JOXAN ARTZE, NOLA BELZTU BEHAR ZURIA
Zerbait baldin badute Joxan Artzeren liburuek da ekintza moduan daudela eraikiak. Idazketaren osteko konposizio lan handia dute beti, eta konposizio lan horrek izaera performatiboa gehitzen dio idazketari. Bere liburu bat ez da poema bilduma soila; aitzitik, poemaz poema irakurtzen badugu, motibo gutxi batzuk baino ez ditugu topatuko, eta gai horietako bakoitza ideia-irudi sinple bezain kategorikoekin osatua da. Irudi horietan eta haien tratamenduan asmatzea dirudi egilearen xede formala, eta horien inguruko bariazio erritmikoekin entzule-irakurlearen kontzientzia behin eta berriz mailukatzea. Inoiz baino gardenago agertzen da hori bere azken argitalpen bikoitzaren bostehun inguru orrialdeetan (Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza).
Hau jakinda hurbildu nintzen joan den udaberrian Metrokoadroka Sormen Laborategikoek (Oier Guillan eta Asier Sarasola) eta Bide Ertzean taldekoek (Ubeda anaiak eta Karlos Aranzegi) Usurbilen eskaintzen zuten emanaldira, orain gutxi zuzenean grabaturik Elkar etxeak DVD formatuan salgai ipini duen horretara. Aprentsio apur batekin, beraz; baina lasaituz joan nintzen emanaldiak aurrera egin ahala. Asko irabazten baitzuten hitzek Oier eta Asierren deklamazioarekin, eta baita poemok kantu xume bihurtzerakoan ere. Irudiak erabat perfilatuak geratzen ziren, errepikapenak prosodiaren zerbitzura zeuden, eta jokoa ez zen inoiz aspergarria bihurtzen. Bi ahotsen arteko kontrapuntua ere horren zerbitzura zegoen: Oierrenak, sarkor eta solemneak, Asierrena, xumea –beste testuinguru batean barregarri ere suerta zitekeena–, zuen beti parean, eta ideia/irudien talka lortua zenean –airean bere oihartzuna astunegi bilakatzeko zorian– sartzen ziren gitarrak, kantua, akorde eta erritmo guztiz eramangarrian. Modu horretan egin zuen aurrera emanaldiak, eta bikaina iruditu zitzaidan aukeraturiko testuen tratamendua.
Egunotan aldiz, grabazioa eta liburuak batera berrikusten nituelarik, galderak piztu zaizkit. Eta bakarrean laburbiltzekotan: eusten al dio emanaldiak liburuen mamiari? Tonu maiorrean idazten baitu Joxanek, eta tonu minorrera eraman dute interpreteek. Solemnitatez jositako lana da Artzerena, transzendentala esaten duen oro, baita intimitateko sentimenduez ari denean ere, tenplu batean irakurtzeko modukoa. Eta tabernara atera dute ia Guillanek, Sarasolak eta Ubedatarrek –ez, egia esanda, antzoki isil eta arretatsu bat ez da taberna; esateko modu bat da–. Irabazi ala galdu egin dugu operazio horretan? Eta jatorrizko obrari berari, zer gertatu zaio? Ez al da haren eduki trinkoena ahulduta geratu, haren “benetako” mezua desitxuratua? Liburuak ez baitu tarte handirik uzten bere planteamendu eta gauzatzean.
Minuskulaz idazten du beti Artzek, baita esaldiaren hasieran ere –tipografia handiagoz eta hizki lodiz, baina minuskulaz–, erabaki ongi neurtu batean. Maiuskulak Jainkoari baino ez dagozkio, zuzenean izen horrekin aipatua denean edo haren ezaugarriaz aritzen zaigunean (Dakiena, Ixila, Maitatzeko gai dena…). Jainkoaren aipamena progresiboa da, hamar bat aldiz lehen liburukian, ia etengabe bigarrenean; eta besteen aipu gehienak eliza katolikoaren maisuenak dira (Bibliatik hartuak, San Agustinenak, eta abar). Ulertu al liteke obra hau maiuskula horiek bazter utzita?
