Industria ondarea eta pailazoaren sudurra


Gerezien Denbora hiri pastorala (libretoa: Itxaro Borda; musika: Beñat eta Julen Axiari) Bilbon berriki aurkeztu zenean, ezohiko nabari bat aurkitu nuen: egitasmoak bi arkitekto gazte zituen atzean, Tximini kolektiboko Ibai Etxezarraga eta Beñat Guarrotxena, hain justu. Pastoralaz dugun irudiaz landa geratzen den galdera bat planteatzen zuten: “Zer da industria ondarea?”
Ezin argiagoa den irudi bat eskaini ziguten: “norbaitek gomazko sudur gorria berean ipintzen duenean, badakigu clown edo pailazo baten aitzinean gaudela, irribarrea gertu; baina pertsona hori desagertu eta gomazko sudurra besterik ikusten ez badugu, horrek ez digu ezer eragiten”. Antzeko zerbait dira fabrika abandonatuak, “pailazorik gabeko gomazko sudur gorriak”, langileriarik gabeko eremu desolatuak.

AHVko langileak
Bestalde, zer da Euskal Herria, XIX. mende amaieratik aitzina gertatu industrializaziorik gabe? Ezin genezake irudikatu, nahiz eta Euskal Herria aipatu eta baserri, artzain eta marinel klixeetara jotzeko inertzian instalatuta gauden (eta gure tradizio adoratuetan, olentzeroenetara eta arrantzaleenetara; baskitoak eta neskitak…). Joan den mendeko 80etan –60etan Iparraldean– gertatu industria astunaren gainbeherak utzi zituen hondakinekin, bi joera nagusitu dira. Lehena: dena suntsitu eta orubeak erabili etxegintzarako, edo, Bilboko Abando Ibarra eredu, “hiria birfundatzeko”, aurrekoaren tabula rasa egin. Bestela, eraikinak oskol huts eta ukiezin bilakatu “Industria Ondarea” babestearen izenean. Lehenak, iraganarekin haustura bortitza eragiten du, besteak beste; bigarrenak badu nekrofiliatik, hildako zerbait ukiezin eta fantasmagoriko bihurtuta, nostalgia ahalgabe batera elikatzeko joera.
“Barakaldoko Sefanitro fabrikak bizitutako azken hamabi hilabeteetan suertatu zitzaigun bertan egotea, 2012an, eta ez zen egun bakar bat ere gertatu aldaketarik gabe. Hondakinak, aldiz, suntsitu edo bere horretan uzten ditugu… Eraikinetan baino areago, haietan bizitutakoan dago industria ondarea. Eta, batez ere, bizitza oso bat isilean eman duten langile anonimoen jardueran. Fabriketatik egotziak izan direnean, memoria bat mantentzen dute, baita harrotasun bat ere, dugun mundua bere izerdiez eta lanez eraikia izan denarena, inor gutxik onartzen badie ere”.

Forges de l’Adour-eko ume langileen argazkia, 1908koa.

Nola uztartu, bada, Zuberoako Pastorala, artzain eta mendi giroko tradizioa, kostalde urbanoarekin eta XIX. eta XX. mendeko langile borroka eta mugimenduekin? Hori izan da Itxaro Bordak eta Beñat Axiarik jaso eta Gerezien Denbora pastoralarekin bideratu duten erronka: Pastoralak berezko dituen moldeak gordeaz (espazioan, kantuan, dantzan…), hainbat rol irauli eta kondaira kolektibo bat berritu.
Baionatik Bilbora, Bokale eta Tarnosetik Bilboko Ezkerraldera aldera egindako ibilbidean, joan den uda hastapenean lehen aldiz taularatu zen pastorala, negu gorrian heldu da Barakaldora, bertako fabriketan eraikitako bizimoduan baitago gure “Industria Ondarea” eta herri-memoria.

(Gai honi lotuta: Pasaia Bitartean egitasmoa)