsa masek pizten duten oldarrei aurre egitea baita: “Bat-bateko masa-eztanden arriskugarritasuna, azkar zabaltzeko duten erraztasuna, haien inprebisibilitatea eta, batez ere, distantzien lasta ezabatzeko duten gaitasuna, eta hor lehen planoan jarri behar dira eliza-hierarkiak berak ezarritako distantziak, horrek guztiak oso aspalditik ekarri zuen Elizak bere etsai nagusitzat jotzea masa askea eta haren aurka egitea bere ahal osoz”. Masse undMacht, 1960 (gaztelaniaz, Masa y Poder; frantsesez, Masse et Puissance).

[2] Masse und Macht aipatua.