Gaiei erreparatzen badiegu, interpreteek asmatu egin dutela esan genezake, poesiaren eta poetaren lekua eta funtzioa zalantzan jartzetik abiatzen baita Artzeren obra. Eta galdera eta hausnarketaren ondoren, itaun zorrotza: “Poesia ez dago hilda, / egotekotan, / hilda dagoena poeta izenekoa da; / esanezina esateari uko egin diona, / entzunezina entzuteari utzi eta gero…”. (I, 49). Horra poeta Artzerentzat: ez dakienaz hitz egitera bere burua behartzen duena. Bere azken obra osoa ideia honen gainean osatua dela esan genezake: ez da nahikoa dakigunaz aritzea. Hori denbora alferrik galtzea litzateke eta nahasmendua gehitzeko baino ez du balio. Nahasmendu horrek bizi gaitu, gainera. Beraz, nahasmenduaren aurkako ekintza litzateke poetaren zeregina, zilegitzat har litekeen bakarra, alegia; bestela, hobe luke isilik geratzea. Zein baldintzak ipini behar dizkio bere buruari poetak zeregin horretan zuzen ibiltzeko? “Orriaren zuriz idatzirik duena jadanik / lehenik artoski irakurri gabe, ez genuke inork / zuria belztera ausartu behar” […] “Hitza ez dago inoiz ixilik…” […] “Orri zuriaren aurrean / egoten ikasi behar da, zain, orduak eta orduak, / egunak eta egunak, …” (II, 20). Modu ezin kategorikoagoan ari zaigu poeta gai hau edo besteak tratatzerakoan: bizitzaren eta heriotzaren zentzuaren inguruko kezkak, edo maitasunaren graziazko ulermen bat eskaintzerakoan. Bereziki hunkigarriak dira anaia Jexuxen gaixotasunaren eta heriotzaren inguruan onduak, eta emanaldian aukeratuen artekoak: “…maite dudalako dakit, / beste inola ez bezala, / bizi naizela egiaz / egiazko biziaz, / heriotzak ere hil ezingo didanaz…”.
Artzeren obra ezagunenetakoa da euskal poeten artean, orain bost hamarkada gertatu fenomenoaren barne eragile nagusietako bat izan zenetik. Berak azpimarraturiko motiboak denon baitan ditugu, eta hiru esparrutan bildu litezke. Batean, naturaren irudiak daude, haren indar sinbolikoaz garatuak: txoriak, zuhaitzak, izarrak… zerua eta lurra. Bestean, hitzaren eta hizkuntzaren inguruko kezkak, iraganari lotutako irudi sendoak eta aurrerabidearen txorimalo funsgabeak seinalatzeko erabiliak, maiz. Azkenik, familiaren barruko tentsioak: ama eta haurra lehenik, maitasunaren eta gorrotoaren arragoa dugun gune nagusi gisa; bizitzaren eta heriotzaren kokagunea… Iruditegi bat eraiki zen osagai hauekin 60. eta 70. hamarkadetan, eta ondoren gertaturiko krisian –krisia ekonomikoa izan zen, baina baita soziala, politikoa eta kulturala ere, orduko protagonistetako asko krisi pertsonal larrietara eraman zuena–, ondorengo belaunaldien errebelamendu bat gertatu zen, irudi eta zutabe horiek euskal kontserbadurismoaren oinarrian zeudelakoan. Modu paradoxikoan, Laboa eta Artze izan ziren musika herrikoiaren arloan modu abangoardistak erabiltzeko gai izan ziren bakanetakoak, arrakastaz gainera, eta biek bizi izan zuten barne krisi sakona 80ko hamarkadaren hastapenetan. Ondoren bakoitzari zer gertatu zitzaion, hagiografiez eta ikonizazioez gain –nola egin zion aurre bakoitzak krisi hari, eta zein modutan jarraitu zuten bere zeregin publikoan– ez du inork publikoki ganoraz aztertu edo adierazi…
Nola belztu behar zuria lanak zeharkatu ditu eta azpimarratu betiko irudi eta kezka artzetarrak, bere azken lanean inoiz baino argiago eta erradikaltasun handiagoz tratatuak: poetaren betebeharrarena, zentzumenen nahasmendu eta osagarritasunarena, anaia hildakoaren doluan piztutako maitasunari buruzko eresiak, ama, bizitza galduaren eta heriotza irabaziaren –hilezkortasunaren– inguruko galdera eta erantzunak… naturatik jasotako irudi indartsuz emanak. Baina badut inpresioa ez dela mamira heldu, eta hori nahita egindako hautu baten ondorioa izan dela. Ez baitago maiuskula bakar bat ere aukeratutako poemetan, eta arestian aipaturiko maiuskulek ematen baitiote, ez indarra eta agintea soilik, baita zentzua eta arrazoia, tonua bera Artzeren azken urteetako obrari.
