TXORIA TXORI
Kantu bat norbaitek kantatua denean bizi da, eta, batez ere, ozen kantatua denean. Badira kantu batzuk bizirik dirautenak, beti dagoelako norbait bera xuxurlatzen edo intonatzen. Gurean horrelakorik balego, ez da dudarik, Laboaren “Txoria txori” litzateke. Hain egin da tolesgabe geurea, beti gaude prest kanpoko edozeini entzunarazteko eta kantarazteko. Baina, ba al dago dena erakusterik? Ba al du dagoeneko pudoreak –ahalkeak, lotsak– betekizunik?
Ez gaitezen, halere, aldez aurretik berotu. Ezen, aurreko galderei erantzun ahal izateko, gai izan beharko genuke benetan zer erakusten ari garen jakiteko, eta zenbait adibide ikusita, zalantza handiak sortzen zaizkit horri buruz.
“Txoria txori” kanta ederra da, zalantzarik ez, baina horrek soilik ez du bere fenomenoa esplikatzen. Denis Laborde etnologo ezagunak zabal jorratu du haren gaia L’homme qui s’adressait à chacun de nous. Txoria txori et l’invention sans cesse renouvelée du chant basque (“Gutako bakoitzari hitz egiten zion gizona. Txoria txori eta euskal kantuaren etengabeko asmakuntza”) lanean. Ezaugarri batzuk beharrezkoak dira halako fenomenoetan, eta horretaz dihardu Laborderen ikerketak: erraza behar du izan kantatzeko eta, batez ere, gure belarritik eztarrira doan bide hori –erraiak tarteko– inongo oztoporik gabe egiteko ahala ukan. Egia bada, eta hala uste dut, “talde bat erabateko inplizitutasuna duen soinu instalazioan bizi” dela, eta bertan entzuten denak eraginkorra izan behar duela taldearen partaidetza indartzeko, instalazio horrek ezinbesteko du “taldeak berezko dituen promesak bideratzeko adostasuna berrestea” (Sloterdijk)… Eta guk txoria dugu maite. Baina, zein txori? Eta, batez ere, nola maite dugu?
Galdera hauek erantzuteko gogoeta mamitsuetan barneratu beharrean, zuzenagoa iruditzen zait geure buruari erreparatzea txoria txori kantatzen ari garenean. Nola eta non kantatzen dugun antzematea, agerikoa baita egungo “gardentasunaren gizartean”, denen agerian egiten dugula, harro. Edo nola goxatzen ditugun geure barrenak modu ikusgarrian besteengandik entzutean. Horren adierazlerik nabarmenetakoa da Anne Etxegoienen azken bideo arrakastatsua. Haren “Hegoak” oso ikusia izan omen da, ez bakarrik gurean, baita Frantzia osoan ere (hala zioen behintzat El Diario Vasco-k), eta haren diskoa, Les Voix Basques, urrezkoa izatera iritsi omen (60.000 ale salduak, alajaina); zorionak.
Hendaiako itsas labar eta hondartza ikusgarria; alboka eta danbor hotsak airean lehen konpasetik. Gizon taldea muino berdean eta neskaren begi ameslariak zerura; arranoa hegan. Segundo erdiko planoak guztiak, publizitate eskolek agindu bezala; mezua subliminala behar du, ikusgarri bezain iheskorra, irudi talka soilak behin eta berriz errepikatuak. Musikak giro epikoa sortzen du, gizon ahots sarkorrak hondoa, emaztea urruti, iheskor. Ahots goxoa azkenik, gorriz beztituko neska xarmantaren ahotik: “Hegoak ebaki banizkion…”; gizon zailduen arrapostua gero: “Bainan horrela…”, bat eginik, finean. Paisaia eta irudiak behin eta berriz errepikatuak: itsas ertza airetik, gizonak beti taldean, zelaiak, neskaren soslai goxoa, mendiko gaztelu aztarnak, jauregiak, besoak hegan, berriz arranoa… Guztiok bat egingo dute azkenik, neska erdian, gizonak babesle: bere soineko gorria, xuria behar du orduan, elizaren aldarean baitaude. Gizonen lehen planoak berriro mendian, irriño behartuak, hots sarkorrak…
Lekutan geratzen dira Koldo Izagirreren xehetasunak Imanolek kantu eder bilakatutako “Nire euskaltasuna”–n: “baso bat da (eta ez du zuhaitz genealogikorik), dorre bat (eta ez du Alostorrerik), bide bat (eta ez du zaldizkorik), lore bat (eta ez du aldarerik), itsaso bat (eta ez du almiranterik), liburu bat (eta ez du sotanarik), mundu bat (eta ez du Amerikarik), bertso bat (eta ez du txapelik), pekatu bat (eta ez du mea-kulparik)”. Izan zitekeen hori guztia nire euskaltasuna (basoa, dorrea…), baita beste hainbat gauza ere, baina kantuan eta ez du haietan zegoen azentua. 80ko hamarkadako kontu zaharrak nonbait. Guk pekatu eta hoben guztien aurreko lekura nahiko genuke jauzi egin, hegan hobe; orduko tentsio haiek guztiak gainditu, ezabatuak izanak balira lez. Bizi dugun aro berriak dena berdindu nahi luke…
Nire aldetik, Laboarenaz gain, nahiago Maria Berasarteren bertsioa Aviron Bayonnaisen zale oldarrena baino; nahiago 2010ean Bidehutsek ondutako Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak lanean Akauzazte taldeak egindako bertsio ausarta: txoria txori, esaten da behin eta berriz, zarata zapaltzaile baten azpitik apenas entzungai. Ondorengo hitz ezagun guztiak ez dira kantatuak izatera ere ailegatzen, kantuaren aurreko ahalegin itoan geratzen dira zarata horren zamapean.
Egokiagoa garai bateko eta egungo metafora gisa.