Emanaldi honetan gailentzen dena da, hain justu, Artzeren alderdi formala, berak hasieratik hainbeste landu zuena, ildo bat eta estilo zehatz bat markatzeraino: jolas fonetikoak eta hauek sortzen dituzten soinu-irudi erritmikoen ikerketa eta garapena. Hitzak hain daude ongi aukeratuak eta kokatuak, haien materia zentzumen guztiekin haztatzeko aukera sumatzen dugu. Eta hizkuntzaren sonoritatea eta erritmoa, txalapartaren oihartzuna inoiz ez isiltzeko asmoz garatua izan balitz bezala: esaldien arteko elkarrizketa, erori-zutitu etengabeko trostan. Nago etorkizunean Joxan musikari gisa izango dela gogoratua, poeta gisa hainbeste edo gehiago garatu duen esparru formalagatik, hain justu. Baina zalantzak ditut berak hori lehenestea hartu duen lan eskergaren ondoren. Berak kristautasun mistiko baten zutabe sendoak aditzera eman nahi baitizkigu, ene ustean: gizatasunaren berezko noraeza, paradisu galduaren aipamen esplizituarekin; Jainkoaren interbentzio zuzena eta arauemailearen ezinbestekotasuna, aurrekoen fedearen eta jarreren goratzarrean eta graziaren funtzio salbatzailean; mundu garaikidearen aurreko etsipena, non harrokeria nagusi den, zarata, axalkeria… Zuri eta beltzen arteko dikotomiara garamatza behin eta berriz; itsu, gor, harropuztu eta ezjakintasunaren aurrean zerutik eta benetako gizatasunetik datorkigun argi, bake, apaltasun eta maitasunera.
Artzek agerian uzten duen mezua, ez gogorregia soilik, problematikoa ere bada modernitatearen zutabeak zalantzan jartzen baititu, ustez gaindituak ditugun hainbat eredu eta dogma aterabide bakartzat seinalatuz. Oker gabiltzala esaten digu etengabe, galbidean aurrekoen jakituria gardena bezain isila mespretxatuz. Guk bere irudi eta joko fonetiko gozagarriak estimatzen ditugu, eta horiekin geratzea erabaki dugu, gainontzekoa ondoan zeharka igaroz. Nor ausartuko da ur horietan, destainez gaindituak irudikatzen ditugunez edo, bestela, jarrera kontrajarri eta bateraezin saminen aurrean ipiniko gaituela aurreikusirik.
Jarraituko dugu Hegoak Ebaki Banizkio… gure maiuskulak Artzeren minuskulak direla ohartu ez denarena egiten, hurrengo omenaldia prestatu bitartean.
‘Ikimilikiliklik, JA Artzeren Unibertsoa’
Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek osatu dute Donostiako San Telmo museoan lehenik (2015eko abendutik 2016ko otsailera), eta Biarritzeko Mediatekan gero (heldu den martxoa osoan) emango den ikuskizuna. Oso zaila da ordu erdi batean bizitza oso baten emaitza artistikoa islatzea, eta lortu egin dute hori, nolabait, etengabe eusten den atmosfera biltzaile batez.
Ez naiz hemen lanaren osagarriez edo egituraz arituko, eta bai aurreko izkribuan seinalaturiko horrekin zerikusi zuzena duen zerbaitekin: arazorik ikusten badiot proposamenari hegan ibiltzea da, urraturik gabeko estetika batekin ikuslea limurtuz, eta ibilbide pertsonal eta artistiko horrek berezko dituen talkak eta arrakalak, hausturak eta ihesbideak ezkutuan utziz. Zein helbururekin?
Ez dut erantzun ziurrik galderarentzat, eta ez dakit egileek eta omenduek (ez baita Artze soilik, Laboaren presentzia ere nabarmena da bertan) zuzenean planteatu duten ere. Azken hori gertatu izan balitz, horixe seinalerik kezkagarriena, lan artistiko sakon batek behar duen legamia funtzioa indargabetu egin bailiteke modu horretan, eta “historiarako” geldituko litzatekeena, inor akuilatuko ez duen laino arteko estetika borobil eta xahua bilakatzen da.